Politeismo bastarta
Politeismo bastarta
2024, nobela
144 orrialde
978-84-19570-31-4
Azala: Laura Esteve
Jule Goikoetxea
1981, Donostia
 
2014, poesia
Politeismo bastarta
2024, nobela
144 orrialde
978-84-19570-31-4
aurkibidea
 

 

2024ko maiatzaren 27a

 

 

Maindirea bezain botata esnatu naiz. Gaur amaituko da nire luxuzko bizitza sofistikatua. Hozmintzen hasi naiz eta zalantza sortu zait gaur zer izango naizen, izango ote naizen ere, “akaso heldu jaioko naiz / eta ez dut distantzia egokiz / hausnartzeko / zure faboreen beharrik”, zioen nire amari aspaldi idatzi nion poemak, “akaso ilehori eta azeri sortuko naiz / doi eta oharkabe bizirauteko / familiaren itzulera europar honetan / ausaz lelokeriazko une / sortuko naiz / amarrarik / koiunturarik / umorerik gabe”.

      Ez dakit zer ordutan etorriko den gaur errealitatearen jainkosa. Ai, errealitate! Lapa baten gisa niri josita, eman musu burrunbarik gabe eta utzidazu nire hurrengo akatsean lan egiten: ziurtatu hotelak ez duela Angela Davis bere gelatik hamabietan botako. Ezin da aireportura joan ordu bata eta erdiak arte, beraz, ikus dezagun zer egin dezakegun. Eta ikus dezagun gosaldu aurretik. Harrera-gelara deitu dut. Arazoa azaldu diet. Begiratuko dutela esan didate. Ez nau batere konbentzitu erantzun horrek. Pompeuri deitu diot, berak ordaindu du hotela eta zerbait negoziatzeko aginpidea du. Harreratik deitu didate handik gutxira. Bale, gera daiteke. Gaur, hainbat misio eta destino ditut. Bizkartzain gisa, Angela jaitsi arte hall handia okupatzea izango dut helmuga, aireportuko taxira lagundu ahal izateko. Beraz, Davis eguerdian bakarrik ikusiko duzue, agurrean, eta goiz osoan aguantatu beharko nauzue horretarako. Tok-tok. Gogo biziz ireki dut. “Egun on, Diego”. Diego berria da, eta ederra eta gaztea, eta ez du gosariko erretilu handia askatzen, ezta mehatxupean ere. Badirudi konde-logelaren hondoraino sartu eta erretilua beraiek utzi behar dutela. Horrek ez du zentzurik. Logelaraino zuku bat ekartzeko zerbitzuak zentzurik ez duen bezala, Martetik ekarritako laranjekin egindako zuku bat, Lurra pentsutarako soja sailekin kolonizatu baitute, eta berotegi efektuko gasekin apaindu, kutsadura bikain eta deforestatu batekin. Baina ez dadila inor izutu. Abeltzaintza eta nekazaritza berri guztia Latinoamerikan eta Afrikan finkatuta dagoenean, eta Txinak zementuaren, plastikoaren eta energiaren ekoizpen guztia monopolizatu eta bere zetaren ibilbide berria guztiz zabaltzen duenean, gauza normalak mundu osora esportatu eta inportatzeko, orduan Europak, azkenik, balio erantsi handiko gauzak ekoizteari ekin ahal izango dio, hala nola segurtasun alarmak, okupak etxean ez sartzeko eta denok egarriz, gosez eta hotzez superseguru hil ahal izateko.

