
Termitak
Notizia onak ere katastrofe aurpegiz ematen zituen Edurnek, badaezpada. Orain ongi zegoen, baina laster behar zuen okerren batek. “Nork daki. Bi aurpegi ditugu denok, gutxienez; bizitzak ere bai”. Nik bakarra ezagutzen nion berari: hondamendia, larritasuna, ezina.
Izebaren etxea herentzian jaso zuela ere halaxe esan zidan, zorionak ala doluminak eman behar ote nizkion ezin asmatuta.
Geroxeago azaldu zidanez, izeba ez zuen hurbilekoa; umetan urtean behin-edo ikusten zuten elkar, Gabonetan edo tarteka egiten zituzten familia-bazkarietan; azkenaldian hori ere ez. Izeba hil izanak ez zion ondoez handirik eragiten. Betarte iluna ez zuen izebaren galeragatik, etxea jaso izanak poztu bai baina kezkatu ere egiten zuelako baizik. Zaharra zen etxea, egurrezkoa, termitek jana egongo zen beharbada, izeba bera bezala. Umetatik entzun izan zuen izebak hezur ahulak zituela, ebakuntza pare bat ere izanak zituen. Hil ere ez ote zuten hezur txarrek hil; bizilagunek topatu zuten eskaileretan erorita, aldaka puskatuta. Iluna gogoratzen zuen, gainera, etxea.
Ordura arte alokairuan bizi zen, eta beti sumatu nuen prezioa zela-eta kexaka. Aukera ona zuela esan nion: berarentzat nahi ez bazuen saldu egin zezakeen, diru harekin beste bat erosi, edo alokairuan bizitzen segitu, diru-arazoez ahaztuta.
Ez zirudien oso konbentzituta.
Argazkiak erakutsi zizkidan. Argitsua zen etxea, leiho ederrak zituen, balkoi koxkor bat ere bai. Obra egin beharra zuen, baina etxeak berak ez zuen aitzakiarik. Horixe erabaki zuen azkenean: konpondu eta berarentzat hartzea; aurrerago ere bazuen saltzeko aukera, egokitzen ez bazen. Auzunea ez zitzaion asko gustatzen, herrigunetik aparteago zegoen, ohituta zegoen dendak eta farmazia esku-eskura edukitzen, edozer gertatuta ere botikak beti gertu, ziurtasuna ematen zion horrek. Baina proba egin zezakeen; aparkatzeko arazo gutxiago izango zuen; lasaitasunak on egingo zion beharbada.
Polit geratu zitzaion etxea. Egur ederrak utzi zituen pareten artean bistan, ehun bat urteko gaztaina-enbor sendoak. Arotzak ziurtatu zionez, termiten arrastorik ez. Hilabete txarrak izan omen ziren, ordea. Lanez lepo zebiltzan lantokian, eta obraren kontuak gainez egin zion. Elektrikariak lana bukatu arte ezin berriz etorri igeltseroa, eta hura etorri arte ezin neurriak egoki hartu sukaldea jarri behar ziotenek. Erotzekoa, eguna telefonotik zintzilik, deika ez bazen deiaren zain. Bukatu zuten, ordea, halako batean. Polita zegoen, bai, baina lurra ez zioten behar bezala nibelatuta jarri, aldapa txiki bat sumatzen zen egongelan.
Neketsua ez zenetan aspergarria zen Edurneri entzutea. Tragediaren beste kapitulu bat beti, hasperenka beti, ezin iritsita, kezkatuta. Itolarria ematen zuen. Umetako laguna nuen; ikastolan elkarrekin ikasi genuen. Gero urte batzuetan ez genuen elkarren berririk izan, baina herrira bueltatu zenetik maiz egiten genuen topo, kiroldegian ez bazen okindegiko ilaran, bidegorrian, liburutegian, kalean. Edukazioaren eta eskuzabaltasunaren mugan kolokan eusten nien elkarrizketei. Inoiz ez ikusiarena ere egin nion, aitortzen dut.
Arazoak zituen ondoko bizilagunarekin; hori kontatu zidan hurrena. Egurrezko egitura zuen etxeak, eta bizilagunaren kolpeak eta pauso-hotsak, denak entzuten zituen. Hasieran pentsatu zuen oinetako takoidunak jantzita ibiliko zela etxean; ez zen posible bestela halako kolpe hotsik. Mesedez oinetakoak sarreran utzita ibili ote zitekeen eskatzera joan zitzaion, lotsatuta, baina egin beharra zuen; lurra hondatuko zuela, berarentzat ere mesede izango zela. Harrituta geratu zitzaion. Ez omen zuen berak oinetako takoidunik, eta etxean txapinekin ibiltzen omen zen beti; zaharra zela etxea, egurrezkoa, hori izango zela. Zapuztuta zegoen: zaratak berdin-berdin entzuten zituen, ez zekien zer egin.
Ez zen posible: loarekin lehendik zuen arazoa areagotu egin zitzaion etxe berrira joan zenetik. Bizilagunaren pauso-hotsak zeuden batetik, gero eta gutxiago, hori ere egia zen, baina izan behar zuen beste zerbait. Soinu etengabe batek maiz esnatzen zuen gauean: burrunba txiki bat. Aparaturen bat, halako dardarizo bat sortzen zuena, egurrak etxe batetik bestera garraiatzen zuena; garbigailua jartzen zuen gauez, agian.
