Agur, Euzkadi
Agur, Euzkadi
2000, nobela
168 orrialde
84-86766-10-9
azala: Nikolas Lekuona, Garbiņe Ubeda
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
1996, nobela
1994, ipuinak
Agur, Euzkadi
2000, nobela
168 orrialde
84-86766-10-9
aurkibidea
 

 

Hil ginenon hatsa

 

Belardi hartan lo egin genuen Lauaxetak eta biok, itsasoko uhinen zaratei gure ametsen barruan abegi eginez. Biharamun goizean, berriz, Hendaiara jaitsi ginen. Hondartzaren pareko bidetik bi jendarme-auto ikusi genituen, argi urdin birakariak piztuta eta uluka, ziztu bizian, Sokoa eta Zibururako bidean.

        Gosaldu, jatekoz, edatekoz eta egunkariz hornitu eta Euskal Herriko mapa handi bat erosi genuen Hendaian. Ezin izan ginen inorekin ere euskaraz mintzatu, eta Lauaxetaren frantses dotore baina aukeran zaharkituxea izan genuen komunikaziorako tresna.

        Ondoren, Zeanurirako bideari lotu gintzaizkion berriro, mendiz, oinez, bizkar-zorroa soinean eta noiznahi gogoaren aginduei men eginez biderik zuzenenetik irteteari uko egin gabe, lehen bezala. Baina ordura artean baino zuzenago joateko asmotan.

        Aurreko aldietan baino adiskideago irten ginen Hendaiatik. Ez nekien oso ondo zergatik. "Elkarrekin ibiltzeak elkarrengana bildu gaitik, haurridetu", egin nuen neure kautan. Hitz gozoen tenorea bide zen:

        — Ni askotan gogoratzen nauk zuekin —azaldu nion Lauaxetari Irun eta Oiartzun artean, Aiako Harriaren magalean, Irustako ur-jauziari begira geundela—. Batez ere Lizardirekin eta hirekin. Anaia nagusiak zaituztet, anaia zaharrak, oso anaia zahar eta urrunak baina anaiak beti. Oso bestelako mundu batekoak, oso bestelako ikusmolde batekoak, baina garaiko gogaide asko baino askoz ere gertuagokoak hala ere. Hain gertu, hain urrun. Edo alderantziz, ez zakiat, berdin zaiok. Baduk haurride bila gertuago jotzen duenik, ETAko gudariengana esate baterako, baina baita askoz urrunago begira jartzen denik ere: Sabino Arana, Arturo Kanpion, Agustin Xaho, Matalas...; Amaiurren Mirandako kondeari eta Leringo etoiaren semeari, Orreagan Errolani eta Zelatunen erromatarrei aurre egin zietenak...; harrespil eta trikuharrien egileenganaino heldu arte. Nik nahiago zaituztet zuek. Ni zuek nauk, neurri batean behintzat.

        — Ez ginan zuhurregiak, atzerakoiegiak, fededunegiak?

        — Bai, baina zuen zuhurtzia fededun eta puritanoaren atzean erotasun miresgarri bat zegoan, erotasun sortzaile eta iraultzailea, zintzoa eta ausarta, ilusio grinatsu bati estu lotua. Eta horrekin bat egiten diat, bat egiten diagu askok. Alderdi edo arlo askotan behintzat, zuenaren gisakoa izan zuan, 40, 50 edo 60 urte geroago, gure haurtzaroa. Zuenen antzekoak, alderdi edo arlo askotan behintzat, gure kezkak, nahiak, ametsak, ezinak eta borrokak. Zuenaren antzekoa, azken batean, gure galtzailetza. Borroka galduetatik gatoz dik izenburu Urtzi Urrutikoetxea poeta gaztearen lehen liburuak. 60 urte, beraz, gutxi gorabehera lehen zeundeten, lehen geunden lekura heltzeko.

        Esaldi solemne bat behar nuen errematerako, baina solemne behar zuena barregarri samarra atera zitzaidan:

        — Putzu beltz sakona izan duk gerra gure historiaren partxisean.

 

 

Hiru egun geroago, Bianditz, Aldura, Urdaburu eta Adarra mendietatik barrena, Andoaingo hilerrira heldu ginen. Rikardo Arregiren hilobiaren aurrean egon ginen biok, Lauaxetak eskatu zidan bezala. Hilerritik tren geltokira jaitsi ginen gero. Hainbeste ibili ondoren, abiaburuan nintzen berriro, etxetik gertu eta Egunkaria-ko erredakziotik pauso gutxi batzuetara, hasieran bezain urrun nire oroitzapenik kutunenetako sagastitik. Ez zen harritzekoa. Horixe gertatzen zaio biderik laburrena hartzen duenari, ederrenari hots.