      Gaurko gosaria derridatarra da, eta ni foucaultarra naiz, baina biek diote marrubi marmelada ez dela existitzen den gauza bat, zeinari gero marrubiak, azukrea eta limoi zukua gehitzen zaizkion, ezpada marrubien, azukrearen eta limoi zukuaren arteko erlazio jakin batek sortzen duela marrubi marmelada. Kontua ez da proletarioak existitzen direla eta gero dominazio kapitalista gehitzen zaiela, baizik eta proletarioa harreman kapitalistek sortzen dutela. Honaino denok eskutik helduta. Kontua ez da beltzak eta zuriak existitzen direla eta gero menderatze harreman arrazistak gehitzen zaizkiela, baizik eta harreman horiek sortzen dituztela arrazak. Hemen arrazistak eskutik askatzen hasiko dira. Kontua ez da emakumeak existitzen direla eta gero menderatze harreman patriarkalak gehitzen zaizkiela, ezpada menderatze harreman patriarkal horiek sortzen dituztela emakumeak materialki. Hemen hasten dira eskutik askatzen gizon moderno guztiak; izan ere, emakumeak marmeladaren gisako materia organiko manufakturatuak badira, eta ez Jainkoak gizona sortu zuenean nahi gabe bota zuen puzker txar, kultural eta gaseoso bat, orduan gizonak ere desagertuko dira klase borroka feministarekin. Erotuta daude!, egin du oihu Munilla gotzainak, bera baita zer egin nahi dugun ulertzen duen bakarretakoa. Nik laranja zukua, kafea eta pasta plater bat besterik ez nuen nahi, baina natura hil bat ematen duen paisaia bat daukat, natura ez dena eta hilda ez dagoena, zeren ezti honek sintetikoa baitirudi, baina gauza berde eta ez-moderno hori espinaka likidoa da? Marmeladak zain begiratzen dit; marrubi marmelada orok behar ditu hainbat teknologia eta egiaztapen sistema marrubi marmelada izateko, hau da, limoi zuku baso bat marrubi zati batekin eta azukre koilarakada batekin ez da marrubi marmelada. Horregatik, emakume, zuri edo proletario egiten zaituena ez da gauza bakar bat. Hori monoteismoa litzateke. Proletario, emakume edo beltz egiten zaituena menderatze harreman material egituratuak dira (inbrikatuak, uztartuak, fusionatuak, mihiztatuak), sinbiotikoki eta historikoki ostiaka sortuak. Hori politeismo materialista litzateke. Eta erlazio material horiek esanahia dute. Ez esanahiak ideia edo arima erratu gisa hegan egiten duelako eta bat-batean, danba, materiarekin topo egiten duelako. Baizik eta materia semiotikoa delako. Hori politeismo materialista bastarta litzateke. Eta bastarta da familia zintzoek ez dutelako legitimatzen. Gure lagun osasuntsuek, errukulak, kinoak, tomateak eta ahuakateak, jakin-minez begiratzen didate, esplotatutako ikertzaile onek bezala, eta haien ondoan kafe arrunt bat, laurogeietako kruasanak eta gurin klasiko pixka bat. Ensaimada lotsagabe bat eta sakarina pixka bat baino ez dira falta gramatika eskizofreniko garaikidea osatzeko. “Egun on, Ana Maria!”. “Jasotzera nator, baina goiz dela ikusten dut”. “Bai, gaur hamabiak arte geratuko naiz. Baina etorri, sartu, mesedez”, eta zalantzati geratu da, baina ez naizenez gizona, eta hiru egun daramatzagunez aldaketa klimatikoari eta pobreziari buruz hizketan, sartu egin da. “Begira, ze desastrea, burkoa pixka bat zikindu dut”. “Ez kezkatu”, esan dit erlaxatuta, “jakingo bazenu zer uzten diguten”. “Zerri aristokratiko asko dago, ezta?”