Argialdiak
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
Azala: Maite Gurrutxaga
Miriam Luki
1973, Urretxu
 
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
aurkibidea
 

 

Inbasioa

 

 

Ez daukat zalantzarik, burua handitzen ari zait. Nire gorputza hauts bihurtuko da laster eta burua baino ez da geratuko. Buru oso-oso handi bat lurrean pirritan, biraka. Eta sudurretik eroriko zaizkio katu itxurako betaurrekoak. Egun asko daramatzat etxetik atera gabe. Burua inbaditua dut. Inbaditzaileak izar, planeta, satelite, kometa eta asteroide fluoreszenteak izan zitezkeen, baina hizkiek eta zeinuek inbaditu naute ni. Itxialdi honek hitzen presentzia areagotu du nigan. Areagotu aditza txiki geratzen da. Nire burua handitzen ari da eta hitzengatik da. Gauero, oheratu aurretik, deitu egiten dit berak. “Zer moduz eguna?”. “Ondo”, eta nire ahotsa entzuten dut egunean lehenengoz. Bera nire bikotekidea da. Ez da nirekin bizi, beste etxe batean dago itxita, eta ez daki burua handitzen ari zaidanik. Itzultzailea da ni bezala. Bera ere inbaditua dagoen, nik hori ez dakit. Gertatzen ari zaidana ulertzen saiatzen naiz. Ulertzeak lagunduko didala esaten diot neure buruari. Pasadizoak aztertu, erreplikatu eta xehetasunei erreparatu; lorratzak tokirik pentsaezinenean ager daitezke, hori beraren esaldi faboritoenetakoa da. Ideia osoa berea. Baina hori iraganera joatea da eta iragana ebitatu egiten dut buruarena areagotzen duelako. Hau, dagoeneko, hamahirugarren itxialdia da. Etxe honetan hiru ate daude: logelakoa, komunekoa eta sarrerakoa. Lan-mahaitik dena ikus dezaket. Ikusten dudan hori da, hain zuzen, nire zerumuga bakarra. Faltan ditut zerumugak. Agian, itsasoaren aurrean jarriko banintz, hitzak nire burutik aterako lirateke, alfabeto eta zeinu guztiak banan-banan, desfile batean. Berari ez zaio itsasoa gustatzen; hemen balego, zehaztuko luke gustatzen ez zaiona harea dela. Itxialdian etxeak toki segurua dirudi, baina egunero gertatzen da zerbait. Leihoa ireki eta euli bat sartzen da. Edo txorrotatik tanta bat erortzen hasten da sistematikoki. Edo, iluntzean, kamioia ikusten dut zaborra biltzen egongelako leihotik. Nik izenak bilatzen ditut euliarentzat eta, izena bilatzen diodan bitartean, etxe barruan aske balitz bezala hegan egiteko duen gaitasunagatik miresten dut. Txorrotatik ateratzen ari den tantari onomatopeia aurkitzen diot —izan liteke plop—, eta harago joaten naiz beste hizkuntzetan plop berbera erabiliko den asmatzeko, horrek pentsakor uzten nau eta hori, nire egoeran, oso arriskutsua da. Edo zabor-biltzaileen hiztegian egon daitezkeen berariazko hitzen bila abiatzen naiz, eta zabor, biltzaile, birziklapen eta edukiontzi hori, urdin, berde, gris eta marroi baino ez aurkitzea etsigarria egiten zait eta, hala ere, naturala dela esaten diot neure buruari, ni sekula ez naizelako zabor-biltzailea izan. Dagoeneko nabarmena da burua handitzen ari zaidala, gero eta pisutsuagoa da, gainera. Berari ez diot gertatzen ari zaidan honi buruz ezer ere esan. Esango lukeena badakit. “Zoratu egin al zara? Inori ez zaio burua bat-batean handitzen”. Hitzengandik urruntzeko saiakera egiten ari naiz. Etxean itxi eta berehala, kamelia bi brodatzen hasi nintzen toalla zuri batean, gurutze-puntuan, biak sepia kolorekoak, hura baitzen etxean nuen hari kolore bakarra. Nire inizialak