Politeismo bastarta
Politeismo bastarta
2024, nobela
144 orrialde
978-84-19570-31-4
Azala: Laura Esteve
Jule Goikoetxea
1981, Donostia
 
2014, poesia
Politeismo bastarta
2024, nobela
144 orrialde
978-84-19570-31-4
aurkibidea
 

 

2024ko maiatzaren 25a

 

 

Konturatu dira ez daramadala bikotekide bat besapean eta zigortu egin naute. Izan ere, zigorrik eta erregulartasunik gabe erregimen politiko bat ez da ez erregimen ez politiko. Horregatik ekarri didate gaur gosari erdia. Mugikorrak jo du. eitbren elkarrizketa etorkizunaren jainkosari buruz. Bai, dena primeran joan da. Ekitaldia bikaina. Gaua oso dibertigarria. Itxaropena esan zuen. Bai, eta diziplina ere bai. Berriro diot. Diziplina. Jendea esperantzaren kontuarekin geratuko delako, eta ez diziplinarekin. Ezagutzen dugu elkar. Mila esker, zuei, agur, agur.

      Orain, bakarrik eta esna egoteko hogei minutu ditudanez, bankariek egiten dutena egingo dut: ezer produktiborik ez. Bitxia da, espekulatu-k teorizatu eta hausnartu nahiz aberastu eta trafikatu esan nahi du. Hortik kartel epistemologikora pauso bat besterik ez dago, eta trafiko artistikora koadro bat, megazelaigune bigungarri honen parean daukadana. Eta hementxe ari naiz, espekulatzen, ea koadroa osatzen duten irudi lauso horiek Xi Wang Mu jainkosarenak ote diren bere alabak jotzen edo negazionisten manifestazio bat. Anabasaren krokisa al da? Izurrite bat da. Nahasmena, diot. Nahasmenaren Buladak betierekoak dira, gainerako Buladak ez bezala. Eta igartzen da. Jaiotzen garenetik daramagu konfusioa gibelean eta bihotzean sartuta, ze nahasiak jaiotzen baikara. Eta gero, jaten dituzun ahuakateen eta jasaten duzun esplotazio mailaren arabera, bihotzeko gehiago edo gutxiago izango dituzu, zirrosi handiagoa edo txikiagoa. Baina nahasmena beti izan da nagusi, baita garai autarkikoetan ere, Kronos, Saturno ezizenez ezaguna eta maisuki irudikatua Saturno bere semea jaten margolanean, Goyarena, ez Rubensena, bere semeak jaten hasi zenean nahasmen neurrigabea sortu baitzen, zeinaren aurrean, Xi Wang Mu jainkosak, Ixtar ezizenez, Inanna edo Astarteko Anahit gisa ere ezaguna, Biblian Jeremias profetaren 44. kapituluan aipatua “zeruko erregina” bezala, lehen sumertar testuetan “jakinduriaren ama”, Urartuko enperadore izendatua egungo Armeniaren inguruan, ekialdeko subiranoa, kosmoseko dama edo saltsa guztien buruzagia, Kronosekin amaitzea erabaki zuen. Gogoan izan Xi Wang Mu eta Demporis, denboraren jainkosa, kreazio unibertsalaren jainkosak direla, baina ez “begira zein eskubide unibertsal ederrak ditudan zuk ez dituzunak” esaldiko unibertsal hori, ezpada “kosmoseko jainkosak gara eta ile bat astintzen badiguzu hauts bihurtuko zaitugu” motakoak. Eta horixe gertatu zen, Xi Wang Muk Kronos birrindu zuela honek Demporis jainkosa bahitu zuenean, Tizianoren Zeus Europa bahitzen margolanean bezalaxe, edo Pluton Proserpina bahitzen Rubensena, primeran ilustratua ere edozein ezkontza garaikidetako argazki albumetan, non, demagun, Patxik emaztegaia besoetan hartzen duen eta biek kamerari irribarre egiten dioten, nahasturik, gizonek emakumeak besoetan hartzeko ohitura atsegin horrek emakumeen bortxa eta bahiketa adierazten duela jakin gabe. Kontua da Kronosek, Demporis jainkosaren semeak, nahasia bera ere baina kabroia, bere ama bahitu zuela, Berniniren Hades Pertsefone bahitzen eskulturan bezala, mendeku gisa, hura hilkor bilakatzeko asmoz, amak ilargi berri bakoitzean erailtzen baitzuen Kronos, etorkizunean Edipo Erregerik egon ez zedin, europar errebisionismo pasteleroan Ediporen tragedia gisa ezagutzen dena, zeren, gertatzen dena gertatzen dela, biktima beti baita Edipo. Edo Patxi. Zeinarekin monoteistek, nire politeismoari barre egiten diotenek, ezkonduta amaitzen duten. Nahasmenaren biktimak.

      Lo egiteko erabili dudan nikia kendu eta axolagabe begiratu dut albornoza, ez baita inoiz langile klasekoa izan, bideta ez bezala, putek asmatu baitzuten nobleziak lapurtu baino lehen, erreginek, Maria Karolina Habsburgo-Lorenakoak kasu, nahi zutenarekin larrua jo eta gero meretriz tresna horrekin garbitu ahal izateko. Ez ditut galtzerdi beltzak aurkitzen. Motxilan bilatu dut, ikasleen lanen artean. Eskerrak aireportuan pare bat lan zuzendu ahal izan nituen. Bost egun falta zaizkit ikasturte amaierako notak jartzeko. Garaiz jartzen ez baditugu, idazkaritzatik errieta egiten digute, ezin dituztelako aktak itxi. Ez ezazue pentsa nire bizitzan dena parranda eta artea denik.

      Dutxako txorrota poliki ireki eta tenperatura haztatu dut, ura nire besoetatik irregularki labaintzen da, bizkarretik arin irristatu, eta gustura pirritan backstagetik izterrak jantzi eta behatzetatik xukatu arte. Plazer une hau gertatzen ari da eta ez inork ez ezerk ez dute desagerraraziko kosmosaren historiatik. Ogia erostera joateko janzten zarenean bezala atondu naiz. Baina alkandora jantzita, Bartzelonan nagoelako. Eta Angela Muguruzarekin eta Unanuarekin bazkaltzera eraman behar dudalako. Bazkari horretara joan beharko nuke, baina ez naiz joango, Cassandraren arabera igandea libre utzi behar baikenion Davisi, atseden har zezan. Beraz, egun honetarako hasieran planifikatutako guztia kendu nion eta bazkaria antolatu nuen nire lagunekin, orain beste honekin gainjartzen dena, eta egin ahal izan dudan gauza bakarra bi bazkariak ahalik eta hurbilen jartzea izan da, bata Gotikoan eta bestea Ravalen; Carrer de Sant Pautik sartu eta Broadwayko edozein hoteletan agertzen zaren Bermudako Hiruki elitista honetatik urrun. Hiri global guztiek hiri berbera diruditelako. Angelari ere gertatzen zaio, ile askorik gabeko jatun onak diren gizon zuri guztiak berdinak iruditzen zaizkiola. Horrelaxe ezagutu ditu Kataluniako gizonen erdiak, Jordi eta Pau bakarrik ezagututa.

