Argialdiak
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
Azala: Maite Gurrutxaga
Miriam Luki
1973, Urretxu
 
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
aurkibidea
 

 

Nora

 

 

Iheslaria nonbaitetik egotzia izan den pertsona bat da,

baina inora ez doana ez duelako nora joanik.

Slavenka Drakulic

 

 

Komunean sartu da. Sartzeko denborarik izango ez balute bezala borrokatu dira bi eskumuturrak heldulekuarekin, barruan zoruraino irristatu eta belaunak bildu ditu besoetan; orduan atera zaio aienea saihetsetatik. Ezagun zaio. Dardarizoa eragiten dio gizon horren presentzia hutsak, gorputz osoan. Komuna txikitu egin da, pilatutako kaxak handitu, izerdiak kopeta eta bular artea bete dizkio, sabela nahasi zaio, ez du gainean txizarik egin nahi.

      Altxatzeko keinua egin du, galtzak eta kuleroak orkatiletan dituela iritsi da konketaraino. Urez busti du garondoa. Eulien gorputzetako eztandak entzuten ditu lanpara urdinaren kontra amiltzen direnean. Ispiluko bere irudiari begiratu gabe, labearen txirrina entzun duelako irten da komunetik. Baguetteak ateratzeko eskularruak jantzi eta labea ireki du, atera den bafada egunaren sargoriarekin nahasi da. Orrazkera deseginda irten da dendaostetik.

      — Joan da —dendako aulki bakarrean eserita dagoen agureak esan dio, bereziki ozen.

      — Eskerrik asko, Emilio —erantzun dio berak, bereziki baxu.

      Hasi dira bezeroak joan-etorrian eta Nora ez da geratu eguerdiko une berriro jendetsuaren aurretik dagoen tarte laburrera arte. Orduan, baguette egin berri bati koskorra moztu dion bitartean, komunera eraman duen gizona, gizon hori, ez dela hura esan dio bere buruari, jakin badakiela, baina zerbait ikusten duela harena honen begietan. Aiztoaz erdibitu du ogi puska eta urdaiazpikoz bete du agureari emateko. Emiliok makila askatu, eskua luzatu, hamaiketakoa hartu eta lepoa biratu du Norari begiratzeko. Zuhaitzen adarretara igotzen urteak eman dituen animalia dirudi. Zaharraren eskuetako zainak ukitu ditu lipar batez eta on egin dio. Eguerdian itzuliko da mutikoa eskolatik.

      Okindegia Norak hartu zuenean bezala dago. Ogiaz gain, esnea, latak, litxarreriak, ardoa, kafea, azukrea, ozpina, olioa eta gozoak —ugari— saltzen ditu. Lehenengoz sartu zenean atzeraka egin zion, harrizko kaxa laukizuzen baten barruan sartzen balego bezala izan zen, zulo batean. Gerora, San Pankrazio bat oparitu zion auzoko andre batek eta, muzin ez egitearren, apal batean jarri zuen, nahiz eta santuetan ez duen batere sinesten. Andre berak ekartzen dio astean behin perrexila santuaren oinetan jar dezan. Ez dio zimeltzeko astirik ematen. Ereinotza ekarri zion beste batek, dendak aurrera egin zezan babestuko zuela. Hura ere okindegiaren sakonean jarri zuen eta hautsa batu da hostoetan. Apalategiek U bat osatzen dute mostradorearen inguruan. Apal batzuk altuegiak dira eta maila bat erosi behar izan zuen goikoraino iritsi ahal izateko; aurreko ugazabak oso altua behar zuen. Mostradorearen ezkerrean hozkailua dago, horizontala, kristalezko erakusleihoduna, neonezko argi zuria barruan. Argi horrek argiztatzen du okindegia. Hantxe daude york urdaiazpiko eta txorizo enpaketatuak, izozkiak eta eulietatik babesteko sartu dituen txokolatezko pastak. Landare bakarra sakoneko apalean dago, lorerik gabeko orkidea maskal bat; aurrekoak utziko zuen ziurrenik, ez zaio izpirik iristen. Ez du ematen bizirik iraungo duenik.