josteko tentazioa izan nuen, hala egin izan zuelako gure amak. Inizialak aukeratuz gero, lana askoz ere errazagoa izango zatekeen, izan ere, argi dago kamelia bakoitzak inizial biek baino puntu kopuru askoz gehiago daukala. Baina nire kamelien aldeko hautuak ez zuen zenbakiekin zerikusirik izan. Zenbakiak hezurren modukoak dira niretzat eta handitzen ari zaidan buru honetan ez dago zorionez haientzako tokirik. Zero toki. Hizkiak eskulanetara eramatea dementziazkoa iruditu zitzaidan orain nagoen egoeran egonda, besterik gabe. Berak izugarri maite ditu zenbakiak, hala izan da betidanik. Irakurri gabe bueltatu zidan erakutsi nion lehenengo itzulpena eta agindu zidan, lehor, aurrena orrialdeei zenbakiak jartzeko. Astean behin, eguzkia erretiratzen denean, lan egiteko aulkitik altxatu, eta zintak, potoak eta orkideak ureztatzen ditut. Berak landare gehiegi ditudala esan zidan etxe honetara etorri zen azken egunean. Ureztatzen ari nintzen batean ingelesezko erasure aditzaren buruhaustearekin nenbilen. Itzultzen ari nintzen testurako ordainik egokiena aurkitu behar nuen. Ezabatu ala ahaztu? Ahaztu aditzaren alde egiten ari nintzen bi orkidea nanoak harraskara eramateko hartu nituenean. Zergatik nanoak? Besteak baino askoz txikiagoak dira, hori hala da, horregatik dira nanoak. Memoria, bestalde, ez da ezabatzen, asko jota ahaztu egiten da edo zokoratu. Pentsamendu horrek ahaztu aditzaren alde lerratu ninduen. Orkidea nanoen adarretatik lore asko zegoen zintzilik, ohiko orkideetatik baino dezente gehiago. Ez ditut sekula loreak kontatu. Hosto piloa duen orkideak oihana dirudiela pentsatzen ari nintzen. Zenbat hitz etor daitezke aldi berean? Horrek inbasioaren marka behar du. Aditzondo berak balio du etxean itxita nagoen egunetarako. Asko. Berak, gauero, nor bere etxean itxita gauden egunen kopurua esaten dit. Hau da, egunen kontua darama. Bi kontu dira zehazki, bata itxialdi guztiak aintzat hartzen dituena eta bestea itxialdi honetan daramatzagun egunen kopuruarena. Berarekin ez dut, noski, erasure aditzari buruzko erabakia partekatu, bere iritzia emango zidan eta. Etxean itxita nagoela esan dut, baina datua ez da erabat zehatza. Hitzordu bat iristen zait. Astero supermerkatura joateko egokitu zaidan txanda bidaltzen didate telefonoz: eguna eta ordua. Hitzorduari men eginda etxetik ateratzen naiz eta ilara segitzen dut supermerkatu kanpoan. Txanda ematen didatenean berehala egiten dut erosgaien zerrenda. Barazki latak, lixiba horia, ogia xaflatan, almendrak, gatza, ekilore olioa, arroza, komuneko papera eta txerri haragia, erosteko modukorik bada behintzat; arrainik ez dago jada, ez bada latan datorrena. Zerrenda idatzi egiten dut, baina buruz ikasi beharra daukat supermerkatura ezin delako paperik eraman, debekatuta dago. Zerrendak burua handitzen dit. Azkenaldian, zerrendatik kanpo uzten ditut bera txoratzen duten ozpinetako luzokerrak. Ozpin usain horrek nazka handia ematen dit; egia esateko, jasangaitza egiten zitzaidan hatzak ozpinetan sartu eta luzoker bat ateratzen ikustea, baita hortz artean ebakitzean egiten zuen zarata hura ere. Bera etxera zetorrenean beti nuen ozpinetako luzoker poto bat hozkailuan. Hotzak gustatzen zaizkio. Supermerkatuan burua handitzen ari zaidanaren seinale gehiago izaten ditut. Beldur naiz norbait konturatuko ote den, horregatik joaten naiz txanoa