Coca-Cola bat zurekin
Coca-Cola bat zurekin
2024, nobela
328 orrialde
978-84-19570-28-4
Azala: Joaquin Gañez
Beñat Sarasola
1984, Donostia
 
2019, nobela
2009, poesia
2007, poesia
 

 

Montevideo, 1960

 

Urte asko pasatu dira, badakizu, eta ni hantxe nengoen denak harritu denak durduzatu egiten zaituen adin horrekin, nire baitan ezer finkatzen ez zela. Gogoratzen dudana da nola esan zidaten erredakzioan kulturako erredaktoreak beste kontu batzuekin ditugu eta zu arduratuko zara lehiaketaren auziaz, halaxe deitu zioten, auzia. Nik artean ez nuen kontuaren arrastorik, noski, niretzat interesgarriagoak ziren auzi (beraien hitza erabiltzearren) sozialak, egun gizarte gaiak deitzen diren horiek. Baina karrera amaitzear zaudela (oraindik bi ikasgai geratzen zitzaizkidan) erredakzio batera ailegatzen zarenean zer egin zenezake? Dagoenetik hastea, hori da edozein kazetariren lehendabiziko araua; orduan zer zen zegoena? Libre zegoena, alegia? Bada Jose Batlle eta Ordoñez Monumentuaren Lehiaketa. Ez zen harritzekoa, egiazki, egun ere antzeratsu izaten baitira gauzak; berri bat iritsi dela eta non jarriko dugu galdetzen dutenean segi kulturara da esaten duten lehenengo gauza; hor hanka sartzen badu ere berdin-berdin izango baita. Jabetuko zinen honezkero, garai hartan nekez nintzela zutabe joniko doriko korintioak bereizteko gauza, niretzat ez zela alderik etxebizitza-bloke baten eta bulego-eraikin baten artean. Dominguez jaunari (hala zuen izena erredakzio-buruak) dokumentazioa eskatu niola oroitzen naiz, dokumentazioa? esan zidan, eta algaraka hasi, dokumentazioa eskatu du, aizue; telefono zerrenda bat pasatu zidan eskuz idatzia koadrodun orrialde batean eta esan zidan segi kalera, hemen ez dun ezer egiten, kazetariak izaki kaletarra behar din, zenbat eta ordu gehiago han, hainbat letra distirantagoak egunkarian; erredakzioa gu bezalako akabatuentzat baino ez dun, eta konplizitatezko keinua egin zien inguruan zituen kolegei eztul tabakoar bat egiten zuen bitartean. Zerrenda hartu nuen bada, eta nonbaitetik hasi behar eta Batlle eta Ordoñezen Omenezko Monumentuaren Aldeko Batzorde Nazionalera deitzea deliberatu nuen. Inork erantzun ez. Kultura Ministeriora gero. Emaitza berbera. Arkitektoen Nazioarteko Batasunera, azkenik. Ezer ere ez. Erredakzioan ordurako denbora gehiegi neramala erabakita, kalera irten nintzen, nahiz eta ez nekien zer arraio egin nezakeen kalean, inorekin hitzordurik eduki gabe, auzi delakoaren protagonistak ezagutu gabe, monumentuaren batzordearen eta arkitektoen batasunaren egoitzak non ziren ere ez nekiela. Baina letra distirantak nahi banituen hori omen zen nire lekua, arraioa. Dominguez imajinatzen nuen bere bulegoan, bizkarra eserleku malguan atzerantz bermatuta pentsatzen, horrela ikasiko dik gazte horrek, ez zagok norbere ekinetatik, norbere hanka-sartzeetatik ikastea baino ikasbide hobeagorik; kontua zen hain nengoela galduta ezen hanka sartzeko aukerarik ere ez bainuen. Tira, barkatu sobera luzatzen ari banaiz baina zu kokatzeko da, joango naiz harira hala nahi izanez gero… ados, ados, hobe horrela, ez baitut korrika ibiltzea gustuko.

