Agur, Euzkadi
Agur, Euzkadi
2000, nobela
168 orrialde
84-86766-10-9
azala: Nikolas Lekuona, Garbiņe Ubeda
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
1996, nobela
1994, ipuinak
Agur, Euzkadi
2000, nobela
168 orrialde
84-86766-10-9
aurkibidea
 

 

Ontzi-puntan soinutsik

 

Artean eguerdia ere ez zen arren, ostatuan telebista piztuta zegoen. Hego Amerikan grabatutako foiletoi merke eta makal horietako bat ari ziren ematen. Telebistari jaramonik egin gabe, patxadaz gosaldu genuen Lauaxetak eta biok, kafesne bana eta hiru kruasan bion artean. Gosaltzen ari ginela, bi gizonek ekarri zuten Uitziko hilketaren berria ostatura. Zerbitzariak telebista itzali eta irratia piztu zuen. Minutu gutxiren buruan Uitziko mendatean ikusi genuen gorpua Iruñeko exekutibo batena zela jakin genuen. Zalantzak bazituen ere, Guardia Zibilak ez omen zuen uste Uitziko hilketa ETAren atentatua zenik.

        — Kontuak kontu, aitzakia ona ditek orain berdedun horiek muturra toki guztietan sartzeko —komentatu zuen zerbitzariak irratiko esatariak beste albiste bati heldu zionean.

        — Bestela ere, aitzakia behar handirik ez ditek izaten —erantzun zion berria ekarri zuten bezeroetako batek.

        Bagenekien, beraz, jakin beharreko guztia, edo jakin genezakeen guztia behintzat. Alferrik geunden jada Leitzan. Eta betiko arazoaren aurrean nengoen berriro: ez nekien nora jo.

        — Tira, eta orain zer? —galdetu nion Lauaxetari.

        — Hik mendira itzuli gurako dok, noski.

        — Jakina.

        — Hortaz, ardura ez bajak, parke eolikora joango gozak. Haize-errota horietako bat gertutik ikusteko gogoa jaukaat, eta orain hain hurrean daukoguzanez...

        — Ez dituk errotak, Estepan, ez ditek ezer ehotzen. Aerosorgailuak dituk.

        — Haizea ehotzen juek, haizea eho, gizakiaren probetxurako.

        — Bai, haizea eho, haizea eho... Oso poetikoa! Haizea eho eta mendiak izorratu zerri gizen nazkagarri batzuen patrikak betetzeko.

        — Energia beharra jagok eta eolikoa energiarik garbienetako bat dok. Prest hago argindar barik biziteko? Zer gura dok ba hik, leize-zuloetara bihurtu ala?

        "Betiko eztabaida", esan nuen neure artean, eta, jakina, bete-betean asmatu nuen. Lauaxetak aurrerapen teknologikoaren eta garapen ekonomikoaren abantailak defenditu zituen eta nik Gamesa Eólica, Eólicas de Euskadi, Iberdrola, Nafarroako Gobernua, Eusko Jaurlaritza eta enparauen ustelkeria salatu, neoliberalismo basatiaren hazkundea lehenbailehen moztu beharra arrazoitu eta gertutasunean eta berdintasunean oinarritutako ekonomia apal eta gizatiarrago bat aldarrikatu.

        Berriketa antzu haiek argi utzi zuten gauza bakarra egun hartan Leitzako parke eolikora igoko ginela izan zen, Aritz eta Zuparrobi mendietara, aerosorgailuak bertatik bertara ikusita nolakoak diren jakitera. Nik ere urrutitik baino ez nituen ikusiak ordura artean.

        Gorantz abiatu aurretik, ordu laurden inguru eman zuen Lauaxetak ostatuko komunean, garbiketa eta bizar-mozketa lanetan. Nik bitartean, baxoerdi pare bat hartu eta ostatuko Diario de Navarra-ko gurutzegrama egin nuen. Guztia osatzeko hiru hitzen faltan geratu nintzen.

 

 

Manuel Lasarteren "bixki-lagunari" —herritarrek haren omenez jarritako bustoari— ikustalditxo bat egin ondoren, ibilaldi ederra egin genuen Leitzatik Aritz eta Zuparrobira Santa Krutz baselizatik barrena. Aritzera heldu ginelarik, haietako bati ondo-ondotik behetik gora begira jarri eta gertutik ikusita ere aerosorgailuak ederrak zirela esan zuen Lauaxetak.

        — Ez duk arazo estetiko bat —azaldu nion—. Kontua duk mendia pista narrasez, makinaz eta tramankuluz bete eta industrializatzen ari direla etengabe. Eta ez duk mendi bakar baten edo gutxi batzuen kontua. Leku askotan egin nahi ditiztek honelako parkeak, ez energia beharrari erantzuteko, negozioa egiteko baizik. Ez ditek planteatzen zenbat energia beharko genukeen ondo eta lasai bizi ahal izateko. Ez ditek planteatzen energia hori kontsumitzailearengandik gertuago egon daitezkeen instalakuntza txikiagoekin lortzeko aukera, hori ez litzatekeelako negozioa izango. Dena aurrera egitea duk, eta zenbat eta handiago hobe beti, dirua etengabe mugitzeko sorgin-gurpil zoro zentzugabe batean. Energia gehiago, kontsumo handiagoa, zarrastelkeria handiagoa, eta segi horrelaxe bazterra jo arte... Ez duk arazo estetiko bat, Estepan.

        — Baina Europa bide horretatik baldin badabil Euskal Herriak be bide horretatik ibili beharra jaukak derrigor, ezin jok Europatik kanpora geratu, aurrean ibilten saiatu behar jok, atzean geratzea dana galtzea izango litzatekek.

        Gauzak benetan konpontzeko, dena errotik irauli eta aldatu beharra zegoela pentsatu nuen, Euskal Herria, Europa eta mundu osoa; gizarte-eredu berri baten premia zegoela, gizadi berri batena. Baina ez nuen hori guztia Lauaxetari taxuz eta konbentzimenduz azaltzeko gogorik eta kemenik. Nire nagitasuna indartu egin zuen Fernando Pessoak José Saramagoren O ano da morte de Ricardo Reis nobelan esaten dituen hitz batzuk oroitzeak: "Hildako bat, definizioz, ultra-atzerakoia da, ezin ditu ordenaren aldaketak eraman." Neuk ere ordenaren funtsezko aldaketa sakon bat bene-benetan nahiko ote nukeen galdetu nion neure buruari eta ez nuen garbi eta zintzo erantzuten asmatu.

        — Ondo zagok, Sancho Panza jauna —etsi nuen beraz—, arrazoia duk. Ez dituk erraldoi zantarrak aurrean ditugun hauek, gizakiaren ongizateari eta Euskal Herriaren aberastasunari mesede egiten dioten haize-errota politak baizik, bolutxo zuri maitagarriak. Ez ditzagun, beraz, hauei ausikika hortzak debaldetan kraska!

        Aerosorgailuz aerosorgailu egin genuen aurrera. Aerosorgailuen kanpoaldeko pareta kurbatu zurietan jendeak utzitako idatzizko arrastoak zeuden: ETAren aldeko zein aurkako aldarrikapenak, maitasun aitormenak, lizunkeria gordinak... Niri, ordea, azpian Marga izenez sinaturiko idazki batek geldiarazi zizkidan urratsak eta baita ia-ia bihotzaren taupadak ere. Letra larriz idatzia zegoen:

 

        Kaixo, Julen:

        Nahi duzunean etorri. Itsasoari begira egongo naiz, begiak ortzimugan galduta, eta kontatzeko zerbait izango dudala agintzen dizut.

Marga

 

        — Zer ikusi dok hor hain harrigarria? —galdetu zidan Lauaxetak, ni aerosorgailuaren aurrean paralizatuta ikusirik.

        Idazkia seinalatu nion.

        — Hi haiz hor aitatzen dan Julen hori?

        — Ez zakiat, Estepan, ez zakiat... Baina kasu egingo zioat badaezpada ere. Ideia bikaina duk! Itsasertzera joango gaituk!

        — Oinez?

        — Jakina. Ez zagok presarik.