      Pakistandarrek kudeatzen dituzten janari turkiarreko tugurioetan zerbitzatzen dizkizuten izotzik gabeko kubatak ikusi nahi ditut paretetatik irristatzen, parkea eta akazia horiak, eta Raval eta Poble Sec bereizten dituen etorbide txikiko katu potoloaren eta Filmotecaren artean txertatutako hipsterrak. Badakit horrek gorrotatzen ditugun turista arrunt horietako bat bihurtzen nauela, baina oraintxe bertan izkinarik onena lortzeko elkar txistukatzen duten mozkorrak nahi ditut. Ez baita gauza bera munipaz, putaz eta tabernaz beteriko errepidedun, semaforodun eta zaborrontzidun izkina bateko xarma, edo Louis Vuitton eta Chanelen arteko izkina batena, goi-mailako ikasketak dituzten ile lisoz betea. Tok, tok. Ana Maria da. “Egun on, Ana Maria”. Eta haserre egin dit irribarre. “Oraindik pixka bat behar dut irteteko”. “Lasai, laster nator, gaur lan asko daukat eta”. “Egun gogorra gaurkoa, orduan”. “Bai, eta nagusia urduri dago. Eguerdian talde handi bat dator eta guri inork ez digu ezer esan”, eta lankideari begiratu dio. “Horrela ezin da”, esan dit. Bigarren eguna dugu jada inpresioak, eskuoihalak eta komuneko papera trukatzen. “Ez dago eskubiderik. Hori abisatu egin behar da”, bere lankideak, Mariñak, ileapaindegiko Buladek babestua, serio eta nazkatuta. “Gure orduak ditugu, eta kito”, azpimarratu du Ana Mariak. “Nahi dituzten orduak”, Mariñak, harridurazko adierazpen larri batekin. “Antolaketa, antolatu egin behar gara”, xuxurlatu dit galiziarrak. “Bu”, Ana Maria uzkur. “Begira”, eta Mariñak Esther Salinasen Youtubeko bideo bat erakutsi dit. “Hau borrokalari bat da, Angela Davis bezala”, esan dit irribarrez. Ana Maria baino puskaz zaharragoa da Mariña, eta ondo daki nor den Angela Davis, berari buruzko dokumental bat ikusi zuen duela urte batzuk, eta badaki hotelean dagoela eta ni haren bizkartzaina naizela, “harreragile batek txibatu digulako”, esan zidan atzo, gainezka zeraman orgarekin pasilloetatik desagertu aurretik. “Mariña, orain bideoekin ez”, Ana Mariak pareko gelatik. Youtubeko helbidea ondo erakusteko esan diot Mariñari. Nire mugikorrean kopiatu dut. “Horrela gero ikus dezaket”. “Duela hilabete batzuk pasatu ziguten hemengo lagunek”, esan dit baxu-baxu. “Nik ez dut istilurik nahi”, xuxurlatu dit Ana Mariak pareko logelatik irtetean. “Senarrak dioen bezala, gauza hauek badakizu nola hasten diren, baina ez nola amaitzen”. Ana Maria eta Mariña dira errealitatearekin dudan kontaktu bakarra handizkako marmeladaz eginiko urrezko kaiola honetan. Errealitatearen jainkosak izendatuko ditut. Errealitatearekin kontaktu punturik ezartzen ez baduzu, Rubiales el Hermosok bezala amai dezakezu, edota, kasurik onenean, Llarena epaileak bezala, Espainiako magistraturan. Mariña pareko gelaren batetik desagertu da eta Ana Mariak eta biok bihar arte agurtu dugu elkar. Aldamio kapilarrak jarri ditut, kako izenez ezagunak, eta hallera jaitsi naiz Angelaren bila. “Prest?”, galdetu diot erretorikoki. “Oh, yeah”. Taxi bat hartu dugu Sant Jaume plazara joateko. Errealitatearekin konektatuta dagoen taxilari bat egokitu zaigu. “Osasun sistema kakaztuta, baina Via Laietana obretan. Begira”, eta eskuinetara seinalatu dit buruarekin. “Ikusten arratoi horiek? Begira nola gelditzen den horko hori, guk ezin dugu gelditu, isuna jartzen digute, haiek nahi duten lekuan geldi daitezke, auto bat erosi eta hala! Lizentziarik eta ezer gabe. Ez dago eskubiderik. Rates, més que rates”. Uberrez ari da. Ratuberrak, hemendik aurrera. “Colauk lege bat egin zuen, ez dute aplikatu eta, bera ez dagoenez, ez dute aplikatuko. Bihar greba egingo dugu berriro”. “Ez da bidezkoa”, esan diot Ceutatik banentor bezala, eta ez Donostiatik, non taxi bidaiek hipoteka laurdena balio baitute, eta hipotekek Vatikanoko barne produktu gordinaren laurdena. Beraz, taxi lizentzia bat Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren bestekoa izango litzateke finantza krisiaren urtean. Sant Jaume plazaraino sartzea lortu du, nahiz eta Laietana obretan egon. Jaitsi egin gara. Gràcies. Eta adeu buruarekin.

