Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muρoz
1991, Donostia
 
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
aurkibidea
 

 

9

 

 

 

Ez zegoen berandu iritsi eta lehena izatea baino okerragorik Saioarentzat. Herriko plazan bizitzeak gehiegi ohitu zuen hitzorduetara azkena iristera; puntual izaten baino, lagunen haserre eta frustrazioa kudeatzen iaioago bihurtzeraino. Arratsalde hartan hamar minutu berandu iritsi eta, hala ere, entsegu lokala hutsik ikusteak, areagotu egin zuen bere ezinegona.

      Barkatu, Saioa; estankoa itxita zegoen eta herriaren beste puntaraino joan behar izan dugu —desenkusatu zen Markel entsegu lokalera sartu eta berehala, erdizka bildutako zigarroa esku artean zuela.

      Kabroiak ezin du ordubete itxaron gorputzean kaka sartu gabe —atzetik Patxik, buruaz ezetz eginez.

      Bien artetik sartu zen neska aurkeztu zion Patxik orduan.

      Eskualdeko baxu-jolerik onena, nire lehengusina Ainara!

      Eskua eman zion Ainarak, ingelesek egiten duten eran. Hotzak zituen behatzak, urdina begirada. Eskerrak igorri zion irribarreak berotasun apur bat eskaini zion.

      Tira, Patti Smithek bere abestiak erakutsi behar dizkigu —Markelek jada gitarra eskuetan zuen. Anplifikadorea piztu eta, klak ozen bat entzun ostean, hiruzpalau akorde jo zituen jarraian.

      Saioak, arnasa sakon hartuz, lurrean utzitako plastikozko poltsa hartu zuen.

      Garagardo batzuk ekarri ditut, lasaiago ibiltzeko —ingurukoen artean banatu zituen.

      Nik ez dut hartuko, mila esker —desenkusatu zen Patxi—. Hiru ordu laurden eskas ditut, amarengana joan behar dut eta. Nahikoa dituzun zazpi abesti horiek entzuteko, ezta?

      Saioari irri urduria atera zitzaion.

      Ez duzue apur batez hitz egin nahi lehenbizi?

      Hitz egin? Zeri buruz, baina? —Ainarak.

      Ba... —Markeli begiratu zion konplizitate bila—. Ez dakit; gustura al zaudete taldearen osaera honekin? Ongi ikusten al duzue?

      Taldea eratuta dago, ezta? —galdetu zuen Patxik, ingurukoei begira—. Abestiak falta.

      Baina... ez al da hobea lehenbizi elkar hobeto ezagutzea? Trago bat hartu, taldearekin ditugun asmoen inguruan hitz egin...

      Ainarak algara egin zuen orduan.

      Koitadua. Lehenbiziko taldea duzu hau, ezta?

      Saioak baietz egin zuen buruaz, aztoratuta.

      Nik beste bi izan ditut honen aurretik. Denak mutilekin, noski. Ez daude ohituta abesti batzuk entzun aurretik horrenbeste itzulinguru ematera!

 

 

Abesti bakarra erakusteko adorea izan zuen egun hartan. Hurrengo entseguetan ere, bakoitzean bakar bat landu zuten. Gehiegitxo zen Saioarentzat.

      Akorde horrek ez du ahotsaren melodiarekin bat egiten.

      Aurreko asteko abestia askoz hobea zen. Honi ez dizkiozu buelta gehiegi eman.

      Hara! Sol, do, mi minor eta re! La fσrmula del ιxito!

      Halabeharrez ohitu zen kritikak jasotzera. Normala omen zen gizonezkoen artean; edo hala iradokitzen zion gainerakoen jarrerak, behintzat. Patxik sarritan egiten zuen trufa Markelen kontura gitarra jotzeko zuen era traketsarengatik, eta ez zirudien horrek laguna mintzen zuenik. Ainarak ere guztiz normalizatuta zituen Saioa bere onetik ateratzen zuten hainbat portaera.

      Hilabete batzuk igarota grabatu zuten Bixerren lehenengo maketa, Markelen garajean. Handik gutxira jo zuten lehenbiziko kontzertua Kuartel Zaharrean.

 

 

Proba trakets batzuk egin zituen ispilu aurrean: ezpainetako gorria eta begi-itzal beltza, begi-itzal beltza eta ezpainetako morea, begi-itzal urdin elektrikoa eta ezpainetakorik ez. Zenbateraino zen beharrezkoa argazki horietan bere bertsio feminizatuago bat agertzea? Zer pentsatuko ote zuen egunerokoan makillajerik gabe ikustera ohitua zuen jendeak? Horrela izango al zen beti, hemendik aurrera? Kalera makillatuta ateratzera kondenatuko al zuen orain bere burua?

      Aurpegia garbitu eta begian betiko marra beltza jarrita atera zen azkenik, amaren ezpainetako gorria badaezpada patrikan.