. “Bai, asko”, esan dit nazka politikoaren keinu zoragarriarekin, “baina lehengusinak esaten du Ingalaterran okerragoa dela”. “Ingalaterran beti da dena askoz okerragoa”. Adin txikikoa nintzen lur akonplexatu eta inperial hartara lanera joan nintzenean. Aitak mila aldiz errepikatu zidan, Jule, landara zoaz, laaan-da in-ge-le-sa, esaten zidan landaren laaanda hori markatuz. Hamazazpi urterekin iritsi nintzen, dena esperimentatzeko gogoarekin, baina egia da Ingalaterrako landazabala leku desatsegina dela bizitzeko gogoarentzat. “Nire lehengusinak han egiten du lan”, esan dit aske, “Colchesterretik gertu, kostaldeko herri batean”. “Beno, behintzat ez da landazabal hutsa, itsasoa dago”, esan diot ilusioz. Jaywick ez izatea espero dut, lehengusina gaixoa. “Bai, bera pozik dago, itsasoa asko gustatzen zaio, Cadizekoak gara”. “Bai ederra zuen kosta, Ingalaterrako kostaldea ere oso polita da, barrualdean baino hobeto egoten da”. Zin degizuet hori egia dela. Ni barnealdeko herri batean egon nintzen, beno, barnealdekoa... komunitate ingelesa kanpokotasun etengabea da. “Pozik dago, jatetxe batean lan egiten du, nola deitzen diote han? Pub”. “Pub, bai, giro handia egon ohi da”. Imajinatzen dut, ezerezaren erdian jarritako pub bat, farmazia batekin eta orotariko denda batekin, bakoitza ez kale nagusi ez erdigune ez izkina ez den desleku baten muturrean kokatuta. Iparraldeko Europan ez dute plaza kontzeptua ezagutzen. “Biok egin genuen sukaldaritza. Ni gozogilea naiz”, eta argi garden batek distiraz bete dizkio begi-niniak. “Nahiz eta ez dakidan han eutsiko niokeen, euri asko egiten baitu”. “Bai, euri asko egiten du eta goibel samarra da, askoz hobeto hemen”. “Askoz hobeto hemen”, azpimarratu du. Herri ingelesak heriotza dira. Zentrifugagailu bat bezalakoak dira, periferiara hondakin toxikoak eta familiak botatzen dituena, alkoholikoak ahal dela, haur zurbil eta mirrinekin, beren jaka urdin zurbilekin, praka berde zurbilekin, bota marroi zurbilekin eta ile hori zurbilarekin, zigarroak erretzen goizean goizetik, beren hatz eta ezpain argalekin, zelai erdi soildu erdi herrenek sakabanatutako osotasunean townerako hautagai diren playmobil etxe sortak prekarioki batuz, haurdun dauden nerabez beteta, beren mutil-lagun zurbilen zain neonak langabezian eta argi bolak higatuak dituzten diskoteka narras eta zikinen kanpoaldean, duintasun apurra duen edozein herri nordikok dituen diskoteka horietan. “Eta brexit-aren ondoren, ez dakizu ze nahasmen egoitza-baimena lortzeko”, dio eskua astinduz. “Dudarik gabe, hemen askoz hobeto”. Ingalaterra Irlandaren oso antzekoa da, baina Irlandak Europar Batasuna du, eta Ingalaterrak Lordak eta lunpenproletariotza bakarrik. Eta horrek ez dio egiatan villageak diren haien townen paisaia siniestro eta itzaltsuari laguntzen. “Bai, lehengusinak esaten du etxebizitza oso garesti dagoela eta zerga asko daudela”. “Gainera!”. Ez zara bakarrik etengabeko periferia batean bizi, baizik eta, gainera, etxebizitza oso garestia da eta moketatuta daude! Berde zurbilez. Hala ere, ingelesek alemaniarrek baino joera gutxiago dute depresiorako. Ez denok, ez dezagun orokortu. Baina herrialde bat lurretik inbaditu eta okupatzeak eta hamarkada pare batean zibilizazio sorta bat hondatzeak gogoa eskatzen du, jakinduriaz eta diziplinaz gain, beraz, ez dago zalantzarik estatubatuarra inperio labur eta morbidoa izango dela britainiar inperioekin alderatuta. Burko zikindua erakutsi diot. “Ziazerba? zuku berde pixka bat erori zait”, nazka aurpegi nahasia jarri dut. “Ez kezkatu”, hartu eta ondo begiratzen du zer gertatu den. Ana Maria Sant Andreun bizi da, Azokaren esparrutik ez oso urrun, astean sei egunetan etortzen da autobusean zentrora, eta garbitzen duen komun horren tamainako pisu batean bizi da pilatuta. Baina hori, jakina, ez dit berak kontatu, Mariņak baizik. Atzo berriro esan zion Kellyen bilerara joateko, nire aurrean, presioa egiteko bezala, badakielako iraultzaile baten bizkartzaina naizela, baina senarrak ez du nahi Ana Maria “protesta istiluetan” sartzerik, eta hortik dator Mariņak pasatu zidan bideoa. Esther Salinasek, Andaluziako Kellyen Sindikatuko bozeramaileak, hitz egiten du bideoan, eta enpresez gain beste arazo larri bat dagoela aipatzen du: “Pisu zerbitzarien