New York, 1961/02/18
Tompkins Square Park: 10:38 a.m.
Parkeko banku batean eseri da. Inguruan inor ez zuen bat aukeratu du, nahiz eta berehala jarri den gizon berritsu bat bere ilarako hurrengoan. Hitz egiten hasi zaio, ea zer ari den irakurtzen galdezka, ekidin nahi zuen hori hain justu. Ahalik eta kasu gutxiena adieraziz erakutsi dio Frankek liburuaren azala: Malraux, Man’s Fate. Ea nongoa den idazle hori galdegin dio gizonak.
— Frantsesa.
— O, frantsesa. Asko dakite frantsesek.
Distraiturik, aurrera egin ezin duen arren orrialdeei begira jarraitzen du Frankek, bizilaguna ohartuko eta bakean utziko duen esperantzaz.
— Eta zertaz doa ba liburua?
— Nobela bat da.
— A, ikusten dut.
Orri-pasa hasi da Frank, kontzentrazio betean balego bezala.
— Barkatu molestatzen ari banatzaizu.
— O, ez, ez da ezer.
Pixkanaka, bere baitara bildu eta haria berreskuratzea lortu du. Soilik ondoko morroia altxatu eta agurtu duenean eten du irakurketa buru-keinu xume batez hura despeditzeko. Denbora batez irakurtzen jarraitu eta gelditzeko orrialde egokia topatu duenean (puntuaz amaitzen zen orrialde bikoitia), orri-marka dagokion lekuan jarri eta bankuaren gainean utzi du liburua.
Lepoa mugitu du zerbikalen kirrika entzun arte; soina atzera bermatu eta, beso-zabalik, bankuaren bizkarrean ezarri ditu. Jarrera horretan eroso sentitu delarik, burua goratu du. Zuhaitzen adar-hostoek bere gainean sortzen duten mosaikoari beha geratu da, otsaileko izpi ahulak amaraun horren artean sartu-irteten direla, herabeti, baina hala ere, inguruari esperantza moduko baterako adorea ematen diotela. Belarretan jolasean ari diren haur batzuen hotsak aditzen ditu, eta hostoen atzealdean ikusten diren hodei estatikoek urtearen garai horretarako giroaren epeltasuna eman diote aditzera, halako moldez non kardiganaren botoi bat askatzea erabaki duen. Esku bakarraz askatu du berriro lehengo jarrerara itzuli aurretik. Begi bat itxi du lehenik, hura ireki eta bestea ixteko. Irudiak mugitu egiten zaizkio, txikitan Graftoneko belardi batean etzanda egiten zuen modu berean. Adar trinko bati erreparatzen dio, eta gora-behera moduko bat sumatzen du begi bat itxi eta bestea irekitzen duenean, erritmo bizi eta erregularrez. Raccordik gabeko bi fotograma balira bezala, edo segidan doazen bi diapositiba, klak klak.
Zigarro bat piztu du, eta txiskeroa sakelan sartu duenean ikusi du Diane parkearen iparraldetik etortzen. Zutitu eta eskuaz agurkatu du, zorion aurpegia disimulatu ezin duela. Denbora gutxi da ezagutu zuela. Herkok, Vincenten pisukideak, aurkeztu zituen iluntze batez. Diane ezagutu behar duzu, esan zion, idazle izugarria da. Berehala konpondu ziren ondo, poesiak batzen ditu, bai, baina baita beste gauza batzuek ere. LeRoi Jonesekin endredatuta dabil Diane, eta denbora gehiegi ere pasatu ez den arren Frankek LeRoi ezagutu zuenetik, estimazio handian du. Hasieratik liluratu zuen gazte beltz hark, hainbeste ezen batek baino gehiagok pentsatu zuen: hara, hemen da Franken kapritxo berria. Ezagutu zuenean LeRoi Yugen poesia aldizkaria argitaratzen ari zen, eta Zortzigarren kaleko liburu-dendan topatu ohi zuen maiz. Halaxe argitaratu zion LeRoik berak, denda horren bidez, Riversen ilustrazioekin prestatu zuen Bigarren abenida poema. Frankek Diane ezagutu zuenean aldizkari berri bat prestatzen ari zirela esan zion, Floating Bear izenekoa. Luze gabe martxan jartzeko asmoa zuten eta lehenengo zenbakia itxita bazuten ere ea bigarrenerako zerbait pasatuko zien galdetu zion Dianek. Frankek sobera hausnartu gabe esan zion baietz, nola ez zien LeRoi eta berari zerbait pasatuko. Poesia berriena argitaratzeko asmoa zuten, eta horretarako bitarteko literario guztiak zituzten. Harreman ona zuten Mendebaldeko Kostako poetekin ez ezik Black Mountainekoekin, eskura zituzten newyorktarrez aparte, noski. Frankek, hori bai, esan zion Dianeri, nire etxera etorri beharko duzu poemaren baten bila. Arazo ez, hobaria baino ez zen hori Dianerentzat. Frank ezaguna da hiriko lagunartean bere poemen plazaratzearekiko aski antsikabea izateagatik. Gutxien interesatzen zaiona poemen argitalpena bera da; berari ideia, printza eta uneen kolpea jaso eta tinko tekleatzea da axola diona, eta horretan izaten ditu neke eta pozak.
