Txokolatezko dinamita
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
azala: Garbiņe Ubeda
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2021, poesia
2013, nobela
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
aurkibidea
 

 

HEGAKA IBILI NAUN

 

Bi ahizpak izerditan ailegatu ziren geltokira. Trena huts egiteko beldurrarengatik baino are gehiago nerbiostuak joaki zirelako. Goizean goiz mugitu behar izan zuten. Gorputzak bokatako barreño handietako ur epelean garbitu eta igandeko arropak jauntzi zituzten. Gazteak haizeari usain egin zion, animaliek egiten duten bezala, udaberri urrin hura bere oroitzean gordetzeko, bertzeak ez bezalakoa izan behar zuen egunaz sekula ere ez ahanzteko. Zaharrenak bere senar muturbeltza konbentzitu behar izan zuen. Beharrezkoa zela bera ere joatea. Nola utziko zuen Margarita bakarrik joatera! Ahizpari lagun egin beharko zion hain egun seinalatuan! Maiatzaren ogeitabiyan Hendayan izanen naiz, Hotel Royal-en. Antxe esperatuko zaitut. Rafael. Hileroko karta bakoitzak mailuaren modura jotzen zuen Margaritaren baitan. Urte bat lehenago, lehenbizikoa uste gabetanik ailegatu zitzaionean, ez zuen pentsatzen gizonak hain temoso segituko zuenik. Atrebentzia aundiyarekin eskribitzen dizut, emen nerekin 'tambo' edo beitegi berian aritzen den zuen osaba Fernandok permisoa emanta. Nolanahi ere, momentu hartan berak ere ez zuen bertze inor inguruan, eta onartu zuen sartzea harremanaren jokoan. Nere bakardadean egoten naizelarikan, begiak itxi eta nere laguna izan nai luken emakume pollit baten begiak billatzen ditut buruko nere utsean. ¿Zuk nai ote zunuke izan arrapatu ezin duten lagun ori?

        Trena poliki-poliki joan zen mantsotzen Alkasorora sartzean. Sugandilak burni eta oholen artean ikaratu egin ziren, lehenbiziko aldia balitz bezala, eta biligarro eroenak espantuka iratzarri zituen gaztainaren adarreko gainerako senideak. Zakurrak jautsi zirenei hurbildu zitzaizkien, arroparen xoko guzietan eta oinetakoetan usainka, goitiago bizi ziren zakur jendeen berri ikasi nahizik, eta ostatuko bezeroek burua bueltatu zuten, behientzat belarraren parekoa baitzen haientzat jendearen joan-etorria. Guardia zibilak tente jarri ziren, euren zapel oker, fusil eta kaparekin, fotografo ikusezin batek, dena eta denak behar bezala hartzeko, egin behar zuen erretratuan agertu nahi balute bezala.

        Elizondotik Irunera zihoan ferrokarrilak jende franko zeraman igande hartan. Azienda-tratanteek ez zuten atsedenik hartzen, kontrabandorako edozein egunek igual balio baitzuen, eta, leihotik begira, disimuluan erreparatzen zioten bueltarakoan paketeak bota beharko zituzten tokiari. Senar-emazte baserritar batzuen magalean saskia ageri zen, etxeko ilarrez eta Urrabiako amuarrainez hornitua, Hondarribiko osaba fraideak abisua bidali baitzien, komentuan aspertuxeak zeudela beti itsasoko arraina jaten. Atorra xuriz jauntziriko gazte batzuk pentsakor, Errenteriara neskato joanak zituzten andregaiak lehen bezain andregai aurkituko ote zituzten kezka. Berako mediku motela, bibotea eta zapela, Donostiaraino ailegatzeko ideiarekin, portu aldeko etxe zaharrean neska gazte baten gonapean bere baitako oinazea arinduko ote zitzaion ametsetan. Soldadu axolagabe batzuk, Santanderren edo Leonen destinoa zutenak, zigarroa erretzen eta neskatxei zernahi erranka. Ezkonberri batzuk ere bai, etxetik sekula atera gabeak, Irungo apopilo-etxeren batean lo egin eta biharamunean bueltatuko zirenak, han galtzen ez baziren... elkar galtzen ez bazuten!

