2024ko maiatzaren 26a
Gaur Pompeu Fabra Unibertsitateko honoris causa doktore titulua emango diote. Aspaldi izendatu zuten doktore, baina covidak diploma jan zuen eta orain berriro emango diote. Kotxe ofizialean joango gara gaur Pompeura, unibertsitateko txofer ofizialarekin, lehen begiratuan Momoren gizon grisa dirudienarekin. Nire unibertsitateko txofer ofizialak Bizkaibus du izena, eta bere langileek greba egiten dute hiru hilean behin. Pompeura iristen ari garenean, bizkortu, prestatu, eta lehena atera naiz autotik, atzetik doan Angelari atea irekitzen saiatu naiz, baina berak lehenago ireki du, atera egin da eta poltsa eskulekuan lotu zaio, askatzen dudanaren plantak egin ditut, baina ez dut askatu, bakarrik askatu delako ni lanik gabe utziz. Inutila bilakatuko al naiz? Ez, Davisek poltsa eramateko eskatu dit. Kamerak eta kamera gehiago, prentsa taldea inguratu zait, kabineteren bateko burua, baztertu egin gara errektorearekin argazkiak atera diezazkioten, aldendu egin gara berriro eta unibertsitatean naturalean sartzen grabatu dituzte kamerek Angela eta errektorea. Ekitaldia egingo den auditoriumera iritsi aurretik, tour bat egin digute fakultatean zehar. Lehenengo, barruko patioa, gero Tapies aretoa, “materiaren eta espirituaren arteko muga lausotzen saiatzen den espazioa da, gizonaren eta naturaren artekoa”. Garai hartan emakumeak oraindik ez zirelako existitzen. Espazio artistikoa da, azaldu digutenez, margo ederrez inguratua eta mausoleoa amaieran, sokaz eginiko aulkiak daude hormatik zintzilik eta solemnitatea lideratzen, koadro erraldoia. Espazio lasaia da. Purua. Mistikoa. Unibertsitateko gela bat simulatzen saiatzen da. Jendeak uste du unibertsitatean gauza sublimeak egiten direla eta, egia esan, egun osoa ematen dugu trafiko epistemologikoa eta sexu erasoak kudeatzen. Baina errektoretza talde osoa emakumeak dira, eta hori pauso bat da. Orain gainontzeko emakume guztiak falta dira, lodiak, mairuak eta transak, gobernu taldeko ez-zuri bakarra ez baitute ikusten oraindik, eta hori gonatzat bandera palestinar bat daramala. Belarrira esan dit, behi bat begitik zintzilik jarri arren, ez dutela ikusten. Zuria izan gabe ikus zaitzaten, erailketagatik akusatu behar zaituztelako, bat laurogei neurtu, Black Panthers-ak liluratu, terrorista izan, estatubatuarra eta, hiltzear zaudenean, munduko manifestazio masiboei esker salbatu. Orduan jakina ikusiko zaituztela. Herrialde osoko kamera guztietako foku guztiak jarriko dizkizute munduari erakusteko zein handia zaren, nola munduak terroristatzat jo zintuen eta nola munduak orain txalotzen zaituen, munduak berriro ere terroristatzat jo aurretik. Arauak eta sen ona jarraitu behar omen dituzu maitatua izateko, baina munduak inoiz arauak bete ez dituztenak baino ez ditu txalotzen. Eta sen onari jarraitu izan bagenio, inoiz ez litzateke egongo emakumeen errektoretza talderik, ezta doktoregai beltzik ere zientzia ekoizten. Bulego batean sartu gara, ez, bulegoko harrera-gelatxoaren aurre-gelatxoa da, aurrera egiten dugu harrera-gelatxotik, errektorearen benetako bulegora daramana. Izan ere, hirutan banatu, Fibonacciren segida osoarekin biderkatu eta panderoan suzko isats batekin amaitzen diren bulego fraktalek zirrara eragiten didate. Panderotik komunera iristen zara, errektoretzako aldagelara eramaten zaituen beste ate batetik igarota; bertan dutxatu daitezke funtzionarioen, irakasle atxikien, kolaboratzaileen eta ikerketako errektoreordetzak botatako kreditu hiltzaileen arteko zelai beteko batailaren ostean, non borroka etengabean dauden polizia eta tasa gutxiago eskatzen dituen ikasleria. Kalejira gutxiago (talde proiektu deituak) eta diru gehiago, erantsiko nuke, izan ere, “zertarako hainbeste utopia hausturarik gabe, jakituriarik gabeko hainbeste erudizio”.
Eta zertarako hainbeste takilla izerdirik ez badago?
Ze komunera daramaten takilla mordoa dute hemen, komunontzi eta konketa zerrendaz gainera, Athletic errektoretza taldearentzat. Egiazki, takillen eta konketen Buladentzako elizbarruti bat da hau. Komunontzien Buladek jakinarazi didate, harreman luze eta estua dut haiekin, urteak eman nituelako komunak garbitzen ostegunetik igandera, bekak lortu eta goi hezkuntzako erakunde diziplinarioek ondo orraztutako bastarta bilakatu ninduten arte. Prakak jaitsi ahala, komunean itxita geratzen naizela imajinatu dut, baina nire Buladek sabaiaren eta horma bereizlearen arteko tartetik irteten lagundu didate, eta aldameneko komuneko zuloan erori naiz, ito egin naute, eta pixaz blai berragertu naiz takilla batean, zeinak txistu jarioan Kataluniako Mirarien Herrialdera bidali nauen, non beste sei konketa, Tapiesen hamaika koadro eta katalanaren hiztegi orokorra agertu diren Pompeu Fabra autorearen ondoan. “Zer moduz, Fabra jauna?”. “Bai, beno, normala da Pere Aragones triste egotea hauteskundeak galdu dituztelako”. “Oso gaztea da, errektorea bezala”, esan dit. “Orain ez zara gerra-beteranoa izan behar gobernatzeko”, esan diot. “Zer ikasten da orain unibertsitatean?”, galdetu dit Fabrak axolagabe. Eta aireportuan zuzendu nuen zientzia politikoko hirugarren mailako talde lana pasatu diot. “Greska deitzen da taldea, ohartarazten dizut”.
“Hurrengo lanean, estatu utopiko feminista berria nola garatu behar den azalduko dugu. Subjektua ardatz hartuta hasiko dugu lana, gizon eta emakume klase sozialekin amaitzeko beharra justifikatzeko. Maskulinitatearen abolizio prozesu horren deskribapenarekin jarraituko dugu, diktadura iraultzaile militar feminista ezartzen hasteko, non klase sozial feministak indarkeriaren monopolioa lortuko duen”.