        Hasieratik baztertu nuen etxetik pasatzeko ideia, baina Egunkaria-ko erredakzioan sartzeko gogoa piztu zitzaidan. Bagenekien Lauaxetarentzat arriskutsua zela han sartzea, han bat baino gehiago egon baitzitekeen hura ezagutuko zuenik. Baina nik baneukan hara joan eta lankideei ustekabe bikaina ematerik. Ez nengoen oso apain eta dotore, ez horixe!, baina horrek are gogo handiagoa ematen zidan lankideen aurrean agertzeko.

        Lauaxeta nire zain geratu zen geltokian, trenen
joan-etorriari begira, eta nik erredakzioko bidea hartu nuen. Baina gerturatu ahala larritzen hasi nintzen, izutzen. Hernaniko parrandan Bodega tabernan ikusitako lankideez oroitu nintzen. Nik keinuak egin arren, haiek ez ninduten ikusi; edo irudipen lauso hori nuen behintzat nik gordea mozkorraldi hartako oroitzapen nahasien artean. Aurretik, Leitzan, Patziku Perurenarekin antzeko zerbait gertatu zitzaidala oroitu nuen; orduko hartan pentsatu nuen Patzikuk ez ninduela ikusi arreta handiz ari zelako gidatzen, baina harrigarria zen Patzikuk, hain gertu pasatuta, nire diosalari ez erreparatu izana. Ikusezina, entzunezina eta ukiezina izango ote nintzen ba ni ezagutzen nindutenentzat, Lauaxeta Jean Haritxelhar, Jon Kortazar eta abarrentzat bezala? Hori pentsatzea ergelkeria absurdua zela esan nion neure buruari, baina hala ere ez nintzen aurrera jarraitzeko gauza izan. Lauaxetarengana itzuli nintzen eta mendira jo genuen.

        Zortzi egun lehenago nire ibilaldia hasi nuenean bezalaxe, Andoaindik Belkoainera jo nuen. Orduan ez bezala, ordea, Lauaxetarekin nindoan, eta Zeanurira zuzenago jotzeko asmoarekin. Iluntzeak Andazarratetik gertu harrapatu gintuen, eta hantxe egin genuen lo, izarrei begira, mendateko tabernan ogitarteko bana jan ondoren.

        Andazarratetik Aizarnazabal gertu genuen oso. Nahikoa lo eginda ere, erraza genuen biharamun eguerdirako hara heltzea. Horretaz pentsatzen aritu nintzen loak hartu aurretik, Lauaxetaren zurrunga leunak aditzen nituen bitartean. Nik beti esaten nuen Urolako tren zaharrak itxuratxarki traizionatu zuela Aizarnazabal, Zumarragatik Zumaiarainoko bidea arinago egitearren Urola ibaiaren ondotik urrundu eta gure herria baztertuta utzirik. Baina neuk ere neure herria baztertzea erabaki nuen gau hartan, Aizarnazabaldik ez pasatzea. Ez, trenak bezala, bidea arinago egin nahi nuelako, ezagunen bat ikusi eta hark, aitzitik, ni, ustez agerian izanagatik, ikusiko ez ninduen beldur nintzelako baizik. Neure buruari behin eta berriz esan arren hori gertatzea ezinezkoa zela, beldur irrazional hura uxatzea zen benetan ezinezko gertatzen zitzaidana.

 

 

Azpeitirantz jo genuen zuzenean, beraz, biharamunean, eguraldi ona lagun genuela. Zelatungo lepoan atseden hartu genuen, belar gainean eserita. Bi gizon gazte ikusi genituen alde banatatik heldu eta elkartzen. Besarkatu eta beren artean pixka bat hitz egin ondoren guri begira geratu ziren tarte batez. Hurreratu egin zitzaizkigun. Bizkar-zorro bana soinean eta mendiko botak jantzita, mendizale itxura zuten. Bibote mehe eta leuneko gizon txikia zen bata, idun zabaleko alkandora gorriz jantzia; eskuinaldeko masaila ardo koloreko angioma batez estalia zuen onkote itxurako morrosko zabal bat bestea, koadrozko alkandora zuri-gorri-berdez jantzia.