Berriz joan zen bizilagunarengana oso gau txarrak zeramatzan aste batean, begizuloak ezin beltzago, gorputza nekeak janda. Zaharra ote zuen frigorifikoa. Frigorifikoa ez bazen, beste aparaturen bat; arrainontzi sofistikaturen bat agian, burbuilak eta argia egiten dituen horietakoren bat. Sumatu zuen bizilaguna pazientziari eusten aritu zela: jator erantzun zion hasieran; amaiera aldera, lehorrago. Etxera sartzeko baimena eskatu zion; inporta ote zion barruan begiratzea, entzutea. Ez zuen imajinatzen ukatuko zionik, berak ez zukeen arazorik izango norbait halako beharrez joan izan balitzaio. Baina bizilagunak, bultzakada batez ia, aztoratuta, ezetz ezetz, eta atea itxi zion. Zerbait ezkutatzen zion.
Gero eta mundu makurragoan, esaten zituen hitzetan bizi zen Edurne. Sintaxiari adina estutzen zion arnasa bizitzari; ideien desordena berean hautematen zuen mundua.
Bizilagunari sinesteko halako bulkada itsu batean, murmurio hura termitena izan zitekeela hasi zen pentsatzen berriz. Etxe zaharra zen hura, egurrezkoa, izeba ere hezur txarrek hil zuten, ez zatekeen harritzekoa etxearen hezurdura ere sits eginda egotea.
Oraingoan enpresa espezializatu bati deitu zion, izurrietan aditua zen bati. Ordubete pasatu zuten termita bila, zulatu zituzten han-hemen zoruak eta sabaiak, hartu zituzten mostrak, miatu zituzten egurrezko zutabeak. Bizilagunaren etxean ere aritu ziren; aurpegia okertuta, baina langileei utzi zien etxera sartzen. Bilaketak bilaketa, ez zuten termiten arrastorik topatu: egitura sendoa zuen etxeak.
Bizilaguna zur eta lur geratu zen faktura erakutsi zionean. Bi etxeen arteko pareta zen gehien miatu zutena, eta ez al zen ba arrazoizkoena bi bizilagunen artean ordaintzea gastua? Gastuaren zati bat, bederen. Horrek ez zuela berarekin zerikusirik, bizilagunak; nahikoa eskuzabala izana omen zen langileei bere etxera sartzen utzita. Garbi zegoen ez zuela etxean inor sartzerik nahi, zerbait bazuela pareta haien artean. Ikustekoak izan omen ziren egin zizkion marmarra eta ataritik bidaltzeko modua, berriz.
Orain seguru zegoen: zerbait ezkutatzen zion. Murmurio hark bizilagunaren etxean behar zuen jatorria: frigorifikoa, garbigailua, arrainontzia, zerbait, zarata jasanezin hura sortzen zuena. Gauza susmagarri gehiago ere ikusi zizkion, gainera; sumatu, usainak, arraroak, txar-txarrak ez baina onak ere ez, fuerteak, kimikoak. Balkoia ere, zer zen hura, trasteak pilatzen zituen erabateko desordenan: egurrezko kaxak, kaiola zahar bat, eltzeak, eskoba-giderra, bizikleta, marmita bat. Dena nahasian. Zerritoki bat.
Hurrengoan liburutegian egin genuen topo. Bazter batera eraman ninduen, fantasiazko eta zientzia fikziozko liburuen apalategien artera Ahapeka hasi zitzaidan; liburutegian geundelako, hala pentsatu nuen hasieran. Gero zalantza egin nuen, ordea, kalean topatu izan banindu kontatuko ote zidakeen pasarte hura, kontatu ote zitekeen hura ahapeka ez zen beste moduren batean: entzun duzuna benetan entzun ote duzun zalantzan.
Bizilagunarekin ezkaratzean topatu eta hark agurtu ez zuelako erabaki zuen. Ukatutako keinuaren pisua gorputzean zuela etxera sartu, eta zuzenean joan zen balkoira. Bizilagunak irekita utzia zuen oraingoan ere bere balkoiko leihoa. Askotan egiten zuen. Zurikeria ariketa bat behar zuen, inondik ere: munduari erakustea ezkutatzeko ezer ez zuela; umiltasun-keinu faltsu bat, aldamenekoari atea irekitzen ez zionak munduari leihoak irekitzea.
Bi aldiz pentsatu gabe egin zuen: bere balkoitik bizilagunarenera pasatu. Tarte txikia zegoen bien artean, ez zion bertigorik eman; traste pila hark pixka bat zaildu zion kontua, baina arazorik gabe egin zuen bestela. Seguru zegoen egin beharrekoa ari zela egiten; halako konfiantza-dosi bat sentitzen zuen. Azkenaldiko lo faltak zituen gogoan, etxe berrira ezin egokitua, begizulo beltzak, inongo makillajek eta hautsek ezkutatzen ez zizkiotenak, aurpegi txarra zuela-eta jendeari azalpenak eman behar izatea, eta zer esan behar zien ba, termitak frigorifikoa arrainontzia garbigailua faktura, zer.
