Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

Donostia, 1965/12/15

 

 

Bergara kalea: 6:38 p.m.

 

Laster hasiko da jendea iristen eta Milak oinarri espresionista duen egurrezko behe-mahaia mugitu du, zentimetro eskas, bere lekuan ondo bazegoen ere lehenago. Sofako kuxinekin ere halatsu egin du, hirugarrenez astindu ditu betegarria uniformeki zabaldu dadin barnean, berriz ere sofan simetrikoki paratu aurretik. Behe-mahaiaren alde banatan taburete baxuak daude; ez daki zein lekutan eseri nahiko duten, eta hobe izango da aukera ezberdinak edukitzea. Mahai gaineko hautsontzia begiztatu du, eta haren ondoko harrizko pieza handia, funtzio dekoratibo hutsa duena. Akaso folioak eramango dituzte gonbidatuek beren hitz-hartzeetarako, eta hainbeste gauzakik enbarazu egingo diete, baina, momentuz, harmonia estetikoaren izenean gauzak bere horretan mantentzea deliberatu du; geroago apartatuko du harrizko pieza behar izatera. Ahizpak aulki guztiak ateratzeko aukera aipatu dio lehen, baina, azkenean, ez ateratzea pentsatu dute; publiko asko espero dute gaur, eta hobe izango da jendea zutik gera dadin, nahiz eta informalagoa izan ekitaldia.

      Maria Teresa jaitsi da liburu-dendako solairutik, zintzilik diruditen eskailera-mailetan behera, ezkerreko eskua baranda zuria laztantzen, eta gaztigatu dio apaiza agertu dela, ea zein ordutarako egon behar duen galdezka. Beti berdin dabil hau, pentsatu du, ekitaldien ordutegia enegarren aldiz galdezka, eta gero harritu ez berandu ailegatzen bada. Presarik gabe ikusi du jaisten ahizpa, estanpatu deigarriko soineko luzearekin, zeinak lepo zuri eta zabal dotorea baitu. Ile beltz irmoa, ondo kardatua dagokion bolumena har dezan. Berak ere halatsu egiten du, eskuila tentuz eta artez astinduz, baina, tamalez, ez da inoiz gauza izan ahizparen ileak ematen duen tinkotasuna erdiesteko. Bere soinekoa ere, ohi moduan, ahizparena baino soilagoa da, krema kolorekoa eta estanpaturik gabekoa, baina estimazio handia dio, bereziki molde gurutzatuagatik eta botoi beltzengatik, zeinek efektu orekatua eragiten baitute soinekoaren kolore nagusiaren kontrastean.

      Azalak agerian dituzten liburuen apaletara jo du Milak, liburuen kokapena errebisatzera, eta ahizpak, haren asmoak igarri dituelarik, egoteko lasai esan dio, ondo dagoela dena dagoeneko, prest dutela, eta ez kezkatzeko alferrik. Badakin, esan dio, Milak, ziurtatzeko besterik ez dun. Espazio osoa ikuskatu du eskaileraren erdialdetik Maria Teresak. Ederki asko geratu da Chillidaren eskultura; pieza ez oso handia, baina, halere, pisutsua denez, lanak izan dituzte idulki egokia aurkitzeko; azkenean, eskultorearen beraren laguntzaz, egurrezko altu bat eskuratu dute, eta bikain egokitu zaio, hura begiztatzeko altuera perfektuan. Sofa gaineko liburutegitik liburu bat aldatzen hasi da ahizpa, eta goitik Italiako villa zoragarri haren inguruko katalogo berria jaisteko eskatu dio Maria Teresari. Berehala ulertu dio zein katalogoz ari den, eta gorantz egin du ale bat hartzeko.