      Iritsi zenean, oraingoan bai, denak zituen zain.

      Ez al ginen beltzez joatekotan gelditu? —izan zen Markelek, betozkoa zimur, esan zion lehenengo gauza.

      Ahaztu egin zuen: horrenbeste denbora eman zuen makillajearekin bueltaka ezen, azkenean, beti bezala presaka, larruzko txupa gorri batekin atera baitzen kalera.

      Beno, zu zara abeslaria, ezta? —esan zuen argazkilariak lotsati, egoera baretu nahian—. Ez dago gaizki beste kolore batez jantzita joatea. Bizigarria emango dio enkoadraketari.

      Betikoarekin bueltaka berriz ere! Zergatik izan behar ote du abeslariak protagonista? —trufaka Patxik—. Jakin izan banu zuk gorriz eta Ainarak Sara Montielen gisara etortzeko intentzioa zenutela, sevillanaz jantzita etorriko nintzatekeen ni ere!

      Ainarak irribarre etsia jaurti zion, ezpain more distiratsuak tenkatu eta purpurinaz koroatutako betazalak kliskatu bitartean.

 

 

Xanti itzuli arte, gauero hitz egin zuen berarekin Saioak. Fededunak ohetik jainkoarekin hitz egiten duen bezala, ihes egindako lagunari zuzentzen zitzaion sabaiari begira, musikaren harea mugikor horietan sartu zenetik ematen ari zen pauso bakoitza onargarria ote zen jakinguraz. Ala, gainontzeko musikari guztiek bezala, kapitalismoaren zulo beltz horretan erortzen amaituko ote zuen berak ere. Izan ere, laster ohartu zen ez zela erraza atzapar horietatik askatzea. Kontzertu bakoitzaren ostean irabazitako dirua galdutakoaren erdia zela kalkulatzea nahikoa zen frustrazioaren espiralean sartzeko. Gaztetxeen zirkuituan, gainera, beti zegoen pisuzko arrazoiren bat kontzertua doan jotzeko: sarekada, epaiketa edo absoluzio berriren bat, trenaren edo erraustegiaren edo Boloniaren edo autobidearen kontrako manifestazioren bat.

      Doala ezeren aurretik nik baxoa euskaraz egin dadin aldarrikatuko dudala bizitza osoan zehar; baina azken bi hilabeteetan doako elkartasun kontzertu bat eskaintzeko jasotzen dugun seigarren proposamena da, eta horrela jarraituz gero, ezingo dugu inoiz dirurik atera gure taldea bizirik mantentzeko.

      Ba Azkainekoek esan zidaten aurrekoan afariaren eta bidaia gastuen truke joan zinetela...

      Denboraren joanarekin konbentzitu zen euren lanari prezio jakin bat jartzeak ez zituela gaizkile egiten. Beti antzerakoa, kontzertuetako antolatzaile ezberdinek euren artean hitz egitean mesede traturik egon zenik pentsa ez zezaten. Konturatzerako, gitarra eta anplifikadore hobeak erosteko dirua nondik lortuko zuten pentsatzen denbora gehiago pasatzen zuen abestien letrak lantzen baino; Facebooken ustezko jarraitzaile digitalak erakartzeko trikimailuak pentsatzen ordu gehiago lokalean entseatzen baino. Saioak, bitartean, gauero jarraitu zuen Xantirekin elkarrizketa imajinario horiek edukitzen, lagunari eskatzen mesedez ulertzeko, ez zuela aberasteko helburuz egiten, baina nola izan zen jakin gabe gastuen eta irabazien zurrunbilo horretan sartu zirela euren proiektua bizirik mantendu ahal izateko.

 

 

Xanti uste baino lehenago itzuli zen. Sarekada hartan bueltaka ibili ziren izenetatik batzuek azkenean ez zuten epaiketa agindurik jaso, eta ihesean atera zenetik hiru urte egitera zihoazela azaldu zen berriz ere herrian. Sekulako ongietorri festa antolatu zioten gaztetxean: txaranga, paella jana eta kontzertuak.

      Mara ere izan zen festa hartan. Bien artean euskaratutako Sam Cookeren A change is gonna come abestu zuen Saioak harekin gaztetxeko kide guztien eta, batez ere, Xantiren aurrean. Alta, arraro zegoen laguna gau hartan; edo euren harremana zen arraro zegoena. Igaro ezineko arrakala sakon bat sumatu zuen euren artean; biek gurutzatu nahi baina, nolabait, ezin zutena.

      Gau hartan erabaki zuen Marak herria uztea.

 

 

Ohikoa bihurtu zen sare sozialetan Mara-Mararekin topo egitea. Irribarre egin zuen proiektuaren izena lehenbiziko aldiz entzun zuenean.