      Angelari plaza erakutsi diot eta gainetik azaldu prozesu independentistan udalaren eta gobernuaren artean gertatu zen borroka lanbrotsua. “Hemen?”. “Bai, aebetako galleta pakete batek neurtuko lukeena neurtzen duen plaza honetan”. Nekatu samar sumatzen dut, atentzioan nabaritzen zaio. Jetlaga dela esan dit. Plazatik irten eta ezkerrera egin dugu. Davis Santa Cruzeko, Kaliforniako Unibertsitateko, irakaslea izan da, eta esan dit bere campusean bi txakurri bakarrik uzten dietela sartzen. “Harawayrena eta itsu batena. Harawayren txakurra ikerketa animalia delako”, esan du solemne, begirune handia die Harawayri eta haren txakurrari. “Unibertsitate horretan Sistema Konplexuen saila ere badago”, esan diot, “sistema ideologiko konplexu eta neoliberal batek inguratuta”. “Pena da, ederra den guztia kolonizatzen dute”. “Bai, baina materia semiotikoa gero eta leku handiagoa hartzen ari da, holobionteak bezala, eta hori, besteak beste, Harawayri esker da”. Angelak harrituta biratu du burua. Kalea pasatu dut, pauso batzuk atzera egin behar dugu. Beherantz egin dugu, eta berak temati. “Zer da hori?”. “Materia semiotikoa?”. “Bai”. “Materiaren eta kulturaren arteko banaketa idealista desarmatzeko kontzeptua. Harawayk horretaz hitz egiten du bere azken liburuan”. “Staying with the trouble, irakurri dut, baina ez naiz horrekin gogoratzen”. “Ez du garatzen. Hori hurrengo belaunaldikoek egin behar dugu”. Irribarre egin du eta buruarekin baieztatu. “Kontatu pixka bat gehiago”. “Noski!”, ni pozarren. “Materiak esanahia duela azaltzeko teoria semiotiko eta materialista eguneratu bat behar dugula uste dut, hau da, esanahia sortzeko ez dela behar arima edo arrazionaltasun immaterial eta unibertsalik. Ez esanahia sortzeko, ezta, beraz, justizia eta komunitatea sortzeko ere, monoteista modernoek defendatzen duten bezala, izan Rousseauren edo Rawlsen kuadrillakoak, munduan inork erditu eta hazi gabe agertzen direnak, txanpiñoiak balira bezala Hobbesek kimatutako baso baten erdian, erditu eta hazi dituztenei hazkuntza, justizia eta komunitatea zer den azaltzeko prest”, eta hain algara ederra bota du, ezen Sant Andreura besoetan eramatea eskatuko balit, egingo bainuke. Orain ni ere gai naiz barre egiteko, baina ez dut inoiz ahaztuko nire herrikideek defendatu izan dutela ilerik eta umorerik gabeko inutil batek sortu zituela orain bi mila urte. Ez dut ahaztuko, ezta ere, kirtenkeria arbuiagarri hori konpondu beharrean, handik pixka batera sofistikatu egin zutela esanez Inutilak Lurra galaxiaren erdian kokatu zuela eta Lurraren erdian bere sorkuntzarik bikainena: gizaki ona, alegia, gizona, izaki arimadun bakarra. Eta unibertso osoan arima zuen izaki bakarra zenez, ondorioztatu zen bakea eta egia sor zezakeen bakarra ilerik gabeko baina gogo biziko ergel hori zela. Handik gutxira, argien garaian, gizona Lurreko izakirik argiena ez baizik eta unibertso osoko izakirik adimentsuena zela erabaki zuten. Gerora, kosmoseko gauzarik argiena ez ezik, adimendun bakarra ere bazen. Ez zelulek, ez tximinoek, ez emakumeek ez zuten adimenik. Handik ehunka urtera konturatu ziren agian ez zirela unibertsoaren erdigunea. Akaso galaxiaren erdigunea ere ez. Horren ostean konturatu ziren Lurraren erdigunean beste zerbait zegoela. Handik tarte batera, ez zirela inguruko adimendun bakarrak. Ondoren, ez zirela, akaso, adimendunak. Segidan, haien arima organismo biziek taxutua zela. Geroago, ez zituela Jainkoak sortu, emakumeek baizik. Hori hirurehun bat urte kostatu zaie onartzea. Handik gutxira konturatu ziren ezin direla landarerik, onddorik edo bakteriorik gabe bizi. Eta bi menderen buruan, landareak, onddoak eta bakterioak lasai bizi daitezkeela haiek gabe. Gero Jainkoa hiltzen zaie eta botata uzten ditu maionesa, patata eta apaiz pedofiloen artean. Orduan, hirugarren milurtekoa iristen da eta zeruertzera begiratzen dute berriro, baina oraingoan indartsuago. Gantz txorrotadak ikusten dituzte beren begi-ninietatik irristatzen. Eta orduan beldurra sartzen zaie. Eta bat-batean hutsalak sentitzen dira. Eta orduan depresioa. Eta orain populazio erdia dugu medikatuta. Desengainua hemen. Desengainua han. Izan ere, esplotazio maila honekin eta kontakizun hauekin... Akaso erlazioan daude biak. Nork daki.

      Angelak ase begiratzen dio zeruertzari, ondorengo asko ditu. Atzo argi geratu zen. Gaur garaipena dastatu besterik ez du egingo. Eta ardoa. Edo hala espero dut. Rasoterra jatetxe beganoan utzi dut bazkaltzen Muguruzarekin eta Unanuarekin, ni Monroera noa. Plazara iritsi bezain laster, “Maite dut nire izkina delako!” oihukatu du Segui anarkistaren eta Oriol apaizaren kaleen izkinako natiboak. “Seme-alabak bezalaxe!”, erantzun dio bertako horzgabe batek barrez. Izkinen gaineko sinposioak iaz bezala jarraitzen du. Zein tenperatura atsegina. Bazkariaren zatirik interesgarrienak azaltzera nindoan, baina, interesgarria den guztia bezalaxe, sekretua da. Nahiz eta Umberto Ecoren arabera, zerbait interesgarri bihurtzen duena sekretu izatea den, horregatik, ez duzue inoiz jakingo politikaz aritu ote ginen, edo txorradez.

      Pare bat ordutara, Muguruzak deitu dit, Angelak Azokara joan nahi duela Vandana Shiva ikustera. Cassandrak torturapean agindu zidan igandean Angelari atseden hartzen utziko geniola, baina argi dago Angelak ez duela atsedenik nahi. Postrea azkar amaitu eta atzo La Kaladan gurekin izan ziren lagunekin joan naiz bere bila. Taxi-behatza egin, bi taxi gelditu, eta Literalera goaz, ni biodraminaz goraino, berriro ere. “Zer da hori?”, galdetu dit taxian. “Familia Santua. Antoni Gaudi arkitektoarena da. Basilika modernista”. “Ze ederra. Zer estilo da?”. “Neogotikoa, modernismo katalana. xix. mendearen amaieran hasi ziren eraikitzen”. “Zergatik dago obretan?”. “Amaitu gabe dagoelako”. “Eta hori?”, izututa. “Mila gau eta bat gehiago-n bezala da, amaitzen badute, Madrilek bahitu dezake”.

      Presaka heldu gara berriro, batzuetan besotik eta gerritik edo eskutik eramaten dut. Nabarmen geratu gara berriz ere, berandu sartu, eta lehen lerroan jarri garelako. Marina Garces ikusi eta, ekitaldia hasi baino segundo batzuk lehenago, Angela aurkeztu diot. Gazte batzuk eszenatokira sartu dira, ekofeminismoari buruz apur bat hitz egin, eta irten egin dira. Yayo Herrerok sarrera egin du eta Vandana Shivaren ikuskizuna hasi da.