      Zapata takoidunak erantzi ditu Milak, soinekoko sakelatik traputxo bat atera, eta kontu handiz sofaren gainera igota, forma ugaritako lur-globoak eta haiek sostengatzen dituzten apalak errepasatu ditu; pixka bat gehiago luzatu behar izan du gorputza, oreka mantentzeko eginahalak eginez, goiko apalean dagoen moai baten erreplika ere trapuaz igurzteko. Horretan dabilela, norbait sumatu du eskaileretatik beherantz; urratsen hotsagatik badaki ez dela bere ahizpa, eta egokiera horretan harrapatu ez dezaten sofatik jaisten saiatu da, baina horretan ari dela entzun du Artetxeren boz serioa. Ez dio astirik eman eta, lotsaz, desenkusatzen ahalegindu da, nahiz eta ez duen askotarako balio izan, gizonak ez baitio erantzunik eman. Kasurik egin gabe joan da zuzenean eskulturarantz, eta Milak, zapatak jantzi eta soinekoa eskuaz lisatu ondoren, ondo geratu da, ezta? galdetu dio. Barkatu? erantzun Artetxek, aditu ez dion seinale. Berriz ere galdetu dio, ondo geratu den, asko kostatu zaiela idulki egokia lortzen, eta gizonak, idulkiaren gorabeherei jaramonik egin gabe, baietz, pieza eder askoa dela, zoragarria dela nola dagoen eskultura bere baitara bilduta. Isilik geratu dira lipar batez, gizonak ez dio begiratu ere egin, eskulturari beha, eta Chillida laster izango dela etortzekoa esan dio Milak, Artetxeren ordua baino lehen iristearen esperoa ere bere ardura izango balitz bezala. Goian daude erantzun dio axolagabe eta galdera guztientzako erantzuna duenaren segurantziaz, liburu batzuk komentatzen geratu dira. Hor enbarazu egiten duelako sentipenarekin eskailerarantz jo du Milak, eta igotzen hastear zenean entzun du goitik jende multzoa jaisten; atzera egin du, beraz, eta alde batera apartatu. Atsegin handiz ikusi ditu goitik jaisten Chillida, eta haren atzean Pilar, gepardo larruzko parka deigarri batekin. Bi gonbidatuak abegi onez hartzeko arduraturik zegoenez, ez da ohartu haien segidan ahizpa jaitsi dela halaber liburuarekin, eta apalategira joan dela libre den lekuan katalogoa jartzera. Irribera agurtu du Chillidak, eta talentudun gizonaren sosegua sumatu dio berehala; idazle eta intelektual ugari ezagutu ditu azken urteotan, baina berak badu berezko zera eztabaidaezin bat, haren dohainak haren plantarekin bakarrik adieraziko balira bezala. Pilar agurtu du segidan, eta aretoaren erdialderantz lagundu ditu. Ordurako Artetxe biratua da, Chillida-Belzunce senar-emazteekin solastatzeko prest. Eskulturagatik zorionak eman dizkio Chillidari eta hark Ramos ahizpen lana goraipatu du, zelako arduraz aritu diren lanean eskultura egoki paratzeko aretoan. Gonbidatuak beren hizketaldian lasai uzteko asmoz gerturatu da Mila ahizparengana. Jarri berri duen liburua apur bat mugitu du, azala zentimetro bat eskas irekiz, horrela oreka handiagoa lortuko duelakoan, eta gero, ekitaldia hasten denean, ezustekorik gerta ez dadin. Goiko solairuan dagoeneko jende dezente pilatzen hasia dagoela gaztigatu dio Maria Teresak, baina behera jaitsi aurretik pixka bat itxoin dezatela eskatu diela. Baietz egin du buruaz Milak, eta bera igoko dela esan dio, gera dadila Maria Teresa behean Chillida, Pilar eta Artetxerekin. Halaxe egin du, isilik entzun ditu Chillida eta Artetxe hizketan, eta keinu sotil batez Pilar gerturatu zaio ekitaldiaren antolamenduagatik zorionak ematera, aspaldi dela sotora jaitsi gabea zela eta zoragarri dagoela. Herabe erantzun dio Maria Teresak, espero dutela denbora luzean halakoak antolatzen jarraitzeko kuraia mantentzea. Apur bat gehiago apartatu dira Chillida eta Artetxeren solasalditik, eta Maria Teresa aretoan egindako azkeneko aldaketa txikien berri xehea ematen hasi zaio Pilarri, baina azalpenen erdian dagoela, pausa bat egin eta, esku ahurra kopetara eramanaz, hau burua nirea, esan dio, barkatu, antolaketa kontu hauekin guztiekin, zoriontzea ere ahaztu egin zait, pozik egongo zarete sariarekin. Besaurretik heldu dio Pilarrek, lasai, esan dio, eskerrik asko; bai, pozarren jaso zuen albistea Eduardok, ilusio berezia egin dio Alemaniatik datorrelako. Ondo merezita dituela sari guztiak erantzun dio Maria Teresak, eta nolako ohorea izango den ospakizun umil hau gure etxean egin ahal izatea. Kia, nazioarteko aitortzak bezain garrantzitsuak dira etxekoenak, esan dio Pilarrek, ondo dakit holako ekitaldiek izen handiko sariek bezainbesteko ilusioa egiten diotela Eduardori. Esker onez makurtu dio burua Maria Teresak, ia lotsagorrizkotzat har daitekeen keinu bat.

