Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

New York City,
1960/09/20

 

 

Museum of Modern Art: 10:00 a.m.

 

Berandu iritsi da bulegora Frank, azken boladako ohiturei jarraiki. Lanez lepo dabil, baina hori baino okerragoa da Vincentekikoa azkentzen ari delako sentipen garratz hori. Lana bateko, Vincentekiko liluraren margultzea besteko, poema bakanen bat baino ez du idatzi azkenaldian. Azkena, hain justu, Vincenti zirriborratutako hura izan zen: “liho adabaki bat emango dizut nire bihotza estal dezazun, inoiz benetan elkar amorratu baldin badugu”. Oharra gehitu zion: “Hemen da azkenik! Urte askoan! Frank”. Hiru egun paseak ziren Vincenten urtebetetzetik.

      Eraikinean sartu denean, estrategikoki egin du igogailurantz, erritmo egokian beste inorekin egokitu ez dadin. Motel lehenik, eta igogailua ireki eta emakume bat agertu dela (Finantzetako bat dela uste du) ikusi duenean, bizkor, inguruan beste inor ez dagoela profitatuz. Korrika txikian gerturatzen ikusi duenean, emakumeak adeitsuki jarri du eskua igogailuaren ate barruratuan, bere eskumuturreko metalezkoek zarata zorrotz bat ateratzen dutela. Irribarre batez detailea eskertu eta barrura sartu da.

      — Lanpeturik?

      Franken aurpegiera ihartuan sumatu dio, antza.

      — Ez dakizu nola.

      Keinu adierazkor bat egin dio, eginbeharrak buru gainetik pilatzen zaizkiola aditzera emanez. Behar baino enfatikoagoa izan da Frank; izan ere, administratiboen eta Finantza sailekoen artean uste zabaldua da arte sailetako langileek ez dutela haien erdirik lan egiten. Ateak zabaldu dira Finantzetako solairuan, eta itxi baino pixka bat lehenago bota dio, emakumeari erantzuteko tarterik utzi gabe.

      — Zuengana lekualdatzeko eskatu beharko dut.

      Igogailuak atera duen hots zentrifugoak eten die solasaldia.

      Mahaigainean begiztatu du katalogoaren azal marroia, mahaiko anabasan barreiaturik dauden ale ugarietan. Aulkian bota du bere burua, atzera egin dute gurpiltxoek apur bat, eta akaso trago bat ondo etorriko litzaiokeela pentsatu du. Edalontziaren bila joan beharrean, baina, mahaiko zenbait paper ordenatzeari ekin dio; arratsaldeko ekitaldiarekin nahikoa izango duela deliberatu du, eta, beraz, goiza, geratzen den zatia alegia, geroratzen igarotzea. Luze gabe, paper-multzoek ordurako zaborrontzia betetzen dutela, kax-kax entzun du atean.

      — Aurrera.

      Horman zintzilik zegoen afixa bat erori da atea irekitzearekin batera.

      — O, Porter, zu zara.

      Nahasezinak dira bere matela eroriak. Beti bezain dotore; gorbata, trajea, eta artez paratutako musuzapia sakelan.

      — Begira, Frank, ba al daukak tarte bat?

      — Zenbait kontu aldrebesekin nenbilen, baina utz ditzaket gerorako. Nagusiak lan egiteari utz diezaiozun eskatzea baino gauza hoberik ez da.

      Barre egin du McCrayk; beti gustatu izan zaio Franken umorea.

      — Joan gaitezen kafe bat hartzera, hemen barruan baino hobeto egongo gara-eta.

      Bero da, baina amerikana hartzea erabaki du, ez du McCrayren aurrean informalegi agertu nahi. Pixka bat urrundu dira, Zazpigarren abenidako kantoian dagoen kafetegi batera eraman du. Aire girotuaren kolpea sentitu du Frankek. Jendez lepo dago, beti dago jendez lepo, ordua edozein delarik ere. Izkina baten kontra dagoen mahaitxo batean lortu dute lekua; lanak izan ditu Frankek espazio hain txikian aulkia atera eta esertzeko. McCrayrentzat utzi du korridorerantz ematen duen eserlekua.

      — Prest al hago arratsalderako?

      — Ez da oso konplikatua izango.

      — Ahaztua nian hire baikortasuna. Baina, tira, uste diat azkenean lortuko dugula jende mordoxka bat biltzea.

      — Downtowneko artista bat edo beste ekarriko dut nik. Esan diot Willemi, seguru Suarezen lanak interesatuko zaizkiola, eta Tharratsenak ere bai ziur aski, baina esan didanez, konpromiso bat dauka merchant batekin.

      Tamala dela eman du aditzera McCrayk, ezpainak bihurrituz. Ederra litzateke De Kooning agertuko balitz.

      — Seguru aurrerago etorriko dela ikustera.

      Enborra biratu, eta MoMAko eraikina dagoen alderantz seinalatu du McCrayk.

      — Seguru horiek ez direla agertuko, ez izan zalantzarik.

      — Bon, akaso baten bat bai, ala?

      — Horretaz hitz egin nahi nian, hain justu.

      Parean duen kafe beltza apartatu du, mahai-zapi bat hartu, eta mahaiaren gainazaletik pasatu du ukondoak bertan bermatu aurretik, nahiz eta, itxura batean behintzat, ez zen zikintasun arrastorik.

      — Selz gogor ari duk hire kontra.

      — Zure kontra, esan nahiko duzu.

      — Tira, baina badakik, nire inguru guztia eraman nahi ditek tresmailarekin, eta hik hor posizio espeziala daukak.

      — Ez dut ulertzen zergatik hartu nauen begitan horrela.

      — Ondo asko dakik zergatik. Eta gauza bat esango diat, lotsagarria iruditzen zaidak, gure lan-miseriatxoak landa ere; argi gera dadila, lotsagarria.

      Selzen homosexualen ezin ikusiaz ari da, nola amorrarazten dion Franken bizitza, nola esan, libertinoak. Ezin ditu eraman Downtowneko artistekin eta mundu literarioarekin dituen lotura estuak, artista horietako gehienak haren adiskide izatea. Estatu Batuetako eta Europako unibertsitate onenetan jasotako arte formazio bikainenarekin ere, ezin ailega daiteke Frankek duen Manhattango gaur-gaurko artista behinenen ezagutza sakonera. Denbora gutxi da Selz museoan lanean hasi dela, baina berehala lerratu da Drexlerren barne politikako kanpainaren alde.

      McCrayrekin ez du sekula hitz egin bere homosexualitatearen inguruan, baina biek dakite besteak badakiela jakin beharrekoa, eta tarteka, elegantzia eredugarriz, hitz erdizka aipatzen dio kontua.

      — Beltz ari duk jartzen gauza hemen, ez zakiat zenbat iraun ahal izango dudan, egia esateko.

      — Nola botako zaituzte ba? Urte hauetan guztietan lortu duzun guztiarekin? Begira Europan zabaldu genuen erakusketa, fabore ordainezina egin zenion museoari.

      — Eta Estatu Batuei!

      Zergatik ez? Aurkituko duzu modua kontua konpontzeko.

      McCrayk aulkiaren bizkarraldean egokitu du gorputza, keinu eszeptikoz.

      — Alfred ere kontra zeukaat orain. Museo barruko museoa omen gaituk.

      — Haiek ere bidaiatu egin nahiko dute guk bezala.

      Irri egin du McCrayk.

      — Bada, hortik ere bazagok zerbait.

      — Bai, esan zidan behin Selzek, ez zela posible horrela jarraitzea. Ardurak ondo banatu behar direla, ezin dugula gure kabuz jokatzen segitu orain arte bezala. Ulertuko duzun moduan, ez nion kasu zipitzik egin, uste dut ez niola erantzun ere egin.

      — Erakusketa hau ondo ateratzea oso garrantzitsua zuan.

      — Ez al da horrela atera, ala? Ikusitakoak ikusita, eta Guggenheimekoa tartean, txukun joan dela esango nuke.