      “Eskerrik asko azken urte gutxiotan izan den pauso bakoitzaren deskribapen argi horrengatik. Urte gutxi esaten dudanean, kolonialismoaren 500 urteez ari naiz, eta hamarkada batzuk lehenagoko sorgin ehizaz eta Inkisizioaz ere bai, barne kolonialismoa izan baitziren biak ala biak. Izan ere, uste dut lehenik Europa izan zela kolonizatua eta gero abiatu zirela hor zehar. Colonen bidaia justifikatzeko bulda baino lehen, aita santuaren beste bulda bat egon zen, sorgin ehiza bultzatzeko. Eta nor ziren sorginak? Bederatzi milioi pertsona erail zituzten, gehienak emakumeak, beren garaian sendatzen, landareak ezagutzen, erditze segurua ematen adituak ziren emakumeak. Bizitzaren ezagutza hori guztia mehatxutzat hartu zuten. Eta, jakina, Baconek muturrera eraman zuen. […] Bera zen kantzilerra Ekialdeko Indietako Konpainiaren estatutuak idatzi zituztenean. Hirurehun gizon bildu eta 'mundua konkistatu dezagun' esan zuten eta hitzez hitz kopiatu zuten aita santuaren 1493ko bulda. Bulda horretan Jainkoaren papera murriztu zuten eta zuzenean armadekin ordezkatu, eta hor Francis Bacon zegoen tartean, zientzia modernoaren aita deitzen duten hori, baina egin zuen guztia denboraren jaiotza maskulinoari buruzko liburu bat idaztea izan zen”. Eman egurra, Shiva, eman! “Liburu horrek natura zure esklabo nola egin irakasten zuen, funtsean, heriotzaren kultura bat sortzeko zientzia. […] Eta hori guztia ez zen gertatu herrialde batean, Europa osoan baizik. Datu gisa, momentu horretan, kanalaren beste aldean, Descartes izeneko ero bat dago, honakoa dioena: gorputzik gabeko gauza pentsatzaile bat naiz”. Kar-kar-kar, gurtu nahi dut, maite dut, miazkatuko dut. “Bere gorputza bere pentsamendutik erauzten du eta esaten du: nire gogamenean ez zarela existitzen esan dezaket. […] Eta hori izan zen gauzarik harrigarriena, gorputzik gabeko gauza pentsatzailea izan zaitezkeela eta hor kanpoan bizitzarik ez dagoela esatea!”. Idealismo lotsagarri monoteista. “Eta gero, jaun horrek berak, zerbait neurgarrira murriztu zuen mundua. […] Orduan, berriro, bizia erauzi, eta makinak balira bezala hitz egin zuen bizidunei, animaliei buruz. […] Eta gero ekonomia modernoaren aita daukagu... Gizon horiek guztiak irakurri ditut nire zahartzaroan, eta ezin dut ulertu nola bihurtu zen idatzi zuten zaborra...”. Shiva airean eraman nahi dut Azokatik! “Haiek definitu zuten ekonomia politikoa zer den, jabetza zer den, zientzia zer den, zientzia mekanizista… Adam Smithen liburua, funtsean, merkataritza kolonialaren deskribapen bat da, hori baino ez da, eta berak, ekonomia modernoaren aita den aldetik, kapitalismoa deritzonaren oinarriei forma ematen die, baina kolonialismo estraktibista besterik ez da, eta uste dut gauza horiek guztiak ez zirela halabeharrez batu. […] Europako beste mentalitate bat zegoen desberdin pentsatzen zuena, sorgin gisa erailtzen zituzten emakumeen mentalitatea, Europa ekologikoaren mentalitatea, beste ekonomia batzuk zeuden. Zergatik erresistituko zuten Ingalaterrako nekazariek 200 urtez lur komunalen itxitura? 200 urtez borrokatu ziren horren aurka eta, hala ere, narratiba zabalduenak dio Ingalaterra zientifikoa zela, industria iraultza sortu zuela, horrek Ingalaterra aberats egin zuela eta aberastasun horri esker gobernatu zuela mundua. Hau historia faltsua da. Industrialismoa baino 200 urte lehenago, kolonialismoak lurra bereganatu zuen, kotoia bereganatu zuen, esklaboak bereganatu zituen. Hori da aberastasunaren transferentziaren oinarria, ez lantegiak. Eta 200 urte horietan, kotoiaren inperioa esplotazio erabat basatian oinarritu zen. Ipar Amerika bereganatu zuten eta indigenen % 90 erail zituzten, baina hain lur handia landu nahi baduzu, afrikarrak esklabo gisa harrapatzen dituzu eta gero denak lantegietara bidali itsasontziz. Hori gabe, fabrika horiek ezin izango zuten ezer sortu. Garai hartan ehungintzaren kalitaterik handiena Indian zegoen eta lantegi hura suntsitu egin behar izan zuten. Orduan, hazia aipatu duzu”, esan dio Yayo Herrerori, “garai kolonialean gertatu zenari erreparatzean ulertu dut orain haziekin gertatzen ari dena. Gure ehuleen hatz lodiak moztu egin zituzten etorkizuneko ehuleak treba ez zitzaten”. Tabet antropologo italiarraren arabera, gizonek emakumeen hatzak mozten dituzte armak eskuratu ez ditzaten. Ezagutza eskuratu ez dezaten. Ondo ikertu beharko litzateke patriarkatu feudaletik kolonialerako bidea, baina ikerketa hori finantzatu dezaketenak hatzak mozten dituzten berberak dira...

      “Jendeak esango dit beti egon direla korporazioak eta gobernu korporatiboa. Nik ezetz diot, negozioak existitu dira, jarduera ekonomikoa existitu da, baina korporazioak 1600. urtean hasi ziren Ekialdeko Indietako Konpainiarekin, britainiarrak eta holandarrak tartean. Jendeak uste du jabetza pribatua beti existitu izan dela, eta ez, ondasun komunei esker eutsi genion orduan ere. 1781ean, britainiarrek adierazi zuten urrun-urrun zegoen Indiako azpikontinenteko lur guztia haien uharte txikiaren jabetzakoa zela, eta, beraz, nekazariek errenta ordaindu behar zietela britainiarrei, lehenengo Ekialdeko Indietako Konpainiari eta gero Britainiar Inperioari. 45 bilioi dolar transferitu ziren, horrela aberastu zen Ingalaterra eta horrela hil ziren gure nekazariak, gosetean, 60 milioi hildako gosetean, eta horrek beste narratiba bat eraiki zuen: primitiboak dira, nola elikatu ere ez dakite”. 60 milioiren hilketaren aurrean, onena, deliberazioa.

      “Hitlerren Alemaniako kontzentrazio-esparruetan jendea hiltzeko pozoiak sortu genituenez, eraman ditzagun pozoi horiek nekazaritzara eta nekazaritza gobernatzen duten enpresa taldeetara. Pozoiaren kartela deitzen diet, pozoiaren kartela direlako. Bost dira eta nahastu eta fusionatu egiten dira heriotzaren mahai musikal baten gisan. Heriotzaren aulki musikalak: Bayerrek eta Monsantok elkarrekin egiten zuten lan, gero independizatu egin ziren eta orain Bayerrek Monsanto erosi du berriro. […] Standard Oil Rockefeller zen, munduko petrolioa kontrolatzen eta monopolizatzen. Nekazaritza industrialean erabiltzen den agrokimiko bakoitza, a, pozoi bat da eta, b, pozoiaren kartelak ekoitzia da. Hitlerrentzat lehergailuak eta munizioak egiten zituzten fabrika berberak. […] Horrela hasi zen nekazaritza industriala, iraultza berdea, produktu kimikorik gabe elikagairik ezin dela hazi dioena, pozoirik gabe gosez hilko garena... Narratiba oso bat eraiki zuten eta, sakonean, ez dago soilik bulkada kolonial bat, baizik eta beldur batetik datorren bulkada koloniala, gauzei izaten uzteko beldur batetik, bizitzari dioten beldurretik. Beldurra diote askatasun bulkada autoantolatu horri”. Halakoxeak dira ilustratu kolonialak, marisko sardexka erabiltzen dakiten kakati unibertsalak.

