Dena zulo bera zen
Dena zulo bera zen
2025, narrazioa
196 orrialde
978-84-19570-48-2
Azala eta marrazkiak: Arrate Rodriguez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Dena zulo bera zen
2025, narrazioa
196 orrialde
978-84-19570-48-2
aurkibidea

Aurkibidea

Erosi: 18,05

Aurkibidea

 

 

Kanikula

 

 

Eguzkiak trapezio bat marrazten zuen egongelako lurraren gainean. Ixabel atzera-aurrera zebilen etxetik zehar bazkalosterako programatzen zituen zeregin domestikoez arduratzen, eta pasaera bakoitzean erreparatu zion edertasun printza hari, harik eta eskegitzeko arropak zeramatzan baldea albo batera utzi, oinetakoak erantzi eta argizko forma haren barruan kuzkurtu zen arte. Bertan kabitzeko modukoa zen. Berehala sentitu zuen beroa ilean, orkatiletan, eskuetan, hain esperogabeki amore eman beste irtenbide bat ez baitzuen izan. Eguzkiaren aurrean amore. Hain eskura zegoen zoriona maiz, bere buruari errietatxoa egin baitzion lehenago ohartu ez izanagatik.

      Bertan zetzan, eguzkia mugitu ahala bere gorputz atalak trapezioaren ertzetara doitzen, Iñaki eta txakurra etxeko ezkaratzean sumatu zituen arte. Trantzetik irten eta lurrean esertzeko erreflexuak izan zituen. Ordurako bere mutur parean zegoen Oso, arnasestuka, atzetik segika Iñaki, lasterka egiteko arropekin jantzita:

      — Zer ari zara hor, Ixabel? Erori egin al zara?

      Ixabelek ilea atondu zuen.

      — Azkar itzuli zara…

      — Belaunetako minarekin hasi naiz berriz ere. Ongi al zaude?

      Ixabelek besoak luzatu zituen eta Iñakik tira egin zion lurretik altxatzen laguntzeko. Besarkatzen ahalegindu zenean, Ixabel aldendu egin zen.

      — Meditatzen ari nintzen. Meditatzen ahalegintzen. Medikuak agindu dit, aipatu nizun.

      — Ez zenuela egingo esan zenidanez...

      — Hobeto pentsatu dut. Azken batean medikuaren agindua da, ni ez naiz inor hura zalantzan jartzeko. Baina etxe honetan garesti dago intimitatea, ezagun da. Intimitate apur bat sikiera.

      Txakurrak sukaldean ateratzen zituen zaratak entzuten ziren egongelatik. Konpultsiboki irensten zituen pentsua eta ura paseatzetik etorri eta gero, metalezko goporrak lurraren kontra igurtziz. Ixabeli ohituraren poderioz kronikoa bilakatu zitzaion atsekabearen osagai txiki bat zen zarata hura.

 

 

Sei hilabete ziren Marcelo Ayalarekin hasi zenez geroztik. Ixabelek mediku esaten zion, Medikuntza ikasketak eginak baitzituen, baina botikarik preskribatzen ez zuen medikua zen. Enpresatik kanporatu aurretxoan, lantokian egin zizkioten odol analisietan agertu zitzaizkion anemia zantzuen ondorioz joan zen, edo aitzakia hura erabiltzen zuen Ixabelek, baina zinez, erdizka probokazioak erdizka jakin-minak bultzatuta jo zuen Marcelo Ayalarengana, lankide gazteenak bazkalorduan hari buruz kontatzen zituenak kitzikatuta; bietako bat, neskaren alaitasunari mozorroa kendu nahi zion, edo neskaren alaitasunaren sekretua beretzat ere nahi zuen. Eta gainera egia zen, nekatuta zegoen, egunetik egunera nekatuago zegoen.

      — Hilerokoan izaten nituen minek eraman ninduten Marcelorengana eta ordutik bizitza aldatu dit, zergatik ez duzu probatzen? —esan zion.

      Zergatik ez.

      Egunaren arabera, manamendu edo jolas gisa hartzen zituen mediku hark esandakoak; egunaren arabera, estoizismoz edo eszeptizismoz.

      Marcelok itzulingururik gabe eman zion diagnostikoa: intoxikatuta zegoen. Filtroak garbitzeko baraualdi baten ostean, dieta zenobita bat etorri zen, eta hori nahikoa ez eta bere gorputzarekin birkonektatu beharraz hitz egin zion. Eguzkia, haizea, ura, lurra, hondarra, lokatza, gorputza, esan zion. Marcelok hitz haiek esaterakoan erabilitako konbikzio eta intentsitateak elementu guztiak ikusgarri egin zituen figuratxo etnikoz beteriko kontsultan. Plazera. Gorputza. Bilatu. Ez izan beldurrik. Ez izan lotsarik. Hori da nire errezeta, esan zion.

 

 

Iñaki dutxara sartu zen unea aprobetxatu zuen Ixabelek hondartzara hanka egiteko. Bakarrik egin behar zuen plazeraren aurkikuntza, bera eta bere gorputza, bilatu. Bikinia jantzi eta lihozko soineko bat ipini zuen. Itsasertza bigunegi zegoen eta hala moduz ibil zitekeen. Marcelok gomendatutako iodo dosietan pentsatuta bildu zuen ez errenditzeko beharrezko kemena. Ez egin eskapo, esango ziokeen hark, ez egin zeure buruaz eskapo. Kaskoak ipini zituen. Ez zen bereziki musikazalea, baina medikuak aginduta egiten zuen hori ere. Bost zentzumenak landu behar zituen. Musika klasiko tragikoa hautatu zuen, baina bolumen altuan jarrita ere ezinezkoa zitzaion kaioen eta hondartzazale horden txilioak guztiz estaltzea.

      Paseoan ikusi zuen: surf irakasle oxigenatu bat olatu gainean hartu beharreko postura erakusten hondar gainean tente mantentzeko nahiko lan zuen turista talde bati; Kasino azpiko arroketan eserita, hirurogei urte bueltako gizon bat besoak gurutzatuta, andreak ur botila batekin behatz arteko hondarra garbitzen zion bitartean; itsasertzetik eskutik emanda zihoan bikote bat metal bilatzaile banarekin. Schubertek soinu banda jartzen zion gizakia zen akatsari.

      Hondartza erdia egina zuen ikusmenaren menpekotasunetik apur bat askatu zenean. Orduan hasi zen brisa epela azalean sentitzen, hanketan zuen indarraz konturatzen, eguzki kremaren usain melenga disfrutatzen.

      Tarteka, bizirik egotearen bristadak ere nabaritu zituen.

      Bi Bixkietara iristear zela, Itsas Ospitaleko egoiliar talde bat ikusi zuen: desgaitasun larriak zituzten eta zaintzaileak txalupatxo berezi batzuetara igotzen laguntzen ari zitzaizkien. Zetorkienaren inpresioak eraginda agian, gizon-emakume autista eta hemiplegiko haiek patroi guztietatik aske mugitzen zituzten gorputz atalak, halako moduz non bi mende atzerago idatzitako sinfonia bukatugabea harmonia betean osatzen baitzen paseo osoan lehen aldiz. Behingoan, Ixabelek mundua ulertu uste izan zuen, sikiera olatu baten iraupenean.

      Mediku harengana joan aurretik interes berezirik sortu ez zion hondartzako zati nudistan etzaten zen orain, galdutako konexio hartarako sarbidea handik etor zitekeela susmatuta. Iñakik ez zekien, baina hunkitu egingo zuen jakitera; okerrago, berarekin joan nahi izango zuen. Kaskoak kendu, soinekoa erantzi, pareoa zabaldu eta etzan egin zen. Bikiniaren goiko partea kendu zuen, biluztearen helburu erdia lortuta. Eguzkia, haizea, hondarra, gorputza.

      Bere burua abandonatzea lortu zuen telefonoak jo zuen arte:

      — Nora joan zara?

      — Hondartzan nago.

      — Zergatik ez didazu abisatu?

      — Dutxan zeunden.

      — Abisatu izan bazenit zurekin joango nintzatekeen.

      — Bakarrik egotea komeni zait. Iodoa behar du nire organismoak. D bitamina ere bai. Medikuak aginduta egiten dut hau guztia. Intoxikatuta omen nago, esan dizut. Berehala itzuliko naiz.

      — Egia esan, hobe. Ez nago umoreko. Dutxatik irten eta letagin bat kolokan dudala ohartu naiz…

      — Kolokan? Hainbeste?

      — Ez nizun esan nahi…

      — Zergatik?

      — Ezkerreko letagina dantzan daukat —esan ahala aproba egiten ari zela konturatu zen Ixabel, hitzak ahoskatu gabe iritsi baitzitzaizkion—. E.a .e..ea e.e .ai.

