
Kumuloninboak
Asteburu osorako zegoen emana beroa. Igande arratsalderako, bero-hodeiak eta ekaitza. Kumuloninboak, esan zuen telebistakoak. Merengezko hodei horiek, esan zidan amak, ni gozatu nahian-edo. Ahal nuen nazka aurpegi handienarekin begiratu nion. Plana kaka zahar bat zen. Bazekien. Aitona-amonak, lehengusuak eta izeba-osabak, denok asteburu-pasa. Liher, Liher, Liher, entzuten nuen nik.
Gehiegi okupatzen baitu Liherrek. Ez handia delako. Mugimenduak ditu handiak, eta hitzak; globoak bezala puzten zaizkio esaldiak eta masailak.
Eta, noski, okupatu zuen Oihanen toalla, Maddiren bizikleta, okupatu zuen lekua orokorrean, igerilekuan egonda ere zipriztinak toalletaraino iristen zirelako, mugikorra zapaldu zidan lau aldiz, bere toallatik bost toallatara, mugikor berria pantaila zartatuta, ze lau aldietan hankapean jarri zitzaion, bere bidearen pare-parean, barkatu. Beti barkatu bat airean, badaezpada, globoak bezala.
Eskerrak igerilekua dugun, errepikatu zuen izeba Karmelek behin eta berriz, eskerrak. Toallatik uretara eta uretatik toallara pasatu zuen asteburua. Tarteka eguzkitako kremaz laztantzen zituen beso eta hankak, tripa, titiak, distiratsu-distiratsu, urrezko estatuatxo bat eguzkitan zabal etzanda; toallan gurutziltzatua, entzun nion amonari. Beroa aguantaezina zitzaionean, altxatu eta putzutan sartzen zen, burua urpean, belarriak urpean, eta, orduan ere, amona entzungo zuen, seguru nago, distortsionatuta bezala, Liherren aita hori duzu zuk kondena, noiz separatuko zarete.
Ni txora-txora eginda nauka izeba Karmelek. Liherren ama ez balitz, berarekin biziko nintzateke. Amona ez. Edo igual bai. Kontra egiten jarraitu ahal izateko. Umetatik egin omen dio gogor, hala esan izan dit aitak. Umetan, bihurrikeriak ziren, bateko edo besteko erantzunak; gaztetxotan, janzkera, lagunak, ikasketak; gero, parrandak eta manifestazioak; osaba Pellorekin ateratzen hasi zenetik, osaba, osaba eta osaba; amonaren hitzetan: gizon hori, Liherren aita, beste hori.
Ez du ematen izebari askorik inporta zaionik, oskol antzeko bat du amonaren hitzetatik babesteko. Horregatik ematen du igual hainbeste krema: kapa gogortzen laguntzeko.
Uretatik atera eta toallan etzaten zen, amonaren aldamenean, eta eguzkitako kremaz igurzten zuen gorputza, uste dut esan dudala. Iruditzen zitzaidan batzuetan krask-krask entzun behar nuela amonaren hitzen azpian oskola puskatzen. Iruditu zitzaidan igual amonak horixe nahi zuela, krask-krask entzun.
Liherrek gehiegi okupatzen duelako, horregatik ez da kabitzen mahai azpian. Oihan eta Maddi ederki zeuden, nik hasieratik ikusi nuen, heldurik enteratu gabe eman zituzten bost minutu, hamar igual, baina Liher elkartu zitzaien, eta lehertu egin zen dena. Eskuetan bilduta ekarri zuen sugandila sartu nahi izan ziolako poltsikoan Maddi txikiari. Garrasika hasi zen ero-ero; Oihan ere bai, handik alde egin nahian. Osaba Aritzek besoetan hartu zuen Maddi, negar zotinka, Lihe, Lihe…k, su, sugan, pol, silabak eta malkoak eta mukiak, denak nahasian. Kontua argituta zegoen Maddik esaldia osorik esatea lortu zuenerako, eta helduak lasaituta, zerbait larriagoa gertatu zelakoan baitziren hasieran. Debekatu egin zieten berriro mahai azpian ibiltzea.
Hori larunbat ilunabarrean gertatu zen, terrazako mahaian afaltzen ari ginela.
