Izurdeen aurreko bizitza
Izurdeen aurreko bizitza
2021, nobela
320 orrialde
978-84-17051-81-5
Azala: Unai Mateo
Kirmen Uribe
1970, Ondarroa
 
2019, poesia
2016, nobela
2012, nobela
2001, poesia
 

 

 

 

BIGARREN LIBURUA

(2020)

 

 

 

 

 

Mundu guztiak —gizonek, emakumeek, umeek— nahi zuen haren alboan egon, haren epeltasuna, maitasuna, adiskidetasuna nahi zuten. Eta eman egin zien berak askori, gehiegiri agian, neurririk gabe, oparo, sarritan ausartegi.

Angelika Schrobsdorff

 

 

 

 

 

Norbaitek bizia salbatu zidala sentitu nuen aurreneko aldia, Maider, zurekin izan zen. Tira, uste dut behin baino gehiagotan salbatu nauzula. Ez dut gogoratzen zehazki zenbat urte izango genituen, neskatoak ginela hori bai, ez hain txikiak, hamabi bat urte esango nuke nik, bakarrik joan baikinen haitzetara bainatzera. Amak beti esaten zidan arriskutsua zela han igeri egitea, konturatu gabe korronteak itsaso barrura eraman zaitzakeela. Eta egun hartan amak abisatu bezala jazo zen, segundo batzuk izan ziren, ezustean olatuek kanporantz ninderamatela sentitu nuen. Eta nahiz eta gogor igeri egin, besoei eta hankei ahalik eta bizkorren eragin, lehorretik urrunagotzen ari nintzela ohartu nintzen. Bertan itoko nintzen.

      Eta bat-batean, esku batek besotik heldu eta ur ertzera hurbildu ninduen. Zu zinen, Maider. Izututa begiratu zintudan, eta zuk irribarre egin zenidan, ezer gertatu ez balitz bezala, gertatutakoari larritasuna kenduz. Lehorrera igo eta eskuoihalarekin estali ninduzun. Nik amorruz estutu nuen toalla, begiak gorriturik Kantauri itsasoari begiratzen nion bitartean, irentsi nahi izan ninduen munstro likido hari.

      “Katu bat bezalakoa zara, ura ez da zuretzat”, esan zenidan. Zu, ordea, erabat akuatikoa zinen. Bainatzea ikaragarri laket zitzaizun, orduak eman zenitzakeen uhinen artean. Zuretzat herriko hondartza, Arrigorri, eremu aspergarria zen, haur txikidun familiez betetako leku motela, eta haitzetan, berriz, gure kabuz egon gintezkeen. Ni ez nintzen fidatzen gehiegi haitzez, amaren gaztigua jaiotzen zitzaidan behin eta berriz gogora, baina zuri ezetz esatea ezinezkoa zen. Edonora jarraitzen zintudan, ondorioak oso ondo neurtu gabe.

      Zu izan zinen nire lehen laguna, Maider. Ez dakit noiz ezagutu genuen elkar. Zenbat urterekin hasten zara lagunak izaten? Bostekin beharbada? Bada, bost urte genituenetik gara lagunak, ikastolan elkar ezagutuz gero.

      Beti bilatu izan dugu elkar. Luzaroan ikusi gabe egon arren, lasai sentitzen nintzen, argi neukan batera egongo ginela berriro. Behin esan zenidan: “Senargaiak izango ditut, baina horiek joan egiten dira. Eta zu beti egongo zara hor, ahizpa bat bezala. Ez, ahizpa bat baino gehiago. Hobeto ezagutzen nauzulako”.

      Txikitan animalia txiki bat bezalakoa zinen, basatia, mugitua, askea. Eta horixe nuen gustuko. Ez zara inoiz inorena izan. Ezta nirea ere. Nirekin zeunden nahi zenuenean eta nahi ez zenuenean, bada ez. Horrelakoxea zinen.

      Atx, itzuli ahal banintz haurtzaroko egun horietara. Zure amona Maidolosen sukaldera joan nahi nuke berriz, hango usainak hartu atzera, janariaren zaporea, emakume haren maitasuna sentitu. Ezkaratzean egoten zen beti, leku hura zuen bizilekua. Pentsatzen jarrita, ez zen izango ni orain naizena baino askoz zaharragoa, berrogeita hamar bat urte izango zituen asko jota, baina hori, orduko emakume batentzat, asko zen. Guretzat beti izan zen amona.

      Hura entzutea nuen gogokoena. Kontatzen zituen istorioek katigatu egiten zuten. Ematen zuen aspaldiko kontuak zirela bereak, eta zinez bestelako bizimodu bat azaltzen zuten, nahiz eta benetan hainbeste urte igaro ez izan. Berokiaren istorioa sekula ez dut ahaztuko. Gerraosteko garaiak ziren eta diru gutxi zegoen etxean. Orduko neskak paseatzera ateratzen ziren, zutenarekin. Besotik helduta ibiltzen ziren, errepidean gora eta behera. Baina Maidolosi bere neurriko beroki bat falta zitzaion. Denak zituen txiki edo zaharkituak. Egun batean, guardia zibil batek bere manta berdea petrilean utzi zuela ohartu zen. Hura konturatu orduko, lapurtu egin zion. Eta mantarekin beroki apain bat josi zuen, bere neurrira, beroki berde oliba-berde estua. Inork ez zuen susmatzen guardia zibil bati ebatsitako kapa zela, ezta guardiak berak ere, haizeak itsasora bota ziola usteko zuen. Eta horrela, zuen amona txairo paseatzen zen lagunekin, elkarri besotik helduta betiere, harro. Kontatzen zuenez, senarra ere horrela ehizatu zuen, beroki oliba-berde hari esker.

      Igandero, bi-bioi kroketa bana oparitzen zigun. Mahaira atera aurretik, eta gordean. Bero-beroak egoten ziren eta eskuak erretzen zizkiguten. Putz egin behar genuen ez erretzeko. Kroketak gure saria izaten ziren goizean mezetara joateagatik. Hori zioen berak behintzat. Eta astero galdera bera egiten zigun.

      — Mezetara joan zarete?

      — Jakina, amama.

      — Eta nork esaten zuen meza?

      — Bada, betikoak.

      — Bikarioak?

      — Bai, horrek.

      Bete-betean harrapatzen gintuen, baina berdin zitzaion. Hondarrez betetako oinetakoek salatzen gintuzten. Elizara baino nahiago izaten genuen hondartza txikira joan molusku ρimiρoak arrantzatzera. Orain, gaur egunetik, harritzen nau nola antolatzen genuen haurrok denbora garai haietan. Teknologia berririk ez zegoen orduan, saiatzen ginen denbora igaro zedin bestelako gauzak egiten, eguna betetzen hara edo hona joanda, mugituz. Irtenbidea beti zegoen bizitza errealaren azpilduretan, helduentzat ikusezinak ziren gauzetan.

      Nerabezaroan, larunbat gauetan ateratzen hasi ginenean, orduan ere amona Maidolosek erakutsi zigun esaera bat erabiltzen genuen gerra-oihu gisa. Hark kontatzen zigun bi laminen ipuina. Buruz genekien. Lamina bat ibaiaren iparraldeko ertzean bizi zen, bestea hegoaldean. Mutil gazte bat handik zehar paseatzen ikusten zutenean, honela esaten zioten batak besteari:

      — Lamina goikoa.

      — Zer dozu behekoa?

      — Egin ete leikixo gizon honi lakixo?

      — Bai, bere emazte onak ipini ez baleutso

      bozkotxako trapixo.

      Ez genekien oso ondo zer esan nahi zuten hitzok, baina buruz errepikatzen genuen elkarrizketa. Zu goiko lamina zinen eta ni behekoa. Edo alderantziz, ez naiz gogoratzen. Laminok eguneroko bizitzatik kanpo geunden, arriskutsuak ginen, harrapakina galbidera eraman genezakeen, eta baita zorionera ere.

      Maider, zu ezagutzea funtsezkoa izan zen nire lotsa gainditzeko. Zure babesarekin hazi naiz. Osterantzeko neskatilen artean oso ondo saltzen ninduzun. Pianoa fineziaz jotzen nuela esaten zenuen, hizkuntzak hitz egiten nituela, ikastuna, dena zehatz egiten nuela. Eta, ondorioz, inor ez zen ausartzen ni kritikatzera, zure aurrean. Edozeinekin borrokatzeko gai zinen ni defendatzeko. Ez dakit oso ondo zergatik, baina ez nuen harreman onik nire adineko gainontzeko neskekin, baina zurekin bai, Maider.

      Asteburuetako arratsaldeetan zinemara joaten ginen. Herriko ume guztiak, denak batera, zinean. Hain zuzen ere, 999 ume, zinemako bi solairuak betetzen. Entzule zaratatsuak ginen. Ez ginen aulkietan eserita geratzen, zutitu egiten ginen filmeko heroia goratzeko. Gu biok ohitura genuen goiko solairura joateko. Zenbat eta altuago, hobeto. Hantxe, proiekzio makinaren zuloetatik gertu, biniloak proiektoretik pasatzean ateratzen zuen tiki-taka entzunez. Maldaz behera ikusten zen pantaila, mendi batean bageunde bezala. Ordua baino lehen iristen ginen zinemako ateetara. Eta zain egoten ginen. Ateak irekitzen zituztenean, eskaileretan gora igotzen ginen korrika, ehunka haur oihuka, lekua hartu nahian. A ze irudia. Uste dut gomuta hori izango dudala nire azken egunean ere, haurrok eskaileretan gora, pozik, alegiazko munduez gozatzera.

      Filmak ez zuen axola, gehienetan oso zaharrak izaten ziren, 30, 40 edo 50eko hamarkadakoak, baina guri bost. Astero joaten ginen, negu euritsua laburtu egiten zuen zineak eta. Baziren urtero ikusten genituen filmak, baziren Chaplinen denboraldiak, erromatarrenak, edo westernak. Jokoekin, peontzarekin, kanikekin edo gomarekin bezala, film zaharrek ere beren denboraldia zuten. Eta zortea izanez gero, noski, hiriburuetan baino askoz geroago, iristen zen berritasunen bat. Ondo gogoan dut nolako ikusmina sortu zuten Ghostbusters, Annie edo ET filmek.

      Amak balkoitik begiratzen zigun zinemara joaten ginenean. Bi neska oinez eta berriketan etengabe, noizean behin espaloian urratsa geldituz, elkarrizketak hala eskatzen bazuen. Amak bere buruari galdetzen zion ea zertaz ariko ginen hain kementsu hitz egiten, zer ote zen gure gogamenak betetzen zituen hura. Horrela, kalakan, kale kantoia bihurritu eta haren bistatik desagertzen ginen.

      Gure xalotasunean, umezaroan, ez ginen gauza askotaz ohartzen. 70eko eta 80ko hamarkadetako alabak gara. Udan, ur zikinetan bainatzen ginen, portutik zetozen gasolio orbanen artean. Horrek, tristatu beharrean, alegratu egiten gintuen. Zerbait ederra ikusten genuen orban lohi hartan, eta “goazen ostadarraren barrura salto egitera”, oihukatzen genuen, liluraz beterik.

      Baina ostarku hura, distiratsua bazen ere, satsua zen. Ez zen benetako ostadarra. Eta haurtzaroak berak, nahiz eta eder gogoratu nahi dugun, baditu une zikinak, gasoliozko ortzadar hura bezain, edo areago.

 

 

New Yorken igarotzen dugun bigarren ikasturtea da hau. Uriren bekaren urtea bizkor joan zen. Uri, zu hasi zinen horrela deitzen, elkarrekin ateratzen hasi ginenean. Haren izena sekula ez zitzaizun atsegin izan, esaten zenuen serioegia zela berarentzat, ez zitzaiola egokitzen bere izaerari. Uri hobeto zetorkion zure ustez, uri, hiria.

      Badiotsut, liburutegiko urtea azkar igaro zen, hark ematen zigun segurtasun guztia. Atzean laga genituen Urirekin Gertrude Steinen irudiaren azpian geratzen nintzen garaiak. Bigarren urtean hasi ginen sentitzen zer den benetan New Yorken bizitzea, hiriaren egiazko neurriaz jabetzen. Badakizu zer esaten zuen Steinek berak? Bada bizitzan, behar direla bi bizileku. Lehena da jaiotzakoa, haurtzaroa igarotzekoa, babestua sentitzeko tokia. Eta bestea da zu zeu izango zaren lekua. Behar dela sorterria utzi, loturak hautsi hazten ikusi zaituen herriarekin, aske izateko. Horixe esan zuen bere neska-lagunari idatzi zion autobiografian.

      Lehen seihilekoan, Uri Columbian izan zen eskolak ematen, xxi. mendeko munduko literaturaz. Barnard Collegen irakasten zuen. Badakizu? Arau oso zehatzak eman zizkioten han irakasle izateko. Ezin zuen igogailua hartu emakumezko ikasle batekin batera. Ikasgelako atea zabalik izatea gomendatzen zuten, eta orobat, eta batez ere, norbaitekin bulegoan aurrez aurre eta bakarrik hitz egin behar bazuen.

      Barnarden Jenny Holzer artistaren eskultura bat dago. Holzerrek argizko letrak erabiliz egiten ditu eskulturak, etengabe mugitzen diren mezuak emanez, askotan poemak. Barnardekoa desberdina da. Lorategiko banku bat da eskultura, harrizkoa. Eta esaldi hauxe du zizelkatua: “It is crucial to have an active fantasy life”. Berebizikoa da fantasiazko bizitza aktibo bat izatea. Guk biok soberan genuen hori, ezta?

      Nik ere lan egiten dut, baina ez nirean. Ez dut nire arloan ezer aurkitu eta espainolezko eskolak ematen ditut. Curriculumak bidaltzen nituen, etengabe, baina ez zen ezer ateratzen, inor ezagutu ezean. Partikularrena ez da beste munduko lana, baina, hortik ateratzen dudan diruarekin eta Uriren unibertsitatekoarekin, lortzen dugu doi-doia hilabetea igarotzea.

      Urik agintzen dit poema liburuaren ingelesezko itzulpena Estatu Batuetan ateratzen denean hobeto ibiliko garela diruz. Eta gero nobela datorrela, eta bestea, eta bestea. Hala ere, aspaldian ez dugu argitaletxearen berririk eta urduritzen hasia naiz. Pandemiak, gainera, ez du lagunduko. Uri beti bizi da etorkizunean, zerbait ona gertatuko zaigula dio, ziur da horretaz. Baina niri nekagarria egiten zait hori dena. Nik behar dut oinarri bat. Ezin naiz bizi pentsatzen mirari bat gertatuko zaigula. Nik behar dut ziurtasuna, niretzat eta seme-alabentzat.

      Martxoaren hasieran, Rebecca Rochkin eta Marcos Grijalbarekin geratu ginen. Ordurako, Europako berriak etsigarriak ziren, gaixotasuna Txinan agertu zen, handik Europara zabaldu zen, eta gauaren mugimendu berarekin, ekialdetik mendebaldera, bagenekien laster ailegatuko zela Amerikara.

      Rebecca eta Marcosen hura izan zen lagunekin geratu ginen azken aldia. Urik bere nobela berriko aurreneko hogei atalak bidali zizkien, irakur zitzaten. Lehen irakurleak izango ziren, nitaz aparte. Tom’s Restauranten genituen zain Broadway etorbidea eta 112. kalearen gurutzaketan, katedraletik gertu. Leku hori ezaguna da Suzanne Vegak bertan idatzi zuelako Tom’s Diner kanta ezaguna. Tatatara, tatatara... badakizu. Esango duzu, ni beti musika kontuekin. Tira, gauza da bertan gosaldu genuela. Umeek pancake-ak jan zituzten. Eta guk, bitartean, nobela berriaz hitz egin. Rebeccak adierazi zigun Kieslowskiren Rouge filma ekarri ziola gogora, nola itxura batean zerikusirik ez duten pertsonen bizitzak lotu egiten diren azkenean.

      Hitz goxoen ostean kritikak iritsi ziren.

      — Gauzak gertatu behar dira, eta egunerokotasunak ere toki gehiago izan behar du, xehetasunak nahi ditut —bota zuen serio Marcosek.

      — Adibidez —zehaztu zuen Rebeccak—, Zabar’s aipatzen duzunean, konta dezakezu nazien heriotza esparruetatik bizirik atera ziren umeak ikusten direla bertan erosten, emakume heldu dagoeneko, eta eskua luzatuz zerbait eskatzen diotenean harakinari, besoan zenbaki tatuatua ikusten zaiela.

      Urik dena apuntatu zuen, irribarre eginez baina keinu urduri batekin. Ondo ezagutzen dut keinu hori. Une batez, hari begiratuta, beldur izan nintzen ez ote zuen liburua bertan behera utziko.

      Gau hartan, umeak loarazi eta gero, Kieslowskiren pelikula elkarrekin ohean ikusiko ote genuen galdetu nion Uriri. “Ikusita daukat, baina tira”, erantzun zidan, ilusio handirik gabe. Amorratu egin ninduen haren erantzunak. Ezin dut jasan horrela jartzen denean. Berak dena daki, dena du ikusita. Hala ere, elkarrekin etzan ginen ohean eta ordenagailuan jarri nuen filma.

      Modelo gazte bati eta epaile zahar bati buruzkoa da Rouge. Txakur bat istripu batetik salbatzen du neskatoak, etxean zaindu eta kalekoa dela pentsaturik beretzat hartzen du. Ezustean, txakurrak ihes egingo dio. Neska atzetik joango zaio bila eta konturatzen da aurreko jabearen etxera hurreratu dela. Gizon nagusi bat da txakurraren ugazaba. Hark, hala nahi izanez gero, txakurra berarentzat hartzeko esango dio neskari. “Ez duzu nahi?”. “Nik ez dut ezer nahi”. “Bada utziozu arnasa egiteari ere”. “Ez da ideia txarra”. A ze elkarrizketa. Izua ere eman zidan orduan gizon hark, pentsatu nuen zerbait egingo ziola neskari eta ordenagailua itzaltzeko zorian egon nintzen. Baina eutsi nion. Pelikulak aurrera egin ahala, konturatu nintzen itxura ez dela dena, Kieslowski maisua dela ikuslea engainatzen. Bukaera aldera, gizonak esango dio neskatoari amets batean agertu zaiola. Eta zoriontsu ikusi duela, oraindik ezagutzen ez duen mutil-lagun batekin batera. 50 urterekin eta loriatsu.

      Ordurako, Uri lo zegoen.

 

 

Zure etxean beti ondo hartu izan nauzue, senide bat gehiago nintzen. Gustuko nuen zuen familia, hain zen handia. Aitona-amonak, osaba-izebak, ehunka lehengusu. Zuek zeuok hiru neba-arreba zineten, zu txikiena. Nire familia oso bestelakoa zen. Ahizpa txiki bat nuen, umetxoa oraindik, eta, okerrena, ez nuen lehengusurik. Bidegabea zen. Iruditzen zitzaidan zure familian denek zenutela xarma bereziren bat, maitagarri bihurtzen zintuzten aire errebelde bat.

      Zure neba nagusia zen gure isil-mandataria, Joseba. Gure sekretuak hark zekizkien. Atsegina zen, eta liraina. Larruzko jaka, kamiseta zuria eta bakeroak ditut gogoan. Ile luze beltzarana, eta beti irribarretsu. Behin, bere gelara joateko eskatu zigun, isil-gordean. Atea itxi eta gitarra elektriko bat atera zuen ohe azpitik. Gibson beltz bat. Ezin nuen sinetsi. Eta, gainera, jotzen utzi zigun. Ez nuen inoiz halako gitarra bat eskuetan izan. Ezin dut ahaztu haren sokek ateratzen zuten soinua, estalaktitena ematen zuen, anplifikadorerik gabe. Gibson hura joaz, mundu debekatu batera sartuko bagina bezala zen, rockeroena, egunean bizi zen jende ausartarena, libre, nor bere erara. Ez dakit zure nebak nondik aterako zuen Gibson hura. Orduan izan zen ikusi genuen aldi bakarra. Saldu egingo zituen. Gibson beltz hura, eta haren distira.