      “Eta horregatik eman diet nire bizitza haziei. […] Bost enpresa baino ez daude hazi guztiak, elikagaiak eta osasuna kontrolatzen, eta nekazariek beren haziak izatea eragotzi behar dute. Nekazariek ehunka mila urtetan gorde dituzte haziak; begira artoa eman ziguten Mexikoko nekazariei, begira arroza eman ziguten Indiako nekazariei, eta hori ilegala izatea nahi dute. Lurrarekiko dugun betebeharra dira haziak, sorkuntzarekiko dugun betebeharra, gure betebeharrik handiena etorkizuneko belaunaldiekin, hori guztia kriminalizatu nahi al duzue? Ez, ez dizuegu utziko”. Ez dizuegu utziko. “Bizitzaren forma sortzaile sinestezina murriztu nahi dute haiek asmatu duten eta jabetza intelektuala duen makina huts bihurtzeko. […] Eta horregatik hasi nintzen haziak gordetzen eta hasi nuen Navdanya, Bederatzi hazi esan nahi duena, eta, behintzat, pozik nago zeren, pozoiaren kartelak munduko hazi komertzialen % 60 kontrolatzen duen arren, hazi-banku komunitarioak sortu baitira nonahi munduan, hazien askatasuna eta nekazariek hainbat hazi erabiltzeko duten askatasuna defendatzeko”.

      Txaloak eta txalo gehiago. Txistuak. Handia, entzuten da atzealdetik. Txalo zaparradak. Irribarretsu atera dira biak, eta backstagera doaz. Yayorenganako nire kariñoa esponentzialki areagotu da atzotik, Angelaren elkarrizketa amaitzean hunkituta besarkatzera etorri zitzaidanetik. Orduan ezin izan nituen aurkeztu, baina Davisi kaixo esateko aprobetxatzeko esan diot orain. Angelak besarkatu egin du. Etorkizuna da. Beste etorkizun bat besarkatzen. Shivak eta Davisek ere ez zuten elkar ezagutzen. Elkar besarkatu dute. Langileek biekin argazkiak ateratzeko aprobetxatu dute. Angelak konprometituta jarraitzen du amaierara arte. “Shivarekin afaltzeko geratu gara”, esan dit bakarrik geratu garenean, “baina lehertuta nago”. “Afaria bertan behera utzi nahi duzu?”. “Ez, ez, Shivari ilusioa egiten dio-eta”. Beraz, ez dugu afaria kentzen. “Baina bederatzi eta erdietan, bagoaz”. “Ados”. Beste biodramina erdi bat hartu dut eta taxi bati deitu diote afaldu aurretik atseden hartzera joateko. Hotelerantz goazela, Palestinaren aldeko kanpaldien antolatzaileek bidali dioten posta elektronikoa erakutsi dit. Kasu honetan, Bartzelonako Unibertsitatean batu dira guztiak. Galdetu dit ea bihar, Pompeu Fabrako Monica Terribasen elkarrizketan, kanpaldikoek hitz egin dezaketen. “Akaso”, esan diot, ni ere ari bainaiz hizkuntza diplomatiko lauso eta nahasia ikasten, alegia, ez ez dela inoiz ez baizik eta, agian, ikusiko dugu, saiatuko naiz, begiratuko dut, esango diet, arduratuko naiz. Beraz, nire gobernu artekariari deitu diot, Pompeu Fabra Unibertsitatekoa bezain Gobernukoa baita, nik ondo dakidalako aukeratzen nire alkandorak eta nire bitartekariak. Artekariak esan dit saiatuko dela. Angelak ez du imajinatzen bihar, honoris causa doktore egiteko ekitaldian, mikrofono bat hartuko duen orok esango duela zerbait Palestinaren alde, eta ez du halakorik imajinatzen, Estatu Batuetan Palestinaren alde hitz egiten duten irakasleak kaleratzen ari direlako. “Zer da hori?”. “Familia Santua. Bai, toki guztietatik ikusten da, baina inoiz ez da berdina”. Lasaitu egiten dut, eta aditzera eman ez dela bera, zaila dela denboraz eta hareaz osatutako konposatu horri identitate trinko bat ematea, gutxienez hamabost aldiz inguratzea eskatzen duelako. “Ba al dakizu Gaudik ez zituela inoiz otorduak bukatzen?”. “Hori zergatik?”. “Burua ez tontotzeko”. “Nik gauza bera egiten dut”, esan dit. Zer jaten duzun, hala pentsatzen duzulako. Eta zure posta kodearen arabera gauza bat edo bestea jaten duzu. Materialismoa. Ez duzu gauza bera pentsatzen otarrainxkak jaten hazten bazara edo mcdonaldsak. Eta seguruenik ez duzu ezertxo ere pentsatuko entsalada misto baten, bakailao-nahaski baten eta urdaiazpiko kroketa batzuen ondoren txuleta bat patatekin jaten baduzu. Horregatik dute haiek Familia Santua hemen eta guk han Sanferminak.

 

 