      Hori 60ko urtarrilean izan zen eta hortik aste batzuetara ezagutuko nituen Oteiza jauna eta bere andrea. Bai, ordurako oso aurreratua zegoen lehiaketa; lehen fasean aurkeztutako proiektuetatik hiru aukeratu zituzten: argentinarra, italiarra eta espainiarra. Erredakzioan italiarrek irabaztea nahi zuten, ez dut sekula ulertu zergatik, eta ni, azkenerako, espainiarren alde jarri nintzen; izango zuen horretan zerikusirik Oteiza jaunarekin izan nuen tratuak, ez dut ukatzen. 60ko hasiera zen eta Oteiza bigarren faserako proiektua aurkeztera etorri zen Montevideora; askotan errepikatzen zuen ez zela politikariez fidatzen, eta erabateko segurantzia lortzea ezinezkoa bazen ere, proiektua berak pertsonalki eskutik eskura entregatzeak amarruetarako tartea murrizten zuela. Niri, nire hogeietan, erokeria hutsa iruditzen zitzaidan Espainiatik etortzea horretara, tipoari norbaitek ordaindu beharko zizkion gastuak: bidaia barkuz, hilabete luzetako egonaldia… bestela nola da posible? Ados, Zaffaronirenean geratu ziren, eta lo-lekua merke aterako zitzaien, baina hilabete asko luzatu zen eta bizi egin behar da bizi. A bai, ados, barkatu, Euskal Herritik, nahi duzuna, ez ditut ondo ezagutzen zuen kontu horiek. Eraikin altu bateko goialdeko pisu batean ezagutu nuen, uste dut elkarte kultural bateko egoitza zela orduan: zoru moketadun aratzak, leihate zabalak, zeinek Montevideoren erdialdearen ikuspegi hedatua ematen baitzuten, beix koloreko hormak zenbait koadro abstrakturekin han-hemenka. Egundik begiratuta leku klasikotzat joko genuke ziur aski, baina garaian leku moderno bat zen inondik ere, nazioartean modan zegoen estilo aurreratuenen neurrira pentsatua. Txikia, hori bai, edo agian ez hainbeste, baina mukuru oroitzen dut, jendez lepo, batzuk eserita, asko zutik; gizon dotoreak, traje eta gorbatadunak, laineza eragiten zidatela ezin uka, emakumeren bat ere bazen, isilik; zigarretak, betaurreko markatuak, bibote ondo ebakiak. Zirkuluaren erdian alkandora zuriz Oteiza jauna, ikusten nuen lehenengo aldia izan zen horixe, inpresioa eragiten zuen; ondoan andrea zuen, hura ere aski dotore, gona luze eta lasaiera handiko mantarrarekin. Proiektua ofizialki aurkezteaz gain, biratxoa egin zuen herrialdeko kultur gune eta elkarte garrantzitsuenetatik, garaiko artista eta komisario eta arte kritikari eta kazetari guztiei esplikatu nahi izan zien beraien proiektua (Puig ere tartean zen, nahiz eta nik ez nuen inoiz ezagutu eta handik ez zen agertu inoiz) bertatik bertara; badakizu, gauza hauek ondo esplikatuta asko irabazten dute, txosten hotzen bidez ezagututa baino puskaz hobeak dirudite eskuarki. Lobby lana? Bai, gaur egundik begiratuta hala izan liteke, baina orduan ez genituen halako hitz gringoak erabiltzen. Esan behar dizut, hori bai, Oteiza jaunak ez zuela aurreikusten galtzea, konbentzimendu osoa zuen beren proiektuak irabaziko zuela. Begira, nik uste horregatik bidaiatu zuela, lehiaketa irabazita monumentuaren eraikuntzan zuzenean parte hartzeko aukera izateko, bestela ez dago ulertzerik nolatan egin zuen bidaia hura Espainiatik. Ze badakizu, orduan ez zen orain bezala, hegazkin bat hartu eta ordu gutxiren buruan hemen zaudela (nahiz eta esan behar dizudan, nire adinean, gogaitu egiten nautela hegaldi merke horiek, hankak sartzeko lekurik gabe ia, eta begira ni ez naizela handikotea, ikusten duzu, baina beti bukatzen dut hanka puztuekin eta horregatik jada ez dut egiten bidaiarik Europara); esaten ari nintzena, beraz, barkuz iritsi ziren Uruguaira eta hamar egun inguruko bidaia izango zuten. Gogoan dut oso limurtzailea izan zela ikusi nuen lehen aldi hartan; tira, zuk, adinagatik, ez zenuen hura ezagutzeko aukerarik izango, ezta? Baina esango zizuten zelako tipo karismatikoa zen; bai, etsai asko zituen, eta jende saldoak gorrotatzen zuen, baina pertsona karismatiko orok bezalaxe, ez gehiago ez gutxiago. Joaten zen lekura joaten zela, liluratu egiten zuen; akaso egun batzuk pasatu eta hark kontatutakoaren inguruan pentsatzen hasten zinen eta esaten zenuen, tira, esan zuen hori agian ez da horrela, edo beste horri beste leku batetik begira dakioke, eta zimurrak aurkitzen hasten zinen berak esandakoari, zimurrak eta arrakalak, baina momentuan, o, momentuan, ez zegoen bere hitzak zalantzan jarriko zituen amaren alabarik, dena irensten zenuen derrepente, jainkoren baten hitzak izango bailiran. Tira, bere dohain bat zen, ez besterik, badago jende mota bat hori sorrarazteko kapaza dena eta horietako bat zen Oteiza jauna. Hizketaldi formala izan zen ordukoa, ez hitzaldi bat, baina berak hitz egiten zuenean denak isilik, eta luze jardun zuen; gero, inor gutxik egin zion galderarik, eta ni ere ez nintzen ezer galdetzera ausartu, noski, baina dena delakoagatik niregan arreta jarri zuen, ikusi nuen hurrengoan deblauki bota baitzidan, a zu zara La Prensa-ko neskatxa, gustatu zitzaidan nola jaso zenuen erreportajean esan nuena, ondo egiten duzu lan hain gaztea izateko, eta hanka egin zuen, eta imajinatu ni nola geratu nintzen, zeruetan dantzan, sona horretako gizon prestu batek halako balakua botata, zer eta nire lehenengoetako piezetako bati, gainera, ez dakit esan dizudan baina artean karrera amaitu gabea nintzen, pentsa. Kontua da Dominguezek idatzi nuena errezeloz jaso zuela nolabait, tira, beti zuen zer kritikatua hark, hori ere egia da, baina esan zidan onberegia izaten ari nintzela eta kazetariak distantzia handiagoa hartu behar zuela bere gaiarekiko, inolako galbahe kritikorik gabe isuri nituela Oteizak esandakoak erreportajean eta bere egunkarian pentsamendu kritikoa sustatu nahi zutela eta ez propaganda eta ez hartzeko gaizki, hasiberria nintzela jabetzen zela, baina nik kazetari bezala hobetu nezan esaten zizkidala halako gauzak. Eta nik sinetsi egiten nion, eskertzeraino; umemoko bat nintzen, zer nahi duzu egitea. Berak ere hori azpimarratzen zuen, zeinen ezberdinak ziren kazetari berrien ikuspegia eta beraien belaunaldikoena; haiek hasieratik bizi izan zutela kazetaritza gerraren aldaera baten modura, ezin inorekin ezkondu, kazetaria beti egon behar zela zirikatzeko prest, zurt, atezuan, hatza zaurian sartzeko pronto, min gehien egiten zuen lekuan ozpina isurtzeko, eta belaunaldi berrikook, fakultatetik pasatu ginenak bereziki (tira, nik karrera bukatu gabe nuen oraindik), beste ezpal batekoak ginela, askoz ere domestikagarriagoak, eta pena zela, baina garaien isla ere bai; guk dena izan genuela errazago, ez genuela beraiek bezainbeste borrokatu behar izan, ez soilik kazetaritzan, bizitzan oro har, esne mamitan heziak izan ginela hein batean, eta hori, noski, gero igarri egiten zela, baita idazten genituen erreportaje gatzgabe (tira, ziur aski ez zuen hain hitz gordina erabiliko, baina ideia hori zen) horietan. Eta nik eskertu egiten nuen, etxean ere hala esaten zidaten zuk ikasi ahal duzun guztia Dominguezengandik, xurgatu esaten dizun guztia eta ni, esaneko, hori egiten ahalegintzen nintzen. Orain bestela ikusten ditut gauzak, noski, baina ikusten duzu, laurogeitik gorako atso zahar bat duzu aurrean!