      Haren senideek goizetan ekartzen dute Emilio eta baserrira eramaten dute eguerdian. Ez du apenas entzuten eta gutxi hitz egiten du, baina ez du hitz egiten ahaztu nahi, hori esanda eskatu zion dendan egon ahal izatea. Bezeroek diosala egiten diote eta hitzen bat edo beste trukatzen du haietako zenbaitekin. Nora batzuetan beldur da ez ote den halako batean sua piztuko baserrian, Emiliok sugarrak entzun ez, eta ez ote den han bakarrik kiskaliko. Sudurra handia du, belarriak bezala, urteek biderkatu dute; euli bat pausatu zaio, ez du eulia uxatu. Sudur zuloetatik ateratzen zaizkion ileak bibotekoekin txirikordatzen dira. Ile urdina du, luzexka, marra erdian orraztua, sendoa. Betaurrekoak puskatu zitzaizkionean zinta isolatzaile apur batekin konpondu zizkion Norak, eta hala daude, zinta beltza bistan ezkerreko besoan. Begi berdeak urritu zaizkio oihandutako bekainen azpian. Koadrodun alkandoraren mahukak ukondoetan bilduak ditu eta aurreko botoien artetik ile zuriak ageri dira. Norak baietz esan zion, okindegian egon zitekeela. San Pankrazioren hatz erakusleraino joan da eulia eta han geratu da, belatzaren eran. Arratsaldeetan denda itxita dago.

      Plazara irten da. Alderik alde begiratu du gizona handik ez dabilela ziurtatzeko, eta tokiz kanpo dagoen limoiondotik erori diren limoiak jaso ditu; azala lodiegia dute baina usaina zabalduko dute dendan. Kanpoan ez dago itzalik. Itxi aurretik andre bat sartu da adaxka batekin, azkeneko ezki-loreak direla esan dio, dendan jartzeko, oso ongi ematen dutela limoiarekin. Etxerako bidea eguzki galdatan egin du semearen eskutik.

 

 

Norak marrak egiten dizkie ogiei ahorik gabeko aiztoaz. Mutikoa eserita dago eta oinak ez zaizkio lurrera heltzen, aulkiaren hanka batean bermatuta dago motxila. Liburuaren gainean kakotuta, marrazkiak begiratzen ditu, erakuslearekin letrak azpimarratu eta hotsik atera gabe ahoskatzen ditu hitzak. Panpina aurpegia duelako neskatzat hartzen zuten txikiagoa zenean eta ilea mozteko eskatu zion. Arras moztu zuenetik ez da horren ilehoria —gaztaina kolorekoa bihurtu zaio ilea—; hezur finak ditu eta gorputza egunetik egunera ari zaio luzatzen. Liburua gorde du eskolara joateko ordua iritsi denean, bere kasa abiatu da, oso handia dirudi. Nahiz eta autorik ez etorri, zebra-bidean geratu eta bi aldeetara begiratu ostean gurutzatu du, txikituz doa haren silueta. Mutikoa joan eta Emilio iritsi da, sinkronizatuta daude.

      Erlojuari begiratu dio Norak. Hamarrak eta laurden. Gizona dagoeneko ez bada agertu ez da jada agertuko. Ordu bertsuan joaten da ogia erostera, baina ez egunero, hori ona da agertzen ez den egunetan. Gaur, adibidez. Ikuskizun egote horrek ahitu egiten du halere, azken batean beti hor balego bezala delako.