      Kaleko legea bizi genuen nerabezaroan. Kalea zen kontuan hartzeko errealitate nagusia, menturaz bakarra. Laster hasi ginen edaten. Gure adineko gainontzeko neska-mutilak baino goizago. Etxe Urdinaren beheko aldean edaten genuen, non bestela? Kontua da etxeak ez zuela estolderiarik eta goiko solairuetako komunetako ur zikina zuzenean erortzen zela gu geunden tokira. Tentuz ez bazenbiltzan, gainera eroriko zitzaizun. Eskerrak lokalizatuta geneuzkala gorotzak jausten ziren puntu zehatzak. Hala ere, niri lekuak izu-ikara sortzen zidan. Eta, jakina, usain txarra zegoen.

      Usainak, beti usainak. Oso sentibera naiz haiekin. Institutu garaian geratzen ginen tabernara sartzen ziren kontserba fabrikako emakumeei laguntzen zien arrain eta gatzun usaina. Hasieran izurritea zen, baina minutu batzuk igaro ondoren ohitu egiten zinen. Serapioren zapata-dendaren usaina, elizara bideko atari bateko denda txiki batean zapatak prestatzen ari zela. Umetan asko gustatzen zitzaidan larru onduaren usain hori. Portuko gasolio, sare eta ezkata ustelen usaina. Gaixorik nengoenean etxera bisitan zetozen lagunen usaina. Ogi egin berriaren usaina, intsektuen usaina, ugaztunen usaina, tabakoaren eta belarraren usaina. Zuhaitzen eta pertsonen izerdia. Plazeraren usaina, eta bizitzaren usaina, Ane eta Unaiz erditu nintzenean.

      Eta alkoholaren usaina, jakina, ontzietarako ardoa gordetzen zuten bodegetako usaina. Zahagien ardo ozpinaren usaina.

      Edaria mutilei lapurtzen genien, gu baino zertxobait nagusiagoak ziren morroiei. Beraiek ere lapurtu egiten zuten. Hondartzako tabernak biltegi bat zuen, plastikozko teilatu batekin. Ez zen zaila sabai hura zulatzea. Hara igo, zulo bat egin, barrura sartu eta botilak lapurtzen zituzten. Ostean, hondartzan lurperatzeko. Mapa bat ere egiten zuten, pausoak kontatuz, x puntua jarriz, jakiteko non zegoen altxorra. Haatik, zu eta biok zelatan ibiltzen gintzaizkien eta altxorra hondarpetik ateratzen genuen, mapa beharrik gabe ere.

      Etxe Urdinera joaten ginen. Behin, norbaitek bizkarretik heldu ninduen ezustean eta botila kentzeko keinua egin zidan. Mutiletako bat zen. “Utzi bakean Nora”, esan zenion serio, ni eta beraren tartean jarriz. Ez zen ausartu zuri aurre egitera. “Ondo da, Josebaren arreba zarelako. Bestela garbitu egingo zintuztedan. Gera zaitezkete botila horrekin, gehiago ditugu”, esan eta alde egin zuen, botila gehiago lapurtzera, edo.

      Likorea garbitu egin genuen. Ipurdiz gora, botila. Kasetea martxan jarri eta kantan eta dantzan egin genuen. Ezari-ezarian, mareak gora egin zuen, hala ibaian nola gure buruetan.

 

 

Martxoaren 13an, ostiralarekin, Europatik zetozen hegaldi guztiak debekatu zituzten. Gerra bat hasten denean zubi guztiak dinamitatzen dituztela esaten da, eta antzeko sentipena izan nuen, gerra bitxi baten, ezohiko egoera baten hastapenean ginen, Atlantikoa handia bazen berez, orduan handiagoa bilakatu zen, iragangaitza.

      Larunbat hartan bertan, tabernak eta jatetxeak ixteko agindua eman zuten. Igande gauez, alkateak umeen eskolak zarratuko zituztela jakinarazi zigun. Columbiak eta New Yorkeko Unibertsitateak dagoeneko bidaliak zituzten estudianteak bueltan etxera.

      Kasualitatea, Belakok rock jaialdi batean hartu behar zuen parte asteburu horretan bertan. Taldeko kide den Lorek idatzi zigun esanez gonbidapenak zituela guretzat, Pianos aretoko kontzertura etortzeko. Pozik, etxean kantak entzuten hasi ginen, eta umeek ere ikasi zituzten letrak.

 

            Hemen nago kometa keinuen zai.

            Amets txarrak ez dekie argirik.

            Negarra joan jat, ama.

            Gogoa joan da, aita.

            Galdua izan nintzana.

            Eurie beti...

 

      Bai, euria beti. Edo askotan behintzat, erauntsia.

      Gogoan duzu nola erortzen zen uriola elizako kainutik behera? Aterkiekin azpitik pasatzen ginen. Behin eta birritan. Hirugarrena aterkirik gabe izaten zen. Butxu-butxu eginda amaitzen genuen, barrezka.

      Azkenean, ez zen Belakoren kontzerturik egon. Haiek ikusi gabe geratu ginen. Euskal Herrira bueltatu behar izan zuten, lehenbailehen eta derrigorrean.

      Izan ere, itzultzeko gomendioa emana zuen Atzerri Ministerioak. Hobe herritar guztiak Estatu Batuetatik itzultzen baziren. Guk ere jaso genuen mandatua. Azken aukera zen hura etxera bueltatzeko, ez zen hegaldi gehiago izango, mugak aldi luze baterako itxiko ziren. Zalantzatan egon ginen. Gure osasun asegurua ez zen oso ona eta Euskal Herrian familiatik gertu geundeke. Baina orain bueltatzeak bi urte hauetan egindako lana desegingo luke. Alferrik orain arte egindako guztia. Buelta asko eman eta gero, alde onak eta txarrak haztatu eta gero, erabaki genuen pandemialdia New Yorken igarotzea. Umeekin batera hemen geldituko ginen, laurok batera pasatuko genuen ekaitzarra.

      Etxeratu ginenean, beste bizimodu bat hasi zen. Eskolak online ziren, baita gure lana ere. Bakoitza ume bati laguntzen egoten zen. Arratsalde partean gureaz arduratzen ginen eta lanak bukatu ostean kartetan jolasteko tartea izaten zen. Estreinako, esan behar dizut, Ane eta Unai ordura arte kartetan aritu gabe zeuden eta.

      — Ibiliko gara kakantzeroska? —galdetu nien.

      Barrez lehertu zen Unai.

      — Nola kakantzeroska?

      — Bai, seme, horrelaxe deitzen da jokoa. Bateko urrea da kakantzeroa. Kosta ahala kosta, beste bati pasatu behar diozue karta hori. Harekin geratzen denak galduko du eskua.

      Ane eta Unai liluraz aritu ziren, baina urduri, bateko urrearekin geratu nahi ez zuten eta.

      Kakantzeroa. Zergatik deituko diogu horrela? Beti dago bazterrera utzi nahi dugun norbait, desberdina delako, kanpokoa, pobrea, azal koloreagatik edo bestela maitatzen duelako. Agian buelta eman beharko genioke jolasari. Eta kakantzeroa lortzen duena, bada, saritu.

      — Ama, zelako ideiak dituzun —egin zidaten protesta umeek—, kakantzeroa kakantzeroa da eta kitto.

      Pozgarria izan zen laurok batera kartetan jokatzea, nabaritzea umeen zoriona, nola egiten zuten barre, hain antzinako jolas batekin.

 

 

Izango zen Tom’s ostatuan Rebecca eta Marcosekin izandako elkarrizketagatik, izango zen etxeratzeak beste lehentasun batzuk ekarri zituelako, Urik idazteari utzi zion. Hark baditu horrelako sasoiak. Hilabete batzuetan jo eta su aritzen da, eta beste batzuetan ez du artxibategirik zabaltzen. Berak nahi duenean idazten du, esaten du ondo egon behar dela idazteko, bestela ezin duela. “Idaztea gozamena da, baina sufrimendua ere bai”, esaten dit. Nik, aldiz, eta orain zuri idaztean ohartzen naiz horretaz, ez dut idazten nahi dudalako, behar dudalako baizik.

      Faltan botatzen nituen Rosika eta Edithen ibilera horiek, zer gertatu zen bake-ontziarekin, ze bizipen izan zituzten, esate baterako, Bigarren Mundu Gerran. Gustura entzuten nuen Uri, liburutegitik ateratzen zenean miretsirik, bakoitzean anekdota berezi batekin, bakoitzean gertaera bitxi batekin.

      — Ez al didazu Rosikaren konturik gehiago kontatuko? —galdetu nion behin.

      — Ez dakit ba, laztana —erantzun zidan larri—, orain burua beste nonbait daukat.

      Ez nion gehiago tiraka egin. Zerbaitek esaten zidan atzerakada eragiten ziola liburuak, trabatu egin balitz bezala, ez balu asmatuko bezala nola libratu katramila batetik.

      Unaik orduak igarotzen zituen bere laborategi magikoan. Armairu handi batean sortutako alegiazko munduan. Hantxe zituen jarriak koloretako argiak, sabaian izarrak ikusteko proiektorea, ordenagailu portatila irudikatu nahi zuen kartoizko kutxa bat, Ondarroako txikitako argazkiak... Bertara joateko deitu zidan behin.

      — Ama, auto marka berri bat asmatu dut, ub izenekoa.

      ub?

      — Halaxe da, Unai Bikaina. Marrazki bat egin dut prototipoarena.

      Argizarizko margoekin marraztutako auto bat erakutsi zidan.

      — Ama, onena da ez duela kutsatzen. Autoa ez doa gasolinarekin.

      — Elektrikoa da, beraz.

      — Bai, baina berezia. ub marka bakarra da munduan.

      — Esadazu, bada, zergatik den berezia.

      — Eskolan ikasi dugu landareek fotosintesia egiten dutela. Karbonoa xurgatu eta oxigenoa sortzen dutela.

      — Bai, eta?

      — Bada, ub autoak fotosintesiarekin mugituko dira, eta oxigenoa botako dute ihes-hoditik.

      Txundituta begiratu nion Unairen marrazkiari. Orriari buelta eman eta makinaz idatzitako testu zahar baten fotokopia zela konturatu nintzen. Edith Wynnerrek idatzitako zerbaiten orri soltea.

      — Unai, baina, zeren gainean marraztu duzu autoa?

      — Aitaren paperak dira. Hor daude botata kutxa batean. Birziklatu ahal nituen galdetu nion eta esan zidan baietz, arazorik gabe.

      — Ez zen konturatuko zertaz ari zinen, burua beste nonbait izango zuen...

      Hantxe bertan, zoruan eserita, Unaik esandako kutxa miatzen hasi nintzen. Urik liburutegian bildutako apunteak eta fotokopiak ziren. Hark eskuz idatzitako folio bat hasi nintzen irakurtzen, hemen txertatzen dizudana.

 

 

BAKE-ONTZIAREN GAINBEHERAZ

 

      Goitik behera doan istorioa da bake-ontziarena. Hasieran, animoak oso altu zeuden. Europara atera baino lehen, Oscar II ontzian bertan erantzun zituen kazetarien galderak Fordek. Galdetu ziotenean ea zer egingo zuen espedizio hura gaizki ateratzen bazen, “beste bat antolatu” izan zen bere erantzuna.

      Fordek baikortasuna eta ziurtasuna transmititzen zituen gainontzeko kide bakezaleen artean. Hala eta guztiz ere, berehala hasi ziren agertzen tirabirak. Ozeanoaren erdian zeudela, Wilson presidenteak deklarazio bat egin zuen adieraziz armada indartu egin behar zutela, prestatuak egon behar zutela, badaezpada ere. Horrek ezinegona sortu zuen espedizioko kideen artean, eta Ford haserretu egin zen. Erantzun bateratu bat egitea proposatu zuen, eta idatzi bat ere moldatu zuten horren karietara; ordea ez zuten denek sinatu, presidenteari aurre egiteko beldurrez edo.

      Rosikak eta Lolak Ford sustengatu zuten eta sinatu zuten idatzia. Babesa elkarrenganakoa zen. Ford fidatzen zen Rosikarekin. Nahiz eta haren presentziak tentsioa sortzen zuen kideen artean. Ez bide zen atsegina enkontru zuzenetan, beti presaz edo burua beste zerbait garrantzitsuagoan balu bezala. Lochner bakezale gazteak idatzi zuenez, Rosika emakume bizkorra zen, langilea, bikain hitz egiten zuen ingelesez, frantsesez eta alemanez, baina beharbada ez zen ongi konpontzen estatubatuarrekin, nonbait amerikarren izaera xaloegia eta oinarrizkoegia zen berarentzat.

      Nolanahi ere, gauzak benetan okertu zituena Forden gaixotasuna izan zen. Gripeak jo zuen. Neguaren erdian egiten ari ziren bidaia amaigabe hartaz ahituta, Estatu Batuetara itzultzea erabaki zuen. Bergenen hartuko zuen bueltan zihoan lehen transatlantikoa.

      Rosikak hartu zuen gidaritza, baina harenganako arbuioa gero eta handiagoa zen. Prentsak ez zuen haren hitzetan sinesten. Arrazoi nagusia haren poltsa beltza zen. Barruan gordetzen zituen agiriez galdetzen zioten, egia ote zen herrialde beligeranteetako agintarien gutunak zituela, bakea aztertzeko prest egongo zirela egiaztatzen zutenak. Hala esaten zuen Rosikak berak. Alta, argudiatzen zuen ezin zituela agiriok erakutsi, sekretuak zirela, eta konfiantza izateko.

      Orobat, eta hau menturaz okerragoa zen, betetzen ez ziren gauzak agintzen zituen. Esate baterako, Norvegian beraien zain zeudela baieztatu zien espedizioko kideei, baina ez zen horrela gertatu. Oscar II Oslora iritsi zenean, hotza ikaragarria zen, zero azpikoa. Eta ez zen egon inolako harrerarik. Lagun batzuk hurreratu zitzaizkien baina ez agintaririk, nahiz eta Rosikak hala promes egin. Kristianiako Unibertsitatean egindako hitzorduan bertaratutakoek haserrea adierazi zuten. Ford ikusi nahi zuten. Norvegiako bost egunkarik hitz egin zuten ontziaren etorreraz, soilik bi agertu ziren aldeko.

      Espedizioko kide askok, batez ere gazteenek, Forden ukoarekin eta Oslokoa ikusita, amore ematea erabaki zuten eta etxera itzuli ziren. Hala ere, dena ez zegoen esanda oraindik. Ontzia Suediara porturatu zelarik gauzak beste itxura bat hartu zuen. Arrakasta itzela izan zen. Danimarkan ere bai, eta Holandan.

      Bake konferentzia 1916ko otsailean izan zen Stockholmen. Esan liteke, baldintzak kontuan izanda, arrakastatsua izan zela. Hainbat herrialde neutraletako ordezkariak bildu ziren bertara. Lortu zuten, denen artean, adierazpen bat aurrera ateratzea. Gobernuei eskari bat egiten zitzaien gerra bukatzeko eta eskubide hauek begirunez betetzeko: autodeterminazioa, askatasun ekonomikoa, nazioarteko politikak parlamentuak eramatea, nazioarteko erakunde baten sorrera eta munduko desarmatze osoa.

      1916. urte osoan jarraitu zuten Rosikak eta enparauek bakerako ahaleginak egiten, eta haren poltsa beltza gorabehera, azkenean egia izan zen alemanek negoziatu nahi izan zutela. Urte hartako Gabonetan, Gilen II.a enperadoreak elkarrizketarako asmoa azaldu zuen. Alabaina, aliatuek ezezkoa eman zuten, alemanak amorraraziz, eta haien urpeko ontziek inoiz baino eraso handiagoak egin zituzten. Gerrak jarraitu zuen, bihozgabe. 1917ko apirilaren 6an Estatu Batuak gerran sartu zituen Wilsonek, aliatuen alde.

 

      Maider, zergatik uste duzu gutxietsiko zutela horrenbeste Rosika? Emakume langilea eta bizkorra bazen, eta deliberatua. Emakumezkoa izateak ez al zuen horretan ere eragina izango. Ez zuen gerra gelditzerik lortu, baina adierazpen horretan etorkizuneko mundu baterako oinarriak jaso ziren. Nazio Batuen Erakundearen zuztarra hortxe dago. Edonola ere, pertzepzio orokorra izan zen porrota izan zela. Hori eta gero, kazetariek bestela ikusiko zuten Rosika, eta Fordekin zuen harremana ez zen ordura artekoa izango.

      Zirriborratutako orria utzi eta zorro bat hartu nuen eskuetan. “Artefaktuak” zuen idatzita gainean. Zabaldu eta argazki batzuk aurkitu nituen. Eta erretratu bakoitzari post-it bat itsatsia.

       Estatu Batuak gerran sartu zirenean, Rosika Schwimmerrek McAlpin hotelean utzi zituen gauza guztiak saldu egin ziren, Alien Enemy Property kategoria eman eta gero.

      Urteak beharko zituen McAlpin hotelean utzitako objektuak berreskuratzeko. Bernard Deutsch izeneko New Yorkeko zinegotzia ezagutu zuen Rosikak festa batean. Deutsch jaunak hauxe esan zion: “Zure liburu batzuk ditut etxean, McAlpin hotelean zeuden eta nik erosi nituen”.

      Liburuak soilik ez ziren saldu. Hoteleko gelako giltzak ere aldendu egin ziren. 1930eko ekainaren 9an berreskuratu zituen Rosikak, baina engoitik ez zuen gelarik han.

      Lehenengo argazkia giltza horiena zen. Hauxe bera.

 

 

      Bigarren argazkia, 1915eko Kodak kamera batena.

 

 

      Eta hirugarren objektua, Rosika Schwimmerren poltsa beltz famatua. Hainbeste esamesa sortu zituena. Bake-ontziaren garaian hantxe gordetzen zituen herrialde beligeranteetako gobernuen agiriak.

      Uriri galdetu behar diot ea zabaldu zuen eta zerbait aurkitu zuen barruan. Seguru ezetz, bestela esango zidan.

 

 

      Horiek ziren Urik ateratako hiru argazkiak. Unaik bizkarretik heldu zidan eta itauna egin behatzen ari nintzenari buruz.

      — Argazkiak dira, maitea, aitak ateratakoak.

      — Aitaren argazkiak? Eta zergatik ez gara azaltzen gu?

      Horretan geundela, laborategiko atea jo zigun berak.

      — Nor da? —galdetu zuen Unaik.

      — Kakantzeroa. Zatozte, afaria prest dago.

 

 

Ederra zinen, Maider. Beltzarana, garaia, sendoa, forma biribilekin, zure mandarina koloreko begi biziek edonor maitemintzen zuten. Beti izan zenituen maitale asko. Ez zitzaizun ezer kostatzen. Nik, aldiz, joera handiagoa izan dut harreman luzeetarako. Zuk alergia zenien.

      Sexu kontuetan hasi ginenean, dena beldurrak eta erruak ziren. Hain tradizio katolikoa duen gizarte batean. Ez zen sexuaz hitz egiten. Kondairak eta mitoak ziren denak. Eta gero minaren beldurra zegoen gure artean, min emango zizuten beldurra. Ez zegoen horri buruzko informaziorik. Etxean ez zen hitz egiten. Nagusiek ez zuten berba egiten. Zoritxarrez, inork ez zigun erakutsi ondo pasatzen.