Bi eskuak okupatuta dakartza Dianek baina moldatu dira besarkada batean biltzeko. Liburu bat du eskuineko eskuan, tipula-ogia ezkerrekoan.
— Ea zer iruditzen zaizun.
Zalantzaz esan dio Dianek, baina irmotasunez heldu dio Frankek. Azalari erreparatu dio segundo luzetan, detaile guztiak barneratu nahian. This Kind of Bird Flies Backward by Diane di Prima. Introduction by L. Ferlinghetti. 95¢. Azal sinplea da, hondo kremaduna duena, eta erdialdean, pixka bat ezkerretara, forma abstraktu bat, beltzean. Beheko herenean ageri dira letrak, maiuskulaz.
— Aldizkarietan erakutsi zenizkidan poemak asko gustatu zitzaizkidan, maitea.
Liburu-dendaren bidez LeRoik argitaratu zuen lehenengo liburua izan zen Dianerena, eta harentzat ere argitaratzen zuen estreinakoa zen. Lagunartean zabaldu zen liburua batik bat eta harrera beroa izan zuen, baina orain Franken eskuetan egoteak urduri jartzen du, ilusio handia egiten dion arren. Zortzi urteko aldea baino ez dute, baina Dianek askoz ere zulo handiagoa sentitzen du bien artean. Franken ingurua, eta baita artean eta poesian egin duen ibilbidea, helezintzat ditu; ibilbide arrakastatsua izan duen anaia nagusi baten moduan begiratzen dio. Horregatik pozten du, bereziki, Frankek Floating Bearen parte hartuko duela jakiteak.
— Ogia ere ekarri dut geroko.
— O, hain zara gozoa.
Eskuak zabal-zabal jarri ditu kardigana erdi irekita geratu zaiola.
— Nik ez dizut ezer ekarri, ordea!
Botoia atzera lotu eta kotoiari tira egin dio pixka bat txukuntzeko.
— Poema batzuk pasatzen badizkiguzu konformatuko gara.
Ibiltzeari ekin diote, eta Frankek parkearen beste aldetik gertu dagoen Ekialde Hurbileko jatetxe batera joatea proposatu du, eramateko janaria eskatzera. Ondo iruditu zaio Dianeri, nahiz eta mota horretako janaria eskatzera oso ohitua ez dagoen. Patxadaz paseatu dira parketik, St. Brigid elizaren kantoitik atera dira. Gorri eta ertz markatuz ageri da beren gainean.
— Seguruago sentitzen naiz Santa Birkide etxetik hain gertu edukita.
Barre egin du Dianek.
— Imajinatu frantziskotarrak zure etxeko kantoian izango bazenitu.
— Ez dakit zer esan.
— Lotsa zure gain! A zer italiar eskasa!
— Gure etxean italiar izatea baino garrantzitsuagoak ziren beste gauza batzuk. Akaso sindikatuaren egoitza egongo balitz…
Hatzaz seinalatu dio Frankek non den jatetxea.
— Ez dakit dakizun nire aitona Emma Goldmanen kidea izan zela.