“Baina hezkuntza da eraldaketa guztien oinarria, Jule”. “Badakit, Pompeu, badakit. Eta ikasleek ere badakite hori”:
“Jarraian, ikastetxeak deituko ditugun diziplinatze erakundeak deskribatuko ditugu, non pedagogia feministaren bidez, neurri biopolitiko gisa, subjektua feminitatetik eta maskulinitatetik askatuko dugun. Subjektua berrasmatzeko helburuarekin. Foucaulti zor dizkiogun hainbat kontzepziotatik abiatzen gara, batez ere subjektua denbora eta gorputza kontrolatzeko mekanismoen bidez sortzen dela, azken helburua hura gizarte-bizitza ‘normalean’ txertatzea izanik. Boterea errepresiboa dela uste dugu, baina, aldi berean, subjektu eta errealitate politikoak sortzen dituela, Wittigek azaltzen duen bezala, subjektuen ekoizpena erregimen politiko totalitario eta totalizatzaile batek inplementatzen duela, berak pentsamendu heterosexuala deitzen duena. Horregatik, femeninotzat hartzen diren gorputz horiek beren zapaltzailearen ‘hilketaren’ bidez emantzipatu beharko dira. Hori da Valerie Solanasek eskaintzen digun ikuspegi utopikoa. Hark zentzu literalagoan teorizatzen du nola izango litzatekeen emakumeen (scum) eta Gizonezkoen Kidego Laguntzaileen (cam) arteko antolamendu ordena bat Gizona (guk maskulinotasun hegemonikotzat hartzen duguna) hiltzeko. Solanasek, gizonaren desagertze hutsaz hitz egiteaz gain, adierazten du nola boikotatu behar dituen scum emakumeak haren asmakizun guztiak, lan-moneta sistema suntsitu, arpilatu, desantolatu eta hiltzeko deia eginez. Leviathan feminista bat sortuko dugu”. “Ongi, ongi, ikusten dut klasikoak irakurtzen dituztela”, esan dit. “Bai horixe. Hobbes irakurtzeaz gain, Garcia Marquez ere irakurtzen dute”:
“Gabriel Garcia Marquez jaunak esan zuen, kakak balioa lortuko balu, pobreak ipurdirik gabe jaioko liratekeela. Hala ere, huts egin zuen hori pentsatzean. Izan ere, behartsuak ez lirateke ipurdirik gabe jaioko, baizik eta beren gorputzaren nagusitasuna galduko lukete, eta beste batzuentzat egin beharko lukete kaka. Emakumeak bere gorputzarekin sufritu baitu hori, mozkinaren ideia bizitzaren beraren motor gisa ezarri zenetik. Balmasedatik saiatuko gara esplotazio jarraitua abolitzen”. “Baina dena ez da genozidioa, Fabra jauna”: “Balmasedan utopia sendotutakoan, leku gehiagotan babestu eta sustatu nahi dugu iraultza feminista. Horrela, amaieraren hasiera sortuko dugu, non scum berriek munduan zehar eramango duten iraultza, iraultza iraunkorraren ideia eraikiz, non scum balmasedarrak beste talde feminista batzuekin aliatuko diren, sistema patriarkal kapitalistarekin amaituko duen mundu iraultza bultzatuz”.
“Ez zait ondo iruditzen scum erabiltzea”, dio Fabra jaunak, “ezin al da katalanez esan?”.
Fabra jaunaren irudipen atsegin batekin irten naiz komunetik. Benetako bulegora itzulitakoan, harrera-gelatxotik igaro gara berriro, eta handik erdiko korridoreetara irten, eta auditorioan sartu gara. Gainezka dago. Rock star bat izango balitz bezala inguratzen dute Angela. Argazkiak, besoak luzatuta, erreklamoak, eskuak gora zabalik, liburuak airean, agurrak, begi irtenak, irribarreak, zirrara. Behingoz nire eskolta lana egin dezaket distira osoz! Eszenatokira iritsi eta banandu egin gaituzte. Tragedia. Baina bi minutura deitu dit. Hurbildu eta bere mugikorra eman dit, zeinarekin harreman anbiguoa duen, utilitarismo anglo-analitiko apatikoaren eta amets amerikarrarekiko mespretxu etsituaren artean dantzatzen dena. Azkenean, honoris causa doktore egiteko ekitaldia hasi da, errektoreak ongietorria eman dio Angela Davisi, Palestinari buruzko zerbait esan du, kanpaldikoak konbentzitu ez dituena, eta elkarrizketa hasi da Monica Terribasekin. Galdera batzuk larunbatean erantzun zituenez, ez ditut hemen errepikatuko, zeren, Angelak mila aldiz errepikatu badu ere errepikapena oso garrantzitsua dela, nik ez daukat Davisek duen pazientzia. Eta zuek ere ez. Lehenengo galderak intersekzionalitateari eta akademiari buruzkoak dira eta zorrotz hasi da Angela:
“Hitz egin dezagun unibertsitatearen eginkizunaz, bereziki unibertsitate publikoez, intersekzionalitatea presente dagoen gune bat delako. Beti esan izan dut horixe dela borroka sozial guztien gakoa. Zer eginkizun izan beharko lukete unibertsitateek borroka sozialen alde, unibertsitateak interes ekonomikoek baldintzatzen badituzte? Ezagutza alferrikakoa da, ez baditu bizitza hobeak sortzen gero eta jende gehiagorentzat. Zergatik da unibertsitateko errektorearen zeregina dirua biltzea eta dirua ekarriko dutenak erakartzea? Jakina, lan honetan dirua behar da, baina ez dugu ahaztu behar zein den ezagutza ekoizpenaren benetako zeregina. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiot unibertsitate honetako errektoreari, lotsa eta tristura handia eman didalako Palestinari dagokionez Estatu Batuetako unibertsitateetako errektore eta lehendakari askok izan duten rolak”. Izan ere, Estatu Batuetan sozialdemokrazia estalinismoa da, eta Palestinari buruzko erreferentziarik txikiena sedizioa, baina hau Europa da, hemen estalinistak gazte brilli-brillien aitona-amona kontserbadoreak dira, eta Europan liberala ez da kontserbadorearen kontrakoa, faxismoaren aita absentea baizik. Baietz, ilustratu liberalek gauza zoragarriak ekarri zizkigutela, eta Frantziako Iraultzaren hastapenetan jaio izan banintz, artzapezpiku eta eskolastikoen hiltzaile ilustratua izango nintzatekeen. Baina hirugarren milurtekoan gaude. Gaur egun ez gaituzte, plaza erdian, zaldi bidez zatikatzen, Inkisizioak banketxe digitalak dauzka. Nahikoa da. “Nire ustez, unibertsitatearen ahalegin nagusietako bat indibidualismo hori indargabetzea izan beharko litzateke, eta jendea modu zabalagoan pentsatzera bultzatzea. Horregatik, hain da mugatzailea gizabanakoa, indibiduoa, gure gizartearen batasun nagusia dela pentsatzea, eta ez onartzea indibiduoak kolektiboki sortzen direla, eta indibidualtasuna dela baloratzen duguna”.
