Liztor mutanteak
Liztor mutanteak
2022, narrazioa
144 orrialde
978-84-17051-88-4
Azala: Lander Garro
Santi Leoné
1972, Iruñea
 
 

 

Erabakia

 

 

 

      Matar-se és una manera de trencar la inèrcia per sempre, o de passar a una inèrcia definitiva i acomplir així el seu destí.

      [Nork bere buruaz beste egitea inertzia behingoz hausteko manera bat da, edo behin betiko inertzia batera pasatzeko manera bat, eta horrela patua betetzeko.]

Imma Monsó, El pes inert d'un mort

 

      Nur sein Selbstmord war schließlich seine eigene Entscheidung und ganz aus ihm, dachte ich, so mag er am Ende, wie gesagt wird, noch eine triumphale Empfindung gehabt haben.

      [Azkenean, soilik suizidioa izan zen bere erabakia, zinez bere-berea, pentsatzen nuen nik, eta baliteke horrela akaberan, esaten den bezala, halako garaipen sentimendua izan izana.]

Thomas Bernhard, Der Untergeher

 

 

 

Diotenez, bi une izaten dira egokiak lanpostua —lana gustukoa izanda ere— uzteko: lankideak izerdi usainaren arabera bereizteko gauza izaten hasten zarelarik, edo, bertzenaz, zortzi urte pasatu eta gero, orduan hasten baita eguneroko errutina pisuegi bilakatzen. Pablorekin izan nuen adiskidetasunak eta haren bizimodu beti berdinak zortzi urte baino gehiago iraun zuten, eta lehendabiziko egunetarik —tira, oroimenean ditudan elkarrekin pasatutako lehendabiziko hitzorduetarik— lurrinik ez botatzeko eskatu zidan. Perfumeek aztoratzen zuten: Is it perfume from a dress, that makes me so digress? zen haren lerro gogokoenetarik, eta Pablok ez zituen digresioak gogoko. Hasmenta hau, adibidez, ez zitzaiokeen gustatuko. Has gaitezen, beraz, abiapuntutik.

Ortzegunetan hasi nintzen Pabloren etxera joaten, unibertsitate garaian, beti tenore berean, arratsaldeko 5etarik 6ak artio. Oroimenari kasu egitera, erran behar nuke seguru naizela beti garaiz ailegatu nintzela, edo kasik seguru, baina hala izan ez balitz, oroituko nintzen naski, puntualtasun faltak bere onetik ateratzen baitzuen Pablo; ez, ez dut uste etxe hartarik sekula 6ak baino lehenago, edo beranduago, atera nintzenik.

      Astero juntatzen ginen haren gelan, behin ere hutsik egin gabe: edo hala pentsatu behar dut nahitaez, haren errutinaren puzzlean tokia nola aurkitu nuen ulertu nahi badut bederen. Zeren izanen baitzen garai bat, nik gogoan ez badut ere, Pabloren ohitura guziak finkatu eta erabat mugiezin bihurtu baino lehenagokoa; izanen baitzen, baitezpada izan behar zuen, noizbait, haren bizimodua keinu errepikatuen zeremonia ezin aldatuzkoa bilakatu aitzin, izan behar zuen, nik arruntean atzendua badut ere, halako malgutasun bat haren mugimendu eta ordutegietan, halako askatasun bat tarteka jendearekin noiznahi gelditzeko; tarteka liburu berriak liburu-dendetan hautatu, orrialdeak behatz mamiekin ukitu, pixka batean gainetik irakurri eta, hondarrekoz, erosteko; haren cd bilduma osagai berriekin elikatzeko. Eta horregatik ezin da erabat baztertu inoiz ni ortzegunero Pablorekin nuen hitzordura berandu iritsi izana, ezta egunen batean, akaso gripeak joa nengoelako, edo ikasi behar nuelako, edo elkarrekin haserre geundelako —alta bada, egiatan haserretu ote ginen inoiz? Posible ote da hori pentsatzea, irudika daiteke haserre egon izanaren aukera bera ere, astero gai berberen inguruan betiko iritziak adieraztera, betiko komentario erdipurdikoak egitera mugatu bertzerik ez baginen egiten?—, azaldu ez izana ere.