        Ez nuen irakurri zaharra Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso. Nobela hartako Daniel Zabalegiren deskripzioarekin guztiz bat zetorren morrosko alkandora koadrodunaren itxura. Daniel Zabalegi pertsonaiaren oinarria Anjel Otaegi zenez, ia ziurtasun osoz nekien nor ziren bi gizon haiek: Juan Paredes Manot Txiki eta Anjel Otaegi, Francoren aginduz 1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten bost lagunetako bi. Ez ziren Euskal Herriaren alde hildako azkenak, baina bai fusilatuta hildako azken euskal abertzaleak ("ofizialki" fusilatuta hildako azken euskal abertzaleak behintzat). Orduantxe bete berriak ziren hogeita bi urte. Zelatunera bakoitza alde banatatik heldu izana ez zen kasualitatea. Zarauztik bide zetorren Txiki, Nuarbetik Otaegi, eta Zelatun, azken batean, bi herrien erdi-bidean zegoen gutxi gorabehera.

        — Zu Lauaxeta zara, ezta? —galdetu zion Txiki behar zuenak Lauaxetari, agurrezko hitzen ondoren.

        — Bai, jauna. Lauaxeta naz.

        Niri ez zidaten begiratu ere egin bi gizonek. Zalantza nuen ikusi ere egiten ote ninduten.

        — Bilera bat dugu —mintzatu zitzaion berriro ere Lauaxetari biboteduna—. Zatoz gurekin Erniora. Gure zain daude besteak.

        — Hemen itxoin beharko deustak, Julen —desenkusatu zitzaidan Lauaxeta belar gainetik jaikita.

        Nahi bazuen bizkar-zorroa han uzteko esan nion arren, neuk zainduko nuela, nahiago izan zuen berarekin eraman. Harri eta zur geratu nintzen, ezin erreakzionatuta, hiru gizonak Erniora igotzen ikusten nituen bitartean. Otaegiren oinetakoez pentsatu nuen. "Mendiko botak zauzkak jantzita baina bizkar-zorroan izango ditik behatzak mingarri estutzen zizkioten zapata beltzak, amak emandakoak, fusilatu zutenean jantzita zituenak", pentsatu nuen neure artean, Hamaika pauso-ren irakurketa gogoan. "Lepoa egingo nikek." Hiru gizon haien atzetik joan eta bilera haren lekuko izan nahiko nukeen, Txikik aipatutako "besteak" nor ziren jakin, zertaz mintzatuko ziren... Baina ezin nuen horrelakorik egin. Argi zegoen ni ez nengoela bilera hartara deitua. Ni ez nintzen fusilatua. Fusilatua? Hildakoa ere ez nintzen barren!

        Luzea izan zen itxaronaldia. Lehen hiruzpalau orduak lasai samarrak izan ziren. Inguruan zebilen artzain bat edo besterekin mintzatu nintzen eta zerbait jan ere egin nuen, zahatoa lagun. Baina arratsaldean, eguzkia laino gero eta lodiagoen artean ostentzen zelarik, kezka nagusitzen hasi zitzaidan barrenean. Itzuliko ote zen benetan Lauaxeta nire ondora? Ez nengoen ziur. Lauaxetaren beharra nuela jabetu nintzen. Uste nuen baino askoz ere beldur handiagoa nion bakarrik geratzeari. Azkenik, zalantza askoren buruan, Erniora igotzera deliberatu nintzen.

        Zerua gero eta ilunagoa zegoen nik bide harritsuan gora egin ahala. Urduritu eta are beldurtu ere egiten ninduen Ernioko gailur gurutzeztatuan aurki nezakeenaz pentsatzeak. Lauaxetarekin ohitu ondoren, orain hildako gehiagorekin sartuko ote nintzen harremanetan? Zein mundutan sartzen ari nintzen? Harrituta nengoen neure buruarekin. Baina Lauaxeta nahi nuen ondoan inondik ere, ezin etsi nuen hura gabe. Ekaitz zakar batek harrapatu ninduen azkeneko metroetan nintzela, baina goraino heldu nintzen hala ere. Han ez zegoen inor, ez bizirik eta ez hildakorik. Gailur mortuan bakar-bakarrik nengoen, gain-gainean sentitzen zen zeru beltzaren azpian, trumoi burrunben eta tximista dirdaien ondoan, haize zakarraren menpe, zaparradako tanta lodiek bortizki bustia, ilunpe artegagarrian mehatxu egiten zidatela ziruditen ehundaka gurutzeren erdian. Bilerak amaitua behar zuen. Edo akaso ez, akaso hantxe ari ziren Lauaxeta, Txiki, Otaegi eta enparauak hizketan artean ere, nire begi eta belarrientzat atzemanezin. Ezin jakin.