Indibidualismoaren aurkako kritika hainbat aldiz egin da egunotan, Ahmedek ere hitz egin du horretaz, baina gaineratu nahi nuke emakumea ganadu izatetik kuota izatera igaro dela, indibiduotik pasatu gabe; izan ere, Almudena Hernandok dioen bezala, gizabanakoa gizonezkoa da. Eta zuria bada, are gehiago. Eta indibidualista izateko, lehenik indibiduoa izan behar zara. Saltatu ezin ditugun faseak daude hemen, ea Japoniak bezala amaituko dugun, Erdi Arotik neoliberalismora igaro baitzen sindikalismotik pasatu gabe, kapitalismo feudala deritzona sortuz. Indibidualista izan al daiteke indibiduo izan gabe? Ez dakit, baina badakit indibiduo izateko munduko ordaindu gabeko lan guztia egiten duen neskame hori izateari utzi behar zaiola. Lan hori familian egiten da, klase borroka sartzea ezinezkoa den horretan, ez gorputza, ez umetokia, ez bularrak ez baitira desjabetu zaizkigun bizitza sortzeko produkzio baliabideak. Ez, zera! Badirudi eskuekin eta arimarekin egiten dena bakarrik dela produkzioa, eta produkzioak bakarrik du balioa, eta horregatik pasatzen ditut nik balioaren teoria batzuen interpretazio batzuk bularren artetik, eta emeki-emeki sartzen ditut umetokiraino, produktiboki urkatu arte, Maria Miesek egin moduan. “Indibidualtasuna lantzera adoretu beharko genuke herria, baina indibidualtasuna ez da posible indibidualismoaren hedapen ideologikoaren baldintzapean; izan ere, indibidualismoak indibidualtasunaren aurka egiten du beti. Eta interesgarria da indibidualtasuna indibidualismoaren emaitza dela onartzea, baina indibidualismoak ez du berdintasunik sortzen”. Eta ezin da berdintasunik egon gizartea familia izeneko ekoizpen gune eta desjabetze polit horren inguruan antolatzen bada, Adriana Guzman feminista aimarak dioen bezala, “familian ikasten baita lehendabizi gorputz guztiek ez dutela balio bera”, etxean gertatzen da balioaren lehen zatiketa. Lehen lan zatiketa. Menderatze materialaren lehen banaketa produktiboa. Horregatik ez dago ezer politikoagorik komuneko zikinkeria ikustea baino. Beno, bai, badago, komuneko zikinkeria ikusten ez duten izakiak ekoiztea. Zeren, ikusten ez dutenez, ezin baitute garbitu. “Indibidualismoak ez du irudimena sustatzen, eta behar duguna, batez ere honelako aldi batean, pentsalariak eta artistak dira, intelektualak, irudimenaren prozesu kolektiboan parte hartzen duten langileak”. Jainkosak, Buladak eta giza holobionteak sortzeko irudimena (orain bai, Wikipedian begiratu beharko duzue). Sarrera gisa, jakin, neodarwinistek eta familiaren foroak berdin gorrotatzen dutela holobiontea. Honek zantzu asko ematen dizkizue. Bizitzaren jainkosa, Xi Wang Mu, Lurrean bizi diren organismo bizien holobiontea da, eta etengabeko iskanbila du materia ez-organikoarekin, zeren, ea, nork erabakitzen du zer den bizitza? Monsantoz gain, esan nahi dut. Birusak bizirik daude ala materia ez-organikoa dira? Ba, segun, holobiontea tentsio dialektiko bat baita, orain azaltzeko astirik ez dudan kuir dialektika bat, baina inoiz ez dago bakerik, zeren eta, zer da egiazki bizitza? Nirea, betiereko gatazka. Eta zuen immunitate sistemari galdetzen badiozue, zuena ere bai. Eta nor da bizitza, gatazka, bakea eta gerra batzen dituen jainkosa? Errealitatearen jainkosa, zeina, hemen eta orain, Ana Maria eta Mariņa diren, bihar nork daki, bat ez baita jainkosa, edo ama, bat eta berbera, bizitza osorako, hori kontraesanik ezaren eta identitatearen logikara itzultzea litzateke, gizabanako modernoa eta fisika klasikoa sostengatzen dituena, eta gu holobionte kuantikoak gara jada eta, modernoen zoritxarrerako, holobionteak ezin dira erraz katalogatu, muga holobionteak baitaude, liken transak bezalakoxeak, mikrohabitat bat direnak, non onddo, mikroalga eta bakterio espezie anitzek sistema sinbiotiko korapilatsu bat sortzen duten. Eta hori izango litzateke, ladies and drag queens, etorkizuneko gizabanakoa, bastart transholistikoa. “1950eko eta 1960ko hamarkadetan eta lehenago borrokatu zirenak, beren borroka askatasunaren aldeko eta eskubide zibilez haraindiko borrokatzat hartu zutenak, askatasun politiko eta ekonomikoaren eta, bereziki, askatasun sozialaren alde borrokatu ziren, askatasun estetikoaren alde. Borroka horiek pertsona arrunten kopuru handi bati esker bakarrik izan ziren posible, eta pertsona horien izenak ez ditugu ezagutzen, historialariek ez dituztelako erregistratu. Baina haiengatik aldatu ziren baldintzak Estatu Batuetan, ez Abraham Lincolnengatik, esklaboak ez baitzituzten askatu, ezta Kennedyrengatik edo Johnsonengatik edo irudi ezagun horietakoren batengatik, jende arruntarengatik baizik. Beti gustatzen zait adieraztea eskubide zibilen aldeko mugimendu gisa ezagutzen dugunaren ekitaldi nagusia 1955eko Montgomeryko boikota izan zela, autobusen aurkako boikota. Eta nortzuek parte hartu zuten boikot horretan? Beltzak izan ziren, emakume beltzak, etxeko langile ziren emakume beltzak, eta inoiz ez dira aitortzen arraza bereizketaren erregimena desegitearen sustatzaile gisa”. Noski, inoiz ez zirelako indibiduotzat hartuak izan, eta “izaki anonimoen oroimena ohoratzea pertsona ospetsuena ohoratzea baino nekezagoa delako”, zioen Walter Benjaminek, Angela Davisen erreferentzietako batek, Frankfurteko Eskolan hasi baitzituen bere ikerketa filosofikoak, Adornorekin eta Marcuserekin. Nik kontatzen dizuet, ez baitut uste Monica Terribasek Marcuseri buruz galdetuko dionik apur bat randoma den baina disfrutatzen ari naizen elkarrizketa honetan. Orain Terribasek kapitalismo digitalari buruz galdetu dio, datuen erauzketaz, aizu, hau beldurgarria, hau kontrola. “Enpresa handi horiek gure datuen jabe dira, bai, eta beren helburuetarako erabiltzen dituzte, eta horrek eragina izan dezake gizarte mugimenduek antolatzeko duten gaitasunean. Beraz, noski, oso kezkatuta nago, baina, aldi berean, gogoan dut oso kezkatuta nengoela fbik gure telefonoetan esku hartzen zuenean. Esan nahi dudana da gaur egun bizi garen mundua oso desberdina dela, eta komunikazio teknologia berriek baldintza berriak sortu dituztela, eta askotan esaten dugu egin behar duguna teknologia horiek alde batera uztea dela, baina teknologia horiek dira gure bizitzako baldintzak gaur egun. Jakina, batzuetan urrun sentitzen naiz, ez bainaiz asko egokitu sare sozial berrietara, baina onartzen dut mobilizatzeko baliagarriak direla”. Bada, biotatik ez naiz ni azken belaunaldiko super iPhone bat daukana, Apple iPhoneren super hodeian argazkiak partekatzeko asmoa zuena, eta ezin izan duena, norbaitek, gazte eta mardula, patata mediokre bat duelako mugikor gisa. “Lan asko egiten dut espetxeetan, eta 1970ean espetxean sartu nindutenean, ez nintzen konturatu hori nire bizitzako lana izango zela, baina orain oso eskertuta nago esperientzia hori izan nuelako, oso gogorra izan bazen ere. Orain oparitzat jotzen dut, bizitza intelektual eta politiko oso ona izateko aukera eman didan ibilbide baten hasiera izan zelako. Gutako askok kartzelak, atxilotze zentroak eta polizia indargabetzeko eskatzen dugu, baina, aldi berean, ez gara zerbait abstraktuaz ari, kapitalismoari amaiera emateko deia egiten baizik, ezin dugulako imajinatu erakunde errepresibo, arrazista eta heteropatriarkal horien mende ez dagoen mundu bat kapitalismoaren baldintzapean”. Eta horregatik dago nire bandoan, heteropatriarkatua esaten duelako, eta ez sexu/genero sistema hain lerden, erredundante, izukor eta despolitizatua. “Beti esaten dudan bezala, ez dut nahitaez ikusten feminismoa generoan soilik oinarritzen denik”. Horregatik ez dugu erabiltzen sexu/genero termino ganorabakoa, ongiaz-eta-gaizkiaz-haratagokoa, pretentziosoki neutroa eta distantziakidea. “Mugimendu transen eragina izugarria izan da, eta beti gustatzen zait adieraztea haren inplikazioak genero gaietatik harago doazela, zerikusia dutela normaltzat jotzen dena zalantzan jartzeko moduarekin, askotan gure ezagutzaren funstzat hartzen denarekin” eta, horregatik, xix. mendearen amaierako bigarren olatu feministan geratu ziren andreak ez dira transfoboak zaharrak direlako, ezpada eskuinekoak direlako. “Toni Morrison nire lagun oso hurbila zen; berak zioen askatasunaren funtzioa besteen askatasunaren alde borrokatzea dela, ezin dugu guk geuk askatasuna esperimentatu besteen askatasunaren aldeko borrokan parte hartu gabe. Palestinar herriak pertsona asko bultzatzen ditu altxatu eta borrokatzera mundu osoan, eta horrek, jakina, askatasuna zabaltzen du guztiontzat. [...] Premia eta pazientzia kontraesan baten aurkia eta ifrentzua direla pentsa genezake, baina premia eta pazientzia behar ditugu. Eta bietara jotzeko aukera izan behar dugu, presarik ez bagenu, aukerarik ere ez legoke-eta ideia hauek hemendik 30, 40, 50, 60, 70 urtera entzungo liratekeela imajinatzen hasteko. Justizia sozialaren ikuspegitik, une honetan bertan atzeratu ezin den zerbait zera da… tira, ezin du ezerk itxaron. (Barreak) Oraintxe bertan borrokatzeko premiarik ez bagenu, ez legoke aukerarik etorkizunean nahi ditugun aldaketa erradikalak irudikatzeko ere”.