jantzita. Ilaran, metro eta erdikoa da bataren eta hurrengoaren artean gutxieneko distantzia derrigorra. Ilarak eten puntuak dira. Denbora-pasa batean agertutako cartoncillo hitzaren itzulpenaren aferarekin joan nintzenean otu zitzaidan metafora eta, gogoan badut, egun hartan ilaran gertaera ezohiko bat jazo zelako da. Gertakizun haren ondorioz burua askoz gehiago handitu zitzaidan. Zer esan nahiko zuen egileak gaztelaniazko cartoncillo hitzarekin? Paper xafla bat, bai, ohiko papera baino sendoagoa ziurrenik, kartoi itxurakoa? Ilarak luze jo zuen. Ordurako murrizten hasiak ziren supermerkatu barruan egon zitekeen pertsona kopurua. Ilarak oso poliki egiten zuen aurrera. Cartoncillo ziurrenik paper itzuliko nuela pentsatzen ari nintzen aurreko andreak hitz egin zidanean. Burnizko harridura marka batek kolpekatu zidan barrutik burua. Kolpe latza. Hasieran, ez nion ezer ere ulertu, tupustean hartu ninduen. Eta hala izan bazen, ilaran hitz egitea debekatuta dagoelako da. Berez, egin daiteke, baina debekatuta dago ahoa irekitzea. Cartoncillo hitzaren ordaina erabat ebatzi gabe nuen andreak araua apurtu zuenean. “Zuk ezagutzen duzu B., ezta?”. Nik ez nekien andre ezezagun hark ezagutzen ninduenik ere. “Bai”, xuxurlatu nuen. “Zer?”. “Ezagutzen dudala”. “Ba istripu bat izan du eta, aurrekoek diotenez, oso larri dago”. Gure atzeko andreak murmurioa entzun, eta galdera egin zidan. “Zer dio?”. Nik ahots baxu-baxuan erantzun nion. “B.-k istripua izan duela eta larri dagoela”. Konturatzerako bere atzeko gizonarengana bihurtu, eta nik nahi baino ozenago hitz egiten ari zen. “B.A.-k istripu larria izan du eta hiltzeko dago”. Ni zuzentzen saiatu nintzen, “ez, ez da B.A.”. Andreak ez zidan entzun eta bere hitzak atzeraka zabaldu ziren ilararen dominoan. Marmarra ahoska zitekeen. Supermerkatuaren atera iritsi nintzenean, erdi zorabiatuta nengoen eta artilezko txanoaren hariak lehertzeko zeuden. B.-ren istripua, cartoncillo auzia eta buruz ikasitako erosketa zerrenda, den-dena batera nire buruaren koktel-ontzian. Jakina, zeharo handitu zitzaidan. Supermerkatuko zaindaria beti da gizon berbera, ez da polizia zehazki baina supermerkatu barruan polizia izango balitz bezala da. Ez da zorionez nire burua handitzen ari denik konturatu. Nolanahi den, ez dakit horrek noiz arte iraungo duen. Supermerkatuan nostalgia sentitzen dut. Esate baterako, tomate laten aurrean nagoenean, gogora etortzen zait garai bateko tomate poto hura, non etiketa noski gorri batean solo pomodoro, mai vista una polpa cosi jartzen zuen. Orain, supermerkatuko produktuak gero eta antzekoagoak dira eta ez da kristalezko potorik ikusten. Nik dakidala ez da debekatu dituztelako. Berari galdetuko nioke ea kristalezko potoak debekatu dituzten, baina akaso aspaldi debekatu zituzten eta nik ez dut jakin. Hala balitz kokola esango lidake, eta nik ez nuke jakingo benetan uste duen kokola bat naizela, ala samurtasuna adierazteko bere modua den. Litekeena da hemengo supermerkatura kristalezko potorik iritsi ez izana. Nik badaezpada ez diot galdetu. Burua handitzeaz gain, nire gorputza mehetzen ari da. Horrek zer pentsatua eman dit eta pentsatzeak burua handitzen dit. Mehetuz joan naizelako handitu zait burua ala burua handitzen ari zaidalako nago meheago? Badakit berak, ezbairik gabe, mehetu naizelako dela esango lukeela. Gauero, hitz