      Bitxia da, gurasoen belaunaldia hasi zen tabuekin apurtzen. Aitona-amonentzat dena zen debekua. Baina gurasoek bizi izan zuten zabalkuntza bat, sexu librea eta halako gauzak aipatzen zituzten, gayak, lesbianak ikusgarritasuna irabazten hasi ziren, gure aurreko belaunaldiak ekarri zuen glam iraultza.

      Baina barrutik kontserbadoreak izaten jarraitzen zuten askok. Barruko aldaketa iritsi gabe zegoen. Nahiz eta ezkertiarrak edo aurrerazaleak izan, gero nekez onartuko zuten semea mutil batekin joatea edo alaba neska batekin. Eta ez ziguten hitz egiten ezertaz, ez nola lortu plazera, ez nola saihestu gaixotasunak, ez zer egin haurdun geratzen bazinen. Horiek denak ez ziren etxean hitz egiten, bakarrik kalean; eta kalean, esan bezala, mito asko zeuden.

      Neskatila baten sexu heziketak oso arrosa izaten jarraitzen zuen, zineman ikusten genuen pelikuletakoa. Mutilekin lotu behar zinen eta mutil horiek gainera oso maskulinoak ziren. Kontrakulturak ere, rockaren munduak, gizonkeria hori transmititzen zuen. Taldeak gizonezkoenak ziren, eta oso postura maskulinoak erakusten zituzten, harroak, gogorrak, afekturik gabeak. Jarrera serioa eta hotza.

      Nerabe bikoteak hondartzan geratzen ziren normalean. Pasealekuan. Edo talaia txiki batean, itsasora begira zegoen kanoi zahar batekin. Hondartzako pasealekua leku atsegina zen, egia esan, handik ilunabarraz goza zitekeen eta behin ilunduta ez zegoen argirik. Musukatzeko une aproposa. Faroletako bonbilletara harriak botatzen ziren hori ziurtatzeko. Mutil batekin geratu nintzen lehen aldian ez nekien zertarako zen. Nirekin izozki bat hartu nahi zuela esan zidan. “Ondo da”, esan nion, beste garrantzirik eman gabe. Hondartzako pasealekura joan eta eseri egin ginen. Bat-batean, musu eman nahi izan zidan. Nola? Korrika atera nintzen handik. Ez naiz inoiz gehiago berarekin geratu. Ze ezjakinak ginen.

      Adin horretan harremanak azalekoak izaten ziren. Batzuetan bakarrik ez geratzeko eta baztertuta ez sentitzeko lotzen zinen. Zure lagun guztiak mutil-laguna (neska-laguna izatea burutik ere ez zitzaigun pasatzen) izaten hasiak ziren eta norberak ez zuen atzean geratu nahi. Baietz esaten zenuen konbentzimendu gutxirekin. Ia ezagutzen ez genuen norbaitekin geratzen zinen, aurretik ia hitz egin gabe ere. Nesken eta mutilen arteko tratuak ziren. Eta ezin zenuen ezetz esan. Edo bai. Gogoan dut behin lagun bat eta biok Mutrikura joan ginela auto-stopean rock kontzertu batera. Herriko mutil talde batekin egin genuen bat han. Nire laguna haietako batekin ateratzen zen eta, behin kontzertua amaituta, haren mutil-lagunak eta beste morroi batek lekua egin ziguten autoan. Bidean gindoazela, afaltzera gelditzea proposatu zuten. Nik ez nuen nahi, baina hiru baten kontra, konformatu egin behar izan nuen, ez bainuen etxera itzultzeko modurik. Oso deserosoa izan zen niretzat bikote bat eta ezezagun batekin afaltzea. Jendea begira eta murmurikatzen ari zela sumatzen nuen. Tentsioak handia izan behar zuen, ezen nire lagunak eskutik heldu, eta komunera eraman ninduen aurpegiratzeko oso berekoi portatzen ari nintzela. Azken finean, hirugarren hark afaltzera gonbidatu ninduen. “Inork ez dit galdetu, inork ez dit entzun” esan nion eta, herrira bueltan iritsi bezain laster, ospa egin nuen.

      Gizon bati ezetz esatea beti da bortitza. Tentsioa sortzen du, galderak sortzen ditu, erru sentimendua. Ezin dute ulertu gogorik ez duzula. Gatazka ekiditeko soilik ematen da sarritan baiezkoa, eta horrek ezkutatzen du bestelako indarkeria bat. Jakina, gerora izan ditut harreman sanoak. Baina lehen urte haiek ez ziren errazenak izan. Eta gaur egunean ere, ezezko batek tentsioa sortzen jarraitzen du.

      Ezezkoaren kontu hori izan nuen mintzagai gaztelaniazko eskolan. Zoom bitartez egiten dut solasaldia ikasleekin, gai ugari ateratzen dira. Ikasleetako batekin, Isabellerekin, harreman berezia egin dut. Parisko Sorbonan ikasi zuen filosofia eta New Yorkera ezkondu zen. Hark, nik esandakoaren haritik, The New York Times egunkarian agertutako artikulu bat aipatu zidan, Amia Srinivasan izeneko pentsalariari buruzkoa.

      Srinivasan Oxfordeko irakaslea da. Hark dio 70eko hamarkadatik aurrera, eta aurrerakoien artean, zabaldu zela baikortasun sexualaren ideia, hots, ondo zegoela edozeinekin harremanak izatea, zenbat eta gehiago hobe. Emakumeek plazer sexuala bilatu behar genuen, bai ala bai, debekuaren garaiari bizkarra eman.

      Kontua da orain konturatu garela emakumeak gizonezkoentzat sekulako pagotxa zela askatasun aldarri hori, beraiek eskura zutela nahi zutenarekin oheratzea. Orduan ere beraiek ziren erdigunea. Baina alde emozionala ahaztu egin zen eta horregatik gaur egungo gazteek ez dute afekturik gabeko harremanik nahi.

      Betikoa da: emakumeei esan egin digute zer den guretzat ona, baina guri galdetu gabe.

      Isabelle hizketan ari zen bitartean, gogoan hartu nuen behin kontatu zenidan gauza bat. Sexua izan eta gero mutil batek besarkatu egin zintuela bizkarretik ohean, eta horrek harritu egin zintuela, ez zen ohikoa. Keinu horrek hunkitu egin zintuen. Afektuak, alegia.

      Gerta zitekeen gauaren bukaeran norbaitekin joatea, baina bitartean, gu bion momentua zen, Maider. Ez genuen beste inor behar. Laket nituen une ero horiek. Ez dut uste beste inork hainbeste barre eragin didanik. Oso ondo ulertzen duzu nire umorea. Batzuek ez dute ulertzen eta gaizki hartzen dute. Serioegia, harroputza naizela edo adarra jotzen ari natzaiela pentsatzen dute. Beste hizkuntza bat hitz egingo banu bezala. Baina zurekin erraza izan da beti elkar ulertzea. Txikitatik landu dugun umorea da, surrealista. Imajinatzen ditugu gauzak, egoerak. Uri eta bion arteko ezkontza irudikatzen hasi zinenean bezala, oso ezkontza ezohikoa izango zen, ez ginen dotore joango, zirkuko karabana baten antzekoa izango zen, ni trapezista izango nintzen eta Uri, bada, foka. Eta zu, jakina, aurkezlea izango zinen, argi guztiak zuri begira jarriz. Gehienetan, gauzak ederragoak dira imajinatzen dituzunean benetan baino. Eta horretan maisua zinen.

      Beti galdetzen zenidan nola nekizkien kanten letrak ingelesez. Eta hori internetik ez zegoenean. Bada biniloetako letrak irakurri eta ikasi egiten nituen etxean gero. Jakin nahi nuen kantek zer esaten zuten, ez nuen nahi edozer gauza esaten zuten kantak lelo baten moduan kantatzerik.

      Hertzainak-en “Estatuari gerra!” oihukatzen genuen lepotik helduta, “maitasuna ederrena bada, zergatik hortaz iluntzean...”. Edo beso zabalik kantatzen genuen David Bowieren Heroes hura, Berlineko hesia igaro nahi zuten bi gazte bakezaleren istorioa.

      Eta abesten genuen:

 

            I, I wish you could swim

            Like the dolphins, like dolphins can swim.

 

      Eta kantatzen genuen:

 

            I, I will be king

            And you, you will be queen

            Though nothing will drive them away

            We can be heroes, just for one day

            We can be us just for one day

 

      Eta egiten genuen garrasi:

 

            And the shame was on the other side

            Oh, we can beat them forever and ever

            Then we could be heroes just for one day

 

      Nahiko nuke igeri egin izurdeen antzera. Ezerk ez gaitu betiko lotuko. Ni errege, eta zu erregina. Izan gaitezke heroiak, soilik egun batez. Gailenduko gatzaizkio, bai. Lotsaizuna beraien aldean dago.

      Lotsaizuna beste aldean zegoen: ipurdia ukitzen ziguten mutilak, lanean aukera berdinak ematen ez zizkiguten gizonezkoak, zinen bezalakoa onartzen ez zintuztenak. Egun batez, behintzat ordu batzuez, heroiak izango ginen.

      Elkarrekin geunden une hartan behinik behin libreak ginen.

 

 

Neskatoak ginenean, gure heroiak gure aurreko belaunaldikoak ziren. 80ko hamarkadaren erdialdean urrezko aroa bizi izan zuen arrantzaren jarduerak. Arrantzale familiek erosteko ahalmena handitu zuten. Jendeak ondo pasatzeko gogoa zuen, asko ateratzen zen. Ondarroa biztanle bakoitzeko xanpain gehien kontsumitzen zen herria zela esaten zen hor zehar. Aldi berean, gazteek mundu anglosaxoia eta pop musika eta kontrakultura ezagutu zituzten. Eta droga gogorrak ere agertu ziren. Pentsa nolako jauzia izango zen gure aitona-amonentzat. Haiek elizako kultura batetik zetozen, ez zekiten zer ziren txima luzeak, bateria eta gitarra elektrikoak, paradisu artifizialak. Lan egin, elizara joan eta umeak izan, besterik ez. Belaunaldi batetik bestera sekulako aldaketa egon zen. Nagusiek ez zuten ezer ulertzen.

      Ezagunak ikusten genituen zurbiltzen, argaltzen. Gure etxe berean bizi zen arrain-saltzailearen alaba, adibidez. Larruzko prakekin janzten zen, bota altuekin, eta nahiz eta oso gaizki egon, umeok beti agurtzen gintuen atarian, eta musu bat ematen zigun, margotutako ezpain gorriekin.

      — Kontuz! —egin zenidan oihu.

      Ez nintzen ohartu eseri behar nuen lekuan bertan xiringa bat zegoela. Behin gure gordeleku izandako Etxe Urdineko etxabeetan xiringak zeuden.

      Horretan ere, zure neba izan zen argien hitz egin ziguna. Gurasoek ez zekiten zer azaldu, zertaz ari ziren ere. Baina nebaren belaunaldikoek dena zekiten. Gozatu eta sufritu zutelako. Belaunaldi oso bat, beste mundu batekin amesten zuena, bizitzaz gozatu nahi zuena, galdu egin zen. Amak izan ziren hor ere borrokatu zirenak, amak, ezer ez ulertu arren, seme-alabak berreskuratu nahi zituztenak, bizitzara itzularazi.

      Josebak egina zigun abisua. “Gauza bat hitzeman behar didazue. Heroinatik urrun egon behar duzue. Badakit debekatua tentagarria dela, baina sinistu, ez probatu sekula. Saldu digute libre egiten zaituela, plazera ematen dizula. Eta egia da, droga ona da ona denean. Baina ez zaitu libre egiten. Zulora eramaten zaitu”.

      Ongi zekien hori berak.

      Goiz batean, zuen etxera deitu zuten. Ama ikusi zenuen, zangoak dardarka hasi zitzaizkiola, telefonoa erortzen utzi zuela, eskuak aurpegira eraman eta negarrez hasi zela.

      Amarengana joan zinen, korrika, negarrez zu ere eta besarkatu egin zenuen. Bazenekin ondo zer gertatu zen. “Ama, esan ez dela egia, esan ez dela egia” baino ez zenion oihukatzen.

      Egunsentian aurkitu zuten Joseba, hondartzan. Bakarrik. Agian beste norbaitekin egon izan balitz ziztatzen ari zen bitartean, suspertuko zuten, biziko zen. Baina bakarrik zegoen, eta bakarrik hil zen.

      Aita itsasoan zeneukaten, marea luzean.

      Aita beti falta.

 

 

Apirilaren hasierarako, New York hutsik zegoen. Hiritik kanpo etxea duten guztiak haietara joan ziren. New Yorken ez zegoen aberatsik. Pobreak eta behar-beharrezko langileak baino ez ginen geratu. Eta gaixoak. Urik unibertsitatera joan behar izan zuen gauzen bila. Bizikletaz joan zen. Ikaratuta ailegatu zen. Ez zuen inor gurutzatu, bonba nuklear batek eztanda egin balu bezala zela, errealitate distopiko bat. Bere arnasa baino ez zuen entzuten eta anbulantzien sirena-hotsak. Isilik dena, New Yorkeko abarrotsa desagertu egin zen. Autorik ez, suhiltzaileak, taxi horiak ez zeuden, oinezkorik ere ez. Isiltasuna, soilik zazpietako txaloek hausten zutena.

      Gure eraikina ere hustu egin zen, zazpigarren solairuan gu baino ez geunden. Goiz batean, txakur baten uluek iratzarri gintuzten. “Ama, Luna da zaunka ari dena”, esan zidan Anek. Beldur izan nintzen jabeari zerbait gertatu izana. Gaitzak joko zuen? Ohean egongo da altxatu ezinik eta horregatik ari zaigu txakurra deika? Lunaren jabea gizon nagusia da, laurogeitik gertu ibiliko da. Gazte janzten da, bakeroak, kamiseta eta zapatilekin. Atsegina da, beti agurtzen gaitu igogailuan. Baina Lunak ez dio uzten solas luzerik egiten, tira egiten dio sokatik kaleminez, eta nekez eusten dio gizonak.

      Umeak beldurtuta zeuden. Urik haien gelan egiten zuen lo Unairekin eta nik Anerekin. Horrek halako menpekotasun bat sortu zien. Eskolako lanak pantailaren aurrean egiten zituzten eta gero hortik ateratzea zaila egiten zitzaigun. Gero eta zailagoa. Munduarekin harremana pantailen bitartez genuen, orduan normala ikusten zuten egun osoa haiei begira egotea. Ezin zuten geratu lagunekin, ezin zuten eskolako patiora joan, eta jolastu ere pantailatik egiten zuten, beste aldean lagun bat egonik, eta ez balego ere, bakarrik. Konturatu nintzen urrundu egin nintzela haiengandik. Elkarrekin etxean egon arren ez genuen lehen beste jolasten, ez genuen lehen beste hitz egiten.

      Sentipena izan nuen ordenagailuek umeak lapurtu zizkidatela.

      Zuk beti esaten zenuen irudipena zeneukala bizkorregi edo beranduegi jaio ginela, ez genuela bete-betean bizi ez mundu zaharra ezta berria. Bi garairen artean hazi ginen. xx. mendearen bukaeran, zeina zientziaren, gerren eta utopien mendea izan zen, eta xxi. mendearen hastapenean, non teknologia berriek gure bizitza aldatu duten. 90eko hamarkadan bukatu zen mundu bat eta hasi zen hurrena. Orduan asmatu zen interneta. Bi garaietako gauzak ditugu. Bizitza baten bukaera ezagutu dugu eta beste baten hasiera. Horixe esaten zenuena. Umeekin, eta pandemian, inoiz baino argiago ikusi dut hori.

      Dena den, eta hori ongi baino hobeto dakizu, ez naiz erraz amore ematekoa. Pianoa jotzen erakusten ahalegintzen naiz. Nire altzoan eta eskuak haien eskuen gainean jarriz, teklak zanpatzen ditugu. Anek badu eskua, saiatzen da eta lehen piezak ateratzen zaizkio. Unaik nahiago izaten du berak bakarrik jo, hobeto esanda, astindu, eta kantak ere asmatzen ditu, ausaz, belarriari jarraituz eta notei kasurik egin gabe.

      Pianoa lagun handia dut. Oso gazte hasi nintzen jotzen eta sekula ez diot utzi. Ondo gogoan dut gurasoek pianoa oparitu zidaten eguna. Gure aita kamioilaria zen. Ez zekien ezer musikaz, baina belaunaldi hartako guraso askok bezala, berak eduki ez zuena nahi zuen alabentzat. Bilbora joan zen piano-dendara. Dendariak ze motatako pianoa nahi zuen galdetu zion, marka gustukorik ba ote zuen, zeinek jo behar zuen musika-tresna. Berak ez zekien zer erantzun eta “zein da onena?” galdetu zion, “horixe eramango dut”. Dendariak azaldu zion Ed. Seiler markako hormako piano bat zutela bigarren eskuan, antzinakoa, Neguriko familia batena izandakoa. Nik uste dut aitari, pianoaren soinua baino gehiago, gustatu zitzaiola tresnak atzean zuen istorioa eta huraxe eskuratu zuen. Urteetan egon ziren gurasoak zorra ordaintzen.

      New Yorkeko pianoa oso bestelakoa da. Tira, ez da pianoa ere, teklatu bat baino. Tarteka teklatu azpiko gomazko erretxinak hautsi egiten zaizkio eta nik neuk konpontzen ditut. Youtuben ikusi nuen horretarako tutorial bat. Erabili behar ez ditudan tekletako erretxinak tokiz aldatu eta horrelaxe jotzen dut, soilik erdialdeko notak zanpatuz. Nazkatuta, idatzi nien saltzaileei teklak errazegi puskatzen zitzaizkiola, eta zer egin behar nuen, eta erantzun zidaten esanez teklatu berri bat bidaliko zidatela etxera. Zaharrarekin zer egin behar nuen galdetu nien gero, nora bidali behar nuen. “Ez, horrekin zuk nahi duzuna egin, ez dugu nahi bueltan bidaltzerik”. Eta bolada batez teklatu berriak ondo funtzionatu zuen, berriz erretxinak eteten hasi ziren arte. Hala ere, moldatzen naiz. Urik esaten dit poema liburuaren irabaziekin erosiko dugula benetako pianoa, ea egia den. Lehenik, ikusi nahi dut argitaratua.

      Pianoak lasaitu egiten nau. Partiturak jaisten ditut internetetik eta ikasi egiten ditut. Azkena, Pixies taldearen Where is my mind? kantaren bertsio zoragarri bat. Eta partiturari begira, gomutan hartu dut nola eramaten zuten musika bandakoek, kaletik jotzen zihoazenean. Aurreko kidearen bizkarrean zintzilikatzen zuten partitura arropa eskegitzeko orratz batekin. Ederra da, ezta? Zure aurreko kiderik gabe, ezingo zenuke jo.

      Martxoaren 23an egitasmo bat hasi genuen, Euskal Herrian eta hemen berrogeialdia hobeto eramateko. Astero, etxe desberdinetan geunden lagunok, ozeanoaren alde batera eta bestera, kanta bat ikasten genuen, zatika, eta gero interpretatu. Bakoitzak bere bideo zatia grabatzen zuen eta nik egiten nuen azken montajea. Euskal kantak eta mundukoak jotzen genituen, batean batak bestean besteak aukeratutakoak. Poemak ere bai grabatu ditugu, edo dantzan oinarritutako bideoak. Musikak, horrela, katigatuta mantentzen gintuen lagunok. Bagenuen zeregin hori, eta astea bizkorrago igarotzen zen. Hasieran kuadrillakoak baino ez ginen azaltzen, baina laster hasi ziren animatzen gure umeak ere.