Igande goizean, sofan erdi etzanda TikToki begira nengoen bitartean, sukaldean hizketan entzun nituen amona, izeba Maider eta osaba Aritz. Hobeto esanda, amona entzun genuen izebak, osabak eta hirurok. Ze, hasten denean, amonak ez du frenorik. Karmelek ez diola mugarik jartzen Liherri, orain tira baina hemendik urte batzuetara ikusiko duela, nahi duena egiten duela semeak, senarrak egiten duen bezala, aita horrekin zer nahi duzue ba, normal-normala irudituko zaio berari, beraren antza du eta nola ez ba, aita horrekin ezinbestean behar zuen askea, basatia, bere kasara beti, non dago ba orain ere, zer zuen oraingoan, zer kongresu, zer bilera, zer urgentziazko kontu, zer familia guztia elkartzea baino garrantzitsuago.
Amonak gorroto du osaba Pello, eta gorroto du batez ere bere alabak hura maitatzea, harekin seme bat eduki izana. Odolbildu bat da ume hori, entzun nion behin.
Izeba Maider saiatu zen tarteka ahizpa defendatzen, nork bere erara moldatzen dituela harremanak, Karmele eta Pello gustura ikusten dituela elkarrekin, Liher mugitua dela baina ume ona, hemendik urte batzuetara denek izango dituztela lanak, haurrak heztea ez dela kontu erraza inorentzat. Igual zuk izan nahi zenukeen eta izan ezin duzun horren antz pixka bat hartzen diozu Karmeleri, ama? Marmarka alde egin zuen amonak, eta izeba-osabek jarraitu zuten sukaldean paella prestatzen.
Egia esan, baldar hutsa da Liher, esan zion orduan izebak osabari. Jasangaitza, erantzun zion osabak.
Elkarrizketa hura entzun gabe ere, oso ongi nekien zer pentsatzen zuen amonak osaba Pelloz eta izeba Karmelez. Eta, batez ere, oso ongi nekien zer pentsatzen zuten denek Liherrez: egia.
Hori igande goizean izan zen, uste dut esan dudala. Lehengusuak igerilekuan zeuden; nire gurasoak, aitona eta izeba Karmele bueltatxo bat ematera joanak ziren herrira. Bazkaria prestatzeko eta haurrak zaintzeko aitzakian geratu ziren etxean amona, izeba Maider eta osaba Aritz.
Eskerrak igerilekua dugun, hala pentsatu nuen nik ere. Goiz-goizetik izugarrizko beroa zegoen; arratsaldean lehertuko omen zuen ekaitza. Igerilekura joan, eta Liherren kontrako aldean sartu nintzen uretan, sakonera handiena zuen lekuan.
Oihanek ez daki ongi igerian, baina ez zaio gustatzen flotagailua erabiltzea, flotagailua ume txikiek erabiltzen dutelako, Maddik, arrebak. Horregatik zebilen sakonera txikiko aldean. Eta harekin jolasean, Liher. Maddi ere han, batetik bestera, bera baino mangito handiagoak jantzita, Oihanen atzetik beti, eta Oihan harengandik ihesean. Berak Liher bezain handia izan nahi duelako, Liher bezain indartsua, Liher bezain bakarra. Eta horretarako traba egiten dio Maddik. Hala ari zitzaion esaten behin eta berriz, fuera hemendik, Maddi. Liher ere bai, ohiko ahots handiarekin: joan toalletara, Maddi; neskak beste aldean zarete, Maddi.
Niri Oihanek eta Liherrek egiten zidaten traba, haien oihuek eta haien jolas-eremutik nirera erortzen zitzaien baloi puzgarriak, Liherren ahots beti puztuak.
Maddi negarrez hasi zen. Liher inguratu zitzaion, gozo-gozo, gozoan ere handia delako, eta bi hitz eta hiru txorakeria eginda, segituan lasaitu zuen. Besoetan hartu zuen gero, ahuspez, eta hegazkin forman ur gainean ibili zuen puska batean; hegazkin mangitodun bat, pozarren. Oihan muturra okertuta geratu zen, berari ere gustatuko zitzaiokeelako Liherrek besoetan hartzea, izorratu egin zuelako Maddi hartu izanak, arrebak kendu ziolako bere Liher. Zapuztuta geratu zen: laino gris bat hegazkinaren bueltan.
Ni Liherrek amorrarazi ninduen berriro, berdin ziolako egoerak, berdin ziolako ume edo heldu, bera beti zegoelako gustura, bera beti zelako garaile, txora-txora eginda zituelako Oihan eta Maddi.