Fat Veggies jatetxera oinez iritsi gara hoteletik. Shivaz gain, Literaleko koordinatzaile Laura Arau eta Literal Proko arduradun Meritxell Joan egon dira gurekin afarian. “Bihar Donostiara noa”, esan dit Shivak, “talde batekin egiten dut lan han aspaldidanik, proiektu batzuetan kolaboratzen dugu”. “Hau da hau kasualitatea”, esan diot bizitzaren jainkosa honi, Xi Wang Muren arrebari. “Eta, gero, Holandara noa; gero, Bruselara”. Ui, Brusela, zoramena, parranda tzarra eta alaitasuna. “Gero Bartzelonara itzuliko naiz, honoris causa doktore egingo nautelako Pompeun”. “Bera bezala”, eta Davis seinalatu dut. “Bihar ekitaldia dugu Pompeu Fabran”, gogo bizia erakusten saiatzen naiz. Angela ere bai. “A zer bira egingo duzun”, esan dio Firako buruak Shivari. “Nire lagun indiarrak”, dudan bakarrak, “dio Europa osoa berdina iruditzen zaiola”. “Ba Europa dena berdina iruditzen bazaio, pentsa Estatu Batuak”. Barreak. Europan estatu bakoitzeko berrehun tribu daude eta Indian bainu publiko bakoitzeko daude berrehun; Estatu Batuetan, berriz, ez dago bainu publikorik, ezta estaturik ere. “Argi dago Espainian asko maite zaituztela”, esan diot Shivari, “Espainia”, horrela, lehor. Honekin itxitzat ematen dut diplomaziako graduazioa, baina haren industrializazioa, Espainiarena, oso desberdina dela azpimarratu dut. “Eta hori gaizki. Edo ez”. “Edo ez”, errepikatu du Shivak. “Madrilek Andaluzia hondoratu du”. Esaldi hau ez da nirea, baizik eta izendatuko ez dudan norbaitena. “Madrilek?”, Angelak. “Bueno, Madril Espainia da eta Espainia Madril, zioen ezagun jakintsu batek”. Buruzuriek ere batzuetan egia absolutuak esaten dituztelako, baina ez dut altuan esango. “Industriarik gabe, pozoiaren karteletik ihes egin dezakete”. “Ez, nekazaritza sektore osoa haren eskuetan dagoelako”. “Heriotzaren kartelaren alde ona da hain zentralizatua dagoela, ezen errazki erail baititzakegu”. Shivak barre egin du eskuzabal eta aurpegia laztandu dit. Kataluniarrei ez die hainbeste graziarik egin, indarkeriak gainerako gizateria baino apur bat gehiago sumintzen ditu. Gogora dezagun independentzia erreferendumean eskuak altxatu zituztela bake giroan, poliziak, armadak eta Espainiako epaile guztiek kolpeak ematen zizkieten bitartean. Zuzena dena ederra dela eta ederra dena egia dela uste zuten, eta egia beti gailentzen dela. Espainiako historian, edozein mendetan, arreta pixka bat jarri izan balute, agian ezetz ikusiko zuketen, baina orduan ez zuketen lortuko gatazkaren nazioartekotzean Espainia munduko prentsa osoan alderdi errepresore gisa agertzea, eta haiek, berriz, egiatan diren bakezale ilustratu gisa. Egia da 2017an orain baino alaiago eta ilustratuago zeudela, ezin baita alai eta ilustratua egon denbora puta guztian. “Kamareroa” etorri eta xehetasun guztiekin kantatu digu karta. Davisek eta Shivak kasu egin diote tarte batez, baina azkenean erabakia eskuordetu dute, Shivak hitz egiteko gogoa duelako. “Pozoiaren kartela hilik eta ekonomia bizirik. Hori nahi dugu, ekonomia bizia. Zein motatako mentalitateak ahalbidetzen du baso bizi bat egur hil gisa ikustea?”. “Monoteistenak”, erantzun dut arin. “Descartesek eta Baconek eta heriotzaren egitura epistemologiko guztiak; estraktibismoak natura bizia heriotza bihurtzen du dirua irabazteko, eta hori kolonialismoa da”. “Astakeria da saltzen digutena”, dio katalanak. “Ongarri sintetikoen industriak sinetsarazi nahi digu haiek gabe ezin dugula jan, baina lurzorua da sistema bizidunik aberatsena, eta ongarri horiekin zizareak hiltzen dituzu, onddoak hiltzen dituzu, bakterio onuragarriak hiltzen dituzu”. Dena hiltzen duzu, mamoiak izan ezik. “Eta lurzoru hila sortzen duzu”, eta begiak infernuko fokuen gisan ireki ditu. “Emakume gutxi batzuk biltzen hasi gara”, gogotsu jarraitu du Shivak, “Aniztasunaren Urpekariak dugu izena. Mentalitate maskulinoaren monopolio eta monokulturei desafio egiten diegu. Dena hobeto hiltzeko diseinatzen du mentalitate horrek, gure bizitzarako beharrezkoak diren intsektuak nola hil pentsatzen du mentalitate horrek”, eta bekaina altxatu du, “elikagaien herena polinizatzen duten intsektuak ere bai”. “Herbizidena da...”. “Herbizidak planeta honetako berde guztia hiltzeko diseinatuta daude”. Jainkoak egin eta eurak elkartu, gu hiltzeko. “Ongarri sintetiko gehienek hildako eremu osoak sortzen dituzte uretan eta ozeanoetan, eta klima aldaketa eragiten duten berotegi efektuko gasen artean hilgarriena isurtzen dute”. Baina ez dadila parranda erori, bigarren platerarekin datoz. Zerbitzariak ahotsa igo du, zalaparta dago, jatetxea betetzen hasia da. Postreak aukeratzeko eskatu digu, prestatzeko denbora behar dutelako. Hautatu ditugu eta joan egin da. Norbaitek zerbait esan du ontzidiari buruz, ez omen dietela Gaza aldera irteten utzi. “Ni 2010eko ontzidian egon nintzen, itsasontzia eraso zigutenean eta hamar pertsona hil zizkigutenean”. Bai