      Noizbait, ezin zehaztu dudan egun batean, Pablok erabakirik ez hartzea erabaki zuen. Egia: hura ez zatekeen egoera esplikatzeko manera horrekin ados egonen; hark erranen zukeen erabakirik ez hartzea ez dela erabakitzat jotzen ahal, sofan goxo-goxo jarrita segitzeko ez baita kemen berezirik behar: izatez gerotan, nagikeria alde batera utzi eta zutitzeko behar dela erabaki batek eskatzen duen adorea bildu.

      Hori nolanahi den ere, Pabloren memoria dudanetik hutsik gabeko errutina ziren haren egunak: urtero, ehun liburu inguru irakurtzen zituen, beti berberak, beti hurrenkera berean, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte, eta urte berriarekin batera zerrendako lehendabiziko alea hartzen zuen berriz ere, berriz ere urteroko liburuak irakurtzeko. Nobela bat erosi nion behin, esker oneko solasik gabe onartu zidana; liburu bat opari ekarri nion bigarren aldian, egileari buruz —egilearen kontra— zer edo zer murmurikatu eta, gero, literaturazale amorratua ez izateagatik bere burua desenkusatuz, proposatu zidan ez ote nuen nahiago liburua hobeki preziatzen jakinen zuen bertze norbaiti eskaini.

      Film bat ikusten zuen larunbatero, amak herentzian utzitako vhs kaseteetan —berrogeita hamabi, osotara—, hauek ere beti hurrenkera berean. Berrogeita hamabi horiek baino film gehiago ezagutzen zituen, zatika bazen ere —film anitzen hasmenta ikusia zuen; arrunt gutiren akabera, ordea—; astean bitan edo hirutan, ezinen bainuke zehaztu, ordu bat pasatzen zuen telebistaren aitzinean, 10etarik 11k artio hain zuzen ere, zernahi emanda ere beti kate berean, bertze telebistetan edo bertze orduetan ikus litekeen horretaz behin ere jakin-min ñimiñoena erakutsi gabe.

      Gure hitzordu batean, komunera joan behar izan zuen aldi batean —hori ez zen gure enkontru guzietan gertatzen; zenbaitetan, hark ni egongela hartan bakarrik uzteak amorratzen baininduen, neure buruari galdegiten nion ez ote zen koherenteago izanen komunera ere beti tenore berean joatea, baina, egia erranda, zerk eskatzen du erabakimen handiagoa, zure behar fisiologikoak erritmo finko bati lotzeak, edo premia sentitzearekin amore emateak?—, telebista piztu eta bertze kate bat bilatu nion: hurrengo egunetan tertulia politiko finiezinak irentsi zituen astean bitan —edo hirutan?—, 10etarik 11k artio, sekulan protestarik egin gabe, ez bederen nire aitzinean. Lau edo bortz asteren buruan, naturaren bertze dei bat aprobetxatuz berriz ere hasmentako katea paratu nion; honetakoan ere ez nuen erreakzio arrastorik izan haren partetik.

      Lagun minak ginela idaztera tentazioa izan arren —eta Pablorekin nengoelarik hala ginela uste izaten nuen batzuetan—, irudipena dut arras guti dakidala hari buruz. Egia aitortzeko, ez nuke erraten ahalko nitaz aparte jende gehiago joaten ote zitzaion etxera bisitan —adiskide gehiago, erran nahi baita, bai baitakit andre bat arduratzen zela haren erosketak egiteaz eta otorduak prestatzeaz, errutina finko zorrotz baten arabera betiere—. Ez dakit etxetik inoiz ateratzen zen ere, ez dakit emaztekirik ezagutzen zuen; tira, ongi pentsatuz gero, ez dakit gaya edo heteroa ote zen.

      Sekulan ez baikenuen gai pertsonalik ukitzen. Behin, nire emazteaz galdegin zidan, interesa izan zitekeen tonu berezi batekin; nonbait berak ere guti zekien nitaz, ordurako aspaldi baitzuen dibortziatua nintzela. Bertze behin, bizimodu hura ez ote zen aspergarria sujeritzera ausartu nintzen. Ez dut haren ihardespena gogoan.