Beste laino gris bat agertu zen igerilekuan. Toallara joan nintzen argazki batzuk ateratzera. Titirik erakutsi gabe baina bikinia kenduta nuela ikusteko moduan egin nituen batzuk. Lehortutakoan, izeba Karmelek bezala eman nuen krema, suabe.
Etxe barruan bazkaldu genuen. Itzaletan ere ezin da aguantatu beroa, kexatu zen ama. Sagardoa edan eta edan ari ziren helduak, eta, ohi bezala, gehiegi ari zen luzatzen bazkaria. Umeak aspertzen ari ziren: igerilekuan sartu nahi zuten. Debekatuta zuten, ordea, bazkaltzen bukatu arte mahaitik altxatzea, eta uretan sartzen ere ez zieten uzten, bazkaldu berriak zirelako; kanpoan bero handiegia dago, gainera, esan zieten, argumentu bat ematen ariko balira bezala. Horregatik nahi zuten ba uretan sartu.
Debekuak leuntzen hasten dira helduak, ezinezkoa egiten zaienean aguantatzea mahaian zain eta geldirik aguantatzen ez duten umeak. Kanpora atera eta deituko dizuegu izozkia jatera etortzeko; atera, baina itzaletan egon eta eguzkitako krema ongi eman; uretan sartu, baina poliki-poliki; Maddi, ez kendu mangitorik toallan jartzeko ere; Oihan, zaindu arreba.
Eurek hartu nahi ez zuten ardura eman zidaten niri, ez ume ez heldu ez den honi: bijilatu lehengusuak.
Nik mugikorrari begira egon nahi nuen, igerian ibili, toallan etzanda egon izeba Karmele bezala titi-bistan, eguzkitako kremaz laztandu gorputza; ez lehengusuak bijilatu.
Kanpora atera ginenean, gertatu behar zuena gertatu zen, helduek ere espero zuten hura: ez krema, ez itzal, ez poliki: salto batean sartu ziren lehengusuak uretan. Ni ur ertzean geratu nintzen hasieran, igerian aritu nintzen gero pixka batean, eta freskatutakoan toallan etzan nintzen, arduraren pisuak ez zidalako uzten uretan erabat lasai egoten. Mugikorra hartu nuen, eta amorruz begiratu nion Liherri, zartatuta ikusten nituelako irudiak Instagramen sartzen nintzen aldiro. Tarteka uretara jiratzen nuen burua, lehengusuak zertan ari ziren ikusteko baino gehiago, helduren bat etorriko balitz agindua ongi betetzen ari nintzela ikus zezan. Beroa bezala nuen pegatuta esanekoa izan beharra.
Putzutik atera gabe zebiltzan bi mutilak: Liher, eta Liher izan nahi zuen Oihan; harroa bata, harrotuta bestea. Maddik hegazkinarena egin nahi zuen berriz, baina Liherrek ez zion kasurik egiten, Liherrek gogoak ematen dionean egiten dituelako gauzak, gogoak ematen dion bezala.
Lehengusuaren aurrean indartsu agertzeko aukera ikusi zuen orduan Oihanek, eta hegazkin gidari izateko gogoa sartu zitzaion bat-batean, arreba jostailutzat hartzekoa, handiago egingo zuelako horrek. Besoetan hartu zuen, ahuspez, eta mangitoak kendu zizkion, Oihanen beso iharretarako bulto handiegia zirelako arreba eta mangitoak.
Maddi poz-pozik zegoen; tarteka urari tragoren bat egiten bazion ere, irribarre zabala aurpegian, algara betean. Oihanek, arrebaren pozak puztuta, trofeoa jaso zuen.
Liher atera egin zen uretatik, eta toallan etzan, topatu zuen handienean. Besoak zabalduta eguzkiari eman zion gorputza: urrezko eskultura bat bera ere, distiratsu. Belarrietan aurikularrak jarri, eta atera egin zen mundutik.
Uretan, Oihanen harrokeria itzaltzen ari zen, Liherrik gabe ez zekielako bere trofeoa nori erakutsi, sakonera handiagoko uretan sartuta ez zelako hain trofeo, gehiago ematen zuelako besoetatik irrist egiten zuen blandiblu puska bat, ez zuelako asmatzen hegazkinari lur harrarazten.
Igande arratsaldea zen, uste dut esan dudala. Etxe barruan, barrez sumatzen ziren helduak; izeba Karmele, algaraka.
Merengezko hodeien artetik lehenengo trumoiak entzun ziren.