Txalo zaparrada batek zeharkatu du entzuleria, batzuk altxatu egin dira, txaloak eta txalo gehiago, dena Fira Literalean baino apur bat eratsuago, neurtuago eta normatiboago. Horretarako gaude eroapena, neurritasuna eta normalitatea sortzen dituen hezkuntza erakunde batean. Prestatu duten jangelara joateko, salbu irten behar dugu auditoriumetik, nire eskolta papera berreskuratu dut, eta bidean piloa eskoltatzen dut, jende asko dagoelako gauzak eskatzen, Cassandrak ez emateko esan didan gauza horiek guztiak eskatzen: argazkiak, sinadurak, sarbidea. Bartzelona katalan eta independentistatik espainolez mintzatzen den Bartzelona globalera igaro gara, globala armada nazionalak dituena delako eta ez nahi duena. Dena fakultate beretik irten gabe. Bigarren solairura igo eta jantokia izango den ikasgelan sartu gara, eta han berriro agertu naiz Bartzelona katalan eta partikularrean. Cassandraren manamenduak desobeditu ditut eta bi ikasle palestinar sartu dira gelara, Davisekin elkartzeko eta unibertsitateko kanpaldietan Israelgo genozidioaren aurka egiten ari direna kontatzeko. Kanpaina bat abiarazi dute, munduak ez dezan ahaztu segundo batez ere han gertatzen ari dena, eta Davisi sinatzeko eskatu diote. Ni ere Bartzelona bezala nago pixka bat, korridore batean Kevin Costner naiz, Whitney Houstonen bizkartzain, eta hurrengo korridorean euskal filosofoa (partikularra, euskaldunok ere ez baitugu armadarik), edo La Kaladan zeharo integratutako ameba porreta.
Mediterraneoan egonik, kostaldean, munduko eminentzia batekin Tapiesen “aula boreala” ez den ikasgela arrunt batean egitea otordua, eskola arrunt bateko aulkiekin, mintegi akademikoko mahaiekin, arbel aseptikoarekin eta psikiatrikoko argi fluoreszenteekin, ohitura mainstream bilakatzen hasi da, nahiz eta nik Pompeu Fabrari bakarrik otu zekiokeela uste nuen. Beno, eta ingelesei. Egia da Pompeu Fabra Unibertsitateak zenbait gauza partekatzen dituela izpiritu anglo-yanki-saxoiarekin, adibidez, pragmatismo estetikoa. Horregatik, ez da kasualitatea gela aseptiko eta fluoreszente batean jan nuen lehen aldia Ingalaterran izatea. Inoiz ez nuen lehenago katedradunik ikusi barazki plater baten aurretik pepinotxo sandwich bat aukeratzen. Hura lehen aldiz ikusi nuenean hogei urte inguru nituen, orain ohitu egin naiz eta arnasa ez zait mozten, oso tolerantea naizelako. Ez da Ingalaterrako estratifikazio sozialaren sisteman oso gora egin behar duzula, katedradunen gainetik, jaten duzun sandwich kopurua murrizteko, ez, logika hori Europa kontinentalarena da. Ingalaterran, eskala sozialean zenbat eta gorago igo, orduan eta gehiago zatitzen dituzte sandwichak. Cambridgeko King's College-n, britainiar inperioko errege familia guztiek ikasten duten tokian, Elizabeth erreginaren ondorengo guztiek barne, sandwichak jainkosen kabiarrak balira bezala zatitu eta apaintzen dituzte. Ez dizute zerbitzatzen izokin freskorik edo eskualdeko barazki menestrarik (Eguberriak ez badira). Ez. Inperio britainiarraren unibertsitatean sandwichak jaten dituzte eta zatitu egiten dituzte erregearekin hitz egiten duzun bitartean trabatu ez zaitezen. Munduko finantza inperioa dira, eta beren erregetzak sandwich zatituak jaten ditu, eta txundigarriena ez da sandwichari letxuga hosto bat jartzean barazkia jan dutela esaten dutela, baizik eta, frantsesek bezala, gurinarekin kozinatzen dutela nahiz eta dirua izan. Ez denek. Ez dezagun orokortu. Gauzak konplikatuak dira, baina sinplifikaziorik gabe ez genuke zuhaitzik izango, ez baitago zuhaitz bat beste baten parekoa. Beraz, sinplifikaziorik gabe ez genuke izango ingelesik edo espainiarrik, are gutxiago galiziarrik; aldiz, ingelesek, denek, uste dute frantsesek ilustratuki jaten dutela eta haiek imitatzen saiatzen dira, baina, errealitatea imitatzeari dagokionez, izan gosariak edo izan gerrak, aspaldi irabazi zien haien koloniarik oparoenak, yankiak, gastronomiarik ez duenak, toki eta kasu arraro batzuk kenduta. Beraz, ez dago zer esanik, han jaio ez garelako jainkosei eskerrak ematea besterik ez, eta eskerrak Pompeuko talde zoragarriari ere, Angela bereziki ondo tratatzen ari baitira, ikasgela batera bazkaltzera eraman gaituzten arren, segur aski, gure erruz, agenda estua dugulako. Ordubete besterik igaro ez denean, Davisengana hurbildu naiz, aulkiaren eskuineko aldera makurtu, hitz egiteari utzi arte itxaron, eta hotelera joan behar dugula esan diot. Okey erantzun du. Jaiki egin naiz, gainerako mahaikideek bazekiten bere eskuinean kamuflatuta nengoela, nahiz eta ile mataza bat bakarrik ikusi, eta joan egin behar dugula azaldu dut, atseden hartu behar duelako. Denek baietz. Hori protokoloan aurreikusita zegoen, eta jende honek protokoloak errespetatzen ditu, bizitza erdia eman baitute protokoloak egiten ez-unibertsalek unibertsitatean ikasteko aukera izan dezaten, indarkeriarik jasan gabe. Egiatan, gero Generalitatean dugun bilera ordu erdi atzeratu behar izan nuen, orain ordu eta erdi izan zezan atseden hartzeko. Dena ondo kalkulatuta. Benjamin Franklin ematen dut. Inoiz ez nuke jendaurrean esango, baina denbora gehiago diraut protestanteen artean bizitzen budisten artean baino.
Unibertsitatetik irtetean, Momoren gizon grisa zain dugu hotelera eramateko. Bidean, Angelari esan diot arratsaldean bilera dugula Gobernuarekin, eta triste samar daudela, hauteskundeak galdu dituztelako.
