New York City,
1960/04/27
5th Avenue: 10:37 a.m.
Atea itxi du doktoreak, zeinak irteeraraino lagundu baitio abegikor, eta Frank itxarongela dotorean geratu delarik, ez dio arretarik jarri ingurua arteziaz estaltzen duen horma-paper izokin kolorekoari, zain itsas urdindunari, ez dio erreparatu ezkerrean dagoen besaulki puztu marroiari, bigungarri bakoitza, simetrikoki, euskailu biribilez irmoturik; eskuinaldean ikus daitekeen aulki arruntagoari, zeinean doktorearenera sartu aurretik eserita egon baita, besaulki arranditsuan esertzeko adorerik gabe zelako; ez dio jaramonik egin, ez da ohartu ere egin, gelaren erdian dagoen eta zortzi oin luze den koadroari, zeinean arbola lirain bat gailentzen baita eskuinaldean, eta neska-mutil bikote bat haren gerizpean, liburu bat elkarri irakurtzen ari, eta sakonean ibar zabala, haien bakartasuna azpimarragotzen duena, pintzelkada ohargarriak zeruaren geruza geroz eta margulagoak adierazten, zeina une horretan Franken esperantzarako helduleku bakanetakoa izango litzatekeen, nahiz eta ez den, zeren ez baitio kasurik egin ez koadroari ez egongela argiztatzen duen beirazko mila piezazko argi-armiarmari, haizekada sotilenari sentibera izateko prest, nahiz eta haizerik ez den; eta estilo soileko sofa, hiru plazakoa eta bigungarri espantagarririk gabekoa, griskara, baina haren araztasunak, egongela osoarenak bezalaxe, zuriagotuko balu bezala, eta alboan duen zutikako lanpara, zilar koloreko buru-soin eta oin beltzezkoa; ez, ez dio hari ere jaramonik egin, ezta zedrozko mahai baxu zabalari, medikuntza-zientziari buruzko zenbait aldizkariri eusten dien horri, ertzak beltzez estalirik, eta beltzaren eta egur-azalaren tartea urrezko lerro fin batek banaturik; eta ez dio erreparatu, ezta ere, moketa berdexkari, orban bakar bat ere sumatzen ez zaionari, eta eskuinaldean geratzen zaion ate klasikoari, angeluzuzena harik eta goialdean zirkulu erdi bat egiten duen arte, non beira zeharrargi bat dagoen, lekua argituz, eta aldamenean, horman zintzilik dauden hiru markoak, Protech doktorearen iraganeko bizitza arrakastatsuaren zein haren profesionaltasunaren erakusgarri, eta etorkizuneko, hots, egungo, bizitza loriatsu eta hotsandiko baten promes.
Kalera irten delarik, jakako bi botoi gehiago lotu ditu, eguzkitako betaurrekoak jarri, izpietatik babesteko ez ezik den guztiagatik babesteko, eta etxera nola itzuli pentsatzen hasi da. Paseo batek on egingo lioke, baina, era berean, ez du kaleko giza saldoan murgildu nahi, aukeran hobe bakartuago. Protech doktorearenean hitzordua hartu zuenean ez zegoen kezkaturik, bolada txarrari egozten zizkion bere osasun kontuak, lanean ere halaxe zebilen, eta akaso, defentsak baxu harrapatuta, birusen bat ezin gorputzetik erauzi. Bartzelonan eduki zituen lehen sintomak, hasieran alkohol-erreka gaizki liserituari egotzi zizkionak, baina egundik argi ikusten du huraxe izan zela hasiera. Cuixarten etxera zihoazen azkena hartzera, baina eraikinaren atarian ezin izan zion gehiago eutsi, eta halaxe egin zuen oka aspaldian egin ez zuen bezala, Travessera de Graciako espaloi estu hartan, bi autoren tartearen disimulua lortu ezinda. Denbora luzez oka egin gabe igaro osteko okadak eragiten duen sentimendu estrainio hori, estreinako aldia balitz bezala, eskarmenturik gabe, norbere gorputzaren astinaldi arrotz horiek bridatu ezinda. Hala moduz hobera egin zuela iruditu zitzaion, nahiz eta sintoma arin batzuek orain arte iraun dioten, eta izu-ikara handirik gabe jarraitu zuen bidaian Donostia, Irun, Hendaia, Miarritze, Baiona… Baina