
Norvegia
Harro geunden geure buruaz: auzotarrentzako gune bihurtu genuen auzoko parkea, lehen lorategia zirudiena. Erdi jolas erdi erronka moduan hasi ginen: umeen urtebetetzeen aitzakian afari-merienda; iganderen batean piknika; uda iritsi zenerako, eguzkia hartzeko ere geratzen ginen Nagore eta biok, toallak belarretan zabalduta.
Kontua da auzotarrek jarraitu egin zigutela, pixkanaka gero eta jende gehiago etortzen zela egun-pasa, bazkaltzera, bakarka ere bai, irakurtzen lasai egotera, siesta egitera.
Igorrek eta biok Argentinako hirietako parkeak genituen buruan, La Platakoak edo Cordobakoak; Oinatzek eta Nagorek, Oslokoak, Kopenhagekoak. Ados geunden: batean eta bestean, hiriaren parte ziren berdeguneak: zapaltzeko, bizitzeko. Gure hirietakoek, berriz, erakusleihoak ziruditen, hormigoi eta asfalto arteko oasi hauskorrak; justu-justu ematen zioten arnasa pixka bat bistari. Ez zitzaion inori bururatzen eguzkia hartzen jartzea han, are gutxiago bazkaritarako elkartzea.
Ez dakit Igorri eta bioi zerk ematen digun arnasa gehiago: atzerrietako parkeek ala oporraldiak berak. Ekainean baino samurrago egon ohi gara irailean.
Uda hartan, ordea, bidaia exotikoagorik ezean, parkearekin tematu nintzen.
Nagore eta Oinatzekin plana egitea etxean geratzea baino errazagoa zen. Hiru gara gu, haiek bost, eta, hala ere, ematen zuen denak hobeto funtzionatzen zuela haiekin elkartutakoan. Irati txoratzen ibiltzen zen Lur, Ekhi eta Maulerekin; Nagorek eta Oinatzek eskura izaten zuten beti behar genuena. Gu ez ginen gogoratzen Iratiren meriendaz, edo ur-botila ahazten zitzaigun, eguzkitako krema, txankletak, kolpeentzako ukendua, jertse bat badaezpada. Haiek, gehiegikeriarik gabe, baina ez zuten ia ezer falta izaten: jolasteko pilotaren bat, edo soka, kremak, meriendatzeko fruta: meloia tuper batean, moztuta; gereziak, garbituta.
Europa iparraldekoen soiltasuna eta eraginkortasuna dute; nordikoak, hala deitzen diegu. Gu deskuidatuagoak gara haien aldean. Intentzioa izaten dugu, eramango dugu poltsa handi bat ustez denetarik hartuta. Berdin dio; ia beti faltako zaigu zerbait. Onartuta dugu: ez dugu inoiz lortuko maila hori.
Tortillarik goxoenak gureak dira, hori bai. Igorrek eta biok esku ona dugu sukaldean. Parkea auzotartzeari ekin genionean, jatekoaz gu arduratu ginen; haiek gainerakoaz: parkean elkartzeko aitzakiak pentsatzeaz, itzalik onena aukeratzeaz, lagunei eta ezagunei Lurren urtebetetze-festarena kontatzeaz, sare sozialetan argazkiren bat edo beste jartzeaz. Zirimiria bezala zabaldu zuten: poliki baina etenik gabe. Konturatzerako, oharkabean ia, parkea auzotarrez betetzen hasi zen. Piknik-mantarik egokienak non saltzen ziren bihurtu zen hizketagai; slackline egiteko zuhaitzik onenak zein ziren.
Harro geunden geure buruaz.
Lehenago ere egiten genuen tarteka planen bat edo beste, baina gure iraultza txikiak gehiago elkartu gintuen. Hala bizi nuen nik. Elkarrizketa interesgarriak ateratzen zitzaizkigun, konturatu gabe joaten zitzaigun denbora; terapia moduko bat zen kasik, erlaxagarria eta iradokitzailea aldi berean. Haurrak ere ezin pozago zebiltzan. Parkeak mundua zabaldu zien: espedizioak egiten zituzten, zoologia-ikerketak, txabolak, lasterketak. Edo farmazia bihurtzen zuten zuhaizpe bat.
Whatsappeko taldean oso lehor erantzuten hasi zen Igor. Zer zuen galdetu nion, zerbait gertatu ote zen. Aldatuta sumatzen zuela alaba; Nagore eta Oinatzen seme-alabak basati samarrak zirela eta Irati aldrebesten ari zirela. Ez nion garrantzirik eman. Haurrak ziren. Jolasean ari ziren, esploratzen. Pozik nengoen, egia esan: gure alaba txikia zizare eta lokatz artean, naturarekin kontaktuan, zuhaitzetara igotzen, ume.