        Alkandorako sakelatik atera eta aerosorgailuaren ondoan utzi nituen bezperan Ulizarko buzoian jasotako liliak. Lehortzen eta zimeltzen hasita zeuden.

 

 

Ezkurrako mendaterantz jaisten ari ginela, bost neska-mutilekin egin genuen topo bidean. Itxurari erreparatuta, ezagun zuten ez zirela ez baserritarrak eta ez mendizaleak, ez behintzat ohiko mendizale tipikoak; perretxiko biltzaileak edo ehiztariak ez zirela ere agerian zegoen. Txurroetan bildutako txima luzeak zituen mutiletako batek, leotardo tankerako galtza elastiko beltzak zituzten jantziak, neska zein mutil, bizpahiruk... Okupa itxura zuten, nolabait esateko.

        Normalena elkarri diosal egin eta nork bere bidean aurrera jarraitzea izango zen, baina Lauaxeta, bide zuzenaren inguruko zalantzak aitzakiatzat hartuta, haiekin solasean lotu zen. Parke eoliko handien aurkako mendi martxa eratzeko asmoa zutela azaldu ziguten, eta martxa hartarako ibilbidea prestatzen ari zirela. Lauaxeta saiatu zen solasaldia luzatzen, baina gazte haiek, Lauaxetaren itxurari eta jakinminari susmagarri iritzita seguru askorik, ez zuten gurekin berriketan geratzeko gogo handirik erakutsi.

        — Ez al zaik pozgarria iruditzen horrelako gazte jendea ezagutzea? —galdetu nion Lauaxetari, gazteak agurtu eta berriro ere Ezkurrako mendaterantz jaisten ari ginela. Burlaizez egin nion galdera, ziur bainintzen gazte haien jokabidea ez zuela oso gustukoa.

        — Pozgarria? —galdetu zidan, serio—. Zergaitik?

        — Gazte arduratsuak ikusi ditugulako, lurraz kezkatzen direnak, lurraren alde borrokatzen direnak. —Antton Valverderen doinua lagun harturik, Lauaxetaren poema bateko bi lerro errezitatu nituen—: "Gazte argi orreik, eutsi lur amari! / bera bazin onik eztauko ludiak."

        — Tira, tira, Julen, ez eizak gauzak euren onetik atara —arranguratu zen—. Ondotxo dakik hik aberriaz ari nintzala poema hartan. Pozik batere ez, niri pena emoten eustak gazte horreen burubideak. Indarrak sakabanatu eta alferrik galdu egiten dozak horrela jokatuta. Gudan bat egin geneuan abertzale guztiok, eta sozialista, komunista eta anarkistakaz be batu gintzuazan, Erkala edo Errepublika defenditzeko. Gaur, aldiz, nor berean tematuta zabilze guztiok, haserretuta eta zatituta, elkarren etsai bihurtuta. Aberriaren askatasun deunak izan behar jok gaztearen aurreneko kezka, eusko gazteria batuaren xedea. Gainerakoan, gureak egin jok. Bestelako eztabaiden garaia be iritsiko dok aberri askea dogunean. Baina aberria dok lehena.

        — Hodei ilunak zatozak —esan nuen nik, zeruari begira—. Uste diat iluntzea baino lehen euria izango dugula.

 

 

Baso sarri eta itxian zehar Ezkurrako mendatetik Goizuetarantz gindoazelarik, gero eta ilunago ikusten eta gero eta itogarriago sentitzen genuen zeru-sabaia, geuregandik gero eta gertuago, gain-gainean, ia-ia buruarekin ukitzeko moduan. Ez zegoen meteorologian aditu handia izan beharrik aurki euriaren eskuek igurtziko gintuztela igartzeko. Euria hasi baino lehentxeago, Loitzate mendiaren hego-mendebaldeko mazela batean, Zumarresta errekaren ondoan, borda zaharkitu batean babestu ginen Lauaxeta eta biok, eta luzaz egon ginen hantxe, paraje guztiz bakarti hartan, geldirik eta isilik, atetik zehar euriaren zirri-zarra etengabeak baso lehendik ere guztiz hezea nola mela-mela eginda uzten zuen begira. Mundutik urrun, oso urrun, guztiz aparte.

        Pena eman zidan Goizeder gu biokin ez izateak. Bezperan ezagutu genuen arren, aspaldiko lagun estimatua genuela iruditzen zitzaidan, gurekin behar genuena. Familiakoa. Gure Goizeder.

        — Ez al dik pena ematen Goizeder berriro ez dugula ikusiko pentsatzeak? —galdetu nion halako batean Lauaxetari.

        Pentsakor geratu zen olerkaria. Sakon hartu zuen arnasa eta serio mintzatu zen.

        — Emakume polita zuan, bai, izen ederrekoa eta euskalduna, baina narrasa eta lotsagabea, gaizkilea eta, hori ziur esaterik ez dagoen arren, hiltzailea be bai akaso... Pena handia dok emakume batek jokabide donge horreek izatea.

        — Ez zuan Emakume Abertzale Batzako kide izateko duin, ezta?

        — Errespetu falta handia izango litzatekek Goizeder emakume hareekaz parekatzea.

        Bere antzezlan irri-eragingarri bateko pertsonaia baten hitzak gogorarazi niezazkiokeen Lauaxetari une hartan, maltzur eta bidegabeki —testuingurutik kanpo, modu teknikoan esateko—, eta galdetu ea zer neurritaraino zegoen egilea pertsonaia harekin ados: "Artatxori batek buru geiago dauko gonadun pilosopa batek baño." Eta, behin hari horretatik tiraka hasiz gero, ez zatekeen nekeza izango beste kontu batzuetara ere jotzea. Langileei buruzko bere ikuspegira, adibidez: "Langilliak bere ugazabagan ikusi biar dau Jaungoikuak bere ordez ipiñi dabena." Bere abertzaletasun sabindarregiaren etnizismo itsuegira bestela: "Kanpoko zorrizto, lotsabako, gosekil orreik ona etorten dira." Edota Mussoliniren indarrak sentiarazten zion lilurara: "Gasteri sendua, euki gura badozu, begi-aurrian guda bat jarri egijozu. Gari ta burni-itzak Mussoliniren itzak. ¡Entzun gura neukez entzun geure aberri onetan!" Baina, Lauaxetaren atzerakoitasun jeltzaleari 60 urteko tirakada emateko indarrik ez nuela iritzita, kontu horiek beste baterako utzi eta isilean euriari begira geratzea hobetsi nuen.

        Oso bestelako kontuetara lerratu zitzaidan pentsamendua. Hilerrietako hilkutxen barruan lurperatutako hilotzak ekarri nituen gogora, edozein biziren hezurren ikara eragingo lukeen lur buztintsuaren azpiko hezetasuna gozoro berenganatzen. Lauaxetaren poema bateko hitzak etorri zitzaizkidan burura —testuingurutik kanpo horiek ere, beste bat baitzen poemaren gai nagusia—, Antton Valverdek jarri zien musikaz lagunduta: "Antxe makur zaite, oi buru neurea, / geure lur amaren besarte gozoan!". Horretarakoxe gogoa nuen, hain zuzen ere, bordako atetik euriari begira. "Angiozarko hilerrian ere euria ariko dik orain", pentsatu nuen ustekabean. Aste batzuk aurrerago han izandako ondoezaz oroitu nintzen, eta sarrerako bi ate beltzetako hitzez: "Il nintzan eta bizi naiz."

 

 

Ate ondoan egonaldi luzea egin ondoren, atertzen ez zuela ikusita, gaua borda hartantxe ematea erabaki genuen Lauaxetak eta biok. Sua egiterik ez genuenez, oso goiz zakuratu ginen, ilundu orduko, bizkar-zorroan genuenetik zerbait jan eta zahatoan geratzen zen ardo hondarra edan ondoren.

        — Argi zagok ez naizela hik bilatzen huen gidaria
—komentatu nion Lauaxetari, ilunpean nor bere zakuan sartuta lo egiteko prestatuta geundela—. Amorragarria irudituko zaik honetarako berpiztu haizela pentsatzea, ezta?

        — Egia esanda, horixe pentsetan ari nintzuan oraintxe puntuan. Honetarako berpiztu ete naz?

        — Non egon nahiko huke ba?

