Argialdiak
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
Azala: Maite Gurrutxaga
Miriam Luki
1973, Urretxu
 
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
aurkibidea
 

 

Magnolia

 

 

Izanagatik sendiko, ezin laket betiko.

Hamlet

 

 

Jaioterriaren izenaren seinalea pasatu duenean, bizkarra tentetu zaio aireportuan alokatutako autoaren eserlekuan, eta odola bizkortu zainetan. Ez da besteak bezalako itzulera. Herrixka zeharkatzean, okindegitik ateratzen ikusi du Aitor, autoari jakin-minez begiratu dio. Itzuli den bakoitzean, ikusitako lehenengo ezaguna nor den jaso du buruan. Aitorrek Downen sindromea du, bere adin berekoa da eta zahartzeko astia eman dio itzuli ez den tartean. Hura ikusi arte ez zaio iruditu kanpoan horrenbeste denbora egon denik. Apustu egingo luke ezagutu duela. Beti gustatu izan zaio Aitor. “Ze guapa zaude”, esaten zion elkartzen ziren bakoitzean. Eskuinera biratu eta baserria ikusi du, eguzki begian, muinoaren puntan, bi uretako teilatu laranjatua, harrizko hormak, hiru solairuak, arku erdia atarian. Erraldoia iruditu zaio. Aita datozen orduetan hilko da. Ez dago itxaropenik. Klarak bidali zion azken mezua da. Itxaropenik. Ezin hitz okerragorik aukeratu. Zein desegokia hitza. Zein gezurtia hor. Santa Klara. Elenaren takoidun abarkek dar-dar egin dute enbragearen pedalean.

      Klararen autoa dago magnoliaren azpian, gerizpearen erdi-erdian. Gaurkoagatik sikiera, iritsiko zela jakinda, tokia egin ahal ziezaiokeen. Azken batean, magnolia hori berea da. Enbragea sakatuta dauka giltza ezkerrera eraman duenean eta autoak jauzi bat egin du, moxal batek bezala, teilatu hegalaren itzalaren marran geratu aurretik. Magnolia hori berea da. Aitak berea zela esan zion behintzat. Baina Klarak biona zela murmurikatzen zuen. Baserriko tokirik argienean dago; enborrari bira egin diote zakurrak eta berak, lore piloa dago lurrean, denak herdoilduta. Lorategiko jasminaren usain bere gusturako sarkorregia igo zaio sudurretatik eta hortentsia arrosen gehiegizko ugaritasunak ezustean harrapatu du, itzultzen den bakoitzean gertatzen zaio. Buztinezko ipotxak bezala sakabanatzen dira kala sortak, denak ahizparenak. Elenarentzat landareak motelegi mugitzen dira, animaliak nahiago ditu; askako arrain laranjak, adibidez. Baina bere magnolia beste zerbait da, haurra zenean igo eta adarretatik heltzen zion, eta jaietan erosten zizkioten puzgarriei bezala urrutira eramateko eskatzen. Etxera bueltatu den aldiro zakur ezezagun bat topatu du baserriko atarian. Atzetik doakionak ikusi duenean, zaunka egin eta buztana mugitu du aldi berean. Elena haren aurrean geratu, belauniko jarri, besoa jaitsi, ahurra ireki, eta bere eskua usnatzera hurbildu da zakurra. Artzain zakur eder eta handia da, katamotz belarriduna, zaharrak aukeratutakoa inolako zalantzarik gabe. Seguru dago Klarak ez diola etxean sartzen utziko.