bikotekideak eta gurasoak, zuek antolatzearen aurka daudenak. Beldur al zarete beren interesen alde borrokatzen ikasi eta konturatuko ote diren zuek ere soberan zaudetela beren bizitzetan? Borrokan hasteko erabakimenarekin ikusten zaituztedanean, itxaropenez beteta, jarraitu beharreko bidea zein den dakizuenean, beste dei bat jasotzen dut, ahots itzalikoa, etsipenezkoa, zeuen bikotekideak ez duela etxean arazorik izan nahi. Etengabe medikatuta egotea ez al da arazoa etxean? Planik egin ahal ez izatea zuen atseden egunak ezagutzen ez dituzuelako, ez al da arazo? Antsietatez betetzen zaituen lan jazarpena jasan behar izatea ez al da arazoa etxean? Hozkailu bat epeka eskuratzeko aukerarik ez izatea, kontratu mugagaberik ez duzuelako, ez al da arazoa etxean? Mesedez, partekatu, lan esplotazioaren konplize izaten ari diren kide horiengana irits dadin”. Ba hemen partekatzen dut. “Zer janari prestatzea duzu gogokoen?”. “Mmm”, pentsatzen ari da. “Gehien gustatzen zaidana kremak eta tartak dira, nire alabari asko gustatzen zaizkio”, eta burko guztiak altxatzen ditu espinaka likidoak horietako bakar bat ere zeharkatu ez duela egiaztatzeko. Mariņa entzun dut korridorean bezeroren batekin hizketan. Nire gelatik irteten lagundu diot Ana Mariari, lan handia du, eta Mariņak adeitasunez agurtu nau. “Bideoa ikusi dut”, esan diot prestu. “Nik horrela jarraituko dut erretiroa hartu arte”, “horrela” dioenean borrokatzeaz ari dela suposatzen dut, “nahiz eta ez dakidan erretirora iritsiko naizen, zeren martxa honetan”, azpimarratu du, “begira, hirurogei ditut, eta nire lankide gehienak ez dira erretirora iritsi, denak ateratzen dira atzeko atetik”. Hori ere esaten zuen Esther Salinasek bideoan, denak ateratzen direla “epaimahai mediko batekin eta ezintasun batekin. Hori da gure etorkizuna, erretiroa hartzeko adina baino askoz lehenago gaixotzen garelako. Baina hori ez da lan eskubideen arazoa soilik, baizik eta ezagutza eskubidearena, gure eskubideen alde nola borrokatu jakiteko behar dugun ezagutzarena. Harreragileek erretiroa hartzen dutelako, gerenteek, mantentze lanetakoek, zergatik nire lankideek ez dute inoiz erretiroa hartzen?”. Ana Mariak, atetik, nire gela begiekin zeharkatu, irribarre egin, eta esan dit: “Denak horren garbiak balira, ez genuke lanik izango”. “Hau ez da lana, hau esplotazioa da”, dio Mariņak, hasperen batekin, “bizitza hau da egokitu zaiguna, beti aurrera”, eta besoa altxatu du eskuan duen komuneko paper biribilkia astinduz, ezkerreko korridoretik desagertu aurretik, 815etik 830era doazen geletarantz. Telefonoak jo du, telefono gorria, karkasa latz batere diskretu hau jarri nionetik. “Eskerrik asko guztiagatik, Ana Maria”. Hark “zuri” labur bat bota eta alde egin du. Ez dut berriz ikusiko. Telefonoa hartu dut. Begiratu dituzu arratsaldeko galderak? Maria Rodo telefonoaren beste aldean. Ez, baina orain jarriko naiz eta esango dizut. Gaur arratsaldeko Public Policy Center-eko mahai-inguruan izango da bera ere; Johns Hopkins eta Pompeu Fabra unibertsitateen politika publikoen institutua da. Fabrak eta biok istilua izango dugu azkenean influentzia trafikoagatik. “Hitz egin al duzu If-ekin?”, galdetu dit Mariak. “Nor da If?”. “Galderak bidali dizkizuna”. Emaila begiratu dut. Birbegiratu dut. “Ene bada! Aste osoa daramat mahai-inguruko koordinatzailea A E V E deitzen, kar-kar-kar, A E V E!”. Barreak, aste osoa, eta I F ahoskatzen da, ingelesak, konstituziorik ere ez dute, hizkuntzaren errege akademia bat izateko moduan... Ez nekien ingelesa zenik, joder. Non daude araurik gabeko fonetikaren Buladak, behar dituzunean? Astebete daramat erridikulua egiten, nik, Ingalaterran bizitza erdia eman ondoren, Lord izateko ziurtagiri soil bat besterik falta ez zitzaidanean.