      Bideoak muntatzean kantari ikusten nituen adiskideak. Eta, era berean, nabari nuen bakoitzak atzetik zekarren zama. Aita hil berri zitzaion zurtza, gaixotasun larri bat duen alabaren ama, banatzen ari den kidea, lehengusua preso eta gaixo duena, guraso nagusiez arduratzen dena... Denek dituzte kezkak. Ez edonolakoak gainera, pertsonalak, lanekoak. Baina denok batera kantatzean, pianoa jotzen edo biolina, orduan sinetsi nahi nuen zama arindu egiten zitzaiela zertxobait. Ez al da hori laguntasuna, Maider?

      Besteen artean, Bella ciao kantaren bideoa egin genuen. Harrigarria da, baina ez genuen aurkitzen letraren euskarazko bertsiorik. Txikitan doinu horrekin “abertzalea ni jaio nintzen, abertzalea hilko naiz” kantatzen zen, baina Italiakoak, jakina, beste letra bat du. Azkenean, Urik egin zigun itzulpena. Xehetasun txiki honekin jabetu nintzen euskararen egoeraz. Gure hizkuntzan gauza asko falta dira, ez daude. Eta hutsuneak betetzen goaz horrela, urteak joan eta urteak etorri. Euskarara itzultzea berebizikoa da, zenbat gauza ez dauden gure eskura, galtza bete lan dago egiteko. Bueno, behintzat Bella ciao-ren bertsio hau badugu.

 

 

Bilbora joatean halako bazterketa bat ere sentitzen genuen, gutxiago bageneki bezala, ezjakinak bagina bezala, gaztelaniaz egoki ez egitearren. Ohikoa zen euskaldunari “hαblame en cristiano” esatea, kristauena hizkuntza bat balitz bezala, gaztelania, eta gu barbaroak edo fedegabeak bagina bezala. Txikitan nabari-nabaria zen destaina hori, hizkuntzagatik. Nahiz eta herrian eutsi izan diogun, eta migrariek ere ikasi duten, ez behartuta, ezpada beraiek ere mundu bateko parte izan nahi dutelako. Euskaldun batzuek ordea hitz egiteari utzi zioten, ezertarako balio ez zuelakoan. Nor bere buruaz lotsa, hori baino gauza okerragorik ez da.

      Ez dakit noiz hartu nuen kontzientzia euskalduna nintzena, noiz hartzen duzun horren kontzientzia. Gure ama andereρoa zen eta, garai hartako maisu-maistra gehienak bezala, oso euskaltzalea. Hark jartzen zizkigun autoan kantak, Mikel Laboa, Imanol, Xabier Lete eta Lourdes Iriondo. Eta kanta horien bitartez bagenekien baginela parte mundu batena. Medioetatik, botere guneetatik hain aparte zegoen mundua.

      Gogoan hartu dut sor Juana Inesi buruz hitz egin zenidan aldi hura, Filologia Hispanikoa estudiatzen ari zinenean. Liluratuta zeunden sor Juana Inesekin. Esaten zenuen lehenengo feministetako bat zela. Eta gainera, euskarazko hitzak sartu zituela bere poemetan barru-barruko sentimenduak azaltzeko. Eta horrela, Ama Birjinari, batzuen ustez bere neska-lagunari, zuzentzen zitzaionean euskarazko “laztana” eta “nire bihotza” erabili zituela. Eta nola maitalerik gabe erabat noraezean zebilen, “galdu naiz, nire bizi guziko galdu naiz” idatzi zuela. Sor Juanak umetan etxean amari entzun bide zion hizkuntza atera zuen barrenetik, eta testuan sartu zuen, sentimendu sekretuak eta debekatuak kontatzeko. “Belazean ezkutuan aurkitzen dituzun lore eder eta hauskorrak dira euskarazko hitzok”. Horrela definitu zenituen.

      Ze herritako euskara izango zen sor Juana Inesena? Esan bazenidan, ez naiz gogoratzen.

      Aurpegiratzen zenidan ez nuela ondo egiten Ondarroako berbeta, Elgoibarreko eta Markinako hizkerekin nahasten nuela. Izan ere, amak elgoibartarrez egiten zigun eta aita Markinakoa nuen.

      Elgoibarren, San Pedro auzoko Arane baserrian, hain zuzen, hantxe jaio zen gure amona, amama Mari. Erraketista ibili zen bere garaiko frontoietan, Elgoibarren hasi, eta Bartzelonan eta Kanarietan gero. Oso txikitandik, astoa hartu eta bera bakarrik joaten zen baserritik herrira esnea saltzera.

      — Zure adinekoa izan behar zuen, gutxi gorabehera —kontatu zidan umetan amak—. Azken azunbrea saldu arte hantxe egon behar zuen, azokan. Batzuetan, ordubetean saldua zuen dena, eta bere gauzetarako astia izaten zuen. Beste batzuetan, ordea, salmenta okertu egiten zen. Esnearekin ateratzen zuen diru osoa aitari itzuli behar zion. Berarentzat ez zen ezer geratzen.

      — Ez da bidezkoa —esan nion amari—. Amamak ordaina izan behar zuen horregatik.

      — Haren aita oso zehatza zen. Ez zen erraza izan behar baserri bat eta familia bat aurrera ateratzea. Ez duzu epaitu behar.

      — Ez dut epaitzen.

      — Baina sekretu bat kontatuko dizut. Erromerietako datak hurbiltzen ari zirenean, haren amak esne gehiago botatzen zuen kantinetan. Hartara, esne guztia saltzen bazuen, soberakin bat geratzen zitzaion, poltsikorako. Alabak eginbeharrak betetzen zituen eta aitari salmentako dirua itzultzen zion. Eta begi bat kliskatzen zion konplizeari, eskerrak emanez.

      Ezagutu nuen birramona. Emakume txikia zen, begirada soila eta ahotsa pausatua. Enborretan eserita gogoratzen dut, pagoaren itzalean, irakurtzen. Beltzez janzten zen beti. Gona luzea, alkandora eta mantoia. Larunbatetan alabek baserrian bisitatu eta tximiniaren beroan orrazten zuten. Egoki bildutako mototsa. Hain zen dotorea. Bere eskuak hezurtsuak ziren, eta artrosiak okertutako hatz luzeek zuhaitzen sustraiak gogorarazten zizkidaten. Eta, jakina, biok bakarrik geundela zekienean, eskua poltsikoan sartzen zuen eskupeko bat emateko, bere sasoian amamari bezala.

      Gabonetan joaten ginen Aranera. Urte batean hotz handia egiten zuen. Teilatupean, izotz kandelak zeuden.

      — Ez dira oso egonkorrak. Edozein unetan eror daitezke. Kontuz, beraz —abisatu zidan amamak.

      Arropa eskegia behatu nuen, izoztuta zegoen, eta kirrinka egiten zuen esku artean estutzen banuen. Umeak lastategian jolasten ginen, edo ukuilura joaten ginen animaliak ikustera. Behiak, untxiak, saguzarrak. Abereek beroa ematen zuten, baina gau hartan bereziki ukuiluan hotz egiten zuen. Orduan, osabak, amamaren nebak, botila bat hartu eta behiei eman zien.

      — Zer da hori, osaba?

      — Jarabea.

      — Jarabea? Gaixorik al daude behiak?

      — Ez, baina badaezpada.

      Afalostean, aita autora joan zen. Maletategia zabaldu eta hutsik zegoela ikusi zuen.

      — Nora, maletategiko koρak kutxa hartu al duzu?

      — Mahai gainean utzi dut. Zer ba?

      Orduan jakin nuen zer ematen zien osabak behiei.

 

 

Apirilaren 11n, dakizun bezala, nire urtebetetzea izan zen. Nire urtebetetze egun batean, gurasoek urrezko kate bat oparitu zidaten eta harekin joan nintzen eskolara. Ez dakit esaten ze mailatan izango zen, lehen hezkuntzako azken urteetan, seguruena. Eguraldi ona zegoen, udaberrikoa, eta mendi buelta egitera joan ginen ikastolako bi gelak batera. Hirurogeiren bat ume elkarrekin. Irakasleak Mutriku aldera eraman gintuen eta etxera bueltan galduta ibili ginen. Irakasleak ez zekien nola itzuli. Ez zituen ongi ezagutzen bazterrok. Guk bai, bidezidorrak ezagunak ziren guretzat, eta gure kabuz ailegatu ginen herrira.

      Urtebetetzea ospatzeko, zigarro bat erretzea bururatu zitzaigun. Ale bakarra erosi eta Etxe Urdineko eskaileretara joan ginen. Eta hantxe erre genuen zigarroa biok, ezkutuan, zupada bat zuk eta nik bestea, tartean eztul eginez.

      Bada aurtengoan, arraina egitea otu zitzaigun. Pandemiaren erdian, arrantzaleek oraindik itsasora ateratzen jarraitzen zuten, eta eskuragarri zegoen. Gogoan dut New Yorkera iritsi nintzenean arraina erostera joan nintzela azokara. Ez nekien arrainen izenik ingelesez. Galdetu zidatenean, esan nuen: aurrekoak eraman duen gauza bera. Arrain-saltzaileak dotore jarri zidan arraina, dagoeneko garbitua etortzen da, tatoetan. Itxura ona zuen. Ez nekiena zen prezioa. Arrainik garestiena zen: lupia. Geroztik ondo ikasi nituen izenak, eta prezioak.

      Azokan ilara luzea zegoen. Jendea, goibel. Halako batean, ilarako bat Bill Withersen Lean on me abestia xuxurlatzen hasi zen eta, gutxika-gutxika, zain zeuden pertsona denek jarraitu zioten. Oilo ipurdia jarri zitzaidan. Espero ez nuen debaldeko opari preziatua. Ikusi behar zenuen, Maider.

      Honela dio letrak:

 

            Eutsi niregan

            indartsu ez zaudenean.

            Ni izango naiz zure laguna,

            aurrera jarraitzeko.

 

      Etxera iritsi orduko, umeek prest zuten mahaia. Aurreko udan Saran erosi genuen zamaua jarrita zegoen, zuria, lerro urdinekin. Kandelak ere bai, piztuta. “Ama, ongi etorri nire jatetxera. Hirian zabalik dagoen jatetxe bakarra da”, egin zidan harrera Unaik.

      Sukaldera hurreratu eta kozinatzeko arraina eman nionean, betilun ikusi nuen Uri. Mugikorrari begira zegoen. Mezu bat erakutsi zidan.

      — Zer gertatzen da?

      — Liburua atzera bota dute. Pandemiarekin ez direla ausartzen.

      — Zer? Diru horrekin kontatzen genuen!

      — Badakit, sentitzen dut.

      Unai hurbildu zitzaigun.

      — Zer gertatzen da? Arraina txarra dagoela? Lasai, eskatuko dugu pizza bat. Ez tristatu.

      Gau hartan nekez egin nuen lo. Halako berria eta nire urtebetetzean gainera. Gaueko ordu txikietan, ura edatera jaiki nintzen sukaldera. Zerbait nabaritu nuen mugitzen, gerizpe bizkor bat. Sagua zen.

      Sofan eseri eta mintzatzen hasi nintzaion.

      “Lasai, ez beldurtu, ez dizut ezer egingo. Egia esan, ez zara hain itsusia. Txikerra zara, umea igual. Belarri biribilak dituzu eta larrua ere fina, laztu gabea. Ez, ez zara bat ere zatarra. Oraindik ez duzu destainarik sortzen. Eta lotsagabe, berogailu azpitik atera zara eta aurrera egin duzu, jauzika, jaio berri den moxal bat bezala. Egongelan barrena alfonbra gainean geratu zara, burua altxatu eta bazkaltzeko mahai azpitik, sukaldera bidean. Ez zara beldur, inozoa ematen duzu, hasiberria, ez al duzu egundo gizakirik ezagutu? Ez al dakizu ehizatu nahi zaitugula? Hilabeteak gabiltza horretan. Ez kezkatu, ez ditugu jarri tranpa anker horiek, sagua bertan hiltzen dutenak, edo itsasteko xafla horiek, superrak aholkatu zigun bezala. Ez nuke jasango zu itsatsirik aurkitzea goizean, ezin libraturik, garrasika, ez baitago lekedatik askatzeko modurik. Eta umeek, batez ere, ikusiko bazintuzte han harrapatuta, ezingo zuten horrekin, betiko izango lukete oroitzapen garratz hori. Badakizu? Aneren gelako kide denek hamsterra izan zuten etxean, moda bat izan zen. Anek ere nahi izan bat, guk esaten genion ezetz, aitak esaten zion, maskota bat nahi baduzu, bada badugu bat etxean, sagua. Batzuetan uste dut aita bera dela gure maskota, guk eusten diogula zutik. Kontuz, ez dut esan nahi gizon txarra denik, lagun ona da, baina ez da ohartzen gauza askotaz; ulertzen nau, edo saiatzen da ulertzen, baina nire kezken ur gaineko iceberg zatia ikusten du, eta ur azpikoaz, horretaz guztiaz, ez da ohartzen. Zertan nabil, zuk ez duzu jakingo zer den iceberga, gaztea zara eta, ume bat, Ane eta Unai bezala. Anek barre egiten zion aitari, umore bertsua dute aita-alabek; bai, eskolako kideak ekarriko ditut eta erakutsiko diet sagua, izena ere jarri diot: Mr Tickle. Horrela deitzen zaituzte, Tickle, Kilima jauna. Eta Kilima, ikusten zaitut nola ari zaren izurik gabe ni sofan nagoela ere konturatu barik. Hor atera zara tranpen artetik, ezen senarrak tranpak erosi zituen, ekologikoak, zu barruan harrapatu eta Central Parkera eramateko; baina Amazonen erosten okertu zen eta tranpa bat beharrean hamar erosi zituen eta lehenengo jarri genizun bat eta ez zinen sartu, eta gero jarri genizkizun bi eta ohartu ginen sartu zinela eta gazta ere jan zenuela, Idiazabalekoa, maletan sartuta ekarri genuen hura. Gero ihes egin zenuen lasai asko, eta horrela ikusi genuen tranpa onbera haiek ez zutela ezertarako balio, eta Urik erabaki zuen tranpa guztiak jartzea lerroan bata bestearen alboan, berogailuaren azpian, elkarri zinta isolatzaileaz lotuak zulo guztiak estaliz. Baina ohartu naiz, zuk bultza egiten diozu zepoari eta pasatu egiten zara eta ibiltzen zara lasai beldurrik gabe gure alfonbra gainean ea ogi apurren bat harrapatzen duzun, beharbada Idiazabaleko gazta horrekin batera jateko, ze gazta ogirik gabe ez baita erdia ere eta orduan hortxe zabiltza baina onena izango da ezer ez esatea umeak ez ikaratzeko eta batez ere Urik jakin ez dezan berak egindako hamar tranpako murruak ez duela ezertarako balio, murru guztiek bezala, ezen alferrekoak dira murruak ez dutelako inor gerarazten eta orduan, laztana, zoaz etorri zaren tokitik, gaztea zara eta belarri biribil eta polit horiekin, zoaz Tickle jauna, zulotxotik bueltan beste etxe batera, edo parkera hobeto, hona ez etorri, ez dizugu ezer onik eskainiko eta”.

      Kasu egin zidan.

 

 

Biharamunean, mugikorraren soinuarekin esnatu nintzen. Dardarka ari zen nire aurreko mahaitxoan. Mezuak ziren. Konturatu gabe, loak hartu ninduen aurreko gauean sofan bertan. Zutitzeko keinua egin nuen eskuak etzanez baina zerbait arraroa sumatu nuen oihalean. Pinporta garden batzuk ziren. Eskuetan hartu nituen. Atzamarrei eraginda, haurren oinetako azal printzak zirela jabetu nintzen. Mugitu ezean, etxetik atera ezean, hanketatik ezkata txikerrak erortzen ari zitzaizkien umeei.

      Haien hanketatik ateratako elur malutak ziren.

      Mugikorrera behatu eta ikusi nuen lagunak ari zirela mezuak bidaltzen. Laura Lavicolli, irakurle klubeko gurasoetako bat, Queenseko ospitalean lan egiten zuena, The New York Times egunkarian atera zen, kolorezko argazki handi batekin, osasungintzako langileei buruzko gehigarri berezi batean.

      Gertukotasunak larritu ninduen, zeinen hurre dugun arriskua. Gure ezagun bat zegoen, borrokan, lehen lerroan. Egoera oso txarra zen. Milaka pertsona ari ziren hiltzen zahar etxeetan eta ospitaleetan. Hildako batzuen bila ez zen inor etortzen eta hobi komunetan ehorzten zituzten. Presidentea, bere aldetik, norabiderik gabe zebilen, orain hau gero bestea esaten, bromak egiten, urtetan gertatu den egoerarik larrienean.

      Ez dakizu zeinen zaila egiten zaidan hau, Maider, zurekin hitz egin ezin hau. Zu beti egon zara hor, edozertarako, baina orain ez zaude. Institutu garaian, gizon bat nirekin obsesionatu zen. Atzetik jarraitzen zidan etxeko atarira arte, kartak idazten zizkidan. Pastelak utzi zituen nire izenean arratsaldero kafea hartzera joaten ginen tabernan. Gainontzeko neskek barre egiten zidaten. Pastel horiek zaborretara bota beharrean, nazkaz eta erdeinuz baztertu beharrean, jan egiten zituzten, barran bertan eta barrezka. Beraiek bromatzat hartzen zuten. Ez zuten ikusten zerbait larria zegoela atzean, gizon hori ni estutzen ari zela. Beraientzat gizajo bat zen. Ordea, ni ikaraz ateratzen nintzen kalera, ez nuen nahi izaten bakarrik geratu, zer gerta ere.

      Zu hortxe egon zinen, Maider, nire ondoan. Etxera laguntzen zenidan, beti adi egoten zinen nazkagarri hura zelatan ote zebilen. Eta, inportanteena, entzun egiten zenidan, lasaitu, egoerari zuen larritasuna ematen zenion.

      Azkenean amama izan zen arazoa bideratu zuena, amama Mari, erraketista. Berari kontatu nion zer gertatzen zen eta gizon haren etxera joan zen segituan eta agindu zion iloba bakean uzteko; gehiago ez jarraitzeko kaletik, ez bidaltzeko kartarik, ez oparitzeko pastelik. Bestela, neurriak hartuko zituela.

      Eta horrelaxe utzi ninduen bakean.

      Zure ahotsa botatzen dut faltan, Maider, zu entzutea. Zure umore berezi horren hutsunea dut, umore ederra, batzuetan zitala ere bai. Gogoan duzu Kuban egon ginen aldi hura? Horrako ere engainatu ninduzun, horra ere jarraitu zintudan. Esan zenidan gobernuz kanpoko elkarte batek antolatutako bidaia bat zela, Kubara joan eta hango jende txiroari laguntzeko. Eskola bat margotzen parte hartu behar genuen, herri arrantzale batean. Aste barruan lan egingo genuen eta asteburuetan turismoa edo Karibeko hondartzetara joan. Behin bertara iritsita, konturatu nintzen castristez betea zegoela hura dena, Alderdi Komunistak antolatzen zuela. Gobernuz kanpoko elkartearen aztarnarik ez. Zuk iraultzaren onurez hitz egiten zenidan, zeinen ondo dauden osasuna eta hezkuntza, jendea zoriontsu bizi dela han. Aitzitik, ni sinesgogorragoa nintzen, ezagutzen nauzu, ez nuen zuk bezain ederra ikusten dena. Bai, orduan ere sartu zenidan ziria. Dena den, orain, onartu behar dut ondo pasatu nuela han ere.

      Barregarriena izurdeen eguna izan zen. Brigadakoek esan ziguten gogor egin genuela lan astean zehar eta opari gisa izurdeekin bainatzera eramango gintuztela. Zoratu egin zinen pozez, izurdeekin bainatzen olatu artean.