      Hortzekin batera kontsonanteak galtzear zegoen. Ixabelek izua sentitu zuen Iñakiren balizko aho huts soilik haragi ilunekoa irudikatzean.

      — Dentistak iragarritakoa gertatzen ari da, Iñaki. Erortzean buruki azpian jarri eta Perez sagutxoari gutuna idatzi oparia eskatuz.

      — Oso barregarria. Agur.

      Ixabelek sakon hartu zuen arnasa. Marcelok erakutsi bezala, oxigenoa urdailean gorde zuen ahalik eta luzeen eta ezpainetan lastotxo bat baleuka moduan askatu zuen, poliki, bost aldiz. Burua desaktibatzeko balio zion. Bere burua zen lehergailua. Gero, uretara abiatu zen. Jende gutxi zebilen. Bular estiloan egin zuen igeri uraren tenperatura hozten zen lekuraino. Han, hildakoarena egin zuen, igerian zihoan norbaitek bere kontra jo eta hondoratu arte. Ur azalera itzuli zenean, gizonezko bat ikusi zuen.

      — Pardon, perdona, barkatu —esan zion.

      — Lasai —erantzun zion Ixabelek eztul artean.

      — Ez zaitut ikusi. Min eman dizut?

      — Egia esan bai, aurpegian jo didazu bete-betean.

      — Sentitzen dut.

      Bera baino hamar bat urte gazteagoa zen tipo bat zen, ile trinko iluna, irribarre hortzguztiduna.

      — Barrez ari zara?

      — Agian bai, barkatu, lotsatuta nagoelako izan daiteke, batzuetan gertatzen zait.

      Ixabelek sudurra ukitu zuen, bere tokian zegoela ziurtatzeko, eta burua uretan sartu gabe igerian joan zen itsasertzerantz. Gizona aldamenean sentitzen zuen, baina ez zion begiratu nahi izan. Hondoa ukitu bezain pronto zutik jarri zen Ixabel. Gizona ere bai.

      — Zein da zure izena? —galdetu zion hark.

      Sorbalda zabalak eta bular iletsua zituen. Ixabelek hankak bildu zituen gorputza ur azpian geldi zekion.

      — Isabel.

      — Mm… Isabel, Isa. Urte askoan. Ni Roman.

      Bi muxu emateko hurbildu zitzaion, baina Ixabel plisti-plastaka gelditu zen uretan, zirkinik egin gabe.

      — Banoa ba. Eta barkatu. Gorrituta duzu sudurra, bai.

      Korrika txikian atera zen uretatik. Bera bai, biluzik zegoen. Bizkarra aldaka estuko ipurdi mamitsuan bukatzen zitzaion. Zakila ikusi nahi ziola ohartu zen Ixabel. Gizona itsasertzean gelditu zen, hanka-zabalik eta besoak antxumatuta hodeiertzari begira. Bere aldamenetik igarotzean, hotza simulatuz, bere burua autobesarkada batean bilduta, Ixabel pareorantz joan zen. Bertan zegoen ahuspez gizonaren ahotsa entzun zuenean:

      — Kaixo, berriz ere. Patua izango da.

      Berea zen metro pare batera zegoen eta erpinetan bi harri kozkorrekin eta Birkenstock sandalia zahar parearekin helduta zegoen toalla. Toallaren azpian konkor bat, motxila zirudiena. Ixabel gogoratu zen iritsi zenean gogoetaren bat egin zuela hondartzarakoak altxor gisa estaltzen zituen jendearen inguruan, baina orain ahaztuta zegoen zein, bere arreta guztia beso ukabildu forma zuen zakilari ez erreparatzen jarrita baitzegoen.

      Patrika eta uhal ugaridun motxila berde maiztua azpitik atera eta toallan etzan zen ahoz gora.

      — Krema nahi al duzu? —esan zion Ixabelek—. Eguzki hau traidorea da.

      — Ez, mila esker. Ez dut erabiltzen, hori koldarrentzat da.

      Irribarre egin zuen. Asko zabaltzen zitzaion ahoa eta atzeko haginen bat falta zuela ohartu zen Ixabel, bestela zuria, sendoa eta osasuntsua zirudien hortzerian, apur bat irtena goiko aldean, agian hatza luzarora arte zupatzeagatik. Burua arras zeraman, belarri orekatuak zituen. Begiek distira egiten zioten oraindik.

      Feltro berdean bildutako kantinplora batetik edan zuen ura, zahato batetik bezala. Bukatu zuenean Ixabeli luzatu zion:

      — Nahi?

      — Gerra batetik al zatoz?

      Barre sakona zuen.

      — Boy scouta izan nintzen gaztetan, ordutik dauzkat kantinplora eta motxila.

      — Estatubatuarra al zara ba? Róuman?

      — Hondarribikoa. Baina guk ere zapitxoa eramaten genuen lepoan.

      Berarengana jiratu zenean, bular bat bestearen gainean zabaldu zitzaion Ixabeli. Gehiegizkoa ez izatea espero izan zuen.

      Romanek gustura zirudien, jostari. Bera ere Ixabelenganantz jiratu zen.

      Eguzkia, hondarra, gorputza.

      — Ze gizon mota zara? Zaila da antzematea biluzik egonda.

      — Mmmm... Gizon baketsu bat naiz, askatasuna maite duena...

      — Hori gerran dagoen jendeak esaten du bakarrik. Nirekin lasai egon zaitezke, ez duzu zertan itxurak egiten ibili.

      — Egia da ordea. Nolakoa naizen galdetu didazu eta hala laburbilduko nuke. Eta zu?

      — Nik ez dakit zer den bakea. Niri egia interesatzen zait. Adina?

      — 45.

      — Nik 54. Dislexikoak bagina adinkideak ginateke.

      — Matematiketan ona naiz baina!

      Ixabelek presa sentitu zuen lan zertan egiten zuen galdetzeko, ez zekien jendearekin egoten haien bizibidea zein zen jakin gabe, zein isurbidetatik alde egiten zien bizitzak.

      — Zenbakiekin egiten al duzu lan?

      — Bai eta ez.

      Gehiago jakiteko beharra itotzeko, Ixabelek platanoa jan zuen. Ahoa beteta ezingo zuen galderarik egin. Erabaki ona izan zen, Romanek ez baitzuen jakin isiltasunari eusten:

      — Dena utzi eta Hendaian etxea duten paristar batzuentzat lanean jarri nintzen duela ez aspaldi: bikote edadetu bat, aberatsak, etxe bat dute hortxe, hondartzako bigarren lerroan... lorategia txukun mantendu, pintura... mantenu lanak egiten dizkiet eta, horren truke, jatorrian zerbitzuarentzat zen etxetxoan bizi naiz, argia eta ura ordainduta, eta zergak ere haien kontu, noski.

      — Nik orain gutxi arte garraio enpresa batean egiten nuen lan, trafiko agente. Mundu zoro hau martxan mantentzen laguntzen, edo artalde eskizofreniko baten artzainarena egiten, Toledon dagoen frutaz beteriko kamioia Madrilera eta Madrildik Irunera ahalik eta azkarren eta merkeen iritsarazten... —erantzun zuen Ixabelek galderarik egon ez zen arren.

      — Badakit zer den —begiak itxita, trago luzea edan eta, amaitzean, kantinplora zerurantz altxatu zuen Romanek—: Ura.

      Ixabelek ez zuen jakin zer esan.

      Telefonoak jo zion. Iñaki zen berriz ere. Letagina hari batetik zintzilik zuela. Negar egiteko zorian zegoela kontatu zion. Berarekin hitz egiten ari zen bitartean eseri egin zen, eta Roman begira-begira zuenez, bizkarra arteztu zuen sabelaldeko tolesak leuntzeko, bular oparoen potentzialtasunean jarrita bere esperantza guztia. Pezoiak gogortuta zeuzkan bestearen begiradari esker. Deia amaitzerako, Romanek erekzio bat zuela ohartu zen Ixabel.

      — Joan egin beharra daukat. Senarra zen.

      — Dena ongi?

      — Bai, ia dena —Ixabelek zakila seinalatu zuen kokotsarekin, bikiniaren goiko partea lotzen zuen bitartean—. Hori nigatik al da?

      — Uste dut baietz —erantzun zion Romanek irribarrea galdu gabe—. Ez pentsa, hala ere, nudistara larrutan egitera etortzen den horietako bat naizenik. Izan ere, ez naiz larrutan egitekoa.

      — Hurrenera arte agian —esan zion Ixabelek bostekoa luzatuz.

      — Plazera izan da. Eta barkatu kolpeagatik. Gorrituta duzu sudurra. Hemen bertan, Elizazilio kalean bizi naiz, 26.ean, nahi duzunean pasa limonada hartzera.

      Landare haragijale baten antza hartu zion zakilaren irudia lagun egin zuen Ixabelek etxerainoko bidea.

