Liztor mutanteak
Liztor mutanteak
2022, narrazioa
144 orrialde
978-84-17051-88-4
Azala: Lander Garro
Santi Leoné
1972, Iruñea
 
 

 

Ezagutzen duten mutiko arraroena naizela erran didate

 

 

5.

 

Bazter batetik iduritu zaio heldu dela boza. Boza baldin bada. Oporraldia akituta eta kasik gauza guziak autoetan sartuta, bertze haurren bila igorri dute gurasoek. Ez zuen harat-honat ibiltzeko gogorik batere, baina hor zegoenez, bada, tokatu egin zaio. Suerte txarra. Ohiko tokietan —gorgoinetan, igerilekuaren inguruan, ostatu ondoko bankuetan— alferrik begiratutakoan, hona hurbiltzea bururatu zaio. Uste du justifikatua dagoela, ama ez zaiola haserretuko. Ez da, halere, sartzera ausartu.

      Berriz ere, boza —boza baita, dudarik gabe— urrundik ailegatu zaio; edo, hobeki erranda, hurbildik. Tira, nondik zehaztea da kontua. Beldurra alde batera utzita, pauso batzuk eman ditu Unaxek. Lagunek susto bat eman nahi diotela pentsatu du hasmentan, baina, ingurua behatu batean aztertuta, ez du altxaperik ikusi. Unax! deitu du, honetakoan inolako zalantzarik gabe, lehenagoko bozak; eta Unax!, hirugarren aldi horretan bertze boz batek errana. Akaberako ixak harritu du gehien oraingoan, haren ahoskera akasgabeak, ez Unatx, ez Unaks eta ez Unas: Unax, gurasoek, andereñok —eta Iruñean ia-ia bertze inork ez— deitzen dioten bezala.

      Unax! Hirugarren boz batek atera du bere pentsamenduetarik; orain, oihuen sorburua kokatu uste izan du, lehendabiziko egunean, kanpalekua zapaldu bezain fite amak debekatu zien —haur guziei edo berari bakarrik, ez daki seguru— zelai horren erdialdean. “Laguntza” eskatzen duen ahotsak konfirmatu egin dio hain zuzen ere toki horretarik heldu direla oihuak, eta lehen ixa perfektuak bezainbertze harritu du orain laguntza euskaraz eskatu izanak —aldi berean, eta abantzu nahi gabe, berak “lagundu” eskatuko lukeela pentsatu du Unaxek, aitak mila bider erran bezala; orobat, hau berriz amaren ahotik ikasia, gogoratu du pazientzia izan behar duela bere lagunekin, ikaskide guziek ez baitute euskara etxeko hizkuntza—.

      Laharren artetik sartu eta, sasi batzuk pixka bat baztertuta, argiago aditu ahal izan ditu bere hiru lagunen deiak —bai, zalantzarik ez da, Maider, Lorea eta Urtzi dira—, eta, dagoen tokitik metro batera-edo, zuloa ikusi du. Ertz batetik bere aurpegia agerian egotearekin batera, oihuak garrasi bihurtu dira —Unax! Unax! Laguntza! Hemen gaude! Unaaaax!—, urduritasuna, ezinegona eta poza nahasita.

      Unaxek beheiti begiratu du, serio, ezinezkoa balitz bezala bera izatea hain irrika handiz espero zuten Unax hura.

 

 

4.

 

— Zer duzu, Unax?

      — Ez dut ja, ama, egon trankil; ongi nago.

      — Seguru?

      — Baietz; utzi bakean, ez izan hain pelma.

      — Bueno, bueno, barkatu.