        Izututa, lehenbailehen behera egitekotan nintzela, nire betiko ohiturari jarraituz buzoian ezer ba ote zegoen begiratzea bururatu zitzaidan, baina han ez nuen Gasteizko mendizale batek bezperan utzitako txartela baino aurkitu. "Akabo lilura, Julen", esan nion, etsita, neure buruari. "Ez Lauaxetaren konpainiarik eta ez Margaren gutunik. Bazirudik bakarrik geratu haizela."

        Zelatunera heldu nintzenerako ateri zegoen eta haizea ere baretua zen. Inguruko artzain-txabola batean geratu nintzen, barrutik minduta, lur jota. Ilundu baino lehen, afaldu gabe sartu nintzen lozakuan. Arropa bustia eranztea ere nekeza egin zitzaidan, hain nengoen ezer egiteko gogogabetua. Inoiz baino bakardade handiagoa eta sakonagoa sentitu nuen gau hartan.

        Ama zenarekin egin nuen amets. Ohe ondora etorri eta ea zeren zain nengoen esaten zidan behin eta berriz, hiltzeko behingoz, hil egin behar nuela derrigor, dena prest zegoela eta ni hiltzea baino ez zela falta. Ni hiltzeko prestatu nintzen, amak esaten zidan bezala, eskuak bular gainean gurutzatuta, baina ez nekien nola hil.

 

 

Zeanurirako bidean aurrera jarraituko nuela erabaki nuen hala ere biharamun goizean. Lauaxeta gabe, ezinbestean. Arratsaldean Elosun nintzen, Azkoitia eta Bergara artean, auzoko taberna bakarreko mahai batean eserita, ogitarteko bat jan ondoren kafetxo bat hartzen. Laja eta Landakandak Madrilen grabatutako disko zahar bat zuten jarria diskogailuan. Oso gustukoa nuen nik disko hura.

        Halako batean Laja eta Landakandaren kantua isildu eta Mikel Laboaren "Assentiré de grat" entzuten hasi zen tabernan. Harritu egin ninduen bat-bateko aldaketa hark. Burua jiratu nuen barra aldera, baina han ez zen inor, ez nuen diskoa nork aldatu zuen jakiterik izan.

        Kantu hura nire egoera animikoarekin guztiz bat zetorrela ohartu nintzen. Salvador Espriuren poema batekin osatua zen kantua, eta katalanez kantatzen zuen Laboak. "Assentiré de grat", zioen kantuak, "Gogo onez onartuko dut". Bai baitzekien poetak, bai baitzekien kantariak urria dela eman zaion erremusina: une baten aberastasuna, besterik ez. Nahiko zukeen hala ere poetak, nahiko zukeen hala ere kantariak pitin bat gehiago iraun zezan egunaren argi geldiak, pitin bat gehiago iraun zezaten "altzifreek, mahastiek, soro landatuen ordena garbiak, gure hizkuntzak, maite izan dudan gauza bakoitzaren gaineko begirada pausatu honek!". Bai, horixe zen azken funtsean nire bidaia Lauaxetaren esanetan ganorabakoa: azken begirada pausatu bat bizitzan zehar maite izan nuenari. Ezin nion Lauaxetari hori guztia azaldu, ez nuelako neure ondoan, baina pentsatu nuen Lauaxetak ere ulertua zuela hori, hasiera-hasieratik gainera, kontrakoa adierazi arren.

        "Hiltzeko ez nauk sekula orain bezain ondo prestatua izango", esan nuen neure artean Mikel Laboaren kantua amaitu eta ostatuan, inork diskoa aldatu gabe, Laja eta Landakandaren beste kantu bat entzuten hasi zenean. Ez ninduen harritu pentsamendu hark.