 

 

Sofan aurkitu zuen Iñaki, lur jota, txakurra oinen gainean etzanda, aieneka bera ere. Letaginak utziko zion hutsunea aurreikusiz, ahoa okertuta hasi zitzaion hizketan:

      — Nik ezin dut horrela irten kalera, eskerrak klaseak bukatu diren, bestela... Eta auskalo noiz emango didan hitzordua dentistak, gutxienez txanda-pasako hortz bat jartzeko.

      Ixabel, umore oneko, ondoan eseri zitzaion eta masaila bultzatu zion bere alderantz. Iñakik irribarre behartu bat egin zuen.

      — Ez zaizu gaizki geldituko. Iragan diferente bat emango dizu, politoxikomanoarena edo preso ohiarena, bad boy.

      — Hau jasanezina da.

      Ixabel bere gainean eseri zen zangalatrau, Iñakirekin bukatuz Romanekin hasitakoa.

 

 

Egia zein zen jakin nahi zuen Ixabelek. Egia egiaz existitzen ote zen. Urteak ziren egarri hura prentsak asetzen ez zuena eta azken urteetan liburuetan bilatu zuen aterpea. Iñaki Harrera Sarean sartu zenean berak irakurle talde batean eman zuen izena. Baina abandonatzeko zorian zegoen: irakurketak eta interpretazio polifonikoek eragiten zioten frustrazio eta antsietateak, batetik, eta taldearen gidariak liburu haien idazle batzuk gonbidatu eta bertatik bertara ezagutu izanak, bestetik, literaturarekiko fedea galarazi zioten. Sasitza garbituta, liburuetan ez zegoen ezer, ez behintzat autolaguntza esaldi batera murritz zitekeen eta katilu batean idatzita elegante geldituko litzatekeen ideia bat baino askoz gehiago. Hitzak, hitzak eta hitzak. Batzuetan hori ere ez, batzuek ongi idazten ere ez zekiten, eta ongi idazten zekitenek hitz gehiegi erabiltzen zuten. Literatura, bizitza bezala, desengainu kateadura bilakatzen ari zen: kontakizunak hutsik zeuden, idazleak zer esanik ez. Poesiarekiko esperantza amiñi bat gelditzen zitzaion oraindik. Suizidatu ziren idazleei ere begirunea zien eta Ryunosuke Akutagawaren lelo bat gustatzen zitzaion: “Ez dut printzipio bakar bat ere, daukadan bakarra nerbioak dira”.

      Nerbioak, nekea, asperdura. Horren aurrean eguzkia, itsasoa, haizea, gorputza tokatzen omen zitzaizkion orain. Roman hurrenkera horretan kokatzen zuen, oraindik ez zekien zehazki non, ez zergatik.

 

 

Hondartzara joaten hasi zen ia egunero, gizon harekiko ausazko enkontru batek kitzikatuta. Schubertek lagunduta egiten zituen mutur batetik bestera zeuden hiru kilometroak, geroz eta arinago, ez fisikoki bakarrik, baita mentalki ere, pentsamenduen eta haragiaren artean sortzen zitzaion disonantzia hura guztia musikaren bidez egotziko balu bezala.

      Zonalde nudistara iritsita, pareoa zabaldu eta bikiniaren goiko partea kenduta, gizonaren etorreraren zain gelditzen zen, elkarrizketa imajinarioekin fantaseatuz. Oso urrutira irits zitekeen horrela: azken egunetan bikote eztabaida bat irudikatu zuen, zeinaren eszenatokia elkarrekin Kornuallesera egindako bidaia klandestino bat zen, eta labar baten hegian zeudela, Ixabelek harremana eteten zuen Romanekin, honen seme-alabak edukitzeko ametsak ez oztopatzeko (“baina nik zurekin egon nahi dut, maitea”, “esan nizun horretarako dislexikoa izan beharko zenukeela”).

      Kolpearen egunetik berriro ikusi ez zuen arren, bizitasunez gainezka sentitzen zen.

      Bainua hartu eta gero, hondar eskukadak ukabilaren zirrikitu batetik ahalik eta meheen isurtzera dedikatu zen, higaduraren edertasunean kontzentratuta, bukle atsegin hura honda zezakeen elementu bakarra bera zela onartuz.

      Egun hartan, hondartzatik irtetean, ordura arte egin gabeko zerbait egitea deliberatu zuen: Elizazilio karrikatik barrena itzuliko zen. Hartutako arriskuaz ohartu orduko aurkitu zuen Roman, 26.ean, hesiaren kanpoaldetik hazten ari zen jasmin bat kimatzen, bainujantzian eta espartinetan, kokots aldean sokatxo batekin lotzen zen oihalezko kapela buruan.

      Ixabel ikusi zuenean, jarritako hitzordura espero bezala iritsi bailitzan egin zion harrera:

      — Ongi etorri nire jauregira.

      Eta bere erreakzioaren zain egon gabe, hartxintxarrezko xendra batetik joan zen, Ixabel atzetik zuela.

 

 

Krema koloreko etxe eder bat zen, oso zaindua, leiho eta teilatu hegal urdinekikoa. Bugainbile batek estaltzen zuen kantoi bat. Etxe nagusiari itsatsita etxetxo txiki bat zegoen, eta atzealdeko lorategian, burdinazko mahai borobil bat intxaurrondo zahar baten itzaletan.

      Aurrenik, Romanek aulki bat eskaini zion Ixabeli; ondoren, etxetxora sartu zen deus esan gabe, Ixabel lorategian utzita. Belar moztu berriaren usaina zegoen.

      Etxearen aurrealde bikainarekin konparatuz gero, lorategia kaotikoa iruditu zitzaion hasiera batean Ixabeli, nahiz eta ulertuz joan ahala ordena hartzen hasi zen: mahai ondoan, artaburuz beteriko bidoi bat zegoen; harantzago, eraikitze bidean zirudien harrizko putzu bat, inguruan tamaina ezberdinetako poleak zituena; izkina batean, bi konpostagailu; bestean, oilategi bat metalezko sare baten atzean; aldamenean, anemometro bat iruditu zitzaion gailua, baita izendatzen ez zekien traste gehiago ere. Han-hemenka sakabanatutako kaxoi ugarietan, barazkiak. Etxetxoaren atarian, oihal zikin baten gainean, bizikleta bat, buruz behera, kablez eta erremintaz inguratuta.

      Bi katilukada terekin agertu zen Roman, lotu gabeko alkandora soinean. Mahai gainean utzi zituen eta parterre batetik menda sorta parea erauzi eta katiluetan sartu zituen buruz behera, sustraiak kanpoan utzita.

      — Tea Ingridek ekarri dit goizean, ederra dago.

      — Nor da, lagunen bat?

      Ixabelek oraindik ez zekien, baina Romanek jendearen izenak esaten zituen, bestelako azalpenik gabe.

      — Ingrid? Bai, lagun maite bat.

      Belaunburuaren gainean jarri zion eskua Ixabeli. Segidan, eskua kendu eta teari hurrupada bat eman zion.

      — Hau da zure bizilekua, orduan?

      — Hau da —esan zuen besoak zabalduta—. Gustatzen? Lanik ez egiteko lan asko egin beharra dago, horretaz konturatu naiz —buruz behera zegoen bizikleta seinalatu zuen hanka puntarekin—: Orain denboraren makina bat egiten ari naiz. Probatu nahiko zenuke?

      — Zergatik ez.

      — Benetan?

      — Bai —esan zuen Ixabelek desafiatzaile.

      — Ez, txantxa da. Baina argindarra ekoizten dut bizikletarekin. Eta begira horra —etxetxoaren teilatu gaina seinalatu zuen—. Eguzki plakak. Nire etxeko ura horrekin berotzen dut. Helburua autohornikuntza da.

      Tomate landareak zituen kaxoietako baterantz joan zen Roman. Oraindik berde eta txiki zegoen tomate bat erakutsi zion:

      — Hau da lan mundura itzultzetik libratuko nauena. Konpostagailuaren azpian geratzen den likidoarekin bakarrik ureztatzen dut, konpost kontzentratu horrekin. Iaz hasi nintzen eta argi eduki ez duzula inoiz halakorik probatu. Martintxori eraman nion eta erotu egin zen dastatu zuenean.

      — Nor da Martintxo?

      — Martin Lopez Elosegi, Abarka jatetxeko chefa. Aurtengo uzta osoa erosi dit dagoeneko.

      — Zertan egiten zenuen lan lehen?

      — Ingeniaria. Industriala. Zenbaki aureoaren tirania. Mendebaldean, batez beste, gure bizitzan ikusten eta ukitzen dugunaren % 5 bakarrik dago bulegoetako diseinutik libre. Ehuneko txiki horretan bizi nahi nuke noizbait. Bitartean, entrenatzen ari naiz.