Ez zuen ideiarik ere Frankek.
— Eta gogoan dut nola irakurtzen zidan Dante lau urte besterik ez nituela. Gizon ona izan zen aitona Domenico.
Franki utzi dio jatekoak hautatzen. Herabeti saiatu da Diane dirua ateratzen, baina ziztuan apartatu dio eskua Frankek.
— Zuk ogia ekarri duzu.
Desoreka bistakoaren aurrean mutu geratu da Diane.
— Ez ahaztu, nik museoan egiten dut lan. Pagatuko dizkidazu aurrerago bazkariak, zure poesia ehunka hizkuntzatara itzultzen dutenean.
Aldizkaria newsletter moduan zabaltzeko asmoa dute LeRoik eta berak, tartean truke ekonomikorik ez dela. Lagunartean joan da zabaltzen proiektua, eta jaso nahi duen orok jasoko du hilero ale berri bat etxeko postontzian. Lehenengoa bidaltzen hastear dira, hilaren bukaera baino lehen nahiko lukete igorri. Michael McClure, Charles Olson, Max Finstein, Robin Blaser, ale on askoak lortu dituzte lehenengo zenbakirako. Zazpi poema orotara, eta azalean McClureren titulu deigarridun poema hori, maiuskulaz: the smile shall not be more mutable than the final extinction of meat. the smile with teeth sunk in lower lip.
O’Harari dagokionez, Kerouacekin zenbaki berean ez dezaten jarri gaztigatu diote Dianeri. Ezaguna da hirian duela pare bat urte Living Theatren irakurraldi batean gertatutako pasadizoa. Diane ez zegoen bertan, baina ondo ezagutzen du kontua. Gregory Corsok eta Frankek zenbait poema irakurri zituzten, eta Frankek Oda Michael Goldbergi irakurtzen bukatu zuenean, Kerouac, total eginda, publikoaren erditik zutitu, eta denek ondo entzuteko moduan oihukatu zuen: “Amerikar poesia suntsitzen ari haiz, O’Hara!”. Bere lekutik mugitu gabe, hieratiko, erantzun zion: “Hik harengatik egin duana baino gehiago duk hori”. Kerouacen itsuskeriak ez ziren hor amaitu eta, azkenerako, Frank oholtzatik jaitsi eta hanka egin zuen emanaldia bukatu baino lehen. Denbora pasatu den arren eta Kerouacek barkamen-eske txikiren bat entseatu duen arren, Frankek nahiago du hura aparte eduki. Bigarren zenbakirako segurutzat du Frank, eta oraindik dena itxita ez badute ere Robert Creeleyren zerbait ere sartuko dute.
Atzera jo dute parkerantz, bertan deslai dabiltzan kalezaleen ibilerak jostari komentatuz. Haien saldokotzat dituela komentatu dio Dianek, bere burua behintzat gertuago sentitzen duela haiengandik Midtownen ikusten dituen janzkidunengandik baino. Arrazoi eman dio Frankek, eta faltan dituela bere lanean bere saldoko gehiago. Askojakin eta professor gehiegi topatzen dituela maiz, eta haien mundutik aparte sentitzen duela bere burua. Errefus keinu bat egin du Dianek.
— Bada, eskerrak.
Gaingiroki kontatu dio lanean izan duten gatazka, nola McCrayk bere karguari uko egin dion museo barneko kontuak tarteko. Waldo jarriko omen dute saileko zuzendari berri, eta horrek behintzat zertxobait lasaitzen du, baina bitartean halako behin-behinekotasun batean ari omen dira lanean. Despedida gogorra izan da McCrayrena, oso mingarria izan zaio museoko zenbaitek beren Nazioarteko Programaren kontra esan dutena. Hunkigarria izan da; Frank McCrayz fidatzen da esaten duenean ez duela hanka egin harik eta bertako langileen postuak segurtatu dituen arte. Nolanahi den, kolokan sentitzen du bere burua museoan, gertuko langile gehienek bezalaxe.