        — Ez jakiat neuk be oso zehatz. Hiriren baten egon gura neukek, baina ez jakiat oso ondo zertan. Gasteizen akaso, Jaurlaritzako politikariakaz bilduta, aberriaren aldeko zereginak eztabaidetan eta erabakiak hartzen; Euskaltzaindiko edo Euskal Idazleen Elkarteko bilera baten bestela; edo antzoki baten be egon neitekeala uste juat, ospe handiko euskarazko ekitaldi kultural batera gonbidatuta... Hire ordez Egunkaria-ko erredakzioan behar egitea be ez litzatekek txarrena izango, ez horixe! Baina batetik ezinezkoak dozak aukera guztiok, eta bestetik neuk be ez jakiat zehazki non egon gura neukeen benetan.

        — Drama latza izan behar dik, bai: bat-batean berpiztu baina zer arraiotarako berpiztu haizen aztarrenik gabe...

        — Barruak esaten eustak higaz egon behar dodala, hi hazela aldi berri honetako nire gidaria, nire laguna. Baina ez jakiat zehazki zergaitik. Ezin juat ulertu. Eta horrek artegatu eta ernegatu egiten najok.

        — Lasai hartzea duk onena.

        — Bai. Horixe esaten eutsaat neure buruari, baina ez dok samurra.

        — Neuk ere lasai hartzen diat.

        — Hik be lasai hartu? Zer hartzen dok hik lasai? Zer esan gura dok? Hala gurago badok, bihar bertan itxiko haut bakarrik.

        — Ez, ez duk hori kontua, oso estimu handian diat hire konpainia. Benetan.

        — Hortaz?

        — Askotan pentsatzen diat hirekin egon beharrean Lizardirekin egon beharko nukeela nik, ez dakidala zer arraiogatik nagoen hirekin eta ez Lizardirekin.

        — Hara bestea! Lizardigaz gurago beraz.

        — Hasieratik esan nian, elkar ezagutu genuen lehendabiziko egunean. Ez diat zertan ezkutaturik. Nik aspaldidanik izan ditiat lagun Lizardiren poemak, gazte-gaztetandik, batez ere mendian nenbilela. Baditek zerbait, ez zakiat zer, barru-barruraino sartu izan zaizkidak beti, neure anaia batek idatziak balira bezala. Hire poema batzuk ere izan ditiat batzuetan buruan, Antton Valverdek hire lanekin osatu zuen diskokoak batik bat, baina Lizardi hunkidura-iturri oparoagoa izan diat beti. Eta ez duk nire kasua soilik. Esate baterako, Egunkaria-rentzat ere hi baino garrantzi handiagokoa duk Lizardi. Hire heriotzarenaren 60. urteurrenekoa baino hamalau hilabete lehenago, 1996ko apirilean, Lizardiren jaiotzaren lehen mendeurrenari buruzko erreportajea argitaratu genian. Gogoan zaukaat: Lizardimin zian izenburua eta zortzi orrialdekoa zuan, hiri buruzko erreportajea baino hiru orrialde gehiagokoa.

        — Pilota partida bat izango balitz, proportzioan, Lizardik 22 eta 13 edo 22 eta 14 irabaziko eustaan, beraz, gutxi gorabehera.

        — Horixe bera. Horrelaxe dituk kontuak.

        — Eta ondo jagok horrelantxe izatea, eta baita hik niri horrelantxe adierazotea be. Nolanahi be, kontuak kontu eta Lizardiminak Lizardimin, Lizardirik ezean nigaz konformatu beharko dok, beste erremedio barik.

        — Bai, halaxe duk. Elkarrekin konformatu beharra zaukaagu biok ere. Ondo lo egin, Estepan.

        — Baita hik be, Julen, ondo lo egin.

 

 

Eguna argitu orduko irten ginen zakutik biharamunean. Esne kondentsatua eta gaileta batzuk jan genituen, bordatik irten gabe, kanpoan euria ari baitzuen artean ere. Eguraldi harekin onena Goizuetara jaistea genuela zioen Lauaxetak, baina nik aurrera jarraitzea erabaki nuen. Elamatik barrena Artikutza ez genuela oso urruti esan nion, eta atertzen ez bazuen han gelditu ahal izango ginela.

        Bidean hogei bat minutu baino ez generamala, borda baten atarian artzain zahar batekin egin genuen topo. Ez zegoen neu baino askoz txukunago gizona: arropa zahar zarpailduak, bizkarra euritik babesteko zaku zahar ireki bat burutik behera botea, hortz batzuen falta agerian, egun batzuetako bizar zuri latza...

        — Sartu borda barrura nahi baduzue —eskaini zigun abegikor—. Ez dago mendirako eguraldirik.

        Estimatu genion eskaintza. Borda barruan Lauaxetak betaurrekoak erantzi zituen, zapi txiki batekin igurtzi eta lehortzeko.

        — Ardoa nahi al duzue? —eskaini zigun artzain zaharrak, bi litroko Kas Limón botila plastikozkoa hartuz apal batetik; litro erdirik ez zen falta botila amaitzeko—. Tira, ez dago asko. Barrua pixka bat berotzeko lain.

        Trago bana egin eta gazta puska bana jan genuen. Eratsungo baserri batekoa zela esan zigun artzainak; Julian Retegi pilotari handiaren jaioterrikoa beraz.

        — Lau bat orduko bidea daukat hemendik etxeraino oinez eta ez naiz egunero joaten. Gehienetan bordan geratzen naiz lotan.

        Atertzen ez zuela ikusita, Goizuetara jaistea proposatu nion Lauaxetari, eta hark, aurretik ere pentsatzekoa zenez, ez zidan ezetzik esan. Artzainak azaldu zigun nondik genuen biderik laburrena.

        — Zergaitik ez haz artzain horregaz geratu? —galdetu zidan, bidean abiatuak ginela, Lauaxetak—. Horrek gustura onartuko hinduke bere ondoan. Mendian batetik bestera noraezean ibili barik, apal-apal bizi ahal izango hintzateke borda horretan, mundutik aparte. Koherenteago izango litzatekek, nire iritziz.

        — Ez zakiat. Beharbada arrazoia duk, baina ezin izango nikek bizimodu horretara ohitu.

        — Ezin dok ordea esan, Lizardik legez, "beeko bear goriak" haroanik, behekoaz be etsita hago eta. Euren beharretan etsipenetik baino ezin abiatu ei diran egungo poeta eta artista ustez moderno horreen antzekoa haz hi azken baten.

        — Mesedez, ez nazak Egunkaria-rako elkarrizketatzen nuen jendaila horren maila berean jar —arranguratu nintzaion.

        — Hareen askoz be antz handiagoa dok ikusi barri dogun artzainarena baino.

        — Ez duk egia! Nik, gutxienez, ez diat poemarik idazten, mihiserik margotzen edo eskulturarik egiten. Munduarekin bakean bizi nauk. Baina, jakina, artzain ere ezin nauk egin orain, 40 urtetan. Zaharregia nauk horretarako.

        — Hi sasoiko hago oraindino, bestela mendian batetik bestera ibilterik ez heuke izango. Hire aldean, askoz be zaharrago dok artzaina.

        — Baina hori ikasia eta zaildua zagok, horretara txikitatik egina.

        — Hilabete batzuk nahikoa izango heukez ikasi beharrekoak ikasteko.

        Isilik eta pentsakor egin nuen bidearen tarte bat. Azkenean animatu nintzen buruan bueltaka ibilitako ideiei forma ematen.

        — Inon gustura ez gaudenok bidea maite diagu
—azaldu nion orduan Lauaxetari—. Edozein tokitan egonik, okerreko lekuan nagoela irudituko litzaidakek, beste nonbait egon behar nukeelako irudipena izango nikek, eta horregatik nahiago diat bidean egon, bidean egotea inon ez egoteko modu bat delako azken batean. Ibili dabilenari barkagarri zaiok ez dagokion lekuan egotea, dabilenari iritsi artekoa geratzen zaiok itxaropen, aitzakia eta babes. Ibiltzea bilatzea duk, eta bila dabilenari ezin zaiok aurkitu ez duena ez edukitzeagatik errietarik egin. Horregatik nabilek, Estepan, bai, horrexegatik duk.