      Oraindik bere eskuaren erredura sentitzen zuen belaunean.

      — Walden —esan zion Ixabelek.

      Irakurle taldean irakurri berri zuten. Taldeko bi gizonei asko gustatu zitzaien, berak ordea ez zuen amaitu, konplikatuegia iruditu zitzaion Thoreauren idazteko manera, eta inkoherentea: “Zail idazten duen norbaitek ezin du soil bizi, ez da sinesgarria”, argudiatu zuen.

      — Nire biblietako bat da, jakina —kolpetik altxatu eta bere etxetxorantz joan zen—. Etorri!

      Ixabel atzetik joan zitzaion. Egongela eta sukaldetxoa batera zeuden. Enzimera gainean kristalezko pote ugari, eta barruan belarrak, haziak, saldak... etiketaturik.

      Egongelako leiho guztiak zabalduta zeuden eta lurrerainoko gasazko gortinak puztu eta hustu egiten ziren brisarekin, etxea arnasa hartzen ariko balitz bezala. Hormen kontra liburu saldoak dorreak osatuz. Budismoa, hinduismoa, komunismoa, anarkismoa, permakultura, agroekologia, sexu tantrikoa terminoak irakurri zituen Ixabelek haien bizkarretan. Kuku erloju bat kenduta, gainontzeko hormak biluzik zeuden. Oso soila eta zuria zen guztia, lurrak distira egiten zuen.

      Romanek segidan aurkitu zuen Walden; Psicología de masas del fascismo-ren ondoan zegoen gaztelaniazko ale maiztu bat zen.

      — Hementxe daukat. Askotan itzultzen naiz maisuarengana.

      — Ederki zaude hemen —esan zion Ixabelek ingurura begiratuz eta Thoreaurekiko errezeloak bere kolkorako gordez.

      — Ez dut askorik behar, ikusten duzu, zenbat eta ondasun gutxiago orduan eta libreago. Enbarazu egiten didate orain. Etorri.

      Ondoko gelara sartu ziren, logelara. Leiho-ateak erdi itxita, kasik ilunpetan zegoen. Ohe handi bat, deseginda, tamaina orotariko kuxinak nonahi sakabanatuta. Zerbaiten biharamuna zirudien. Han ere belar moztu berriaren usaina. Han ere gortina zuri gasazko bat arnasten. Roman atzetik gerturatu zitzaion eta bularrak heldu zizkion esku beteka. Soinekoa erantzi zion, bikinia gero, mesanotxetik botila bat hartu eta eskuak olioztatu zituen ukitzen jarraitu aurretik. Almendra olio bat zen. Ixabelek ez zuen pentsatzeko astirik izan. Gortinek ere fuerteago egin zuten arnasa. Romanen landare haragijalea ipurmasailen artean bidea irekitzen sentitu zuen Ixabelek, halako batean ahutzak zabaldu eta ohe gainean guztiz deboratu zuen arte.

 

 

Amaitu arte ez ziren aurrez aurre egon. Olioak, izerdiarekin nahastuta, distira ematen zien bien azalei eta animalia erditu berriak ziruditela pentsatu zuen Ixabelek, jaio ziren mundu berri hartan mugimendurik egitera ausartzen ez zirenak oraindik; baina ez zuen ezer esan, liluratuta zegoen.

      — Limonada ekarriko dut —esan zion Romanek sorginkeria apurtuz.

      Ixabeli basokada bat eraman eta dutxan sartu zen. Bandiera Rossa abestu zuen oso ozen eta xaramelak eginez. Ixabelek bere buruari galdetu zion poz horrekin zerikusia ote zuen berak. Bitartean, logela behatu zuen, gizon haren arrasto gehiagoren bila, alferrik: ez zegoen ezer, ez argazki, ez koadro, ez apaingarri.

      Roman biluzik itzuli zen gelara, xaboi usainarekin.

      — Ederra zegoen limonada.

      — Etxeko limoiekin egina —eta lurrean zegoen bainujantzia jarri zuen.

      — Dutxatu naiteke?

      — Jakina, baina epela ateratzen da —arretarik gabe aipatu zuen, armairuan zerbaiten bila zebilela, Ixabel agertu aurreko bizitzarekin aurrera jarraitzeko gogoz bezala. Baina bat-batean, jiratu eta irribarre handi batekin, esan zion—. Ohitu egin beharko duzu, maitea.

      Ixabel dutxatik irten zenerako Roman kanpoan zegoen, bizkarrez, kimatutako adaxkak biltzen. Ixabelek alde egiteko ordua zela ulertu zuen.

 

 

Hurrengo egunak bero handikoak izan ziren. Frantziako gobernuak kanikulagatiko alerta gorria ezarria zuen hainbat departamendutan eta ekitaldi jendetsuak debekatu zituen. Ixabelek etxeko leiho-ateak itxi eta ilunpetan gelditu zen. Iñakik balde bat ur ipini zion txakurrari. Albistegietan ez zegoen besterik: bero olatuak milaka hildako eragingo zituen, zaharrak gehienak. Nafarroa hegoaldea erretzen ari zen: irudietan, gar menderaezinak soroak konpultsiboki jaten. Hamabost sute piztu ziren aldi berean eta hamahiru herri hustu behar izan zituzten. Su bera zen. Eta bera maiteminduta zegoen.

      Ilunpetan noraezean zebilen konstruktorearen deia jaso zuenean. Atzetik zebilkien aspalditik. Lursail puska bat erosi nahi zien, haien etxearen atzealdean eraikiko zuen etxe multzoari probetxu gehiago ateratzeko. Aurreko aldian baino 2.000 euro gehiago eskaini zituen. Ixabelek ezetz erantzun zion, lehor. Nahiz beren etxeko lursailean hondeamakinak, iraulitako lurra, gizon buzodunak oihuka eta aluminio paperean bildutako ogitartekoak jaten irudikatzeak espero gabeko gogoa piztu zion. Halako ameskeriatan zebilen Iñaki heldu zenean.

      — Ze ongi egoten den hemen, hor kanpoan ezin da arnasa hartu.

      — Agian ekibokatzen ari gara lurra ez saltzearen kontu horrekin —esan zion Ixabelek.

      — Bai? Hori uste duzu? Aipatu ere ez zenuen egin nahi eta…

      — Aurreko aldian baino diru gehiago eskaini digu: 17.000. Asko da. Agian 20.000ra hel gintezke.

      Iñakiren begiradan liberazioa irakurri uste izan zuen eta izutu egin zen.

      — Gaur deitu didate klinikatik. Hortzoi injertoa egin beharko dut bai ala bai. Jarri beharko didaten torloju kopuruaren arabera, 24.000 eta 27.000 euro artekoa izango da aurrekontua.

      Aho-sabaitik kenduko zizkioten haragi zatiak seinalatu zituen. Hortzoiek euskarri handiagoa behar zuten hortzak non josi edukitzeko.

      — Sentitzen dut —bukatu zuen esaten Iñakik—. Sentitzen dut. Oso gaizki ari naiz pasatzen asunto honekin.

      Eskuekin aurpegia estali zuen. Ixabelek eskuak apartatu zizkion. Negarrez ari zen.

      — Errautsa duzu ilean —esan zion izpi bat hatzekin hartuz.

      — Nola da posible haizerik ez badabil?

      — Lasai egon, konponduko gara. Horrela, belar gutxiago izango dugu mozteko, zer diozu?

      — Ez dudala nahi —erantzun zion Iñakik—, ez dut etxe puska bat saldu nahi nire hortzen erruz.

      — Ez zaitez sentimentala izan.

      Iñakik leiho-ateak zabaldu zituen eta pertsianak igo. Argitasunak itsutu egin zuen Ixabel. Etxe hartara bizitzera joan zirenez geroztik landatutako arbolak zerrendatu zituen mentalki: ama hil zeneko magnolia, Ramonen etxetik ekarritako limoiondoa, gereziondoak, sagarrondoak, pikondoa. Haietako gehienek itzala ematen zuten aspaldi. Leihora inguratu eta makalei begira gelditu ziren. Fruta arbolak agian ez, baina haiek ezinbestean galduko lituzkete.

      — Duela hogei urte katagorriak zebiltzan makal horietan, gogoratzen? —esan zion Iñakiri.

      — Aspaldi da ez direla etortzen. Pandemia garaian itzuliko zirela uste izan nuen, lerdoa ni. Fantasia hori neukan, ez dakit esan nizun.

      — Ez zenidan esan.

      Eskutik heldu zion Iñakiri. Aspaldi zen Ixabelek horrelako keinurik egiten ez ziola eta ezustean harrapatu zuen. Ixabel ere ohartu zen arraroa izaten ari zela eta askatzekotan egon zen. Flakatuta zegoen hortzen arazoarekin hasi zenez geroztik eta gazteagoa zeneko masailezur irtenak azaleratu zitzaizkion.