      Goiza Donibane Lohizunen eman ondotik —laugarren eguna da kanpalekura etorri zirenetik, etxera itzultzeko bezpera, eta ez zuten alde egin nahi zer edo zer erosi gabe—, haurrak gorgoinetara abiatu dira, helduek bazkaria prestatzen duten bitartean. Lehenago, dendaz eta turistaz enpokatua zegoen karrika hartan zebiltzalarik, Maiderrek keinu egin dio Unaxi, harengana hurbil dadin, eta belarrira xuxurlatu dio arrunt boz itsusia duela, hitzak sudurretik aterako balitzaizkio bezala, eta arras ipurdi handia eta gizena, eta eskolan guziek irri egiten diotela, xelebrea delako eta beti bakarrik eta bere buruarekin solasean ibiltzen delako, como si estuvieras chalao.

      Ama zer edo zertaz ohartu da zeren, mutikoaren aurpegi serioa ikusita, galdezka bezala begiratu baitio istant batez. Maiderrek bere irribarre eztiena eskaini dio orduan Saioari, eta honek, lasaitua edo, solasean segitu du bertze gurasoekin. Orain, kanpalekuan bueltan, amaren galdemoduak direla-eta berandu dabil berriz ere —pentsatu du kezkatua, burua ezker-eskuin inarrosiz eta ezpainak mugituz, buruan dituen solasak isilpean ahoskatzeko—.

      Gorgoinen parkera hurbildu ahala, harri handi baten gainean jarrita ikusi ditu hiru haurrak. Erdian dago Maider, eta bertze biak hark eskuan duen paper ttiki bati begira daude, irrika eta xuxurlaka. Lorea izan da Unax heldu dela konturatzen lehendabizikoa, eta berehala que viene, que viene hasi zaie bertze biei. Haien parera ailegatzearekin, Urtziren begiak bilatu dituzte Unaxenek, maiz mutikoaren begirada izaten baitu helduleku bakarra hirurak, orain bezala, berari kontra egiteko bat eginik daudelarik. Alta bada, honetakoan haren betazalak eta bekain finak bertzerik ez du ikusi ahal izan Unaxek, lur aldera so baitago Urtzi, irri lotsati bat egiten duela. E, ospa hemendik, hau ez zaizu-eta interesatzen, erran dio Maiderrek, erdaraz. Bai, joan ezazu, ondotik, euskaraz, Loreak. Bi segundoz esperatu du Unaxek Urtzirengandik hondarrean ailegatu ez den keinuren bat. Horren ordez, Maider mintzatu da berriz, lehen baino mukerrago: Joder, segi zure bizitza puta horrekin, eta utz gaitzazu bakean behingoz, ipurdi-handi ostia hori!

      Zabu batera abiatu da, kulunkatzera, bertze hirurek txutxu-mutxuka segitu duten bitartean.

      Amaren deia aditu orduko, gutienez berrogei minutu dira bakarrik dabilela kanpalekuko alde horri xarma ematen dioten etxolen arteko pasabidean, goiti eta beheiti. Irribarre baten arrastorik ez duen Saioaren bisaiaren gogorrak ulertarazi dio ratoxka bat daramala berari deika, eta lotsa pixka bat ere sentitu du mutikoak, ohartu gabe berriz ere aritu baita naski besoak airean mugitzen eta buruarekin keinuak egiten. Ez egin hori, erranen dio orain amak segur aski, saia zaitez normalago izaten. Baina Saioa ez bide dago haserre:

      — Zer ari zara hemen, bakarrik?

      — Deus ez. Pasieran.

      — Eta zure lagunak?

      — Gorgoinetan gelditu dira, baina ni aspertzen ari nintzen, eta ospa egin dut.

      Hiru segundo iraun duen isilunean, Unaxek desbideratu egin du begirada amaren begi miatzaileetarik.

      — Ongi ari zara pasatzen kanpalekuan?

      — Bai, ama, trankil.

      — Ez dira joan izanen toki hartara, zera, lehen egunean ez joateko erran genizuen toki hartara?

      — Ezeeetz, parkean direla.

      Bi segundo gehiago. Arreta handiz aztertu du lurra oraingoan Unaxek.

      — Bueno, bazkaria prest dago. Erranen diezu etortzeko, faborez?