      Zertaz ari ginen? A, bai, Oteizaren lehenengo egunak Montevideon. Bada, esandakoa, bilera batekin, hitzaldia beste harekin, hizketaldi informalak, formalak, klaseak… nola esaten zaie horiei orain? Badute ingelesezko izen bat… horixe, bai, masterclass, ba masterclass horietakoak ere egin zituen Arte Garaikideko Institutuan. Masterclass, hori da, eskerrik asko, gazte, nola zenuen izena? A bai, barkatu, ez, ahaztu egiten zaizkit halako gauzak. Izen espainol berriekin nahastu egiten naiz. Baskoa dela, konforme; tira, barkatu xehetasun horiek eskapatzen bazaizkit. Masterclass, arraioa, horiek dira horiek erabiltzen diren hitzak orain. Orduan, erreportajea egin eta aste batzuetara lehenengo elkarrizketa egin nion, nahiz eta elkarrizketa esatea akaso gehiegi den karkarkar; izan ere, bakarrizketak izaten ziren gehiago. Zu ezer galdetzen hasterako hitza hartu eta luze jarduteko kapaza zen, inprobisatuz, batetik bestera, eta lasai luza zitekeen ordu erdiz, edo baita gehiagoz ere, ez bazenion zuk mozten, eta ez pentsa hori erraza zenik ere; ausart zaitez-eta Oteiza jaunaren hitzaren gainean hitza jartzera… Elkarrizketa hartara zorrotzagoa izateko konbentzimenduarekin joan nintzen, esaten nion neure buruari, Marta, oraingoan ezin haiz hain onbera izan, hemendik eraso egin behar diok, edo bestela beste leku honetatik, eta imajinatzen nuen Dominguezek zein esaldi demoledorerekin hondoratuko zuen Oteiza jaunaren erretolika gotorra, nola eragingo ziokeen duda-muda unetxo bat, un ange passe, esaten den bezala. Altxa dezala eskua Oteiza jaunari halako une bat ikusi izan dionak, karkarkar. Esana dizut, gaztea eta berdea nintzen, inuzente totala. Hara joan nintzaion nire bost xentimoko galdera ustez zoliekin baina zirkinik egin gabe egin zien itzuri; ez zegoen modurik, beti amaitzen zuen esan nahi zuena esaten. Utzidan momentu bat, gazte, itxoizan, lehenago gauza bat azaldu behar dinat, egon, egon, ez dinat amaitu eta halakoak. Zer egin nezakeen? Saiatu nintzen, azkeneko galdera zorrotzarekin pixka bat ernegatu zen, hori zen lortu nuen gauza bakarra, zer galdera da hori? Ni ez naun txorakerietara etorri hona edo halako zerbait bota zidan; ziotenez, ohikoak izaten ziren beregan, baina ordura arte niri ez zidan sekula horrela hitz egin. Halako lotsa sentitu nuen, halako estualdia bizi, ezen ez nintzen sekula gehiago ausartu halakorik egiten, eta baldar, ziur aski, erdi totelka, ziur, barkamen moduko bat luzatu nion, erabat ahaztuta Dominguezek hori sekulako umiliaziotzat joko zuela; baina niri bost ordurako Dominguez eta bere aholkuak, kazetari ona izatea inportantea izango zen baina Oteiza jaunaren erantzun lehorrarekin sabel barnean ernatu zitzaidan zera hori edukitzea baino inportanteagoa ez, seguru. Dominguez edo Oteiza jaunaren purrustaden artean erabaki behar banuen, Dominguezenarekin geratzen nintzen, dudarik gabe. Gero, erredakzioan saiatuko nintzen elkarrizketan bertan sartu ez nuen ñabardura, albo iruzkina, ohar ernea txertatzen, halako moldez non Oteiza jauna ez zen aldaketaz ohartuko eta Dominguezek, ordea, nire distantzia hartze (eskasa, hori bai) moduan ulertuko baitzuen. Nolanahi den, egingo nuke Dominguezek ez ziela gehiago nire piezei jaramonik egin, eta gerora pentsatu izan dut bere amarru bat besterik ez ote zen izan: alegia, erredakzioan sartzen zen gaztetxo orori, bereziki neskatxa bazen, makilakada ematen ziola lehenengo piezaren ondoren, sinetsita aurrerantzean kazetari gazteak berak autoexijituko ziola bere buruari Dominguezek exijituko ziokeena baino puskaz gehiago. Eta jarraipena egiteari uzten ziola. Esan behar da, hala izatera, funtzionatu egin zuela, nirekin behintzat.

      Zer esaten zuen orduan? Benetako abangoardia bat bultzatu behar zela, arte faltsua (merkatuko gehiena) baztertu irmoki, eta arte panorama estankatu, instituzionalizatu eta bertan goxoa irauli, eta ez zuela zentzurik iraganeko moldeak errepikatzen jarduteak. Ezagutuko dituzu bere ideiak, ezta? Aurkikuntza estetiko bat egin zuela eta hori guztia, iraganeko Espainiako arteak inspiratu zuela hara iristera, eta benetan Antzinaroan iritsi zirela konklusio estetikora bere arbas… A, baina Euskal Herria ez al da Espainiaren parte? A, nahi duzuna, ados. Bai, bai, konplikatua behar du, hori garbi dago; zelako gauzekin konplikatzen zareten europarrok, guk hemen nahiko lan dugu erdi klase baleko bat izaten. Edonola ere, diskurtso horrekin joaten zen bere hitzaldietara eta jendea berotzen zuen, batzuk aldeko, besteak kontrako, noski, baina denak bero, badakizu, Stravinskik Udaberriaren sagaratzea estreinatu zuenean bezala; halako zerbait. Eta noski, haserrealdiak ere eragin zituen, hori argi esan dezaket, nire begiekin ikusitakoa naiz IACn eman zuen hitzaldi batean gobernuko funtzionarioetako batek, Flores delako bat gaizki akordatzen ez banaiz, nola espantuka alde egin zuen hitzaldiaren erdian, Oteiza jaunak Uruguaiko panorama artistikoaren inguruko kritikaren bat bota ondotik, falta zena, esan zuen, edo halako zerbait, ez genuen besterik behar, hau entzun beharra ere. Sekulako destaina, zeren egun edonor altxatzen da hitzaldi baten erdian, harrigarria da jendeak zelako erraztasunarekin erabakitzen duen saio baten erdian hanka egitea; egun emanaldi batera joan eta zelako joan-etorria, jende saldoa zirkinka; erabili eta botatzeko kulturaren ajeak izango dira, ezin ordubetez geldirik egon, momentuan gogoak ematen didana egiteko eskubidea, eta abar. Orduan ezberdin zen, zu emanaldi batean sartzen bazinen ez zinen bukatu aurretik joango, baldin eta laido egin nahi ez bazenuen, bederen, kasu horretan bezalaxe. Eta Flores hura han joan zen, bere ile gominaduna behar baino gehiago higitzen zitzaiola, ahalik eta zarata handiena eginez nabarmen gera zedin protesta gisa zihoala kanpora, ez urgentziazko zerbait sortu zitzaiolako-edo, eta garbi geratu ez bazen, atera iritsi baino lehen falta zena, esan zuen, hau entzun beharra ere, hau akabua da, edo halako zerbait. Kontrakoa ere gertatu zen, noski. Unibertsitatean eman zuen hitzaldi hura bezalaxe, arte ikaslez lepo, eta esaldi borobil bat bota zuelarik, oraindik hitzaldia bukatzeke, zenbait ikasle altxatu egin zen, esker onez, eta txaloka hasi, eta Oteiza jaunak zalantza egin zuen, segitu edo itxaron pixka batean (igual zalantza egiten ikusi nuen aldi bakarra izan zen, karkarkar), baina orduan beste asko batu zitzaizkien eta, bukatzerako, areto guztia zegoen zutik zalaparta betean. Ni azken talde honetan nengoen, esan gabe doa, eta bereziki liluratzen ninduen Ikerketa Estetikoen Institutuaren proiektuak; behingoz gizakiaren osotasuna hartuko zuen ikasketa zentro bat, artean zentratua, baina hortik harago joango zena, gizakiaren eta munduaren harremanean sakontzeko modu bat, zera akademikoetatik eta instituzionaletatik aparte; proiektu utopiko bat, nahi baduzu, baina orduan horrela pentsatzen genuen, gazte.