      — Kritikariek ondo astindu gaitiztek.

      Art Newsekoagatik diozu?

      — Bai, tira.

      — Badakizu, politika!

      — Canadayk ere hala-hola utzi gaitik.

      — Bai zera, ondo jarri gaitu eta!

      Batzuetan, McCrayren perfekzionismoa urrutiegi joaten dela iruditzen zaio Franki.

      — Non saltzen dute hire baikortasuna, Frank?

      — Bestelakotik ere izaten dut nahi beste.

      Barre egin du McCrayk, eskuez ezetz eginez; bestelakotik ez duela nahi batere, alegia.

      — Bazakiat lana ondo egin dela, esan nahi diat azken txanpa honetan bereziki ahalegindu behar garela. Gaur arratsaldekotik hasita. Kontua itxi eta gure posizioa defendatu, horixe egin behar diagu.

      — Halaxe egingo dugu, ez kezkatu.

      — Jakin ezak, edonola ere, hire postua segurtatuko dudala kosta ahala kosta. Gauza bat duk erauntsiak ni eramatea, oso posible dena, baina zuek ez zarete nirekin batera joango.

      — Eskertzen dizut, Porter.

      — Waldorekin hasia nauk hizketan jada nire balizko erreleboari begira.

      Kafeari azken tragoa eman eta altxatu egin da. Bizkarrean tap-tap egin dio Franki.

      — Tira, izango duk orain zereginik bulegoan.

      — Nagusiak lanari ekin diezaiozun eskatzea baino gauza okerragorik ez da.

      Bulegorakoan, ez du jarraitu paper-garbiketan, boligrafo bat ikusi du poema bat idatz dezan tentatzen, baina egin behar duen lan eskerga pentsatzen hasteak soilik umoretxartu egiten du. Halere, arratsaldekoaren inguruan hausnartzeari ekin dio, gerokoa geroko utziz. Gonzalez Robles etortzekoa da. Denbora da ez duela aurrez aurre berarekin hitz egin; espero du mikazturik ez egotea erakusketan Vela, Ferrant, Planell eta Mier sartu ez dituelako. Eta bestela ere berdin zaidak, esan du bere barnerako, bere burua konbentzitu nahiko balu bezala. Suarez eta Oteiza gehitu zituen, bai, eta eskertzekoa da Gonzalez Roblesek eman zion arrastoa, baina ez ditu soilik bere gomendioz sartu. Susmoa du, gainera, Velaren arrangura Gonzalez Roblesek bultzatu zuela; Suarezekin batera jarri zuen, biek osatzen omen zuten artistikoki Feitoren “espresio lirikoa” eta Canogarren “espresio dramatikoa”, horrek edozer esan nahi duelarik. Baina berari puskaz hobea egin zitzaion Suarez, konparatzea ere; eta Vela, Madrilen berarekin gora-behera ibili baziren ere (batez ere John), aski jokoz kanpo sumatu zuen. Ondo gogoan du Cuixartekin afaltzen ari zenekoa, Gonzalez Roblesen tema kontatu zion, hau falta zaizue, eta beste hau, eta beste hori ere bai; barre egiten zuen Cuixartek, Frankez urrikalduko balitz bezala (eta aukeratua izatearen nagusitasunaz, ziur aski), eta postreak iritsi zirenerako, Frankek, nazkatuta ordurako, akaso diskrezio gutxiegiz esan zion zerrenda puztu egin zitzaiola eta ezin zituela denak sartu, ordurako artista asko zituela. Pintore eta eskultore bana, gehiago ez.

      — Ea, Modest, zu margolaria zarenez, esadazu, nor aukeratuko zenuke hauen guztien artean? Lasai, esaten duzuna esaten duzula, azken erabakia nirea izango da.

      Barre egin zuen berriz ere, erantzukizuna itzuri nahiko bailuen. Zupada luze bat eman zion zigarroari.

      — Serio ari naiz. Zu bazina komisarioa zeinen obrak hautatuko zenituzke?

      Kea bota zuen, sarri.

      — Frankamentean, Suarez.

      Ez zuen ziur jakin hitz-jokoa izan zen edo nahi gabe atera zitzaion, baina, edonola ere, baleko erantzuna zen beretzat. Gonzalez Roblesen usaimen modernoa gorabehera (batez ere espainiarra izateko), estatuko funtzionarioa zen sakonean, erregimen autoritario (pare bat hamarkada lehenago, “faxista” erabiliko zukeen Frankek) zaharkitu samar batekoa, eta estatus horri zegozkion manerak ez ziren egun batetik bestera aienatzen; Frankek, gainera, bere lorratza markatu nahi zuen aukeraketan, kosta ahala kosta. Elegante beti, modaz pasatuta Frankentzat, Gonzalez Roblesi bereizgarri zitzaion trajearen mahukak ondo jartzeko eskuekin aurrerantz egiten zuen keinu enfatikoa, zeinak jantziaren xehetasunak hobeki egokitzea bainoago jite seguru eta serioa, tipo efikaz eta fidatzekoarena, ematea zuen helburu.

      McCrayrekin afaltzera joatekotan dira gero, baina ez daki beste kargu espainiarrik agertuko den Gonzalez Roblesez landa; diplomazia kontu horiek McCrayk eramaten ditu. Dena den, espero du beste kargurik ez agertzea; lehenaz gain, orain politikari frankisten aurrean bere irribarre distirantenarekin azaldu beharrak amorrarazi egiten du, nahiz eta McCrayk behin eta berriro esan, haren izpiritu adostaile ohikoaz, “negozioa duk, Frank”.

      Billek, Patsyk eta (aspaldiko partez) Larryk agindu diote bertaratuko direla. Bill zirikatzera, Patsy usnatzera eta Larry espainiar hauekin zer den doana arakatzera, pentsatu du Frankek. Uda osoan ez dute besterik izan, espainiar arte berria alde guztietatik, eta Larryk beti du ezezagunarekiko jakin-mina, aurreko belaunaldikoek, Jacksonek bereziki, apenas zutena. Koktela egoteak ere lagunduko du, noski; espero du, halakoetan ohi duen gisara, Larry sobera ez kementzea, bestela egundokoak montatzekoa da-eta. Zer gerta ere, pozik dago Patsy egongo delako, gainetik kendu nahiko lukeen baina poroetatik ateratzen zaion bere klasearekin. Izanak izan, ez du sobera kezkatzen kasu honetan; frantziarrak balira besterik litzateke, baina espainiarrek ez dute kuzkurtzen, Gonzalez Roblesen jite tarteka gogaikarria gorabehera.

      Luzamendutan, gonbidapen baten kopia hartu du mahai gainean oraindik geratzen zaion paper sortatik.

 

 

 

 

6:00 p.m.

 

Kareharrizko silarriz eginiko dorre laukizuzen gotorra kantoian, eguzkiaren errainuek begiak kaltetzen dituztela ia. Bi kaleen bidegurutzeko erpinetako bat da, lau erpinetan loriosena, dudarik gabe, eta Berrogeita laugarren kalerako bidean ematen du eskolta, sarrera nagusia abenidan utzita. Aurreko mendeko etxebizitza lirainak alde banatan, hareharri marroi bereizgarriz eginak, hiriaren garapen urbanistiko neurrigabeak mehatxatzen etengabe. Arbola bakanak han-hemenka txorko zainduetan —liliak, belar ondo moztuak, bedaxka finak—, etxebizitza atarietako burdin sare baxu beltzez pintatuak bezain. Autoak ilaran alde batean, zein baino zein modernoago, aerodinamikari erronka egiteko forma luzexkekin; begira beix horri, leihoen azpitik aurrerantz hedatzen den lerro gorri-laranjadunari, geldirik ere abiada iradokitzen duela; begira kupe beltz horri, nola egiten dion maletategiak beherantz, ziztuan lurra ukitu nahiko balu bezala; ikus, bakan, automobil urdin argi hori, gurpilak ia osoki estalita dituena. Errepidearen beste aldea hutsik ia, forma karratudun maletategi estu bat ikusten den arte. Zoru gris uniformean sareta segida, bi lerro paralelotan, hiri demaseko honen arnasgailuak. Kale-argiak (orain itzalita), zoruaren kolore berekoak, garai, noizbait ezohiko ibilgailu alimaleko bat espero balute bezala, eta ordurako prest, altuera neurriz gorakoz. Metal lurrin iraunkor bat, zeinak hiri guztia hartzen baitu eta, usaimen-nerbioak maizturik, haren jatorriari buruz inork ez baitu galdetzen dagoeneko. Azkeneko etxebizitza klasikoa pasatuta ikusiko duzu eraikin beltz berria, bost solairukoa, leihate zabalekin, baina goitik beherako errezel lodiak dituztenak, zer gerta ere. Itxirik dira gehienak. Haren aldamenean, eraikin zurian, atariko estalki angeluzuzena baino lehen, hondo beltzezko afixa duzu, estalkiarekiko perpendikularki, letra zuri nabarmenaz: “The Museum of Modern Art”.

