13
Izeko Begok deitu zidan. Oholezko kabinetan sartu nintzen berriz. Telefonotik, boza aurkitu nion zertxobait ahuldua, eta bere ezaugarri zen gogoberotasuna adierazten azaltzen bazen ere, gero eta indar gutxiago kausitzen nion espresioan. Lucia Berlin ari zela irakurtzen esan zidan, liluratuta zegoela. “A ze ahotsa, eta soiltasuna. Hiruzpalau gauzarekin dena kontatzen du”. Beti komentatzen zizkidan liburuak, oso irakurlea zen. Eta gero, azterketa zirudien betiko galdera: “Eta zu, zer ari zara irakurtzen?”. Ehunka liburu irakurri eta gero, idazlea izanik, izekoren itaunak ikara sortzen zidan oraindik. Azalpen burutsuak eskatzen baitzizkidan, hamahiru urte nituenean eta orain ere bai. Babesa ematen ere ona zen, aitzitik, nire nerabezaroko lehen poemak irakurri ez ezik markoan sartu eta ikusgai jartzen baitzituen.
Dena zuen irakurrita, errusiar nobela luzeetatik latinoamerikarretara. Azken boladan gehien aipatzen zidan nobela Prousten Denbora galduaren bila zen. “Badoan bizitza jasotzen du xehetasun guztiekin. Uste dut bizitza horixe dela, detaile txikiak, poz txikiak, horiek dira bizitza”.
Ikusmena galduz joan zen baina irakurgailu automatikoetan idoro zuen irtenbidea. “Ni beti izan naiz paperezko liburuen zalea bista galtzen hasi nintzen arte. Orain gailu hauetan letra handitu dezaket eta pisurik ere ez dute”. Ohe barruan irakurtzen zuen, atril txiki batekin. Azken urtean mugikortasuna ere asko galdu zuen, egiten zituen paseoak osabarekin, baina gero eta laburragoak. “Komunera joatea ere kosta egiten zait egun batzuetan”.
— Kontadazu bitxikeriaren bat, hemen dena da zaharra berri —eskatzen zidan.
— Badakizu Trotski New Yorken egon zela? —atera nion gaia. Izeko eta lagunak troskistak izan ziren gaztetan eta banekien pasadizoa gustuko izango zuela—. Bada egin zuen lehenengo gauza izan zen New Yorkeko Liburutegi Publikora joan. Eraikin honetan izan zen, hemengo liburuak miatzen.
— Ez zen makala. Nik ere gauza bera egingo nuke.
— Hilabete eskas batez egon zen New Yorken, 1917an, iraultzaren urte berean. Esaten da egun horietan bere zortzi urteko semea galdu egin zela. Etxetik atera zen lehenengo kalea ezagutu nahi zuelako.
— Ba al dago lehen kalerik? —galdetu zidan izekok—. Agian beste zenbaki batetik hasten dira zenbatzen...
— Bada bai, lehen kalea existitzen da. Baina oso-oso laburra da, eta zaila da aurkitzen, Bowery ondoan dago.
— Horregatik galdu zen umea.
— Tira, azkenean aurkitu zuten mutikoa eta Trotski eta familia bueltatu egin ziren Errusiara, iraultzara. Bazihoazenean, Trotskik esan zion semeari: “Noizbait itzuliko gara New Yorkera”. Baina ez zen egundo bueltatu.
— Nik ere banuen asmoa New Yorkera itzultzeko —esan zidan izekok—. Baina, gorputz honekin, ezin dut. Dena den, zurekin telefonoz hitz egitea bada halako itzulera bat. Zer gehiago dakizu Trotskiri buruz?
— Bada, troskizale asko zeuden New Yorken. New Yorkeko intelektualak izeneko talde bat ere bazegoen, garaiko pentsalari onentsuenak bildu zituena, gehienak Trotskiren jarraitzaileak. Juduak ziren, idazleak, kritikoak eta soziologoak. Stalinen hilketak eta triskantzak ez zituzten onartzen eta Trotskirengan jarri zuten halako sozialismo gizatiar baten itxaropena. Talde horretan egon zen Daniel Bell soziologoa ere. Nirekin batera liburutegian dagoen bekari baten aita.
— Bell?