      Goialdetik zarata geroz eta handiagoa entzuten hasi da Maria Teresa, eta ordulariari begiratu dio. Ez dabil oker, bost minutu besterik ez dira falta eta dagoeneko martxan jartzeko garaia da. Mila begiztatu du eskaileretatik jaisten, apaiza segidan duela, atzetik jende gehiago, ezagunak gehienak, eta multzoaren erdian argazkilaria, jende artetik lekua egin nahian. Bisitariak beheraino jaitsi direlarik, berehala bildu du multzo bat, aliritzira, eta aretoaren sakonune bakarrera eraman ditu erabakitasunez, apal ondo formatuak atzean dituztela, Geografía universal jartzen duen azal dotorezko liburuen aurrean. Andereñook, zuek ere bai, mesedez, esan die ahizpei, eta Maria Teresak, gu, nolatan? adierazten duen aurpegiera ipini duen arren, berehala nagusitu da argazkilariaren ekina eta multzora batu dira. Ezker-eskuin lerro bakarrean jarrita, ahizpak mutur banatan geratu dira zutik, irribera, gainontzeko emakumeak bezalaxe, eta gizonezko gehienen begitarte serioaren aldean. Eskua luzatu du argazkilariak, eta pare bat dei ondoren, klik entzun dute, klik, klik. Argazkilaria handik mugitu denean eta aretoaren beste zoko batera bizitasunez joan denean, pare hartatik mugi zitezkeela ulertu dute, eta multzoa sakabanatzen hasi da, bat edo bestek elkarri hitz bakan batzuk, apal, esaten dizkiola. Chillidak aretoaren erdialdean jarraitzen duela ohartu da Mila, Artetxez gain jende gehiagoz inguraturik. Ordulariari begiratu dio, luzesten hasia da. Ahizpari so egin, eta ondo ulertu dio adierazi nahi ziona, zeren sorbaldak jaso eta bekainak zabaldu dizkio distantziara. Eskultorea dagoen alderantz jo du, eta ingurukoei desenkusazko zenbait hitzen ondoren esan dio, Eduardo, nahi baduzu zure lekua hartzen joan zaitezke, aurrez artez prestatutako txokora seinalatzen diola besoaz. Ordea, Chillidari erantzuteko denborarik utzi gabe, dagoeneko haren lotinanta dirudien idazleak, barkatu, andereño, gauza bat esplikatzen ari gintzaizkion, oraintxe bukatuko dugu, bota dio. Bekoz beko begiratu dio Milak, eta jada amorrua ezin bridatu duela, oraingoan ametorik ez ematea deliberatu du. Gero bukatuko duzue, jauna, orain ekitaldia hasi behar dugu-eta; nahi duzuen denbora guztia izango duzue gero. Halaxe jarraitu dio atzetik Chillidak, sofa eta behe-mahaia dauden lekura. Han hasi zaio esplikatzen nahi duen lekuan eser daitekeela, sofa dagoela, baina baita bi taburete baxu ere. Makurtu, burua beheratu, eta altzari baten barlasaiaren pean erdi ezkutuan dagoen taburetea behe-mahaira gerturatu du bertan eseri aurretik. Honekin nahikoa izango dut, esan dio, ondo egongo naiz. Seguru? bota dio Milak, ez al zara hor erosoago egongo? Ezetz berriz ere Chillidak, irribarre etorkor batekin. Ados, ezer behar baduzu esadazu, jauna. Esaldia bukatu baino lehen Chillidak eskaileratarantz bota duen begiradak ohartarazi dio gero konprobatu ahal izan duena, alegia, beste gonbidatu nagusia aretora iritsi berria dela, azkenik. Jorge Oteiza begiztatu du, bada, aretoaren sakonean, azken eskailera maila jaitsi berri. Isilik egin du aurrerantz, beraiek dauden lekurantz, eta aretoa mukuru den arren eta gehienak harengana biratu diren arren, halaxe jarraitu du, pausarik gabe, harik eta metro eskasera iritsi, ingurua gora-behera, ezker-eskuin ikuskatu, eta Chillidari eskua luzatu dion arte. Ene, lagun zaharra, barkatu atzerapena, alkatearekin hitz egin behar duzu, aparkaleku gehiago jar ditzaten. Barrez estutu dio eskua Chillidak, esker on herabeti batez, eta Milak ere halaxe egin du haren alboan, lasaiago jada, ekitaldia hasteko dena prest delako. Klik, entzun dute, klik, klik.

