Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muñoz
1991, Donostia
 
 

 

5

 

 

 

Arkatz eta boligrafoek orriaren kontra egindako zarrastak besterik ez dira entzuten. Leiho guztiak parez pare irekita, haize epela sartzen da kanpotik, eta eguerdiko eguzkiak ezkerreko lerroan dauden ikasleen aurpegiak zipriztintzen ditu. Saioak disimuluz erreparatu du hamasei urteko gaztetxoengan; sorbalda beltzaranak, askotariko estiloetan moztu eta tindatutako ile adatsak, titi-zorrorik gabeko bular tenteak. Dena ez da galbidean.

      Ohartu da aurrealdeko errenkadako laugarren ikasleak, Ikerrek, soinean Mara-Mararen bigarren diskoko kamiseta urdina daramala. Txoloren deia jaso zuenetik, Xantirengan asko pentsatzeaz gain, berriz ere hasi da bazter guztietan Mara gogorarazten dion edozein gauza ikusten; betidanik lotuta egon izan balira bezala. Kuriosoa: Xanti bizi bitartean, eta Marak herria utzi aurretik, bi horiek ez ziren inoiz oso ongi moldatu.

      Oroitzapenen errehabilitazioari ekin zionetik lortzen hasitako barne lasaitasunaren azal fina zartatzen hasi zaio. Badago zerbait, asaldura isil bat, belarri atzeko euli bat, ahots tonuan garraztasun bat, zerbait ohartarazi nahi diona.

      Shhhh —moztu du atzeko ilaretatik datorren ahapekako elkarrizketa bat.

      Eneka da, nola ez. Aldarte ilunez zuzendu zaio, baina ikasleak ez du irribarrea aurpegitik ezkutatu; irakaslearen haserreak batere axolako ez balio bezala.

      Ezin dio Enekarengan bere gaztetako isla ikusteari utzi. Noiz galdu zuen freskotasun hori? Galduko al du Enekak ere, hemendik urte batzuetara? Apurka-apurka gerturatu da hizketa-lagunak dauden lekura. Zirriborroz beteta du orria; eta boligrafoari eusten dion eskua gorriz zikindua duela ikusi du.

 

 

— Pasada batekin nahikoa da, gazte! Bestela plastikoak ez du ondo xurgatuko margoa.

      Xantirekin ikasi zuen Saioak pankartak margotzeko artea. Presak eta legearen kontrako zerbait egiten ari zirelako sentsazioak gauzak beti erdizka egitera eramaten zituen: autodeterminazioa idatzi zuen batean, Z hizkira ailegatzerako pankartaren muturrera iritsia zen, eta I, O eta A bata bestearen azpian jarri behar izan zituen. Xanti desesperatu egin ohi zen halakoetan. “Nola lortuko dugu autodeterminazioa, gazte, ez badakigu pankarta puta baten proportzioa ondo kalkulatzen?”.

      Hamabost urte bete zituzten udaran hasi ziren Saioa eta lagunak gaztetxean ibiltzen. Gogoan du lehenbiziko aldiz sartu zen une hori: kentzen ez zituen plataformadun botak, Lois markako kanpai formako galtza gorriak (enegarrenez eskatu ostean erosi zizkion amak), arantzadun gerrikoa eta likrazko tiradun kamiseta beltza zituela agertu zen, lau lagunekin batera, jada hasita zegoen batzar batera. Buru guztiak biratu ziren eurak sartzean, eta ezin deserosoago sentiarazi zituen erabateko isiltasuna egin zen. Txima eta bisera belzdun gazte batek bere burua Xanti bezala aurkeztu eta aulkien bila joan zen beste bi neskarekin batera.

      Ohartu zenerako, Saioa arratsaldero joan ohi zen hara garagardoren bat hartu edo, besterik gabe, egotera; hasieran beti kuadrillakoren baten laguntzaz, baina ostean baita bakarrik ere, bertan nor egongo zen axola izan gabe. Egia esan, ez zuen inoiz ulertu bere lagunek bertan bakarrik agertzeari zioten beldurra; zer axola zion hau edo bestea egotea? Zer axola zion inor ez bazegoen eta bakarrik egon behar bazuen tarte batez? Gurasoak afalordura arte ez ziren etxera bertaratzen eta Saioak, abesbatza entseguez gain, ez zuen eskolaz kanpoko beste jarduerarik egiten; zer zegoen hoberik hara joatea baino?

      Laster hasi zen gaztetxeko eginkizunetan parte hartzen: kontzertuak egiten zirenean barran egon ohi zen, elikadura sarean aritzen zen igandero dendetan soberan gelditutako barazki, ogi-barra eta fruta bildu eta izena eman zuten horien artean banatzen, urteko kultur ekitaldien egitaraua antolatzen laguntzen zuen, eta ekintza zuzenen baten prestaketan ere parte hartu izan zuen.