      Saioak kuriositate puntu batez jarraitzen zituen haren pausoak: Donostian, Bilbon, Iruρean, jendez betetako aretoetako argazkiak ikusten zituen, laguna jantzi xelebre eta ausartak soinean zituela.

      Ez esan Lorem Ipsum ikustera joan zinenik! —Ainararen ahotik entzun zuen izen hura lehenbizikoz.

      Bai, zer ba? —Patxik kaxaren pordoia estutu zuen—. Aizu, gauzak ongi kritikatu ahal izateko ezagutu egin behar dira!

      Eta zer moduz?

      Zer nahi duzu esatea, ba? Itxurakeria pijo gehiegi eta musika gutxiegi!

      Lorem zer? Talde berri bat al da? —moztu zuen Saioak.

      Keba! Horrela deitzen diogu Mara-Marari —berezko izena tonu burlatiz ahoskatu zuen.

      A, lehenengo albistea —bota zuen Saioak besoak gurutzatuz. Markelengana zuzendu zuen begirada.

      Niri ez begiratu, hauek asmatu dute!

      Patxik hatz erakuslea buruaren parean biraka jarri eta begia kliskatu zion.

      Markel ez da izen hori ahoskatzera ausartzen, oraindik tipa buruan bueltaka duelako.

      Bai zera! Pleistozenoko kontua izan zen hori! Gainera, lehen ez zen horrelakoa.

      Horrelakoa, nolakoa? Argituko didazue zergatik deitzen diozuen Lorem delako hori? —Saioak besoak gurutzatuta jarraitzen zuen.

      Ainarak hartu zuen aurrea.

      Diseinu grafikoan erabiltzen den esanahirik gabeko testua da, latinetik datorrena. Kartelen diseinua egiterakoan erabili ohi da, diseinatzaileak oraindik edukia zein izango den ez dakienean, letrak nola geldituko diren jakiteko.

      Estetika edukiari gailentzen zaiola, alegia —errematatu zuen Patxik.

 

 

Ama, erosiko? —dio Jarek, bere burua baino metro bat gorago dagoen apaleko puzzlea hatz erakusleaz seinalatuz.

      Saioak eskuetan hartu du. Barku pirata baten irudi koloretsua du kaxaren gainaldeak; pieza handiak dituela dirudi. Kaxaren izkina batean 4-12 urte bitartekoentzat dela jartzen du.

      Baina jolastuko zara honekin, ala beste gauza guztiak bezala utziko duzu bazter batean?

      Konbentzimendu handirik gabe sartu du puzzlea saskian. Ingurura begiratu du, Ibai nondik dabilen jakin nahian.

      Berak proposatu du plana. Mutil-laguna nekatuta atera da lanetik, baina disko-jogailuaren orratza apurtu zaiola argudiatuz konbentzitu du hirurak Donostiako Fnac-era joateko. Ederki atera zaio antzezpena, baina soberan dakite biek proposamen horren azpian beste bat ezkutatzen dela.

      Urrunetik ikusi du Ibai etortzen.

      Topatu dut! —orratza eskuan iritsi da.

      Ederki! —Saioak saskian gorde du. Ordua begiratu du mugikorrean; zazpiak eta laurden—. Bagoaz beherantz?

      Segi zuek, nik komunetik pasatu behar dut.

      Orratza eta puzzlea ordaindu eta eskailera mekanikoak jaitsi ditu Saioak, alaba eskutik helduta. Musika eta zurrumurru etengabea entzuten dira beheko pisutik. Nahita doa berandu, ez baitu oso leku agerikoan egon nahi. Lasaitasun apur batez batetik, ziztada ezagun bezain ezatsegin batez bestetik, ikusi du jendetza areto kanporaino heltzen dela. Kontzertuen gunea eta denda banantzen dituen gortina beltza ireki behar izan dute antolatzaileek. Izkina batean jarri eta, Jare besoetan hartu aurretik, mezu bat bidali dio Ibairi, non dauden argitzeko.

      Kokote handi, ile kizkur eta motots altuen artetik ikusi du. Platinoz tindatutako ileak distira zilarkarak egiten ditu foku urdinen azpian. Tabernetako aulki altu horietako batean dago eserita, goitik behera zuriz jantzita. Bere betiko hiru musikariak ditu inguruan, leku txiki hartan ahal duten moduan estututa. Abesti baten erdian harrapatu ditu; baina musikariak jotzen ari diren arren, ezeren gainetik entzuten da bere ahotsa. Zenbat urte soinu hori bere belarrietatik igaro gabe. Arras ezaguna du abestia, bere ibilbideko ezagunenetarikoa da. Gazteleraz abesten ari da. Jendeak melodiari jarraitzen dio, tarteka hitzen bat nahastuz. Berak ere egin lezake; hitzak nahastu gabe, gainera. Esfortzua egin behar du ezpainak dantzan ez jartzeko.