Halako nostalgia edo baso-min batek jota bezala geunden helduok, eta seguruenik umetan guk geuk izan genuena baino natura-dosi handiagoa ari gintzaizkien ematen haurrei. Oinatzek txabolak egiteko teknikak azaltzen zizkien: zein adar zen egokiena teilatutarako, zein paretatarako. Nagorek land art egitea proposatzen zien: adaxkak, harriak, zuhaitz-azalak bildu eta eskultura txikiak sortzea. Haurrei zuhaitz eta txori hitzak kentzen tematu zen Igor, bakoitzari izenez dei ziezaioten: haritza, lizarra, haltza, hurritza, gaztaina; txepetxa, txantxangorria, zozoa, birigarroa, pagausoa, mika, enara. Nik baso-eskola bat irudikatu nuen: lurrean topatu banu bezala eginarazten nien eragiketa bat; ipuin bat kontatzen nien arbola-ipurdi batean eserita.
Serio ari zen Igor. Gauza arraroak ikusten zizkiela Nagoreren eta Oinatzen seme-alabei, egiten zituztenak ez zirela normal-normalak, ez zitzaiola gustatzen Irati haiekin hainbeste ibiltzea.
— Haurrak dira. Zer ikusten diezu arraro?
— Libreegi ibiltzen dira parkean. Zizare bana jan zuten aurrekoan.
— Tira. Deskuidatu egin ginen. Esan genien berriz ez egiteko.
— Ez zenion entzun Oinatzi? Asian ere jaten omen dituzte zomorroak.
— Hiru haur dituzte haiek; derrigorrean dira malguago, erotzeko ere.
— Ez naiz diziplinaz ari. Su eman zioten hildako sagua, zer?
— Metxeroa hartu ziguten. Geure huts egitea izan zen.
— Eta ume hura lizar bati lotuta utzi zutenekoa? Joder.
Egindakoek beste itxura bat hartzen zuten horrela, elkarren segidan jarrita, baina ez ninduen konbentzitu hala ere.
— Zergatik ez duzu haiekin egon nahi?
— Ez dut nahi gure alaba zomorro bat bihurtzerik. Ume horiena ez da normala. Aber, ezinezkoa da gurasoak hain antolatuak izan eta haurrak hain “libre” ibiltzea —tonua aldatuta ahoskatu zuen bukaera.
Damutzen hasia nintzen. Neuk nahi izan nuen uda hartan etxe inguruan geratu. Igorrek proposatu zizkidan Maroko, Kroazia, Italia. Nik lasaiago ibiltzeko gogoa nuen, ordea; deskantsua eskatzen zidan gorputzak. Nagia ematen zidaten hegaldiek eta maleta handiek. Azken urteetan Igorren temagatik ginen batera eta bestera joanak; bi-hiru uda baziren oporrak zirela-eta ados jartzen ez ginela.
Nagorerekin behin baino gehiagotan nuen horretaz hitz egina, bikote barruko distantziaz: urteak pasatu ahala ez garela norabide bererantz hazten; nola ez garen erritmo berean aldatzen norbera eta bikotea.
— Gu umeei lotuta gaude aspaldian —aitortu zidan—. Baina batzuetan pentsatzen dut: umeak hazten direnean eta Oinatz eta biok elkarri begira jartzen garenean, ez dakit leku berean egongo ote garen.
Onarpen keinu bat egin nion. Bati baino gehiagori nion entzuna kontu hori.
— Igualeko gaude gu, eguzkitan. Erretzekotan batera erreko gaitu!
Halaxe zen. Ni gustura nengoen parkean etzanda, arratsalde-pasa, edo astebetez kanpinean, bestela. Igorrek haurrak seinalatzen zituen, zomorroak, parkea, baina uste dut beste zerbaitek egiten ziola traba.
Azken egunetan hipotesia aldatuta zebilen, dena den: haurrak estuegi hartzen zituzten normalean Oinatzek eta Nagorek, lotuegi zituzten; parkean, askatzen hasita, ukatutako eta gordetako guztia ari zitzaien ateratzen.
Abuztua zen. Bero handia zegoen emana. Ilargi betea. Nagorek proposatu zuen plana: parkean elkartuko ginen afaltzeko, ilargi-argitan jolastuko ziren haurrak.
Marmarka hasi zen Igor. Beste garai batean, haurrei ilgoraz eta ilbeheraz hitz egingo zien, mareez, ilargiaren eraginaz. Baina oraingoan sorginkeriak aipatzen hasi zen brometan bezala; zapoak eta sugandilak, gizotsoak. Haserrearazi egin ninduen.
Hummusa eta tzatzikia hasteko; entsalada greziarra eta falafelak. Horrexek animatu zuen. Gustatu egiten zitzaion menuak pentsatzea, erosketak egitea, kozinatzea. Bion artean egiten genuen normalean, baina oraingoan berari utzi nion osorik; behar zuen planera lotuko zuen zerbait. Menuaren aitzakian adeitsuago ari zen Whatsappean. Ekialdeko afaria izango genuela, erdi europar erdi arabiarra. “Noiz egingo diguzue gure Europako afari bat?”, jarri zion Oinatzek. “Stockholmera gonbidatzen gaituzuenean!”, erantzun zion Igorrek, eta billeteen eta izokinen irudi batzuk.
