Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Musuzapia

 

Haize zoroa zebilela esaten zuten, jendearen penak zuztarretik erauzi nahi balitu bezalakoa. Eta zapia han geratu zen Igareta baserri ondoko arta-soro batean zimurturik. Martari eskumuturretik eroria behar zuen, han ikusiak zituzten Nuarbeko bi umek Manuel tabernaria eta biak txintxirrina jotzen, elkarri azpiak egiten, txortan. Itxurazko emakumea egongo zen, baina hirurogeita hamaika urte, ederrenak izanda ere, hirurogeita hamaikatxo dira. Ditxa handia izango da pasiera aterata oraindik gorputzaren apetak horrenbesteko aurrera-karga eragitea, bide ondoko soroan ezsi eta ezno horrela ekiteko.

        Lurrin gozoa zerion. Alargundu baino lehenagokoa. Dena seguru zenekoa, gaurkoari biharkoak jarraituko ziola, eta burubide bati arrazoibide bat eta hurrengo sendoagoak lotuko zitzaizkiolako sasoia. Hari egin zion kolpe armairutik telefonoak jo zuenean, ez zuen aukeratu Martak, haren eskuak bilatu zuen itsu-itsuka goiko kaxoian, bidean zetozen malkoen lagun behar zuela konprenituta. Kukuerriko bidean aurkitu zutela kamioan trabeska, zerraldo. Batzuentzat burua galtzen hasi zen senarrari lur heze eman zionean, besteentzat lotsa hobiratu zuen gizon zenaren kutxan.

        Burutik beherakoarekin zen batean Karmen lagunari eskatu zion behin Azkoitiko plazan. Azoka eguna zen, larunbata, eta Martari garbitu eta adiskideari itzultzea ahaztu. Karmenek bizkiak izan zituenean burkopean zeukan, hozka egiten zion aldika burko muturrari musuzapia ukabilean bihurrituz, eta gelako sabaian munduaren akabera, edo sikiera minaren amaiera esan nahiko zuen seinaleren bat ikustea izango luke nahiena orduan. Sabaiak baina, zuritasun mutua besterik ez zion adieraziko, letxera eman berriko ankertasun soraioa azalera osoan. Musuzapiak bestela hartzen zituen Karmenen malkoak, beste gozo batekoak zenituen harenak, gazteagoak, bizitzaren alderago etzanak Martarenen aldean.

        Eta lehenago urteak egin zituen gordean Karmenen poltsan. Linge basque iragartzen duen denda batean sartu zen Ander, bere bihotzeko lagun iheslariari bisitan joan zitzaizkion hartan, detailetxo bat. Ehundaka lauburutxo zuri fondo azulean lerro-lerro denak. Lauburutxo zuriak fondo azulean, Anderren eskuak Karmenen gerriak oratzen eta ontzien tutu errimea Ziburuko kaian. Euren gorputzen gozoa mugaren alde batetik bestera garraiatu zuten. Etxerakoan kera egin zuten Hondarribian. Makatza iritzi zion gau hartan Anderren tuari ahoan, eta geroak garraztu baino ez zizkion egin aieru eta gomutak.

        Galiziatik, Celanovatik, heldu zitzaion agurreko gutuna. Handik gertuan lana sortu zitzaiola, hargin lanbidea ikasteko aukera zuela eta deituko ziola hurrengo batean. Eskutitza poltsa maiztuaren zolan paratu zuen, lauburutxoak eta fondo azul haren epelean. Aurrerago aita bat asmatu behar izan zien alaba bikiei. Argazki bitan ederretsi berez ederrak izan ziren egunak, eta irudietan ageri ez zirenak leundu. Alaben aurrean politikari egotziko zion berak beste zer edo zeri bilatzen zion kulpa.

        Martak erakutsi zion behin Espainiako prentsatik jasotako albistea, Anderrek Mexikon behar zuela zioena, eta ondoren Anderri, munduko edozein polizi-bihotzen kutixia ernetzeko adina ekintza arbuiagarrien zerrenda luzea erantsiz, bide batez. Ez ziren sinestekoak, alabak eskolako adinean ziren zegoeneko, eta lauburuekiko painelua gutun jada zaharminduaren —hitz umotuegiak, hitz mailatuak, hitz ostenduak, janak eta behin eta berriz marruskatutako hitz biribilak— aterpetik jaregin zuen. Handik Martaren eskurainoko bidea erraz egin zuen, irristan bezala, eskutik eskura.

        Barru-barrutik erne zitzaion gizon beharra Martari alargunberritan. Atsoa zen eta atsoa zegoen, eta bi jenerotako atsotasunak itsatsiko zion Manuel donadoaren maitasunaren aurrean, Nuarbeko zulora ekartzerainoko gustagarritasuna. Badira bakartzeko beldurrak diruak beste dezakeela munduan sarri-sarri erakusten dutenak.

        Eta han zegoen zapia arta-soroan, udazkeneko zoztorren artean, sortu gabeko nazio bateko bandera, bildu gabeko sentimenduen bandera eraitsi bat. Haizeak noiz hartuko. Haizeak eta urak noiz garraiatuko ehundaka lauburutxoz osatutako hosto zimela Malkortxon behera, eta Landetan barrena, Ucin altzairutegiko horma eta ur uherretako oztoparriak lehia gogorrean gainditzera, uraren indarrak noiz jarriko ahate berantiarren ikusgarri Enparango zubi parean, ibaiak noiz utziko Eskuztatik aurrera, Lasao baino lehen, ubide bazterreko adar batean zintzilik, ilunabar beltzari diosala egiten, aldiro autoen argi luzeek itsututa.

        Barru-giro zegoen. Denek zuten etxerako presa, behin-behineko atsedena betiko bakearekin parekagarri balitz bezala. Mundua ere etxe sendo bat dela sinetsi nahi balute bezala denek batera, bakoitzak bere tokitik. Aterpean harrapatuko zituen euriak behintzat. Haizea apaldu ahala eman zion euri trinkoari, bortitz, okerka, petril haustuen gainean, lantegien gainean eta teilatuen gainean, bailaran behetik gora, Azpeitiko teilatuetan, Urrestillako teilatuetan, Nuarbeko leihoetan euria joka.