      Burua biratu eta pareko brownstonea begiztatu du, neskamea kofia-uniformea soinean, leihoak garbitzen ari. Goitik dakusa, taburete zahar batean igota eginahalak egiten eskuilarekin leihoaren izkina guztietara iristeko. Leiho obalatuei ekin die, artez. Bere beirateari erreparatu dio berriro; behin baino gehiagotan esan badie ere, inork ez dio kasurik egiten. Fatxadan paratutako banderen oihalak leihoaren parera erortzen dira eta ikuspegia oztopatzen. Erremediorik ez duten kontuak egonarriz onartzea bat da, baina bestea erabat ez-nahitaezkoa den zerbaitegatik norbait arbitrarioki zapuztea. Burua biratu du oihalaren mugimenduei iskin egin eta neskamearen ibilerei jarraitzeko, baina azkenerako nekatu eta diseinuzko egurrezko minibarrera joan da. Bi izotz, koñaka naroki.

      Renee agertu zaio, atea apur bat baizik ez du ireki. Boza entzun zaio soilik.

      — O’Hara jauna.

      — Bai.

      — Gonbidatuak iristen hasi dira.

      Erlojuari begiratu dio.

      Jesukristo.

      Koñak basoa begiztatu du, mahai gainean utzi du.

      — Oraintxe joango naun.

      Dokumentu nahaspila apartatu eta idazmahaian eseri da. Ohartzeke erortzen zaizkio minutuak gainera. Laneko maila-igoera harrotasunez betetzeko modukoa izan bada ere, pentsatzen hasia da ea antsiolitikoak hartzen konpentsatu beharko ote duen soldata igoera. Trago luze bat eman du lehenik, beste bat hura irentsi duenean. Basoari eragin dio, koñak tantarik geratzen ez dela konprobatuko balu bezala; izotzen hots lehorrek eman diote aditzera hala dela.

      Espainiarrei, oro har, politezia falta zaiela iruditu izan zaio beti, 1958an han lehenbizikoz egon zenetik, nahiz eta zoragarria iruditu zitzaion herria, zorion betez eman zituen egun haiek. Berez, 1954rako planifikatu zuen Europarako lehenengo bidaia, baina izeba batek utzi zion herentzia azkenean ezin izan zuen horretarako baliatu, Maureen arrebaren eskola ordaintzeko erabili baitzuen. 1958an, The New American Paintingen karietara, bidaiatu zuen Europara, eta Madril izan zen, hain justu, lehenengo geltokia. Han ezagutu zuen Gonzalez Robles, eta hari esker ikusi zituen espainiar gazteen lanak zuzenean estreinakoz; hura izan zen, nolabait, oraingo erakusketaren ernamuina. Graceri idatzi zion, zenbait lanengatik xarmatuta: “Espainiar pintoreek kalitate zorrotz edo mingots moduko bat dute, zeinak, haietan onenei, laguntzen baitie beren berrikuntzak dekoratiboak izan ez daitezen”. Oscar maiteari behin baino gehiagotan esan zion, erdi txantxetan, eta kasik laudorio bat bailitzan: hain zarete oiesak! Baina berdin zuen, maitemin sutsu batean zeuden murgildurik; Oscarrek interprete lanak egingo zizkiola-eta elkar ezagutu zutenean berehala sentitu zuten ziztada. Oscar gazteak Franken kultur nagusigoaren lainezatik interpretatzen zituen haren hitzak, jendetasun kontua bainoago gailentasun kulturala zegoela estatubatuarren balizko adeitasunean. Eta Oscarrek, halere, onartu onartzen zion haiek politezia handia zutela, dena egiten zutela excuse me-ka ez bazen sorry-ka. Barkamen-eske horien sakonean benetako barkamenik ote zegoen, hori beste kontu bat zen.

      Gonzalez Roblesena, ordea, ez zetzan gizabide faltan; bere dotoreziarekin bat zetozen bere manera zainduak, eskola onean ikasitakoaren zantzu. Haren zakartasuna aldizkako aldarte aldaketa bortitzetan zertzen zen, zeinetan jenio ezin mikaztuagoa azaleratzen baitzitzaion derrepente. Gaurkoan, ordea, lasai ikusi du elkarri bostekoa eman diotenean, ia lagun zaharrak direla iradokitzen duen abegiaz. Badu pozik egoteko motiborik: lehenengo Guggenheimekoa, orain MoMAkoa, hiriko zenbait arte aldizkaritan “Espainiar uda”z mintzatzen hasiak dira jada.

      — Zer moduz doa bizitza, Frank?

      — Ondo, baina ez dakizu ondo espainiar hauek nolako lana ematen duten.

      Algarak entzun dira, McCrayrena tartean.

      — Ez da egia izango!

 

 

      Sarrerako aretoan dira denak bilduta, berrogei bat laguneko taldea, ez gehiago. Lauko espainiarra, Gonzalez Roblesez gain beste hiru kargu, Washingtongo enbaxadakoren bat tartean; museoko zenbait kide (McCrayk iragarri bezala, Selz eta konpainia ez dira etorri), Franken saileko lankideak, museoko zenbait kontseilari eta haien gonbidatuak (gehienak), CBS Fundazioko zenbait, ezagutzen ez duen morroiren bat edo beste, Patsy eta Larry (Billek, azkenean, kale egin du). Ailegatu da azalpenekin hasteko garaia.

      Atzean ditu letra zuriak horma ilunean: New Spanish Painting & Sculpture. Haien behealdean, aurkezpen testua, Frankek sinatua. Lehenengo pinturarantz biratu da, ezkerralderantz; eskuak aldaken atzealdean dituela hasi da esplikazioak ematen. Horra Canogarren Toledo ikusgarria, lehen horma berak bakarrik hartzen duela; erakusten den lehen aldia da. Arkua pasatuta dago Pintura Nº 57, zeina 1958an ikusi baitzuen lehen aldiz Arte Garaikideko Museo Espainiarrean. Pintura Nº 56k osatzen du sarrerako aretoa, eta horietaz gain bi eskultura daude, argi-iturri nagusia den beiratearen aldera: Serranoren Tauróbolo maiestatetsua eta Chirinoren Raíz Nº 3.

      “Espainiako Eskolaz” hasi da Frank, nolako inpresioa egin zioten 58ko bidaian ikusitako obrek, zeinak “oso aratzak” egin baitzitzaizkion, eta ordutik izan zuela buruan espainiar arte abangoardistarekin zerbait egitea. Eskerrak eman dizkie, lehenik, “Espainiako Gobernuko ordezkariei, Espainian nahiz gurekin daudenei”, zeinen laguntza adeitsu eta eskuzabalena jaso baitute, eta aipamen berezia egin dio Gonzalez Roblesi, aspalditik datorren elkarlanagatik. Izenez aipatu du, halaber, Juan Eduardo Cirlot, bere arte liburuek eman dioten laguntza ordainezina izan delako. Esanak esan, argi utzi du, hori bai, erakusketa baliabide pribatu hutsez gauzatu dutela, ez dutela beste inolako eta inongo (bereziki azpimarratu du) dirurik jaso, eta izan duten komisariotza-laguntza gorabehera, erabakiak MoMAko taldearenak izan direla, eta arrakasta zein akatsak ere beraienak izango direla, hortaz.