      Bai, moztu nazazu nahi duzunean, lehen ere esan dizut, erroak utzi eta adarrei lotzeko joera dut azkenaldian, horixe esaten didate bederen seme-alabek, eta zuk ere izango duzu atso baten aspaldiko kontuak entzutea baino zeregin hoberik. Bon, eskertzen dizut; kontestua emateko zen. Bisitan etorriko zinela jakitean paper zaharrak miatzen ibili naiz; begira, karpeta honetan bildu ditut ziur aski gehien interesatuko zaizkizunak. Ez, ez, eraman itzazu lasai asko eta bueltatuko dizkidazu ahal duzunean; paper zahar batzuk besterik ez dira, poztuko nintzateke norbaitek probetxua aterako balie. Izan ere, ez dakizu zenbat aldiz entzun ditudan seme-alabak kexaka bazela garaia apal horietan garbiketa egiteko; ikusten duzu, okerka ere badaude batzuk denboraren eta zamaren poderioz. Baina, aizue, esaten diet, ni prentsako errekorteak gordetzen genituen garaietakoa naiz, batzuok barnean artxibozain bat genuen garaietakoa, eta utz iezadazue lasai; gainera, nire laurogeietan, ez dute askorik itxaron beharko, erretiratuko dituzte paper zaharrak eta liburu zaharrak eta nahi dituztenak ni hemendik joaten naizenean, baina bitartean utz nazatela honekin lasai, ez baitaukat gauza askoz gehiagorik. Tira, barkatu, gazte, zuk zintzo aurpegia duzu eta ez duzu nire seme-alaben keriak zertan paira, eta akaso kontziente zara gauza hauetaz guztiez eta gustatzen zaizu paper zaharren usaina, tinta zaharraren ukitze lakarra, eta egingo nuke mutil ordenatua zarela, diziplinatua ematen duzu... zodiakoaren zer zeinu zara? Ai bai, bai, sentitzen dut konturatu gabe egiten dut, baina, benetan, nire seme-alaben gauza hauek ernegatzen nauten gauzak dira, zelako gurasokeriaz hartzen nauten batzuetan.

      Hor ikusi dut, otsailaren 26a izan zen Oteizak Liburutegi Nazionalean beren proiektua entregatu zuenekoa. Bezperan hots egin zidan telefonoz, Marta, bihar liburutegian egon behar dun, eskutik eskura emango dinat proiektua. Egiazki, ez nuen hor interes informatiborik ikusten baina ez nengoen kontra egiten hasteko eta Dominguezek esandako hura oroituz, alegia, kazetariak izaki kaletarra behar duela, eta erredakzioan gizon jarriez inguratua egotea baino nahiago nuenez baita dametara jokatzen aritzea ere, kalera irten eta harantz egin nuen biharamunean. Ailegatu nintzenerako han zen Oteiza jauna espantuka: ez zioten beste proiektuak ikusten utzi, eta amorrazioz ari zen horrek guztiak usain txarra zuela, ea zergatik ez zioten berari, finalistetako bati, gainontzekoak ikusten utziko, horrek ez zuela deus aldatuko, ez bazen lehiaketa prozesuaren gardentasuna areagotuko. Antza, epaimahaiak epaia ematen zuenean, orduan bai, orduan utziko omen zioten edonori besteren proiektuak ikuskatzen, baina ordura arte, nahi bezain egoskor jarrita ere (eta Oteiza jauna espezialista zen horretan), ez zioten inolaz ere utziko. Marta, hau salatu beharra zagon, esan zidan haren idazkaria izango banintz bezala, eta ni isilik, han ez zegoela albisterik eta denbora galtzen ari nintzelako sentipen geroz eta argiagoaz. Nire poker aurpegia ikusiko zuen edo auskalo, kontua da kafe bat hartzera gonbidatu ninduela, hara agertu zen kazetari bakarra izateagatik esker onez edo jakin ezazu zergatik. Guayabos kaleko kafetegi zahar batera joan ginen, eta ate ondoko mahai txiki zirkular batean eseri, zeinak marmol zuriko azal dotorea zuen. Atzo izan balitz bezala gogoratzen dut, huraxe izan zen Oteiza jaunarekin modu informalago batean elkartu nintzen lehenengo aldia, eta laguntasun luze baten hastapena. Gizon galaia zen, ile motz baina sarria, loki urdinduek bere berrogeita hamar urte paseak adierazten zituzten, biboteak aire seguru bat ematen, eta nik beti dotore ikusten nuen, alkandora zuri eta traje ondo gorpuztuekin. Bere jenio bizi eta sumindurarako joera haren atzean gizon adeitsu eta tratuan fina aurkitu nuen; bazekien nahi zuenarekin amultsua izaten; bat-batekoan, publikorik ez zuenean, maitagarria zen gizona. Galde eta galde aritu zitzaidan, ea non ikasi nuen, eta zer iritzi nuen halakoaz, ea nolakoa zen erredakzioko lana, nola ikusten nuen Uruguaiko urlia, nola Uruguaiko berendia. Nik hasieran pentsatu nuen hark izango zuela bueltarik, alegia, zerbaitetarako nahiko ninduela, solasaldi atsegin haren ondotik luze gabe etorriko zela eskaria, mandatua, zeregina. Alabaina, ez zen halakorik gertatu; ez zen solasaldi luzea izan, baina bai, solasaldi interesgarri oro bezalaxe, gibel asmorik gabea. Hark niri liburutegira bertaratu izana bezainbat eskertu nion nik Oteiza jaunari zinezko hizketaldi hura. Kafeak pagatu zituen (ez nintzen ordaintzeko keinu egitera ausartu ere egin), eta despeditu egin ginen, Carreño anderea zain zuela desenkusarekin; hiritik kanpora joatekoak ziren bazkalostean.