      Bazkaldutakoan, halere, helduekin gelditu nahiago izan du Unaxek; Maiderrek postrea irentsi bezain fite, Loreak eta Urtzik hondarrak plater gainean utzita, ziztuan abiatu dira, artean Unax berea jaten ari zelarik.

      — Akitu ezazu lasai zure izozkia, ez duzu presarik. Berehala joanen zara haiekin —erran dio amak; eta une batez arraro begiratu die Maiderren gurasoei.

      Baina izozkia jandakoan ez da mugitu. Zangoak luzatu, ipurdia pixka bat aitzinera irristatu eta, burua aulkiaren bizkar deserosoan pausatuta, begiak hetsi ditu, logaleak balego bezala.

      — Zer, ezongixko zaude? —aitak—. Etxean ez du sekulan siestarik egiten. Nahiko nuke eginen balu.

      Mahai gainekoa biltzen hasi dira Urtziren gurasoak —platerak garbitzeko haien txanda da—, eta segidan heldu da Lorearen aita, eskuetan gintonic batzuk daramatzala.

      Lehendabiziko unean, Urtziren gurasoak itzuli bitartean, tontakerietan aritu badira ere, kontu serioak ekarri ditu gero solasera Luisek —eta horrek ere, aitak beti, baita lagun artean ere, gauza serioei buruz mintzatzeko duen joera horrek alegia, lotsa pixka bat ematen dio Unaxi, pentsatzen baitu bera besta zapuztailetzat hartzen baldin badute, akaso dela aita ere besta zapuztailea delako, harengandik heredatu duela jendearekin, edo jendea berarekin, ongi moldatu ezin hori, aitaren begiak, guziek diotenez, heredatu dituen bezalaxe—. Maiderren gurasoek, haatik, akaso Saioa eta Luis bezala irakasleak direlako, gustura hartu dute Unaxen aitak ateratako gaia, eta laurak hasi dira solas luzeak eta arraroak erabiltzen, eta Unaxek ongi ulertzen ez dituen gauzak erraten.

      Ea zein den historiaren pisua —handia, pentsatu du Unaxek, hain solasaldi astuna sorrarazteko— oraina ulertzeko. Eta aita tematua gibelera begiratu behar dela —Unaxek beti begiratzen du gibelera, komunean batez ere, ohatzera joan baino lehen hortzak garbitu bitartean, zonbi batek ez ote dion ustekabean gainera salto eginen; edo eskolan, gelakideek sustorik eman ez diezaioten, horrelakoetan eskapatzen ohi zaion oihuaren kontura irri egiteko gero— zernahi ulertzeko, batez ere desgraziak ekarri dituzten egoerak; gibelera begiratuz gero, beti aurkituko dugula gerra, edo krisia, edo dena delakoa eragin duen zioa —Unaxek ez daki zer diren krisia eta zioa—. Eta ama hasi da orduan, baietz, aurkitu aurkituko dugula, baina zerbait aurkitu nahi dugulako, gure ataka gaizto absurdoei zentzua emanen dien motiboa atzeman behar dugulako, baina, berez, jendearen gaiztakeria, zitalkeria, doilorkeria —Unaxek ulertzen ez dituen bertze keria batzuk ere aipatu ditu Saioak— dagoela egoera bidegabe gehienen azpian, eta, bertzalde...

      Mutikoari ez zaio gustatzen ama horrela mintzatzea, dena ongi ulertu gabe ere aise igartzen baitio haren jarioari batere gogoko ez duen teku mingots bat. Horregatik, bere pentsamenduetan ihes egin nahiago izan du —berak ere nahi luke denboran gibelera egin, egunez egun zer egin duen aztertu, egiten diotena zergatik egiten dioten ulertzeko—, besorik eta ezpainik mugitu gabe behingoz, eta, luze gabe, zera aditu uste izan du, ahapeka: Begira, lo dago, tapa ezazu toalla batekin, hoztuko baita bertzenaz.

 

 

3.