 

 

      Ezkerraldera mugitu dira, erakusketa areto txikienera. Han daude, aretoaren izkinetan paratutako Chirinoren hiru obra gehiagoz gain (tartean Homenaje a Julio González eta El viento), Sauraren hiru margo: Crucifixión serie espantagarriko bat, ezkerreko horman zabal; aldameneko horman Goyaren erretratu imajinarioen serieko beste bat; eta, parez pare, Las tres Gracias, 77 hazbete luze eta 114 hazbete zabal den triptiko ikusgarria. Areto honetako bi artistak El Paso taldeko kide direla, baina erakusketa osoan Madrilgo El Pasoko eta Bartzelonako Deu Al Set-eko artistak nahasturik aurkeztu dituztela azpimarratu du, “geroago ikusi ahal izango duzuen bezala”. Kontziente direla bi taldeen arteko kontrasteez, eta Estatu Batuetan ere antzera gertatzen zaiela, Mendebaldeko Kostako eta Ekialdeko Kostako taldeen arteko lehia ezin erauzirik, baina panorama hibridatu eta konplexuago bat eman nahi izan dutela. Gainera, bi taldeen orbitatik kanpo ere badirela artista esanguratsuak, erakusketan ordezkatuak dauden Lucio, Farreras, Chillida eta Oteiza, esaterako.

      — Barkatu, baina, oker ez banaiz, bi sarreretan agertzen diren artistak El Pasokoak dira.

      Gazte bat da, ezagutzen ez duena, arte ikasleren bat-edo izango dela imajinatu du. McCrayri begiratu dio, ez zehazki laguntza eske, baizik eta esan beharrekorik esan nahi ez duelako.

      — Egia esan, ez nengoen jabetuta ere; esan bezala, zein taldetakoa den artista bakoitza bigarren mailako kontua izan da guretzat.

      — Ados, baina denera El Paso taldeko bederatzi artista daude, eta Bartzelonatik lau besterik ez.

      — El Paso taldean, oro har, artista gehiago daude baita ere.

      Alde batera, eskertu du Gonzalez Roblesen laguntza, baina, bestetik, isilik hobeto legokeela pentsatu du. Agudo hartu du hitza berriro.

      — Gainera, esan bezala, Cirloten testuek asko lagundu didate prozesuan, eta Tharratsek ere bai kritikaria ere baden aldetik. Bartzelonako taldea oso garrantzitsua izan da.

      — Bai, baina…

      — Barkatu, gazte, baina uste dut aurrera egin behar dugula. Bukatzen dugunean egin ahalko dituzu galdera gehiago.

      Adeitsu baina zorrotz moztu dio McCrayk, eta gazteak etsia hartu duela dirudi, momentuz behintzat. Eskuineko hegalerantz egin dute, erakusketako zati zabalenera, zeina hiru aretotan banatuta baitago. Lehenengoan Cuixart eta Tharratsen lanak, “biak Bartzelonako taldekoak”, seinalatu du zoli Frankek, eta aretoan sartu eta ezkerrera, idulki luze batean, Oteizaren Suspensión vacía (Estela funeraria. Homenaje al constructor aeronáutico René Couzinet), Sao Pauloko Bienalean saria jaso zuen obra-sortako bat. Omenaldi bat da, orobat, Tharratsen margoetako bat, Frank Lloyd Wright arkitektoari egina. Margo indartsu bat, bere koadro guztiak bezala, baina hiruretan handiena eta ederrena, beharbada (hori bere baitarako esan du). Eskuineko hegaleko bigarren aretoan Suarezen margoak eta Serrano eta Oteizaren eskultura bana. Oteizaren Caja metafísica Nº 1, 1958koa, haren konklusio esperimentalaren aurreko azkeneko obretako bat. Suarezen Pintura Nº 5 azken momentuan iritsi da eta ez da katalogoan sartzerik izan; New Yorken bakarrik erakutsiko da, ez da erakusketarekin batera mugituko.

 

 

      Hirugarren aretoa da hegal horretako beteena, ez soilik obra gehien dituena delako (hamalau guztira), baizik eta hor daudelako Tapiesen, Millaresen eta Lucioren obra ikusgarriak. Gazteari begiratuz, “konproba dezakezuenez, talde ezberdinetakoak nahasturik”. Lucioren egur gaineko margo zirraragarriak; Tapiesez zer esan, ziur aski artista espainiar laudatuena. Margo denak bilduma pribatuetatik eskuratuak, zehaztu du Frankek, eta bereziki eskertu behar dugu Martha Jackson-en laguntza haren obrak hemen izateko; horietako bat, Space, egileak MoMAri egindako oparia gainera. Haren eta Tapiesen beraren Graffiti on Blackish Ochre Relief margoaren artean eskultura bat dago: Oteizaren Formas lentas. Lucio eta Millaresen margoak bata bestearen parean, eta aretoaren beste muturrean Oteizaren beste eskultura: Conjunción dinámica de dos pares de elementos curvos y livianos.

      Whitney museoaren aterantz joanez gero, hantxe erakusketaren bukaera. Bizi abiatu da Frank, Rivers gerturatu zaio.

      — Zer iruditzen ari zaik, Larry?

      — O, Franky, zoragarria. Zorionak, lan ederra egin duk.

      — Ukitu al hau ezerk?

      — Ez zakiat, Millares hori gustatu zaidak… Saura, tira, enpo egina naukak estilo horrek. De Kooning horretan zebilean duela hamar urte baino gehiago. Trazu hori… serioa haiz?

      Algara egin du Frankek.

      — Ez duk hainbesterako. Pintura beltz horiek zoragarriak dituk.

      — Badakik ahozabal bat naizela.

      — Baita neu ere.

 

 

      Whitneyrako galeria da, eskuin hegaleko hirugarren aretoarekin batera, erakusketako nagusiena. Farreras, Feito eta Riveraren margoak bateko, Chillidaren eskulturak besteko. Riveraren esperimentazioa mihisearekin eta materiarekin, Feitoren hiru margo durduzagarri, eta Farrerasek berak mailegatu dizkien beste hiru, zeinak salgai baitaude, inor interesaturik egotera. Behako bat eman die kontseiluko kideei. Chillidaren, Venezia 58ko beste garaile handiaren, burdinazko lau eskulturak, bestetik: Begirari I eta Rumor de límites III elkarren ondoan, eta Lugar de silencios eta Del horizonte bakarka: “Nola ez akordatu David Smithen Raven seriearekin?”, ahots gora bota du galdera Frankek. Baietz egin dute buruaz zenbaitek. Whitneyrako atean Canogarren San Cristóbal ikusgarria, 118 hazbete luze, 79 hazbete zabal.

      — Orain bakarrik utziko zaituztet, nahi baduzue lasai, zuen kabuz, ikus dezazuen erakusketa. Egin kontu Violaren lanak ikustea falta izan zaigula, beste sarreran dituzue. Bi lan dira, eta merezi dute, ez itzazue galdu! Eta gogoratu, hogei minutu barru, zazpietan, koktela izango dugu prest hirugarren aretoan.

 

 

Enbaxadako idazkaria hor dabil, jakin izatera lortuko zuela urdaiazpiko on bat koktelerako, ez daudela txarrak sofistikazio horiek guztiak baina urdaiazpikoak beti ematen duela ondo, bereziki aberkideak baldin badaude tartean. Kudeaketa administratibo zenbaitetan asko lagundu du, diktadura bat izatearen abantailetako bat da nor baldin bazara telefonoa altxatuta gauza asko konpondu ditzakezula eta, erakusketa antolatzen katramila ez gutxi izan badituzte ere, gauzak asko konplikatzen zirenean beti agertzen zen norbait efikaziaz telefonoa altxatzeko prest. Eta asko eskertu du hori Frankek. Baina morroi horrek kokoteraino dauka dagoeneko. Batengana eta bestearengana dabil, kontu hutsalenak hizpidera ekarriz, eta gogoa izan du momenturen batean Larry hartu eta harengana bidaltzeko. Inguruan du emaztea beti, isilik.