 

 

Klarak Maxen zaunka entzun duenean jakin du Elena etxean dela. Aitari begiratu eta “iritsi da” esan dio ahots goran, “hemen dator izarra, Hollywoodekoa” gehitu du bere baitarako. Max berehala isildu da. Ahizpa txikiak animaliak sorgintzeko dohaina du. Behiekin, ardiekin eta zakurrekin egiten zuen, arkumeekin bereziki. Aitak, liluratuta, begiratzeko esaten zion Klarari, Hamelingo txistularia zirudiela. Paper-zapi bat hartu eta aitaren ahoa hustu du. Hasieran, muki bigunen tankerako likido berdexka horrek oka egiteko gogoa ematen zion, orain ohitu egin da. Klarak inurriak ere ez ditu liluratzen, baina edozertara ohitzea dohain gisa aitortuko balitz, bera jainkosa litzateke, lilura tanta batere izan gabe ere. Ez ditu jasaten aitaren orroak, ez dio marru egiteari utzi sedatu zutenetik, marru egin eta likido berdexka hori produzitu. Eta, hala ere, okerragoa zen gaixo zegoenean.

 

 

Elena baserrira sartu eta begi-kolpe batean jabetu da barrua Klararena dela. Maleta sarreran utzi eta ingurura begiratu duenean, dardarka sumatu ditu berriro takoiak. Atzera begiratu dio maletari eta damutu zaio abarketa horiek jantzi izana. Takoiek boteretsu sentiaraziko zutelako ipini ditu, ezartzen dioten ibiltzeko modu horrengatik, baina kristalezkoak dirudite orain. Altzari batzuk tokiz aldatuta daude, beste batzuk desagertu egin dira eta ezagutzen ez duen hainbat dago. Aldaketarik handiena, nolanahi, sukaldean egoteko gela bat asmatu izana da. Garai batean, sukaldea zen egongela bakarra eta han prestatzen zizkion berak kafesneak zaharrari. Azken bisitan azukre-zorro osoa botatzen utzi zion eta bibote mardulean geratu zitzaizkion tantek samurtasuna lehertu zioten. Kafesnea puntuan zegoela esan zion zaharrak. Ezkutuan eman zion azukrea, ordurako Klarak debekatua zuen. Diabetesagatik. Sarreratik maleta eraman, eta egongela-sukalde hartan ezagutzen duen objektu bakarra dela iruditu zaio. Zakurra kanpoan geratu da.

      Elenak eskailerak mailaz maila igo ditu takoiak airean eramanda. Gurasoen logelako atartera iritsi denean izoztuta geratu da, begiak baino ez ditu mugitu. Zaharra ohean etzanda dago, geldi, orro estrainio bat egiten du, ematen du urezkoa, itsas ur nahasiena. Ezin du osorik ikusi, Klararen gorputza dago traban. Gimnastika irakasle alemaniar baten moduan mugitzen ditu zaharraren gorputz atalak. Gurasoen logelako atmosfera ezaguna egin zaio. Itzalez betetako argiztapena eta komoda hori, urre koloreko heldulekuak dituena, gaztainazkoa; haren azpian ezkutatzen zituen zaharrak Gabonetako opariak, Elenak kuxkuxeatzen zituenak. Klarak zokomiran harrapatzen zuenean, lehenengo aukeran salatzen zuen. Baina usain arrotz bat dago, ez da bere zaharraren izerdi usain garratza edo bizar egin berriaren lurrin freskoa. Gaixotasunaren eta botikaren nahastea da, aratzaren tonu batena.

      Zaharraren arnasak hurrengo olatu orroa dakar, gero eta luzeagoa da gailurrean dagoen unea, apnea hori, beti azkena dirudiena. Biratu eta etorri den bidetik alde egingo luke.

 

 

Klara jertse finaren mahukak ukondoetara igotzen ari zen Elena eskaileran gora zetorrela entzun duenean. Erraza izan da ahizparen mugimenduak antzematea, hala izan da beti, ezkutaketan jolasten zirenean berehala aurkitzen zuen, magnoliara igota egoten zen gehienetan. Ontzia ur epelarekin bete, eskuoihala busti eta aurpegia igurtzi dio aitari, ez da ahizparengana jiratu. Aitaren beso bizigabea altxatu eta, eskuoihala besapetik eraman dion bitartean, ahizparen gorputza aitaren tankerakoa dela pentsatu du. Doi-doiak dira biak, atal bakoitza bestearekin ezin hobeto ezkontzen diren gorputz horietakoak. Elenaren zangoak luzeak dira, orpoak finak, lepoa beltxargarena, begiak handiak eta jade kolorekoak, gerrian nahikoa bihurgune, ez gehiegi, eta perfektuki egokitzen zaion Kleopatraren sudurra aurpegia erdibitzen. Aitak ere halako gorputza du. Orain, giharrak desagertuta eta urritasunean ere, ez zaio doitasuna ezabatu. Hil dadin nahi du Klarak, behingoagatik hil dadin. Elena iritsi eta berehala hilko dela uste du, haren zain dagoela.