— Daniel Bell. Bere libururik ezagunena The End of Ideology da, non teorizatzen duen nola langileria aldentzen joan zen iraultzaren ideiatik. Baina beste zerbaitengatik da famatuagoa.
— Zergatik?
— Esan zuelako behin unibertsitateko irakasle izateko hiru arrazoi handi zeudela. Ezetz asmatu zeintzuk.
— Esan.
— Ekaina, uztaila eta abuztua.
Izekok barre egin zuen, eta gero eztul.
— Orduan zuk idazle izateko hamabi arrazoi dituzu.
Barre egin genuen biok.
— Izeko, oraindik troskista sentitzen zara? —bota nion bigarrenean pentsatu gabe.
— Barrutik bai. Baina ez dakit orain neure burua horrela definituko nukeen. Dena den, ni ez naiz aldatu. Nire ideiak berak dira, ametsak ere bai. Ez, ez naiz aldatu. Leku berean nago. Besteak aldatu dira.
Izebaren tokia non zegoen pentsatzen jarri nintzen. Bakarrik daudenekin, hantxe dago. Ulertzen ez ditugunekin, alboan dago. Jendearen gehiengoak iritzi bat baldin badauka, bera beste aldean jarriko da, ez zaio gustatzen denek berdin pentsatzea, arriskutsua deritzo. Beti saiatuko da bestearen lekuan jartzen, hura ulertzen. Familian, gehienak Athletic Club taldearen zaleak ginela ikusita, berak erabaki zuen Realekoa izango zela. Lehengusua bakarrik zelako realzalea. Biak bakarrik beste guztion aurka. Horrelakoxea zen.
Zerbait ikasi badut gure ama eta haren ahizpengandik da kritikoa izaten alde guztiekin. Ez dago bertan goxo egiterik. “Bizitzan gaude hobetzen joateko”, horixe esaten zidaten txikitan. “Pertsona hobea izaten saiatu beti, zure iritziak zalantzan jarri, zure egoera. Hobetu beti”.
Izeba eta haren lagunak ziren nire bigarren amak. Familiaren ikuspegia oso zabala zuten. “Denok gara familia bera”, esaten ziguten. Batasun handia zegoen emakume haien artean. Eta gauzarik bitxienak egiteko gai ziren. Behin, emakumeen arteko ezkontzak legeztatu baino hamarkadak lehenago, bi lagunen arteko ezkontza antolatu zuten, herrian zehar ibili ziren dotore jantzita, bazkaria ere egin zuten. Ezkontza ez zen legezkoa izan. Eta zer? Izan balitz bezala. Noizbait izango zen, haiek aurretik zihoazen, besterik ez.
Beste batean, izebaren lagun batek iloba txikiak eraman zituen Joxe Miel Barandiaran arkeologoa ezagutzera. Mito bat zen Barandiaran, erbestean egona, pentsalari handia. Umeek ezagutu behar zutela pentsatu, eta haraxe joan ziren, Atauneko Sara etxera. Gizonak ondo hartu zituen, eta umeei erakutsi bere hezurren bilduma.
— Begira, hau neandertal baten esne-hortza da.
Barandiaranek landa eremuetako biztanleekin hitz egiten zuen indusketa lanak hasi aurretik. Baserrietako arkupeetan eseri eta herriko nagusiekin kalakan aritzen zen. Izaki mitologikoei eta haien bizilekuei buruz galdetzen zien. Bazekien jenio miragarriak bizi ziren kobazuloetan historiaurreko gizakien aztarnak egoten zirela. Idatzi gabeko legea zen, ia beti betetzen zena. Horrelaxe irakurri diot apunteetan.
Atsegin dut imajinatzea ahozko oroimenak milaka urtez mantendu duela nolabait egun batean kobazuloetan bizi izan ziren izakien oroitzapena. Ez ziren neandertal bezala gogoratzen, ez noski, denborak, belaunaldien joanak, beren irudia eraldatu zuen. Kondairazko jenio bezala oroituko ziren noizbait auzo eta maitale ere izan genituen gizaki haiek.
Fikzioa memoria baita, denboraz biderkatua. Horixe da bere formula matematikoa. Denboraren joanak gertakizunak aldatu eta fikzio bihurtzen ditu.