      Ailegatu da igandea eta itzarri gaituzte goizean goiz. Harrigarria, ez gara portura joan, ez dugu ontzirik hartu. Autobusez eraman gaituzte ur kresalezko igerileku batera. Hantxe egongo bide dira izurdeak. Hainbat turistarekin batera sartu gaituzte igerilekura. Han, ur nabarretan, gure azpitik zer zebilen jakiterik ez zegoen, ez genituen eta oinak ikusten ere. Halako batean, zerbait sumatu dut nire bernak ukitzen. Izurde bat da. Ai ama, gure inguruan dabiltza bueltaka, hurreratzen dira eta gero desagertzen. Baina ez du xarma izpirik. Ikara pixka bat ere ematen du. Begiratu zaitut eta nazka aurpegia duzu. “Nora, zer egiten dugu hemen”, esan didazu, “ur zikinetan, izurdeek noiz ukituko zain. Gure aita arrantzaleak baleki. Gerraosteko gose garaian ehizatu egiten zituzten arpoiarekin. Barre gutxi ez luke egingo. Turisten artean hemen, ergela ematen dut”.

      Zure kaka aurpegiaz gogoratu eta irribarrea ateratzen zait orain ere. Han, uretan, mugitu ezinik, izurdeak noiz ukituko. Hori bai, brigadakoek galdetu zizutenean nola joan zen txangoa, “zoragarri” batekin moztu zenuen jarduna.

 

 

Itsasoa irudikatzen dut ohe handi bat bezala. Eta izaren ertzetatik liburuak edo barruko arropa erortzen diren gisara, itsasoak ere noizean behin objektuak kanporatzen ditu. Maskorrak eta harriak. Animaliak direnean liluragarria izaten da, neguan agertzen ziren animalia horiek, ekaitzari aurre ezin egin eta, ahiturik, hondar ertzean.

      Egun batean bekatuak jaurtitzen hasi zen, plastikoa, botilak, etxetresnak ere bai. Izara artean zakarra baino ez zegoen. Bizitza galtzen ari zitzaion.

      Gure haurtzaroan egiten zen arrantza ez zen jasangarria. Arrainak eta arrainak harrapatzen ziren, ardurarik gabe, pentsatuz norberak egiten ez bazuen beste norbaitek egingo zuela. Baina arrantza zen herritarrek bizitzeko zuten ogibide ia bakarra. Ez zegoen beste aukerarik.

      Arrantzaleei arriskatzea besterik ez zitzaien geratzen. Arriskatu familia mantentzeko. Aurrekaririk gabeko egun bat gogoratzen dut 1984ko martxoan. Frantziako Armadak gure herriko bi ontziri kanoikadaz egindako erasoaren berri izan genuen. Gosaltzen ari ginela, amak irratiaren bolumena igo zuen. Isilik geunden denok. Herriko arrantzale batek hitz egin zuen:

      “Lehenik ur-zurrustak bota zizkiguten, baina horrek eraginik ez zuela ikusita, itsasoko olatu handiei ohituak gara, ke-poteak bota zizkiguten, eta sareak erre zituzten. Gu ez ginen uzkurtu. Patruila-ontzitik eta fragatatik balak iritsi ziren arte. Gero bi kanoikada entzun ziren jarraian eta itsasontzia dantzan hasi zen. Berehala, metrailetak, borrak eta eskuburdinak zeramatzaten hamaika soldaduk hartu zuten itsasontzia; portura iritsi arte ez ziguten karelera irteten utzi”. Karga hutseko obusak alderik alde zulatu zuen zubia, kabinan zeuden sei marinelak eraitsiz. Horietako batzuk zaurituta atera ziren. “Keak itsututa eta erdi zozotuta altxatu nintzen lurretik, eta berehala odola, eta lagun batzuk ikusi nituen minez eta amorruz oihuka”, esan zuen horietako batek.

      “Ez genuen espero, egia esan. Ohiko beste jazarpen bat baino ez zela izango uste genuen. Badakizu, batzuetan guk ere zirikatzen ditugu. Brankaz inguratu izan dugu patruila-ontzia, eta Frantziako marinelen bat ere joan da uretara. Baina hau beste gauza bat da. Orain tiroka ari dira, eta ni eta nire familia lan honetatik bizi gara. Lan egin nahi dugu, jan nahi dugu, itsasoa denona da, hau basakeria izan da”, zioen hortz artean.

      Iskanbila eta haserrea ziren nagusi herriko giroan. Herritar guztiak atera ginen kalera, zu eta biok ere bai. Portua eta bertako lantegi eta dendak geldirik egon ziren egun osoan zehar. Zuen amak janari-denda itxi zuen eta denok izan ginen manifestazioan. Nekez eman ahal genuen pausoa, hain zegoen kalea jendez betea. Gure lagunen amak gogoratzen ditut megafonoak eramaten. Heroinazaleen amak. Nire oroitzapenetan, emakumeak izan ziren manifestazioaren buru. Zure amak pankartari eusten zion. Ikaskideen amek “Itsasoa bai, gerrarik ez”, “Itsasoa denona da, ez frantsesena” oihukatzen zuten megafonoetatik, euskaraz eta gaztelaniaz. Eta denok errepikatzen genuen haiek ziotena birika betean. Gure ahotsak itsasoan entzun zitezen nahi genuen.

      Garai hartan egiten ziren beste manifestazio batzuetan ez bezala, ez zegoen inor tabernetan, ez kaleen alboetan, ez leihoetan, ez balkoietan. Denok geunden han. Beno, zenbait puntutan pertsona batzuk taldetik kanpo ikus zitezkeen. Kazetariak ziren, bideo eta argazki kamerekin.

      Jakin gabe, mundu baten amaieraren hasiera grabatzen ari ziren.

 

 

Umeak aspertu egiten ziren. Eskolako lanak egiten zituzten, moldatzen ziren beraiek bakarrik gehienetan, eta ibiltzen ginen kartetan, pianoa jotzen, ukelelea ere bai, leihoan jartzeko ostadarrak margotzen zituzten, gimnasia egiten genuen laurok batera, liburuak irakurri, filmak ikusi... baina gogaituta zeuden.

      Batzuetan, beraien gelan sartzen ziren eta entzuten genituen barrez. Bideoak grabatzen zituzten ordenagailuko Photo Booth aplikazioan. Irudikatzen zuten bi-biak kazetariak zirela, Youtubeko kanal batekoak, eta egunean zehar gertatutakoa komentatzen zuten, umore puntu batekin. Hainbat eta hainbat bideo grabatu zituzten. Ordenagailuko memoria ere ia bete dute. Baina pena ematen dit ezabatzeak, haien bizitzako momentu jakin bat jasotzen dute, eta pasatzen ari den guztiarekin, bideoetan behintzat, zoriontsu dirudite, ahoak eman ahala berbetan, elkar zirikatzen.

      Uste dut nire urtebetetzekoa eta gero burumakur ikusten gintuela Anek. Izan ere, Urik eta biok ez genuen egun batzuetan hitz askorik egin. Bakoitza bere gauzez arduratzen zen, lanaz, umeez, etxeko zereginez. Era mekaniko batean funtzionatu genuen, begirunez. Ordea, ez zegoen ohiko maitasun keinurik elkarren artean, ezta umorerik ere.

      Anek zerbait gaizki zegoela sumatu eta nolabait giroa hobetu nahi izan zuen, bere erara. Bazkalostean, laurok bildu gintuen sukaldeko mahaian. “Begira zer jarri diguten Matematikan gaur. Pentagono hau”. Matematikak atsegin ditu, gure amaren bidetik doa itxuran.

      Marraztuko dizut zer jarri zuen erdigunean.

 

 

      — Zenbatu behar duzue zenbat hiruki dauden —esan zigun Anek—. Ematen duena baino gehiago daude.

      — 11 —esan zuen Unaik.

      — Ez.

      — 25 —Urik.

      — Ezta ere. Ama?

      — Ez dakit neuk ere. Ez al diguzu esango?

      — Ez ba.

      Hirukiak zenbatzen ari ginen bitartean, etxeko atea jo zuten. Nor izango da pandemiaren erdian? Johnny beharbada? Atea zabaldu eta ez zegoen inor. Lurrean kartoizko kutxa txiki bat marraztutako bihotz batekin. Barruan, etxean egindako galletak.

      Berehala asmatu nuen norenak ziren: Rebeccarenak. Atea jo eta alde egin zuen. Ez zuen gurekin hitz egin nahi, ez gintuen gaixotu nahi. Galletak uztea izan zen haren hitz egiteko modua, “zer moduz zaudete?”, “akordatzen gara zuekin”, “bukatu du Urik liburua?”.

      Rebeccaren keinuak aldartea hobetu zidan. Unairen laborategitik paper bat hartu eta Uriri esan nion nirekin batera gelara sartzeko. Ohe ertzean etzan zen. Atea itxi nuen.

      Uriri eman nion papera.

      — Irakurri.

      — Zer da ba?

      — Zure apunteak dira.

      — Hara!

      — Rosikak irabazi zuen epaiketari buruzkoak dira. Libelo bat atera zuten bere kontra eta lau urtez borrokatu zen epaileak arrazoia eman zion arte. Rosikak borrokatzen zuen. Irakurri zure hitzak.

      — Nola?

      — Bai, irakurri iaz zuk idatzitakoa.

      — Ados, lasai. Banoa —Uri irakurtzen hasi zen—. xx. mendeko 10eko hamarkada bakezaletasunaren aldekoa izan bazen, Lehen Mundu Gerra amaitu eta gero, giroa okertu egin zen Estatu Batuetan. Nazionalismoak eta antisemitismoak indar handia hartu zuten. Okerrena da juduen artean ere Rosikarenganako halako arbuioa sortu zela, ez ote zuen berak Ford bultzatu juduen aurka egotera.

      — Ez geratu. Segi, segi.

      — Rosika itu erraza bilakatu zen eskumarentzat bake konferentziaren porrotaren ondoren. Hainbat izan ziren haren aurka idatzi zutenak. Horietako batek, Fred R. Marvin izeneko kazetariak, 1924an zutabe bat idatzi zuen New York Commercial egunkarian esanez Rosikak bake-ontzia erabili zuela bere onerako eta ez bakean pentsatuz, eta gainera aldarrikapen komunistak egin zituela han eta hemen bakearen aldeko mitinak eta elkarretaratzeak profitatuz. Rosikak demanda jarri zion. Lau urte geroago, 1928ko ekainaren 29an, epaiketa irabazi zuen eta kazetariak eta egunkariak 17.000 dolar ordaindu behar izan zizkioten kalte ordainetan. Epaiketan, Rosikak Forden gutun bat erakutsi zuen proba gisa, non negozio gizonak aitortzen zuen Rosikaren asmo ona, eta nola hitzaldiko garai hartako 300 dolar irabazten zuen intelektual batek kobratzeari utzi zion bake-ontzirako lan egiteko —bukatu zuen Urik. Ez zuen aurrera jarraitu nahi eta niri begira geratu zen—. Eta?

      — Uri, lau urtez borrokatu zen Rosika bere izen ona berreskuratzeko, gauzak geldo joaten dira. Ahaztu poesia eta ekiozu nobelari berriz. Ez amore eman orain, bidearen erdian, emakume horren bizitzak merezi du.

      — Ez dakit ba, beharbada madarikatua da. Edithek ezin izan zuen liburua bukatu. Sekulako lana egin zuen eta, gero, ezertarako. Pandemia honekin, dena dut zalantza. Ez dakigu zer gertatuko den, ez dakit ataka honetatik salbu aterako garen ere, nola geratuko da mundua gero? Egoera honetan, zer zentzu du idazketak berak? Zer zentzu du historiak ahaztutako eta, lehenago edo beranduago, berriro ahaztua izango den pertsona baten irudia berreskuratzeak? Rosikak ekintzak maite zituen, hitzak baino areago, ekintzak. Hitzek ez dute ezertarako balio. Eta bestalde, nigan sineste handiegia duzu. Pentsatzen duzu Edith baino hobea naizela? Zergatik uste duzu nik liburu malapartatu hau buka dezakedala?

      — Nik behartuko zaitudalako —esan nion barreka.

      Gelatik atera ginen, Uri animatuago nabari nuen. Umeengana joan zen.

      — Barkamena eskatu nahi dizuet.

      — Zergatik, aita?

      — Egunotan isilik ibili naizelako. Zuek ordaindu duzue nire ezinegona. Isilik ibili naiz, eta isiltzea ez da bidea. Badakizue zer gertatu zitzaion goroldioari? —umeak adi-adi geratu zitzaizkion begira—. Antzina-antzina, gizakiek eta animaliek eta landareek ere bazuten berba egiteko dohaina.

      — Benetan? —Unaik.

      — Halaxe da. Baina egun batean goroldioa haserretu egin zen bere lagunekin. Eta isilik geratu zen. Orduan, goroldioa isilik geratu zenez, osterantzeko landareak eta animaliak ere bai, isilik geratzen hasi ziren. Ez zioten elkarri hitzik egiten. Eta badakizue?

      — Zer? —Anek.

      — Ba, berba egiten ahaztu zitzaiela.

      — Denei? —Unaik.

      — Ez, denei ez. Gizakiari ez. Badakizue zergatik?

      — Ideiarik ez —Anek.

      — Bada, gizakiak bere buruarekin hitz egiten zuelako.

      — Zuk bezala, aita! —Unaik.

      Urik gauzak bere erara kontatzen ditu. Ez da fina datuetan, eta nahasten da. Hala ere, atsegin dut nola kontatzen dituen gauzak, nahiz eta ez zehatzak izan. Nik uste gauzak kontatzen dituela ez gertatu ziren moduan, gertatu behar ziren moduan baino.

      Bizitza erreala edertzea gustatzen zaio.

      Nahiko nuke tasun hori niretzat.

 

 

Hitzek ez dute ezertarako balio, ekintzek baino. Ekintzak zituela nahiago Rosikak, hori esan zidan Urik. Baina hitzek eman diote ofizioa Uriri. Hitzak daude Rosika eta Edithen bakezaletasunaren oinarrian.

Hitzek ekarri gaituzte New Yorkera.

 

 

Apirilaren 27an atera ziren lehen aldiz umeak kalera. Hilabete eta erdiz egon ziren etxean sartuta. Gu irteten ginen erosketak egitera, baina beraiek ez. Hasieran ez zuten irten nahi, beldurtuta zeuden, gaixotzeko izuarekin. Esaten ziguten nahiago zutela etxean geratu, gordean, kalera atera baino. Pentsa, umeak, beti desiratzen egoten dira aire freskoa hartzeko, gorputzak mugitzeko, korrikan egiteko. Eta hain berezko duten grina hori agortu egin zien pandemiak.

      Sofako ezkata txikiena eta gero, beharrezkoa ikusten genuen umeak kalera joatea, gutxika-gutxika ohitu behar ziren etxetik kanpo egotera, beldurrak uxatu behar zituzten. “Historia Naturaleko Museora joango gara”, esan nien, “eraikinari bira eman eta etxera itzuliko gara”. Nagikeria handiz baina, azkenean, baiezkoa eman zuten.

      Igogailua hartu gabe, eskaileretan behera jaitsi ginen. Lehen solairura iritsi ginenean, han zegoen oraindik horman babesleku nuklearraren txartel zaharra, Gerra Hotzeko garaia oroitarazten zuena. Sotoan izan zen garai batean aterpea.

      Eguna hodeitsua zen, bedatsea lotsati zebilen artean, eta hotz egiten zuen. Berokiak eta txanoak soinean geunden. Laurok batera egin genuen espaloian behera, eskutik helduta. Uri eta biok ertzetan eta bi umeak erdian.

      Kalearen muturrean hantxe zegoen museoa, gaztelu arrosa bat ematen du atzealdetik, dorre eta guzti. Ezin sinetsizkoa zen nola aldatu zen parajea. Apirilaren bukaera zen eta ez zuen batere antzik iragan urteko apirilarekin. Museoa itxita zegoen, jakina. Non geratu ziren bertara egiten genituen bisita amaigabeak, batean gela batera bestean bestera. Non egongo ziren orain tximeleta monarkak eta arrainak. Dinosauroak, meteoritoak, origamiz egindako Gabonetako arbola erraldoia.

      Ez zebilen ia inor kaletik, baina, ustekabez, Unairen gelako haurtxo bat aurkitu genuen, haren familiarekin. Eskutik helduta zihoazen haiek ere. Arraroa izan zen, ez ginen elkarrengana hurreratu, denbora luzea elkar ikusi gabe egon arren. Urrunetik hitz egin genion elkarri, galdetuz zer moduz joan zen itxialdia, ondo zeuden osasunez. Eta agurtu ere era berean agurtu genituen, artean laurok elkarri eskutik helduta.

      Apirila Lurra planetaren hilabetea da. Iazko urtean, hau dena hasi aurretik, Historia Naturaleko Museoak Earthfest ekitaldia antolatu zuen, Lurraren besta. Ekitaldi horretara, musikariak, artistak, ekintzaileak, adituak, akademikoak, politikariak eta era guztietako pertsonak bildu ziren, krisi global larriaz eta New York hiriak energia berriztagarriaren erabilerara eraldatzeko beharraz kontzientziatzeko asmoz.

      Besteak beste, Patti Smithek hartu zuen parte. Baita rem taldeko Michael Stipek ere. Patti Smithek Dodoaren loa izeneko olerkia irakurri zuen.

      “Irakurriko dudan poema hegazti bati buruzkoa da. Dodoa xvii. mendera arte Maurizio uharteetan bizi zen espezie berezia zen. Metro bat inguruko altuera zuen. Bere hegoak txikiak ziren eta ez zuten hegan egiteko balio. Moko luze eta horia zuen, kako formakoa. Eta dodoak zoriontsu bizi ziren beren uhartean. Zoriontsu gizakia iritsi zen arte. Ezen gizakiak dodoak desagerrarazi zituen”.

      — Egia da —jaio zitzaion Aneri—. Desagertutako hegaztia da. Dodo baten irudia ikusi nuen museoan, tximeletak egoten diren kristalezko gela handiaren sarreran.

      People have the power kanta ezagunarekin bukatu zuen Patti Smithek ekitaldia. Eta, jakina, musikak berriro ere zuregana eraman ninduen, gau epel batera, Musika plazako Jai Braian tabernan.

 

            Entzun, amesten dugun guztia

            gertatu egingo da batzen bagara.

            Mundua alda dezakegu,

            egin dezakegu Lurraren iraultza.

 

            Guk dugu boterea.

            Herriak du boterea.

            People have the power.

            People have the power.

            People have the power.

 

      Eguzki indarrez dabilen argitxo bat utzi zuten aulki bakoitzaren azpian, eguzki itxurakoa hura ere. Kontzertuan argi egiteko zen. Jaialdia bukatu zenean Unaik argiak hartu nahi zituen, etxeko jatetxean jartzeko, dotore egingo zutela. Bost bat argi hartu zituen eskuetan. Bagindoazela, antolatzaileetako batek esan zion ezin zirela hartu, bertan uztekoak zirela.

      — Bakar bat ere ez? —galdetu zion Unaik.

      — Tira, har ezazu bat. Baina ez esan inori.

      Argitxo harekin irakurtzen du gauero Unaik.

 

 

Nahiz eta gogogabetasuna erabat ez gainditu, Urik nobelaren asmoa berriz hartzea lortu nuen. Umeak lo zeuden bitartean, Unairen laborategian sartu eta nobelarako materiala begiratzen hasten ginen biok elkarrekin. Bitxia da, laborategia berez logela handiaren barruan dagoen jantzi-gela estu bat da. Zabalera metro eta erdikoa izango du, eta hiru bat metro luze. Jantzi-gela ikusi zuenean, Unaik pentsatu zuen, bera senide gazteena izanik, hura zela bere logela.

      — Ez, hau ez da logela bat —esan nion—, antzinako jantzi-gela bat baino.