 

Aldiberekotasun kasik perfektuan, Maiderrek eta Urtzik besoak goratu, bi eskuekin airean hiruki baten forma osatu eta buruz beheiti murgildu dira uretan; hankak kanpoan dituztelarik, orduan ere mugimenduak sinkronizazio ezin handiagoz egin dituzte, eta, berriz ere burua urpetik atera dutela, eskuineko besoa goiti eta ezkerrekoa aitzinera luzatuta eman diote akabera ariketari.

      Txalo egin die Loreak, irribarre zabala aurpegian, eta zerbait erran dio Maiderri. Dagoen tokian, Unaxek ez ditu neskatikoaren hitzak aditzen ahal, baina naski mugimendu guziak ikasi dituela adierazi du, parte hartzeko prest dagoela, edo antzeko zerbait. Unaxek ia-ia nahiago luke beraz irri egiten ari izanen balira, baina aspaldixkoa du atzendua dutela, eta arruntean emanak direla gero gurasoei erakutsi nahi dieten igeriketa sinkronizatuaren dantza hori prestatzeari. Pare bat aldiz, aitarekin bota da ur txirristetan beheiti, eta gero erdi saltoka erdi lasterka aritu dira biak igerilekuan, baina, etxean ez bezala, hemen ahalketua sentitzen da gainerakoek aitarekin jostetan ikusten badute. Luis ohartu da horretaz, eta, haserre baina ez baitizute kasurik egiten erran ondotik, bertze helduengana urrundu da.

      Neskatikoen edo Urtziren gorputzen aldean, franko handia da Unaxena —ipurdi-handi deitzen diote batzuetan eskolan, edo jamoncete, edo, noizbehinka, puto gordo—. Ez kezkatzeko erraten diote Saioak eta Luisek, ez dagoela gizena, bere pisuan dagoela. Gizena ala neurrikoa, ez da trebea bere gorputza mugitzen, ez uretan —beldurra ematen dio, gainera, burua ur azpian sartzeak—, ezta uretatik kanpo ere —bi edo hiru urte dira, patioan, eskolako kiroletan parte hartzetik gelditu zela, taldeak osatzeko tenorean bera ez hautatzeko lehia nabarmenegia bilakatzen hasi zenetik hain zuzen ere—. Urtziri begira, ordea, ariketak ez du hain zaila iduri.

      Goizean mantsokara jaiki dira neskak —bezperan, Unaxen erloju digitalaren arabera 02:22an sartu ziren ohatzean—, baina Urtzik eta biek ez zuten logale handirik, eta, beti bezala, zortzietarako zutik ziren. Gorgoinetan ibili dira bi mutikoak, aulki banatan abiada bakoitzean nor igaten zen altuen, eta harrapaketan gero —Unaxek galdu du, baina ez zaio inporta izan, Maiderrek eta Loreak ez bezala, Urtzik ez baitu protestatzen kilikak egiten badizkio, eta ez du inoiz iraintzen—.

      Solasean aritu dira tarrapataka ibiltzeaz nekatu direlarik, banku batean jarrita; Unax ez da lekuz kanpo sentitu, zer erran ez dakiela edo erratekoa duena inori interesatzen ez zaiola, taldeetan gertatzen ohi zaion bezala, maiz iduritzen baitzaio zuzen-zuzenean Martetik —edo Venusetik, urrunago dago-eta— ekarriak direla guziek natural-natural aipatzen dituzten kontu gehien-gehienak.

