Euri kontuak
Euri kontuak
1999, narrazioak
176 orrialde
84-86766-96-6
azala: Xabier Gantzarain
Jose Luis Otamendi
1959, Azpeitia
 
2022, poesia
2019, poesia
2014, poesia
2007, poesia
2000, poesia
1995, poesia
1990, poesia
1987, poesia
 

 

Biaoa

 

Guri lur emango digutenak jaio ziren. Langileak, publizistak, abokatuak, gidariak eta nekazariak dira. Batez ere nekazariak, hildakoari lur eman eta tristura antzua erne. Aritmetika ebazpen xalo bat baino ez.

        Beste lagungarririk gabe bota zidan Esterrek:

        — Txoriengatik jakin nuen Ines hila zela.

        Izerditan ikusten ziren teilatuak gelako kristaletik, izerdi larria eta hotza. Ohean bildu gintuena larrua jotzeko nolabaiteko poz-antxa izan zen. Gero, beste askotan bezala, larru kontuak alde batera utzi eta aitzakia polita bihurtzen zen ohea eguneroko bizimoduak sexua adina ukatzen zigun elkarrizketari hondarreko aterpea eskaintzeko.

        — Nolatan, ordea, txoriengatik?

        — Bai, hil zen egunean ez zien ogirik bota.

        Ester besarkatzera egin nuen, irribarrea sortuko zion zerbait esan nahi nuen, besoa pasa nion gerri gainetik eta isildu egin nintzen. Kopeta behar da errukia diozun pertsona bati maite duzula esateko.

        — Ez dakit zu gabe zer egingo nukeen.

        Maitasunak ez du beti maitasuna zorretan. Inoiz badaki doako ondasun legez jokatzen edo truke-modu bitxietara makurtu ohi da. Nik futbol zelai bat betetzeko beste maitasun emango dizut eta zuk ekatzu gaizkiulertu hunkibera bat, ustezko segurtasun eta atseden poxi bat horren aldera. Ezkerreko izterra gerri gainean jarri zidan Esterrek, eta orduantxe bertan hilko banintz, zeruan nintzateke betiko. Horrexek behar zuen munduko hainbeste oinaze eta nahigaberen ordaina. Aterpetxe bateko sabaian izena eta data uzten duen gaztetxoaren pare sentitzen naiz ordukoa gogora ekartzean. Oroitzearren egindako ahaleginak betikotasunari egiten diogun amarrutzat daukat, egunerokora ekarritako orain xumea, besterik gabe.

        Ester lau bider pasatzen zen Inesen etxe aurretik lan egunetan. Arratsaldean behetik deitzen zion eta elkarrekin basoerdi pare bat hartuko zuten. Ia-ia auzoak izan arren, eta Azpeitia herri koskor bat, ez zuten tratabiderik izan oso berandura arte.

        Herriko alaba bakarrak suertatu bide ziren bezero artean aurrezki kutxak zozketatutako bidaia batean, eta herritartasuna itzuri ezinezko sarea bilakatzen da etxetik atera orduko. Egeo aldea ez bazen, Egipto izango zen, ordura ezkero oso-oso elkarren hartuak izan ziren. Edozer zela ere, beti zuen ahotan bere Ines. Eta aukeran azkartxo hil zitzaion Ines, istripua izan zuela-ez zuela, kolpeak barruak mugitu zizkiola, kontua da Ester jabetzerako azkenetan zuela laguna. Bizi denari nekeza zaio hilko dena gabe egunerokotasuna irudikatzea, eta hiltzera doanari horma sendoegia gertatuko zaio inoiz betikotasuna. Ines, esate batera, Atila edo Zola batekin ore batean sartzea ere.

        — Txoriengatik ere hartzen dut pena.

        Ondoren Inesen hileta nolakoa izan zen kontatu zidan, nola esana zion lagunik handiena bera zuela. Orduan jabetu nintzen Esterren minak zer etorki zuen. Lagunik handiena. Dutxan, arropak eskegitzen, lanean, ohera sartzean. Nik uste lagunaren bakardadearen handiak izutzen zuela Ester, eta tristatzen. Bai, badakigu heriotzak bakartze sakona ekarriko diguna, baina Esterren negarra Inesek, sasoi betean zela, Ester horren lagun mina ikusteak ernetzen zuen nire aburuz.

        — Maite nuen, ez hainbesteraino baina.

        Musu eman nahian ezpainen bila galdu nintzen. Galdu egin nintzen. Mehe zetorren Urola ibaia, arratsaldeetan ez zuten goizaldean adinako zalapartarik sortzen ibaiko ahateek. Gaurko zeru hori pertsona hilak bezala ibiliko genuen memorian nahi besteko zehaztasunez osatu ezinean. Esan gabe doa maitasuna. Esterrek negarrari emango dio oraindik, telefono kabina baten aterpea beharko du edo, aldi baterako, ibaiko uroiloei ogi koskor bustiak botatzen zaletuko da. Ines herenegun-aitzinetik hilda dago —txoria bezala esan zuten—, eta Ines bera da inoiz jakingo ez duen bakarra.