        — Horreek guztiok benetako motiboa ezkutatzearren asmatutako kontuak eta aitzakiak baino ez dozak, Julen.

        — Zein da ba benetako motiboa hire ustez?

        — Alferregia hazela nekazaria edo artzaina izateko. Ogibide gogorregiak dozak horreek gu biok lako eskutxurientzat.

 

 

Goizuetara helduta, plaza nagusiko ostatuan bere burua txukuntzeko aukera izan zuen Lauaxetak. Ni, aldiz, zira bustia eranztearekin konformatu nintzen. Lauaxeta ez zuen lotsatzen taberna bateko komunean soina garbitu, arropak aldatu eta bizarra kentzeak. Ni ere ez nintzen horretan lotsatuko, baina nengoen bezala egonda ere ez, horixe zen aldea. Horregatik, bezperan Leitzan egin nuen bezala, baxoerdi pare bat lagun, ostatuko Diario de Navarra-ko gurutzegramari lotu nintzaion Lauaxeta komunetik itzuli bitartean. Hiru hitzen faltan geratu nintzen orduko hartan ere.

        Txukundu ostean, baxoerdi bat eskatu eta egunkariak irakurtzeari ekin zion Lauaxetak, gogo handiz eta interes biziz.

        — Begira zer dinoen hemen, Julen —esan zidan pixka bat geroxeago—. Lekunberriko aurrezki kutxa batean lapurreta egindako neska baten atzetik jabilzak txapelokerrak. Uitziko mendateko hilketaren egilea dala susmatzen ei juek eta, horretaz gain, aurreko egunetan Tolosan eta Zizurkilen egindako lapurretak be neska horrexek egin ebazalakoan jagozak.

        — Arraioa! Erakutsi, erakutsi hori.

        Neure begiekin irakurri nuen albistea.

        — Ez zagok makala gure neska panpoxa, ezta? —komentatu nion irriz Lauaxetari—. A zer elementua! Txapela kentzeko modukoa!

        — Miresgarria iruditen jak beraz —zapuztu zitzaidan—. Lapurreta eta hilketa gauza onak balitzaz legez. Penagarria iruditen jatak...

        Polizia-auto batzuen uluek moztu zuten bat-batean Lauaxetak hasitako sermoia. Aulkietatik altxa, errezelak baztertu eta leihotik begira jarrita, auto berde bat ikusi genuen plaza nagusian etengabeko jira-biran, Goizederrek bezperan Orexara eramandako auto gorria hango plazan utzi zuen bezalaxe, eta Guardia Zibilaren bost lanrober plazara orduantxe puntuan Leitzako aldetik heltzen, uluka eta argi urdin birakariak piztuta. Guardia zibil batzuk autoetatik jaitsi eta mendi aldera abiatu ziren. Beste batzuk, aldiz, plazan geratu ziren elkarren artean hizketan, etengabe biraka jarraitzen zuen autoari begira. Jauzi bizkor batean barrura sartu ondoren, autoa geldiarazi egin zuen guardia zibiletako batek.

        Ostatuan sartu ziren geroxeago lau guardia zibil, metrailetak eskuan zituztela. Uste baino lasaiago nengoen hala ere, neure buruarekin harritzeraino. Galdetu zigutenean, esan genien ez genuela ikusi neskak zein aldetara egin zuen ihes, ez genekiela txoferra neska bat zenik ere, ez genuelako ikusi ere egin. Haien lanroberren uluak entzun artean ez ginela leihotik begira jarri azaldu genien, ez ginelako plazan ezer berezirik gertatzen ari zenik ohartu ere egin.

        — Zergatik ez diek esan atzo Goizederrekin ibili ginela? —galdetu nion guardia zibilek alde egin eta gero Lauaxetari—. Akaso lagungarri izango zitzaiean neska harrapatzeko.

        — Ez jakiat, Julen, ez jakiat. Gernikan atxilotu ninduenekoa etorri jatak burura metraileta horreek ikusi dodazanean. Berpiztu nintzanetik ez nok ezer egiteko edo inori laguntzeko gauza izan. Tristea izango litzatekek nire ekintza bakarra txapeloker erdaldun batzuei neska euskaldun bat harrapatzen laguntzea izatea.

        — Eta Goizeder mutil erdalduna balitz eta bere atzetik dabiltzanak txapelgorri euskaldun jatorrak?

        — Orduan seguru asko beste era batera jokatuko neukean.

        — Nik ez ba, Estepan, nik ez. Ni iheslariaren alde izango nindukean berdin-berdin.

        — Sikiera ETAkoa balitz! —sumindu zen—. Baina, antza denez, ezta hori be! Zoratuta zagoze danok! Ez juat gaurko Euskal Herri zoro hau ulertzen!

 

 

Ez zuen atertzen, goitik behera euria gogotik eta indarrez jaurtitzen jarraitzen zuen zeru ilunak. Herriko beste ostatu batzuetan baxoerdi batzuk edan ondoren, berriro ere plaza nagusikora itzuli ginen, han bazkaltzeko asmotan.

        Irratiko albistegietan, Guardia Zibilak azken egunetan denak aztoraturik zituen neska gaizkilearen bila jarraitzen zuela esan zuten. Goizueta inguruko basoetan barrena omen zebiltzan haren atzetik, aurki atxilotu ahal izango zutelako itxaropenez. Eguraldi txakur harekin, Goizueta inguruko baso itxi eta hezeetan, bakarrik eta atzetik Guardia Zibila zuela, erruki izateko modukoa zen benetan Goizederren egoera. Haren aldean, ederki geunden gu, aterpe goxoan lasai bazkaltzen.

        Ostatu hartatik irten gabe, karta jokoan aritu ginen bazkalondoan. Berehala ohartu nintzen pilotan zuen trebetasunaren laurdenik ez zuela Lauaxetak musean eta, neu ere batere iaioa ez izan arren, aise hartu nuen mendean. Kartak utzi genituenean Lauaxetak egunkarien irakurketan sakondu zuen eta ni, nahiz eta ostatukoek soinurik gabe jarria zuten —diskogailuan jarritako musika entzuten baitzen aretoan—, telebistari begira geratu nintzen. Ordura artean ikusi gabea nuen beste iragarki bat ikusi nuen, telebista marka batena. Negu giroa, elurra eta haizea zegoen hiri bateko kaleetan. Gizon bat ageri zen, ibiltari, sonbreirua jantzita, aterki sendoa haizearen aurka babesteko ahaleginetan, berokia sudur puntaraino lotuta... Etxetresna denda baten parera helduta, barruko telebista batean sekulako eguzki ederra ageri zen, paisaia eder bat berotzen. Gizona begira geratu zen. Aterkia itxi, sonbreirua eta berokia erantzi eta paisaia beroari begira geratu zen, irriz, suspertu eta indarberrituta.

        Egun gutxi batzuk baino ez neraman etxetik kanpora, egun gutxi batzuk baino ez, beraz, telebista lehen adinako egunerokotasunez ikusi gabe, baina hori aski zen iragarki guztiak ez ezagutzeko. Iragarki berri hark telebistatik urrundua sentiarazi ninduen, telebista egunero ikusteak sortzen duen aberri eroso eta abegikorrean arrotz, traidore ia-ia, eta horrek, absurdua bazen ere, oroimin samur bat sentiarazi zidan, ez arrazoizgaineko erru-beldurrik gabea, emaztea eta seme-alabak abandonatuta etxetik alde egindako gizon bihozgabea banintz bezala.

        Egunkarien irakurketa amaitu zuenean, begiak telebistari atxikiak nituela ohartu zen Lauaxeta. Uhartedi batzuetako irudiak ematen ari ziren, baina, telebistaren soinurik entzuten ez zenez, ez nekien zehazki nongoak ziren uharte haiek. Nolanahi ere, Goizuetatik urrun behar zuten.

        — Traste horri begira geratu behar dok arratsalde osoan? —galdetu zidan—. Zozotu egingo haz, lehenaz gain.

        — Zer egin daiteke Goizuetan eguraldi honekin?

        — Alde egin! Ospa! Itzuliko gozak eguraldia hobetzen denean, hire bidaia ganorabakoan aurrera jarraiteko.