 

 

Bergarako kartzela zaharra izandako etxea ikusten izan nintzen biharamunean, Angiolilloz oroiturik, Cánovas del Castillo hiltzeagatik garrotez exekutatu zuten anarkistaz, kartzela hartako ziega batean eman baitzituen hark azken egunak. Angiolillo Ernioko bileran parte hartu zutenetako bat izan zitekeela otu zitzadan, eta horrek, inolako oinarri logikorik gabe, kartzela zaharraren inguruetan Lauaxetaren berri izan nezakeela pentsatzera eraman ninduen. Ez nuen, alabaina, han ere Lauaxeta aurkitu. Ez Lauaxetarik eta ez haren aztarrenik.

        Bergaratik Angiozarra jo nuen. Angiozartik, Kanpazarko mendatetik barrena, Anbotora jotzeko asmoa nuen, Anbototik, Urkiolatik barrena, Zeanuri ez nuen oso urruti izango eta.

        Angiozarko hilerrira gerturatzen ari nintzela, hantxe, kanposantuko ate nagusien aurrean, aste batzuk lehenago, Lauaxeta ezagutu baino lehen eta artean ere Egunkaria-ko kazetari nintzela, egin zitzaidan ondoezaz oroitu nintzen.

        Kanposantu barrura sartuko nintzela erabaki nuen. Han izan nintzen azken aldian, ondoezaren ondorioz, sartu gabe geratu bainintzen, sarrerako ate beltz burdinazkoak gurutzatu gabe. Pena ematen zidan hala ere ate haietako letrak Lauaxetari ezin erakutsi izanak: "Il nintzan" irakurriko zukeen ezkerrekoan; "eta bizi naiz" eskuinekoan.

        Gerturatzen ari nintzela, ate haien ondoan hilarri bat zegoela ikusi nuen. "Hara!", esan nuen neure artean, ateetarantz lasterka abiaturik, "aurrekoan hilarri hori zegoenik ere ez ninduan jabetu. Argazki bat egingo zioat."

        Ez nintzen harritu ondora iritsi eta hilarrian neure izena zegoela ikustean. Nahigaberik ere ez nuen izan. Aitzitik, arindu eta lasaitu egin ninduen hilda nengoela jakiteak, eta Lauaxetarengandik gertuago sentiarazi ere bai. Hantxe hil nintzela zioen hilarriko testuak, 1997ko iraileko egun batean, zuela hilabete inguru. Kalkuluak egin nituen. Bai, iraileko lehen igandea, huraxe zen ondoeza egin zitzaidan eguna. "Lauaxeta berpiztua ezagutu nuenerako, neu hilda nengoan beraz", pentsatu nuen.

        Bizkar-zorrotik makina atera eta argazki bat egin nion neure hilarriari.

 

 

Nire eskelak eta nire heriotzari buruzko albisteak biltzen zituzten egunkari ebakinak aurkitu nituen biharamunean Anbotoko buzoian. Harridurarik gabeko aurkikuntza izan zen hura, Angiozarko kanposantu atariko hilarrian nire izena ikustea bezalaxe.

        Hil nintzenetik bi egunera argitaratutakoak ziren egunkari puska haiek guztiak. Eskelak urriak eta txikiak ziren. Ni bezalako pertsona bakarti batek ezin zuen besterik espero. Egunkari gehienetako albisteak ere laburrak ziren oso: "J.L.L. 40 urteko aizarnazabaldar gizasemearen gorpua aurkitu zuen atzo goizean inguruko nekazari batek Angiozarko hilerriaren atarian", zioten gutxi gorabehera, gaztelaniaz. "Oraindik argitu gabe dago noiz eta nola hil zen J.L.L., baina uste da herenegun ilunabarretik edo arratsaldetik egongo zela gorpua nekazariak aurkitu zuen lekuan, inor han zegoenik ohartu ere egin gabe, paraje bakartia baita." Baina Egunkaria-ko artikuluan osorik zetorren nire izena, Julen Lamarain Lizaur, nire biografia laburbiltzen zuen laudoriozko paragrafo koxkor batekin eta zutabe bakarreko argazki batekin batera; "euskaltzale jatorra" eta "langile suharra" izan nintzela beti zioen artikuluaren egileak.

Egunkaria-ko artikuluaren eta argazkiaren ebakina Lauaxetari erakusteko gogo bizia sentitu nuen. "Bazakiat nire ospea ez dela hirearekin konparatzekoa", esan nahi izango niokeen, "baina denon beharra dik aberriak. Ez al zaik iruditzen?"

        Estepan izena oihukatu nuen lau haizeetara, bete-betean, Anbotoko gailurretik, behin eta berriz, zintzurra erlasten hasi zitzaidan arte. Baina ez zien inork erantzun nire oihuei. Ezta Marik ere.