      — Nik uste ezin diogula uko egin —­esan zion ­Ixabelek.

 

 

Beroaren azpian beste zerbait ote zegoen galdetzen zion bere buruari: intsektu erraldoien larbak, zibilizazio berri bat, auskalo. Zerbait zirudien egosten bere oinen azpian, berea ez zen plan bat. Eskuetatik joan zitzaien, nonbait, guztiei batera.

      Nekea beroarekin nahastu zitzaion, eta bere erantzukizun izateari utzi zion. Ilunpetan ibiltzera ohitu zen. Ogi bila ez joatera. Iñakiri ez zitzaion axola.

      Romanen etxean egon zenez geroztik, Ixabelek sentitzen zuen bere puska bat han gelditu zela, eta urruntasun hartatik, ederragoa ikusten zen Iñakirekin zuen bizitza. Gauez paseatzera irteten ziren Osorekin, hondartzako etorbidetik; batzuetan izozki bat jaten zuten. Txakurra ezinean zebilen eta petrilean eserita amaitzen zuten.

      — Albaitariarengana eraman behar genuke, flakatzen ari da.

      — Edadea da. Ezta, Oso? Baina bai —erantzun zion Iñakik kolko iletsu lerdeztatua musuzapi batekin garbitu bitartean.

      Txakurrak neke aurpegiarekin begiratu zien. Ilajearen eta hezurren artean zegoen haragia desagertzen ari zen eta txakur mozorroa zeraman ume txiki bat izan zitekeen barruan zegoena.

 

 

Aste pare bat joan ziren Roman berriro ikusi zuen arte.

      Indemnizazioak ez zuen betiko iraungo eta Ixabelek lan eskaintzak begiratu eta curriculumak bidali zituen inguruko garraio enpresetara. Transportes San Josen elkarrizketa bat egin nahi lioketela esan zioten, “eskarmentudun norbait nahi dugu, ez ezertarako prest ez dagoen gazte mizkin bat” esanez agurtu zuten, eta edozertarako prest zeuden pertsonen kategorian zegoela ulertu zuen. Gasolioaren prezio igoera medio, aurretik jota zegoen gremioa hilzorian gelditua zen: garraiolarien irabazi marjinak geroz eta estuagoak ziren, eta Andaluzian hazitako meloi bat jatea ez zegoen jadanik edonoren esku.

      Ekaitz bolada batekin amaitu zen kanikula. Arratsalde trumoitsu horietako batean hondartzara jo zuen Ixabelek. Susmoa zuen Roman han aurki zezakeela, mundua aldrebes ulertzen zutenetakoa baitzen. Hala izan zen. Itsasertzean zegoen belaunetarainoko euritako pontxo batekin. Ixabel ikustean ez zuen harritu plantarik egin. Besoak zabaldu zituen eta zerura begira jarri zen euriak aurpegia gehiago busti ziezaion. Ixabelek gauza bera egin zuen. Gero, besarkatu egin ziren eta hitzik egin gabe, korrika txikian, Romanen etxera joan ziren. Tea prestatu zuen. Hozkailuaren gainean, tomateak zituen handienetik txikienera ordenaturik. Tarteko bat hartu, lau zati egin eta gatza eta olioa erantsi zizkion.

      — Dastatu, Isa.

      — Ikaragarria.

      — Tomate kabiarra izena jarri diot. Eta oraindik ale hobeak emango ditu.

      — Lana bilatzen ari naiz. Ez dakizu zein umiliagarria den. Agian hain harroa ez banintz... Harroa naizela esango zenuke?

      — Zure senarrak zer dio?

      — Ez diot galdetu. Zintzoegia da egia esateko.

      — Batera zabal genezake negozioa. Nik ekoizpena, zuk logistika. Tomate hauek milioiak balioko dute aurki.

      — Ez da ideia txarra... Baina lursail handiago bat behar zenuke.

      — Shhh... —hatz erakuslea ezpainetan jarri zuen—. Piano-piano... presa horiek... zuen mundu horretan presak kutsatuta zaudete denok...

      Ohera joan ziren. Ixabelek ñabardura berriak aurkitu zituen logelan: pitzadura bat han, orban bat hemen, zigarroren batek zulatutako kuxina hor... Berak ere eskuak igurtzi zituen almendra olioarekin. Erraza zen dena. Hain erraza. Bukatu zutenean, oraindik elkarren barruan zeudela, Romanek Ixabelen eskua hartu eta bihotz gainean ipini zuen. Umetan izandako akuriarekin akordatu zen Ixabel, esku artean bildu eta bere taupadak sentitzen zituenekoaz, beldurrik ez izateko xuxurlatzen zion orduan, ez ziola inoiz kalterik egingo.

      — Nor zara? —galdetu zion Ixabelek tarte batera, gorputzak bereizten hasi zirenean.

      — Ur asko eta beste elementu batzuk, zu bezala.

      Bat-batean Ixabel lotsatu egin zen bere gorputzak Romanenarekin egiten zuen kontrasteaz: bi belaunaldi diferentekoak ziruditen eta maindirearekin estali zuen sabelaldea. Roman, aldiz, hanka-zabalik gelditu zen ohe gainean.

      — Etxera eramatea nahi edo autoz etorri zara? —Romanek Ixabelen titiburuaren diametroa azpimarratu zuen hatz muturrarekin.

      — Autoz etorri naiz.

      Ekaitza hasi zuen berriro.

      Romanek leihoa itxi zuen eta ez zen ohera itzuli.

 

 

Txakurrarena oso azkar gertatu zen. Albaitariarengana eramate hutsak akabatu zuela irudituko zitzaien gerora, minbiziak gorputz osoa hartuta zuela esatearekin batera hasi baitzen haien begien aurrean hiltzen. Jateari utzi zion lehenik, kalera ateratzeari bigarrenik, isatsa mugitzeari azkenik. Injekzioa jarri aurreko astean txakurrak gehien maite izandako lekuetara eraman zuen Iñakik autoan: Xoldokogaina, Espainolen hondartza, pantalana.

      — Gaur, hil egingo dela esan diot. Orduan konturatu naiz berarentzat heriotza ez dela ezer —esan zion Iñakik Ixabeli ahapeka txakurrak ez entzuteko.

      Akabatzera eraman zuten egunean, Ixabelek kotxean itxaron zuen, eta Iñaki albaitariarenean zegoen bitartean eskuzko aspiragailua pasatu zuen auto barruan. Iñakik, klinikatik irten zenean, ilezko pilota zaborrontzi batera botatzen aurkitu zuen Ixabel.

      — Agian ez zen momentua, barkatu —esan zuen Ixabelek.

      — Lasai.

      Esan gabe bazekiten Ixabeli ez ziola min berezirik eragin. Iñakik ordea lur jota eman zituen ondoko egunak, eta triste zegoenetan larrua jo nahi izaten zuen, oraindik ere Ixabel harritu egiten zuen modu lazgarrian.

      Goizean esnatzean Ixabel geldi-geldi gelditzen zen, ihes egiteko hildakoarena egiten duten animalien antzera, goizean goizetik kontsolatu behar ez izateko. Iñaki jaiki arte eusten zion aldarte hari. Txakurra hil zenez geroztik hura zen benetan bere baitara egoteko tarte bakarra. Ordubetez edo luza zezakeen unea. Gero, ordura arte txakurrak probesten eta drenatzen zituen Iñakiren kariño, energia eta denbora enbarazu egiten gelditzen ziren eulimando saldo baten modura.

      Roman berriz ere ikusi bitarteko egunak arrastaka joango zirela aurreikus zezakeen, baina itxaronaldi itsaskor hartan plazera aurkitzen ikasten ari zen: ez zuen enkontrua bilatu nahi, esku anonimo bat gau eta egun gonapean edukitzea bezalakoa zen barrua erretzen zion grina.

      Txakurraren etxola kendu zuten. Goporrak erretiratu zituzten eta soberan gelditutako pentsu zakuak bizilagunari eman, Iñakik tendinitisa eduki zuenean erositako pilota jaurtigailuarekin batera.

      Sofa atzean agertu zen behi femurrarekin zerbait egin zitekeela aipatu zuen Iñakik:

      — Oroigarriren bat edo —bigarrenez begiratu eta zakarrontzira bota aurretik.

      Ixabelek tramiteok aurrera eramaten behatu zuen Iñaki. Begirune handiz egiten zituen eta hasperen batez jartzen zien amaiera. Ixabeli gehiegizkoa iruditzen zitzaion arren, bazekien Romanek ez zuela bera inoiz Iñakik txakur hura maite zuen adina maitatuko. Eta agian horrek erakartzen zuen gehien, zertarako engainatu: Roman maitatzeko gai zen, trukean ezer itxaron gabe. Benetako maitasunak ezin zuen merkataritza harreman hutsa izan.