      — Patsy, azukrezko bihotz, joan hadi enbaxadakoaren emaztea entretenitzera.

      Besotik heldu dio, barrez.

      — Horretarako nahi ninduan hemen, ezta? Emakumezko apaingarriak entretenitzeko.

      — Maitea, nola esan dezaken hori?

      Eskuaz masailean laztandu du orain, txeraz.

      — Zorionak, merezita daukak.

      McCray gerturatu zaio, etortzeko. Berriz ere hurreratu zaiola gaztea, erakusketako kontu batzuez.

      Jesukristo, berriro?

      Harengana hurbildu da McCrayrekin.

      — Hemen duzu, gazte.

      — Barkatu tematzea, O’Hara jauna, baina asko interesatzen zaidan gaia da. Oraintxe PhD bat egiten ari naiz New Schoolen espainiar arteaz.

      — Konforme.

      — Nire zalantza da, eta barkatu zuzena izatea, ea erakusketa hau ez ote den Guggenheimekoarekiko erredundantea; ia autore berak ekarri dituzue.

      — Ez dakit Guggenheimekoek nola egin duten lan, nik esan diezazuket gure komisario taldeak aukeratu dituela autoreak eta obrak, ni buru naizela, gure irizpideen arabera.

      — Han margolari gehiago zeuden.

      — Guk erakusketa trinkoago bat egin nahi izan dugu eta, halere, uste dugu espainiar arte garaikidearen lagin zabalago bat ematen dugula.

      — Zergatik?

      — Bada, besteak beste, eskultoreak ere sartu ditugulako.

      O, ikusten dut.

      — Eta ez ahaztu, Oteizak Sao Pauloko Bienala irabazi du eta Chillidak Veneziakoa. Nola utziko genituen tamaina horretako artistak kanpoan? Ez du zentzu handirik.

      — Ez diot kontrakorik.

      — Gainera, hau da erakusketa bakarra egungo espainiar arte abangoardista erakutsiko duena huts-hutsean.

      — Guggenheimekoan Isidre Nonell ere sartu zutelako diozu?

      — Hori da.

      — Nonell sartzea zentzugabea iruditzen zaizu?

      — Ez dut halakorik esan, mutil, ondo dakizu. Baina galdera batzuk Johnson Sweeney jaunari egin beharko zenizkiokeela iruditzen zait, ez niri.

      — Ados, eskerrik asko, O’Hara jauna.

      Koktelak banatzen ari diren lekurantz egin du, McCray alboan duela.

      — Zakarregi egon naiz, Porter?

      — Ez diat uste, gogaikarri samar jarri duk.

      — Izan ere!

      — Ondo erantzun diok.

      — Vodka Martini bat behar dut. Zuk zerbait nahi?

      Edalontzia altxatu dio.

      — Honekin nahikoa diat.

      Baina tragoa hartzera zihoala Gonzalez Robles gerturatu da, eta bazter batera eraman ditu McCray eta Frank.

      — Sentitzen dut artistena.

      Ez da ohikoa Gonzalez Robles barkamen eske ikustea.

      — Lasai, Luis, aspalditik dakigu zer den doana.

      Espainiako Gobernuak bultzatutako nazioarteko erakusketei zenbait artistak egin dieten boikotak bazterrak nahastu ditu, eta buruhauste ez gutxi eragin Franki eta McCrayri. Tapies hasi zen, aurreko urtean Parisko Arte Dekoratiboetako Museoan antolatutako erakusketan, azken momentuan bere margoak erretiratu zituenean arrazoi politikoen kariaz. Gobernu frankistari jokoa egiten ari zirela salatu zuen, eta haren kritikarekin bat egin zuten Millaresek eta Canogarrek, nahiz eta haiek ez ziren beren obrak erretiratzera ailegatu. Hortik aurrera, tentsioak goia jo du zenbait artistaren eta Espainiako arduradunen artean, eta MoMA gatazkaren erdian harrapatu. Frankek hasieran pentsatu zuen McCray gauza izango zela arazoa bideratzeko, baina kontua puzten joan da. Saurak ere uko egin zion Europa iparraldean erakutsi zen Young Spanish Contemporary Painting erakusketara obrak eramateari; Millares kritiko, Oteiza uzkur, nahiz eta beste arrazoi batzuk medio, nazioarteko zenbait erakusketarekiko. Hala, erakustaldi berezi honetara ez da espainiar artistarik azaldu; partez desplazamenduak errazak ez zaizkielako, partez batzuek (Tapiesek, Oteizak, Saurak) ez dutelako erakusketarekin ezer jakin nahi izan prestakuntza prozesuko inongo unetan, nahiz eta, McCrayren lan diplomatikoari esker, beren obrak bertan egon badauden. Asko eskertzen du Frankek arazo politikoez McCray arduratzea.

      — Tira, Tharrats eta Cuixart eduki genituen inaugurazioan, behintzat.

      — Tharratsek izugarri lagundu digu hasieratik. Oso eskertuta gaude.

      Izan ere, erabat ulertzen ez zuen zurrunbilo baten erdian topatu zuen Frankek bere burua, eta anabasa horretan Espainiatik etorritako ezein aholku izan zitzaion eskergarri; baita John alboan edukitzea ere.

      — Baina hain da erridikulua artista hauek egiten ari direna…

      — Badakigu zein den egoera, Luis, ez da zuen akatsa.

      McCray beti bezain diplomatiko.

      — Ez da zuen kontrako zerbait, esan genizuen: gobernuaren kontra egin nahi dute, eta zuek erabiltzen zaituztete.

      — Konforme gaude azken emaitzarekin, nahiz eta batzuek ez egin kasurik.

      — Gero esango dute gurea erregimen doilor bat dela! Hor duzue Tapies, nahi dituen astakeria guztiak esaten, eta lasai-lasai.

      Bon, kontra egiteak ez dizuelako konpentsatzen, pentsatu du, bere baitarako, Frankek. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. Oso kontziente dira Tapies bezalako nazioarteko figura miretsi baten kontra eginez gero gehiago izango zuketela galtzeko irabazteko baino. Eta jende hau, zerbait bada, dio bere kolkorako, jende pragmatikoa da; grisa, aurreikusgarria, funtzionarioa, baina finean, etengabe irabaztekoak eta galtzekoak balantzan ipintzen ibiltzen direnak.

      — Kontatuko banizue orain boikota aldarrikatzen dabiltzan horietako batzuk zertan ibili ziren iraganean…

      Isilik geratu dira biak, Gonzalez Roblesek zer esango.

      — Ez dut izenik emango, ez dudalako inor jipoitzen ibili nahi, baina gauza bakarra esango dizuet: orain hain esker txarreko diren horietako bat Falangearen uniformearekin ikusitakoa naiz ni.

      El Escorial monumentua bisitatu zuenekoarekin akordatu da Frank. Jose Antonioren hilobia eta, batez ere, kanpoaldean desfilatzen ikusi zituen falangista eder haiek. Lehen begi kolpean, boy scoutak zirela pentsatu zuen.

      — Eta gainera, esango didazue, sariak bata bestearen gainetik erortzen zitzaizkienean (nire kudeaketari esker, bide batez, eta umiltasun faltsuak alde batera utzita), orduan ez zuten boikoterako tarterik, orduan majo jaso zituzten golardo, garaikur, diru-poltsa eta gainontzeko guztiak. Orain, dena daukatenean alde, nazioartean arrakastatsuak, leku guztietan alfonbra gorria, orain, olatuaren gainean daudela, boikotak eta bestelako luxuak.