        Ez zitzaidan ordura artean burutik pasa ere egin aukera hori.

        — Goizueta munduaren azken zuloa duk. Basoa besterik ez dik inguruan, herririk batere ez. Gertuenak Leitza eta Hernani dituk, bata 20 kilometrora eta bestea 25era. Leitzara ez zagok autobusik, Hernanirako azkena, berriz, aspaldi joana duk honezkero, arratsaldeko hiruretan oso oker ez banago.

        — Auto-stop egin daikeagu. Nik ez juat sekula egin, baina iruditen jatak gaurkoa egun aproposa dala. Ni prest nagok. Ez bagaitu inork hartzen, itxiko juagu, baina aproba eginda behintzat.

        Tentagarria egin zitzaidan proposamena. "Ezin izango dik jende askok esan Lauaxetarekin batera auto-stop egiten ibili denik", esan nion neure buruari. Banuen, gainera, azken egunak mendian eman eta gero, jende artean galtzeko gogorik, eta oroitzapen onekin lotzen nituen nik Hernaniko tabernak, haietara jotzen baikenuen ia beti lankideen arteko afariak egiten genituenean.

        Bizkar-zorroak nituen kezka nagusi. Traba bat ziren.

        — Gura badok, hemen itxiko jitubaguz bizkar-zorroak —azaldu zidan Lauaxetak—, mendi ibilaldia jarraitera itzultzen garenerako. Arinago ibiliko gozak bitartean.

        Margaren lehen gutunaz oroitu nintzen ordea: "Baina ez ezazu inongo xederik izan", zioen, besteak beste. Eta aurrerago: "Izan zaitez azeria, sar zaitez gauzetan eta arbuia ezazu garaipena." Arrazoia zuen Margak. Ez nuen zertan kirol markarik ezarri. Ez zuen ezertarako balio bide guztia, pausoz pauso, oinez egina zela esateak. Hartutako bidea hautsi behar zenean, hautsi egin behar zen. Hausteko gogoa izanez gero behintzat, horixe zen bete beharreko baldintza bakarra.

        — Ez —esan nion, erabakiaren irmotasuna agerian uzten zuen doinu seguruz, Lauaxetari—. Ez diagu loturarik behar. Ez zaukaagu Goizuetara itzuli beharrik. Geurekin eramango ditiagu bizkar-zorroak.

 

 

Lauaxetak bizkar-zorrotik ateratako aterki handi baten babesean jarri ginen bide bazterrean auto-stop egiten. Harrigarria zen Lauaxetak bizkar-zorro hari ateratzen zion etekina. Denetik zeukan han barruan.

        Auto gutxi zebilen, eta zebiltzan autorik gehienetako txoferrek gertuko baserri edo bordaren batera zihoazela adierazten ziguten, eskuekin egindako keinuen bidez. Ez zen erosoa egoera baina oso pozik sentitu nintzen. Erredakzioko lagunez oroitu nintzen. Han izango ziren, ez oso urruti gu geunden lekutik, 32 bat kilometrora, aterpean, mundu osoko albisteak eta argazkiak jasotzen, gai interesgarriei buruzko informazioa eta iritziak biltzen, jakitun eta adituen ahotik eta eskutik. Ez zekiten, ordea, Lauaxeta auto-stop egiten ari zela, euripean, Goizuetatik Hernanira joateko. Horretaz jakitun, guregana etorri eta argazkiak egiten zizkigutela irudikatu nuen, eta biharamuneko azalean Lauaxeta eta biok euripean auto-stop egiten agertzen ginela. "Orduan ez zian ezertarako balio izango Lauaxetaren lagun izateak", esan nuen neure artean. "Orduan Lauaxetak ez zian batere interesik izango. Honela duk interesgarria Lauaxeta, nire ondoan auto-stop egiten euripean, niretzat bakar-bakarrik mintzatzen, niretzat bakar-bakarrik arnasa hartzen."

        Ordubete ingururen buruan, herri barrutik zetorren mutil gazte bat hurreratu zitzaigun, 20 urte pasatxokoa, zira jantzita.

        — Aizue, etorriko al zarete, mesedez, nire autoari bultza egitera? —galdetu zigun—. Bateria gastatu zaiola uste dut. Abian jartzen badugu, Hernanira eramango zaituztet, neu ere haraxe noa eta.

        Baietz esan genion, jakina, eta herri barrura itzuli ginen oinez, mutilarekin batera. Plazako ostatuaren parean zegoen autoa, 4L gorri zahar bat. Hernanikoa zela azaldu zigun mutilak, eta izebari josteko makina bat ekartzera etorria zela handik Goizuetara. Izebaren etxetik irtetean autoa abian jartzerik ez zuela jabetuta, Goizuetara heltzean Hernani aldera auto-stop egiten ikusi gintuela gogoratu eta guregana jotzea erabaki omen zuen, herrian ordu hartan ez baitzegoen lagun ziezaiokeen inor.

        Bultza egin genion autoari eta mutilak, kostata, hainbat ahaleginen ondoren, autoaren motorra abian jartzea lortu zuen. Bizkar-zorroak autoaren atzealdean utzi eta barrura sartu ginen Lauaxeta eta biok ere. Hura atzealdean eta ni aurrean, mutilaren ondoan. Eseri baino lehen, Egunkaria-ren egun hartako alea ikusi nuen niri zegokidan aulkian. "Hara! Irarkurle bat!", pentsatu nuen, sekulako aurkikuntza bitxi eta harrigarria egin banu bezala. Esertokia libre uztearren egunkari-alea eskuetan hartu nuenean, harekin batera hiru liburu ere bazirela ohartu nintzen: Edorta Jimenezen Baleen berbaroa, Harkaitz Canoren Telefono kaiolatua eta Jokin Muñozen Joan zaretenean. "Hau markaz kanpokoa duk!", esan nuen neure artean. "Ez duk sinestekoa! Euskal literatura irakurtzen duen gazte bat!"

        — Berriak dira liburu hauek, ezta? —galdetu nion mutilari, autoa jada errepidean aurrera Hernanirantz zihoala.

        — Bai, oraintxe argitaratu berriak dira hirurak. Neuk gaur erosi ditut, eta herenegun behintzat artean liburu-dendara iritsi gabeak ziren.

        — Nik ez nekien liburu hauen berri.

        — Asko irakurtzen duzu?

        — Tira, irakurri askorik ez, egia esan, baina nahiko gertutik jarraitzen dut euskal literatura.

        — Nik Edorta Jimenez oso gustukoa dut. Azken fusila oso ondo dago, azken aldian irakurri dudan onenetakoa iruditu zait. Hau ere uste dut ona izango dela.

        — Nik be irakurria dot Azken fusila —sartu zen solasaldian Lauaxeta—. Eta niri be asko gustatu jatan. Horrelako nobela gehiago behar dauz euskal literaturak!

        — Nik ez dut Azken fusila irakurri —aitortu behar izan nuen nik—, baina Jokin Muñozen aurreneko liburua bai, Hausturak. Gustatu zitzaidan.

        — Aurrekoak bezala, liburu berri honetan ere Erriberako gorabeherak kontatzen omen ditu Muñozek —esan zuen mutilak—. Euskal literaturan gutxiegi agertu diren parajeak dira horiek, eta horregatik erosi dut, beste ikuspegi bat izateko. Euskal Herria ez da soilik basoa eta itsasoa, euria eta elurra, baserritarra eta arrantzalea.

        Harkaitz Canori buruzko goraipamenetan ere bat etorri ginen hirurok.

        — Oso idazle trebea da, bai —esan zuen, sutsu, Lauaxetak—. Horrelako gazte gehiagoren premina dugu!

        Ustekabean, literatur tertulia atsegin bat izan genuen, beraz, Goizuetatik Hernanira bidean.

 

 

Eguzkia sartua zen Hernanira heldu ginenerako, baina zeruak berdin-berdin jarraitzen zuen euri-jario etengabean.

        — Oso entretenitua egin zait bidaia zuekin berriketan —esan zigun mutikoak—. Ez da erraza euskal literaturaz mintzatzeko solaskideak aurkitzea. Gaur gure pisuan afaria dugu fakultateko lagunok eta afalostean literaturaz mintzatuko gara. Nahi baduzue... Gonbidatuta zaudete.