      — Jantzi-gela? —erantzun zidan harriturik—. Zer da hori? Nik ez dut sekula ikusi horrelakorik. Niretzako logela ez bada, orduan, laborategia izango da.

      Eta horrela, dena hustu eta laborategi magikoa sortu zuen.

      Urik eta biok atsegin genuen etxe guztia bi umeentzat utzi eta guk biok gelatxo hartan lan egitearen ideia. Ahalik eta hobekien moldatzen saiatu ginen: umearen mahai eta aulki txikian esertzen nintzen ni ordenagailu eramangarriarekin eta Uri zoruan egoten zen, liburutegitik ekarritako apunteei begira.

      — Bizitza oso gorabeheratsua da, Nora —esan zidan Urik begiak paperetatik kendu gabe—, oraintxe zaude goian eta gero behean, edo alderantziz. Zuk aipatu zenidan libelo hura, nola ibili zen Rosika bere ohorea berreskuratu nahian, lau urte luzez, epaiketa irabazi zuen arte. Oso bolada txarra pasatuko zuen.

      — Ez dut zalantzarik.

      — Bada, 30eko hamarkadan dena haize alde jarri zitzaion. Gizartean ideia aurrerakoiak indartzen ari ziren eta Rosika figura interesgarria bilakatu zen garai hartako gazteentzat, eredu bat.

      — Influencerra.

      — Kar-kar, horrelako zerbait. Baina pentsa zenbateraino aldatu zen jendeak hari buruz zuen iritzia, ezen Bakearen Nobel sarirako hautagaia izan zen. Eta badakizu nork babestu zuen?

      — Ez dut ideiarik.

      — Bada Albert Einsteinek.

      — Ez nekien elkar ezagutzen zutenik ere.

      — Tira, ez zuen bakarrik Einsteinek aurkeztu. Bere hautagaitza babesten bi Nobel saridun zeuden. Einstein bera eta Selma Lagerlφf, idazle suediarra, Literatura Nobel saria irabazi zuen lehen emakumezkoa. Bazegoen hirugarren bat ere sinatzaileen artean, ezetz asmatu...

      — Ford?

      — Ez, Fordekin haserre zegoen. Bere lagun estu bat.

      — Lola!

      — Lola Maverick Lloyd, horixe bera. Bada, Einsteinekin harreman luzea izan zuen Rosikak. Antimilitarismoaren alorrean lan handia egin zuten elkarrekin. Einstein izar mediatiko bat zen, eta ez zuen dudatzen bere ideiak ahal zuen guztietan zabaltzeko. Hitzaldi asko ematen zituen. Adibidez, eta hemen daukat egunkariko ebakina —eskuetan zituen paperen artean ari zen bila Uri—, 1931ko martxoan New Yorken egin zuen berba Einsteinek, munduko bakeari buruz. New Yorken hitz egin zuen Europara eramango zuen transatlantikoan bertan.

      — Baina ez zen Einstein Estatu Batuetan bizi?

      — Ez, oraindik ez. Orduan Kalifornia aldean egon zen hitzaldi bat ematen eta Europara bidean zihoan. 1933ra arte ez ziren etorri hona. Princetoneko Unibertsitateak lana eman zionean.

      — Eta zer esan zuen ontzi hartan?

      — Bada, harrigarria da baina intsumisoei buruz hitz egin zuen. Behar-beharrezkoak direla intsumisoak.

      — Aitzinatua zen gizona.

      — Han esandakoaren arabera, behar-beharrezkoa da derrigorrezko soldadutzari ezetz esatea, ezinbestekoak dira intsumisoak munduko bakea lortzeko. Eta ez da beldurrik izan behar hori dela eta kartzelara joateko. Kontua da, haren ustez, kartzelara joateko gertu dagoen intsumisoa prest egongo dela gerra garaian engaiatua izateari ezetz esateko. Eta soldadurik ezean, ez dago gerrarik —Uri pizten ari zen. Atsegin dut gai bat bereziki interesatzen zaionean, nola bizi duen—. Harreman luzea izan zuen Rosikak Einsteinekin —jarraitu zuen—. Edithen kutxetan kartak eta kartak zeuden elkarri idatziak. Batez ere, Estatu Batuetara iritsi zenez geroztik.

      — Lasaitua hartuko zuen hona etortzean.

      — Bai eta ez. Alde batetik, argi dago, bizitzeko aukera eman zioten estatubatuarrek, bestela batek daki zer gertatuko zitzaion. Baina, bestalde, Alemania faltan botatzen zuten. Herri txikia zen Princeton eta Einstein kezkati zebilen.

      — Munduaren egoeraz?

      — Bai, horretaz ere bai. Baina, batez ere, lan egin nahi zuen bere esparruan, zientzian. Nobela eta gero, hara eta hona ibili zen bakearen alde hitz egiten eta sentipena zuen bere pasioa albo batera uzten ari zela. Nolabait esan, zientzialaria izatetik dibulgatzaile izatera igaro zen. Zientzian pentsatzen pasatu nahi zuen denbora. Baina handik eta hemendik deitzen zioten etengabe eta ezin zuen. Adibidez, Harvarden hitzaldi bat emateari ezezkoa eman zion.

      — Ezin bideraturik zebilen, alegia.

      — Ni bezala, bai. Ahotik kendu dizut.

      Irribarre egin genuen. Urik hizketan jarraitu zuen.

      — Polita da, ezen Rosikak hirurogei urte betetzen zituenerako nahi zuten saria, 1937ko irailaren 11rako hain zuzen. Sinatzaileen artean bi saridun zeuden, eta munduko herrialde ezberdinetakoak. Ederra da aurkeztu zuten idatzia nola bukatzen den

      — Eskura duzu? Jakin nahiko nuke.

      — Bai, hemen daukat: “Nahiz eta historiak Schwimmer andreari justizia egingo dion, historia geldoa da”.

      — Zu bezain geldoa. Ala, hizketa gutxiago eta lanera. Zuk diktatu eta nik idatziko dut.

      — Nola?

      — Bai, bizkorrago egingo dugu horrela. Hasi bada. Zuk diktatu eta nik nire erara jarriko dut.

 

 

Itxialdia bukatu eta gero, eta nobelaz hitz egiteko, pasealdi luzeak ematen genituen Urik eta biok Central Park aldetik. Central Park mundu bat da. Paisaia desberdinak daude parkean bertan, badaude jolasteko guneak, kirola egitekoak, eskiatu eta bainatzekoak, badago zoo bat, antzoki bat, kontzertuetarako kioskoak, korrikan egiteko bidezidorrak, badaude zubiak eta badaude lakuak. Erraza da galtzea. Giro batetik bestera pasatzen zara. Badaude etorbide luzeak, zuhaitz garaiekin, eta badaude baso hertsiak. Horiek maite ditugu guk. Baso horietako bat da Ramble deitzen zaion gunea. Ematen du Iratin barrena egiten duzula oinez, xendretan zehar. Udaberrian leku egokia da txoriak ikusteko, hegazti migrariek hantxe hartzen dute atsedena, mundua zeharkatzeko bidaia luzeetan.

      Ohitura handia dago han eseri eta txoriak hurbiltzeko zain egotekoa. Jendeak espezieak desberdintzen ere badaki. Prismatikoekin egoten dira, eta koaderno batekin, txorizaleak.

      Zure aitaren txoriak zaintzen genituen txikitan bera itsasoan zegoenean. Txori kantariak gordetzen zituen garajean. Agintzen zizun haiei jaten emateko, eta lantzean behin han inguruko mendietara eramateko ere bai, kaiolan sartuta. “Mendian jaio dira eta hura botatzen dute faltan”. Hala ere, kontuz ibili behar genuen. Ez zen komeni haiek txori kantariren bat entzutea, kantua kopiatzen zioten eta. “Eta txori batzuek oso gaizki kantatzen dute. Ez dezatela ikasi txori baldarren kanturik”. Txori kanten kaseteak zituen zure aitak eta garajean jartzen genizkien, hori baino ez zuten entzun behar. Baina behin, mendira kaiolekin joan eta gure kontuekin ari ginela, hara non hasten den txori basati bat kantatzen. Baldar, jakina. Ai ama! Kaiolak hartu eta korrika itzuli ginen herrira. Garajean sartu eta jarri genien kasetea.

      Aitak, ordea, igarri egin zuen zerbait. “Maider, non ibili ote dira txori hauek...”.

      Haurtzaroko oroitzapenak, Maider.

      Paseoan genbiltzala, Einstein hartu genuen Urik eta biok mintzagai. Ez duzu sinetsiko, Maider, baina Albert Einsteinek hezkuntzari buruzko hitzaldi bat eman behar zuenean Albanyn, New Yorkeko Estatuko Unibertsitatearen egoitza nagusian, Rosika hantxe zegoen, entzuleen artean.

      Imajinatzen dut lehen lerroan, loredun soineko batekin, kapela eta betaurrekoekin, adi entzuten.

      Bere haurtzaroko hezkuntzaz hitz egiten zuen Einsteinek. Nola irakasleek indarkeria eta autoritarismoa zerabilten gelan. Eta horrek umeek hain berezko duten jakin-mina hil egiten du. Einsteinen aburuz edukiak ez dira berebizikoak, pertsona bera baino. Hots, edukiak ahaztu egiten dira, baina zuk irakasten badiozu ikasle bati independentea izaten, kreatiboa izaten, lana plazerarekin egiten, horrek bizitza osoan iraungo dio.

      Eta beste gauza bat, agian garrantzitsuagoa. Hark zioen denok nahi dugula aintzatetsiak izan, denok nahi dugula besteen arreta, batez ere umeak garenean. Baina aintza hori bideratzen bada besteak baino hobea, indartsuagoa, jakintsuagoa izatera, ez dela bide zuzena. Kontua ez da hobea izatea, ona baino. Eta beti komunitatearentzat onena bilatzea. Alegia, zientzialari onak, idazle onak, langile onak dituen gizarte batek berez egingo du aurrera. Komunitaterik gabe ez dago askatasunik.

      Ikasle ona zinen, Maider. Hala ere, Filologia ikasketak amaitu eta herrira bueltatzea erabaki zenuen, zure karrerarekin zerikusirik ez duen zerbaitetan aritzeko. Amarekin eta ahizparekin batera dendan. Deigarria egin zait beti fideltasun hori. Nola utzi zenuen zurea etxekoei laguntzeko.

      Ia konturatu gabe, Einsteini buruz berbetan, Urik eta biok parke osoa zeharkatu genuen, mendebaldetik ekialdera. Hantxe, Bosgarren Etorbidean dago Metropolitan Museum of Art-en egoitza erraldoia.

      New Yorkera iritsi berri, Urik nahi izan zuen bertara joan, Europako margolariak dauden geletara. Eskailera zabal batzuk igo eta, bigarren solairuan, hantxe dago gela. Ikaragarria da met, erraz da bertan galtzea. Labirinto baten modukoa da. Gela batetik bestera igarotzen zara, eta gela bakoitzak du bere giroa, margoa, argiztapena. Ematen du bidaiatzen ari zarela: oraintxe zaude Amerikan Frank Lloyd Wrightek diseinatutako gela batean, oraintxe Europan Erdi Aroko ermita baten barruan, oraintxe Japoniako tenplu batean.

      Urik eta biok maite dugu margolaritza klasikoa, batez ere italiarra, eta bereziki Caravaggio. Haren bi margo ezagun daude bertan. Lehena, ezagunena, Musikariak izenekoa da. Musikari gazte bat ageri da lehen planoan, lautea eskuetan duela. Gidak kontatu zigunaren arabera, margolariaren ezkutuko maitalea zen. Eta musikariaren atzean Caravaggio bera dago, oso gazte bera ere. Hegal bakoitzean, beste bi gazte. Batari ikusten zaio paparra, eta besteari bizkarra. Eta nahiz eta bere maitalea jantzita dagoen, alboko horien gorputz-atal biluziak ikusita, ematen du maitalea imajinatzen ari zela Caravaggio, azal gorririk. Erakutsi gabe, dena esaten du.

      Bigarren mihisea San Pedroren ezetza da. Gizon nagusi gisa erretratatu zuen San Pedro, oso modu errealistan, ematen du kalean bizi den eskale bat. Bazter batean dago agurea, ikaratuta, aurreko aldean soldadu erromatarra duelako. Galdezka ari zaio Jesusi buruz, ea bere laguna den, ea ikusi duen azken boladan. Jesusen atzetik ari dira legionarioak. San Pedrok ezetz esango dio, ez duela ikusi, bera ez dela Jesusen adiskidea ere. Koadroan, soldadua bizkarrez dago eta ez da nabari zein den. Bistara dugun bisaia San Pedrorena da. San Pedro da pertsona, izututa dagoena. Eta soldaduak boterea sinbolizatzen du, botere hotza.

      Anek iruzkin bat egin zuen margo hari begira.

      — Konturatzen zarete garai hartan ez zegoela argi elektrikorik? Orduan bakarrik kandelak zeuden. Nola egin zuen Caravaggiok hau margotzeko?

      Ane progresoaren ideiaz konturatu zen bat-batean, nola gaur egun dugun bizimodua ez den beti egon.

      — Beharbada buruz margotuko zuen —esan zion gidak— eta, seguru, bozetoak egingo zituen aurretik. Eta gainera, beti zuen aukera egun argiz pintatzeko.

      Caravaggio obsesionatuta zegoen botereak berekin dakarren jazarpenarekin. Asko dira bere koadroetan agertzen diren soldaduak, boteretsuak, jende xehearen gainetik beti.

      Askatasun ezina da bere gaietako bat.

      Koadroari begira, gomutatu nintzen, Maider, zurekin izan nuen eztabaida batekin. Afaltzera atera ginen biok, ohi bezala, eta emakumeen egoeraz mintzatu ginen.

      — Maider, emakumeek hainbeste sufritu dugun arren, ez dugu sortu talde armaturik, ez dugu inor hil.

      Aurpegia okertu zitzaizun.

      — Ez zait gustatzen horrela jartzen zarenean, Nora. Ez al dakizu zenbat jende hil duen herrian eskuin muturrak ala Poliziak? Ez al dakizu herriko gazte bat sekuestratu eta mendian abandonatu zutela tiro bat buruan emanda? Horrek gorroto asko sortzen du. Eta gorroto horrek eztanda egiten du nonbaitetik.

      Beti errespetatu izan ditugu elkarren ideiak, gutxitan haserretu gara, baina orduan aulkitik jaiki eta joan egin zinen jatetxetik, ni han bakarrik utzita.

      Ez nuen ulertzen zergatik.

 

 

Gau hartan, ametsean, Rosika agertu zitzaidan. Lolarekin batera dago, haren etxean. Pianoa jotzeko eskatu didate. Elkarrekin jo dugu pianoa Rosikak eta biok. Gero, umetu egin naiz. Gereziak jan ditut pianoaren azpian. Rosika eta Edith ikusi ditut gerritik behera. Handik atera eta erraldoi bihurtuta aurkitu dut Rosika. Iruρekoen antzekoa. Erraldoiaren gona zabalik zegoen atzealdetik eta barrura sartu naiz.

      — Zer egiten duzu hemen, Maider? —galdetu dizut.

      — Ez al da ezkutaleku ona? —erantzun didazu—. Tira, dantzan jarri behar dugu erraldoia.

      — Baina nola?

      — Bada uhalak jarri behar ditugu eta tente ipini. Musika hasten denean dantzan egingo dugu eta erraldoiak ere bai.

      Eta bira eta bira hasi ginen, izerditan blai, esnatu egin nintzen arte.

 

 

Arratsaldero bueltatu izan gara parkera. Bizia hartzen ari da, ezari-ezarian. Musikariek jotzen dute bertan, zuhaizpean, jam session-ak han egiten. Eta bizargin bat ere badago, lakuaren ondoan. Mahats-parra baten azpian jarri da. Ez dakizu nolako ilarak izaten dituen. Ez denez inor ile-apaindegira joaten eta honek tximak aire librean mozten dituenez, egundoko arrakasta dauka.

      Parkean, mendi-bideetan barrena, ur-jauziak eta zubi txikiak zeharkatuz, Ramblera iritsi ginen. Txori bat ikusi genuen, miragarria zuen lumajea, gorria oso. Geratu egin ginen, hura ez izutzeko.

      Osoki gorria zen, kopeta izan ezik. Euskal Herrian horrelakorik ikusi gabe nengoen.

      — Kardinala ematen du —murmurikatu nion Uriri.

      — Baliteke.

      Hegaztiari begira geundela, gizon bat hurreratu zitzaigun argazki-kamera batekin.

      — Ez da kardinala. Piranga da. Piranga olivacea. Udaberri aldean hurreratzen da New Yorkera. Arrak kolore gorria izaten du, baina soilik udaberrian, emeen atentzioa idoro nahi duenean. Emeek oliba koloreari eusten diote, hostoen artean habia jarri eta oharkabean pasatzeko.

      — Migraria da hau ere? —galdetu nion.

      — Bai, eta oso zaila ikusteko. Zorteko gaude. Laster tropiko aldera egingo dute hegan.

      — Harrigarria da gorri bizi hori —esan nion hegaztiaren lumei begira.

      — Ikusgarria da oso. Zuhaitzen tontorretan du laket pausatzea tangarak. Eta hostaila berdean barrena egiten duenean hegan, hostoak sutan jarriko balitu bezala da.

      — Aizu, biologoa izango zara gutxienez.

      — Ez ba. Autobus gidaria naiz. Baina gustuko ditut txoriak.

 

 

Unibertsitatera joateko garaia iritsi zen. Zu Gasteizera joan zinen, Letren Fakultatera. Nik Bilbon ikasi nuen, Ekonomia. Garai hartan, unibertsitatera joatea bizimoduz aldatzea zen. Herrietatik, orduan, gutxitan joaten zen jendea hiriburuetara. Bidea luzea zen eta bihurgunez betea. Autobusak egon bazeuden, baina egunean gutxi batzuk. Hirietara joaten ginen mediku espezialistaren bat bisitatzera, edo kontserbatorioko edo hizkuntza eskolako azterketaren bat egitera. Oso noizean behin, arropa erostera. Horregatik, guretzat ospakizun handia zen unibertsitate ikasketen hasiera. Bizimodu berri bat, gure familiengandik urrun.

      Urte horretako irailean nire gurasoek zure familia gonbidatu zuten bazkaltzera. Agur bazkaria edo izan zen. Une alaia, denak pozik, nire aita batez ere, harro bere alabaz. Ni, ordea, lekuz kanpo sentitzen nintzen. Hala nola iraileko marea biziak, hondartza uhin handiekin urez betetzen dutenak, hala nola ur haserretuak, itsasadarra errepidea estaliz gainezka egiten dutenak, harridura, nostalgia eta izua zeuden nire zainen barruan.

      Zu eta biok banandu ginen lehen aldia zen hura.

      Azkar egokitu nintzen hirira. Lagun talde berria egin nuen eta gustura nengoen beraiekin. Betiko kuadrillatik kanpo, hasiberria nintzen han. Ni neu izan ahal nintzen, iraganaren edo familiaren zamarik gabe. Lehen hilabeteetan asteburuero bueltatzen nintzen herrira. Ostiraletan, zurekin elkartu eta ez batak ez besteak ez genuen txanda errespetatzen. Gogotsu geunden, elkarri astean zehar bizi izandakoa kontatzeko.

      — Mutil bat gustatzen zait.

      — Hara! Berria da hori.

      — Gorri esaten diote, mendizalea da, nafarra.

      — Eta?

      — Bada, ez dit kasu handirik egiten. Oharkabean pasatu natzaio.

      — Maider, mesedez, hori zuk ere ez duzu sinesten.