      Hilabete gutxi igaro ziren Xantik gaztetxeko giltzaren kopia bat eman zionerako. Oholtza erratzaz garbitzen ari zirela ausartu zen eskatzera.

      Umemokoa zinenetik argi ikusi nuen: zu ez zara inon galduko, e!

      Gaztetxeak hierarkiarik ez zuela esatea egundoko gezurra zen, ia-ia Xanti sekreturik gabeko pertsona zela esatearen parekoa. Saioak gutxi behar izan zuen ohartzeko, Xantik asanblada guztietako erabakiak bideratzeko gaitasuna izateaz gain, gaztetxea azaldu beharrik ez zuten eginkizunetarako operazio-gune gisa erabiltzen zuela.

      Edonola ere, gaztetxea zen bien bizitzaren erdigune, eta horrek bilakatu zituen lagun. Egiteko askorik ez zegoen egun eguzkitsuetan, hondartzako aulki tolesgarri marradun batzuetan eseri ohi ziren kanpoaldean, porro batzuk partekatu bitartean hizketan egitera.

      Saioak asko ikasi zuen politikaz eta herriko dinamikez berarekin. Baina, batik bat, rockaz ikasi zuen. Etxekoaz eta atzerrikoaz. Onaz eta txarraz. Zeren, bai: ba omen zegoen kalitatezko eta kalitaterik gabeko musika, talde onak eta txarrak, abesti bikainak eta eskasak; edo hori, edo Xantiren mundu ikuskera oso txuri-beltza zen.

      Baxuak hau dardararazi behar dizu —zioen ukabil itxiarekin bularra joz—, eta distortsioak tinpanoak zulatu. Hori gabe, ez dago ezer sentitzerik.

      Bateria jotzen zuen herriko talde batean. Bera izan zen Saioak aurrez aurre ezagutu zuen lehen musikaria. Familia gutxitan zuen hizketagai; aita gaixo zuela eta amak pazientzia infinitua zuela soilik deduzitu ahal izan zuen elkarrizketa horien guztien arteko zirrikituetatik. Bere bizitza pertsonalaz, ordea, txintik ere ez: herrian ez zitzaion Xantiri bikotekiderik ezagutu inoiz, inork ez zekien noiz zegoen triste eta noiz alai, edo noiz ari zitzaion bere ondokoari laguntza eskatzen, zaurgarri agertzen.

      Alderik intimoenari zegozkion hutsune horiek ez ziren bere inguruko misterioaren zati txiki bat besterik. Behin, gaztetxera iritsi zenean, momentuan ulertu ez zuen zerbait ikusi zuen: ate ondoko saski batean, garaiko tekladun mugikor txiki horietako batzuk zeuden. Atea bultzatu eta barrura sartu zenean, hantxe ikusi zuen Xanti lauzpabost ezezagunekin bilduta. Denek izututa egin zioten so.

      Xanti azkar zutitu zen.

      Esan nizun gaur ez etortzeko, gazte —eskutik helduta eraman zuen ateraino, eta muturren aurrean agur esan gabe itxi.

 

 

Gaztetxean bere lekua egin eta abesbatzako saioetara huts egiten hastea aldi berean gertatu ziren ikastolako azken urtean. Klasetik atera eta, kultur etxera joan beharrean, ikastola atzeko bidezidorra hartu eta pintadaz jositako hormigoizko paradisura joan ohi zen bakoitzean, Saioak Mararen atsekabe aurpegiarekin topo egin behar izaten zuen.

      Gaur ere ez?

      Bart mozkorkerian aritu ziren batzuk gaztetxean, eta dena zerri eginda utzi zuten. Badakizu: nik eta Xantik ez badugu garbitzen, ea nola topatuko duten gaur asanblada dutenek...

      Joxefek aurrekoan ea non zeunden galdetu zidan. Gaixo zeundela esan nion —errieta lurrera begira egiteko ohitura maitekorra zuen Marak.

      Gaztetxera noala esaten badiozu ere, niri bost. Badakizu ez dugula elkar jasaten —irribarre neurtua aurpegitik kendu gabe esan ohi zizkion halakoak, abesbatzara ez joatearen arrazoiak berarekin zerikusirik ez zuela agerian utzi nahian—. Noizbait lortuko dut zu ere gaztetxera etortzea.

      Marak aurpegi tristea jarri ohi zuen orduan.

      Badakizu aitak...

      Hil egingo zaituela, bai —besoa bizkarretik pasatu ohi zion, mina leuntzeko saiakeran—. Goraintziak Takolori nire partez!