Unibertsitate ikasketak utzi eta poesiari buru-belarri emateari ekin zionetik, Dianek are argiago du artea ez dela Midtowneko sofa biguneko bulegoetan egiten. Ez zaizkio piperrik interesatzen Frank mugitzen den galeria eta arte areto jarrien gauzak, berari behea interesatzen zaio, behekoak, bere aitonaren eraginez beharbada. Poesia egiteko modu espontaneo, bizi eta garaikidea bilatzen du, lurrari itsatsita egiten dena, are lohiz zikindua ere. Franken poesian ere hori du estimuan, haren poemek iradokitzen duten freskotasuna, bat-batekotasuna. Bere buruari galdetzen dio ea bien arteko adin tartearekin zerikusia izango duen Franken ingurua eta berea hain ezberdina izateak; alegia, hogeita hamarrak paseak dituenean berari ere bizitza, eta lana, eta eginbeharrak egonkortuko ote zaizkion eta, ondorioz, bere idaztea mengelagoa, kaltegabea, egokia bilakatuko den. Ez da, noski, Franken kasua, baina arrisku horri izu-ikaraz begiratzen dio.
Etxe atarira iritsi direnean, zalaparta entzun dute alboko likore-dendan. Bi mozkorren arteko istilua, antza. Atarira sartu baino lehen gelditu egin da Frank, istilua larriagotzen zihoala ikusita, baina ezertan hasi baino lehenago bi morroi atera dira dendatik eta bi mozkorrak banatu dituzte. Bien artean zaharrena lurrera erori da, eta madarikazioka hasi beste mozkorraren kontra ez ezik banatu dituztenen kontra eta ingurutik pasatzen zen edonoren kontra. Atarira sartu da Frank, eta haren atzetik, Diane.
— Gauza bera egunero.
Egurrezko eskailera maiztuetan gora hasi dira igotzen.
— Eta nola arraio moldatzen zara idazteko?
— Uste dut abilezia berezia garatu dudala iskanbila artean kontzentratzeko.
Janari poltsak sukaldean utzi eta segituan joan da kafe makinara. Kafe aleak eho ditu lehenik, aliritzira, ale zatituen lodierari jaramonik egin gabe, eta paperezko iragazkian sartu du kafe ehoa. Makina ireki eta iragazkia bertan sartu ondoren bete du urez tanga. Diane laguntzen saiatu da, ez dio utzi Frankek. Vincenti buruz galdetzeko tentazioa izan du, baina ez daki zein puntutan egongo den haien azken boladako harreman gorabeheratsua, eta giroa ilunduko ote duen beldurrez, ez arriskatzea deliberatu du.
— Nahi baduzu, nire gelan arakatzen has zaitezke.
— Nola?
— Handik has zaitezkeela bilatzen paper solteen artean. Poemak, diot.
— A.
Jakitun zen Frankek poesia konposatzeko aski modu kaotikoa zuela, baina ez zuen espero hainbesterako izango zenik. Creeleyrekin lan egin berri dute, eta alde ederrekoa; dena argi eta ordenaturik pasatu zien, poema kopurua, aukeraketa, eta beste. Franki kontra egiteko adorerik gabe, emeki egin du sukaldetik gertuen ikusi duen gelarantz.
— Beste aldetik. Hori Joeren logela da.
Norabidea aldatu du, noraezean doan antzara gaztetxo batek bezala.
— Bide batez, eraman ezazu hau ere, mesedez, ez dugu jateko lekurik izango-eta bestela.
Orri erdi idatzi bat zintzilik daraman idazmakina pasatu dio eta irmo eutsi dio bi besoez, aski indar izango ez zuelako errezeloz-edo. Zoru moketadunean urrats leunez, erabat itxi gabe dagoen ateraino joan da. Kafe makinaren zarata iritsi zaio, eta haren gainetik, tarteka ozenagotzen diren kale-oihuak. Frank paperezko poltsetatik janaria ateratzen entzun du, halaber, eta halako batean, irrati-doinuak hasi dira; musika kate bat, erabateko araztasunik gabe sintonizatua. Gelara sartu denean ohe txukun egina ikusi du, pentsa zezakeenaren kontra, baina mesanotxe eta lan-mahai liburu eta paperez betea.
— Ohe gainean utziko dizut idazmakina.
— Barkatu?
Gelako ate alboraino gerturatu da ia Frank.