      Klarak zalantza egin du, agian ahizpari esan beharko lioke behean ikusi ez dituen altzariak garajean daudela, nahi dituenak hartzeko. Baina ez du egin, ez luke hitzekin asmatuko, ez daki nola hitz egin ahizparekin. Kosta egiten zaio aitaren gorputza maneiatzea. Herenegun sedatu zuten. Ordutik kimioterapia saio hura etortzen zaio errepikakor, detaile guztiekin, aita ospitale osoa dardaratzeko moduan zurrunga egiten ari zenean, besoa ukituta isilarazi, eta denen aurrean agiraka egin zioneko hura, denen aurrean berari buruz esan zituenak. Eskuoihala indarrez xukatu du eta hortzak estutu ditu nahi gabe. Klarak lepoa egingo luke ahizpa etxean sartu, bere ardatzean itzuli bat egin, eta guztiari katu galduaren begiekin begiratu diola. Gurasoen logelan ez dute inolako aldaketarik egin, aitak ez zien artikulatutako ohe bat ipintzen utzi, bere logela beti bezala egon zedin nahi zuela eta kito. Nekez jarri du albo batera bizkarraldea garbitzeko. Medikuak egun gutxiren buruan hilko dela esan zion, bihotza geratu bezain laster. Klarak bularrean jarri zion atzo belarria eta bihotzak taupaka segitzen zuen orroen artean.

 

 

Elenak ez dio ahizpari begirik kentzen, zapia busti eta bihurritu. Zaharra berea balitz bezala maneiatzen du. Haren gorputzak arina dirudi Klararen eskuetan. Ahizpak mugimendu batekin alboz jarri duenean, aurpegi betea ikusi dio, eta ikusitakoak atzeraka egin dio. Begiak itxita, bibote zabala, bizarra eginda, azala hori, inoiz erori ez zaion ilea aurpegia betiko moduan enmarkatzen, marra alde batean. Elenari lekuz kanpokoa iruditu zaio zaharraren ile iraunkorra. Baina okerrena ahoa izan da; ahoa zabalik ikusita, orroak are ezerosoagoak egin zaizkio.

 

 

Klarari, eranskailuak bereizi eta pardela ipurdipetik ateratzeko tira egin duenean, lepo atzea uzkurtu zaio. Titiak beti egin zaizkio pisu; hainbesteraino, txikiagotzeko ebakuntza egitea pentsatu duela inoiz. Ez du sekula egin eta lepoaren azpian konkorra dauka orain. Aitak, sedatu aurretik, garrasika deitu zion suhiari, Klararen senarrari. Bere azken oihua izan zen. Klarak ez zuen jakin nondik atera zuen indarra, nola egin zion iskin kimioak utzitako txirula ahotsari. Fundamentuzko kafesne bat eskatu zion suhiari, fun-da-men-tuz-ko-a. Klarak ez zuen sekula kafesnea aitaren gustura egitea lortu: beroegi, hotzegi, kafe gehiegi, gutxiegi, kikara horretan ez. Gainera, azukre zorroa emateko agintzen zionean, ezetz esan eta aita sutan jartzen zen. Aita zainketa aringarriak behar zituen terminala zela esan ziotenetik, azukrea nahieran eman eta Elenari hots egin zion. Lanera deitu, lankideak han zegoela esan, itxaroteko eskatu, telefonoaren beste aldean murmurio bat entzun, eta erratu egin zela, Elena kanpoan zegoela esan zion azkenean. Klarak mezua bidali zion telefonora, baina sekula ez du erantzuten. Aitaren gorputz biluziak ez dio inolako erreparorik sortzen, baina aitak, itzarrik zegoenean, suhia eskatzen zuen dutxan laguntzeko eta Klarak, lepoko mina ez areagotzearren, eskertu egiten zuen. Indarra ahitzen ari zaio, eskuek huts egiten diote. Elenak, atetik, ez du zirkinik egin eta Klara luzatu egin da garbiketan. Are, inoizko garbiketarik luzeena egin du ohearen beste aldera joan eta ahizpa aurrez aurre hartu duen arte. Beti bezain lirain dirudi. Bigarren begiratuan, ordea, higatuta ikusi du.