Oinatzek eta Nagorek denetarik ekarri zuten: garagardoak fresko-fresko, zuku naturala haurrentzat, platerak eta mahai-tresnak, izozkiak, unibertsoari buruzko karta-jolas bat. Ez ginen bakarrak parkean. Han ziren gazte-talde batzuk ere, beste familiaren bat, bikoteren bat edo beste.
Eltxoen ordua nahiko ongi pasatu genuen. Irati ongi ikasita zegoen: Nagorerengana joan zen flix-flix eske lehenengoa sumatu orduko. Giro ederrean geunden. Igorrengatik ez balitz, bainarik gabea zatekeen arratsa.
Ze, ikusten nion: ez zegoen lasai, behin eta berriz begiratzen zuen Irati non eta zertan zebilen, gure elkarrizketari baino arreta handiagoa ari zen jartzen umeenari.
Uste dut guri garagardoak eragin zigula: gora egin zigun aparrak, elkarrizketaren gustuak. Ilargi bete-betea zegoen: farola goxo bat ingurua argitzen. Norvegiako ilunabar luzeak etorri zitzaizkien gogora Nagoreri eta Oinatzi, erabat gautzen ez diren egunak, eta han hasi ginen elkarrekin joan behar genuelaka: fiordoak eta haitz izugarri haiek, ura bazter guztietan, puskaka-puskaka txikitzen ari diren glaziarrak… Azalean itsatsitako hezetasuna eta beroa astintzeko gogoa sentitu genuen. Halako freskura egarri bat.
Gero, Nagorek jolas hura proposatu zuen: film bat antzeztu behar genuen mimikaz, txandaka. Bera hasi zen. Bravehearteko azken bataila. Grazia du berez, eta, giro hartan, mundial egin zuen. Oinatzek asmatu zuen algara artean, eta berak jarraitu. Besoa luzatuta, gorputza oker, hatz erakusleaz ilargi handia seinalatu zuen; batera egin genuen oihu: E.T.! Oinatzek Igorri egin zion segitzeko keinua, baina Igorrek ezetz, ez zela jolastuko bera. “Ez da batere zinezalea”, esan nien.
Gu euforian gero eta gorago gindoazen. Okre kolorekoa genuen azala; festa gogoz irribarrea. Igor pelikula noiz bukatuko zain zegoen, besaulkian eserita bezala, kopetilun.
Eszena eta pertsonaietan sartuta, ia ahaztuta genituen haurrak, baina han zebiltzan, erabat aztoratuta. Ez zuten berorik, nonbait; oihuka eta korrika ari ziren batetik bestera, saltoka, tarteka gure piknik-manta zeharkatzen zuten, garagardo-botila hutsak ostikoz jo, hummusaren tuperra irauli. Edo, beharbada, bai, beroa sumatzen hasiak ziren, bero handia, ze, Lur lehenengo eta atzetik gainerakoak, arropak eranzten hasi ziren, kamisetak alde batera eta galtzak bestera, kulero eta galtzontzilloak hegan, algara eta oihu betean.
Oinatzi eta Nagoreri begiratu nien eta barre egin genuen guk ere.
— Halakoxea da Norvegia —esan zuen Nagorek.
Janzteko esan zien umeei Igorrek. Ze itxura zen hura. Herrian geundela. Mesedez.
Umeek, noski, ez zioten kasurik egin.
Gure bueltan hasi ziren orduan korroan, egoera berezia zela konturatuta-edo are harrotuago. Ez nion Igorri begiratu nahi izan. Goian jarraitu nahi nuen. Nahiago nuen ikusi nahi ez nuena ezkutuan utzi.
Bibaka eta txaloka hasi zitzaizkien Oinatz eta Nagore, iujuka eta irrintzi txikika, eta, Nagore lehenengo eta Oinatz ondoren, zutitu eta haurren korroan sartu ziren, iji eta aja.
Parkearen beste aldetik oihuren bat entzun nuen; harantz begiratu nuen, baina ez nuen ikusi arreta emateko moduko ezer; ordurako lausotuta ikusten nituen urrutiko figurak. Berriz Nagoreri eta Oinatzi begiratu nienean, biluzten ari ziren, kamisetak eta galtzak lurrean, kuleroak eta galtzontzilloak hegan.
Begira izango genituen parkean zeuden gainerako kuadrilla eta familiak; oihuek erakarrita, inguruko auzotarren batzuk ere zer gertatzen zen ikustera etorriak izango ziren beharbada. Horretan arrazoi izango du Igorrek. Ez dakit.
Ilargi betearen argitan, mareak gora eta gora jarraitzen zuen, eta ni ere harrapatu egin ninduen olatuak, aparrak, eta korroan sartu nintzen, eta erantzi egin nituen nik ere arropak, eta itsaso baten indarra genuela sentitu nuen, okre koloreko haragiak, eta oihuak eta irrintziak, Norvegiatik entzuteko modukoak.
Eta zurrunbiloaren begian bezala, bere baitara bilduta Igor, gero eta hondoratuago: naufragatutako gorputz bat, abuztuko sargorian izoztuta.
Iceberg bat itsasoaren erdian, puskaka-puskaka desegiten.