      Agian hasieratik ekibokatu zen. Iñakirekiko zorra sentitzen zuen. Eta zorraren atzean errua. Hura ere ez zen maitasuna. Aurreko senarrarekin ezberdina zen: haserreak eragiten zizkioten elkarri grina hauspotzeko, harik eta egun batean haserretu eta konpontzea ahaztu zitzaien arte. Hor ezagutu zuen Iñaki. Haserre infinituaren tarteren batean. Agian ez ziren inoiz maiteminduta egon eta, hala ere, Ixabelek bazekien maitemina berehala lurmentzen zela, haize aldaketa txiki bat nahikoa zen putzu gris bat bilaka zedin, borondatea eta xamurtasuna ez bezala: urtaroz urtaro han jarraitzen zuten, ospakizunik gabe, zapore berezirik ez duen baina bizirik mantentzen gaituen iturriko urak bezala.

      Lan arrunt bat zen Iñakik eta Ixabelek esku artean zeukatena, egun osokoa, eguneko jardun guztiak aintzat hartzen zituena, batez ere ezdeusenak, zaborra atera eta etxeko humedadeak zorrotz zaintzea bezalakoak, adibidez. Ixabelek bazeukan hori. Bazekien. Iñakirengandik narritatzen zuten gauza guztiak gorabehera. Baina hura ez zen maitasunaren antonimoa.

      Iñaki agertu zen hortz txiki bat esku ahurrean:

      — Artozko opil bat jaten ari nintzela erori zait.

 

 

Klinikatik bueltan aipatu zion. Elkarrekin joan ziren. Iñaki pozik zegoen dentistak esandakoarekin: zeukana ez zen gaixotasun bat, bere listua azidoegia zelako gertatzen ari zitzaion, eta konponbidea zuen.

      — Baina horretarako hagin guztiak erauzi behar ditut. Eta denboraldi batez ken eta jar daitezkeen hortz horiekin egon beharko dut.

      Gasolindegian gelditu zuen autoa. Ixabelek Iñakiri begiratu zion honek plastikozko eskularrua ipintzen zuen bitartean gasolina botatzeko. Txistuka ari zen. Pozik zegoen. Eta lastima eman zion poz hura zapuzteak, baina hobe horrela triste baino.

      Gasolina usainak adoretuta ekin zion, arrankatu bezain pronto:

      — Ez nuke dramatiko jarri nahi, baina maiteminduta nago.

      Iñakik ez zuen berehala ulertu, irriño bat egin baitzuen hasieran.

      — Badakit ergelkeria dela, baina esan egin nahi nizun. Hainbeste merezi duzu. Barkatu.

      Hitzik egin gabe joan ziren etxeraino. Ohi baino zakarkeria handiagoarekin aparkatu zuen autoa Iñakik, korrika igo zituen etxeko eskailerak eta egongelara iristean oihuka hasi zen. Hala aurkitu zuen Ixabelek.

      Sofan eseri zen, hari begira.

      — Hortzengatik al da?

      — Zer izango da ba hortzengatik! Ez da ezer serioa izango, ikusiko duzu.

      — Ikusiko duzu? Zure esku egongo ez balitz bezala? Destinuaren esku utziko al duzu ba kontua? Edo tipoaren esku? Edo tipa bat da? Ez dut esango ergela zarenik, baina ergelkeria dela bai, horretan asmatu duzu.

      — Ez da ezer sakona.

      — Maiteminduta... gezurra dirudi. Eta gero ni naiz sentimentala.

      Aho gainean jarri zuen eskua, eta matrailezurra batera eta bestera mugitu zuen, garrasiek zerbait errotik atera izan balute bezala. Gero hortzen gainetik pasatu zuen mingaina, azkenaldian ohitura bilakatua zitzaion moduan:

      — Utz dezagun horrela. Handiak gara. Ez ditzagun gauzak bere onetik atera. Arrazoi duzu, ikusiko da. Bera ere... maiteminduta al dago?

      — Bera ez.

 

 

Txakurra hil zenez geroztik, etxean ez zen inor gelditzen Iñaki eta Ixabelen artean. Egia hura zen, pentsatu zuen. Aurrez aurre zeuden aspaldiko partez, amildegia besarkatu edo ospa egin, ez zegoen besterik. Elkarrekin egiten jarraitu zuten elkarrekin egitera ohituta zeuden gauzak, elkarrizketa hura existitu ez balitz bezala jokatuz, are barre eginez eta kexatuz elkarrizketa haren aurretik ere irrigarriak edo gogaikarriak ziren gauzengatik, baina irri edo purrusta egin bezain pronto damutuz, elkarrizketa haren ondorenean zeudela akordatuta.

      Iluntze batean, margaritak egiteko osagaiak eraman zituen Iñakik etxera.

      — Bart ezin nuen lorik egin eta Mexikori buruzko dokumental bat ikusi nuen. Hainbestetan entzun eta nola da ba posible probatu ez izana? —bota zion Ixabeli—. Egingo al dizut bat zuri ere?

      — Gehiago edan beharko genuke.

      — Eta gehiagotan. Alkoholak beti hobetu izan gaitu.

      Kanpoko mahaitxora eseri ziren. Iñakik bertan prestatu zituen koktelak, etxeko limoiekin. Gau-giro zegoen. Eltxoak zebiltzan eta citronella kandela piztu zuen Ixabelek. Kearen norabidea jarraitu zuen begiradarekin, lelotuta; urtxintxa bat begiztatu zuen makal batetik igotzen, baina ez zion ezer aipatu Iñakiri.

      — Lana aurkituko dudala uste al duzu? San Josen entrebista egingo zidatela, baina ez didate berriro deitu... —galdetu zion margarita dastatu bezain pronto.

      Iñakik lepotik zintzilik zeramatzan betaurrekoak sudur puntan jarri eta entrebistatzaile paperean jarri zen:

      — Zure cva aztertu dugu eta itzela da, iritsi zaizkigun guztien artean bikainena, duda izpirik gabe. Orain zure alderdi pertsonalena ezagutu nahi genuke. Zergatik jo duzu gugana, María Isabel?

      — Ume-umetatik nire pasioa merkantziak batetik bestera garraiatzea izan da, nire bizitzari zentzua ematen diona horixe baita.

      — Zure azken lanean nolako harremana zenuen nagusiarekin eta lankideekin?

      — Nire lanbidea izugarri gustatzen zait. Familia bat ginen. Areago: nire benetako familiarekin ere lan harremana dudala esango dizut. Badakit ez dagoela ongi ikusita, baina...

      — Eta nola deskribatuko zenuke zeure burua? Zein dira zure indarguneak eta ahulguneak?

      — Mmm... Adin, adimen eta bizimodu ertaineko emakume bat naiz: langilea, leiala, puntuala. Ez dut amets berezirik ezta frakaso esanguratsurik nire gain. Uste dut mundu honi egokitzeko ertaina izatea dela interesgarria, hori da nire indargunea.

      — Ahulgunea aipatzea ahaztu duzu, María Isabel...

      — Mmm... —hatz punta kopa ertzeko gatzean igurtzi eta ahora sartu zuen Ixabelek—. Batzuetan bista jaso eta hondoratu egiten naiz… Barruan dudan amorruak ez du kontesturik aurkitzen… Kilo batzuk nola kendu, etxe ataria nola edertu, zer egin bazkaltzeko… horretan joan zait bizitza… Eta ohartzen naiz zein gogaituta nagoen, zein bakarrik, zein eskasa eta arrunta den eraiki dudana, zein hauskorra... bista jasotzen dudanean ikusten dut pintura altxatzen hasi dela eta berdin zait, ez dut hor egon nahi konpontzeko...

      — Zakila jan diozu?

      Elkarri begira gelditu ziren adi:

      — Nire alu iletsua gustatzen zaio. Esaten du sekretuak gordetzen dituela, ezin dela jakin zer aurkituko duzun iritsi arte —Ixabelek eltxo bat lehertu zuen izter gainean zartako batez, odol arrasto bat utziz—. Auskalo norena den —esan zuen—. Odola, diot.

      Iñakik kopak bildu zituen. Ixabel bigarren margaritaren zain geratu zen, baina ez zen etorri. Handik pixka batera etxera sartu zenean, Iñaki sofan etzanda aurkitu zuen, oinutsik, telebistari begira, Whitney Houstoni buruzko dokumental bat ikusten.

      — Ohera noa —esan zion Ixabelek.

      — Gabon, bai. Berehala noa.

 

 

Ezusteko enkontruaren bila hondartzara egindako alferrikako enegarren joan-etorriaren ondoren, erdi adoretuta erdi beldurtuta, Romanen etxera jo zuen Ixabelek.