        Atzera jiratu nuen burua:

        — Zer iruditzen zaik, Este...?

        — Ondo, ondo, oso ondo —esan zuen arrapaladan Lauaxetak, niri bere izena osorik ahoskatzea eragotziz. Orduan neu ere jabetu nintzen arriskuaz. Gazte hark ondo ezagutuko zuen Lauaxeta, eta auskalo zer gerta zitekeen atzeko betaurrekodun xelebre hura Lauaxeta zela jabetuz gero!

        — Nola duzue izena? —galdetu zigun mutilak adeitasunez.

        — Ni... ni Koldo naz —esan zuen Lauaxetak.

        — Ni Julen.

        — Ni Mikel, Goizuetan jaioa eta Iruñean hazia... Orain Hernanin bizi banaiz ere, astean zehar behintzat.

        — Euskal filologiako ikaslea al zara? —menturatu nintzen.

        — Bai. Igarri egiten zait, ezta? Eta zuek?

        — Tira, gu... ni... ni basozaina naiz —atera zitzaidan bat-batean, neure itxura zarpaila zuritu beharrez—. Denbora libre asko izaten dut irakurtzeko eta horregatik naiz literaturzalea.

        — Ni irakaslea naz —esan zuen, serio, Lauaxetak—. Euskara irakaslea.

        Afarira joan aurretik, Mikelengandik gordean, Lauaxetak afarirako bizkar-zorroan zuen gorbata janztearen egokitasunaz galdetu zidan, eta nik esan nion hobe zuela gorbata bizkar-zorroaren zokondorik ezkutuenean gordeta uztea, barregarri agertuko zela bestela Mikel eta bere lagunen aurrean.

        Zortzi lagun bildu ginen guztira afari hartan. Beste bost, beraz, Mikel, Lauaxeta eta hiruroz gain: Jakobe amurriarra, Arrate eta Oihane etxebarriarrak, Arantxa urruñarra eta Jean Louis heletarra. Arraioa! Zuberotar bat baizik ez genuen ments!

        Koldo eta Julen izenez aurkeztu gintuen Mikelek, baina larrialdi bat izan genuen hala ere.

        — Zuk Lauaxetaren antza duzu —esan zuen, Mikelek aurkezpenak egin ondoren, Arratek—. Kristorena baina! —Inguruko lagunei begiratu zien gero—: Ez al zaizue iruditzen?

        Arrazoia eman zioten denek Arrateri.

        — Harrigarria! —esan zuen Mikelek—. Ez dakit nola ez naizen orain artean konturatu!

        — Ni, hain zuzen be, Lauaxeta naz, aberriaren eta Jaungoikoaren zerbitzurako berpiztua —esan zuen solemnitatez Lauaxetak—. Baina, jaun-andreok, ulertuko dozuen legez, hori sekretu handia da, ezin deutsozue inori esan. Barriro espetxeratu naikee, eta fusilatu be bai gero! Aberriak eta Jaungoikoak eskertuko deutsuee diskrezinoa, ez horretaz zalantza txikerrenik be izan.

        Irri eta txalo egin zuten filologogai literaturzale gazteek, eta guk lasaitu ederra hartu genuen. Une hartan damutu egin zitzaidan Lauaxetari gorbata ez janzteko esan izana, horixe baino ez zitzaion falta izan-eta.

        Aukeran lehor samarra zegoen lasagna, baina oso ardo ona zuten ikasleek pisu hartan. Kafearekin batera, berriz, whiskya edan genuen, hori ere kalitatekoa. Errazegi sartzen zitzaidan niri dena zintzurretik behera.

        Oso ondo pasatu genuen afari hartan. Hasieran serio antzean mintzatu ginen euskal literaturaz, azken urteotako joera arinzaleaz, poesiako liburuen urritasunaz, irakurle berrien premiaz, kritika arloko gabeziez, baina gero idazleei eta liburuei buruzko txisteak egiten hasi ginen eta azkenerako sekulako astakeriak bururatu zitzaizkigun.

        Egoeraz baliatuta eta alkoholaren indarrak harrotuta, Lauaxetari buruz azken egunotan buruan bueltaka ibilitako ideia edo teoria batzuk mahairatu nituen.

        — Jon Kortazarrek esana da, eta begi-bistakoa bestalde inork esan gabe ere, Lauaxetaren "Langille eraildu bati" poemaren oinarrian Federico García Lorcaren "Prendimiento de Antoñito el Camborio en el camino de Sevilla" poema dagoela. Jakinekoa da Lauaxetak miresmen handia ziola García Lorcari. Haren poemak euskaratu zituen, gutunak idatzi zizkion... Nik uste dut Lorcak ez ziola sekula kasu handirik egin Lauaxetari, ez zuela aintzat hartu ere egin bere poemen euskarazko itzulpena, ez zuela Lauaxetarekin mintzatzeko interesik txikiena ere izan Bilbora etorri zenean. Baina Lauaxetak ez zuen horregatik etsi. Lorca 1936an fusilatu zuten faxistek. Lauaxeta, berriz, 1937an atxilotu. Esaten dutenez, atxilotua zutelarik, aukera izan zuen fusilatzetik libratzeko, baina ez omen zion aukera hari heldu nahi izan. Hiltzeko ez zela sekula orduan bezain ondo prestatua izango argudiatu omen zuen. Nire teoriak dio Lauaxeta García Lorcaz maiteminduta zegoela eta, haren heriotza gogoan, gogo onez onartu zuela hark izandakoaren pareko patua, hark bezala jasotzea bekokian aintzaren muna. Maitasunez hil zen Lauaxeta, eta ez aberriaren eta Jaungoikoaren maitasun hutsez.

        — Lauaxeta homosexuala zen, beraz, zure ustez —esan zidan Arratek.

        — Ez, hori ez da nire ustea. Hipotesi bat baino ez da. Edo kondaira aizun mitomaniakoa, hala esatea nahiago baduzue. Ez zen homosexuala zela esateko giro egokian bizi izan, hori argi dago. Bi andregai izan zituela ere esaten dute biografoek, Nile eta Espe, baina Polixene Trabuduak esaten du oso erakargarria izan arren ez zuela sekula andregairik izan. Kontuak kontu, ez dugu inoiz egia jakiterik izango, eta axola handirik ere ez du horrek azken batean. Baina ez al zaizue hipotesi polita iruditzen?

        — Bai, bai, nobela ederra egin liteke teoria horretatik abiatuta —esan zuen Jakobek—. Edo baita film bat ere. Lorcari buruz mila nobela, film, saiakera, antzezlan eta perfomance egin da, baita kantak eta diskoak ere, haren alderdi ugari aztertuz, eta horien artean homosexualitatea nahikoa sarri. Euskaldunok, aldiz, alferrik galtzen uzten ditugu geure pertsonaia interesgarri guztiak.

        — Zinemagile bati Lauaxeta homosexuala izan zitekeela iradokitzea bururatuko balitzaio, akabo! —gaineratu zuen Mikelek—. A zer iskanbila! Tira, tira, Euzko Gudarosteko komandante bat!

        — Dena dela, egin zuten film bat Lauaxetari buruz, ezta? —galdetu zuen Jean Louisek.

        — Bai —erantzun zion irriz Arratek—. Baina orduan Xabier Elorriagak egin zuen Lauaxetarena, eta ez zen aktorerik egokiena. Aktorerik egokiena, dudarik gabe, Koldo da. Zer iruditzen zaizu, Koldo?

        — Tira, aproba egingo neuke —esan zuen Lauaxetak—. Zuek dinozuen adinako antza baldin badaukot eta ederto ordaintzen badabe...

        Ez zirudien nik esandakoen erruz oso mindua.

 

 

Pentsatzekoa zenez, kantuan ere aritu ginen, Arantxa eta Jean Louis bikain, gainerako filologogaiak ahal zen moduan eta Lauaxeta eta biok oso-oso gaizki, Lauaxeta kantuak ezagutzen ez zituelako, ni mozkor-mozkor eginda nengoelako. Bertsotan ere ausartu ginen batzuk. Etxebarriako bi neskatoak ziren nagusi horretan, dudarik gabe.