egiten dugunean, “ongi jan duzu?” da egiten didan beste galderetako bat, are gehiago, zer jan dudan zerrendatu behar izaten diot. Batzuetan gezurra esaten diot, gezur horretan seguru sentitzen naiz. Hala ere, gehienetan berak hitz egiten du. Ni konforme nago ez ditudalako bere isiltasunak jasaten, hain justu, horrexek adierazten didalako hitz egiteko nire txanda iritsi dela. Bere hizketaldietan musikari buruzko hitzaldiak ematen dizkit, melomanoa da, musika klasikoa gustatzen zaio bereziki. Azkena Villa-Lobos musikagile brasildarrari buruzkoa izan da. Goitik behera kantatu zidan haren biografia eta belarritik urrundu zuen telefonoa nik Bachianas Brasileiras No.5 entzun nezan. “Aria hau... Ez al da zoragarria?”. “Bai”. Ez naiz ausartzen une batez ere telefonoa belarritik urruntzen, amaitzean galderak egiten dizkidalako. Oraindik ez diot esan azken itxialdi honetan musikarik ez dudala entzuten, ez bada berak etxeko lanak bidaltzen dizkidanean. Maria Callasen ahotsa faltan sumatzen dudan arren, ez ninduen jada hunkitzen, letrak buruan jasotzen saiatzen nintzelako, ondoren itzultzeko: La mamma morta, m'hanno alla porta della stanza mia. Moriva e mi salvava! Berak beti esaten du ez dela oso Callas zalea eta nik uste dut hori esaten duela Callas popularregia iruditzen zaiolako. Edonola, hitzik gabeko doinuei hitzak asmatzen edo hitzei ordainak bilatzen nizkiela konturatu nintzenean, musika entzuteari utzi nion. Nire ogibideak berak, argi dago, zaildu egiten du hitzak saihesteko nire asmoa. Lera ematen duen lanerako aulkian esertzen naizenean, bizkarrak min ematen dit. Buruaren pisuagatik da. Aipatu ditut erasure eta cartoncillo. Guardia hitzarena ez zen samurragoa izan. Burua ikaragarri handitu zitzaidan. Berak oparitu zidan arasan, egongelakoan, kristalezko ateak dituen arasa zahar eta tokiz kanpoko hartan daude etxeko eskuliburu, estilo liburu, hiztegi eta gida guztiak. Ale bat atera, erabili, eta berehala gordetzen dut bere tokian. Berak ordenaren eroa naizela esaten dit alderrai utzi dituen liburukiak jasotzen ditudanean. Hezkuntza Ministerioak eskuliburuak argitaratzen ditu, non ikasmaterialetarako hizkuntza arauak ezartzen dituen; araugileak soto batean irudikatzen ditut, koma perfektuen artean arauak eta gomendioak produzitzen, ilunpetan. Gauza Publikoen Ministerioak dokumentu publikoen itzulpen arauak biltzen dituzten eskuliburuak argitaratzen ditu. Ondoko sotoan daude hauek ere, ilunetan seguruenik. Hizkuntzaren Akademiak hiztegiak, eskuliburuak eta arau zerrendak egiten ditu, zahar usaina duen kaobazko paraninfo batean egongo direla pentsatzen dut, sabaian Michelangeloren Jainkoak Adam hatz bakarrarekin sortzen duenekoaren kopia egongo da margotuta. Egunkari printzipalak ondutako estilo liburua eta beste zenbait hiztegi dauzkat baita ere. Plazaratzen dituzten arauak eta gomendioak ezin dira hari bakarrarekin josi. Batzuetan atzokoak ez du gaurko balio eta beste batzuetan honentzat balio duenak ez du horrentzat balio, ezta harentzat ere. Niri horrek burua zeharo handitzen dit. Berak, nik ez bezala, beti-beti daki non aurkituko duen bilatzen ari den hori eta, areago, hitz elkartuek marratxoa noiz duten jakiten du inolako ezbairik gabe. Azkenaldian azentuak zuzentzen dizkit, “Ipárragirre”. Guardiaren inbasioaren egunean, arasa ondoko aulkitik altxatu eta ogi txigortu