— Ohe gainean utziko dizudala idazmakina.
— Oi, bai, nahi duzun lekuan utz dezakezu.
Zeharka begira, Frank sukaldera itzuli dela ziurtatu arte ez da lan-mahaiko paperetan miatzen hasi. Hasieran kontu handiz hasi da geruza ugarien artean goikoetatik paperak banatzen, liburuak apur bat mugitzen. Eskuz idatzitako oharrak, museoko afixak, eskutitzak, zer ez du topatu 150 oin karratura nekez ailegatzen den espazio horretan. Tarteka poema batzuk topatzen joan da; aski laburrak batzuk, ia jolastzat har litezkeenak, bukatugabeak diruditen beste batzuk, zirrimarra, zuzenketa eta bestelako oharrez beteak. Poematzat har litezkeen pieza guztiak banatzen hasi da eta ohe gainean ipintzen. Ez da lan makala, lehen geruzarekin nahiko lan izan du dagoeneko, baina zenbait orri apartatzeko moldatu da sikiera. Mesanotxearekin ere antzera egin beharko duela kalkulatu du, baina lan-mahaiarekin bukatu arte harekin ez hastea deliberatu du. Frank iristen sentitu du.
— Hara, egongelan beste bi topatu ditut.
Irribarrez luzatu dio pare bat folio, eta Dianek ere hala hartu dizkio eta poema-orrien metan pilatu.
— Ez dizut zer hartu nahi duzun galdetu, maitea. Ardo beltz bat akaso?
— Ados.
Gelaren nahas-mahasari so egin dio Frankek. Irribarrez egin du pausa bat.
— Ene. Lasai, gero lagunduko dizut poemen kontuarekin.
— Prest da janaria?
— Halaxe da, Di Prima anderea!
Sukalderantz jo eta egongelako mahaian ikusi ditu Dianek jakiak ontzietan ezarrita. Ogia hartu eta zatitzen hasi da, berak ekarri duenez harekikoak bere ardura izango balira bezala. Ez daki oso ondo nondik hasi, baina Frankek ontzi bakoitzetik janari pixka bat hartu eta bere platerean banatzeari ekin dionez, Dianek ere halatsu egin du. Barazkietan nahastutako zerealak, haragizko burruntziak, harea koloreko purea, barazki gordinezko entsalada.
Aldizkariaren kopiak nola egiten dituzten azaldu dio Franki. Poemak hautatuta dituztenean, berak prestatzen du estarzitzea, eta hortik abiatuta, LeRoik eskuratu zuen mimeografo baten bidez egiten dituzte kopia guztiak. Diseinu soila erabiltzen dutenez, poemak eskuratzeak eta estarzitzean ondo editatzeak ematen die lan handiena. Poemen inguruan galdetu dio, eta desenkusazko keinu bat egin dio Frankek.
— Ez dakit fundamentuzko zerbait aurkitzerik izango dugun.
Harriduraz hartu du komentarioa Dianek, eta kezka apur batez ere bai. Frankek etxera etortzera gonbidatu zionean segurantziaz egin zion eskaintza, eta ziurtzat jotzen zuen handik zenbait poemarekin aterako zela.
— Zalantza dut merezi ote duten publikatzea.
Trago bat eman dio ardo beltzari Dianek.
— Esan nahi dut, idatzita, poema mordoa ditut idatzita hor zehar. Ikusiko zenituen. Baina zertarako argitaratu horrela?
— Jendeak irakurri nahi zaituelako, Frank.
— Hala uste duzu?
— Entzun dudanez, gainera, inoizko poema ederrenak ari zara idazten.
Erdizka lotsazko eta erdizka plazerezkoa den keinu bat egin du Frankek, begiak mahairantz beheratuz.
— Nork esan dizu hori, Joek?
— Denek esaten dute.