        Goizaldeko hirurak inguruan, despedidako tragoa kalean hartzera jaitsi eta Bodega tabernan sartu ginen. Total eginda nengoen ordurako, ez nintzen lagunekin berriketan jarraitzeko gauza, eta bazter batean eserita geratu nintzen, "Ardoa eta gizona" kantatzen; "Ardoa eta gizona" kantatzen ahalegintzen, hobeto esanda, ezin bainituen hitzak gogoratu. Bazter hartatik Egunkaria-ko bi kazetari ikusi nituen barra ondoan. Haiengana inguratzeko kemenik ez nuenez, besoekin keinuak egin nizkien, baina haiek ez ninduten ikusi. Etsita, "Ardoa eta gizona" kantatzen ahalegindu nintzen berriro ere, harik eta loak hartu ninduen arte.

        Hildako bati ez dagokion jokabidea izan zuen orduan Lauaxetak. Pentsatzekoa baita hildakoek lasaiak izan behar dutela, serioak eta neurritsuak, José Saramagok Fernando Pessoari O ano da morte de Ricardo Reis nobelan esanarazi zion bezala. Pentsatzekoa baita hildakoek eroapen eta egonarri handikoak izan behar dutela, eta ez dituela inoiz mendeku grinak menpean hartu behar. Baina gau hartan Lauaxetak traizionatu egin ninduen.

        Jakinik nik itsasertzera jo nahi nuela berak "bidaia ganorabako" deitzen zuen hartan, eta jakinik Arantxa eta Jean Louis gau hartan autoan Urruñaraino joatekoak zirela, gure mendi ibilaldia bat-batean laburtzeko aukeraz jabetu eta, ni lozorro sakonean murgilduta nengoela baliatuta, Arantxari eta Jean Louisi gu Donostiaraino eramateko eskatu zien, han lagun bat bisitatzeko aukera izango genuela-eta. Arantxak eta Jean Louisek ez zuten ezetzik esan, nahiz eta gu autoan sartzeak ekarriko zuen ondorioetako bat aurretik susmatzeko modukoa izan: atzeko eserlekua txerri eginda utzi nuen botaka egin eta gero.

        Horregatik ez kezkatzeko esan zioten, hala ere, Arantxak eta Jean Louisek Lauaxetari, garbituko zutela patxadaz biharamunean. Lauaxetak hala eskatuta, Donostiako kairaino eraman gintuzten, eta han jaitsi ginen autotik, goizaldeko laurak irian. Ateri zegoen. Lauaxetak kontatuta dakit hori guztia, jakina, ni ez bainintzen orduan ezertaz ohartu, edo ezertaz ohartu banintzen ez bainintzen behintzat geroragoan ezertaz oroitu.

        Itsasoari begira geratu zen lipar batez Lauaxeta. Bizitza honek itsasoa dirudiela pentsatu zuen, behiala idatzitakoa berretsiz. Itsasoari buruz poema bat baino gehiago idatzi zuela ekarri zuen gogora, baina itsasoaren narru nabarra pantera batenarekin alderatuz idatzitako lerroen ausardia zela, XX. mendearen amaierako idazle eta kritikarien begietan behintzat, poema haien alderdirik goraipagarriena. Pantera batena zirudien, bai, begien aurrean zuen itsasoaren narru nabarrak. Pena sentitu zuen aurreko bizitzan idatzi gabe utzitako poesia guztiagatik. Bazekien horrek ez zuela erremediorik, berpiztu ondoko bizitza berrian guztiz ezindua sentitzen baitzen poesiarako. Poesiak, itxura zenez, bere unea zuen; gero kito.

        Kontxako badia inguratzen zuen errepidetik polizia-auto batzuen uluak heldu ziren gu geunden lekuraino. Haien argi urdin birakariak ere ikusi ahal izan zituen Lauaxetak, Kontxako badia ondoko errepidean San Martin kalerantz ziztu bizian. Gerrako zauritu bat banintz bezala eraman ninduen gero, kontu handiz eta neke handiagoz, Lauaxeta komandanteak pentsio batera. Gela bat hartu zuen han biontzat, eta, neu ezertaz ohartu gabe, biluztu eta ohean sartu ninduen.

 

 

Leihotik zehar sartutako eguzki printzek esnatu ninduten eguartean. Bakarrik nengoen gelan, buruko minez eta non nengoen aztarrenik gabe. Bezperako gorabeherak ekarri nituen gogora. Mikelen etxeko afalorduko eta afalosteko kontuak oroitzen nituen, banekien gero Bodega tabernan izan ginela ere, baina ametsetakoekin nahasten zitzaizkidan Bodegako irudi lauso eta nahasiak. Geroagoko konturik ezin nuen batere oroitu. Manuel Lasartek "Basarri bateko mutilzar edarizale bati bere auzotar baten erreguz" jarritako bertsoetako bat etorri zitzaidan gogora, auskalo nondik heldutako errieta edo zigor bat balitz bezala: "Zorioneko edariak / ditu indar ugariak, / ez dira beti ondo konpontzen / gizona ta biak. / Nasten ditu memoriak, / gero nunai aberiak, / len ere orrek bultzata asko / dira eroriak."

        Ohean agondurik, bizkar-zorroak ikusi nituen. Zein bere ohearen ondoan, han ziren biak, Lauaxetarena eta nirea, eta horrek lasaitu egin ninduen.

        Ohetik jaiki eta leihora inguratu nintzen, larrugorritan. Bezperan ez bezala, zerua oskarbi zegoen. Kaia, itsasoa eta Santa Klara uhartea nituen begien aurrean, arrantzontzi gorri handi eta zahar bat orduantxe kaian sartzen, kaio batzuk hegaka. "Hau Donostia duk", esan nion neure buruari. "Nola heldu naiz, ordea, hona? Non dago Lauaxeta?"

        Gela barrura begiratu nuen. Ordura artean ikusi gabeak nituen paper batzuk zeuden neure oheko gaumahaian. Hartu nituen esku artean. Bi paper ziren. Paperetako bat Lauaxetak utzitako ohartxoa zen. Mezetara joana zela eta eguerdirako itzuliko zela zioen, eta bere oharraren ondoan zegoen beste papera ate ondoan aurkitu zuela, norbaitek ate azpitik sartu balu bezala. Ondoko paper hura irakurri nuen:

 

        Kaixo, Julen:

        Portu zaharra eta, uhainen artean, portua baino zaharragoa dirudien bafora portura arribatzen. Aidean hiruzpalau kaio biraka.

        Zeu zara, bidaia luzearen ondoren portura sartzen ari den bafora, zeu zara uhainak, zeu zara portua, zeu zara hirulau kaio horietarik bakoitza.

        Eta nasan zu zarena leku desberdinetatik soegiten duena zara. Eta zutaz erreparatzen ez duena ere bazara.

        Eta agian, Julen, ez zara zeure baitakoa.

Marga

        P.D.: Ikusi nahi al dizkidazu, Julen?

 

        Artean papera eskuetan nuela sartu zen gelan Lauaxeta. Aztoratu egin zuen ni larrugorritan ikusteak.

        — Parkatu —desenkusatu eta lurrera begira geratu zen, eskuak begien aurrean jarrita.

        — Ez kezkatu, motel! —esan nion, baina Lauaxetak begiak altxatu gabe jarraitzen zuen—. Lasai egon hadi. Dutxan sartuko nauk. Oraintxe bertan ezkutatuko nauk hire begien bistatik.

        Zakila handitzen hasia nuen dutxan sartu nintzenerako eta dutxan idiarena jo nuen, nik Margari titiak miazten nizkiola eta Lauaxetak niri zakila miazten zidala irudikatuz.

 

 

Pentsioko jantokian bazkaldu genuen. Lauaxetaren atzealdean telebista bat zegoen, piztua baina soinurik gabe. Frantziako kate bat zuten jarria, bezeria ere frantsesa baitzen nagusiki. Normala zen, beraz, ezagutzen ez nituen iragarkiak ikustea. Iragarki batean etxe baten eraikuntzan lanean ari ziren neska gazte batzuk ikusten ziren, aldameneko kaletik pasatzen zen mutil lerden bati sexu-irrikaz begira. Beste batean, kale batean exekutibo pila bat ikusten zen, gizonezkoak nahiz emakumezkoak, guztiak dotore jantzita eta karteratxo bana aldean, alde batetik bestera lasterka eta elkar trebetasun handiz zangotrabatzen, horretan futbolarien neurriko teknika bikaina zutela erakutsiz. Ez nintzen iragarki haiek zer iragartzen zuten jabetu.