      Ifek bidali didan dokumentua ireki dut: “Asko hitz egiten duzu Estatu Feministari buruz”. Hau poza, estatuaz hitz egin nahi duen norbait! Zer pena ingelesa izatea eta ez kosmopolita. “Zer litzateke Estatu Feminista? Zer politika publiko beharko lirateke horra iristeko?”. Pozarren! Politika publikoak eta iraultza dei diezaiokegu mahai-inguruari. Jar gaitezen. “Zer politika publiko behar dira gizateria hiltzen ari diren korporazioak debekatzeko eta aberatsei lapurtu diguten guztia kentzeko? Ba, teoria demokratiko guaien arabera, maila anitzeko gobernantza sistema baten bidez, eztabaida bat ezar dezakegu, biribilean, inplikatuekin, eta ea zer dioen Monsantok. Izan ere, uste dut ez duela nahita egiten, Iberdrolak bezala, eta pedagogikoki azaltzen bazaie, ziur lurrak desjabetzeari eta herria hiltzeari utziko diotela. Behin hori lortuta, eta Estatu Feminista eraikitzeko lehen faseetan oraindik, munduko doako lan ia guztia egiten dutenen klasea desagerrarazteko unea litzateke, eta, horretarako, munduko doako lan hori guztia egiten ez dutenen eta horren onura jasotzen dutenen klasea desagerrarazi beharko litzateke, zeren eta, ziur aski, horiek ere ez baitira konturatu, eta berdin zuriekin, mundu erdia esklabo bihurtzen baitugu asmo txarrik gabe. Eta intentzioa ona bada, dio Habermasek, komunikazioak ez du huts egingo, beraz, nazioarteko komunitatea ados jarriko da, denok pozik egon gaitezen, feminismoa ez baita etsai oso indartsuak dituen borroka politikoa, ez, marketin kanpaina bat da familia osoari ondo etorriko zaion detergente berri baterako. Zeren eta, neska, feminismoa ez bada familia osoarentzat, orduan zertarako nahi ditugu detergenteak. Guk familia ororentzat, hots, komunitate osoarentzat balio duen zerbait nahi dugu, bikaina delako komunitatea, eta onena merezi duelako, txarra den oro, supertxarra den oro, komunitate kanpotik etortzen baita beti, adibidez, estatua, komunitateak sortu ez duena, kapitala, ornitorrinkoek sortua, edo polizia, apoek asmatua. Mundu guztiak daki gauza txarrak Inutilak sortzen dituela. Eta logika horri esker irabaziko du eskuinak eta faxismoa gailendu. Baina, gutxienez, termino negatibo unibertsal bat sozializatuko dugu haientzat: seņoro, eta positibo bat guretzat: seņorak. Espainiako Errege Akademiaren arabera prostitutak, emagaldu eta urdangak diren golfak (kokinak, lotsagabeak eta alprojak diren golfoak ez bezala) puta seņora urdangak izango dira orain, eta ai, alprojak!, ikusiko duzue zer nolako barreak egingo ditugun maskulinitate berriez betetako arima xaloen komunitate horretan gobernatzen hasten direnean, non zuritasun berriak ere erein ahal izango diren, nola ez. Eta arrazakeria berriak, dirudienez. Izan ere, nork izango du indarkeria legitimoaren monopolioa etorkizuneko gizarte berrietan? Indarkeria legitimo apur bat banatu dezakegu auzo-erkidego bakoitzean. Hala ere, agian batzuek bizilagunen komunitatearen barruan ere beharko dute eta, beraz, zerbitzu bat antola dezakegu indarkeria legitimoa atez ate banatzeko. Baita komunez komun ere. Eta gauza bera betearazpen arauemaile eta juridikoaren monopolio autoritatiboarekin. Egongo al da ogasunik? Zer egitura politikok, estatu deituko ez ditugunak, sortuko dituzte masiboki doako abortuak egiten dituzten mediku eta ospitaleak, eta jaiotzen ez diren ingeniari, ama, energia ekoizpen eta zubiak?”. Rikbarengatik! Hamabiak bost gutxi dira eta! Ziztu bizian utzi behar dut gela. Korrika eta presaka jantzi naiz, motxila egina dago, nezeserra sartu, Kojak piruletari haserre begiratu eta hall itzelera jaitsi naiz, non nire lizunkeria neurrigabeko azken minutuak emango ditudan. Igogailutik ateratzean, japoniar talde bat ikusi dut hiri globaletik txangoan irtetera doala, eta flema ingelesdun germaniarren beste taldetxo bat, mozkor? A, ez, ez dira alemaniarrak. Eta bai, pixka bat mozkortuta daude. Diruditena baino gazteagoak dira, baina betaurrekoak eta alkandora daramatzaten europar altu guztiekin gertatzen zait hori, berrogeita hamar urterekin jaio direla ematen du eta. Iparraldekoak direla esango nuke. Atondoaren aurreko larru beltz nabarmeneko sofa luzeetan eseri dira. Jaiki egin dira. Berriro eseri. Harrerako zerbaiten zain daude, tonua pixka bat igo dute, ez gehiegi, altxatu, eta harrerara hurbildu dira berriro, baina batek japoniar taldearekin topo egin du (iraintzeko orduan duten diskrezioagatik dira ezagunak japoniarrak, ia euskaldunak bezain diskretuak, zerikusirik ez katalanekin), barkamena eskatuz pasatu da taldearen erditik, eta besoak trakets mugitu ditu hotelaren aurretik dezibelioak topera pasatzen ari den auto garesti eta turkesa horren erritmoan. Badakizue iparraldeko europarrak ez direla gai garagarrean, lupuluan eta legamian arrautzeztatuta ez dauden esperientzia estetikoak izateko, eta horrek ez dio laguntzen bizitzaz gozatzeko duten erabateko gaitasunik ezari, batez ere suediarren edo norvegiarren kasuan. Angelaren beste bisita baterako utziko dugu suitzarren ezaugarri den depresio organikoa, eta haien azal lodi diruduna. Baina egia da ez ingelesek ez poloniarrek ez dutela iparraldeko muturreko txepelkeria partekatzen, nahiz eta denek duten nolabaiteko zailtasuna Europako hegoaldean eta, oro har, munduan parranda esaten zaiona ulertzeko. Europako iparraldean badakite txilio egiten eta iraintzen, baina parranda esaten dena... gaizki parrandatzen dute eta botaka asko egiten dute. Eta hori egitear dago norvegiarra, beharbada suediarra, daniarra?, bere kideen oinetakoen gainean.