ba, alaitasuna, bizitza bi egun direla. “Han zeunden?”, galdetu du Angelak Firako nagusiari begira. “Bai, esperientzia gogorra izan zen. Oraingoan Turkiak ez dio flotillari irteten utzi segurtasunagatik”. Orain bai, ardo gehiago dakarte. Zalaparta, txin-txin. “Zein ondo atera zen atzokoa, Angela”, esan dio beste katalanak. “Indarkeriari buruzko galdera”, eta pixka batean gelditu da, niri begira, “hobeto prestatu behar nuen”. “Baina bikain erantzun zenuen-eta”. “Erantzun behar nuen dena ez dela indarkeria, harriak botatzea ez dela indarkeria”. “Hori jada iradoki zenuen”, Literal Proko buruak. “Baina esan behar nuen indarkeria iraultzaileak baldintza zehatz batzuk behar dituela. Eta orain zaila da”, Angela sutsuki. “Baina ni ez nintzen indarkeria iraultzaileaz soilik ari nire kritikarekin, baizik eta indarkeria estrukturalaz, biopolitikoaz”. “Hori konplikatuagoa da”. “Baina konplexutasuna gustatzen zaigu”, Shiva distiratsu, bere bindi gorri itzelarekin jakituriaren txakran, eta bere sari fuksia eta argitsuarekin, nire mamarratxak bezain lotsagabea da. “Habermasekin sartzea da niri balio didana”. Barreak, eta begiak gorantz biratu ditu, erdi hutsik utzi segundo batez, eta berriro jaitsiz erantzun dit, “ai, Habermas, ez dakit lurrik zapaltzen duen”. Etorkizunaren jainkosak nire doktore tesiaren hipotesi nagusia berretsi berri du, nahiz eta Bartzelonan bizi den jaun ospetsu batek esan zidan oso “sui generisa” zela obra, nirea, ez Habermasena, zeinaren arabera komunikatu ahal izateko intentzioari kasu egin behar zaion, zintzoak izan beti eta bertutetsuak. Hau da, giza espeziean jende ona bakarrik komunikatzen dela, bera eta bere ilustratuen kartelekoak bezalakoxeak. Postreak datoz azkenean! Banatu, partekatu, bai, ez, pixka bat, koilaratxoak han-hemen, gozamena eta zoriontasuna. Ez dut orain Habermas kritikatzeko asmorik, ezin didalako erantzun, baina diskurtsoaren Buladak kokoteraino daude harekin. Semantikan beti izan dute kaoserako gerria, baina pragmatikan kontrolik eza erabatekoa da: ia mende bat daramate eztabaidatzen ea intentzioak arima edo sinapsi estatusa izan beharko lukeen. Hizkuntzaren Buladak zatituta daude hemen. Niri intentzioarena ke-laino bat iruditzen zait. Ez dut esaten ez dagoenik komunikatzeko asmorik, joerarik, borondaterik, bale, baina hori ez da diskurtsoaren teoria bat, eta batek diskurtsoaren teoria bat behar du komunikazio… diskurtsiboaz hitz egiteko. Diskurtsoaren eskola frantsesaren eta argentinarraren zati bat nirekin dago. Kontsistentzia logikoarenak, hizkuntza aztertzen duen sailetako bat, ez daude ados. Fenomenologia ere ez. Gerra irekia dago ironiaren inguruan. Eskola pragmatikokoek diote intentzioa funtsezkoa dela ironia sortzeko; ados, baina askoz ere funtsezkoagoak dira umorea eta bizitzeko gogoa. Niri intentzioaren Buladak alferrikakoak iruditzen zaizkit, bidetarenak bezalaxe. Ulertzen dut intentzioa dela jende zintzo honi geratzen zaion izpiritu zati bakarra. Gainerako guztia materia baita jada, eta izpirituaren Buladek, intentzioarenak baino estatus handiagoa baitute, ez diote existitzeari utzi nahi. Oraingoz nahikoa Angela afariaren amaierara bizirik iristearekin, jaki gisa zerbitzatu dizkioten sustrai gozoen artean kiribilduta hil gabe. Beganismoak bere burua berrasmatu beharko du, animaliak hilko ez balituzte bezala haiek jaten bizirauten duten psikopata deprimituen gizarte batean arrakasta lortu nahi badu. Beganismoa hedatzeko aukera bat Harawayren humusarekin eta errizoma postmodernoarekin korapilatzea da, nahiz eta, aipatu moduan, nik beti sinetsi dudan beharrezkoak eta kontingenteak diren egituretan. Zutabeetan sinesten dut, boterean, anizkoitza eta egituratua, horregatik naiz politeista, bizitza baldin badago boterea egongo delako, eta boterea baldin badago, hierarkiak, egiturak, oinarriak egongo direlako, nahiz eta ontasun likido handia ahoratu, nahiz eta “be water my friend” asko argitaratu. Horregatik, gaur eta orain, fokuen azpian dagoena Angela Davis da, ez bere unibertsitatea garbitzen duen filipinar jatorriko langilea, eta bere ondoan dagoena ni naiz, ez Valeria, nire Extremadurako dendaria, erretirorik gabea eta urtetan senarraren sexu erasoak jasan dituena, munduko emakumeen % 85ak momenturen batean jasan dituen bezalaxe. Eta ba al dakizue nork ezin duen pot-pourri hau azaldu? Monoteismoak. Baina onena da postreak amaitu ditugula eta denok gaudela bizirik. Eskailera oso malkartsu eta estuetan behera jaitsi, eta bizirik iritsi gara irteerako atera ere. “Ordu perfektua da”, dio Angelak. “Ordubete besterik ez gara pasatu”, xuxurlatu dit. Banan-banan besarkatu dugu elkar, Firako buruak taxi bati deitu dio, Firara itzuli behar dute dena jasotzera, eta bide batez Shiva hotelean utziko dute. “Eskerrik asko”. Besarkada gehiago. “Gràcies per tot”. “Gràcies a tu”. “Ha estat meravellós”. “Adeu”. “Adeu”. “Bye”. “Adeu”. “Bye, bye”.