 

 

Zeanurira heldu baino lehen, Burt Lancaster agertzen zen film zahar hartaz oroitu nintzen, luzaz etxetik kanpo izan ondoren Burt Lancaster, lagunen etxeetatik pasatuz, piszinaz piszina, etxera nola itzultzen zen kontatzen zuen filmaz. Amaieran, etxea hutsik eta abandonatua aurkitu zuen, sasiak eta huntzak guztiz janda. Film osoan zehar eguraldi ona zegoen, ez zuen hotzik pasatzen piszinetan igeri egiten Burt Lancasterrek. Hura etxera heltzearekin bat, ordea, ekaitz gogor batek astintzen ditu bazterrak.

        Aurreko egunetan eguraldi grisa izan banuen ere, Zeanurira heldu nintzenean zerua oskarbi zegoen. Zeru argi haren azpian, Marga eta bion oroitzapen kutun zaharretako sagastia, Marga eta bion Gustiz Ederra, txatartegi bihurtuta aurkitu nuen: auto eta kamioi zaharren hilerri handi bat.

        Marga hantxe zegoen, nire zain itxura batean, erronbo zuriak zituen igeritako bat jantzita, Coca-Cola banaketako kamioi herdoildu baten ondoan. Ez zen jada 16 edo 17 urteko neskatila. 40 urte inguru zituen, izan ere, nik bezalaxe. Ederra zegoen oso, gaztetxotan baino ederragoa. Zoragarria!

        — Ikusi nahi al dizkidazu? —esan zidan irri samurrez, eskuak igeritakoaren atzealdean zituela.

        — Bai, jakina! Besterik ez dut nahi. Horretaraxe etorri naiz urrutitik, bidez bide. Hainbeste denboraren ondoren... Azkenean!

        Igeritakoaren atzealdeko korapiloa askatu eta titiak erakutsi zizkidan Margak, estreinakoz.

        — Gustatzen al zaizkizu? Gustatzen al zaizkizu, Julen?

        — Ikaragarri! —esan nuen. Ez zen gezurra. Gaztetako irrika eutsiezin hura sentitu nuen barruan, erraiak dardararazten, gainezka egiteko zorian.

        Marga besarkatzera jo nuelarik, ordea, haren bularren artean ezkutatu nuen burua eta malkoak atera zitzaizkidan, aspaldiko partez, oso aspaldiko partez.

        — Azkura eragiten al dizu bizarrak? —galdetu nion, bizarra aspaldi moztu gabea nuela gogoratuta.

        — Bai, baina ez arduratu. Atsegin zait azkura hori.

        Gero biluztu egin ginen biok.

        — Zutik daukazu, Julen —esan zidan Margak, nire zakil puztuari irriz begira.

        — Bai, zutitu egiten zait.

        Barre egin zuen Margak, eta barre egin nuen nik ere. Barre egin genuen, baldar eta ozen egin genuen barre, eta gero, barrez artean ere, Coca-Cola banaketako kamioi herdoilduaren atzeko plataformara igota, aterki hautsi baten eta josteko makina zahar baten ondoan, buruz gora etzan ginen eskutik helduta, larrugorritan.

        — Guk ezin dugu larrua jo —esan zuen, barreak hitzak trabatzen zizkiola, Margak.

        Barrez, begiak itxita eta zakila ukitu ere egin gabe, hazia isuri nuen, gogotik isuri ere, luzaz eta oparo, zeru urdin garbia neure hazitan blai utzi nahi banu bezala.

        Akituta, loak hartu ninduen, eta esnatzean olana berde zahar batekin estalia nuen gorputz biluzia. Marga ez zegoen jada nire ondoan, baina Lauaxeta ikusi nuen kamioitik gertu, zutik, niri begira. Oinen ondoan utzia zuen bizkar-zorroa.

        — Estepan! —egin nuen oihu, hunkituta, eta olana baztertu, zutitu, kamioitik jaitsi eta laguna beskarkatzera jo nuen arrapaladan.

        Aztoratu egin zuen Lauaxeta nire gorputz biluziaren besarkadaren beroak. Nire besoen artetik askatu eta bestaldera begira mintzatu zitzaidan.

        — Ondo jagok, Julen, ondo jagok. Alkarregaz gagozak barriro, baina orain jantzi hadi, mesedez.

        — Eta ez gaituk gehiago banatuko?