      Marak begiak itxi ditu pasarte dramatiko bati behar den emozioarekin aurre egiteko; eta gauza bera egin du Saioak ere. Zentzumen bakarraz jaso ditu abestiari geratzen zaizkion segundoak. Jendeak txalo zaparrada bota du, txistu artean.

      Eskerrik asko —esan du, eskua bularrean ipinita.

      Txaloak bukatu arte itxaron du berriz hitz egiteko.

      Beno, jada amaitzen ari gara —metalezko botila bati tragoxka bat eman dio—, beraz, esan behar nizuena esateko unea iritsi da.

      Aulkitik altxatu da; bere musikariei begiratu die eta, gero, entzuleei. Barre urduri bat atera zaio.

      Nire ibilbidea hasieratik jarraitu duzuenok jakin badakizue nire izaeraren parte handi bat aldakortasuna izan dela. Ez zait inoiz ez musika estilo bakarrean, ezta hizkuntza bakarrean ere gelditzea gustatu.

      Berriz eseri da aulkian. Eskuak begiratu ditu; urduri dagoela nabaritu du Saioak. Bere bihotza ere azkartzen hasi da, eta ez daki zergatik. Besoak nekatzen hasi zaizkio Jareren pisuaz. Konturatu da Ibaik denboratxoa daramala agertu gabe. Ez ote zuen mezua irakurriko?

      Londresera noa disko bat grabatzera aste batzuk barru. Eta, dena ondo badoa, boladatxo batez bertan biziko naiz.

      Isiltasuna egin da lehenbizi. Saioak Jare lurrean utzi eta mugikorra hartu du. Whatsapp-eko mezuak tik urdina du; beraz, bai; Ibaik jakin beharko luke non dauden. Emakumezko baten ahotsak zera esan du:

      Ez joan, mesedez!

      Gizonezko ahots batek:

      Gu zurekin gaude edozein erabaki hartzen duzula ere!

      Areto osoa txaloka hasi da orduan. Marak aurpegira eraman ditu eskuak, hunkituta.

      Saioak aurrean dituen ile adatsen artean Ibairena topatu nahian harrapatu du bere burua. Ezinezkoa da, baina nolabait, gertagarria iruditu zaio bat-batean mutil-lagunak aurrera eta aurrera egin izana, Mara ahalik eta gertuen ikusi ahal izateko. Jarek galtzatik tira egin dio, berriz ere jasotzeko eskatuz. Bai; ziur aurrean dela...

      Eta gaurkoa amaitzeko, hitz eman nizuen abesti berria aurkeztuko nizuela, eta hementxe duzue. Hau da nire “gero arte” kantua: Urtu aurretik.

      Gitarra-joleak akorde minor bat jo du; bateria-joleak soinu gorakorra atera die platerei, kotoizko punta duten mazoekin kolpe azkarrak emanez. Marak irriρo lotsatia bota dio aurrean duen norbaiti. Saioak hortxe ikusi du bere gaztaina koloreko ile adats motza, justu Mararen irribarrea zuzenduta zihoan leku horretan. Lepotik masailetara igo zaio beroa. Mara tonu grabe batean abesten hasi da: Bero zena hoztu da jada...

      Bi kolpetxo eman dizkio norbaitek bizkarrean. Buelta eman du.

      Ene, beste aldean zeundetela uste nuen!

      Ibai da. Bere gerria besarkatzea atera zaio instintiboki, horrela inora ez dela joango ziurtatzeko.

 

 

Etxera iritsi eta berehala markatu du telefono zenbakia. Ez dio hartu. Berriz saiatu da.

      Saioa, a ze poza zure deia jasotzea! Ze berri?

      Hementxe... aizu, jakin dut Marari esan diozuela diskoarena.

      Bai, neska. Instagramen jarri zuelako diozu, ezta? Celebrity hauek, beti behar dena baino gehiago esaten!

      Barrea atera zaio. Arnasari eutsi dio, solaskideak oso urduri dagoela suma ez dezan.

      Nirekin abestuko duela esan diozue?

      Txoloren hasperena entzun du hariaren bestaldetik.

      Berez, zurekin hitz egin nahi genuen lehenbizi. Ez zaitugu behartuko nahi ez duzun ezer egitera, Saioa. Baina guregatik balitz, hau litzateke idealena: Xanti erbestetik itzuli zenean egin zenioten jaialdi hartan, Marak eta zuk abestu zenuten kantu hori berriz egitea.

      Ez du segituan erantzun. Momentu hartako izpi batek zeharkatu dio garuna. Arrakalak leuntzeko egin beharreko esfortzua ez zaio hainbestekoa iruditu bat-batean. Agian bada alde batetik bestera salto egiteko moduren bat.

      Kontatu nirekin.