xafla baten bila joan nintzen sukaldera. Xafla zatika murtxikatuz jan nuen, poliki, nahi beste zarata ateraz. Murtxikatu bitartean, aurrean banu bezala entzun nuen bere ahotsa: “Jaterakoan harrabotsa egiten duzu, saia zaitez ahoa ixten”. Laguardia ala Guardia. Gauza Publikoen Ministerioak badu udalerrien izenen zerrenda bat, baina niri hotza ematen dit. Zerrenda hori da, hain zuzen, berak gehien erabiltzen duena. Niri gehiago gustatzen zaizkit akademiaren kontu zaharrak. Onomastika batzordeak Guardia hobetsi zuela dioen dokumentua esku artean nuela, aste hartan bertan supermerkatuan ikusi eta memorian galdutako zerbait etorri zitzaidan burura. Galdu bai, baina ahaztu, ezabatu, zokoratu ez. Supermerkatuan gizon bat ikusi nuen bere zapataren zola zimurtuak zoru lauarekin estropezu egiten zuen bitartean. Galtzen azpildurak altxatu zitzaizkion eta ez zeraman galtzerdirik. Bisioak erasan egin zidan. Zergatik zihoan galtzerdirik gabe negua bazen? Zergatik konturatu nintzen ni? Zenbatekoa zen galtzerdi ezak ezartzen zuen biluztasuna? Zer esan nahi zuen? Eta, batez ere, zergatik lotu nuen galtzerdi hura iraganeko tren-bidaia bateko beste batekin? Orduantxe sentitu nuen, bazetorren, ezin izan nuen geratu, iragana. Aspaldi, Milagrora bidean, kontrako noranzkoan zihoan trenak norbait harrapatu eta txikitu zuen. Gure trenak aurrera egin ahala, gorpuzkiak agertu ziren trenbidean. Galtzerdi bat ikusi nuen, odolez bustia, baina oinik ez. Amaiera etorkizuna bada, iraganak ez du etenik. Ez nuen Milagroko oroitzapenetan sartu nahi. Ez nuen oroitzapenetan sartu nahi oro har. Begiak itxi eta albait estutu nituen irudi hark beste bati lekua egin ez ziezaion. Zaparrada gera zedin. Hainbeste indar egin nuen burua handitu zitzaidala. Orduan, begiak zabaldu eta esku artean nuen dokumentuan Lapesa izeneko baten hitzak irakurri nituen eta denak egin zuen okerrera. Dokumentuak zioenez, Atalaya arabismoa da, Guarda eta Guardia gotikoak dira jatorriz, latinezko especulum eta miraculum dira Espejo eta Milagro izenen jatorriak. Milagro. Hasteko trenbideko galtzerdiarena, gero miraculum. Eskuak lokietara eraman nituen. Izugarria zen bi eskuen arteko distantzia. Burua erraldoia zen. Iraganak luizi baten eran irentsi ninduen, hizki guztiekin. Eta, hala ere, ez nuen burua lehertuko zitzaidala sentitu, ikaragarri handitzen zela baizik. Milagroko udarak, mertxikak, erreka eta zeruertzak, neguko lanbro betikotua, ikatzezko sukaldearen epela, abuela hura, haren natillak eta mina, giltzaz itxitako tiraderak —1960ko barruko kamiseta erabili gabeak ireki gabeko plastikoetan—, etxe kanpoko pikondoaren usaina udan, eltzeak sabaitik zintzilik inoiz eskorta izandako etxolan, barruko egongela bat egotekoa ez zena, ohe turkoak, iluntasuna, oihu txikiak, barruko kamiseta haiek jantzi ez zituzten hildakoen zurrumurruak. Buruak egundoko tamaina hartu zuen denbora gutxian, hainbesteraino ezen gautu zuenik ere ez nintzen ohartu. Durduzatuta nengoen deitu zidanean. “Zer moduz eguna?”. “Ongi”. Eta isilik geratu zen. Segundo luzeak izan ziren. Guardia auziaz hitz egin behar izan nion, zertaz bestela? Ez nuen beste irtenbiderik aurkitu. Guardiaren alde egin nuela esan nion eta isildu nintzenean galdetu zidan: “Guardia, bai?”. Zalantza zabaldu zuen nire baitan. Eta orain euli buruhandi bat sartu da egongelan. Hau inbasioa da.