      Deseroso sentitzen hasia da Frank, ez du artisten kontrako gaizki-esanak entzuteko gogorik, ez du zertan jasan espainiarren arteko saltsak.

      — Galeriarentzat!

      Isilune luze bat gailendu da; agerikoa da solasaldiaren amaiera iritsi dela.

      — Ez zintuztedan molestatu nahi. Soilik jakin zenezaten bazenekitena, guregatik balitz artista guztien kolaborazioa izango zenuketela. Baina tira, artistak!

      Kopetalde soilduak igurtzi ditu Frankek, eskuineko eskuaz bat, ezkerrekoaz bestea. Gainetik ateratzen zaion biloa ondo paratzen ahalegindu da baina izerdiak ez dio uzten taxuz egiten. Zigarro bat piztu du, hasperen luze bat. Koktela ematen duten mahaietarantz hurreratu da, zigarroa ondo atxikiz.

      Beste gazte bat gerturatu zaio, janzki orbangabe batekin; okerrena pentsatu du berriz ere, doktoregai pedante bat ote den, baina berehala ohartu da nonbaitetik ezagutzen zuela. Negozio gizon gazte bat da, petrolioaren sektorekoa, gaizki akordatzen ez bada, arte bildumagilea.

      — Oteizaren hori, kutxa metafisikoa, dohaintza bat da?

      — Washingtongo galeria batek ekarri dizkigu bere obrak. Informazioa nahi duzu?

      Apreziatuko nuke.

      Idazkariari hots egin dio.

      — Renee, nola zen Washingtongo galeriaren izena, Oteizarenak ekarri dizkiguna?

      — Gress Gallery.

      — Horixe.

      — Salmentak museotik bideratuko genituzke.

      — A, ederki, jarriko naiz orduan zuekin kontaktuan.

      — Pozik hartuko zaitugu.

 

 

 

 

Midtown: 9:00 p.m.

 

Atentzioa ematen du jatetxeak, paradoxikoki, erraldoi artean ñimiño izateagatik. Alboan ditu bi eraikin garai, Midtowneko harri argizko gotor horietakoak; jatetxea erdian dago, hiru oinplano soileko etxe batean. Burdinazko itxitura beltz batek hartzen du jatetxearen beheko zatia, eta egitura beraren parte den ataria estalki izurtu batek babesten du. Haren bazterretan, estilo klasikoko farola bana 21 zenbakia agerian, eta zenbakiaren aldamenean giza figurak beltzez. Izan ere, fatxadan zehar ordenatuki kokatuak dauden portzelanazko jockey-figurak dira jatetxearen aurrealdearen ezaugarri bereizgarriena. Ezkerreko eskua luzatuta, bakoitzak bere elastiko propioa darama: koadro beltz-horidunak, erronbo zuri-gorriak, arraia zuri-urdin argiak… Hiru eskailera jaitsi eta hor da sarrera nagusia. Pasabide beix elegante bat, zeinak jatetxe baten sarrera bainoago klase altuko etxe baten bebarrua baitirudi. Olio-pintura txikiak hormetan, hiriaren aurreko mende bukaerako paisaiekin, eta argi horizko lanparak, kanpoko farolen sorta berekoak, baina txikiagoak.

      Berehala hartu ditu zerbitzari ezin atseginago batek; bistan da McCray ezagutzen duela, eta, ongi etorria eman ondotik, adeitsuki barneratu du taldea jantoki nagusira. Mukuru da, ez soilik mahaiak jendez lepo daudelako, baizik eta dekorazioa bera ere halakoa delako: forma apainduko egurrezko paretak, lanpara bikote txikiak mahaigainetan, koadroak, tamaina guztietakoak, nonahi, mahai-zapi zuri-gorri deigarriak, lasaiera handikoak, mahai-tresnak gordetzeko altzari kiribilduak, zezen bipil bat irudikatzen duen eskultura pisutsu bat bazter batean, eta teilatupean, zintzilik, gisa orotako jostailuzko ibilgailuak: hegazkinak, kamioiak, autoak, txalupak, zeppelin bat ere bai. Gora begira ikusi du Frankek Gonzalez Robles, etxekotasun agerikoan. Aurrera tiratu du eskuekin, trajeko mahukak ondo jartzeko.

      — Nori bururatu zitzaion hau guztia egitea?

      — Auskalo, Luis, hiri honetan edozerekin egin dezakezu topo.

      Txeraz ukitu dio bizkarra McCrayk, zerbitzariari jarraitu diezaion bultzatuz. Hondoko ate batetik, jantoki pribatu batera eraman du taldea morroi atseginak. Leku txikia, baina ezin egokiagoa zazpiko lagunarte baterako. Mahai borobila eta, jantoki nagusikoak ez bezala, mahai-zapi zuriz jantzia. Zilarrezko koilarak, labanak, lauhortzekoak, luxuzko baxera baino are distirantagoak. Eseri dira, hiruko espainiarra, Porter, Waldo, Thomas Garcia interpretea eta Frank bera. Enbaxadako idazkariak afarira batu nahi izan du bisita bukatutakoan, baina McCray gainetik kentzeko moldatu da, aitzaki-maitzakiak lagun. Mahaia hartuta zutela eta ez zegoela bi gehiagorentzat lekurik. Emaztea etxean utz zezakeela erantzun dio hark, eta azkenean, beste alibirik ezean, bat gehiagorentzat ere ez zegoela lekurik esan behar izan dio, ezerosotasun nabariaz.

      — Eta Alfred, non dabil?

      Sao Paulotik ezagutzen du Gonzalez Roblesek Barr, baina ez dute harreman askorik izan ordutik. McCrayrekin askoz ere harreman estuagoa du.

      — Lanpetuta dabil. Inaugurazioan etorri zen, baina orain uste dut kanpoan dabilela museoko kontuekin.

      — Ez al zarete zuek ba Erakusketa Ibiltarien Sailekoak? Uste nuen zuei egokitzen zitzaizuela bidaiatzea, eta haiei bulegoan geratzea.

      Frankek ez daki Gonzalez Robles txantxetan ari zaien ala ez. Umore zinikoa ote? Ez du hainbeste ezagutzen, baina nekeza egiten zaio pentsatzea tipo kerratu horiek halako aldartea izan dezaketenik.

      — Oi, Luis, ederra bota duzu.

      McCray maisua da egoera deserosoak birbideratzen.

      — Esan behar ez nuenik esan al dut, ala?

      — Tira, kontu luzea da, baina esan dezagun justu oraintxe korapilotxo bat dugula Alfredekin. Gure egitekoak eta haienak… batzuetan elkar zapaltzen dugula iruditzen zaie, eta kontua konpondu nahian gabiltza.

      — Laneko aferak, badakizu.

      Waldo da, ohiko eran McCrayrekin bat.

      — Oi, sentitzen dut, ez nekien ezer.

      Ezagun du ez duela txantxetan esan.

      — Egia esango dizuet, orain konfiantza dugula, baina tipo erkin samarra iruditu izan zait beti Alfred. Ez dut ukatzen bere balioa, bere adimena, baina jendartean motz samarra.

      — Tira…

      — Begira, ulertzen dut zuek orain zuen lankidea babestu nahi izatea, eta ez dugu honekin jarraituko, baina utz iezadazue gauza bat esaten. Artearen mundu honetan garrantzitsua da asko jakitea; asko jakitea artistez, artearen historiaz, teoriez ere bai nahi baduzue, baina hori bezain inportantea da, edo gehiago, mugitzen jakitea, usaimena edukitzea. Eta ez dakit Alfred horretan oso abila den.

      — Arte modernoaren habe nagusiak jarri dituen morroiaz ari gara, e, ez dezagun ahaztu.

      — Hori hemen izango da, Waldo, baina hemendik kanpo… Egia esango dizuet, Sao Paulon ez du ezer pintatu izan inoiz; Matarazzok eta biok erabaki izan dugu beti momentu klabea iritsi denean. Eta horrela ekarri genituen sariak Espainiara: saria 57an, saria iaz… Eta Estatu Batuetako artistek zer?