        — Hobe juagu lekuak trukatzea —proposatu zidan Lauaxetak—. Bestela ezingo gozak mintzatu, telebistarentzat baino ez dok izango begirik eta belarririk.

        Halaxe egin genuen. Bezperako ibili aldrebesen berri eman zidan Lauaxetak. Hernanitik Donostiara nola heldu ginen azaldu zidan.

        — Ederki baliatu haiz nire mozkorraldiaz, ezta?
—esan nion, errieta eginez bezala, baina arin, haserre handirik erakutsi gabe—. Nork esan zian hiri nik Donostiara etorri nahi nuela?

        — Itsasertzera iritsi gura heuan, ez da halan? Tira, aukeran Donostia baino gurago izango neuan nik Bilbo, baina neukazan aukeren artean hauxe iruditu jataan egokiena. Arribatu gozak portura. Hemen lehorra amaitu eta itsasoa hasten dok. —Bere poema baten zatia errezitatu zuen, solemnitatez—: "Ontzi-puntan soñutzik. / Axe oron mosubai bijotzak zabaldurik. / Ibilladi au ezta bixitzan amaituko; / Bein ontziratu danik barriz ezta itzuliko."

        — Autoz heldu gaituk ordea. Nik itsasertzeraino oinez heltzeko asmoa nian, Goizuetatik abiatuta ezin bazen Hernanitik bertatik, Mikelen etxean lasai lo egin eta gero. Eta ez nian buruan Donostiara etortzea, Hendaiara joatea baizik, Santa Anako muturrera, Abbadia gazteluaren ondoko lurren talaiatik ikusteko itsasoa. Leku aparta duk. Sorkunde eta biok maiz izaten gintuan han elkarrekin.

        — Baina nik ez nakian hik zer gura huen eta, erabakiak hartzeko moduan ez hengoenez, neuk hartu neuan agintea. Arantxa eta Jean Louis Urruñara joatekoak zirela jakin nebanean pentsatu neuan aukera hartaz baliatu beharra zegoela. Azken baten, ederki esanda itxi ebaan Lizardik: "Bide berriak. Bide guztiak."

        — Ez al zen mendekua izan?

        — Mendekua? Zergaitik mendekua?

        — Hiri buruz esan nituenengatik. Badakik, García Lorca, homosexualitatea, kontu horiek...

        — Mozkor baten lerdokeriak baino ez zuazan izan. Ez neuazan aintzat hartu be egin.

        — Ondo zagok —esan nion, burumakur, baina esan zidana sinetsi gabe—. Lasaitu egiten naik hori entzuteak.

        — Itsasertzean gagozak —esan zidan, leihotik ikusten zen itsaso zatia seinalatuz—. Zer jagoku orain?

        — Ez zakiat, Estepan, ez zakiat. Ezta aztarrenik ere. Agian hik izan beharko huke burua aurrerantzean.

        — Ez heuan Hendaiara joan gura? —esan zidan irriz—. Goazen ba!

        Horixe egin genuen, bizkar-zorroak hartu eta Hendaiara joan, Topo esaten zioten tren txiki eta apalean. Hendaiara heldu ginenerako hobeto sentitu nintzen. Suspertuta nengoen, ibiltzeko gogoz. Komeni ere bai ibiltzeko gogoa izatea, oso tarte luzea baikenuen tren geltokien gunetik Abbadia gazteluaren inguruko mendi-bideen hasieraraino. Oroitzapen historikoen aldetik ere, ez zegoen gertutasun handirik: Franco eta Hitler elkartu ziren lekutik gertu geunden eta Antoine Abbadiaren bizitoki eta behatoki astronomiko izandako etxearen inguruetaraino joan behar genuen.

        Oinetakoak erantzi eta hondartzan egin genuen bidearen zati bat. Eguzkia nagusitzen hasia zenez, bazen jende pixka bat. Lauaxetak esan zidan ohitua zegoela jendea "ia soinutsik" ikusten hondartzetan, baina nire iritziz ez zen oso lasai sentitu. Zorionez, hondartzaren alderdi nudistan sartu baino lehen mendi aldeko bidea hartu genuen.

        — Paraje ederrak dituk hauek —komentatu nion Lauaxetari, mendiko bidean pixka bat gora egin eta tarte batez ezkutuan geratua zitzaigun itsasoa berriro ere begien bistan izan genuenean—. Autoen eta motorren zaratarik gabe, bestondoa arintzeko eta hartu beharreko erabakiei buruz gogoeta egiteko primerakoak!

        — Nik ez jaukaat ajerik —esan zidan—, hain gitxi erabakiak hartu beharrik, baina hori bada hik gura doana...

        — Zer egin nahiko huke hortaz?

        — Ez jakiat. Etsi juat, Julen. Bart saiatu nok neure kasa jokatzen, higaz dudan lotura arraro honetatik libre, baina jabetu nok ezin dodala, hiri lotuta nagoela, eta gustura ganera. Horretaz pentsetan aritu nok gaur goizean, hi lotan hengoala, meza entzun ostean egin dodan osteratxoan. Ez jakiat zer arraiotarako berpiztu nintzan, eta seguru askorik ez juat sekula jakiterik izango. Baina ez jatak ardura.

        Itsasertzera jo genuen, tonbarrien aurreko talaiara; kondairak dioenez, jentilek Aiako Harritik Baionako katedralaren aurka jaurtitako bi harkaitz handi dira tonbarriak, jomugara heldu gabe Hendaiako itsasertzean uharte txiki eta ikusgarri gisa geratuak. Abbadia gaztelua genuen atzean, "Zazpiak bat" aldarrikapenaren sortzailearena izandakoa; ondoan, ostera, Alemaniak Frantzia okupatu zuen garaian eraikitako bunker ugariren hondakinak.

        Jende pixka bat bazebilen inguruan, bazterrak ikusten edota belar gainean eserita. Bikoteak eta familiak ziren gehienak, baina belar gainean eseritakoen artean bakarrik zegoen neska gazte bat ere aurkitu genuen guk ezustean: Goizeder!

        Ez zuen harridurarik erakutsi gu ikustean. Ezta pozik, saminik edo beldurrik ere. Gure zain egon balitz bezala jokatu zuen. Bere ondoan eseri eta azken egunotan bizi izandakoak kontatu genizkion. Goizederren kontaketa laburra izan zen oso:

        — Ihesi jarraitu diat han eta hemen, batetik bestera. Muga pasatu diat eta orain alde honetan ere ihesi jarraitzen diat.

        Isilune baten ondoren, joan beharra zuela adierazi zigun. Besarkatu eta musu eman zidan ezpainetan. Trabatu egin ziren gure mihiak; lotsagorritu, urduritu eta larritu egin zen Lauaxeta. Ni askaturik, Lauaxeta besarkatu eta musukatu zuen, ni bezain luze eta heze, edo ni baino ere pixka bat luze eta hezeago beharbada.

        Ez zigun adiorik esan eta guk ere ez genuen ezer esateko kemenik bildu. Eserita geratu ginen, isil-isilik, hari begira. Sokoa eta Ziburu alderako bidea hartu zuen.

        Andre-gizon bikote bat zegoen guregandik 50 bat metrora. Goizeder haien ondotik pasatzean erreparatu nuen haiengan. 50etik 60 urtera bitartekoak ziren biak, itxura batean behintzat. Belardian eserita zeuden, andrea jertse bat josten, gizona egunkari edo aldizkari bat irakurtzen. Irratiarekin, janarien otartxoarekin, termoarekin eta beste traste batzuekin batera, kanario bat zuten ondoan, kaiola barruan sartuta. Irudipen txoro bat izan nuen: andre-gizon haiek Goizederren gurasoak zirela.

        — Ez diok galdetu Uitziko mendatean aurkitu genuen gizona berak hil al zuen —ohartarazi nion Lauaxetari.