      Orain argazkiak atera behar dizkiet egun hauetako taxi txartelei, Angelaren bisita finantzatu duten erakundeei pasatzeko. Badakit gaur hotel herrikoi, nano eta gris batean amaituko dudala eguna, non ezin izango ditudan bi urrats ere egin gelako atearen eta ohearen artean, eta ez ditut berriro ikusiko bainu-txano polit horiek, bi kizkur ere estaltzen ez dizkidatenak, ezta txanoen ondoan jartzen dituzten exekutibo burusoilentzako orrazi panpoxak. Beraz, hemendik aurrera nire bizitzak okerrera egingo du, baina dena ekologikoagoa eta jasangarriagoa izango da. Beraz, hurra! Igogailutik irteten ikusi dut azkenean. Hau lasaitasuna lehen egunarekin alderatuta. Pena ere sentitzen dut. Pena-lasaitua. Pena amaitu delako. Lasaitua itzel amaitu delako. “Zer moduz egin duzu lo gaur, Angela?”. “Oso ondo”. “Ederki, orduan”. Gurpildun maleta hartu diot, eskertu dit, eta harrerara hurbildu gara. “Dena ondo?”. “Dena primeran”. “Eskerrik asko”. “Eskerrik asko zuei”. Guztiei agur esan eta irteerarantz abiatu gara. “Zer interesgarria iruditu zitzaidan atzokoa, gobernuarena”, dio apur bat harrituta eta lasaituta. Angelak pozik eta ase dirudi egun hauetan gertatu den ezagutza eta enpatia transferentziarekin. “Eta azoka, zirraragarria, eta gaztez betea”. Transferentzia politikoa, izan enpatia izan ezagutza, itxuraz bananduta dauden gauzak erlazionatzean datza, hala nola Xi Wang Mu boterearekin, boterea balioarekin, balioa gaitasun epistemikoarekin. “Zein ondo Shivarekin egon izana”. Shiva, bizitzaren jainkosa, Ana Maria eta Mariņa errealitatearen jainkosekin, betiko lotuak, aldi berean, Angela Davisi eta Esther Salinasi, berezko baliorik gabe ez baitago borroka kolektiborik eta borrokarik gabe ez baitago bizitzarik, ezta erretirorik ere. “Asko pozten nau gozatu duzula ikusteak”, eta irteerako atera goaz; Momotxoferra ikustean tristura izugarri eta alai batek urpetu dit toraxa. Alaia, gozo erori zaidalako, eta tristea, ez dudalako berriro ikusiko poliziari eta epaile espainolei deitu ez dien jaun dotore eta atsegin hau. “Begira, autoa hor daukagu, zu aireportura eramateko zain”. “Ze ondo”, erantzun du. Tristura dut oraindik, Etorkizuna badoa. Badoa Etorkizuna. Denok ikasi beharko genuke tristura eta alaitasuna hobeto uztartzen, diote psikologiako eskuliburuek. Baina, egia esan, poztasuna eta ostia txarra uztartu behar dira ondoen. Izan ere, nola iritsi gara honaino? Pozez salteatutako ostia txar tonekin. Eta ez dago gure alaitasun diziplinatuak baino gehiago haserretzen dituen ezer, poza, itxaropena bezala, diziplina bat delako, baina jendea mugimendu feministara joan beharrean psikologo freudianoetara joaten da, alai egoten uzten ez dien trauma bat dutela uste baitute, eta, aldiz, Kentucky fusil bat da ipurditik sartuta daukatena, gobernatzen hasteko atera eta kargatu behar dutena. Eta amets amerikarreko brisa hau? Angela izango da. “Zu ez zatoz?”. Angelak uste zuen berarekin joango nintzela aireportura. “Ez noa, ez. Gaur arratsaldean mahai-inguru bat daukat Pompeu Fabran”. “Atzo izan ginen unibertsitatean?”. Ez daki ze liburu idazten dituen eta zein unibertsitatetan den honoris causa doktorea. “Bai, horretan”. Eta kotxerantz azeleratu beharrean, au revoir noranzkoan, gelditu eta begira geratu zait. “Aizu, liburu hori nahi dut”. Ez dakit zein den “hori” ziurtasunez, baina etenik gabe estutu nahi dut nire heriotzaren egunera arte. “Bastartena?”. “Bai, hori”, eta irribarre eder batek blaitu ditu bere masailak. “Bidal iezadazu”, eta besarkatu egin gaitu. Zeren hemendik aurrera ni ere anizkoitza eta nahaspila bainaiz. Buladez eta holobiontez gainezka dagoen orainaren borroka ikaragarri honen parte. Agur esan du. Etorkizuna badoa, hiru belaunaldik eskoltatua, bihotz hilak hortzez erauzteko, koloreztatzeko eta ostadar parrizida baten antzera astintzeko trebatuta eta prest dauden hiru belaunaldi, prest garrantziaren eta balioaren esfera bularrarekin zabaltzeko, bestelako solaskideak, munstroak eta dragoiak barneratzeko. Bizitza astintzeko. Eta baimenik gabe munduratzeko.