egunak igaro eta zerbaitek gaizki jarraitzen zuela geroz eta agerikoagoa egin zitzaion, Protech doktoreari deitzea deliberatu zuen arte. Burutik pasatu ezin, alabaina, gaitz hori zuenik. Laborria sentitu du derrepente, ume babesgabe bat bailitzan, doktoreak hitza ebaki dionean, eta hasieran ezinezkoa zela erantzutea atera zaion arren, berehala ohartu da ezetz, ez dela ezinezkoa, inondik ere, eta bere entzungor egiteko gaitasun patologikoa madarikatu du beste behin. Zakilean atera zitzaion zauri hori edozein txikikeria izango zela eta berez joango zela, eta ezin izan ditu lotu haragi biziko zauri zornetsu hori eta azkenaldian izan dituen makalaldiak, gonbitoak eta heste-ondoezak. Txankroa, eman dio aditzera Protech doktoreak, horra zauri likits horren izen teknikoa. Eta-orain-zerka hastea beste erremediorik ez du izan, eskerrak Protech doktorearen kuidadoa, eskerrak doktore orok izan beharko lukeena den, epai erraza esku-eskura izanik ere ezer esaten ez duen horietakoa, profesionaltasuna eta zientzia beste lemazainik ez duena, eta ez dio sexualitateari eta gisakoei buruzko itaun trabagarririk egin, ez hau egin al duzu azken hilabeteetan, eta beste hau egin al duzu, eta halakorik; azalpen argiak, bide-orri aratza, ez dio besterik seinalatu, iraganeko hobenak besterentzat utziz. Injekzio bat lehenbailehen eta gero itxaron ea zein den bilakaera, gerta baitaiteke, eta oso posiblea da, gainera, halaxe aitortu dio, gaixotasunak lehen kolpeari eustea eta, honenbestez, beste injekzio batzuk ere jaso behar izatea aurrerantzean, harik eta, azkenez, halaxe espero du, gaitza gorputzetik erauzten duen arte. Urratsak azkar egitea, hori bai dela ezinbestekoa, kontua ez geroratzea gaitzari ez uzteko haz dadin, eta berriro errepikatu dio, despedidaren atarian, lehenbailehen hartzeko ziztadarako ordua, eta baietz, Frankek, gaur bertan eskatuko diola bere idazkariari hitzordua. Profesionaltasuna eta leuntasuna izan ditu gidari, halaber, bere inguruko “zenbaitek” ere gaitza izan dezaketela aditzera eman dionean eta, inoren bizitza intimoan sartzeko borondaterik gabe, haiek ere proba batzuk egin beharko lituzketela ikusteko ea kutsatuta dauden, batzuetan organismoan latente geratzeko abilezia baitu, edo sintoma leun batzuk besterik ez eragitekoa. Vincent, pentsatu du Frankek berehala, Vincentekin hitz egin behar diat; eta gogoa lanbrotu zaio, halako informazioa helarazteko hitzak aurkitzea beti kostatu izan zaiolako, egokiera horietan ezgai sentitzen baita eratsu komunikatzeko, are gehiago Vincentekin, zeinarekin bereziki saiatzen den auzi ilunak saihesten, haren nahimen zalantzatiaz beldur delako, beti sentitzen duelako kolokan, eta ezein buruhauste gehigarrik dena pikutara eraman dezakeela sumatzen duelako, aski modu irrazionalean.
Gaitz arraioa madarikatzen aurkitu du bere burua taxi bat hartuko duela erabaki duenean. Besoa jaso du, Vincenti noiz esango dion beste kezkabiderik ez duela errepidearen bazterrean, eta betaurrekoak erantzi gabe sartu da autora. Zinez, kontua geroratuko luke, baina hurrengo egunetik Vincent aldi baterako hiritik landa izango dela akordatu da eta, beraz, ez duela egunean zehar harekin hitz egitea beste erremediorik. Apartamentura iristean deituko dio, ea iluntzean tarte bat duen galdetzeko, kontu serioa dela eta ezin dutela atzendu; baina, era berean, ez luke nahiko auzia zamatu, Vincent asaldatuko den beldurrez, berez hauskorra iruditzen zaiona hausteko ikaraz. Taxiak auto-ilaraz auto-ilara jo du, ezarian, aurrera.