— Noiz izan ziren?
— Duela bi aste.
— Zer gertatu da?
— Katalanek alderdi independentistak zigortu dituztela eta, beraz, psck irabazi duela. Sozialista unionistak.
— Jada ez dira independentistak?
— Bai. Bai, noski —isildu eta poliki pentsatu dut—. Beno, ez daukat argi. Badakit zuretzat Espainia osoa antzekoa dela —eta barre egin du, luze eta lasai—. Baina hau beste herrialde bat da, ez du zerikusirik nirearekin, eta batzuetan galdu egiten naiz, han ia berrogeita hamar urte baitaramatzagu berdin bozkatzen, etarekin edo etarik gabe, galekin edo galik gabe, krisiarekin edo krisirik gabe —eta haren begiak bekain irribarretsuekin batera altxatu dira.
— Badakizue zer nahi duzuen.
— Bai zera! Agian, nahi ez duguna. Hemen, uste dut ez dituztela nahi independentzia gauzatu ez zuten alderdi independentistak. Baina sozialismo katalanaren zati batek ere, une jakin batean, independentzia bozka dezake. Oso fluidoak dira.
— Zer egin zuten gaizki alderdi independentistek? —gida kulturala ere izan naiteke, batez ere kultura politikoa eta gerra tartean badaude.
— Erreferendumaren ondoren Espainia haiekin independentzia negoziatzera eseriko zela uste zuten, Espainia demokratikoa dela uste baitzuten. Ea, katalanei asko kostatzen zaie ulertzea zibikotasuna zibikoa ez dena kanporatuz eraikitzen dela, baina orain arte euskaldunak ginen ez-zibikoak, orain beraiei egokitu zaie, eta shock egoeran daude.
Sinplifikatzen dudala esango didate, ez gida turistikoek bezala. Baina pertsona eder hauek uste zuten on Zibikoņolek eta on Zibikolanek tragoxka batzuk hartuko zituztela Zibikoņolek lapurtutako dirua, ostutako lurrak, hizkuntza debekatua, lege bahituak eta beren subiranotasuna itzultzen zizkien independentzia akordioa itxi ondoren, eta, trukean, Zibikolanek arrazoitzeari eta elkarrizketatzeari utziko ziola, Zibikoņoli lasaitasuna emanez. Baina jakobino gaztelar-madrildarrak agertu ziren euren botijo-konplexu diskriminatuarekin, eta espetxeak eta erbesteak dena berenganatu zuten, Edipo konplexua hedatu zen eta katalanak inoiz existitu ez den familia errepublikarrera itzuli ziren.
Ez dakit zergatik ez nauten kontratatzen sereko analista politiko gisa.
— Kartzelan sartu zituzten?
— Pixka bat —espero dut Momotxoferrak ingelesez ez jakitea.
— Ba al dago inor erbestean?
— Bai, Puigdemont presidentea —uste dut sumatzen hasia dela zergatik suntsitzen diren haien artean Europako klanak berrogei urtean behin.
— Non dago?
— Munduko hiririk gris, txepel, gogaikarri eta dohakabeenean: Europar Batasuneko hiriburuan, Bruselan —aho eskuzabal horrekin egin du barre, badaki ez zaidala Brusela gustatzen, atzo hiru aldiz errepikatu bainuen afarian.
— Erbestean dagoenaren alderdiak galdu du? —Davisi kosta egiten zaio, Kataluniako gainerako gizarteari bezala, zer ostia gertatu den ulertzea.
— Bi alderdi independentistek galdu dute. Baina katalanek berdin bozka dezakete orain Espainia, orain independentzia. Pragmatikoak dira —diot temati—. Eskuinekoak liberalagoak dira eta ezkerrekoak anarkistagoak. Oro har. Euskaldunak leninistagoak gara eta ez hain jakobinoak.
Angela egona da Euskal Herrian bisitan. Bisitan espetxeetan. Badaki gure oinarria komunitatearekiko leialtasun itsu, trakets eta sendoa dela.
— Han eskuinean kontserbadoreagoak gara, ezkerrean komunistagoak. Ez dugu ia anarkistarik.
— Zergatik? —galdetu du Angelak jakin-minez.
— Ez dakit, egia esan.
— Bai gauza kezkagarria! —dio serio-txantxetan.
— Uste dut han ez dugula ongi ulertzen errealitate politikoa hierarkiarik eta botere harremanik gabe sortzearen ideia —espero dut gure gidaria anarkista ez izatea—. Hemen, Katalunian, oro har, bakean, zibilizazioan eta arrazoian sinesten dute. Han inork ez —esan diot pedagogikoki—. Euskal Herrian ez da inoiz ondo ulertu ilustrazioaren eta norbanakoaren aukera askearen gaia. Han kuadrilla eta partiduarekin jaiotzen gara. Bizitza osorako. Kuadrilla biologikoa eta kuadrilla politikoa dituzu. Horraino iristen da gure aukeraketa libre eta ilustratua —algara bat bota du aurrera begira.
Uste dut pozarren dagoela, izan ere, egun protokolario, zuhur eta mokofina aurreikusten genuen, eta vaudeville errebala izaten ari da.
— Ez dut esaten katalanak frantsesak direnik, jakobinoagoak direla besterik ez, onerako eta txarrerako.
— Gogoan dut nire askapenagatik mundu osoan egin ziren manifestazio masiboenetako batzuk Frantzian egin zirela, eta arrazakeriaren eta errepresioaren aurkako jende askok babestu ninduela. Baina Frantzian beti egon da arrazakeria. Hegoafrikan edo Estatu Batuetan bezala. Arrazakeriak kultura osoa kutsatu du Frantzian ere, nahiz eta askok oraindik aldarrikatu Frantzia demokraziaren kultura dela; baina jende askori ez diote sartzen uzten, eta Aya Nakamura abeslari herrikoiari ez zioten utzi Olinpiar Jokoetan Frantzia ordezkatzen, zer eta frantsesa deklinatzeko era desberdina zuelako.
— Ea, hemen ere arrazakeria nabarmena da, baina Espainiako Estatua ez da Frantziakoa bezain eraginkorra. Frantzian 150 hizkuntza komunitate zeuden xx. mendearen hasieran —begiak ilbete gisa irekiak eta bekaina gorantz—, baina Frantzian ondo erailtzen dute, ia alemanek bezain diziplinatuki, ez dituzte uzten herri zatiak bizirik, gero gertatzen dena gertatzen baita, begira Espainiari —interesez begiratzen dit, baina ez daki zer galdetu iruzkin horren ondoren—. Espainiak gutxiago eta gaizki hiltzen duela esan nahi dut, eta orain, iraultza jakobinoa gertatu eta hiru mende geroago, lau nazio daude bizirik, eta itxaron, zeren zazpi ere izan baitaitezke, eta Espainia Madrilera murriztuta geratu, gainerakoek joan nahi dutela esaten duten bitartean, inork ulertzen ez dituen hizkuntzetan. Ba erail ondo hasieratik —Momotxoferrak ingelesez badaki, espero dut sekreta bat ez izatea. Davisen barreak autoa urpetu du berriro, bizitzeko gogoa da.
Bere begiradak leihatiletako kristalak zeharkatzen ditu, Estatu Batuek ere asko eta gaizki hiltzen dutela baieztatzen didan bitartean. Baina europar postmodernoek baino hobeto. Bi alderdi politiko dituzte 330 milioirentzat eta hizkuntza ofizial bakarra, Europakoek metro koadroko bi alderdi politiko eta barruti bakoitzeko hizkuntza bat dugun bitartean. Izan ere, barkatu, baina aniztasuna eta aukera askea europar asmakizunak dira, nahiz eta euskaldunok ez erabili.