        Baina igande-pasa herritik aparte egin gogo zuten seinalatuenak gazte koadrila batzuk ziren, oihu eta orro, denen artean nabarmen agertu beharrak. Real Union eta Barcelonaren arteko partida ikustera joaki ziren, eta haien artean bazen bat, harro baino harroago, Irazoki, Alkasoroko lokomotora, Irungo taldeko erdilari ospetsua, Emery, Urtizberea, Regueiro, René Petit eta gainerakoekin aritzen zena. Margaritaren begiek haietako batenekin egin zuten talka, Bordako Luisenekin. Gainerakoak bezain kontent agertu nahi bazuen ere, goizean goizetik zahatotik tiraka, neskak bazekien mutilaren baitan tristurak kabia egina zuela. Aspaldi xamarreko kontuak ziren, baina ez horregatik ahantziak, «Hagitz mutil ona haiz, biño nik ez haut maite! Bertze norbait bilatu beharko duk! Aisa harrapatuko duk nik biño hobekiago maiteko hauen norbait!». Luis desegina gelditu zen, ezin konprenitu.

        Zazpi kortejatzaile baztertuak zituen, bata bertzearen ondotik, Txapeltegiko alaba gazteak. Ez zuen nahi baserri batean preso eta lotua gelditu, arbola lurrari bezala, ahizpa senar zakarrarekin zegoen moduan. Ttikitatik amets egin zuen hegaztia zela, gorputzak ez zuela kargarik eta haizearen menera mugitzen zela. «Gaur ere ibili nion hegaka!», erraten zion goiz frankotan ahizpa Ixabeli, arraso sinetsia kontatzen baitzuen goitik ikusiak zituela Alkasoroko parajeak: Urrabia ibaia, trenaren geltokia, kasinoa, frontoia, eliza, plaza-zelaia, Txapeltegi... mendien gainetik pasatzen zela eta itsaso finik gabea agertzen zitzaiola begien parean. Gorputzez ere usoaren iduria zela erraten zuen aunitzek, burua ttentte eta bularra goiti ikusten zutenean. Baina Alkasoroko mutil bakar bat ere ez zen gauza izan hura sarean harrapatzeko, ezta ehizean nahiz arrantzan trebeena zena ere. Gero, Rafaelen kartak ailegatzen hasi ziren, karta luzeak, bi litro keroxeno gastatu ditut lerro ok eskribitzeko, Margaritaren ametsari paisaje berriak gehitzen zizkiotenak. Kartaren azala irekitzearekin, parrastaka isurtzen zitzaizkion begien aitzinean Uruguaiko zelai berdeak, hango behiak, battugu bortzeun buru, emen, Rincon del Cerron, haragia parrillan errea eta osaba Fernando, eguneko lan aldia egin ondotik, ilunabarrean akordeoia jotzen. Azkenekoetako batean garbi adierazi zion lehendik ere sumatzen zion borondatea, nerekin esposatzen bazara, ¡Ameriketara ekarriko zaitut! Orduan bota zuen aitak urte osoan kontu haren gainean erran zuen gauza bakarra, «Andrea nahi badu, datorrela bila!». Eta Rafaelek baietz, etorriko zela, maiatzaren ogeitabiyan.

        Trenetik jautsi ondotik, muga aldera abiatu ziren. Estazioan militar itxurako kanpotar bati eman zioten begia, maleta handi batzuk eskuetan eta eskopeta gordetzeko moduko poltsa luze bat lepotik baitzituen. Hagitz xuabe egiten zuen solas, «Querría xegar hasta Alkasoro, si ustedes tuvieran la amabilidad...». Irungo karrikak jende erreka bat ziren, oinez espaloietan eta bizikleta gainean kamioan. Gurdiren bat edo bertze ere bai. Automobil bat pasa zen klaxona joka eta txoferrak, gizon bibotedun elegante batek, irri ergel bat bidali zien, eskuarekin adio egin bidenabar. Ixabel lotsatu zen, baina Margarita ohartu ere ez zen egin, burua bertze nonbait baitzuen. «Ez duzue izautu?», erran zien gizon txar batek, «Erregea zen! Alfontso treze!».