      Aste batzuk kanpoan eman zituen, baina ez oporretan; Batlleren monumenturako proiektua azaltzeko edozein egokiera aprobetxatzen zuen, obsesiboki esplikatzen zion parean tokatzen zitzaionari bere egitasmo estetikoa, zeinaren azkeneko katebegia baino ez zen Montevideokoa. Liman egon zen, baita Buenos Airesen ere, eta eginahalak egin zituen nonahi bere proiektua ezagutzera emateko; proiektua egin egingo zen segurtasunaz hitz egiten zuen, epai-zain ez balego bezala, ziurtzat joko balu bezala bere garaipena. Maiz entzun nion, inori ikusia ez nion segurtasunaz, beren proiektuak irabaziko zuela. Ikuspuntu tekniko eta estetikotik ez omen zegoen eztabaidarik, eta entzutearen entzuteaz, eta bere artearen amaieraren zera horiekin guztiekin, zuk ere hala pentsatzen amaitzen zenuen, halako moldez non askok eta askok segurutzat baikenuen kontua. Itxoitea besterik ez zen geratzen; aste gutxiren buruan ipiniko zuten Oteiza eta Puigen eraikin errektangular zuriaren lehenengo harria. Begira, paper zahar hauen artean Oteizak Buenos Airesen eman zuen hitzaldi baten berri ematen duen errekorte bat agertu da. Itxoin, non ikusi dut lehen… uste dut takoaren bukaeran zegoela, egon momentu bat. Kaka zaharra, arestian bereizi izan banu… tira, ez da hain garrantzitsua ere, kuriosoa besterik ez, begiratuko duzu zerorrek gero, pena da baina… itxoin, begira, bai, bai, hementxe da, begira, hemen duzu. Ikusi, ez da hain luzea, zati bat irakurriko dizut, irribarrea piztu dit lehen irakurri dudanean; itxoin momentu bat, ez dakit non arraio utzi ditudan irakurtzeko betaurrekoak, zu etorri aurretik erabili ditut, ez da posible, buru hau. Nola? paparrean zintzilik? Ene, arrazoi, nola dudan burua, geroz eta okerrago. Bai, denok esaten duzue gauza bera; eskertzen dizut, baina ondo dakit zer esan nahi duen edonori gertatzen zaio horrek. Brasilia? —aiherrez errepikatu du galdera—... Grazia egin dit kazetariaren ohar horrek. …Munduaren hondakin gazteenak dira. Asmo geopolitikoez landa, zeinek nahi duzuen garrantzi guztia izan dezaketen, Brasilia galmenera kondenatua jaio zen, zeren Costa-Niemeyer arkitektoek ez zuten lankidetza nazional eta nazioartekorik bilatu. Ez da gaur egun sor zitekeen hiri eredugarria: barrokoa da, estetizista, dekadentea. Tira, badakizu, horrela ibiltzen zen Oteiza jauna beti garai hartan, batekin eta bestearekin sesioan. Bai, tira, gerokoa ez dut hainbeste ezagutzen, Uruguain eman zituen hilabeteez hitz egin dezaket hobeki nik. Bo, kontua da, dakizun bezala, alferrik izan zirela bere ahalegin horiek guztiak, bere bidaia, hitzaldi, elkarrizketa eta enparauak. Ikusiko duzu karpeta horretako dokumentu batean, maiatzean nazioarteko epaimahaiaren erabakiaren berri eman zen; tira, erabakia, zerbait esatearren, nahasmendua besterik ez baitzuen ekarri. Lehenengo sarirako hiru proiektuetako bakarrak ere ez zuen behar zituen bozak lortu. Izan ere, zazpi bozetatik sei eskuratu behar zituen irabazleak eta bost jaso zituen italiarrak eta bi Oteiza eta Puig jaunenak. Hala, lehen saria esleitu gabe utzi zuten, bigarren saria eman zieten italiarrei eta hirugarrena espainiarrei. Ekaitza lehertua zen. Epaimahaiko uruguaiarrek italiarren alde egin zuten eta Reidyk eta Prebisch arkitektoek espainiarren alde. Ez zuten inoren bozik aldatzea lortu; eginahalak egin zituzten bi arkitektoon bozetako bat behintzat italiarren alde gera zedin eta, hala, blokeoa ekidin zedin, baina alferrik, haiek argi zuten espainiarren proiektua zela onena. Egia esango dizut, ezagutzen nituen uruguaiarrak eta karka hutsak ziren; haiek oraindik Michelangeloren garaiko artea famatzen jarraitzen zuten eta, noski, Oteiza jaunaren teoria horiek guztiak hitzontzikeriak baino ez zitzaizkien iruditzen. Reidy eta Prebischek ez zuten haiekin zerikusirik. Baina okerrena El Díarena izan zen, arrapaladan atera zen esatera italiarrek irabazi zutela eta espainiarrak izan zirela bigarren, zeina ez zen informazio doia, saria eskuratzeko baldintza (sei boz lortzea) ez zutelako bete, nahiz eta egia zen, era berean, italiarrek bildu zituztela boz gehien. Lehiaketaren arau txapuzeroen ajeak, bistan denez. Baina, noski, denok ulertu genuen mezua zein zen: ofizialismoak italiarrek irabaz zezaten nahi zuen eta kontua ahalik eta azkarren itxi. Hortik informazio gutxi ematea, eta ematen zutena erdi ezkutuan, zarata gutxi sortu nahian; saria italiarrentzat eta kontua azkar zigilatu, ahalik eta jende gutxien entera zedin, eta luze gabe hondeamakinak eta garabiak lurra mugitzen has zitezen. Erredakzioan ere kalapita galanta izan genuen. Dominguez tematurik zegoen nolatan ez genuen italiarren garaipenaren berri eman, ea El Díak informazio gehiago zuen, aurreratu egin zirela, eta ni temati ezetz, arazoa ez zela haiek informazio gehiago edukitzea, baizik eta ez zirenak esaten ari zirela, zehaztasun handiagoz eman izatera, ez zutela eman zuten moduan emango notizia: “Proiektu italiarra Batlle Monumentuarentzat”. Baina esplika iezaiozu hori, hitz egin iezaiozu onestasun periodistikoaz nazio mailako egunkari salduenetako bati eta ikusiko duzu zein izango den haren erantzuna; Dominguezek izan zuena, horixe. Aldameneko bulegotik entzun nion Muñoz zuzendariordearekin hizketan madarikatzen nola arraio utzi zuten Batlle Monumentuaren zera bekadun eskarmentu gabe baten esku, trauskil batzuen moduan hartu zigutela aurrea El Díakoek, eta orduan Muñozek esan zion, tira, ez da lehenengo aldia ere, ez da orain dena neskatxa horren errua izango. Genero solidaritatea, ahizpatasuna, edo auskalo emakume lakadun hark nirekiko sentitu zuena, eta akaso horregatik ez ninduten apartatu gai horretatik, hurrengo aste eta hilabeteetan ere gaiak zeresana eman baitzuen. Edo, finean, kulturan hanka-sartzeak bost axola zaizkielako. Gogo txarrez entzun zituen Dominguezek, enegarrenez, nire xehetasunak, baina entzun nahi ez duenari alferrik azalpenak ematea, eta keinu hertsatu bat baizik ez zitzaion ateratzen aurpegian isil zaitez behingoagatik adierazten zuena, hitzez halakorik esaten ez bazuen ere. Ez nintzen ausartu zera politikoa aipatzen, nola ziren uruguaiarrak tradizionalistenak, eta ez gintuztela uzten nazioartean leku onean, epaimahaikideen aukeraketa ere halakoa izan zela; ez, hori aipatzen ez nintzen ausartu, horrek bai suminduko zuela Dominguez. Esplikazio teknikoetara mugatu nintzen, hortaz, zeinek, agerikoa zenez, buruko mina besterik ez zioten eragin. Zuk badiozu hala izango da etsi batekin utzi ninduen, eta hortik aurrerakoetarako baketan geratu nintzen.