        — Ez. Ez juat uste.

        — Zer moduz bilera? —galdetu nion pixka bat geroxeago, jada janzten hasita nengoela.

        — Oso ondo. Oso atsegina izan dok. Eta suspergarria. Hobeto sentiazoten haben horreetakoa.

 

 

"Hildakoa izatera heltzean beste modu batez ikusten du batek bizitza", esan zion Fernando Pessoak Ricardo Reisi, José Saramagoren O ano da morte de Ricardo Reis nobelan, Prazeresko hilerritik irtenik egiten zizkion bisitaldi haietako batean. Baina denbora behar izaten du batzuetan hildakoak horretarako. Nire kasuan behintzat hala izan zen.

        Ulertzeko denbora behar izan nuen, baina azkenean jabetu nintzen Lauaxetarekin banengoen Lauaxetarekin egon nahi nuelako zela, ez beste ezergatik. Ez zen egia, beraz, aukeran Lizardi Lauaxeta baino nahiago nuela. Edo Federico García Lorca. Baita zera ere! Zer gara ba? Lauaxeta nahi nuen eta Lauaxeta nuen ondoan. Bizitzan baino libreagoak dira hautuak heriotzan, sinpleagoak eta zintzoagoak.

        Badira, guztiarekin ere, oraindik ulertzen ez ditudan gauzak. Hil eta gero ere, Angiozarko ondoezaren ondoren, lanera joaten jarraitu nuen, eta han lankideek ikusi eta entzun egiten ninduten, aintzat hartzen ninduten. Hainbat artikulu idatzi eta argitaratu nituen, gainera, tarte horretan, orain seguru askorik —ez naiz, egia esan, bilatzen saiatu ere egin baina— inongo hemerotekatan ezin aurkitu ahal izango liratekeenak. Lauaxetak eta biok Tolosan Martxelo Otamendirekin topo egin genuenean, Martxelok Lauaxeta ez zuen ikusi baina ni bai, nahiz eta ni ere hila nintzen ordurako. Ez dakit zergatik. Ez dakit Martxelok nola bizi izan zuen une hura eta nola oroituko zuen geroragoan. Misterio bat da hori guztia niretzat. Hil eta gero Lauaxetak ezerez huts eta ilun batean eman zituen 60 urte Gernikan berpiztu artean. Nik, aldiz, beste era bateko bizipena izan dut heriotzaren ondoren, horrela esaterik baldin badago. Fusilatuen patua ere ez da 60 urteko ezerezarena, bestela ez genukeen Txiki eta Otaegi 2035era arte ikusterik izango. Nik ez dakit, eta Lauaxetak ere ez daki. Beste misterio bat. Non dago Marga? Zergatik erakutsi zizkidan titiak heriotzan, bizitzan ez bezala? Zer heriotza mota da harena? Horretaz ere ez dakit ezer. Tira, heriotza oso kontu misteriotsua da, bizitzako konturik misteriotsuenetako bat, baita hildakoontzat ere, eta badagokio hainbeste inkoherentzia eta kontraesan. Ametitu egin behar zaizkio. Gogo onez gainera.

 

 

Gorbeiapeko txatartegian berriro elkartu ginenez geroztik, etenik gabe gabiltza Lauaxeta eta biok bidez bide, aste eta jai, udazken, negu, udaberri eta uda, txararik txara, zelairik zelai, sororik soro, basorik baso, mendirik mendi, herririk herri. Lauaxetari niri bezain atsegin zaio orain mendian oinez ibiltzea, eta baita oskarbi denean izarren azpian eta euria ari duenean eliz atari edo borda batean babestuta lo egitea ere, edo behiala isotermo izandako kamioi-kaxa orain txabola bihurtuan bestela, inoiz edo behin suertatu izan zaigun bezala.

