Izotz ura
Izotz ura
2023, nobela
248 orrialde
978-84-19570-18-5
Azala: Lander Garro
Lide Hernando Muñoz
1991, Donostia
 
 

 

2

 

 

 

Sushia jan du astean bigarren aldiz, eta azkeneko izokin nigiria ahoan sartu duenerako etortzen hasi zaio damua. Urte hasieran egin zuen begano bihurtzeko promesa, Instagrameko jarraitzaileen aurrean lehenbizi, amaren etxera bazkaltzera joan zen batean bigarren; eta oraindik ez du lortu, hilabete bakar batez ere, agindutakoa betetzea.

      Ez da bere estiloa, hitz emandako zerbaiti uko egitea. Baina Marak urteotan zerbait ikasi badu, eguneko denbora unitate bakoitzean ahalik eta gauza gehien egitea da. Eta eguerdian duen ordu erdian porruak egosten jarri baino praktikoagoa da beheko supermerkatura joan, sushi erretilutxo bat erosi eta, esku batez soberan dituen bekainetako ileak erauzi bitartean, beste eskuarekin jatea.

      Galtza bakeroak hanka batean sartuta dituela jaso du Mikelen mezua: “Utzi masturbatzeari eta jaitsi ja”. Lehoinabar estanpatua duen alkandora jantzi du, botoiren bat lotzea ahaztuta, eta platinoz tindatutako ile motzari astinaldi bat eman dio sarrerako ispiluari begira. Moriartiren isatsak kilima egin dio atera aurretik.

      Bejondeizula!

      Behingoagatik zu baino beranduago heldu eta bizitza osoan gogoraraziko didazu? —besarkada motz bat eman diote elkarri.

      Handik metro eskasera dagoen kafetegian sartu eta atzeko mahaian eseri dira. Mikelek ordenagailu eramangarria mahai gainean ireki eta erritmo bizian hasi da tekleatzen. Pantailaren atzealdean itsatsita duen Errealeko armarriaren pegatinari begira gelditu zaio Mara.

      Stevek idatzi dit. Iritsi bezain laster utziko digula bere bigarren etxea, baina bi astez bakarrik; gero ezkon-aurreko festa ospatzera doan suediar neska kuadrilla bat sartuko omen da, beraz, gu porsako. Esan diot guri ez digula batere axola turista horiekin logela partekatzeak, baina ezetz esan dit, argi eta garbi.

      Marak hainbat txalo azkar eman ditu pozez.

      Hiru aste barru Camden Towneko 50 metro karratuko atiko batean izango dira. Managerrarekin bizilekua partekatzeak ez dio berebiziko grinarik pizten, baina badaki zertara doan, eta horrek txikikeria bihurtzen du gainontzeko guztia. Nazioarteko artistekin lan egin duen Gregory Pop ekoizlearen baiezkoa jaso izanak estali du Mararen azken egunetako estres eta ziurgabetasun guztia.

      Atzo hartu nituen hegazkineko tiketak —kafeari zurrutada bat eman eta bibotea aparrez zipriztinduta duela jarraitu du hizketan Mikelek—. 350,60 euro guztira. Joaneko hegaldia hartu dut, hitzartu genuen bezala —mingainaz garbitu du bibotea.

      Euskal Herriko management enpresa handi bateko kidea da Mikel, 45 urte ditu, eta bere alboan (edo hobe esanda, gainean) emakume bat izateko behar handia. Marak ezin du gogoratu ere egin, elkarrekin lanean daramatzaten urteetan, zenbat aldiz saiatu den bera ohera eramaten: kontzerturen baten ostean egin izan du, baita lan bileraren batean ere, e-mailen bat idazterakoan, edota afalosteko garagardoak tarteko. Ez du, ordea, oso era agerikoan egiten; bere eguneroko hiztegiaren lau hitzetik batek konnotazio sexuala duela kontuan hartuta, bederen. Marak ondo ikasia du euren arteko erlazio-dinamika zertan datzan: batak gezia bota, besteak saihetsi. Baina utzi egiten dio; egia esan, ez dio axola euren arteko tratua horrelakoa izateak, ondo lan egiten duen bitartean. Eta Mikelek oso ondo egiten du lan.

      Berari bezala, Euskal Herrian musikaren panoraman urte asko egin izanak azala gogortu eta pazientzia higatu dizkio Mikeli. Duela urtebete, bere management zerbitzua jasotzen zuten gainontzeko musika talde eta artistei agur esan eta Mararen ibilbidean ehuneko ehunean zentratzea erabaki zuen. Biek egin zuten handira apustu.

      Esan diezu hauei bazoazela?

      Mikelek ezetz egin du buruaz. Enpresako gainontzeko kideei buruz ari da. Londresera joateko erabakia hartu zutenetik ez da haiekin mintzatu, eta Marak ez daki oso ondo zergatik.

      Gregory Popi mezu bat bidaltzeko asmoz geratu dira gaur, zein materialekin lan egingo duten azaltzeko. Marak hamar abestiren maketak ditu sortuta, eta orain arteko diskoetan egin duenari buelta bat eman nahi dio, zerbait dantzagarriagoa, aktualagoa, erakargarriagoa egiten hasteko. Ekoizle ingelesa aukera perfektua iruditu zitzaion hasieratik. Abestietako hitzen ingeles traketsa barregarri egingo ote zaion kezkatzen du gehien momentu honetan.