      — Hobeto hitz egingo dizu horretaz Frankek.

      — Barkatu?

      Haria galduta du, Vincent du buruan. Haren joan-etorriek, orain-hemen-gero-han horiek, gogo-bestetzen dute; ez dago gainontzeko kontuei jaramon egiteko.

      — Sao Paulokoa, bienalekoa.

      — Bai, ni ere han egon nintzen 57an.

      — A, bai? Nik Alfred bakarrik dut gogoan.

      — Gure pabiloia muntatzen lagundu nion. Asebeterik geratu ginen emaitzarekin.

      — Eta sariak?

      Amorratu egiten du orain kontu hauetaz jardun beharrak; solasalditik atoan irteteko parada izango balu.

      — Ez ginen bereziki horren bila joan, bestela ez genituen batez ere Pollocken lanak eramango.

      Begira geratu zaizkio Gonzalez Robles ez beste espainiarrak. Azalpen bat emateko premian ikusi du bere burua.

      — Hildako artistek soilik lehiaketatik kanpo har zezaketela parte, alegia.

      Ez daki zehazki esaten bere komentarioak espainiar uzkur horien harridura ase duen.

      — Eta zertara joaten zarete bienaletara ez bada sari bila?

      — Guk, ezeren gainetik, kalitatea bilatzen dugu…

      — A, kalitatea.

      — …hemengo arte onena munduari erakustea, eta uste dut pozik egon gaitezkeela. Pollocken lanen mailako zenbat gauza ikusi ahal izan ziren? Ez nazazue behartu galdera erantzutera.

      — Zuek ikusiko duzue zer egiten duzuen, guk argi erakuts dezakegu gure zerbitzu orria: saria Sao Paulon 57an, sariak Venezian 58an, saria Sao Paulon 59an…

      Minutu erdi bat lehenago esan izan ez balu bezala bota du.

      Aldiro zerbitzari bat etortzen zaie, norbaiti basoan edatekoa falta bazaio ziztuan ardoz betetzera, eta, kontua mikazten ari dela sumatuta, horietako une bat aprobetxatu du McCrayk hizketaldia mozteko. Beste bi espainiarrek ez dute ezer esaten, bistan da artearekin loturiko gauzak Gonzalez Roblesi uzten dizkiotela, bera da horretan nagusia. Ruiz Moralesek profil politikoagoa du, akaso komisario politikoaren lana da berea, eta Espinosa langile xume bat da haien zerbitzura. Hitz beste eginez, jatetxearen historia azaldu die McCrayk. Debekuaren garaian ireki zutela eta hasieratik izan zituztela autoritateekin gatazkak; egiatan, horixe izan zen jatetxearen marka bereizgarria hamarkadatan: nola izan ziren gai alkohola saltzeko debekuari iskin egiten ziotela. Askotariko sistema sofistikatuak erabili omen zituzten poliziaren sarekadetan libre geratzeko: palanka baten bidez, tabernako alkohol botila guztiak hodi-bide batetik botatzen zituzten estoldetara, Polizia ate joka zutela jakin bezain pronto. Ezaguna omen da, halaber, oraindik ere ezkutuan duten ardo upategia, zeinetan ospetsu andanak omen ditu gorderik bere botila kutunak: Gerald Ford, Frank Sinatra, Liz Taylor, Ernest Hemingway, Marilyn Monroe… Estatu Batuetako zenbait presidente ohik ere izan omen dituzte beren botilak.

      — Jakin ezazue, akaso Eisenhowerrenak ere ez dira urruti ibiliko.

      Dorre handi batekin agertu dira bi zerbitzari, opari bat banatzen ariko balira bezala. Mahai erdiko lore sorta kendu du bietako batek lehenik, eta dorrea paratu du segidan besteak. Bost mailako urrezko dorre bat, forma eta tamaina askotariko ostraz josirik izotz gainean. Azalpenak eman dizkiete: halakoak Mendebaldeko Kostako iparraldekoak, beste hauek Ekialdekoak… Gerorako eskatu dituzte izokin eta karramarro tartarrak, eta otarraina estatubatuarrek eta hanburgesak (hiriko finenak, diotenez) espainiarrek.

      — Laburbildu didate katalogoan diozuna, Frank. Ez dago gaizki.

      Atezuan jarri da. Berak baino puskaz gehiago daki Gonzalez Roblesek arte espainiarraz, eta ez du aukerarik galtzen hori agerian uzteko. Edonola ere, bere ikuspegiak beste bat izan behar zuela iruditzen zaio; hark artistak hobeki ezagutzen zituen, baina Frankek obra horiek ikusiko dituen publikoa ezagutzen du askoz ere hobeto, eta AEBetako artista testuingurua. Bide batez, fundamentuzko zerbait egin nahi izatera, hobe dute beraien arteko txokokeriak utzi eta mundu zabalera irekitzea. Horixe da erakusketa honen oinarrietako bat, eta hori ez diote Gonzalez Roblesek ez beste komisario espainiarrek eman ahalko.

      — Hala ere, Espainiako Eskolaren zera hori, ez dakit, ez dakit.

      — Akaso laburtu dizunak ez dizu kontatu, baina etiketa hori Frantziatik datorrela diot halaber.

      — Inportantea den gauza bakarra, artean, indibidualitatea da. Eskola asko dira, izatekotan; ez eskola bakarra.

      — Baina, era berean, nola batu artista horiek guztiak? Tira, uste dut balio dezakeela Estatu Batuetako ikusle arruntarentzat: Espainiako Eskola. Tradizio luze eta oparo batekin lotzen ditu, zeinak hemen prestigio handia baitu: Velazquez-Goya-Picasso-Miro-Gonzalez… Arrazoi praktikoak dira.

      — Zuen gobernariak ere pozik geratuko dira: Espainiako Eskola New Yorken.

      Waldo ez da itzulinguruka ibiltzekoa.

      — Funtzionatzen du.

      McCrayk argi eta garbi adierazi nahi dio Frank babesten duela.

      — Egia esan, kirrinka gehiago eragin dit Madril eta Bartzelona arteko lehiarenak.

      — Ez al da hala, ba?

      — Lehia egon daitekeela? Ez dut ukatzen. Baina katalanek bultzatutako zerbait da, zenbait sektorek bereziki, eta sobera puztu dute. Futbol taldeen arteko erresumina artistengana igaro nahiko balute bezala.

      — Niri ere aski nekagarria egiten zait lehia horrena, nerabeen arteko ika-mikatxoak, eta ez dut hanpatu nahi izan. Baina ez aipatzea ere gehiegizkoa zatekeen…

      — Eta gero dago zuek Ekialdeko Kosta eta Mendebaldeko Kostaren arteko kontrastea Espainiara eraman nahi duzuela, eta pentsatzea horren erreplika bat dela artista madrildar eta katalanen artekoa.

      — Ez dut uste hori egin duenik Frankek, Luis. Baina artezale estatubatuarrari oso gertukoak zaizkio New Yorkeko Eskolaren eta Pazifikoko Eskolaren arteko tentsioak. Aski ulergarriagoa da haientzat, seguru.

      — Batzuetan pentsatzen dut erakusketa hauek guk egin beharko genituzkeela. Besterik litzateke.

      — Ziur izan orduan ez zenuketela MoMAn erakutsiko.

      Waldo da, berriz ere ahobizarrik gabe.

      — Zuek lan bat egiten duzue, guk beste bat, ez da besterik.

      — Hori da.

      Behingoz ahoa ireki du Ruiz Moralesek. Iritsi da politikaren ordua.

      — Zuei interesatzen zaizue eta guri ere bai. Luis, lan ona egin dute gure lagun amerikarrek.

      — Ez dut ukatzen; nik bestela egiten ditudala gauzak, hori bakarrik esan nahiko nuke.