      Mehe dagoela esan dio zaharrak, ozen. Gehiago jan behar duela, orain urte batzuk luma baten eran altxatuko lukeela. Bezero guztiek diote haizea gogor dabilela. Haizea ez da gai txarra auzoko hildakoen eta gaixotasunen zerrenden aldean. Batek esan dio lainoak korrika doazela eta irteten denean poltsikoetan harriak sartu beharko lituzkeela. Txirrinak jo du, eta dendaostera sartu da. Halako batean, sarrerako atearen danbatekoa entzun, eta ikara igo zaio oinetatik. Ateratzen ari zen altzairuzko erretiluak ihes egin dio, lurra jo, eta eskuak belarrietara eramanda oihu bat isildu du. Burua dendaostetik atera duenean Emilio ikusi du eserita, gorputza aurrera, bi eskuak makilan bermatuta eta belaunak irekita. Atea baino ez da izan, haizea eta atea izan dira. Sartu da berriro dendaostera eta, belauniko, erretilua jaso du, ogiak banan-banan hartu, eta putz eginez kendu die hautsa. Mantso ibili da, baretzeko, baina eskumuturrari heldu behar izan dio dardarizoa gerarazteko. Ubeldu arte estutu du. Aspaldiko ezagunak ditu azaleko beltzuneak.

      — Lasai, hego haizea da —esan dio Emiliok, ozen, ateak beste danbateko bat jo duenean.

      — Gorroto dut hego haizea.

      Eguerdiko haizea deitzen diote berean. Ezinegona eragiten dio; haize horrek dena okertzen du. Mahukari tira egin dio hatzekin ubeldura estaltzeko, eta erratza hartu du. Limoiondoak ez lituzke hostoak galdu behar, hori uste du, baina hosto piloa sartu da dendan. Bildu ditu obalatuak, horituegiak, gaixotuak. Ezkiaren hosto hezurtsuak, bihotz txiki hori horiek ere agertu dira nahas-mahasean; haizeak ezkiari erauzitako fruitu iletsu biribil bakarren bat ere bai. Atea ixteko ahaleginean haizeak eramango zuen beldur izan da.

 

 

Goizean logelako leihoa ireki du eta elurra ari zuen mara-mara. Erortzen entzun du eta ederra iruditu zaio; ez zekien elurra erortzen entzun zitekeenik. Baina neguko botak erosi behar izan ditu, butano gehiago gastatzen du eta elurra hasi zenetik Emilio ez dute eraman.

      Okindegiko atea ireki denean hotzaren usaina sartu da. Bezeroa nor zen ikusi duenean zangoak makaldu, eta Emilio egotea desiratu du. Ez da altua, ez da baxua, ez da ederra, ez da zatarra, ez da potoloa, ez da mehea. Gizon normala da. Baina bada hustasun bat haren begietan ezaguna egiten zaiona. Antzik ez dute bestela eta ziur dago hau ez dela hura. Ziurtasun horrek ez dio halere ezertarako balio. Hura izango balitz bezala da.

      Kanpotik entzun du bere ahotsa gizonaren egunonari erantzuten. Ogia ordaintzeko eman dizkion txanponak erori egin zaizkio mostradoretik hartu nahi izan dituenean. Belauniko jarri behar izan du jasotzeko eta butano-berogailuaren azpian ezkutatu dena biltzerakoan masailak sutu zaizkio. Gizonaren begiak iltzatuta sentitu ditu atzean, dortoken oskola nahiko luke beretzat. Altxatu denean izerdi hotzak busti du kopetatik behatz arteraino eta kutxa erregistratzailea irekitzen ikusi du bere eskua. Agur esanda atera da gizona okindegitik, normal-normal.

      Dendaostera sartu denerako ezin du arnasarik hartu, bihotza atera beharrean dauka, horman bermatu du sorbalda eta arrastaka eraman du behera lurrean esertzeraino, belaunak bildu, eskuak forropolarraren azpian sartu eta harramazka egin die bularrei. Hau ez da hura, baina gauean maletak egiteko promesak baino ez du baretu.

      Egunak aurrera egin du, oharkabean. Udaletxetik dendaren atariko elurra kentzeko pala ekarriko diola agindu dio bezero batek, bestela norbait jausiko dela. Norbait aipatu duenean bere burua ikusi du erortzen, eta elurra odolez bete da. Palarekin jaso du eguerdian, kostata osatu ditu bi mendi okindegiaren sarreraren alde banatan. Sekula ez du hainbeste elurrik ikusi, berenean ez du egiten.