      Hala ere, etorkizuna berriro ikusi nahi badugu, radarra inkonbenienteki zabaldu eta infernutik babesten gaituzten zuhaitzen garrasia entzuten ikasi beharko dugu, baita gogor putz egiten ere, baso-suteek merkataritza-guneak suntsitzeko eta esfera publikoa panda hartzez eta bdsmez buxatzeko. Arnesak banatu beharko zaizkie intentzio oneko habermastarrei, elkarren artean garrasi atsegingarriz penetra daitezen, arau nahasiekin eta neon-tutuekin, inoiz adostasunik izan ez duen zentzu komun viktoriarrak agintzen duenaren kontra. Mikrofisika ahozikin bat asmatu beharko dugu, espezieak beren hizkuntzan irainduko dituena eta beren burua jainkotzat duten leloei koplaz erantzungo diena. Erleak produzitu beharko ditugu senarren ordez, eta transmutazioaz eztabaidatu mikrobionteekin, likena ez baita inoiz bere buruaren berdin-berdina izan, baina beti izan du arrazoiak baino jakituria handiagoa, eta horregatik daude laku gaziak eta gatzik gabeko itsasoak, mundua artikulatzen zuten ziurtasunek jada ezin dutelako mundua azaldu. Horregatik dago gure aroa paradisu espetxeratuez haurdun, zarataz eta ebidentzia hautsiez betetako gortasun hori etenik gabe zulatuz.