        Ez gara, alabaina, geure oilolur heterogeneo eta askotarikotik irteten, prentsa abertzaleko eguraldiaren maparen mugen barruan gabiltza beti. Erosoago eta etxekoago sentitzen gara leku batzuetan besteetan baino, ezin dugu hori ukatu. Min egiten digu erdaren nagusigo larderiatsuak, geure herrian erdara beltzean aritu beharrak, karral-karral, baina osorik maite dugu gure eguraldiaren mapa, gure aberria, eta gure aberri osoaz gara, ezertaz arduratzerik dugun neurrian, arduratzen. "Aberria ala hil!" esaten da, baina hil eta gero ere hezur-hozten ez den maitasuna da abertzaleak aberriari diona, Lauaxetaren eta bion kasuek erakusten dutenez. Fernando Pessoak ez zion horretaz ezer aipatu Ricardo Reisi, edota ez zuen behintzat halakorik jaso José Saramagok O ano da morte de Ricardo Reis nobelan, baina abertzale bat hiltzen denean hildako abertzale bat bilakatzen da, abertzaletasun horren izenean —"nire aitaren etxea" defenditzeko Arestik zioen bezala, edo "gure amaren etxea" bestela, guk hogeitaka urte geroago modu politikoki zuzenagoan genioen moduan— zer egin lezakeen jakin ez arren. Tira, azken batean, egia esanda, nik neuk behintzat bizi nintzelarik ere ez nuen sekula oso ondo asmatu zer egin nezakeen ezeren alde. Inguratzen ninduen mundua gero eta hierarkizatu eta mediatizatuagoa zegoela argudia nezake aitzakia gisa, baina Lauaxeta ez litzateke ados izango. "Euren beharretan etsipenetik baino ezin abiatu ei diran egungo poeta eta artista ustez moderno horreen antzekoa haz", ekarriko lidake, gupidarik gabe, gogora.

        Kantuan oso onak ez bagara ere, kantuan egiten dugu maiz bidea. Denetarik kantatzen dugu, baina badugu ereserki kutun bat: Jose Angel Irigarairen "Zortearen kolpeak", Benito Lertxundik sortu zion doinuarekin.

        Nik tarteka argazkiak egiten jarraitzen dut. Ikusten ditudan hilarri guztiei egiten dizkiet argazkiak, baina egiten ditut bestelakoak ere: sasiak guztiz bere egindako Seat 600 bat Zestoako baserri batean, goroldiozko pijamak jantzita etengabeko berriketa patxadatsuan ari diren harri handi batzuk Altzürükütik Ahüzkirako bidean, Castejongo geltokia desolazio lehorrez inguratua... Orain hurrengoan Lauaxetari asto baten gainera igota egin nion argazkia. Ez zuen berehala amore eman. Behin baino gehiagotan eskatu behar izan nion. Nolanahi ere, oraindik ez dut bidaiako argazki bakar bat ere eraman errebelatzera, eta ez dakigu Lauaxetaren irudia agertu ere egingo den asto gainean atera nion argazki horretan.

        Oroitarri, hilarri eta hilobi askoren aurrean egiten ditugu egonaldi luzeak; geureen aurrean ere izaten gara, jakina. Marga, Txiki eta Otaegi ez ditugu berriro ikusi, eta beste hildakorik ere ez zaigu, oraingoz behintzat, suertatu bidean. Jende askorekin egiten dugu topo hala ere. Bigarren mailako errepide batera edo herri txiki bateko plaza ingurura jaisten garelarik maiz ikusten dugu Goizeder, ihesean beti, polizia-autoen uluak eta argi urdin birakariak orpoz orpo; batzuetan, haatik, mendian ere ikusten dugu, herri batetik besterako bidea oinez egiten, eta horrelakoetan gurekin solasaldi labur bat egiteko astia hartzeko moduan izaten da. Mateo Txistu noiznahi ikusten dugu basoan, baina hark ez du sekula guregan erreparatu ere egiten, hain dago bere etenik gabeko ehizean tematua. Gutxiagotan izaten ditugu begien aurrean Anjel Lertxundiren Azkenaz beste nobelako Nora eta haren aita, haien kalesaren ibilbideen esparrua askoz ere zabalagoa baita. Zuen antz handiagoa duen jendearekin ere egunero elkartzen gara: nekazari, artzain eta mendizale askorekin geratzen gara berriketan, bidean atsedenaldi bat eginez; denda eta taberna askotan sartzen gara janariak, edariak, egunkariak eta beste hainbat gauza erostera; batzuetan autobusa edo trena hartzen dugu eta noizean behin auto-stop egitea ere maite dugu. Zuen antzeko pertsonek ikusi egiten gaituzte, entzun egiten dute guk esaten duguna, ukitu ere egiten gaituzte batzuetan, zuen antzeko pertsonak gurekin mintzatzen dira.

        Zuek, ordea, ezin izango gaituzue inoiz ikusi, entzun edo ukitu, zuek ezin izango zarete inoiz gurekin mintzatu, gure berri duzue eta.