441 East 9th Street: 3:58 p.m.
Ukondoa atearen markoan du bermaturik eskuarekin telefonoari eusten diola, eta entzungailua sorbaldarekin itsatsita belarrian; libre duen eskuan zigarroa du, eskumutur joko eleganteaz helduta.
— Beste norbait egon dela tartean, alegia.
Ahots hautsia entzuten zaio Vincenti, ez berea berez hala delako, teknologiaren harien barrunbeetan zartatzen zaiolako baizik.
— Frank, benetan hori da garrantzitsuena orain?
— O, Vincent, mesedez, ondo dakik, hi haiz garrantzitsuena niretzat, ezti.
Isilune luze bat entzun du bestaldean.
— Dena hondatu diat beste behin, nire errua izan duk.
— Ez esan hori, maitea, Protech doktoreak esan zidak lehenbailehen tratatuta ez dugula arazorik izango.
Beste isilune bat aditu du.
— Gainera, balitekek ez edukitzea, akaso beste nonbaitetik hartu diat, nahiz eta…
— Seguru ni izan naizela.
— Sintomarik izan duk?
— Ez.
— Orduan?
— Bazakiat ni izan naizela, kito.
Orain Frank izan da isildu dena.
— Eta bihar martxa egin behar diat. Espezialista nauk dena pikutara bidaltzen, espezialista.
— Ez ezak halakorik esan berriro nire aurrean, maite.
— Eta zer egingo dut orain?
— Joan hadi orain proba egitera, Protech doktorearen telefonoa emango diat. Esaiok nire partez hoala, hark bideratuko dik dena.
— Eta gero?
— Noiz arte egongo haiz kanpoan?
— Bi aste.
— O, ene Jainkoa! Lehenago etorri beharko duk ba.
— Ez zakiat modurik izango dudan.
— Bo, hitz egin ezak idazkariarekin eta esplika iezaiok.
Isilune berri bat Vincentek.
— Eta ez ezak esan berriro dena hondatu duala!
— Eutsi behar izan zioat…
— Banekian, aski ongi ezagutzen haut dagoeneko.
Bi kolpe leunez bota du errautsa hautsontzi funtzioak betetzen dituen potoan. Hasperen luzetxoa egin du kea bota ondoren. Gogoa ilundu zaio bat-batean, besteren kezkak leuntzen ibiltze horretaz jabetu delarik; bereaz gain, orain Vincent kontsolatu beharra gainera. Aurrekoan Gracek leporatutakoaz akordatu da.
— Hor hago, Frank?
— Bai.
— Doktorearen telefono zenbakia emango didak?
Bi aldiz errepikatu dio, ahots apaldu eta monotonoz.
— Oraintxe deituko diat.
Telefonoak eragiten duen lakartasuna gorabehera, zeinen gozoa zaion Vincenten ahotsa entzutea. Analisiak egitera joango dela, momentu batez elkartzeko aprobetxa dezaketela otu zaio; akaso astia izango du Vincenti doktorearengana laguntzeko, nahiz eta, egiazki, nahiko lan izango duen erakusketako eginbeharrekin eta, gainera, Protech doktorearen diskrezioa gorabehera, debaldeko susmoak sorraraz ditzakete kontsultaraino bertaraino laguntzen badio. Tarte batez, kontsulta kanpoan bada ere elkartu daitezkeela otu zaio, hortaz, baina bere burua bridatu du, ez du Vincent estutu nahi. Hiritik martxa egin bezperetan ez dago aldarte onarekin, eta gaitzaren auzi honek ez zuen kontua hobetuko. Ez du beste ezezko lehor bat jasotzeko inongo gogorik.
— Konforme, ea gaur egiterik duten.
— Horixe espero diat.
— Bestela hire martxa atzeratu beharko duk.
— Biderik ez!
Ez da ohikoa Vincentengan halako erabakitasuna, ezagun du arduratua dagoela.
— Telefonoa eseki beharko diat, beraz.
Ez dio erantzun Frankek.
— Doktorearen idazkariari deitzeko, esan nahi diat.
— O, bai, bai, arrazoi duk.
— Eseki egingo diat, bada.
— Bai, noski.
— Ados, Frank, esekitzera noa.
— Bai, Vincent, eseki egingo duk.
— Hori duk.
— Ados.
— Hona esekitzea.
— Eseki.
Seinale etena entzun du, entzungailua sorbaldari itsatsita duela oraindik.
— Eseki egingo duala, bai.