Alkandoraren besoen muturreko botoiak askatu, eta artez tolestu ditu mahukak ukondoetaraino eraman arte. Ardoz bete ditu bi edalontziak. Berea eskutan hartu eta altxatu egin da Frank. Sukaldera ematen duen egongelaren zatian dagoen egur ilunezko komoda baten gainean edalontzia utzi, eta tiraderetako bat ireki du. Eskuoihalen tiradera da, antza, baina goialdekoa atera duenean, zenbait folio agertu dira eskuoihalen artean. Sorta eskutan hartu eta buruaren aurrera eramanaz, orri-pasa aritu da, tarteka horietako bat komodaren gainean uzten duen bitartean. Lau folio bereizi ditu, eta Dianerengana hurbildu. Trago bat eman dio ardo beltzari.
— Begiratu hauek, ea zer iruditzen zaizkizun.
Alboan utzi dizkio, eta Dianek, mahai-tresnak alde batera utzi gabe oraindik, gainetik begiratu du orri sorta. Lehen poemaren titulua irakurri du: Orain Madrilen nagoelarik eta pentsa dezakedalarik. Tresnak apartatu ditu, eskuak garbitu ditu zapiarekin, eta orria hartu du eskua mahai gainean bermatuta duela, beste orriengandik apur bat besterik ez goratuz.
— Orain Madrilen nagoelarik eta pentsa dezakedalarik, zutaz pentsatzen dut, eta kontinenteak distiratsu eta idor, eta…
Komodan bermatu du gorputza Frankek.
— Espainiako bidaian idatzi nuen.
— Oso itxura ona du.
Anbulantzia baten sirena-hotsa entzun da, ozen, segundo batzuetan.
— Beraz, esaten didazunez, ez dituzu argitaratu nahi azkenean.
Barnetik irribarrez, baina kanpotik serios-serios bota dio. Aski konfiantza hartzen ari da bere alderdi gazia ateratzeko.
— O, Diane, ez dut halakorik esan.
Orain bai, irribarre egin du, eta Frank harengana hurbildu da.
— Vincenti idatziak dira, nolabait.
— Ikusten dut.
— Nahi dituzuenak har ditzakezue. Bi laburrak dira, eta beste bi luzexkagoak.
Orrialdeak pasatu ditu bata bestearen atzetik. Pozik da Franken poemak izango dituztelako, eta lau gainera. Ez ditu irakurri beharrik sartuko dituztela jakiteko. Orain ezezkoa esan izan balie beti izango zuten LeRoik konbentzitzen saiatzeko aukera, konfiantza handiagoa dutelako oraindik, baina pozten da azkenean ametoa berari eman diolako. Franken eskuzabaltasun eta amultsutasunaren seinaletzat du; bere zalantza-malantzak gorabehera, adiskideari kalterik ez egiteko konpromisoa, LeRoi eta bere proiektuarekiko aiherra. Eta Dianeren gaztetasuna gaztetasun, haren ibilbide poetikoarekiko errespetua, are miresmena; eta inoren jatorri, apeta, adin edo izaera ez epaitzeko printzipio hautsezina. Frankek lau poema horiek beraiei eman izana horren guztiaren seinaletzat du Dianek, eta bere bizitzan Frank sartu izana eskertu nahiko lioke norbaiti, eta halakoetarako federik ez izateagatik bere burua madarikatzen du. Lau poemen artean laburrenak hartu, eta errezitatzen hasi da, Frank adi, zutik oraindik, aldamenean duela.
Abestia
Taxian nago auto-ilara batean
ohikoa da
eta ez soilik bizitza modernoan
lokatza nire nerbioen parran gora ari
Erosen maitaleek Venusekin bukatu behar dute,
muss es sein? es muss nicht sein, diotsut
nola gorroto dudan gaixotasuna, egia bihurtzen den
kezka modukoa da
eta sinpleki ez litzateke gertatu beharko
mundu batean non zu posible zaren
ene maitea
ezin zaigu ezer gaizki joan, esadazu
Cohasset
Zutik ikusten zaitut
arroka batean hor
nire gogo arinean
zure gorputza irribarrez
itsas enara bat amildu
eta arrainak irensten dituen bitartean
arroka beroetatik
ur izozturaino
gora joanez
beheratuz
urrezko iaz
bezala beti urrezko
zure begi samurrek
uretara murgiltzera naramate
alga berdezko
lakio batek bezala
eta han erortzen naiz
arroka erraldoiak
ohe bikiak bezala dira
eta senadiko marea
tapiz bat gure azpitik
gordean erretiratzen