      Postrea iristea nahiko luke Frankek, baina oraintxe ekarri dizkiete otarrainak eta hanburgesak. Mahaitik altxatu da, telefono dei bat egin behar duelako aitzakian. Vincenti deitzea pentsatu du, nahiz eta zalantza egiten duen momentu aproposa den; gainera, ez du uste harrapatuko duenik. Zerbitzari batek lagundu dio jantoki nagusian dagoen egurrezko barra zabalaren bazterrera.

      Zuzen zegoen, ez zen inor telefonoaren beste aldean. Mahaira itzuli baino lehen komunetik igaro da, denbora pixka bat gehiago hartzeko.

      Ezinbestekoa izan da berriz ere McCrayren diplomazia solasaldia bideratzeko. 58ko erakusketaz hasi dira hizketan, bere sailak antolatu zuenaz, tartean Frank zegoela. Arte estatubatuar berriaren adibide gorenak, Europako zortzi herrialdetan erakutsiak: William Baziotes, James Brooks, Sam Francis, Arshile Gorky, Adolph Gottlieb, Philip Guston, Grace Hartigan, Franz Kline, Willem de Kooning, Robert Motherwell, Barnett Newman, Jackson Pollock, Mark Rothko, Theodoros Stamos, Clyfford Still, Bradley Walker Tomlin eta Jack Tworkov. Erakusketa mugarria izan zen arte estatubatuarraren nazioarteko sendotzearentzat, arte mota jakin baten mundu mailako hedapenarentzat, eta mugarria, halaber, Franken ibilbide profesionalean. Lehen aldia zen Estatu Batuetatik irteten zela, Bigarren Mundu Gerran itsas armadako soldadu gisa Pazifikoan izandako egonaldia alde batera utzita. Prado museoaren aldameneko hotel batean hartu zuen ostatu eta harriturik geratu zen zeinen merkea zen hiri hura. Jakin izan balu, bere hotelaren ondoan zegoen Ritz-en geratuko zatekeen, ez baita munduko beste inon posible Ritzen 7 $en truke gaua igarotzea. Arratsaldeko 2:30ean bazkaldu, lo kuluxkatxoa, 10:30ean afaldu, eta goizeko 2:00ak arte antzerkietara joan ala parke ederretan paseatu: plazer betez gogoratzen ditu Madrilgo egun haiek. Ez ditu ahazteko Jose Antonio hiribideko Plaza hoteleko teilatuko terrazan hartutako koñakak: Plaza de España oinpean, Cervantesi eskainitako monumentua txiki-txiki bihurturik. Madrilgo beroa. Oscarrekikoa ere, noski: bost eguneko maitasun afera, uda batez Madrilen; nerabezarora itzultzea bezalakoa izan zen. Harekin egin zituen Pradorako bisitak (han erabaki zuen Goya zela artista espainiarren artean bere gogokoena, bereziki bere sail beltzean), antzerkirakoak, bazkari eta afariak… den-dena zegoen eskura Madrilen!

 

 

Oscar Salvadorrentzako lekuak

 

 

                                      El Escorial

 

Eguzkipeko bazkari baten ondoren paisaia

erre harrizkoa eta Santa Teresaren eskuizkribu

klimatizatuak tintak atzo bezain lehor hainbeste

jantzi janzteke apaizentzako eta hilobiak

 

sangria eta martini gozozko kripta bat da

honetaz eta hartaz hitz egiten dugu eta beste mingainek

intimitate basilika bat egiten dute gure inguruan fraideek nola

aitortza baten arratsalde malgua Espainiako lautadan

 

Grekoaren martiritzan hain espazio gutxi okupatzen dugu

ezen inork ez duen nabaritzen immanentziaren zori tristea egia bihurtzen

salbu eta artista zoro batek zakur bat baino atseginago itsu da

gitarra hari bat entzuten du karraskan gure espazioa da entzuten duena

 

 

                                           Plaza de España

 

Ezin duzu egin ezin duzu gauza bat egin

nahiz eta harea loreekin datorren hotz

zainzuri kafea hutsarekin

parke bakarra gara taberna haizetsu batean

beste parke bat ikuskatuz garaiera handitik

 

gero gauez ibaiak jario

eta Portugalerako errepideko argi axolagabeak

ez gara gehiago parke bat ez gara plaza bat

ez dakit iragan multiforme erraldoia

datorrela zehatzen bere gelditasun zuhurrean

 

eraikin bihurtu gara modu kixoteskoan

gehiago hazi edo egunaren adarrak jasan gabe

sekula iraultza bat hartu ez duten hondakin bihurtzeko itxaroten

edo oturuntza bat edo tifus kasu bat maite dut halere

iragana inoiz maiteko dudana baino gehiago maite dut gure itxaroa

 

 

                                           Ponte Fabricio

 

Bakarrik eta erdibidean oraindik

berdez inguratuta oraindik lehertu ez den ekaitz-hodei bat nola

hemen ibaia bizkortu egiten da eta haurrek ez dute inoiz igeri egiten

hemen naiz Erromako zaharrena trafikora ohitu gabea

arbuio figura bat niretzat besterentzat oroitzapen bat

nire lotura akastunen mina ez da urritzen ur-lasterretan

pentsatzen dut ez naizela berreraikia izango

pentsatzen dut erortzen hasi naizela eta itsasoan bukatuko dudala

pentsatzen ditut gogapen erdiak ez naiz iristen beste urertzera

 

 

      Bere editore Donald Alleni idatzi zion Erromatik, bozkarioz, Espainia maite zuela eta urtebeterako han bizi nahiko zukeela, Madrilen. Eta Toledo bisitatu, eta Bartzelona.

      Tarta zati hanpatuak ekarri dizkietenerako berriz dira erakusketarekin gora-behera. Oraingoan, ordea, Gonzalez Roblesek goraipatu egin du O’Harak katalogoan dioena espainiar tradizioari buruz, akaso aurreko solasaldi mingotsa gozatzeko-edo. Hots, espainiar artistek nazioarteari haien lurraldeko erroei uko egin gabe begiratzen diotela; Espainiaren zapore berezia aurkitzen dute Altamirako kobazuloetan, XV. mendeko santuetan, espainiar barrokoan.

      — Intrahistoria, deitzen zion Unamunok. Honetaz guztiaz hitz egin izan dugu, ezta?

      — Baliteke, bai.

      — Hori da artista hauek ulertzeko klabea, ez direla soilik erortzen arte modernoko modako formetara: beraien lurraldeko izate berezkoa islatzeko gai dira.

      — Partikularra eta unibertsala elkar hartuta.

      Ruiz Morales bereziki gogobetetzen dute identitate aferek.

      Frankek susmoa du Ezra Pounden “make it new!”ari buruz idatzi duenak agian ez diela hainbesteko graziarik egin, berriz ere espainiar artea estatubatuarraren mende irudikatzen duela iruditu lekiekeelako. Izan ere, Pounden goiburu famatua artista espainiarrek “make it over!” bihurtu dutela dio testuan, hain justu jada existitzen zen espainiar tradizioa estutu dutelako, zerotik zerbait berria sortu baino gehiago. Horrek ideia bat eman dio hiruko espainiarraren miresmena bereganatzeko.

      — Ezberdintasun handia baita hori. Hemengoek beraiek sortu behar izan dute tradizioa; Espainian, ordea, arte tradizio luzea duzue, eta bestela ekiten dio, ezinbestez, artista espainiarrak, obra baten sortzeari.

      — O, interesgarria.

      Espinosa, lozorro batetik esnatu izan balitz bezala.

      — Tradizioa zama izan daiteke, baina artista onarentzat, batez ere, akuilua da.

      — Are, tranpolina.

      Waldo sentitu du, barreari eutsi nahian. Pozik da, afaria giro onean bukatuko dutelako. Baina orduan, berriro sentitu du Gonzalez Roblesen eztena.

      — Aizu, barkatu, eta zer da hasieran diozun hori, Espainiaren isolamenduarena? Argitu dezakezu pixka bat? Ez dakit ondo itzuli didaten.

      McCrayri begiratu dio; nolako gaitasuna berea, keinua ez okertzekoa. Waldo altxatu egin da, komunera joan behar dela esanez.