      Hazita zegoen huntzaren artean sartu zuen eskua txirrina aurkitzeko. Gizon ahotsak iritsi zitzaizkion atzeko belarditik. Berehala agertu zen Roman. Ixabel ikusi zuenean irribarre handia egin zion.

      — Agian traba egiten dut. Ulertuko duzun bezala, ez dakit. Ez nago ohituta horrelakoetara. 54 urteko emakume langabetu bat naiz. Eskertuko nizuke egia esatea. Oso ongi kudeatzen dut. Gustatu egiten zait egia, edozein delarik ere. Benetan.

      — Isa! Sekulako poza ematen dit zu ikusteak —eta sudurrarekin ile artean bidea zabalduz muxu eman zion—. Aurrera.

      — Ongi?

      — Hobeto kaltea.

      Mahaitxoan gizon beltz bat zegoen tea hartzen, bakero motzetan eta kamixeta gabe, oinak txankletetatik kanpora. Ixabel ikusi zuenean altxatu egin zen, mahai gainean zegoen arrautza kaxa besapean hartuta.

      — Tu t’en vas? —galdetu zion Romanek.

      — Ouai. Je dois rentrer.

      Esku-giltza bat eginez agurtu ziren.

      — Pape —esan zuen Romanek gizonari harrotasunez begira.

      — Lagun bat?

      — Pape? Bai, handia gainera. Oilategia txukuntzen eta garbitzen lagundu dit. Artista. Eseri zaitez. Bazkalduta al zaude?

      — Bai, arratsaldeko bostak dira. Faltan hartu zaitut.

      — Bai.

      — Bai?

      — Aldrebesa zara gero! —irri algara bat askatu zuen Romanek.

      Zerbait erantsi zain gelditu nahi zuen Ixabelek, baina ez zion isiltasunari eutsi:

      — Garagardo bat hartuko nuke. Edo ardo kopa bat.

      — Etxe honetan ez dago alkoholik. Baina marea aprobetxatu behar dut uhartera joateko, nirekin etorri nahi?

      Ixabelek baietz esan zion eta garajera joan zen bere atzetik.

      — Zein uharte?

      — Heldu hortik.

      Piragua baten muturra seinalatu zion. Ondoan, oihal batekin estalitako kotxe bat zegoen.

      — Auto hori etxeko jabeena da, deskapotable bat. Giltzak dauzkat. Egun batean Biarritzera eramango zaitut hondartza ondoan xanpaina edatera. Nahiko zenuke?

      Ixabelek baietz erantzun zion, eta konturatu zen ez zuela ezagutzen, ez Roman ezta bere burua ere.

      Furgoneta gainean kargatu zuten piragua. Roman atzean gauzak sartu eta atera aritu zen bolantean jarri aurretik.

      — Nora naramazu?

      — Uhartera, esan dizut. Baratzetxo klandestino bat daukat han. Esperimentatzen ari naiz, dagoen eta lurrik onena da gauza batzuk landatzeko, lohitsua eta propietate ugarikoa.

      Artoa landatu zuenekoa kontatu zion. Ixabelek ez zion esandakoaren edukiari erreparatzen, bai ordea kontatzeko manerari. Aspaldi galduak zituen Romanen pasioa, fedea eta grina. Gidatzen zuen bitartean begiratu zion: beso eta lepo gihartsuak, azal beltzarandua, distira egiten zuen hortzeria, aho hura.

      Ordu laurdenean Bidasoa ibaiaren ertzean zeuden; piragua jaitsi eta uretara sartu zuten. Romanek igotzen lagundu zion. Gero, bien erdian, kapazu bat ipini zuen, eta barruan motxila eta likido uherrez beteriko bospasei botila handi.

      Palakadek ibaian ateratzen zuten hotsari erreparatu zion. Etxetik irten zenean, Ixabelek ez zuen berehala imajinatuko piraguan ibiliko zenik. Hatz puntak uretan sartu zituen Romanek arraunari eragiten zion bitartean. Ura. Gorputza. Segituan iritsi ziren uhartera. Romanek arrauna luzatu zuen arroka batean trabatzeko.

      — Ba al dakizu Faisaien uhartea munduko kondominiorik txikiena dela? Urte erdiz frantsesa da eta urte erdiz espainola.

      — A bai? —hamaika aldiz entzun eta irakurri zuen arren, ezjakinarena egin zuen Ixabelek.

      — Bai, bai. Orain espainola da.

      Eta erantzuna gogotik zekien arren, tuntun plantak egiten jarraitu zuen:

      — Faisaiak daude bertan?

      — Ez, emakumea. Frantsesek esandako azken hitza omen espainolekin uhartearen kudeaketa arautuko zuen akordioa sinatu aurretik: faisons, “egin dezagun”.

      — Egin dezagun beraz! —esan zion Ixabelek pikaro izan nahian.

      Baina Romanek ez zuen ulertu eta, arrauna arrokatik aterata, korronteak eraman zezan utzi zuen apur batean. Gero, norabidea arteztu eta ibaian behera zegoen hurrengo uhartetxoraino joan ziren.

      Bazterretan hazten ziren ihiei helduta ertzeratu zuen piragua. Jaitsi eta belar artean ezkutatu zuten. Usain ustelkara antzeman zuen Ixabelek lurra zapaldu orduko. Espartinak erantzi zituen. Bien artean garraiatu zuten kapazua uhartean barrena.

      — Guardia Zibila tientoan ibiltzen da hemendik, Zodiacetan. Debekatuta dago hona etortzea.

      Ez zen inoiz bertan egona. Futbol zelai baten tamainako irlatxoa zen errekaren erdian. Sasitza eta zuhaitzak barrualderantz hazten ziren, gizakirik gabeko lur puska izateak ematen zion inpunitatez. Oinak belztu zitzaizkien lupetzetan ibiltzeagatik. Umetatik Ixabel ez zen plisti-plasta ibili. Bere gorputzak hondoratzean utzitako markak behatu zituen bozkario handiz, urak arrasto oro ezabatuko zuela jakitun eta arintasun harekin sorginduta. Baratzera iritsitakoan, Romanek bere landareak laztandu zituen. Gero, eskua usaindu zuen begiak itxita. Aurpegia Ixabelengana itzuli zuenean zoriona zerion.

      — Hau al da zure latifundioa?

      — Hauxe da —esan zuen orduantxe lur hartu balu bezala, irribarretsu.

      Ixabelek pentsatu zuen irribarre hura azaleratzeko gaitasuna zuela. Roman ongi zegoela berarekin.

      Romanek kontu handiz isuri zuen botiletako konpost kontzentratua landare bakoitzaren inguruan.

      — Inausten lagunduko al didazu? Ongi kimatu beharra dago, indartzeko.

      — Probetxuzko mina.

      — Hori da, chicalista.

      Romanen esku trebeetan ipini zuen arreta eta berak egiten zuen berbera egiten ahalegindu zen. Bukatzean, Romanek Ixabelen lana errebisatu eta ongi esan zion. Ixabel aztoratu egin zen ohartuta zenbateraino zegoen Romanen eskuetan bere zoriona. Hura ote zen maitemina?

      Bat-batean, Roman larritu egin zen motxilan aurkitu ez zuen zerbaiten bila.

      — Zer duzu?

      Romanek ez zion erantzun.

      — Inutila! —esan zion bere buruari Romanek.

      — Zerbait ahaztu duzu?

      — Inutil alaena! —jarraitu zuen eta piraguarantz joan zen lasterka.

      — Nora zoaz?

      Ixabel uharte ertzean zegoen, palakada bakoitzean txikiagotzen zen gizon haren siluetari begira.

      — Nora zoaz?! —egin zion oihu eskuak ahoaren alde banatan jarrita.

      — Berehala nator!

      Begira gelditu zitzaion. Piraguara igotzen ikusi zuen, txikiagotzen, desagertzen.

      Ikusmiratik ihes egin aurretik ohartu zen egun hartan oraindik ez zuela ukitu. Eta orduan bai, bakarrik sentitu zen.

      Laster ilunduko zuen. Baina berehala etorriko zen. Ez zegoen espantuka hasteko motiborik. Bitartean, uhartea ezagutuko zuen.

      Bertan bizitzen gelditu beharko balu ohatzea non eta zerekin egin erabaki zezakeen. Sustraiak jaten eta euri ura jasotzen ikastea litzateke lehena. Kristal puska batekin sua pizten. Apoak ehizatzen. Igerian itzul zitekeen baldin eta igerilari trebeagoa balitz, korronte gaiztoak zeudela ezaguna zen gainera.

      Iñakiri deitzearen aukera baztertu zuen, zer esateko?

      Eltxoak beren lana egiten ari ziren. Eskukadak eman zituen hanketan, besoetan, aurpegian, gero eta fuerteago, zaplaztekoak, bat, bi eta hiru, eltxorik hil ez zuen arren. Masailak sutan zeuzkan. Merezita zuen.