— Orduan, norekin elkartuko gara?
— Pere Aragones jarduneko presidentearekin, erc alderdiarekin, independentistak.
— Kataluniako independentzia prozesuaren urtean, neska beltz batekin elkartu nintzen, eta hark esan zidan katalana zela bere lehen hizkuntza, baina ez zela inoiz ordezkatuta sentitu independentzia eskarietan. Proiektu independentisten ondorioak edozein direla ere, errealitateak islatu behar dituzte, eta ez dute ideologia arrazistek liluratu ditzaten utzi behar, ezta, badakizu, kapitalismoaren iraupenaren hipotesiek ere.
— Bai, hori egiten saiatu zen ezker antikapitalista independentista, baina desagertzear egon dira.
— Independentistak?
— Ez, antikapitalistak. Beno eta indepen... —Momotxoferra independentista ez izatea espero dut.
— Gobernukoak zer dira? —eta Momokotxetik atera gara.
— Ezkertiarrak, baina tradizio liberal errepublikarrekoak.
— Ilustratuak —zein zoragarria den mundua elkar ulertzen duzunean.
— Bai, Rousseau eta Lockeren lagun zaharrak —diot hotelean sartzen ari garela.
— Marxenak bainoago, Habermasenak —dio Angelak, eta barre egin dugu, ni lasaituta, bera harro, Kataluniari buruzko nire aurreiritzi guztiak esaldi batean laburbildu dituelako.
— Hemen itxarongo dizut lauretan —eta igogailua itxi da.
Ordubeteren buruan dutxatu eta bi kohl marra jarri ditut; ez da droga, baizik eta begiak margotzeko koketok erabiltzen dugun pasta beltza. Euskaltzaindiak JJMg-ren adibidea jartzen zuen orain dela gutxi arte hitza azaltzeko, non koketak “emakume edergura, apaiņdu ta arruak!” omen. Iraintzeko ere, diskretuak gara euskaldunak. Espainiako Errege Akademiaren arabera, aldiz, “friboloa, harroputza, probokatzailea” esan nahi du coqueta hitzak, izan ere, ni ezin naiz coqueto izan, hau da, “atsegina, polit-polita, abegikorra”; gure emakume esentziak “atsegina, polita, abegikorra” den guztia usteltzen baitu, eta gaiztotasun ilun eta heze bihurtzen. Sartrek esan moduan. Freuden ondoren. Kanten ondoren. A, ez, oraintxe esan didate raek ere ezberdinkeria hau ezabatu duela eta sexistak ez direla dioen komunikatua atera dutela. Tania Verge Mestrerekin geratua nago, Berdintasun eta Feminismoetako sailburua, aurrerantzean ministroa, hotelaren aurrean dagoen taberna handi batean, non dena baita gastua eta gehiegikeria. Tabernako terrazara hurbildu ahala, ministroa ikusi dut ondoko mahaiko andre batekin solte hizketan. “Zergatik ez zara mahai berean esertzen?”, galdetu dut. “Nire bizkartzaina delako”. “A”. cupek Madrilen zituen bizkartzain moloien eta James Bonden arteko nahasketa da bere bizkartzaina. Baina melenarekin. “Zer edan nahi duzu?”. “Ura. Lanean nago”. Uste dut hemen maiteminduko dela bizkartzaina nirekin. Bizkartzainetik bizkartzainera. Handik hamar minutura jaiki egin naiz, Angelaren bila joan behar dudalako. Hoteletik irtetean, aurkeztu egin ditut, Ministroa, Eminentzia, Eminentzia, Ministroa, eta, kotxean sartzeko orduan, ministroak protokoloa hautsi du eta Jenni Bondek errieta egin dio behar ez den lekuan esertzeagatik, baina Angela Angela da, eta incel batek Catalan White Housera bidean hiltzen bagaitu, hartuko digute mendekua.
Taxian sartzean konturatu naiz taxilaria geldiro abiatu dela, zalantzati, atzeko autoari begiratu dio, guri begiratu digu, pentsatzen jarri da, martxan jarri da, atzeko autoari begiratu dio berriro, eta azkenik hitz egin du, eta “emakumeak”, “emakumeak”, bi aldiz errepikatu, eta ez duela ulertzen zergatik ez garen denak auto bakar batean joaten. Bera Ministroa delako, bera Eminentzia, eta atzean, auto horretan, Segurtasuna doalako. Baina emakumeak garenez guztiak, emakumeen kirtenkeriak egiten ari ginela pentsatu duzu.
Sant Jaume plazara iritsi gara. Irtetean, peoi, zaldi eta dorre segizio oso bat daukagu zain, defentsa posizioan. Angelak galdetu dit ea zer den atzo ere aipatu nion eraikuntza hori; “zure White Housea da, baina Katalunian”. Eta horrek grazia handia egin die kabinetekoei; zure Berdintasun ministroaren kabinetea litzateke Estatu Batuetan, Angela, horrelakorik izango bazenute. Baina White Housea da, eta kolonizatutako pentsamoldea ez da kolonizatutako nazioena bakarrik, mota guztietako subalternitatearen parte da, eta zerez egina dago subalternitatea? Txikitasunez eta automespretxuz. Feminitate koket hori bezalaxe. Beraz, emakume, nola ausartzen zara eskualdeko gobernu bat White Housearekin alderatzen? Zeren #AusartuEdoHil. Horregatik gustatzen zait nire ikasleek iraultza Balmasedako beren komunetik, beren auzotik, bertako jendearengandik irudikatzea. Horrela, aditzera ematen dute haien komuna, auzoa eta jendea ez direla zure ikasgela, zure gaztelua eta zure estatua baino gutxiago, haien jendea zure armada bezain subjektu politikoa dela, haien amak Elizabeth ii.a bezain erreginak eta Bartzelona bezalako hiri globaletako arkitektura falozentrikoa ez dela Balmasedako zuhaixka bat baino aberatsagoa, konplexuagoa edo adimentsuagoa.