      Ea oraindik Lorearen mutil-laguna den galdegin dio Urtzik; eta, ondotik, haren mutil-laguna zelarik, ea noizbait musurik eman ote zion, baina ez mazelan, ezpainetan baizik. Baietz, behin eman ziotela musu elkarri, Loreak proposatuta, duela hiru urte-edo, bortz urte zituztelarik. Urtzik eskua hartu dio alegia deus ez, eta, Unaxen begiak bilatuz, berak ere jakin nahi lukeela nolakoa den musu bat ematea. Begi politak dituela pentsatu du Unaxek, eta aurpegi ederra, eta, eginahal ttiki bat eginez gero, bai Lorea eta bai Maider eta bai gelako bertze edozein neska —Olatz izan ezik, harroputz ergela delako—, bai eta Mario ere —ikastolan guziek maritxua deitzen diotelako— prest egonen liratekeela hari musu emateko; horregatik ez du sobera ongi ulertzen zertara heldu den Urtziren ahotsean sumatu uste izan duen etsipen arrasto hori. Unaxek, halere, ez du gogo handirik Loreaz mintzatzeko, nobioak izateari utzi ziotenetik neskatikoak etengabe mespretxuak egiten dizkiolako; horren aldera, jakinen balu nola, Urtziri galdeginen lioke zenbaitetan zergatik tratatzen duen berak ere hain gaizki, bi neskatikoek bezain gaizki kasik, eta, bertze zenbaitetan, zergatik diren gauzak hain errazak bien artean, baina ez du anitzetan buruan ibiltzen zaion galdemodu hori hitzetara ekartzeko bide egokirik aurkitu.

      Geroago, aldiz, igerilekuan, fitekara utzi du Urtzik Unax alde batera, Lorearekin eta Maiderrekin sarrixeago helduen aitzinean antzeztuko duten ur koreografia prestatzeko. Hasmentatik gelditu da Unax pixka bat aparte, asmatu nahi duten dantza akuatikoaren pausoak zein izanen ziren erabaki baino lehen ere onartu izan balu bezala bera ez zela piszinako ariketa hori egiteko gauza izanen, osatuko zuten koreografia zein-nahi ere zen. Buruak elkarrengandik hurbil, bertze hirurak ideiak purrustaka botatzen ari diren bitartean, ondoan egon da Unax zenbait minutuz, irribarrea aurpegian, mutikoarengandik edo are bertze bi lagunengandik taldean integratuko duen keinu salbatzailea noiz ailegatuko zain.

       — Unax, etorri! Goazen txirristetara!

      Aita da; lasaitu gazi-gozoa hartuta, harengana abiatu da.

      — Aitarekin noa, segidan naiz hemen berriz ere. Gero arte!

      Inork ez du erantzun.

 

 

2.

 

Xarmanki pasatu dute goiza kanpalekutik hurbil dagoen hondartza batean. Haurrak eta helduak batera aritu dira jostetan, pilota batekin hasmentan, eta olatuei itzuri egiten geroago. Bueltako bidean, halere, aitaren ondoan ibili da Unax, hondartzarakoan komiki haren kontura pixka bat zirikatu baitu Maiderrek; zorionez, Urtzi tontakerietan hasi da, eta, horri esker, itsas bazterrerainokoa ez da zitekeen sufrikarioa izan. Goizak aitzinera egin ahala iduri luke hiru umeei lekutu zaiela batzuetan izaten duten Unaxi eraso egiteko gogoa: olatuekin harrapaka ibiltzeaz nekatu direlarik, kasik gustura, kasik eroso aritu da hizketan gainerakoekin, laurak harri banatan jarrita zirelarik, helduengandik metro batzuetara.

      — Ezagutzen duten mutiko arraroena naizela erran didate.

      Kanpalekurakoan aita hartu du bidelagun Unaxek susmoa baitu aspertuz gero, ez diotela bakerik emanen, eta ez du nahi deusek zapuztu diezaion taldean bertzeak bezala solasean aritu izanagatik orain sentitzen duen bozkarioa.

      — Nork erran dizu hori?

      — Loreak. Eta Maiderrek ere bai. Bueno, denek. Eskolan ere erraten didate.

      — Arraroa izatea ez da txarra. Horrek erran nahi du berezia zarela, gustu diferenteak dituzula.

      Unaxek ez daki berezia izatea, aitak dioen bezala, hain ona ote den. Ez daki aitak hori nola jakiten ahal duen. Iduritzen zaio Luisi gustatzen zaiola pentsatzea bera ere berezia dela, arraroa dela, gauza ezohikoak egiten dituela eta gutiri gustatzen zaizkion gauzak gogoko dituela, baina bertze helduek ez diote horregatik irri egiten. Ez da gauza bera.