        Hamar bat urte lehenago, Afrikako gerrara joateko abisua hartu zuen egunean, segituan hasi zen Rafael maleta prestatzen, Arantzako bere etxean. Amak harritua begiratzen zion semerik finenari. Zenbat aldiz pentsatu ote zuen koplako gereziondoaren azala baino finagoa zela!

        — Gerrara joan behar duk? Ez duk muga pasatu nahi? Badakik battugula jendakiak Oletan!

        Rafaeli irria eskapatu zitzaion.

        — Ez noaie Iruñera ama. Pasaiara noaie, eta handikan itsasoz Ameriketara. Artzai. Alkasoroko batekin solastu naiz elkarrekin joateko. Fernando Astibia du izena. Txapeltegikoa. Han ez omen da lanikan falta. Eskribituko dizut ailegatzen naizelarikan.

        Oinez abiatu zen malda beheiti. Ordu bat bederen beharko zuen trenbideraino. Ez zuen gibelerat begiratu nahi izan. Galtza luzeen azpian bi zangoak daldara batean. Tokitan zen Amerika! Gobernuarentzat hala bihurtu zen desertore. Harez geroztik ezin zen Espainiak agintzen zuen lurrean sartu, hala egin izatera preso hartuko zuten.

        — Bonjour, mesdemoiselles, hotelean gela nahi zinukete, noski?

        — Ez, hemen behar duen jaun batekin solas egitera heldu gara.

        — A, bon! Eta nola du izena jaun horrek?

        — Rafael Alzuri.

        — Bai, badakit nor den. Pasa zaizte sala horretara eta hartu gustuko tokia. Nik deituko diot. Noren partez erran behar diot?

        — Erraziozu Margarita Astibia etorri dela.

        Gela gorriz jauntzia zegoen. Ardo kolorez. Kortinak, lurra, altzariak... Paretetako koadroetan jendea hagitz apain ageri zen. Elegante. Etxe ederrak. Halaxe izanen zen Ameriketan. Margaritak poltsaren barrenean zuen Rafaelen erretratua, kartaz bidalia. Begiratu gabe ikusten zuen, seinalerik ttikiena ere nolakoa zuen errateko kapaz. Atzean bertso bat eskribitu zion, nere jito beltxarana / ur bazterrian lo, etzinta / killika ditun belarrak / ¡nai niñake aize ori izan!. Berak ere bidali zizkion bertso batzuk, hark eskaturik. Paulo Yanzi lesakarrak Afrikako gerraz paratu eta paperean zabaldu zituenak. Ixabelen kontra estutu zen nerbioei ezin kontuz. Bihotza ziztu bizian sumatzen zuen. Ahizpak, hotz eta serio, lasaitzeko erran zion.

        Kortina gorria eskuarekin alde batera egin eta bi gizon sartu ziren salara. Bi ahizpak zutitu ziren. Gizonetako bati irria agertu zitzaion ezpainetan eta emakumeengana hurbildu zen. Margaritak bi pauso eman zituen haren bidera. Gizonak besarkatu zuen eta musu eman zion bi mateletan, deus erran gabe. Ixabel izitua bezala zegoen, bere tokian geldirik. Margaritari begiak handi-handiak jarri zitzaizkion eta gorritu zen, lepotik kopetaraino. Kristoren beroa sumatzen zuen bere baitan. Gizonak besoa paratu zion lepoaren gainean, eta kortina ondoan segitzen zuen lagunari begiratu zion.

        — Ikusi! Ze neskatxa txarmanta!!!

        Rafaelen laguna Uruguaitik berarekin batera bapore berean etorria zen. Xabi zuen izena. Abenturazale bat. Hura ere desertorea omen, baina muga pasatzeko ideia zuen. Ba omen zuen lagun bat Iruñe aldean eta harat joan gogo zuen. Moldatuko omen zen paperak egiteko. Ez zuen justiziaren beldur handirik.