      Kontakizuna zaindu behar da. Zentzuan egon baita beti krudeltasuna.

      Zaindu dezagun zentzua biharamuna balitz bezala. Biharamuna materia semiotikoa delako, zeuen lepoetan gauza bururaezinak xuxurlatuko dizkizuen materia, eta ez da berriro ezer pasatuko sekula gurea izan ez den Nitik, ezer ez beti haiena izan den Zeratik, ezta beti menderakuntza izan den SuperNitik ere.

      Oro, gainbalio oro, heriotzaz eta bakez egina da.

      Bake soziala.

      Horregatik izango da beti haien bakea gure gerra baino krudelagoa.

      Entzuten ari zareten behe-maiztasuneko soinu hori, moteltzen zaila dena eta norabide guztietan hedatzen dena, espezie berri baten melodia da; handiago sentitu ahal izateko bizitza txikitzen dutenak irentsiko ditu hainbat hamarkadatan. Benedetti parafraseatuz, ez baitago Bizitza garbitzeko belakirik, eta xaboitu ahalko bazenukete ere, eta gero itsas baldeak eta baldeak bota, eta eguzkitan eseki lehortu dadin,

      beti geratuko lirateke bastartak,

      gure armarri gure errimel gure betile distiratsuekin,

      amorruz eta pozez beterik, eguzkiak oraindik arnasten baitu, eta ez da Apolo, zeina taldean bortxatuko baitugu, emakume izatea zer den jakin dezan,

      dinamitatu arte joko dugu takoiez, bat izateari utzi eta mila eguzki bihur dadin, kosmos osoa argitzeko biraraziko ditugun eguzkiak. Lurralde ulergarri oro geureganatuko dugu, nahasmen bihurtuko, eta, iskanbila horren erdian, irudimenaren jainkosak hedatuko ditugu.

      Eta, orduan, etorkizuna egongo da berriro.

      Ez ginelako bart jaio, gure bizarrek zazpi milioi urte dituzte, eta zeru-hauts jaio baina lirika bilakatu zen kontakizun honek milioika gehiago. Izarrek ez omen dute bizitzarik eta ez omen da existitzen zerumugarik. Baina guk arras ongi dakigu nora goazen. Inoiz ez nora iritsiko garen. Baina bagoaz,

      biharamuna konposatuko duten materia organikoez betetako bagoiak herrestan eramanez. Historiaren trenak eta zalgurdi amaigabeak. Hazien Buladek bultzaturik, hor doaz kontrabandistak eta abeltzainak, aitaren dastarrak hankartean, sariak buruan, ileapaindegiko Buladei gerritik lotuta, beren txirikorda beltz amaigabeekin eusten diete zoriaren gobernariei, oraina laberatzen duten ukiezinak, pisuko eta kaleko zerbitzariak, pitbullak bezala apainduak, beren sutondoa defendatzeko beti prest. Urrutian ikusten duzuena ez dira ipurtargiak, zuziak eta atsoak dira, ilargia eta kometak pizten, Alpeak eta aduanak tiroka zeharkatzen, pausoz pauso, hurrengo belaunaldiari eskobekin eta biberoiekin elkarlotuta.

      Ezkerreko hegalean, putak eta lotsagabeak, maitasunaren Buladek babestuak, eta, erdian, ziurtagiririk gabeko kategoriekin eta kemenarekin bultzaka, amak eta castratiak, migratzaile autoktonoak denak, zeren eta, noren sorterria da subalternitatea?

      Eta nor ez da ba bertakoa, humanitatea esaten dioten gorotzezko txapuza honetan?

      Eskuineko hegalean, segurtasunik, bularrik eta eskubiderik gabe, prekario berriak, zangoez eta altzairu herdoilgaitzezko atzazalez odol fresko eta zahar lerdetsuen istorio hau zanpatuz, pubertaroko Buladek suspertuak, haserretuak eta kaputxadunak, azidozko eskularruekin doaz aztarnarik ez uzteko, familia zintzoek negar egingo dute beren seme-alabak kaskamotz ikustean, tutuekin, hortz xaflekin, barrikada bihurtu ziren begiradekin, mugak eta hesiak eskalatuz, hodeiak erauziz eta haur parkeetan eta banketxeetan odolustuz, dena beteko dute esperantzaz eta diziplinaz,

      ezkontza eta meatzaritza bezalako erauzketa industriekin akabatzean.

      Arrokek bidea azkartuko dute eta ibaiek, itsasoek eta goi-lautadek gurekin bat egin nahiko dute. Hemen Bizitza guztiona delako. Eta Edertasuna tematia.

      Eta guk nahi duguna Etorkizun Eder bat da.