      Gauzak beti hurrenkera berean egiten zituen arren, zenbaitetan pentsatzen nuen patuak edo dena delakoak ausazko ekintzen lerro hura diferente antolatu izan balu, agian berak ere desberdin jokatuko zuela. Konparaziorako, martxoan irakurtzen zituen T.S. Elioten poemak; eta urtero erraten zidan, ez dakit txantxetan edo serio, suerte handia zuela, zeren poeta amerikarra apirilean leitzea egokitu izan balitzaio, bere halabeharrezko errutinan erabaki bat hartu eta aldatu behar zukeela: topikoei gorroto handiagoa baitzien, aldaketei eta erabakiei berei baino.

      Elioten gaineko komentarioak zer pentsatua ematen zidan beti: gustura bizi zen hauturik gabeko errutina hartan, halako armonia edo oreka kausitzen zuen egun eta jarduera beti berdinen zirkulu hartan, erabakirik hartzeko beharrik ez sentitzerainokoa, edo etsita onartzen zuen, inertziatik ez ateratzearen truke pagatu beharreko prezio gisa?

      Ikusi nuen hondar egunean, bigarren aukeraren alde eginen nukeen; gibelera begiratuz gero, berriz, ez nuke gizon tristetzat joko: bromazale ez bazen ere, zilegi litzateke haren ironia eta haren noizbehinkako komentario sarkastikoak umorearen eremuko azpikategoriaren batean sailkatzea. Ezohiko desanimoarekin hartu ninduen, ordea, elkarrekin egon ginen azken egun hartan. Une labur batez erausian aritutakoan, leihotik begira gelditu zen, eta isilunea deseroso bihurtzekotan zegoelarik, soa leihotik baztertu gabe, hau erran zidan:

      “Aspaldi, gazteago nintzela, liburu bat idatzi nahi zuen unibertsitateko nire lagun batek; nobela bat. Maisulana izanen zela erraten zion harrapatzen zuen jende guziari. Dena argi omen zuen buruan, bakarrik denbora zuen falta, tarte bat bere mahai aitzinean jarri eta idazten hasteko. Kexaka ibiltzen zen beti, lana zela, bere etxeko egoera zela, astia banu irakurleak txunditurik utziko lituzkeen nobela idatziko nikek, baina ez diat astirik, ez diat nire eguneroko martxa ero honetan zirritu bat ere nire maisulana idazteko. Hondarrean, denbora lortu zuen, eta orduan ikusi zuen buruko maisulan hura papereko erdipurdiko istorioa bihurtzen zela hitzak idatzi ahala”.

      Isilune labur bat egin zuen.

      “Betidanik iduritu zait alferrik ari garela, alferrik, gauza guzietan; beti pentsatu dut egiten ez dena dela obrarik ederrena, eta ezagutzen ez dena dela lagunik hoberena. Ama hil zenetik, hura gero eta maiteago dut, errazago egiten zait haren zera guziak barkatzea. Era berean, betidanik uste izan dut hartzen ez dena dela erabakirik hoberena. Orain ez dakit”.

      Etenaldi ttiki bat egin zuen berriz ere. Iduri zuen akitzen ari zela bere aitormena; ez zidan horregatik begiratu.

      “Bat-batean, inertzia hutsagatik bizirik egote hau nekagarri bilakatu zait, bizimodu honek ez nau asetzen, ez behinik behin lehen asetzen ninduen bezala. Nire bizitzan ez dut erabakirik hartu, eta ez dut erabakiak hartzen hasteko gogo handirik ere: lotsatiegia, ahulegia, beldurtiegia izan naiz beti. Baina sentitzen dut ez naizela nire bizitzaren jabe izan; horregatik, sikiera, nire heriotzaren gainean erabaki nahi nuke. Eta erabaki dut. Neure buruaz bertze egin nahi dut. Bertzelako erabakirik hartzeko koldarregia naiz. Bihar eginen dut. Arratsaldean”.

      Zer erran ez nekiela gelditu nintzen haren bat-bateko diskurtso intimo eta ezohiko hura adituta. Zutitu eta, Pablo agurtu gabe, lasterka atera nintzen haren etxetik. Gure ohitura guziak hautsiz, biharamunean jaiki bezain fite deituko nion ikusteko ea ideia zoro hura lekutua zuen burutik, gauzak ongi pentsa zitzala errateko. Oraindik ere ez dakit zerk harritzen ninduen gehien, hartutako erabakiak, edo erabaki bat hartu izanak.

      Gau hartan hil zen, burmuineko isuri batek joa.