      Pena izan zen, handia izan zen Oteizak hartu zuen nahigabea, baina badakizu, hura ez zen amore ematen erraza. Hasieran pentsatu nuen kito Jose Batlleren monumentuarekikoak, orain auskalo zertan jarriko nauten, Montevideoko kale-argi fundituen errekuentoa egiten, edo ez dakit nongo auzotarren kexen segimendua egiten, eta pena zeren ordurako gustua hartua bainion kulturaren zerari eta lastima zatekeen, auzian bete-betean murgilduta nengoelarik (eta Oteiza jaunaren konfiantza irabazita), gauetik goizera gai hura utzi beharra; baina bai zera, kontua ez zen hasi besterik egin. Berehala ekin zioten Oteiza jaunak eta Puig jaunak erreklamazioen bide malkartsuari. Lehena Montevideon eta bestea Madrilen, nekaezin jardun ziren, sinetsirik, bon, egiazki denok sinesten genuen gauza bera, beraiena zela, puskaz, proiektu onena eta aurreratuena. Erreklamazio ofiziala Batlle eta Ordoñezen Omenezko Monumentuaren Aldeko Batzorde Nazionalari helarazi zioten, eta baita UNESCOren menpeko arte elkarteei, bereziki Nazioarteko Arkitektoen Batasunari. Bestetik, presio publikoa egiten hasi ziren, prentsa espainiarrean zein uruguaiarrean, eta noski, hor sartzen nintzen ni. Beraien artean ere izan zen tirabirarik. Oteiza jauna epaimahai guztiaren zilegitasuna eta autoritate profesional eta morala auzitan jartzearen aldekoa zen, kide guztien gaitasun eza, ezagutza murritza, begirada lausoa eta artezia urritasuna salatuz. Puig jauna, aldiz, pragmatikoagoa zen; haren ustez, bide hori hartzea alferrikakoa zen, epaimahaiaren erabakia apelaezina zelako eta hobe zelako irregulartasun puntualetan arreta jarri, eta, estrategikoki, lehiaketaren inguruko bestelako elkarteetan salatzea. Antolatzaileen kontra zuzenean ekitea bide suizida iruditzen zitzaion, horma baten kontra joateko bide segurua, eta nik orduan Oteiza jaunari arrazoia ematen banion ere, zeren hari bezala, alimaleko injustizia iruditzen baitzitzaidan hura, eta bistakoa begitantzen proiektu espainiarrak zuela arrazoia, eta, beraz, erabakia bera goitik behera kuestionatzea iruditzen zitzaidan zinezko bide bakarra, erabakiaren funtsa bera arbuiatzea, bestelako bide subsidiarioak, finean, erabakia bera onartzea iruditzen zitzaizkidalako; badakizu, gaztea nintzen, ondo dakizu zer esan nahi duen horrek; eta, esaten nizuna, nahiz eta orduan Oteiza jaunari arrazoi ematen nion, gaur egundik, eskarmentuak ematen didan talaia honetatik, aitortu beharra dut Puig jaunaren postura iruditzen zaidala zentzuzkoena; ez zegoen aukera handirik, hori ere egia zen, baina zeuden aukera urriak azti jokatzean agortzen ziren. Zuhur jokatu nahi zuen, ez zuen amilka jo nahi epaimahaiaren kontra, beldur zelako horrek haien sumindura eragin eta betirako endrokatzea ekar zezakeela, alegia, Espainian zein Uruguaiko prentsan epaimahaiaren kontrako artikulu suharrak argitaratzen bata bestearen atzetik, eta halako kritikariaren adierazpen adoretsuak Oteiza jaunaren eta Puig jaunaren alde, edo halako artista prestigiotsuarenak sariketaren irregulartasunengatik asaldaturik, orduan bai, azkena litzatekeela, eta kontua atzera bueltarik ezean geratuko zela. Sinetsita zegoen guda inteligentea jokatu beharra zegoela, eta partida, nagusiki, Nazioarteko Arkitektoen Batasunean jokatu behar zela; ez zuen sariketan esku-hartze zuzenik, baina epaimahaia presionatzeko itzala bai, eta ez zuten hori baino karta hoberik. Baina badakizu nolakoa zen Oteiza jauna, gauza bat argi zuenean, eta gauza asko argi izateko ohitura izaten zuen, dena esan behar bada, ez zegoen epelduko zuenik. Puig jaunak egunero esaten zion lasai hadi Jorge ez diagu ezer irabazten suminduta, dena galduko diagu guztia hankaz gora uzten badugu, eta batzuetan, oso une jakin eta iragankorretan, arrazoi ematen zion Oteiza jaunak berak, ahuldade istantak baizik ez zirela esan liteke, baina derrepente sutzen zitzaion berriz ere aldartea, auziaren detaileetan pentsatzen hasten zen bakoitzean. Halaxe joan zitzaion Raul Lerena Azevedo aholkulariari eta epelak bota, Batzar Nazionaleko arduradunei ere bai, eta are Cesar Batlle eta Instrukzio Publikoaren ministroarengana ere, eta ez pentsa haien karguengatik umildu zenik, bai zera, alderantziz, egiaren jabe zela uste zuenean, eta maiz izaten zuen egiaren jabe zela uste izateko ohitura, ez zen ezta Kennedyren aurrean ere kikilduko. Urtetara, Cesar Batlleri elkarrizketa bat egin behar izan nion, eta grabagailua itzali nuenean auzi zahar haren inguruan galdetzea erabaki nuen; ikustekoa izan zen jarri zuen aurpegia, atoan aldatu zitzaion bisaia. Morroi hura, esan zidan Oteiza jaunari erreferentzia eginez, jota zegoen, ez zait beste esplikaziorik bururatzen, ez dakit hura soportatuko zuen gizasemerik jaio den mundu honetan, hura aguantatu baino nahiago nuke geratzen zaidan bizitza zatia Artigasko ukuilu bateko simaurrak garbitzen igaro, eta buruaz ezetz egiten zuen, ezetz behin eta berriz, gai hari buruz ez zuela hitz egin nahi aditzera emanez. Salaketak, laidoak, deskalifikazio pertsonalak, guztiak jaulki omen zituen Cesar Batlleren eta ministro jaunaren kontra eta, noski, inor ez zen harritu horren ondoren geroz eta ezinikusi handiagoa sortzen hasi izanaz. Ezinikusia Montevideoko kargu instituzionaletan ez ezik, Oteiza jaunak zentzutasunaren muga guztiak gainditu zituela uste zuten artista, kritikari, komisario eta enparauen artean ere, zeinak ez ziren denak, ezinbestez, botere instituzionalaren aldekoak. Baina, hala ere, herrialdearen gehiengoa etsaiturik edukita ere, tinko egin zuen aurrera eta prentsan sektore batllisten kontrako kanpaina bat antolatzen ahalegindu zen. Jakina, batllistek kontrolatzen zuten prentsaren gehiengoa, eta horregatik, nire bidez argitaratu ahal izan zituen, tantaka eta emeki, hori bai, kontuari buruzko bere idazki eta salaketak. Dominguez atezuan izango nuen beldur nintzen eta, honenbestez, Oteiza jaunaren protestak dosifikatzen saiatu nintzen, ez zezan itxura eman ni erabiltzen ari zela; azken finean, bekadun huts bat nintzen, inork ez zituen geraraziko egun batetik bestera kaleratu nahiko banindute. Begira, hor duzu epaiaren ondorengo lehenengo artikulua: Batlle Monumentuaren proiekzio espirituala: Oteiza eskultorearen adierazpenak. Begira, begira zer dioen hemen; arranopola, atzo izan balitz bezala gogoratzen dut: Ezingo dugu elkar ulertu ez bagara klase espiritual berri baten moduan kokatzen, denok, gure mundu erradikalki berrian, zeina ez dugun oraindik ulertzen eta zeina erraz besarkatu ahal izango genukeen gure sentsibilitate bisualaren heziketa espiritualaren bidez. Horrek izan beharko luke, egun, Batlle eta Ordoñezen Monumentuaren kasuan, herriaren aldeko helburu lehena, baina… Ez esan hunkigarria ez denik. Edo beste hau, egun batzuk geroago atera geniona: Patua Batlle Monumentuaren hezkuntzan: sormen artistikoa eta kritika konparatua… Egun arte eskola bateko gai nagusia arteen ikerketa da, errealitatearen denboraren kanpotik konbinatutakoa, edo barrutik bere identifikazio estetikoz eta espiritualez. Ez dut zipitzik ulertzen, egia esan. Baina orduan sinetsita nengoan ulertzen nuela, berehalakoan aurkitzen nion zentzua berak esandako guztiari. Begira… Nire ustez alferrikakoa da egungo Arte Ederren Eskolak erreformatzen saiatzea. Alferrikakoa da badoan mundu baten eta gelditu den beste baten arteko adiskidetze saiakera oro… Hemen zerbait gehiago ulertzen da. Horrelakoak argitaratu genizkion, bada, herrialde guztian Oteiza jaunaren artikuluak argitaratzera ausartu ginen bakanetakoak izan ginen, eta esan bezala, eta ez dut apalkerian erori nahi, ziur aski ez ziren gurean ere argitaratuko bekadun gazte inkontziente batek hori bultzatu izan ez balu. Nitaz fidatu egiten zen Oteiza jauna, eta Dominguezek bazituen bestelako buruhausteak.