        Elkarrekin bazkaldu zuten laurek. Giroa berotzen joan zen, platerak garbitu eta basoak hustu ahala. Rafael ez zen isiltzen, Ameriketako kontuak kontari. Margarita, begiak lore, ohartu zen gizon haren hitzek moxkortzen zutela. Bere gorputza txirrista batean sentitzen zuen, eta berak uzten zuen erortzera, inolako beldurrik gabe. Xabi saiatu zen pixka bat Ixabelekin, baina ahizpa zaharrak bide guziak erre zizkion. Emakume ezkondu bat zen. Ezkontza triste batean loturiko emakume bat. Zein diferenteak bere ametsak eta ahizpa gaztearenak! Bere ametsetan lore-zelai kolorez beteak agertzen ziren. Bera hurbildu eta lore ezin ederrago batzuk hartzen zituen. Eskuan zituela, ordea, zimeldu egiten zitzaizkion denak. Ekarri ezin zituen umeak zirela pentsatzen zuen Ixabelek. Senarrari gero eta gorroto handiagoa zion.

        Bazkalondoan, musean hasi ziren, Rafaelen gonbitari kasu eginda. Bi biren kontra. Abenturazalea zerbitzari eder bat tentatzen hasi zen, eta Ixabeli tristurak kasatu zitzaizkion karta onak etortzearekin. Rafaelek eta Margaritak txorakeriak erran eta irri bertzerik ez zuten egiten. Aranztarrak bidaia bat egitea proposatu zien.

        Karrikara atera zirenean, bidearen bertze aldeko zineman, Marlene Dietrichek begiarekin keinu egin zion Margaritari L'ange bleu iragartzen zuen karteletik. Automobil batean sartu ziren laurak eta txoferrari Miarritzera joateko agindua eman zioten. Haizea firi-firi zebilen, eta zerua urdin-urdina zegoen. Itsasoaren azkeneko mugaren marra ezin zen bereizi. Kolore bera goitiak eta beheitiak. Gizonak kantatzen hasi ziren, «¡Ay, qué placer sentía yo! cuando en la playa sacó el pañuelo y me saludó...».

        — Ibili zate egundaino hegaka? —galdetu zien Rafaelek—. Ibili nahi duzue?

        — Nik ez, nik ez! —erantzun zion Ixabelek iziturik.

        — Ni auniztan ibili niok! —bota zion Margaritak.

        — Geroztik, ez dun beldurrik izanen!

        Miarritzeko aireportuan, Ixabelek eta Xabik ostatuko leihotik ikusi zuten nola joaten ziren Rafael, Margarita eta pilotu bat, pistan barna oinez, aireplano bateraino. Hirurak sartu ziren barrenera, eta segituan hasi ziren mugitzen aparatuaren errotak. Ahizpa zaharrak inbidiaz eta beldurrez begiratzen zuen. Gurpilak bueltaka hasi ziren, ezarian-ezarian lehenbiziko, eta gero eta habaila handiagoan. Lurretik altxatu zenean Margaritak oihu luze bat egin zuen, eta hegaka ibiltzearen sentsazio ezaguna berriz ere sentitu zuen. Bi eskuekin bere aurpegia ukitu zuen, bere burua, bere ilea, Rafaelen besoa... ametsetan ez zegoela sinesteko. Mendien gainetik pasatu ziren eta itsaso mugarik gabea agertu zitzaien begien parean.

        — Ikusten dun Amerika? Han urrun-urrun!!!

        Esku bat kopetan paratu zuen, eta begiak ttiki-ttiki egin zituen, dena hobeki ikusteko. Arrazoi zuen Rafaelek, han urrun ikusi zituen portu bat eta zelai berde ikaragarri handiak, aziendaz beteak, baita etxe xuri ttiki batzuk ere, eta haietako batean osaba Fernando, bere akordeoia hartua zuela, irriz begira eta pieza frantses bat jotzen. Rafaelek bihotzaren kutxa ttipian ekarri zuen galdera ezpainetan utzi zuen zintzilik.

        — Esposatu nahi dun nerekin?

        Aireplanoak mugimendu zakar bat egin zuen eta Margaritak lehenbiziko aldiz bertigoa sentitu zuen. Bi besoekin fuerte-fuerte estutu zion gerria Rafaeli eta, begiak itxirik, bere burua erortzera utzi zuen gizonaren bularraren gainera, haren suge-eskuak neskatxaren izter xokoan pausalekua bilatzen zuen bitartean.