      Neguan, nagikeria handiagoa ematen zuen etxera itzultzeak. Hirian jarduera gehiago zeuden: zinema, kontzertuak, adiskidantza berriak. Urte horretan, Medikuntzakoen eta ingeniarien jaiak gozatu genituen Bilbon. Otsaileko azterketen ondoren, Informatika ikasten ari zen lagun batek bere etxera gonbidatu gintuen ingeniarien jaia ospatzen ari zen asteburuan. Handia zen ekitaldia. Hainbat musika taldek joko zuten zuzenean erakustazokan. Baina, batez ere, unibertsitateko gazteen topagunea zen.

      Zortzi neska elkartu ginen pare bat gela besterik ez zituen apartamentu batean. Hori gutxienekoa zen. Zerbait afaldu eta ateratzeko prestatu ginen, pozarren. Ataritik irten bezain laster, espaloia jaistean, lagun batek pauso txar bat eman eta orkatila okertu zuen.

      Gu guztion buruan zegoen zalantza zen. Gure laguna festara joateko moduan ez bazegoen, etxean bakarrik utzi behar genuen ala festa apartamentura eraman eta kontzertuak ahaztu? Puska batean lagunaren orkatila osatu nahian ibili ondoren, etxera joan eta oina goian zuela atseden hartzea erabaki zuen, gauza gehiago okertu ez zedin. Irribarre konplize batekin, erakustazokara berandu joatekotan ginela esan zigun, ez kezkatzeko, bera ondo egongo zela.

      Bi taxitan sartu eta alde egin genuen. Festa handia izan zen. Musika, festa, alkohola. Dantza egin genuen bota gintuzten arte.

      Egunsentian iritsi ginen etxera, gure lagun eriarentzat goxoki poltsa batekin eta konturatu ginen laguntxo batekin elkartzeko aprobetxatu zuela gaua.

      Udaberria iritsi zen eta faltan botatzen zintudan, Maider. Ni ia ez nintzen herrira itzultzen, eroso sentitzen nintzen Bilboko lagunekin. Oso gutxitan hitz egiten genuen. Garai hartan ez genuen mugikorrik, eta ni bizi nintzen pisuan ez zegoen telefonorik. Kalera irten behar nuen zuri edo familiari kabina batetik deitzeko. Ostiralero deitzen saiatzen nintzen, arratsaldeko zazpiak aldera. Justu abiatu aurretik. Hasieran, txanponak bukatu arte hitz egiten genuen. Baina, denborarekin, gure elkarrizketak laburragoak bihurtu ziren. Egun batean nire deiei ez erantzuten hasi zinen arte, Gorrirekin katigatua ibiliko zinen.

      Pixkanaka-pixkanaka, bakoitza bere bizitza egiten hasi ginen, eta banatzen gintuzten kilometroetatik haratago joaten hasi zen gure arteko distantzia.

      Aste Santuko oporretan elkartu ginen berriro. Alde batetik, denbora pasatu ez balitz bezala zen. Kalera irten eta galdutako denbora berreskuratu genuen. Hala ere, Nafarroan igarotako asteburu horietaz galdetu nizunean, erantzuna saihestu zenuen. Ni tematu egin nintzen, xalotasun osoz. Jakin-minez nengoen, nola zuk, inoiz kanpadendetan ibiltzekoa edo mendi ibilaldiak egitekoa izan ez zinenak, zer dela eta egiten zenituen hainbeste ibilera menditik, Nafarroan eta Iparraldean. Maitasunak tira egiten zizun itxuran.

       Baina ez zenidan garbi hitz egiten.

      Gau hartan, isiltasun hura ulertzen saiatu nintzen, eta beldurrak estutu zidan urdaila. Behin, institutu garaian oraindik, bilera batera eraman ninduzun. Nik uste dut kide berriak atzemateko bilera bat zela, erdi edo osoki klandestinoa. Politikoki haztatzen zituzten gazteak, ikusteko noraino irits gintezkeen. Gidarietako batek galdetu zidan ustekabean, “eta zuk, zer egingo zenuke zuk Euskal Herriagatik?”. Bigarrenean pentsatu gabe, “nik, Euskal Herriagatik, bizi”, esan nion. Horixe atera zitzaidan. Ez zidaten gehiago deitu. Baina, zuk, jarraitu ote zenuen?

      Ez nuen denbora pasatzen utzi zure ahizparekin hitz egiteko. Banekien ez zidala erantzun garbirik emango. Agian ez zekien, agian gordean izan behar zuen. Nire laguna mugidan sartuta ote zegoen galdetu nionean, hauxe esan zidan:

      “Batzuetan hobe da ez jakitea”.

 

 

Beldurragatik, edo beharbada gure bideak norabide desberdinetatik zihoazelako sasoi hartan, ez nion kontuari heldu orduan. Ahizparena entzun eta gero isilik geratu nintzen. Hark aholkatu bezala, ez nizun galdetu ezer. Pentsatu nuen zerbait iragankorra izango zela. Pasatuko zitzaizula noizbait bolada hori, itzuliko zinela niregana goiz ala berandu, planeta bat orbita zabaldu eta gero eguzkira hurreratzen den bezala.

      Eta halaxe gertatu zen. Ni han eta hemen ibili nintzen. Ingalaterran jarraitu nuen estudiatzen. Baina hura bukatuta, elkartu egin ginen. Gazteak ginen oraindik, gogotsu geunden bizitzari zukua ateratzeko. “Autokutsatzen!”, gogoan duzu Hertzainaken kanta? Eta izan ginen Kuban, eta Urirekin ateratzen hasi ginen, eta joan ginen Londresera. Urte ederrak izan ziren, akaso ederrenak.

      Zure mendi ibilerez galdetzera ausartu nintzen behin.

      “Hori atzean gelditu zen”, esan zenidan.

 

 

Maider, pentsatu une batez zure lagunik onenek idazten dizutela etxera, erregutuz zerbait egiteko, esanez gutxi iraungo dutela bizirik Austrian, Alemanian edo, geroago, Frantzian. Imajinatu pentsalari feminista handi batek idazten dizula esanez Estatu Batuetara bidaiatzeko eskaria urtebetez atzeratu diotela, naziak etxe azpian zain dituen bitartean. Zer sentituko zenuke behin zu lagundu zintuzten horiek fusilatuta bukatuko dutela argi ikusten baduzu?

      Europatik zetozen berriak larriak ziren. Naziak haren ezagunak atxilotu eta hiltzen hasi ziren. Juduak, intelektualak, sufragioaren borrokan ezagututako kideak, antimilitaristak, denak zeuden arriskuan. Lehenbailehen atera behar zuten Europatik. Horietako askok laguntza eske idatzi zioten Rosikari, erregutu zioten tokia egiteko Estatu Batuetan.

      Tamalez, Estatu Batuetan sartzea zaila zen. Washingtoneko Immigrazio Bulegoak nekez onartzen zituen kanpotarrak, hil ala bizikoa izanik ere. Gobernuak errefuxiatuei eskatzen zizkien paperen artean, affidavit zeritzon agiri bat zegoen. Estatu Batuetako herritar batek sinatzen zuen papera. Agiri horretan, herritar zen horrek zin egiten zuen esanez Estatu Batuetara ihesean zetorren pertsona hura ezagutzen zuela eta berataz arduratuko zela.

      Alta, Rosika Schwimmer ez zen Estatu Batuetako herritarra. Gorenak emandako epaiak argi zioen: bizitzen utziko zioten, baina ezin zituen herritar baten eskubideak eduki. Eta dena Estatu Batuen alde armaz borrokatzeari muzin egin ziolako.

      Rosika ez zen Estatu Batuetako herritarra eta ezin zuen inor jaso etxean, ezta familiakorik ere. Zer egin zezakeen? Besteei eskatu bere izenean onar zezatela infernutik ihesi zetorren norbait. Gutunak eta gutunak idatzi zituen. Idazten zuen Washingtoneko Immigrazio Bulegora, jakinaraziz Europan gauzak oso oker zeudela, eta neurriak hartu behar zirela. Idazten zien unibertsitateetako errektoreei, esanez intelektual bikainak zeudela Europan eta irakasle finak izango liratekeela. Idazten zuen argitaletxeetara, eskatuz idazle errefuxiatuen lanak argitaratzeko, aukera izan zezaten Estatu Batuetara sartzeko. Hungariako, Austriako, Alemaniako eta Frantziako kideen izenean idazten zuen. Espainiako Gerra Zibilagatik erbesteratutako lagunen izenean ere. Besteak beste, Maria Lejarraga idazlea.

      Uste duzu Rosika damu izango zela naturalizazio epaiketan esandakoaz? Orduan ez zuen pentsatuko zeinen berebizikoa bihurtuko zen herritartasuna. Hainbeste, bere familiakoen bizia salbatzeko adina. Zergatik ez zen isildu? Oso erraza zuen, orduan emakumeak ez ziren armadara joaten. Gezur txiki bat esanda nahikoa. Bada bai, hala suertatuz gero defendatuko ditut armekin Estatu Batuak. Esaldi bakar bat zen. Dena den, orduan ez zekien zer gertatuko zitzaion hurrengo hamarkadan, zenbat estimatuko zuen gero Estatu Batuetako herritartasuna.

      Imajinatu zure lehengusu batek idazten dizula. Neure begiekin irakurri nuen eskutitza, Maider. Uriren paperen artean zegoen, “Gerra errefuxiatuak” izeneko zorro batean. Lehengusuak kontatzen zion saiatu zirela ezkutatzen, ahalegindu zirela Hungariatik ateratzen baina ezin izan zutela. Ikusi zutela nola eramaten zituzten beste juduak. Heriotza ziurra zutela han zain. Bada, lehengusuak, azken erregu bat eginez, esaten dio Rosikari bere bizitzak ez diola ardura, baina alabarenak bai, eta pertsona bakar bat salbatu ahal badu, faborez, alaba salbatzeko, egiteko zerbait bere neskatilarengatik.

      Barrenak mugitu zizkidan gutun horrek. Nik nire umeak ikusten nituen egoera horretan, Ane eta Unai. Edozer gauza egingo nuke beraien bizia salbatzeko, edozer gauza. Eta lehengusu haren angustia eta ezinegona nire egin nituen, oso-osorik.

      Urik fotokopiatutako paperen artean, bazegoen mapa bat. Mapa horretan jartzen zuen non bizi zen familiako bakoitza, bizirik ziren ala ez, ihes egiteko aukerarik izan zuten. Mapa hari begiratuko zion egunero, Maider, eta markatuko zituen aldaketa guztiak, berri txar guztiak.

      Ahalegin handiak egin arren, ezin izan zuten denek ataka hartatik atera. Berak ama ekarri ahal izan zuen Estatu Batuetara. Ama, Bertha, Timisoaran kontzertuetara umeak eramaten zituen lehen emakumea, ama, eskolara joateko askaria prestatzen zion hura, ama, hain emakume modernoa eta berezia.

      Uri laborategira sartu zen, ezustean. Negarrez aurkitu ninduen.

      — Baina, zer duzu?

      — Rosikaren paperak ari naiz irakurtzen eta bihotza uzkurtu zait.

      — Zein zati?

      — Latza da errefuxiatuena. Jende honek bizi izan zuena, eta Rosikaren ezintasunak, pentsatzeak zer sentituko zuen, horrek nahigabe handia sortzen dit. Dena etorri zait gainera bat-batean, Rosikak bizitakoa migraria izatearren, pandemia, gurasoak gaixotzeko beldurra, umeek etxetik atera nahi ez dutela, lanik aurkitu ezina, gure egoera legala hemen, Maiderrena... Zeozer ona gertatuko zaigu, ezta?

 

 

Isabellerekin izandako eskolan, Rosikaren lagun errefuxiatuen istorioa kontatu nion, ezin nuela burutik kendu.

      — Gehienak ez ziren libratu.

      — Halaxe da. Nire Frantziako familiak larrutik sufritu zuen hori. Okerrena da hor zebiltzan askok, naziek, uste zutela beren lana egiten ari zirela.

      — Nola?

      — Hannah Arendt pentsalariak idatzi zuen horretaz.

      — Nor da Hannah Arendt?

      xx. mendeko pentsalaririk onenetakoa. Alemanian jaio zen, haurtzaroa Kφnigsbergen, Kanten herri berean, igaro zuen. Frankfurteko eskolako kide ziren Theodor Adorno eta Walter Benjaminek bezala, marxismoaren irakurketa berria egin zuen. Nazien beldur, ihes egin zuen Parisera lehenik eta Estatu Batuetara gero.

      — Eta zer zioen naziez?

      — Bada, “irtenbide finala” esaten zaion hori bururatzen elementu fundamentala izan zen nazia, Adolf Eichmann, Argentinan bizi zen. Hara egin zuen ihes gerra eta gero. Beste izen batekin bizi zen han. Israelgo zerbitzu sekretuek sekuestratu egin zuten eta epaiketa egin zioten Jerusalemen. Nazien erregimena eta Shoah epaitzeko aukera izango zuten azkenean juduek. Zirraragarria izan zen. Epaiketara joandakoen artean heriotza esparruetako deportatuak zeuden, hura entzuten.

      — Oilo-ipurdia jartzen dit.

      — Hannah Arendt New Yorken bizi zen orduan. Judua izanik The New Yorker aldizkarikoei esan zien berak idatzi nahi zuela epaiketaren kronika.

      — Eta zer gertatu zen Eichmannen epaiketarekin?

      — Bada Arendtek ez zuela erretratatu Eichmann kriminal ero bat. Gizonilo bat iruditu zitzaion, erdipurdiko pertsona bat, aginduak betetzen zituena. “Hitlerrek plan bat zeukan. Guk jarraitu egin genion plana zuen gizonari”, horixe zioen.

      — Buf.

      — Eichmann entzun eta gero bururatu zitzaion Arendti haren kontzeptu ezaguna, “gaizkiaren hutsalkeria”. Edozein izan daiteke gaizto egoera jakin batean. Kritika zorrotzak jaso zituen horregatik, bere kide juduen aldetik. Nola esan zezakeen hori nazi bati buruz? Nola munduko sarraskirik handienean klabea izan zen gizonari buruz? Bere herriaren kontra aritzea leporatu zioten. Arendtek esan zuen bere fideltasuna ez zela herri batekiko, asko jota lagunekin zela fidela. Berak soilik egia bilatzen zuela, eta egia ez dela batzuetan jendeak entzun nahi duen hori.

      — Politikariek esaten dute jendeak entzun nahi duena. Idazlea kontrakoa da. Idazlea gizartearen aurretik doa, eta ez du jendea kontentatu nahi.

      Isabellek ur zurrupada bat hartu zuen.

      — Hannah Arendtekin bukatzeko —apurtu zuen isilunea Isabellek—, badakizu zer den bitxiena?

      — Esan.

      — Hannah Arendten maitalea izan zela Martin Heidegger. Arendt aurrerakoia eta judua zen. Heidegger gaztetan alderdi nazian ibilitakoa. Zerk lotzen zituen? Bigarren Mundu Gerra aurretik, eta gero ere bai, harremanari eutsi zioten. Nola maite zuen Hannah Arendtek bere herri bereko hainbeste milioi pertsona hiltzera eraman zuen ideologia babestu zuen gizon hura? Nolatan jarraitu zioten elkarri gutunak idazten, Arendt hil zen arte?

      — Pertsonak ez garelako soilik gauza bat.

      Isabellerekin Zoom-a bukatu eta ordenagailuko bilatzailean sartu nituen “Hannah Arendt”, “New York” eta “home” hitzak. Berehala, Wikipediako sarrera batera bideratu ninduen: 370 Riverside Drive.

 

      370 Riverside Drive New York hiriko Upper West Side auzoan dagoen eraikin bat da, Mendebaldeko 109. kalearen iparraldearen eta Riverside Driveren artean. Hainbat pertsona ospetsu bizi izan dira hemen, tartean Hannah Arendt, Grace Zia Chu (sukaldaria), Clarence J. Lebel (fluoreszentearen asmatzailea) eta Evelyn John Strachey (britainiar politikaria)...

 

      Mapan klikatu nuen eta Hannah Arendt gure auzoan bertan bizi izan zela konturatu nintzen, Upper West Sideko bizilaguna izan zela hogeita hamar urtez. Hementxe bizi izan zela senarrarekin batera, hil arte.

      Uri umeekin ari zen sukaldeko mahaian, etxeko lanekin laguntzen.

      — Badakizu zein den Hannah Arendt?

      — Jakina, punta-puntako pentsalari alemana, “gaizkiaren hutsalkeria” lehen al...

      — Ixo —moztu nion—. Badakizu non bizi zen?

      — Ez.

      — Ba nik bai. Goazen.

      — Goazen, nora?

      — Hannah Arendten etxera. Bihozkada bat daukat. Uste dut nobelarako balio lezakeen zerbait gertatu ahal zaigula bertan. Bizikletak hartu eta goazen.

      Riverside parkera jaitsi ginen. Handik, Hudson ibaiaren ertzetik, iparralderantz egin genuen. Ehungarren kalera iritsita, aldapan gora zeharkatu genuen parkea Arendten etxera bidean.

      — Espero mereziko duela —esaten zidan Urik, oinez, bizikleta eskulekutik helduta.

      Halako batean, ailegatu ginen eraikinera. Adreilu gorrizko eraikin luze bat da, dotorea, kale hartako bizileku guztiak bezala. Pisuak zenbatzen hasi nintzen.

      — Begira, 12. pisuan bizi ziren beraiek, horixe izango zuten leihoa —esan nion Uriri, hunkituta.

      Atarira hurreratu eta ez genuen Hannah Arendti buruzko ezer ikusi. Ez zegoen plakarik, zantzurik ere ez hantxe eta hain luzaroan bizi izan zen pentsalariarena.

      — Isabellek esan dit Arendt New Yorken izan zela zoriontsuen. Horixe zioen. Hemen libre sentitzen zela, hiri aproposa dela horretarako. Aske pentsatzen zuen berton.

      — Bada ez dirudi inor gogoratzen denik berataz. Hiri hau azkar ahazten da hemendik igarotako jendeaz.

      — Ez da horrela.

      — Zergatik diozu hori? Ez al duzu ikusten plaka ziztrin bat ere ez dagoela esanez xx. mendeko pentsalari onenetako bat hemen bizi izan zela? Erabat ahaztu dira berataz.

      — Ez da egia. Gu hementxe gaude.

 

 

Eraikinean jende gehiago hasi ginen gurutzatzen. Igogailua hartzeko ilara egin behar zen. Eta goiz batean, igogailutik atera eta kalerantz gindoazela, hara non ikusi genuen Luna ilaran zain, beste auzokide batzuekin batera.

      — Luna! —oihukatu zuen Unaik.

      — Hau bai ongietorria —esan zion tiraka ari zitzaion emakumeak. Txakurrak umearengana hurreratu nahi zuen.

      — Umea biziki poztu da txakurra ondo dagoela ikusita, eta jabea? —galdetu nion lotsa pixka batekin.

      — Ondo dago, bai, ni haren alaba naiz. Denok gaude ondo. Aita eta Luna gure etxera etorri dira gaixoaldia pasatzera. Baina, ez pentsa, estu pasatu genuen. Korrika atera ginen ospitalera. Orain, etxean utzitako gauza batzuk biltzera etorri gara. Aita bizkortu orduko, bueltatu egingo dira Luna eta biak.

      — Eman goraintziak aitari —esan zion atsegin Anek.

      Umeak leratsu zeuden nasako ontzi berria Nazioarteko Espazio Estaziora nola iristen zen ikusteko. Agentziako orrian ikusi genuen. Unai kabitu ezinik zebilen SpaceX Dragon ontziaren diseinua Elon Muskek egin zuelako, Tesla automobil elektrikoen asmatzaileak. “Begira, begira, Tesla Model X batean doaz suziria dagoen plataformara. Atzeko ateak hegoen moduan zabaltzen zaizkio”. Eseri eta jaiki zebilen, salto txikiak emanez, korrika, hain zegoen zirraratua.