Uste zuenaren kontrara, txukun-txukun topatu zuen etxea. Detaile txiki batzuek ukitu polita ematen zioten; gustu ona zuen bizilagunak. Balkoiko trasteei orduan hartu zien zentzua: zaharberrituta etxean jartzen zituen, kafetera bat lore lehor batzuk zituela, pintatutako egurrezko kaxa batean aldizkariak, berak moldatua zirudien lanpara berezi bat. Tailertxo bat zuen egongelaren alde batean: erreminta batzuk, iltzeak, mailu bat, zerra txiki bat, pintura-poteak, pintzelak. Egongelan ez zuen beste ezer deigarririk ikusi; logelan eta sukaldean ere ez. Frigorifikora inguratu zen: ez zen berri-berria, baina ez zuen halako zaratarik egiten; belarria adi hurbilduta, motor soinu goxo bat.
Pasilloan hartu zuen ezustekoa. Oinetako batzuk ikusi zituen, zoragarriak, bota berde luzexka batzuk, takoidunak, eta bizilagunaren erantzuna gogoratu zuen, lehenengo aldiz atea jo zionekoa, serio-serio ziurtatuz berak ez zuela oinetako takoidunik, ez zuela halakorik erabiltzen. Hantxe zituen, begien aurrean, eskuetan, berak ametsetan ere irudikatuko ez lituzkeen bota ederrak, bizilagunak gezur bat behintzat esan ziolako froga.
Jantzi egin zituen, entzun egin nahi zuelako zer soinu ateratzen zuten egurrezko zoruaren gainean eta, ez zion ukatuko, zer moduz geratzen zitzaizkion ikusi nahi zuelako. Liluratuta utzi zuten. Handi samarrak aukeran, baina gozo-gozo sartu zitzaizkion oinak. Eskuetan hartu orduko igarri zien onak zirela; ez zuen berak halako oinetakorik.
Horretan ari zela entzun zituen giltzak. Bizilaguna atean, eta bera, han, bizilagunaren etxeko pasilloan bota berde takoidunak jantzita; lehenengo aldi hartan bezala, baina alderantziz, kokapenak aldatuta, estatusak ere bai neurri batean, berak oinetan zituelako bota takoidunak, esku-eskuan zuelako gezurra esan ziola lehenengo aldi hartan, eta bizilaguna parean, lekuz kanpo bezala, bere onetik irtenda erabat, zertan ari zara zu ez zaude kanpora nire etxetik oihuka erotu beharrean alde nire begien bistatik salaketa ertzainak nondik lehenago ere auskalo ez duzu ez zara erotuta nola posible burutik jota lotsarik burua ekarri botak fuera ekarri fuera.
“Fuera” izan zen Edurneri azkena entzun nion hitza; hori gogoan hartu nion. Ordulariari begiratu eta, presazko keinu bat eginda, joan egin zen. Ni sorgortuta geratu nintzen, bizkarra liburuen apalategian bermatuta, arnasa pixka baten beharrean. Kalera atera nintzen.
Denbora puska bat pasatu nuen berriro Edurne ikusi gabe. Tartean jakin nuen, alokairuko etxe bila ari zen ezagun baten bidez, libre geratua zela bota berdedunaren etxea. Hurrena topatutakoan berri onaz galdetzeko moduan nintzela pentsatu nuen.
Hilabete pare batera-edo izan zen. Aldameneko etxea hutsik azkenean, aipatu nion. Poz aurpegia jarri zidan, erdizka, begizuloetatik behera. Hustu zen etxea, bai. Baina garestia zen. Ez nion ulertu. Hurrengo bizilagunarekin zorte hobea izango zuela esan nion. Ezezka ari zitzaidan. Ezetz, ez zela beste bizilagunik izango. Ongi aritu zela pentsatzen, luze, insomnio gauetan izan zuela nahikoa denbora; bizilagunak alde egina zuela, kolpe hotsek ere bai, baina gauetako murmurio hark ez, bere etxeko kontua zela.
Orain garbi ikusten zuen: etxeak jan zuen izeba, etxeak usteldu zuen barru-barruraino, hezurretaraino; ez zuen berak ere berdin bukatu nahi. Berak hartu zuen aldameneko etxea, alokairuan. Ezin zen arriskatu. Ez zuen nahi ez beste bizilagunik, ez beste zaratarik. Kalkuluak eginak zituen, lehenago ere ohituta zegoen hilero alokairua ordaintzen; ordu gehiago sartuko zituen lanean, behar bazuen.
Bere etxea eta aldamenekoa, biak mantentzea zen Edurneren asmoa. Osasunak gehiago balio zuen.
Hasia zen loa berreskuratzen. Baina ez zion gezurrik esan nahi: kezkatuta ere bazegoen. Halako buruko min bat hasi zen sentitzen arratsaldeetan. Pintura usaina zuten itsatsita beharbada horma haiek, txar-txarra ez baina ona ere ez, kimikoa.