      Angela eta biok oinez goaz hotelera. Ehun metro egin bezain laster, honek hemen nola funtzionatzen duen galdetu dit, eta birziklatzeko edukiontziak seinalatu dizkit. Ez da esplorazio galdera bat, galdera erretorikoa baizik. Birziklatzea txorrada bat delako, “gero dena elkartzen dute eta berdin erretzen dute”, dio etorkizunaren jainkosak, esanez bezala, baboak dirudizue kontainer guztiak lerratuz eta ordenatuz, gero eduki guztia errekuntza ekozida berean murgilduko denean. Eskerrak ekologistak eta beganoak oro har ondo konpontzen diren. “Ea, konpostajea oso ondo dago”, dio, “baina gainerakoak...”, eta iruzur aurpegia jarri du. Arrazoia eman diot, eta bere erritmoan jarri naiz. Paseoan. Ibilaldi lasaia Bartzelona erdialdeko kale hutsetatik. Gauari malenkoniaz begira harrapatu dut neure burua. Ez dakit nola begiratu bestela. Bartzelona hiri atsegina izateari uzten ari zaio, ez autoentzat bakarrik, arratoi batek baino gehiago neurtzen duen organismo autoktono ororentzat ere. Erdiguneak ugaritu egin dira, eta erdiguneak ugaritzean, periferiak biderkatu. 70 urte baino gehiago eta 10 urte baino gutxiago dituen gizaki oro kanporatzen ari dira erdigune guztietatik, hiri globala ez baita hegoaldeko pagotxa, ezpada azkartasunez, potentziaz eta konbustioz egindako kaiola nekrofilikoa. Hain zuzen ere, gure bizitzako lehen eta azken urteetan ez daukagunaz. Londres are krudelagoa da kanporatze horretan, hango erdiko kaleetan ez duzue inoiz ikusiko ez erretiraturik, ez hamar urtetik beherako haurrik, zerbaitegatik da segidako hiru inperioren sorlekua, baina dena esan behar da, eta gizarte larrialdietarako laguntzak hemengoak baino handiagoak ziren, duela gutxi arte, eta, gainera, han lanean jarrai zenezakeen kobratzen zenituen bitartean. Nola ez. Jakitun naiz, nire haragian bizi izan dudalako haien gizarte ongizateko sistemaren hondoratzea. Londresen bizi izan nintzen lehen aldian, duela urte asko, erraz eskuratu nituen gizarte larrialdietarako laguntzak, aurretik landazabal ingeleseko hotel galdu batean lan egin nuelako, eta gizarte segurantzako neure zenbakia eskuratu. Astero 60 libra eskas. Bai, astean ordaintzen zuten. Badakizue orain dela gutxi arte, Londresen eta haren kolonietan, dena asterokoa edo bi asterokoa zela; lana, soldata, alokairuak, mailegu eta zor jakin batzuen ordainketa. Hori garrantzitsua da, soldata hilaren hasieran kobratu beharrean astean kobratzen baduzu, English eta non-English working class-ak ezin baitu soldata osoa garagardo, puta eta pixoihaletan gastatu lehen astean. Beraz, alokairuak, zorrak eta maileguak ordain ditzake, zeren “gorde zaitez daukazun guztia zure jabetzakotzat hartzetik eta horren arabera bizitzetik”, Munduko Lehen Estatubatuar Benjamin Franklinek zioenez, “xehetasunei jaramon egiten saiatuz gero”, zigarroak, garagardoak eta esnea “bezalako gastu txiki-txikiak nola handitzen diren ikusiko duzu, harik eta dirutza eta zor handi bihurtu arte, eta ikusiko duzu zer aurreztu zitekeen, eta zer aurreztu daitekeen etorkizunean; izan ere, zure lanarekin egunean hamar txelin irabaz baditzakezu, baina, aldiz, egun erdia paseatzera joaten bazara”, Shivak proposatzen duen bezala bizitzaz gozatzeko, “eta sei penike gastatzen badituzu, ez da kalkulatu behar zure dibertsioetan soilik sei penike gastatu dituzula; horiez gainera, beste bost txelin gehiago gastatu dituzula kalkulatu behar da, edo, are hobeto, xahutu dituzula”. Izan ere, utilitarismo protestante angloamerikarrak zerbait utzi badigu ziklikoki argi eta garbi, “diruak diru gehiago eta gehiago sor dezakeela da”, eta miseria usteldu gehiago, lehenak bigarrenarekin zerikusirik ez balu bezala, eta miseria usteldu horretatik salbatzeko modu bakarra produkzio lana denez, gora burtsa!, “inbertitutako bost txelin sei baitira, berriro inbertituta zazpi txelin eta hiru penike, ehun libera esterlinara iritsi arte. Zenbat eta diru gehiago egon, orduan eta gehiago sortzen da inbertitzen dugunean, eta erabilgarritasuna gero eta azkarrago hazten da”, harik eta, bum, 1600eko Amsterdameko kanalean etxe eder bat eros dezakezun arte erraboil edo tulipa baten prezioan, edota gerta dakizuke 29ko edo bimiletako finantza-burbuila aurpegian lehertzea ere, itsu eta ilerik gabe utziz, eta, orduan, Jainkoak ere ezin du salbazioa ziurtatu, beraz, handiagoa, zaharragoa eta potoloagoa den desohoratutako estatuari deitzen diote. Estatuak, orduan, langile industrializatuei lapurtuz salbatzen ditu finantzatutako utilitaristak, eta hominidoei asko gustatzen zaigunez errepikapena, zikloa errepikatzen dugu, lehenik mende eta erditik behin, gero laurogei urtetik behin, eta orain hogeita hamar urtetik behin, eta krisi bakoitzaren ondoren, berriro hasten gara, batzuk hankarik, enborrik eta begirik gabe, eta beste batzuk Porscheekin; eta orduan mundu guztia hasten da berriz ezagutzen ez dituen gauzetan ez duena inbertitzen, Benjamin Franklin hainbeste beldurtzen zuen kreditua handituz, Paulo iii.ak eta Luterok ziotena kontrajarriz eta berretsiz aldi berean; izan ere, “zerrama bat hiltzen duenak haren ondorengo guztiak suntsitzen ditu mila zenbakiraino, bost txelineko txanpon bat hiltzen duenak bost txelin horiekin sor zezakeen guztia hiltzen du, libera esterlinazko dorre osoak” eta, jakina, Jesukristo mediterraneoa, Inutila ezizenez, ez zegoen prest eraginkortasunaren logika horri jarraitzeko, horregatik bihurtu behar izan zuten Inutila utila zen zerbait, eta katolizismoak Jainkoa judaismoak maite duen depresibo hori baino tipo zoriontsuago bat bihurtu bazuen ere, inproduktiboagoa eta bigunagoa ere bihurtu zuen, harik eta protestanteak iritsi eta lanean jarri zuten arte, Mayfairreko beren Porsche eta jatetxeetarako txelinak metatuz han, beren Lamborghini eta Ferrarientzako txelinak hemen, dena Sarria eta Les Corts-eko italiarrekin bikainki elkartuta. Hemen ere, gehiago bizi dira Les Tres Torres eta Pedralbesekoak, Ciutat Vellako pakistandarrak eta orain txinatarren altzoa bilakatu den Trinitat Vellako white trash-a baino. Gainbalio zaharrek taxutzen baitituzte periferia berriak. Degradatutako eta zatikatutako pertsonak sortzeko, espazio degradatuak eta zatikatuak sortu behar baitira. Tolerantzia ilustratu postnazionala da, gure bainugeletatik etxeko zapatiletan paseatzen dena, listu pozoitzailea jariatuz gure umetokiaren sakonenean, non legalki lurreratzen dituen etorkizuneko termiten arrautzak, zeinak handitan putreak izango baitira eta Ciutat Meridiana osoko solairu guztietako leiho guztietako gortinak irentsiz joango dira, laranja ongarritu bakoitza, hanburgesa prozesatu bakoitza, latako garagardo bakoitza. Eta nik zera galdetzen diot neure buruari, Angela, non dago hau ekiditeko diziplina? Eta gure hotelerantz biratu aurretik, Catalunya plaza, Apple Store eta El Corte Inglés seinalatu dizkiot izkinatik. Angelak mesfidantzaz begiratu dio argi eta turuten iruzur horri. “Dena iritsiko da, gauza onak ere bai”, dio solemne, ziur eta itxaropentsu, etorkizunaren jainkosa da. “Baina irits dadin lan egin behar da, temati”. “Bai, diziplinaren bidez”, ikus dezala arreta jartzen diodala. “Horra arazoa”, azpimarratzen dut. Badakit protestanteak, gehiengo absolutua direnak bera bizi den tokian, Kalifornian, diziplinatuagoak direla; izan ere, kristau guztiak errudunak diren arren, katolikoak, guztiak, barkagarriak dira, eta horrek, azkenean, alferrikakotasunik handienean hondoratzen du infernu jainkotiarra, eta herrialde katolikoak pobrezian, esango luke Benjamin Franklinek, zeren zertarako egingo duzu lan, edo borrokatu, diziplinaz, egiten duzuna egiten duzula barkatuko badizute. Horregatik, Erreformako tristeek Kristo merkantzia bihurtu zuten, merkantzia kapital eta kapitala psikopatia, horixe gertatzen baita diru ekoizpena balio sorkuntzatik dibortziatzen denean behartutako ezkontza tortuoso baten ondoren, non balioak hegan egiten duen, hegan, eta espora bihurritu eta deabrutu batek bezala bipolaritatea eta hiri globalak ereiten dituen edonon. Eta ezkontza krisi horren erdian, dolar saudiarabiarrezko dorretzarrez inguraturik aurkitzen zara diru beltzeko makrogarbitegi bat besterik ez den city baten citya erosten, eta halaxe ari da Bartzelona ere diru beltzeko makrogarbitegi bat bihurtzen, baina hemen parranda eta eguzkiarekin.