      Mezuak idazten zituen nasako txatean, esanez Euskal Herritik ere animoak bidaltzen genizkiela.

      — Baina ez gaude Euskal Herrian eta —leporatzen nion nik.

      — Berdin da —Unaik, saltoka oraindik.

      Astronautek Nazioarteko Espazio Estazioan izan duten bizitzaz aritu zen esatarietako bat, zehazkizunak ematen, grabitaterik ezean nola jaten duten, nola garbitzen diren, nola egiten duten kirola... Eta xehakapenen artean aipatu zuten hanka azpiko azala galtzen hasten direla.

      — Hara! Gure umeak bezala! —esan nion Uriri.

      — Hau nobelara doa —esan genuen aldi berean elkarri begiratuta.

 

 

Maiatzaren 25ean Estatu Batuak goitik behera mugiarazi zituen lurrikara bat izan zen: George Floyden hilketa. Ez zen lehen aldia Poliziak afro-amerikar bat hiltzen zuela. Herritarrak nazkatuta zeuden. New Yorken edozein ordutan ateratzen ziren kalera, etxetik entzuten genuen jendea oihuka, nahikoa dela esanez. Dendek oholak jarri zituzten erakusleihoetan, zer gerta ere. Etxetik ateratzen hasi ginen unean, alkateak etxeratze agindua eman zuen.

      Floydena baino egun batzuk lehenago, hegaztizale afro-amerikar bat zegoen Ramblean. Emakume zuri bat hurreratu zitzaion txakur batekin. Ora ez zegoen lotua, eta legeak hori agintzen du gune hartan, hegaztiak izutu ahal dira eta. Gizonak eskatu dio txakurra lotzeko. Emakumea muturtu egin zaio, txakurrak kirola egin behar duela argudiatuz. Oso haserre dago, oihu egiten dio. Gizona mugikorraz grabatzen hasi da, lasaitzeko eskatuz. Emakumeak bere mugikorra hartu eta Poliziari deitu dio esanez gizon afro-amerikar bat erasanean dabilkiola. Azkenean, jabaldu eta txakurra lotu du emakumeak. Ordainean gizonak mugikorra itzali du. Hor bukatu zen kontua. Bideoa birala bihurtu zen New Yorken. Alkateak berak esan zuen ez duela horrelako jarrera arrazistarik onartzen eta emakumea lanetik bota zuten. Baina zer gertatuko zen Polizia agertu izan balitz?

      Arrazakeria azal-azalean dago, edozein momentutan agertzen da. Belaunaldiz belaunaldi elikatzen joan den herra da, esklabotza garaitik datorrena.

      Esan beharra dago gizartean, Maider. Me Too mugimenduak emakumeak hitz egitera animatu gintuen, eta Floydenak, gutxiengo guztiak. Eraso egin badizute, esan, mina sentitu baduzu, esan, zure eskubideak urratu badituzte, esan. Ez geratu isilik. Gehiegitan isildu gara.

      xxi. mendea esateko garaia da.

      Anek marrazki bat egin zuen. Manifestaldi bat zen, umeak zeuden, afro-amerikarrak, zuriak, asiarrak. Bere burua ere margotu zuen, ostadarra zuen kamiseta batekin. Kartel bat zeukan eskuetan, “mundua guztiona da”. Floyden hilketa salatzeko, emakumeen eta neskatilen protestaldi bat antolatu zen Riverside parkean zehar. Anek bere afixa hartu eta joan egin ginen, irakurle klubeko ama-alaba guztiekin batera. Umeak elkartzen ziren lehen aldia izan zen hura, martxotik zeuden elkar ikusi gabe, lagunekin jolasteko geratu gabe. Hantxe zeuden Pamela eta Lyla, eta Caroline eta Katie, eta Nicky eta Riri, eta Debbie eta Avery, eta Stacy eta Ruby, eta Cerise eta Cielo, eta Mari Paz eta Maite eta, jakina, Laura eta Lilia. Maiatzak dir-dir egiten zuen parkean, hasi ziren agertzen ordurako sorgin-orratzak eta saguzarrak.

      Ane lagunekin harremana berreskuratzen ari zen, baina Unai ez hainbeste.

      Eskolako patiora jaisten hasi ginen. Eskaladako soka luze bat erosi eta soka saltoan ibiltzea otu zitzaidan. New Yorkeko umeek ez zuten ezagutzen hura, norberak bakarrik salto egiteko korda laburra bai, eta nagusiagoek ere ahaztuta zuten. Sokaren muturra metalezko hesiari lotu eta hasieran Unai eta biok hasi ginen saltoka. Euskaraz kantatzen nion, “olatu, bare-barea, itsosun...”. Pixkanaka umeak hasi zitzaizkigun hurbiltzen, ea beraiek ere jolastu ahal ziren galdetzen. Handik gutxira dozena bat ume zebiltzan soka saltoan. Eta gero zaintzaileak, eta Ayala eskolako zaindaria ere hurreratu zitzaigun. Guardia txapela kendu eta bera ere jauzika hasi zen.

      Unai asebete zegoen. Eskaladako soka harekin hainbat lagun egin zituen. Berarentzat, etxeratzearen bukaera berriz hasi beharra izan zen, lehen aurreratu zituen urratsak, ostera ere egin behar.

      Nobela itxura hartzen zihoan, gorputza ari zen hartzen, pitinka. Urik esaten du nobelak likidoak direla hasieran, biziak, gauzak erraz direla aldatzen, mihise bateko margoa bezala. Baina momentu batean lehortu egiten direla, idazlea konturatu gabe, bat-batean liburuak berak esaten du, bukatu da, eta lehortzen hasten da, ixten, sendatzen ari den zauri bat bezala. Gero eta gertuago zegoen une hura.

      Liburutegian idatzitako apunteak eta ateratako fotokopiak begiratzen genituen arratsaldero. Zer sartu nobelan eta zer baztertu, hori erabakitzen genuen.

      — Gerraosteko maistra baten kontakizuna txertatu nahiko nuke —esan zidan Urik—. Badu zerikusia Rosikarekin. Faxismoak zigortu zuen emakume bat izan zen. Ulezuri deitzen zioten umeek herrian. Berrian atera nuen hari buruzko zerbait. Irakurriko dizut.

      — Ez nago ziur, baina aurrera.

      — Honela dio.

 

 

ULEZURI

 

      Maria Luisa Leibar tolosarrari inork ez zion bere izenez deitzen herrian. Ulezuri goitizenez ezagutzen zuten haurrek. Haurrek diot maistra zelako Ulezuri. Nahiz eta bere irakasle plaza Donostian irabazia izan, Ondarroako Gorozika auzoko eskola txikian irakatsi zuen gerraostean. Esaten dute, errepublikazalea izanik, zigortu egin zutela eta ezin izan zuela Donostian gehiago eskolarik eman. Erbesteratu egin zuten herri urrun hartako auzo urrun hartara, eskolak erakustera. Gorozikan auzoko baserritarren umeak zituen ikasle, baina ez horiek bakarrik. Ondarroatik ere joaten zitzaizkion umeak eskoletara. Goizero, mendian gora igotzen ziren haurrak, bidezidorretan barrena, eguraldi ona bazen abarketez eta txarra balitz traskoak soinean. Gerra galdu zuten familietako kideak izaten ziren Ulezuriren Ondarroako ikasleak, baina ez beti. Bitxia iruditu arren, herriko familia onenetako senideek ere Ulezurirekin ikasten zuten, Ortiz kontserba lantegiko ugazaben seme-alabek, esate baterako. Nonbait aurreratua zen garai hartarako Leibar anderea pedagogia kontuetan eta entzute ona hartu zuen herritarren artean, miretsia zen oso irakasle gisa. Zehatza eta zuzena zen emakumea, eta asko zekiela zabaldu zen.

      Beharbada horregatik, bere arduran zeuden umeek ez zuten garaileen himnorik kantatu behar goizero, eta otoitz egitera ere ez zituen behartzen. Ez zuen inor jotzen edo baztertzen euskaraz aritzearren, sasoi hartako herri euskaldunetan ohitura zen legez. Umeekin sekula ez, baina haurron gurasoekin euskaraz ere aritzen zen tarteka, erdi ezkutuan. Baserritarrek lasaiago hitz egin zezaten berarekin, gaztelaniaz ezin asmatuta ibili beharrean. Haurrei beren euskarazko izenez zuzentzen zitzaien, umeek hala eskatuz gero, izena gaztelaniara itzuli gabe. Miren Josune bazen umea, Miren Josune deituko zion eta ez Maria Jesus, kaleko eskolako maisu-maistrek egiten zuten gisara. Erregimenaren legeei lotutako obligazio bakarra egiten zuen: goizero-goizero, frankozaleen bandera igotzen zuen eskolako mastara.

      Gorozikako eskolak lau horma handi zituen. Halaxe kontatu didate behintzat han ikasi zutenek. Hormetako bat matematikak irakasteko moldatzen zuen Ulezurik. Bigarrenean hizkuntza kontuak azaltzen zituen. Hirugarrenean munduko mapa handi bat zegoen, sei kontinente eta zazpi itsasoekin. Azkenik, laugarren hormaren lekua leihate zabal batek hartzen zuen, nondik ikusgarri ziren Gorozika auzo garai hartako zelai berdeak. Sarriegi egoten zen leiho hartatik begira Josean, denetan ume alai eta bihurriena. Eta horrelakoetan, lezioa atenditzen ez zuelako, edo okerkeriaren bat eginez gero, zigortu egiten zuen Ulezurik. Umeak zehatzeko era berezia zuen. Hark ezarritako zigorrik latzena izaten zen umeak behartzea eskolako aska txikian arraina garbitzera. Gurasoek oparitutako arraina izaten zen, baxurako arrain merkea, txitxarroa, berdela eta antxoa. Joseanek gorroto zuen zigor hura, izan ere, ezin zuen arrainaren hatsa jasan.

      Ulezuri ahalegintzen zen umeei erregimenaren bizimodu berri hartan aurrera egiteko behar zituzten gutxieneko baliabideak ematen. Aurrena, gaztelaniaz egoki ikasi behar zuten. Horretaz gain, bizitzarako gutxiengo hezkuntza bat izan zezaten arduratu zen. Arreta handia jartzen zuen mahaian jokamolde egokia izan zezaten, adibidez. Inork ez zion entzun diktadorearen alde ezta kontra ere hitzik egiten, eta egundo ez zuen aipatu umeen aitzinean ideia errepublikazalerik, edo erbestean zegoen Euskal Gobernuari buruz elerik ez zuen esan, horiei buruz ezer ez. Horregatik harritu —eta seguruena larritu— zen goiz batean umeak aztoratuta eta barrezka aurkitu zituenean eskola kanpoan. Oihuka ari ziren, algaraka. Berehalaxe konturatu zen masta seinalatzen ari zirela haurrak. Goizero igotzen zuten banderaren ordez patata zaku bat zegoen mastan igoa. Haizeak hanpatzen eta tolesten zuen zaku zikindua, haurren harridurarako.

      “Nor izan da?”, estutu zen Ulezuri. Baina umeek ez zioten erantzun.

      Eskola barrura sartu zenean hantxe aurkitu zuen Josean, aska txikian, esku txikiekin, arraina garbitzen.

 

      — Bueno, bai, istorio polita da Ulezurirena. Baina nik ez dut ikusten liburuan.

      — Bale —esan zidan konbentzimendu gutxirekin.

      — Ez nahastu. Rosikarekin lotutako zerbait beharko genuke. Nola izan ziren Bigarren Mundu Gerra eta gero bizi izan zituen urteak, Nobel sarira berriz aurkeztu zuten ala ez, zer egin zuen Edithek hura zendu eta gero...

      — Tira, Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gutxira hil zen Rosika, 1948an. Uste dut saiatu zirela bere hautagaitza ostera ere aurkezten, Lola hor ibili zen atzean azken momentura arte. Badakizu? 1948ko Nobel saria ez zen eman.

      — Zer dela eta?

      — Bada esaten dute saritzera zihoazena hil egin zelako.

      — Zein, Rosika?

      — Mahatma Gandhi ere izan zitekeen.

      — A, bai.

      — Gandhi seguruago. Lau aldiz egon zen saria jasotzeko zorian. Baina urte hartan bertan hil zuten. Ordea, Rosikaren figura ahultzen hasia zen, lausotzen. Eta Gerra Hotzarekin erabat baztertuko zuten. Ez zen komeni. Bi bloketan banatu zen mundua. Komunismoaren aurka egitea zen lehentasuna, eta Rosikaren ideiak, feminismoa eta bakezaletasuna, zaharkitutzat hartu ziren. Bake-ontziaren abentura Lehen Mundu Gerra garaian gertatu zen, eta orain bigarrena ere bizia zuten, eta hirugarrena ere irits zitekeen. Oso urrun ikusten zituzten Lehen Mundu Gerra eta garai hartako pentsamendua 40ko hamarkadaren bukaeran.

      — Eta beste zerbait?

      — Bada beste zerbait ere. Rosikak, hil baino lehen, liburu bat oparitu zien berari eta Georgia Lloydi, Lolaren alabari.

      — Zer esan nahi duzu liburua oparitu horrekin?

      — Bada liburu baten ideia eman ziela. Rosikak berak zuen idazteko asmoa, baina ez zuen indarrik. Agindu zien bi gazteei historian zehar egon diren bake prozesu guztiei buruz idazteko. Antzinatetik gaur egunera arte egin diren bake ahalegin guztiak zenbatu eta azaltzeko.

      — Horixe da behar genuena!

      Barre egin zuen Urik. Pozik ikusten nuen, bere buruaz konfiantza hartuta, sinesten zuen berriz egitasmoan, liburua bukatzea posible ikusten zuen. Azkenik, Edithen kutxek liburu forma hartuko zuten.

      Gustuko dut Uri. Ondo dakizu hori, Maider. Batez ere, irribarre egiten duenean. Paperak eskuan zituela, lepoa musukatzen hasi nintzaion.

      — Kendu kamiseta —agindu nion.

      — Non? Hemen? Orain?

      — Bai, orain.

 

 

Badiot Edith Wynner eta Georgia Lloyden liburu horretan bake prozesu bat behintzat falta dela. Ez agian entzutetsuena, baina besteak bezain garrantzitsua. Liburu hori osatu gabe dago. Historia egunero idazten dugulako, jende normalak izkiriatzen du, zuk eta biok ere bai, Maider. Guk idazten ditugu lerroak, paragrafoak eta isiltasunak, horiek ere gureak dira. Eta nahiko nuke atal hori zuk eta biok idaztea, gutxika-gutxika, ahal balitz.

      Pandemia gorenean zegoenean iritsi zen zure mezua. Hamabost urte ziren zure berririk ez nuela. Hainbeste urte eta gero, mezu elektroniko bat, eta bospasei lerro.

      Ahaztu zintudala uste nuen, bizian hilda zeundela. Hildakoei buruz behintzat hitz egiten da, baina zuri buruz halako isiltasun handi bat zabaldu zen, inork ez zintuen aipatzen eta, ni ere, nire hizketagaietatik at uzten hasi nintzaizun. Umeak izan nituen, New Yorkera etorri ginen bizitzera, ematen zuen ez zeundela, mezua ailegatu zen arte.

      Hasieran, beldurra eman zidan zabaltzeak. Eta lipar batean zalantza gainditu eta ireki egin nuen, zure hitzak ziren, zu zinen, onik eta niri idazten, hamabost urteko isilunea itxiz.

      Maider, ondo gogoan daukat desagertu zinen eguna.

      Urik eta biok ezkontzea erabaki genuen. Ilusioz nengoen zuri kontatzeko, azkenean egia bilakatuko zen zure zirkuko ezkontzaren asmazio hori dena. Gonbidapenak egin genituen familiakoei eta lagunei banatzeko. Egia esan, baziren aste batzuk zure berri ez nuela, baina ez nintzen ohartu ere egin, oso lanpeturik nenbilen prestaketekin. Eta dendara gonbidapena eramatera joan nintzenean, ez zeunden.

      “Maider ez dago, eta ez da egongo”, hori baino ez zidan esan zure ahizpak. Urte batzuk lehenago esan zidan “batzuetan hobe da ez galdetzea” hura etorri zitzaidan burura. Segituan lotu nuen. Tentel aurpegiarekin, gonbidapena haren eskuetan utzi eta korrika joan nintzen etxera.

      Amorratu egin nintzen. Negarrak egin nituen, gero. Irudiak etortzen zitzaizkidan burura: zenbat zerraldo, zenbat min... Zer ikusi zuen triskantza horrek denak mundu hobe baten ametsarekin?

      Eta amorruaren ostean tristura iritsi zen, pena handia sentitu nuen. Ez zintudala berriz ikusiko pentsatzeak larritasun handia sortzen zidan. Nire lagunik onena zinen, nire ahizpa. Ez, ahizpa baino gehiago, hobeto ezagutzen ninduzun eta.

      Batzuek esaten zuten hainbat ekintzatan parte hartu zenuela, beste batzuek ez zinela ezertan sartu, aldendu eta zure bidea egin zenuela, bakarrik. Nori sinistu behar nion? Pentsatzen nuen kaletik gurutzatuko zintudala hemen, New Yorken. Beldurrez egoten nintzen. Agian ez ninduzun agurtu ere egingo, ihes egingo zenidan.

      Maider, zer elkarrizketa ez genuen izan?

      Sentitzen dut une batean gu bion bizitzen norabidea aldatzeko aukera izan nuela eta huts egin nuela. Tamalez, gure erabakien emaitza gara. Hitz egin eta isildu genuenaren emaitza.

      Koaderno hau hasi nuen zuri erantzunez. Hau idazteak, pentsatzeak, neure burua, iragana eta zurekin dudan harremana argitzen lagundu dit. Gaztaroa joan zaigu, egia da, elkarrekin bizi behar genituen bizipen ugari ez ditugu bizi izan. Baina bizitza hortxe dugu, gure zain, beso-zabalik. Iragana onartu egin behar dugu, bakoitzaren ardurak. Ordea, aurrera begiratzea da gure eginbeharra.

      Ekaina da, ipurtargiak argi eginez ari dira iluntzean, elkarri deika, elkar maitatzeko gogoz.

      Zure mezua argi txiki bat izan zen, ahula, ipurtargiena bezain.

      Baina nire barruan beste hainbat eta hainbat argi piztu zituen.

      Laster arte, Maider.

Nora

 

 

      Nork: Lamina Goikoa, laminagoikoa@gmail.com

      Noiz: 2020(e)ko martxoaren 29(a), astelehena 12:59

      Nori: Nora Arrillaga, norarrillaga@gmail.com

      Gaia: Niri miri mau

 

      Uste dut dagoeneko jakingo zenuela nor naizen.

      New Yorketik datozen berriak ez dira onak eta horrexegatik ausartu naiz azkenean zuri idaztera. Espero osasunez ondo egotea zu eta etxekoak.

      Zeure buruari galdetuko zenion zer egin nuen, zergatik desagertu nintzen. Gorri hartu nuen etxean ihesean zebilela. Eta nik ere alde egin behar izan nuen. Hori izan zen dena.

      Ni ondo nago. Lagun berri bat dut. Orain arteko onena. Eta bi umetxo ditugu, bikiak, bata baino bestea okerragoak. Badaude momentu batzuk non zorionetik hurre sentitzen naizen, nahiz eta batzuetan pentsatu ez dudala zoriontsu izateko eskubiderik.

      Sentitzen dut.

      Nahi baduzu, idatzi.

      Ez baduzu egiten, ulertuko dut.

      Baina zu bizi, sakonki bizi, izan zoriontsu.

      Ni beti izango nauzu zure alboan, nahiz eta elkar ez ikusi.

Lamina Goikoa

 

PD: Alabari Nora jarri diot izena.