      Kuadrillakoen aurrean onartzen ez zuen zerbait zen lagun isilari hartutako estimua, gero eta sarriagoak baitziren Mararen aitarekiko entzuten zituen erdeinuzko hitzak. Fernando Kortabarriak, herriko enpresa hartu zuenetik, bere soldata igotzeko hamarnaka langile kaleratu zituela esan ohi zen. Saioak, baina, ez zuen ulertzen zer ikusia zuen horrek alaba ere zaku berean sartzearekin; are putakeriaren bat egiteraino. Bere ikasmahaia eta aulkia komuneko paperez bildu zuteneko hartan bezala.

      Gurasoak ere baziren Mararen aitarekiko arbuio kolektibo horren parte. Eta bere aurrean adeitsu jokatu arren, Saioa ohartzen zen Mara ere ez zutela oso gogoko. Behin bakarrik gonbidatu zuen etxera, Biologiako azterketa ikasteko laguntza eskatu baitzion. Arratsalde osoa igaro zuten bere gelan. Saioa komunera atera zen batean, salan hitz egiten entzun zituen.

      Nik gaur elkartean ez dut esango Kortabarriaren alaba etxean izan dudanik!

      Ezagutzen duzu; ikusiko duzu nola kurtsoa amaitu bezain laster ez den berarekin gogoratu ere egingo.

      Udaberriko arratsalde batez lortu zuen, azkenik, Marak ere abesbatzatik piper egin eta berarekin gaztetxera joatea. Panazko gona marroi, koadrodun bufanda, artilezko txaketa eta leotardoak soinean, turista batek Euskal Herria bisitatzerakoan bezala aztertu zuen ingurua, lekuaren misterioak eta dekadentziak txundituta.

      Hutsik zegoen entsegu lokalean sartu zen Saioa, eta bateriaren eserlekuan jesarri. Marak, duda egin ostean, izkina batean zegoen gitarra zartatu bat hartu zuen. Soka bat falta zuen baina, hala ere, abilezia handiz afinatu zituen gainontzekoak entzumen soilez.

      Beti ikasi nahi izan dut gitarra jotzen.

      Gaztetxearen bira haren trukean, gitarraren oinarrizko akordeak erakutsi zizkion Marak arratsalde hartan.

 

 

Espero duen bezala gertatu da: Eneka izan da azkena idazlana entregatzen. Eskola orduaren amaiera igarota, Saioak ariketa entregatu behar zela hamaika aldiz esan ostean, eta honek hamaika aldiz itxaroteko erregutu ostean, etorri zaio irakaslearen mahaira.

      Idazlan erdian iritziz aldatu eta berriz hasi behar izan dut zerotik. Gai zaila jarri diguzu, e?

      Zilborra agerian uzten dion mahukarik gabeko kamiseta arrosa darama. Bularraldean “Pussy” jartzen du urrezko hizkiz. Saioak berriz erreparatu du gorriz zikindutako eskuan.

      Zer, txosnetarako gogoz?

      Begirada eskura jaitsi eta, ohartu denean, besteaz estali du.

      A! Bai, beno, lehen, atsedenaldian...

      Lasai egon. Ez diot inori esango. Jakingo bazenu nik horrelako zenbat egin ditudan...!

      Enekak ezpaina hozkatu du.

      Bide batez... zera, jada hirugarren eraiste agindua iritsi zaigu.

      Nola?

      Txalet batzuk eraiki nahi omen dituzte. Lehengo urtetik daramate agindu horiek bidaltzen; hasiera batean, Xantik hala proposatuta, ez genien kasu handirik egin, baina orain... kontuak serioa dirudi.

      Eta noiz izango da hori?

      Eneka ikasgelako aterantz joaten hasi da, besoak zabaldu bitartean. Bizkarraldean urrez inprimatuta duen beste hitz batek distira egin dio.

      Ez dakigu oso ongi. Kontua da agindua hor dagoela. Komunikatu bat prestatzen ari gara, eta laster hasiko gara herrian zabaltzen. Denon laguntza behar dugu. Eta, beno, herriko gaztetxean izan zareten pertsona garran... beno, zuek bezalakoei, ba lehenagotik esan nahi genizuen.

      Saioa erdi lausengatuta, erdi lotsatuta sentitu da.

      Eskertzen dizut kontatzea. Animo guztiarekin, beraz.

      Folioak txukuntzen gelditu da; normalean baino denbora gehiago hartu du.

      Desgraziak taldeka etortzen omen dira. Kasualitateak ere horrela nahi izan du oraingo honetan. Ezkonduta hirurogei urtez egondako bikotean bietako bat hil eta, handik hilabetera, bestea, zimelduta eta munduan jada zer egin jakin gabe, hiltzen den bezala: gaztetxea Xanti gabe ez da ezer.

      Argia itzali aurretik, mugikorra hartu eta Enekari kamisetaren bizkarraldean ikusitako izena bilatu du Googlen: apur bat asaldatu da Bad Gyal delako horren argazkiak ikusi dituenean.