      Pixka bat apartatu da Mila, eta bien arteko zorion opatzeak eta kortesiazko solasa bukatu direnean, Oteizari zuzendu zaio, non kokatzea gustatuko litzaioken galdezka, hari ere taburete baxuaren eta sofaren aukera emanaz. Eserita? nik zutik egingo dut, bota dio seguru. Bere apunteak, halere, behe-mahaian jar ditzakeela esan dio, eta orduan paper puska txiki bat atera du sakelatik, uztai-koaderno batetik ateratako orrialde koadrodun ebakia, eta Milak bere buruari galdetu dio ea zer arraio sartuko zaion paper ñimiño horretan, hiru-lau hitz jartzeko espazioa besterik ez duelarik. Ondo lisatutako galtzetako sakelan sartu du eskuineko eskua Oteizak, beste eskuarekin paper pusketari heltzen diola, paperaren zulo zulatuak airean. Amerikanaren azpitik jertse griskara, alkandora zuria eta gorbata beltza antzematen zaizkio, eta begiradaz adierazi dio hasteko prest dagoela. Zalantzazko hitz batzuen ostean lehen esaldia artikulatu du Milak, bertaratutako guztiei eskerrak emateko lehenik, eta Chillida zoriontzeko gero, Alemanian jasotako sari entzutetsuagatik. Eta hitz-hartzea lehenbailehen bukatzeko borondatez, Oteizari esku ahurra ireki, eta hitza orain harena dela adierazi du. Oteiza, bada, paper-pusketa eskuan, hitza hartzeko prest ezarri da publikoari begira, Chillida taburete baxuan eseri da, eta Milak unea aprobetxatu du beste aldera joan eta publikoaren artean ezkutatzeko. Zigarro bat piztu du Chillidak; lehen atxikia eman dezan itxaron du Oteizak soseguz, eskuineko eskua sakelan. Klik, entzun dute, klik, klik.

 

      Eduardo maitea: hemen gaude, zure ondoan bilduta, zure lagun talde bat. Lotsaturik, esango nuke, duela denbora asko egin ez dugulako, zure lorpenen ibilbide agorrezina hasi zenuenean. Uste dut beldurrez ere bagarela hemen bilduta gauden zure lagunak gehiegi izateagatik. Uste dut beldurrez ere bagarela zure nortasunaren dimentsio benetakoaz ohartzeko, zure obraren benetako handitasuna, zure lorpenen esanahi nazioartekoa, gure herrian eduki beharko zuketen eta duten irismen politiko eta kulturalagatik. Izan ere, gure artean, informaturik egote hutsak engaiatzera behartzen gaitu, berehalako erantzun bat ematera derrigortzen du gure kontzientzia, gertakizunen errealitatearekiko jarrera bat edukitzera. Eta gure errealitate espiritualaren desastre guztia gure ekintzen eta gure kontzientziaren arteko bat ez etortze horretatik dator; egin behar dugula pentsatzen dugunaren eta egiten dugunaren arteko aldetik, gure buruak traizionatuz.

      Nik, beraz, zerbait esan behar dizut eta ez dakit zehazki zer esan behar dizudan, eta nola esan diezazukedan.

      Lagun maitea: Ramos andereñoek, Espeluncako gure kideek, bilkura honen antolatzaileek, Eduardo Chillidari eskainitako omenaldi honetan haren laudorio hitz batzuk esan ditzadan eskatu didate, agian guztien artean zaharrena naizelako. Pentsatzen ari zaretena hausnartzen ari naiz: nik orain esan behar dudana ari zarete pentsatzen. Bada, zer da esan behar dudana?

      Liburu bat emango dizugu, akaso omenaldi hau eskaintzerakoan gure eskuak ez daitezen hain hutsak sentitu, zeren, nahiz eta Eduardok badakien gure bihotza eskuan dagoela —ondo ezagutzen du, beste inork baino hobeto, bat egite ezinbesteko hori—, gure bihotz horixe beraxe, gure hiriaren bihotza, hutsik dago.

      Utz iezadazue, arren, hasi dudan hausnarketa labur hau osatzen. Laburra izan nadin eskatu didate. Oso laburra izatea posible da, halaber.

      Egungo kulturaren munduan, hainbat sari nazioarteko daude, modu inteligentean barreiaturik, zeinen helburua artista-zerrenda bat osatzea baita, sortzaile handien lehen plano bat eskuratzea, alegia, laburtzen eta azaltzen duena, arte garaikideari dagokionez, garai historiko bakoitzeko haren egoera, haren prozesua. Eduardoren balentria ezohikoa, haren zati bat, eskultoreei eskainitako sari guztiak —zehazki duela zazpi urtetatik— berak irabazi izana da, berak bakarrik, denak. Eta hala, mugako egoera batera iritsi gara berarekin; izan ere, nazioarteko eskultura sari handi bat sortu berri da Alemanian, eta Eduardo Chillidari eman diotela jakin dugu egunotan.