White Houseko presidentea irten da Angela Davis etorkizunaren jainkosari harrera egitera. Atzetik, ministroa eta Migrazio, Aterpe eta Antiarrazismoko zuzendari nagusi Eunice Romero Rivera. “Ņo, larunbatean indartsu, e, zelako galderak”, esan dit norbaitek, jator eta bizitzeko gogoarekin. “Keinu hori, tonu hori”. “Ahalik eta neutralena izan nintzen”. Oso serio esan dut, baina albo-barreak entzun dira. “Nik argazki bat nahi dut zurekin”, esan dit Jenni Bondek. Badakit nire bizkartzain karguari diodan fideltasunagatik nahi nauela. “Argazki bat nahi duela zurekin”, errepikatu du barrez jator bizizaleak, prentsaburua da; “nik ere bai”, dio, izan ere, ez dago horrenbeste jende bizitzeko gogoarekin, fotoetan elkarrekin agertzeko. White Houseko eskaileretan gora igo, eta gela batera eraman gaituzte lehenik, zeina nanoa den Estatu Batuetako edozein komunekin alderatuta, eta zeharo zirriborratua. Margotua, barkatu. Dena da txikia Angelarentzat, zaharra eta txikia, hori baita Europa: zaharra, txikia eta matoia. Mundu modernoaren bully konplexuduna. Pinturak azaldu dizkigute. Ez dut jaramonik egin, beraz, ezin dizuet ezagutzarik transferitu. Sartu da protokolokoa, mototsa eta begi urdinekin, zu aterako zara aurrena, bera zure atzetik, gero zu, ez, nik argazkirik ez, e, bai, bai, bost izan behar duzue, presidenteak esaten du argazkietan lau baino bost hobeto geratzen dela. Oharkabean pasatzeko nire eginkizuna primeran doa. Estatuko eta nazioarteko prentsa zain dugun galeria gotiko ederrera irten gara. Klik, klik, ez egin irribarre enfasi handiz, flash, gehiegizko poza erokeria baita gure kulturan, klik, klik, eta ez jarri serioegi, klik, klik, klik, orduan emakume izateari uzten diozulako, klik, klik, irribarre estatikoa, klik, klik, flash, hiru mila urteko artea, antzinako Egiptoren estatikotasunera itzultzeko, klik, klik, flash, hierarkiarik ia aldatu gabe, klik, klik, flash, zein motela eta belaxka den progresoa. Klik, klik. Flash. Beste fetitxismo minutu bat eta presidentearen bulegora eraman gaituzte. Prentsarekin sartu gara denok, mukosak karakolarekin nola. Davisek mahai handi batean dagoen Ohorezko liburua izeneko liburu handi batean sinatu behar du. Liburu horretan ohorezko hitz batzuk idatzi behar ditu Generalitateko Jauregiak gonbidatu, eta oraindik ohore pixka bat duen jendeak. Haren eskuinean presidentea dago, eta presidentearen eskuinean, baina atzerago, ministroa, arrazismoaren aurkako zuzendari nagusia eta holobiontea. Liburu handia sinatu bitartean prentsak ezin du galderarik egin, ezer ez. Hala adostu nuen ministroarekin, Cassandrarekin hitz egin ondoren. Prentsa atera da eta laurak bakarrik utzi gaituzte, sofa beix txiki batzuetan eserita, bata bestearen aurrean, eta presidente jauna buru, besaulki txikian. Angelaren esperientziara hurbiltzeko idazten dut “txiki”. Presidentea eraikinaren historia azaltzen hasi zaigu, Angelak oraindik zer den ulertzen ez duen eraikin honena. Izan ere, berriro diot, Kaliforniatik dator, bi alderdi politiko bakarrik izateaz gain, 330 milioi biztanle dituen beste estatu handiago baten zati dira, bi alderdi politiko berberekin. Ez du ulertzen White House bat baino gehiago egotea Kaliforniako populazio ia berbera duen estatu batean, are gutxiago gainontzeko hamasei txiki-White-Housena. Hortaz, ez du ulertuko zergatik gauden denok sofa txiki hauetan eserita 1400eko gaztelu gotiko batean, 1200eko gorteetakoa dena gainera, estatubatuarrak Lur planetara xix. mendea aspaldi hasia zenean iritsi zirelako; beraz, ez zeuden Espainiako Ondorengotza Gerra amaitu zenean, 1714ko irailaren 11n. Bartzelona Felipe V.aren eskuetan erori zenean, esklaboak, genozidak eta protoyankiak baino ez zeuden. Felipe V.ak historiako lehen 155a ezarri zuen, Kataluniako Gobernua, Kataluniako Gorteak eta Ehunen Kontseilua ezeztatuz. Horregatik ez zait onargarria iruditzen 2017ko 155ak sortu zigun harridura. Presidentea isildu egin da eta zuzendari nagusiari eta ministroari eman die hitza. “Lehentasun politikoak baliabideekin eta aurrekontuen gehikuntzarekin frogatzen dira”, esan du zuzendari nagusiak, ministroak sarrera egin ondoren. “Eta ikuspegi intersekzionala ekimen guztietan txertatuz, jakina”. “Eta nola egin duzue hori sail guztietan?”, galdetu du Angelak. “Sailburu guztiak behartuz”, erantzun du ministroak. “Hori da demokrazia parte-hartzailea, guztiak parte hartzera behartzea”. Zin degizuet ez dudala ezer gehiago esango. “Gainera, sexu eta ugalketa eskubideen aldeko estrategia nazionala garatu dugu lehen aldiz”, eta triptiko koloretsu batean ilustratutako estrategiak erakutsi dizkigute. “Zein interesgarria”, Angelak, formal baina interesatua. Izan ere, normalean, pasioak, bizitzeko gogoak eta politika publikoek ez dute bat egiten gela berean. Gelatxo. “Legegintzaldiaren hasieran, Ebroko, Erdialdeko Kataluniako, Lleidako, Alt Pirineuko eta Arango emakumeek kilometro asko egin behar zituzten metodo kirurgikoarekin abortatzeko. Haurdunaldia borondatez eteteko metodoa aukeratzeko eskubidea bermatu dugu Katalunia osoan eta hilekoa eta klimaterioa lan eskubideekin lotu ditugu”. Ministroak edo zuzendari nagusiak arrazakeria instituzionalaz, hilekoaz eta lan eskubideez hitz egiten duten bakoitzean, faxista multzo bat ateratzen da sareetan, barre eta irain eginez. Horiek dira Estatu Feministan espetxeratuko ditugun lehenak, nahiz eta zenbait antipunitibistak (serioek ez, besteek) ezingo duten inoiz Estatu Feministarik izan, estatua edo familia bezalako hertsapen egituraturik nahi ez dutelako, nahiz eta gero guztiek familiak ereiten bukatu. “Hilekoaren ordutegi malgutasunaren erregimena txertatu dugu, osasunari edo ongizateari eragiten diona”, dio ministroak, eta gogora etorri zait duela urtebete Autonomía Sur-eko Ana Jimenezekin, Sevillako prostituten kolektiboko buru Marijose Barrerarekin, eta haren bizilagun maite Susana Tercerorekin izandako elkarrizketa zoragarria, Irene Monterok hilekoaren minagatik baja hartzeko aukera ezarri zuenean. Bizilaguna ez zegoen konbentzituta. “Ikusten dut, baina ez dut ikusten, ui, ez dakit, Marijose”, eta zalantzati begiratzen zigun guztioi. “Hori nola kontrolatzen den ikusi behar da, gezur asko egon baitaiteke”. “Entzun iezadazu”, erantzun zion Barrerak eskua hartuz eta goitik behera begiratuz. “Gizonek bizkarreko mina dutenean, fosforitoz markatuta ateratzen al da?”. “Ba arrazoi duzu”. “Noski, ikusi ez da ezer ikusten. Ikusi al duzu zalapartarik haiek mina dutenean eta bajak eskatzen dituztenean?”. “Egia da”, esan zuen auzokide suminduak bidegabekeria hautematean. Angelaren interesa handitzen ari da, argi eta garbi. Parte hartzen hasi da, eta galderak egiten. Adibideak nahi ditu. Datuak nahi ditu. Katalana izan nahi du segundo batzuez. Ministroa denboraz hitz egiten hasi da orain. Denborarako eskubideaz. “Eraldaketa feministarako beharrezkoa da zaintzak ez izatea soilik emakumeen ardura, horrek eragina baitu bizi kalitatean, denboraren eskuragarritasunean eta bizitza pertsonala, familiakoa eta lanekoa uztartzeko aukeretan”. Familia heterokapitalistaren eta bizi kalitatearen arteko kontziliazioa ez da inoiz posible izango, eta zaintzak ez dira zeregin edo ardura bat, emakumeek patriarkatuan doan egiten duten guztia baizik, baina ados nago zatitutako denborek pertsona zatikatuak sortzen dituztela. Orain Arrazismoaren Aurkako zuzendari nagusiak, ikertzailea ere badenak, triptiko batzuk erakusten dizkigu, datu eta guzti. Sare sozialetan ahoa irekitzen duen bakoitzean, gizon zurien armada bat ateratzen zaio txistua botatzera. Politika instituzionalean sartzen diren emakumeen aurkako indarkeria politikoa, are gehiago arrazializatuak badira, ez dago idatzita. Txantxa da. Jakina idatzita dagoela. Hamabi mila urteko esklabotza eta menderatze sexuala, hain materiala, ezen aldatzen baita biologia, gorputzen tamaina, garunena, hatzena eta bularrena, eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen den. Agian ez da ulertzen gure gorputzekin idazten duguna, arimak idazten duena bakarrik delako arrazionala; beraz, arima dutenek bakarrik hitz egin dezakete legitimoki, arima xaloek, zeinek nahiago duten Franco Berardik aipatzen duen keinu neurtezin horri buruz hitz egin, batzuek baimena edo bortxaketa den ez dakiten keinu horri buruz; zeren hemen baimendutako gauza bakarra pobreen, emakumeen eta zuriak ez diren pertsonen aurkako indarkeria politikoa baita, arraza eta sexu merkantziak sortzen dituzten baimendutako bortxaz eginiko subjektuen kontrakoa. Izan ere, zenbat du kontsentsuak indarkeriatik eta zenbat arautik. Zenbat du adostasunak biziraupenetik. Tolerantzia bezalakoa da. Ahal duenak toleratzen du, eta ahal duenak adosten du, ez nahi duenak. “Zortzi milioi gara Katalunian”, dio zuzendari nagusiak. “Sartu ginenean, guztiz beharrezkoa zen harrera politikak indartzea, biztanleen % 80 iraganeko edo duela gutxiko migrazioetatik baitator herrialde honetan”. A zer erokeria, pentsatuko zuen Angelak, San Frantzisko dirudi honek, baina mikroan. “22 milioitatik 40 milioitara igo genuen aurrekontua”, eta Angelak bizkarra altxatu eta bere gorputz osoa aurreratu du hobeto entzuteko, White House deitzen dioten leize feudal hau gurtzen amaituko du. “Erregularizazioa errazteko programa bat jarri dugu martxan, baina arazorik potoloenetakoa da gizarteak ez duela arrazismoa identifikatzen, ez haren jatorri historikoak, ezta gaur egungo funtzionamendua ere. Horretarako, beharrezkoa da herritarrekin zuzeneko harremana duten langileek arrazismoaren aurkako prestakuntza jasotzea”. Eta zer egingo dugu poliziarekin? Ez dut ozenki galdetu nahi, nire zeregina jauregiko altzariekin konbinatutako Kataluniako gotiko beranteko eskultura bat izatea baita.