      Arratsaldean, askaldu eta gero, Urtzik eta bi neskatikoek eremu debekatura joatea erabaki dute. Unax ez zatekeen ausartuko amaren debekuari muzin egitera, baina bi neskatikoek, Urtziren isiltasuna lagun, argi utzi diote —zuk ez etorri, erran dio Loreak— ez dutela berekin nahi.

      Lagunak salatu nahi ez dituenez, eta Saioaren balizko itaunketa zorrotz bati buru egiteko indarrik ez duenez, bakarrik ibili da harat-honat, besoak inarrosten dituela —estralurtarrek erasotzen diotela imajinatzen, edo munduko mendi errusiar handien eta azkarrenean dabilela—, afaltzeko tenorea izan den artio. Laurak batera azaldu dira orduan Lorearen gurasoek duten etxolan. Afaldu ondotik, helduak honetaz eta hartaz aritu dira mahaiaren bueltan; ondoko gelan, arratsaldeko balentriak gogoratu dituzte hiru haurrek, Unax gogaitzen den bitartean; zorionez, hondarrean, Loreak kartetan aritzea proposatu du, aitak esplikatu baitio nola jokatzen den musean, keinu eta guzi, baina nahitaez bikoteka jokatu behar da: Unax Urtzirekin erran dute bi neskatikoek batera. Elkarri begiak kliskatzen eta mingaina disimuluan ateratzen aritu dira, irri-ajataka, Unaxek bere erloju digitalean goizeko 02:22 direla ikusi duen artio.

 

 

1.

 

Hondarrak izan dira ailegatzen. Unax hiruretarako prest bazegoen ere —kanpalekura joateko erosia zioten tixerta jantzita, jostailuak bilduak, hortzak garbi—, berant egin zaie abiatu orduko: Luisek, beti bezala, siesta egin du sofan, eta, bitartean, Saioa ibili da mutikoa entretenitzen. Atzerapena dela eta, kanpalekura joatearen abenturaren nerbioei bertzelako nerbio batzuk gehitzen zaizkie orain Unaxen buruan: mutikoa beldur baita bertze haurrek jokoan sartzea debekatuko ote dioten, jokoa hasia delako aitzakiarekin kanpo utziko ote duten. Ez litzateke lehendabiziko aldia izanen, eskolako patioan hainbatetan baztertu izan baitute, gelatik ateratzen azkena izan zelako estakuruarekin.

      Nolanahi ere, marrazkiarena gertatu baino lehenago hasi zirela erranen luke, baina egia da komikiak gauzak are gehiago makurtu zituela. Komiki harengatik berriz ere kargu hartuko dioten ere beldur da, baina autotik jaustearekin batera irribarretsu hartu dute Loreak, Maiderrek eta Urtzik. Honek Hola, Unas erran dio, hortz guziak agerian, besoa igurzten diolarik. Zatoz jolastera?

      — Aita, ama, banoa.

      Eta laurak elkarrekin joan dira.