 

 

Bata bestearen ikuseremuan dago.

      — Itzuli zara —esku bat aitaren bularrean jarri eta bestea sorbalda azpira eraman du, gorputza biratu eta itzuri egin die ahizparen begiei.

      — Bai —badaki ahizpak hasieratik jakin duela han zegoela, zakurraren zaunka entzun duenetik ziurrenik—. Zein da zakurraren izena?

      — Max. Ahoa garbitu behar zaio. Biriketatik igotzen zaion likido berdexkak ahoa betetzen dio eta orro artean itoko dela ematen du —egin bitartean esan du.

 

 

Elenak ahizpari begiratu dio paper zikinak ohe ondoan berariaz jarritako zakarrontzira bota dituen bitartean. Ontzia beteta dago, eta bere buruari aitortu dio ezingo lituzkeela zaharraren izterrak durduzatu gabe ireki, are gutxiago barrabilak eta zakila ukitu, ezta paper-zapiak aho orrolari horretan sartu ere. Ez zion erantzun ahizparen deiari eta, zaharra hilko zela zioen mezua irakurri zuenean, ez zuen berehala dena utzi, hegazkin batean sartu eta baserrira itzuli. Denbora behar izan zuen, beti behar izaten zuen. Itxaropenik ez dago. Elena ez da santa. Akaso beste era batera egin lezake berak? Klararen moduan ezingo luke, hori badaki, eta Klararekin bere erara egin behar dira gauzak edo ezin dira egin. Bi mototsak guraizez moztu zituenekoa etorri zaio gogora, Klarak belarrondokoa eman zion ilea baimenik gabe moztu zuelako. Zaharrak errieta egin eta eskua luzeegia zuela esan zion ahizpa zaharrenari. Hura gertatu eta pixka batera, magnolia eman zion Elenari.

 

 

Klarak semearen kolonia hartu du gau-mahaitik, usain fresko pixka bat, logelan dagoena estal dezan. Gorputz osoa fumigatu dio lepotik behera. Sedazioaren aurretik etxean sartzen utzi zion Maxi, salbuespen gisa, aitari agur esan ziezaion. Aitak hamaika laztan egin zizkion. Klara gauero sartzen da dutxan gorputzean geratzen zaion kiratsa azaletik erauzteko, gorritu arte marruskatzen du. Kakaoa eman dio aitari ezpainetan, ez du garbiketa saioa amaitu nahi. Isiltasuna gero eta lodiagoa da. Hainbat maniobraren ostean pijama jantzi eta, ohetik apartatuta, leihoraino joan da. Lepoa luzatu du; bizkarra, besoak eta eskuak gogortuta dauzka. Magnolia ikusten du. Haren itzalean bere autoa dago eta teilatuaren hegalaren azpian ahizpak ekarri duena. Magnolia berea dela esaten du Elenak, badaki orain ere hori pentsatzen egongo dela. Ez daki aitak berari eman ziola lehenago, gustura esango lioke saihetsetan labana bat sartu nahian bezala, baina ez dio esan, pentsatu egin du bakarrik.

 

 

Elena aitarengana hurbildu da eta pijama marradunaren urritasunean bere zaharra errekonozitu duen unean bertan ukitu dio eskua. Atariko atea ireki dela entzun, eta Maxen zaunkak ezkutatu du une batez zaharraren orroa.