Elkarrizketari amaiera emateko, presidenteak hartu du berriro hitza. Ekitaldiaren hasiera eta amaiera iragartzeko erabiltzen dute. Gustatzen zait. “Gela hau birmoldatu zutenean”, dio, “Ama Birjina bezalako sinbolo erlijiosoak kentzea proposatu nuen”, eta harrizko hormako erdi-erliebeko ama birjina seinalatu du hatzaz, eta barre egin. “Nola kenduko duzu Montserrateko Ama Birjina?”, errieta egin zion zuzendari nagusiak, “daukagun birjina beltz bakarra da-eta!”. Barreak berriro. Orain, aretoaren buruan dagoen koadro handia seinalatu digu. Tapies nire lagun zaharrarena da. Han ere dena dago Txillidaz beteta, (haren emaztea) askoz merkatari hobea zen Oteiza baino, zeina iraultza armatukoa zen gehiago erreforma moderatukoa baino, beraz, isilarazi egin zuten. Elkarrizketa aurpegi triste samarrekin amaitu da. “Apur bat penatuta gaude”, dio presidenteak, kalabazak eman berri dizkioten edozein pisukide dirudi. “Hauteskundeak galdu ditugu eta jada ezin izango dugu honekin guztiarekin jarraitu”. “Jo, ze pena”. Angela Davis pragmatika komunikatiboa indartzen. Energia ekoizteko entitate publiko bat sortu dutela aipatu du presidenteak, baina pribatizazio prozesua geldiezina da, eta White House honek ez du ogasunik, ez armadarik, ez kontrolik Auzitegi Gorenean. Horregatik ditu Venezuelak bost milioiko milizia bolivartar bat eta armada herrikoi bat. Baina herria armatzea debekatuta dago Herrien Europan, zigorrak ezarriko lizkigukete, Venezuelari bezala, eta inork ez luke lagunduko Katalunia, akaso euskal herritarrek, eta guk ere ez dugu ez armadarik ez txertorik. Beraz, guztiok sarraskituko gintuzkete, eta kariņoa hartu diet Montserrateko Ama Birjinari, Jenni Bondi eta prentsaburuari, Manteroen Sindikatuak egindako kamiseta moloiez gainezka agertu direnak, Angelak jantzi eta Laranjondoen patioan argazkiak ateratzeko, hala eskatu baitute manteroek.
Laranjondoen patiotik, Sant Jordiren aretoa ikustera garamatzate. Obretan dago, “harrotasun kolonialaren trazuak” ezabatzen ari direlako. “Primo de Riverak, aretoko aurreko lanaren ordez, kutsu militarista eta ideologia espainolista zuen pintura multzo bat jartzeko agindu zuen”, Espainiako Wikipediarentzat, falangismoa eta faxismoa “ideologia espainolista” direlako eta Arnaldo Otegi “politikari espainiarra”. Horregatik ez dugu inoiz elkar ulertuko. Zuzendari nagusiak, besteak beste mexikarra denak, margolan horiek ken zitezela esan zuen. “Presidentetzako kontseilariaren aholkularia nintzenean, egunero etortzen nintzen hemendik lanera”, esan dit. “Ikusten nuen lehenengo gauza zen espainiarrak nire herria hiltzen”. Nik zera espero dut, diziplinaz, urte batzuen buruan, telesail, film, iragarki, programa eta ekoizpen zientifiko arrazista eta sexisten % 90 ere kentzea, gaur egun jendeak inolako arazo etiko edo digestiborik gabe kontsumitzen dituen horiek. Sant Jordiren areto nagusitik White Housearen ekialdeko hegalera igaro gara, eta han Pujolen izpiritua besterik ez dago. Badirudi bera zela gobernu boterearen erdigune neuralgikoan dagoen jauregi-komun horretan bere beharrak egitea maite zuen bakarra. Jauregietako Buladak Rikba jainkosarenak dira formalki, arkitekturaren, eraikuntzaren eta erritmoaren jainkosarenak, eraikuntza oro ez baita arkitektura, eta arkitektura orok ez baitu beharrezko erritmoa, hau da, beharrezko proportzioak, nahiz eta alemaniarrek behin eta berriz esan duten arkitektura ikastea alferrikakoa dela, bidetak bezala, eta dena ingeniariek eta aparejadoreek egin dezaketela. Baina artea da eraikuntza eta arkitektura bereizten dituena, beraz, artea garrantzirik gabekoa dela sinetsarazi nahi digute. Orain ulertzen duzue Alemaniarekin dugun arazoa, ezta? “Ze pena hauteskundeak galdu izana, egiten ari ziren politika guztiekin”, esan dit Angelak patio gotikoko eskaileretatik jaistean, ministroa, zuzendari nagusia eta kabineteko gainerakoak, bizkartzaina barne, lagun ditugula. “Bajoiarekin gaude, baina ez du luze iraungo”, esan dio ministroak, eta ados nago. “Espainiak ez du denbora askorik uzten tristura egokitu dadin, laster nobela gisako epaiekin hasiko dira”. Prentsaburuak pilota jaso du baiezkoa emanez. Taldeko norbaitek esan du Angela, berez, etak ekarri duela Kataluniara. Gogoan izan nahi ez ditudan beste batzuek barre egin dute. Baxu. Badakizue katalanak baketsuak direla, Gobernu Jauregian gaude, eta nonahi dago prentsa. Esaldi erdi bat iragazten bada, Kataluniako presidenteak euskal jatorriko terrorista afroamerikar gisa kartzelatuta amai dezake.