      Piragua egondako lekuari erreparatu zion. Belarra zapalduta zegoen. Tumulu bat zirudien, baina alderantziz. Han etzan zen, forma hura gorputzarekin okupatuz, zerura begira. Argia apaltzen ari zen. Bere benetako bizitzari begiratu zion handik. Falta zen lekuan egon nahi zuen beti. Norbaiti irakurri zion artzainek artzain izateari utzi arte ezin izaten zutela mendi paisaia baten koadroa balioetsi. Antsietatea zen arnasa egiten ahazten ari zitzaiola esaten ziona. Bihotza lehertuko zitzaiola oihukatzen ziona. Bere gorputzaren gaineko kontrola bere esku ez zegoela sinetsarazten ziona. Arnasa menderatzen ahalegindu zen. Bere buruak esaten zizkion gezur haiek denak gezurtatzen. Belarrari heldu zion tinko. Eskukada batzuk erauzi zituen. Izpi batekin hatz potoloa ebaki zuen. Odolaren zaporeak kalmatu zuen azkenik. Bere barruarekin lotu zuen, zerbait ulertuz, eta istantean ahaztuz.

      Gaua zetorren. Uraren joana eta intsektuen furrunda entzuten zen. Sugeen beldur zela akordatu eta supituan altxatu zen. Ertzera abiatzean ikusi zuen marea jaitsia zela eta agian oinez zeharkatu zezakeela ibaia. Baina zuhurrena bertan gelditzea zela pentsatu zuen, izarpean bazen ere, Roman itzuli edota eguna egin arte. Eta hala ere. Arropak erantzi, motxilan gorde eta bere buruari jarraitu zion. Landaredia esku-zartaka baztertu zuen eta ur lohitsu haietan sartu zen. Oinkada bakoitzean indarra egin behar zuen lupetzetan harrapatutako hanka ateratzeko. Lehen tartean ispilu zati bat ikusi zuen lohian iltzatuta, cowboy bota arrosa bat, helizea gorantz begira zuen batidora bat. Ixabelen burua, borondate orotik aparte, objektuok esaldi baten sintaxira makurtzen ahalegindu zen, bere bizitzara argia ekarri nahian. Gorputzak aurrera jarraitzen zuen. Zenbait tokitan kasik izterretaraino hondoratzen zen, zarata likatsua eginez. Padurak ustel, legamia eta burdina usaina zeukan. Ibaian barneratu ahala gutxiago ikusten zen. Tarteka, kamioiren baten argiak ur beltzean ispilatzen ziren eta Ixabelek ibaiaren ur-azal lodi eta opakua antzematen zuen. Bere kalkuluen arabera bide erdian egon behar zuen uraren emaria handitu eta ia leporaino murgildu zenean. Urek indarra zekarten eta izutu egin zen arrastaka eramango zutelakoan, baina ibaiak berak helduta zeukan oinetatik, mundua ikusi nahi duen alaba arrekonkon daraman aitak nola. Eutsi eta aurrera segitu zuen.

      Handik gutxira, oihu batzuk entzun uste izan zituen bestaldean. Metro gutxi falta zitzaizkion iristeko. Argi bat keinuka lehorrean. Berak ere oihu egin zuen, baina ez inori deika, ez laguntza eske, trukean ezer espero gabe egin zuen oihu, singleki eta ozen. Azken oinkadak amorruz eman zituen.

      Ibaiertzera iritsi bezain pronto Roman ikusi zuen farola baten azpian, bidegorrian. Linterna bat zeraman eskuan:

      — Hemen nengoela esaten ari nintzen, morsean.

      Irribarrez ari zen. Besoak luzatu zizkion igotzen laguntzeko. Ixabelek zalantza egin zuen laguntza onartu ala ez, baina duintasuna une hartan ez zen eskuragarri zegoen zerbait eta berak ere besoak luzatu zituen. Igo zenean, Romanek ipurmasailetatik heldu zion, hatz punta guztiak murgilduz, gero, sorbalda gainean gelditzen zitzaizkion ile adatsak atzerantz apartatuz lepoa usaindu zion lehenik, belarri atzea ondoren, eta azkenik, Ixabelen bularren artean sartu zuen sudurra:

      — Bizitza —esan zion Romanek—. Benetako bizitza. Hemen dago dena, hemen hasten eta bukatzen da guztia.

      — Zergatik ez zara lehenago etorri?

      — Zergaitik, zergaitik, zergaitik... zer-gai-tik? —kantatu zion, eta aurpegia garbitu zion elastiko muturrarekin—. Etxera iristean Mariak hots egin dit… Zerga aitorpenean akats bat egin zuen eta ia sei mila euroko isuna iritsi zaio. Etxera etorri da eta gutuna idazten lagundu diot, berak ez baitaki frantsesez.

      — Amabirjinaz ariko zara, noski…

      — Oso berezia zara. Gustatu egiten zait nolakoa zaren. Asko gainera.

      Haien aldamenetik izerdiak zilarreztatutako bi korrikalari pasatu ziren, oxigenoa orgatxo batean zeraman agure bat, bi emakume adin ertaineko kanixe txuri bat atzetik zutela. Inork ez zien begiratu nahiz eta Ixabel barruko arropatan egon. Agian ez ziren existitzen, pentsatu zuen.

      Furgonetara igo aurretik, Romanek toallatxo bat jarri zuen kopilotuaren lekuan. Ixabelek arropa bustia jantzi zuen, bitartean Romanek eskuoihalari heltzen zion mugitu eta eserlekua zikindu ez zezan.

      — Lehendabizi dutxa bat hartuko duzu etxean —esan zion Romanek, Ixabelek etxerik edukiko ez balu bezala.

      Ez zuen oroitzen barka eskearen zain egon behar zuen edo barkamena berak eskatu behar zuen. Lehendabizi eta gero etor zitekeenarekin nahastuta, ez zuen hitzik egin.

      Romanen etxera iritsi zirenean, furgonetatik jaitsi zen eta gaueko dondiegoen usaina arnastu zuen gozotasunaren nazka sentitzeraino. Dutxatu egin zen. Ura hotza ateratzen zen. Soinekoa eta barruko arropak garbitu zituen eskuz. Gero, bainera garbitu behar izan zuen lokatz zipriztinak kentzeko. Romanen etxean egingo zuen lo. Ez zion Iñakiri deituko. Berak ere ez zion galdetuko non zegoen. Biluzik ibili zen etxetik. Umetatik ez zuen egiten.

      Atarian aurkitu zuen Roman, aulki batean eserita, zeru izartsuari begira.

      — Ohera noa —esan zion.

      — Berehala joango naiz —erantzun zuen Romanek—. Urtxintxa bat ikusi dut lehen Mariarekin nengoela, aspaldiko partez. Tuntun baten moduan zain nago ea berriz azaltzen den, nahiz eta hauek ez diren gauez irteten.

      Logelan, mesanotxeko argia piztu zuenean, edalontziaz jabetu zen Ixabel. Limonada kondar bat zuen eta ezpain batzuen marka. Romanen mesanotxean, beste edalontzi bat.

      Sekula ez zen hain nekatuta egon. Gaua, isiltasuna, gorputza.

      Lo zegoela sumatu zuen maindire-ikara, Roman isilka ohean barneratzen, lanak hartzen azalek elkar uki ez zezaten.

      Bakarrik esnatu zen ohean. Ogi erre usaina zegoen. Oraindik bustita zeuden arropak ipini zituen Ixabelek. Roman sukaldean ari zen lanean. Matrimonio zahar baten antzera agurtu zuten elkar.

      — Ongi egin al duzu lo? Seko zeunden oheratu nintzenean.

      — Oso ongi.

      — Eguraldi ederra dator.

 

 

Etxera iritsi zenean Iñaki telefonoz ari zen. Atetik sartzen ikusi zuenean eskuarekin agurtu zuen, halako normaltasunarekin, Ixabeli iraingarria egin baitzitzaion. Logelara joan zen zuzenean. Ohea erdizka bakarrik deseginda zegoela ikusi zuen, presaka irekitako gutun baten antzera.

      — Itxi dut tratua —esan zuen Iñakik—. Zirt edo zart egin beharra zegoen. 20.000 eurogatik, azkenean. Datorren astean gelditu naiz paperak sinatzeko. Hemendik hilabete pare batera hasiko dira induskatzen. Nik uste limoiondoa libratzea lortuko dugula.

      — Ados —esan zuen Ixabelek soineko hezea erantzi bitartean.

      — Ongi bestela?

      — Bai —esatearekin bat ohartu zen Ixabel egia esaten ari zela—. Eta zu?

      — Baita ere. Pozik nago. Hortz klinikarekin hitz egin nuen atzo. Udaberrirako aho berri bat izango dudala hitz eman didate.