      Eduardori esaten nion, esaten nizun: zelako inbidia ematen didan sari honek! Hori esplikatu nahiko nuke bekaizkeriak galgatu eta usteldutako inguru honetan. Alemaniako sari handi honek Lehmbruck eskultore handiaren izena darama, hogeita hemezortzi urterekin hil zena, 1919an suizidatu zena; miretsi egiten nuen, nire eskultore bizitzako lehenengo etapetako batean eragin egin zidan. Ezin dut inbidiarik izan: Eduardok sari hau niretzat ere irabazi du, gure herriak irabazi du, euskal artista guztiek irabazi dugu berarekin batera. Nolako zoriona sentitzen dudan egokiera honetan, non Eduardogatiko nire miresmen osoa adierazi dezakedan, nire aitortza osoa, eta eskerrak eman.

      Eduardo dugu, ez dago zalantzarik, egun, munduko eskultorerik onena, esanguratsuena, azken hamarkada honetako lehenengoa. Munduak badaki, artearen munduak, kulturarenak, baina artistaren herrialdea da, bere gobernua, bere gobernari legitimo edo ilegitimoak, albiste hau jaso behar dutenak, bere herriari komunikatu eta hedatu behar diotenak, omenaldi publikoa eskaini eta artistaren nortasuna eta obra beste artistei eta hezkuntza-maila guztiei zabaltzeko. Bere herrialdea da, gainera, albistea, zuzenketa, eskertza, nahi duzuen bezala deitu, jaso izana adierazi behar duena, eta harremanetan jarri beste herrialdeekin, kulturaren zaintzaren eta goi-ikerketaren mundu horrekin, zeinak guretzat deskubritzen baititu gure balio propioak.

      Gerraondoko lehenengo hamarkadan, Eduardoren aurreko horretan, Henry Moore nabarmendu zenean munduko eskultore handitzat, bere herriak, Ingalaterrak, bere ohoretan hartutako ekintzen artean, itsasontzi bat pleitatu zuen bere obra erakusteko eta mundutik garraiatzeko, eskultoreari buruzko liburuak editatu zituen eta film dokumentalak egin zituen haren obraren gainean. Eskultorearen omenezko Gobernuaren ekintza horien sonak Ingalaterrako eskultorerik garrantzitsuenak sorrarazi zituen bere herrian, bere eskualdean, Yorkeko konderrian. Hain justu, eskultore horiek euskal eskultore bakarti eta nekaezin honek, Eduardo Chillida gureak, garaitu ditu urteotan (onartzen badidazue, eta kirol-termino horietan esatea komeni), beste herrialde batzuetako joera eta eskolekin batera. Arte garaikidearen eta espirituaren balio gorenen Nazioarteko Banku honetan, gure Euskal Herriaren eta gure artisten aldeko kreditu mugagabea ireki du Eduardo Chillidak. Eduardori egin diezaiokegun omenaldirik onena kreditu hori aprobetxatzea dela iruditzen zait, kreditu ukigabe hori gure herriaren sormen-energia bihurtzea, zeina gizon bakar batek ezagutarazi baitu soiltasun handienaz. Eta multiplikatu egin behar dena, eta abar.

 

      Publikoak zalantza egin du hasieran, baina isilunea luzatu eta Oteizak keinu ia antzemanezin bat egin duelarik, eztanda egin dute txaloek azkenik, zaparrada epel batek. Milak ahizparenganantz gorputza luzatzen ikusi du Oteiza; egia da, presekin ahaztu egin zaie oparia hartzea, eta ahizpa ikusi du okerra zuzentzen, opari-paperez bildutako pakete laukizuzena hari luzatuz. Keinu egin dio Oteizak Maria Teresari eta honek Milari, eta berehala konturatu da berari egokitu zaiola berriro eskultoreen aldamenera joatea. Halaxe egin du, eta dagokion lekuan ez dagoelako lotsa puntuaz, denik eta leuntasun handienaz heldu dio berak ere paketeari, Oteizaren heltze irmoa lagunduko balu bezala, eta bien artean eskuratu diote oparia Chillidari. Hark paketea hartu duen unea aprobetxatu du Milak atzerantz egiteko, apalen alderantz, bi eskultoreei lehen planoa uzteko. Chillidak ezkerreko eskuaz heldu dio paketeari eta bestearekin bostekoa eman dio Oteizari, eskuak ondo bilduta, satisfazio aurpegi nabariaz. Klik, entzun dute, klik, klik.