      Auzia gori-gori, baina, proiektu guztien erakusketa publikoa egin zenean jarri zen. Berez, erabakia publikatu baino hogeita hamar egun lehenago antolatu behar zuten erakusketa, horrela nornahik edukiko zuen proiektu bakoitza ikuskatzeko aukera, baina ekainean inauguratu zuten. Karpetan ikusiko dituzu argazki batzuk, Juan M. Blanes lurrazpiko galerian egin zen eta, nolabait, lurrazpi horrek ondo adierazten zuen lehiaketak edukitako ibilbide badaezpadakoa. Gezur-mendietan aipatzen zenez, nahita luzatu zuten erakusketaren inaugurazioaren data, Oteiza jaunak herrialdea utziko zuelako esperantzarekin, baina oi koitaduak, Oteiza jaunaren egoskorkeriari gaina hartuko ziotela uste zutenak! Hantxe geratu zen kieto, harik eta epaiaren kontra borrokatzeko zereginik ez zegoela ziurtasun osoa eduki zuen arte. Inaugurazio egunean, bada, hantxe agertu zen lehenengo orduan, pauso azkarrean alde batetik bestera, proiektu batetik bestera, arretaz eta bizkortasunez dena ikuskatzen, beste proiektuen hutsegite, ahuldade eta keriak bilatu nahian. Egunero joan zen hara erakusketak iraun zuen bitartean, eta parean tokatzen zitzaion orori azaltzen zion despropositoaren tamaina; ez ziren makalak izango antolatzaileen burukominak egun haietan guztietan. Zeren bai, aitortu beharra dago hori ere, dena jarri zuten publikoaren bistara: hirurogeita hamalau aurreproiektuen ideia eta maketak, alde batetik; bestetik, hiru finalisten proiektu garatuak. Edonola ere, erakusketaren muntaia desastre hutsa izan zen, batere mimorik gabe egina, bistan zen beraientzat tramite deseroso bat besterik ez zela hura, lehenbailehen gainetik kendu nahi zutena; proiektuak bata bestearen gainean jarrita, nahasian, baliabide ezin prekarioagoetan… Negargarria izan zen. Eta hor hasi zen uholdea. Ordura arte nagusiki Oteiza jaunaren beraren artikuluak azaldu baldin baziren erabakiarekin kritiko, publikoki behinik behin, erakusketaren ondotik hainbat arkitekto eta kritikariren artikuluak hasi ziren argitara ematen, eta ez soilik gure egunkarian; horietako askok Oteiza jaunaren ekin eta formekin bat egiten ez zutela zehaztuagatik, sakonean bat egiten zuten ideia nagusiarekin, alegia, proiektu espainiarra zela denetan garatu eta aurreratuena. Sektore progresisten artean iritzia argia zen, soilik gobernuarekin lerratutako batllistak atera ziren italiarren alde. Hor dituzu bilduta artikulu gehienak, horietako batzuk guk atera genituenak, Fernando Garcia Esteban arkitektoarena, adibidez. Honek guztiak, eta bereziki biolentziak, Oteizak eztabaidan jarritako intentsitateak, publikoarengan erreakzio negatiboa eragin zuen ezinbestez. Zeren haize-erroten kontrako borroka izan zen, hark ezagutzen zituen, baina guk ez. Eta ezin genuenez baten edo bestearen alde egin eta alde bat ikusten genuenez borrokan, ikuskizun interesgarri bat bilakatu zen dena. Eta hori izan zen Oteizaren jarrerarekin egin ahal izan genuen okerrena… karkarkar. Sekulako laudorioak botatzen dizkio gero Oteiza jaunaren eta Puig jaunaren proiektuari. Hor duzu beste bat, Andres Vazquez Romero delako batena, hori ere guk atera genuen. Oteiza eta gu. Batlle Monumentua. Eta horrela dena, dozenatik gora artikulu ditut gordeta, eta gehiago ere publikatu ziren, seguru.