      Hotzak sartu da dendara elurra noiz kenduko desiratzen, zatarra begitandu zaio behin zapalduta. Denda itxi du. Mutikoa eskutik darama. Ilun dago kanpoan, goizean eguna argitu ez balu bezala. Une batez ez daki ziur hori bere mutikoa den, ezta emakume hori bera den ere. Elurretan bere oinen lorratzak laga nahi dituela esanez askatu, eta korrika irten da semea.

 

 

Mutikoa behar baino goizago sartu da dendan. Hamar eta erdiak baino ez dira. Kolpatuta dauka ezkerreko begia, hazita, gorritua. Galtzetako ezkerreko belauneko oihala urratuta dago eta orban gorri bat zabaldu da, zauria bistan. Ez du negarrik egiten. Arroparen barruan txikiagoa ematen du orain.

      — Zer gertatu da? —galdetu dio Norak belauniko jarri eta gerritik helduta.

      — Nire izena ahaztu zait —erantzun dio lotsagorrituta.

      Dendaostera eraman eta galtzak jaisten lagundu dio Norak. Ur epelarekin bete du ontzi bat, ebakia nahiko sakona da; orkatilaraino iritsi zaion odola xukatu eta zauria garbitu dion bitartean Noraren eskuei jarraitu die, hipnotizatuta. Izozkailutik jelak atera, trapu batean bildu hazitako begiaren gainean jar dezan, eta bakarra beharrean bi begiak estali ditu mutikoak.

      — Zure izena Pau da, baina hemen Jon zara —esan dio Norak belauna igurtzi bitartean.

      Mutikoak trapua erretiratu du bere izen zaharra une batez ikusi nahi balu bezala. Gorde. Norak Emilioren txistua entzun du orduan. Bezeroak daudela adierazi nahi dio, eta txistu horrekin zehazki gizona datorrela. Utzi du mutikoa dendaostean eta mostradorean jarri da. Gaur kukua lehenengoz entzun duela esaten sartu da gizona, pozik, eta Emiliok aspaldi entzun duela erantzun dio, ozen; ez dagoela hor inolako nobedaderik.

      Gizonak berrogeita hamar eurokoa eman dio. Ogiak bat eta hogeita hamabost balio du. Ezin da dendaostean ezkutatu, ezin ihes egin. Billeteak dar-dar egin du bere eskuan. Tximak ateratzen zaizkio adatsetik. Sartu du billetea kutxa erregistratzailean eta hasi da txanponak zenbatzen gizonari lepoa emanda. Haren begiak sumatu ditu bizkarrean. Gizon horrek egitura apurtzen dio, beste ni batera itzultzen du. Gorroto du nirik gabeko ni hura. Txanponak eta billeteak eskuan dituela biratu eta, luzatutako haren eskuan uzterakoan, ukitu egin du une batez. Goragale deskarga bat etorri zaio, ezin da tokitik mugitu, oinek ez diote erantzuten, bere haurra kolpatuta dago, masailak piztu zaizkio, ezin da komunean ezkutatu, gizona badoa, atea itxi da, arnasa hartu du.

      — Hurrengoan berriro ez etortzeko esango diot —Emiliori hitz egin bitartean mototsa berregin du.

      Dendaostean, mutikoaren aurretik pasatu denean, laztan bat egin dio ilean. Komunean sartu da eta eskua igurtzi du konketan indarrez. Lehortu, komuneko tapa ireki, belauniko jarri eta oka egin du. Altxatu, atondu eta urarekin garbitu du ahoa. Mostradorearen parean jarri denean Emiliori begiratu dio eta irribarrea ikusi dio bibotean.

      Hurrengo bezeroak atea ireki duenean, haize leunari esker, ezkiaren usaina sartu da limoiarekin nahasita. Udaberria suabe datorrela esan dio, hala ebatzi dutela tenporek.