      Meriendan erran die Saioak guziei, baina batez ere Unaxi begira, ez joateko kanpalekuko bazter batean dagoen laharrez beteriko zelai horretara. Ez gara joango, erran diote laurek irribarrea aurpegian. Ongi pasatzen ari zarete?, Saioak; eta baietz guziek, baietz Unaxek ere. Meriendatu eta gero, ordea, berehala bueltatu da Unax helduengana, azalpen handirik eman gabe. Gorgoinetan jostetan ari zirelarik, begiak hesteko erran diote bertze hiru haurrek, eta hamar artio zenbatzeko, baina bat, bi, hiru ozenki ahoskatzen ari zelarik, ziztuan abiatu dira, hor —lau, bortz— bakarrik utzita. Gurasoei nekatua dagoela esplikatu die, aita haserretuko baitzitzaion egin dioten amarrua —sei, zazpi— azaldu izan balie: ikastolako patioan ere behin baino gehiagotan prestatu diote tranpa bera, eta aitak, koleratua, beti erraten dio adi egoteko, engainatu nahi duten haur horiei erantzuteko ez dituela begiak hetsi behar, batez ere baldin badaki berarengandik ospa egin gogo dutela. Unaxi, baina, gaizki iduritzen zaio lagunei —horrelaxe deitzen baitie beti, nire lagunak— kasurik ez egitea; iduritzen zaio bere zeregina dela begiak tinko hetsi eta zenbakiak ia-ia oihuka zintzurretik kanporatzea —zortzi, bederatzi—, bertzeek ihes egiten dioten bitartean. Orduan, begiak berriz ireki —hamar!—, eta bakarrik dago, eta badaki alferrik ibiliko dela bere lagunen bila. Horregatik nahiago izan du, arratsalde partean, helduengana itzuli; horregatik, eta lehenago, enkontruak eta kanpalekuko giroak eta eskolatik kanpo eta Iruñetik urrun elkarrekin egoteak ekarri duen hasmentako euforia apaldu delarik, berriz ere zirika hasi zaizkiolako komikiaren kontura: Oso txarra zara dibujatzen, cómo lo vas a hacer tú así de bien, te lo hizo tu padre, eta andereñori erratekotan egon zirela komiki eder hura ez zela berak egina, aitak baizik. Culo gordo —edo puto gordo, Unaxek ez du ongi ulertu eta galdegin dio Maiderri berriz errateko, baina neskatikoak ez dio erantzun—.

      — Ongi zaude?

      — Bai, ama, arras ongi pasatzen ari naiz.

      — Iduritu zait serio zaudela.

      — Ez, ez nago serio.

      Amaren begirada hori.

      — Zertan ari zara, bada?

      — Deusetan ez. Pentsamenduetan.

      — Bueno. Lagundu nahi diguzu afaria prestatzen?

      Lorearen eta Urtziren amekin batera, hasi da Unax arrautza eta azenario eta patata egosiak zati ttiki-ttikietan puskatzen, entsalada egiteko, zoriontsu.

 

 

5.

 

Segundo bat bertzerik ez dela pasatu iduritu zaio Unaxi, baina putzuan daudenen garrasiek —Unax! Bilatu kuerda bat! Unax!— ohartarazi diote segur aski denbora luzea daramala zulo ertzean, zer egin ez dakiela. Zalantza, edo tentazioa, ordea, bai, motza izan da, baina ezin argiago sentitu du bere buruaren zoko ezkutu batean, oinaztura bat balitz bezala. Istant batez. Gero salto batean zutitu eta hasi da soka baten edo adar sendo baina aldi berean berak jasateko bezain arin baten xerka. Harrapatu duen soka, baina, izugarri fuertea ez izateaz gainera, ez da beharko luketen bezain luzea. Elastikoa erantzi du, sabel eta bular izerdituak agerian utziz, eta, sokaren mutur bat kamisetari lotuta erdietsi du behar duen luzera. Urtzi atera du lehendabizi, putzuko hiruretan meheena delako, eta, gero, bien artean Maiderri lagundu diote zulotik azaleraino doan pareta eskalatzen. Lorea izan da hondarrekoa.

      Espero zitekeenaren kontra, haurrak ez dira bibaka hasi. Arruntean desagertu dira arestiko espantuak. Isilune deseroso bat egin da; bat-batean, Urtzik besarkatu egin du Unax, honen gorputza bere indar guziarekin estutuz, eta lasterka abiatu da gero, gurasoengana naski. Unax bi neskatikoei begira gelditu da, irribarre otzan bat ahoan, haiengandik bertze besarkada bana espero balu bezala. Maiderrek haren begietara zuzendu ditu bereak, eta, soa gogortzen zaiolarik, hondarreko bi solasak ezin argiago ahoskatu ditu, zalantza arrastorik geldi ez dadin:

      — Baina si dituzu titiak, puto gordo.