      Baina, tira, ziur aski gurean argitaratu zen ekintza mediatikoena manifestua izan zen. Ehun eta hamalau artistak, arkitektok eta intelektualek sinatu zuten Batlleren Monumentuaren Aldeko Batzorde Nazionalari izeneko manifestua, hortik izango duzu, nik uste abuztu-irailean izango zela, Oteiza jauna oraindik hemen zen. Ea… Itxoin pixka bat, pilaren atzealdean zegoela esango nuke, baina auskalo, buru honekin ja edozer gauza. Ea… Bai, begira, hemen duzu. Irailaren 23an. Mezua argia zen, berrikus zezatela erabakia eta taxuz egin zezatela prozesua. Sinatzaileen zerrenda luzea zen, Mario Benedettik ere sinatu zuen, pentsa. Manifestuak batllistak urduritu zituen, horren dudarik ez da, eta unibertsitatean antolatu zirenek ere izan zuten inpaktua. Oteiza jaunak hainbat hitzaldi eman zituen Arkitektura Fakultatean eta ikasleak greba egitera iritsi ziren; haraino iritsi zen epaiaren kontrako mugimendua, pentsa. Zalaparta handiena sortu zuen protesta ekintza Pintura Española izeneko erakusketaren ingurumarian piztutakoa izan zen. Espainiako orduko margolari gazteen erakusketa zabala antolatu zen garai horretan bertan, han ziren artista garrantzitsuenak, hor duzu zerrenda Canogar, Farreras, Guinovart, Rivera, Viola, Vela… Baster… hau Oteiza jaunaren laguna zen, ezta? Bai, hori da, Basterretxea. Katalanak eta euskaldunak ere bai? Bai, bueno, hori da, nahi duzun bezala. Kontua da protesta ekintza bat antolatu zutela epaiaren kontra eta artistek beren koadroak jaitsi zitezela eta lurrean paratu zitezela eskatu zutela. Hori uste dut Puig jaunak antolatu zuela Madrildik, artistak han baitziren. Egundokoa izan zen erakusketaren komisarioaren haserrea, tipo altu eta arranditsu samar bat… hortik egongo da bere izena, egon pixka bat, betaurreko zahar hauek berritu beharko nituzke, egia esan, geroz eta okerrago ikusten dut. Ea… hemen da, Luis Gonzalez Robles. Gogoan dut tipoa erakusketaren inaugurazioan ezin protesta gobernatu, artistak gauzak nahasten ari zirela eta ezin zela erakusketa hori erabili, halaxe azpimarratzen zuen hitz hori, erabili, Oteiza jaunaren eta Puig jaunaren interesen alde. Auzia Uruguaiko erakundeen eta arduradunen esku zegoela eta haiei zegokiela kontua ebaztea, espainiarrak ezin zirela endredatu beste herrialdeetako kontuetan eta erakusketa zapuztea besterik ez zutela lortuko ekintza txoro eta zentzugabe horiekin. Ziur zela erakusketako askok nahiago zuketela kontuak ez nahastea eta erakusketa bere horretan mantentzea, baina presioak jaso omen zituzten liderrengandik, eta egoera halakoxea zen. Esker txarreko artistak, inondik ere, esaten zuen Gonzalez Roblesek, gobernuak eta hitz egiten ari natzaion honek dena eman dute haien alde, nazioartera ateratzeko aukera izan dute gure lanari esker, eta orain lagundu dien hura traizionatzen ari dira lotsagabe, zioen. Neurriak hartu beharko dira aurrerantzean, esaten zuen serio, neurriak. Eta enbaxadorea ere antzeratsu, soilik, ziur aski, ez zela Gonzalez Roblesen erdia enteratuko eta horrek guztiak uholde batean moduan harrapatuko zuela. Erakusketa inauguratu eta zenbait aste geroago izan zen, giroa bero-bero zegoela, Espainiaren enbaxadak artistei harrera ekitaldi bat egin ziela, gutxi batzuk bertaratu ziren, eta Oteiza jauna, lehenengo lerroan jarri, eta nik uste han ikusi bezain pronto azaleko poro bakoitza hasi zitzaiela irekitzen ekitaldi haren antolatzaileei. Ordurako aski pertsonaia ezaguna zen hirian. Normalean aspergarri mortalak izaten dira horrelakoak, badakizu, goitik behera instituzionalak, edukirik gabeak, hutsalak, baina ordukoa bestelakoa izan zen; Fernando Garcia Estebanek esango zukeen bezala, ikuskizun interesgarri bat bilakatu zen dena. Enbaxadorearen hitz-hartzea amaitu bezain pronto hartu zuen hitza Oteiza jaunak, oldarraldiz, orduan behintzat ez zekien bestela egiten, eta bereak eta bi bota zituen enbaxadaren kontra, Espainiaren politika kulturalaren, edo politika kultural ezaren, hala esaten zuen, kontra, Gonzalez Roblesen kontra, ordurako Madrilera itzulia zena, artista eta arkitekto kolaborazionisten kontra, tradizionalisten kontra, instituzioen kontra, parean jarriko zitzaion edozeren kontra aritzeko pronto zegoen Oteiza jauna, ez zuen lan handirik hartu behar izaten motiboren bat pentsatzeko. Hitz egiten hasi baino lehen jada zurrumurrua entzun zen publikoan, enbaxadorearen aurpegiak adreiluz egina zirudien, eta zurrumurrua handitzen joan zen Oteiza jaunaren tonua igotzen eta hitzak gordintzen joan ahala. Oihuren bat ere aditu zen Oteiza jaunaren hitz-hartze luzearen erdian, fuera, ya basta eta halakoak, baina han jarraitu zuen tinko gelditu gabe, abilidadea ere halakoa zuen, eta hitzaldi prestatu askok baino elokuentzia handiagoaz, panorama artistikoaren xehetasun oro aletuz, ahalik eta hitz mikatzenak erabiltzen zituela. Inepto, incapaz, incompetente, inútil eta in-ez hasten ziren hitzen errepertorio guztia erabili zuen, mequetrefe, memo, majadero ere bai eta hark zirku bat izaten amaitu zuen. Azkenerako Zaffaroni bera ere tartean sartu zen Oteiza jauna lasaitu asmoz.

      Ez dakit, halakoak izan ziren Oteiza jaunaren egunak hemen, ikusten duzu, ez zen morroia oharkabean igaro. Seguru garai hartako norbaitekin hitz egiten baduzu, bizirik bada, orduko gutxi geratzen baikara zutik, eta geratzen garenak ere ikusten duzu; esaten nizuna, haietakoren batekin hitz egiten baduzu seguru akordatuko direla Oteiza jaunarekin, lehenengo silabak ebakitzerako ikusiko duzu nola aldatuko diren haien aurpegiak, ez zen, ez, azkar ahaztu bere abizena. Tira, jada sobera luzatu naiz eta izango duzu orain zeregin hoberik, gazte. Ez dakit esan dizkizudanetatik ezer probetxuzkorik ateratzerik izango duzun, baina behintzat karpeta hori daramazu; arakatu, arakatu hor eta seguru informazio interesgarria topatu ahal izango duzula, atso zahar honek esandakoak baino puskaz interesgarriagoak seguru. Tira, tira, eskertzen dizut. Hori bai, azkeneko kontu bat aipatu nahi nizun, zeren idatzi zenidanean Estatu Batuetako erakusketa batez jardun zenidan, MoMAko bat, ezta? A bai? Hura ere han al zegoen endredaturik? A, ados, ados. Edonola ere, hitz egingo dugu akaso beste batean horretaz guztiaz, baina begira, kontu hori aipatzen duen eskutitz baten kopia aurkitu dut lehen. Batzar Nazionalari bidali zion azkenetako eskutitza izango da, jada etsiak hartuta ikusten zaio, baina tartean begira zer dioen. Nire interes guztiak alde batera uzten ari naiz, nire bizitzako une mugarri batean. Oraintxe iritsi zait albistea prentsako ebakin baten bidez, New Yorkeko Arte Modernoko Museoan ari naizela obra batzuk erakusten. Kontua da obra okerrak iritsi direla zuek hemen atxiki nauzuelako garaitu bat banintz bezala, noiz eta garaipen ezin bidezkoago batez gozatzen eta lanez eta sakrifizioz betetako bizitza oso batengatikako ordaina jasotzen egon behar nintzenean. Ai betaurreko hauek. Ikusten duzu, nik ez dakit nolatan ez dioten Montevideoko kale bati Calle Jorge Oteiza izena jarri. Edo Avenida Jorge Oteiza, hobeto.