      Esan didate estudioak musikariak eskaintzen dituela alokairuan, baina, noski, hori kostutik aparte doa —esan du Mikelek.

      B kaxan badugu diru dexente; hortik tira genezake?

      Txo, hau ez da Euskal Herriko putetxeak bezala e, tipo hau oso handia da, eta Londresen guztia faktura bidez egiten da.

      Zure lagun horrek eskudirutan eskatu digu etxearen alokairua ba...

      Bo, hori da Steve mafia kosovarreko buruzagi ohia delako, baina lasai egon, tipo jatorra da —barrez lehertu da parekoaren bekainak kopeta-ile platinoan gora ezkutatzen ikusita.

      Marak kafesnera jaitsi du begirada, aztoratuta. Edariaren gainazal marroixka zirkulu zentrokide formako olatuetan mugitzen ikusi du. Mikelen mugikorra da, mahai gainean dardarka.

      Getariakoliburuerotikoenklubabaiesan? —bota du ahots sudurkariz eta arnasarik hartu gabe—. Hombre, bizi haiz! —asperdura aurpegi dramatikoegi batez adierazi dio Marari luzerako duela.

      Isilduta duen mugikorra poltsikotik atera du Mikelen hariaz bestaldeko elkarrizketak iraun bitartean. Twitterreko azken argitalpenei begiratu azkar bat ematen hasi da.

      Atentzioa bereziki deitu dion txio bat ikusi du: “Bidaia on, Xanti”. Eta horren azpian, aski ondo ezagutzen duen norbaiten argazkia. Ilea galtzen hasitako burugainetik udarako ur jauzi meharren gisa erortzen zaizkio tximak, eta albo batera zuzendua duen begirada betzuloz eta zimurrez inguratua du; baina betikoa izaten jarraitzen du maskara zargaldu horren azpian: kokotsean nabarmentzen zaion elutxak gordetzen du bere esentzia. Arraroa egin zaio beti buruan eraman izan duen St. Pauliko bisera beltz hori gabe ikustea. Txio hori zintzilik duen harian gora egin du, ondoriorik okerrenak ateratzera daraman mezu kriptiko horren iturburura iritsi nahian. Esplorazioak Berria-ko albiste baten titularrera eraman du: “Mr. Popper taldeko Xanti Arrese bateria-jolea hil da, auto-istripu batean”.

      Ahoa lehortzen nabaritu du. Pantaila eta postura izoztuta mantendu ditu Mikelek elkarrizketa amaitu arte.

      Mikel, izan duzu honen berri? Mr. Popperreko bateria-jolea hil egin dela?

      Managerrak ordenagailuaren pantailatik altxatu ditu begiak.

      Atzo irakurri nuen, bai. Herenegun izan omen zen. Ze tristura.

      Bazenekien nire herrikoa zela? —galdera bezala adierazi du, baina berez ez da. Soberan daki Mikelek badakiela.

      Tarte luzeagoa hartu du oraingoan erantzun aurretik.

      Baliteke aspaldian kontatu izana, bai. Latza, gero... Tira, laster joan behar dut eta gauza pare bat gelditzen zaizkit komentatzeko. Hasteko, astebete barru Donostian izango duzun aurrerapen abestiaren aurkezpenaren harira: prest duzu jada, zerbait falta zaio...?

      Bai, beno... ez, ez.

      Prest duzu edo ez?

      Bai, prest dut. Azken mastering-a falta zaio soilik, etzi geldituko naiz Ramonekin.

      Ados. Eta Londresera goazela esango duzu aurkezpen horretan, ala ez?

      Ez dakit, egia esan. Oraindik ez da ziurra bertan geldituko garela, ezta?

      Ez? Aurrekoan konbentzituta zinen eta!

      Bai, badakit, baina... —postura aldatu du aulkian, deseroso—. Barkatuko didazu, Mikel. Shockean gelditu naiz Xantiren kontuarekin.

      Zure lagun mina al da bat-batean? Hamar urtetan ez dut zure ahotik haren izena entzun eta!

      Badakit, baina joder, gauzak bizi izan nituen berarekin gaztetan.

      Ez galdu denbora gauza horietan pentsatzen, Mara. Ez gaizki ulertu; pena da hil izana, noski, baina duela bost minutu arte ez zinen bere bizitzaz gogoratzen. Litekeena da, bizirik balego ere, zuen bideak sekula berriz ez gurutzatzea. Kontziente zara horretaz?

      Bai.

      Orduan?

      Nola orduan?

      Distantzia honetara zaudela zure ibilbideak sekula eman duen jauzirik handiena ematetik —behatz potoloa eta erakuslea ia-ia ukitzeraino gerturatu ditu—. Gainera, horren laguna balitz, bere omenezko disko hori egiteko deituko zizuketen, ezta?

      Ze disko?

      Bi eskuez igurtzi du aurpegia Mikelek, betazalak gorritzeraino.

      Zeozer esan dute managerron artean daukagun Whatsapp taldean. Xantiren omenezko abesti batzuk grabatu nahi dituela bere taldeak, hainbat artistaren laguntzaz —esan du bekainak harriduraz jasoz.

      Mara buruaz baietz egiten gelditu da hainbat segundoz, trantzean.

      Barkatu; komunera joan beharra dut.