Joxe Miel Barandiaranen azken irudia Korrikakoa da. Uste dut euskaldunon asmakizun ederrenetakoa dela euskararen aldeko karrera, poza da, jaia, kirola. 1989. urtean, eta ehun urte beteta zituela, Barandiaranek eman zion lasterketari hasiera. Ez zuen lasterka egin, jakina, oinez joan zen, tipi-tapa, pauso txiki batzuk emanez, ahal zuen neurrian, eta testigua pasatu zion gero etorkizunari. Hizkuntzaren legea horixe baita, transmisioa.
Marcos Grijalba izan zen Historia Naturaleko Museokoei mitxeletaren euskarazko izena pinpilinpauxa dela esan ziena. Halaxe aitortu zigun afarian. Marcos euskaraz ikasten ari da, Madrilekoa izan arren dna azterketa bat egin zuen behin eta bertan ikusi zuen haren arbasoen zati handi bat euskaldunak zirela. Bere etxean afaldu eta gutxira, mezu bat bidali zidan euskarari buruzko artikulu bat atxikia zuena. John Bengtson irakaslearena zen lana. Haren aburuz, euskara Anatolia aldetik iritsi zen Europa mendebaldera, hizkuntzaren jatorria Kaukaso iparraldean izanik. K.a. 7000. urtean gertatu ei zen hori. Kaukaso iparraldetik mendebaldera ailegatu ziren hizkuntzen adibide bakarra omen da gaur egungo euskara, nahiz eta arrastoak geratu diren Mediterraneo aldean, tokien izenetan batez ere, Sardinian, Frantzian, Italiako Alpe mendietan eta Balkanetan ere bai. Gizarte abeltzain eta nekazari horren hizkuntza berenganatuko zuten garai hartan hemen bizi zirenek, nahiz eta Mesolitoko hitz batzuei ere eutsi.
Gu ere migrariak ginen orduan. Betidanik migrariak.
Ez da ur garbia euskararen jatorriarena. New Yorkeko Historia Naturaleko Museoan bertan badago historiaurreko atalean garai hartako gizataldeen mapa bat non agertzen den Euskal Herria, oso antzinako herrialde bat legez. Baina, esan bezala, gauzak ez daude hain argi. Denboran atzera egin ahala ziurtasuna galduz joaten da, zientzia lausotzen, eta ez da erraza ukaezina den teoriarik ezartzea, nahiz eta azken urteetan genetikaren aurrerapenak ilunpea argitzen lagundu duen.
Teoriak teoria, niri gehien interesatzen zaidana da hizkuntza beraren izaera. Euskarazko hitzik zaharrenak naturari lotuak daude. Adibidez lur eta elur. Hizkuntzalari batzuen iritziz, bi eleok esanahi bera dute, lur eta elur gauza bera. Nonbait klima oso hotza zegoen garai baten oroitzapena. Antzinako hitz horien ondotik gehitu ziren kultura neolitikoari lotutakoak. Abere esate baterako, edo aberats, abere asko dituena. Mendeek aurrera egin ahala hizkuntza indoeuroparren eragina izan zuen euskarak. Besteak beste, maite hitza. Ordura arte nonbait euskaldunek ez zekiten elkar maitatzen. Neure bostean pentsatzen dut, eskerrak azaldu ziren gure artean indoeuroparrak, hitz hori irakasteko. Eta horien ondotik, berba zeltak, erromatarrak, horiek ugari, kulturari eta ekonomiari lotuak, eta gero arabiarrak, eta... nonbait Europako historia euskararen barruan dago, noizbait izan zen ozeano handi bateko animalien fosilak.
“Eta geuk ere dna proba egingo bagenu?”, proposatu zidan Norak, “agian sorpresaren bat aurkituko dugu barruan”. Baina ez zen horrela izan. Gure arbasoak euskaldunak ziren % 98an. “A ze aspergarria”, esan zidan, “espero nuen kolore pixka bat”. Gure geneetan, bi lerro nagusi ageri ziren. Bata Eurasiatik zetorrena, oso zaharra. Bigarren lerroa Anatolia aldean sortzen zen. Zuzen egongo al zen gure Bengtson zaharra? Neandertal zati bat ere bageneukan, % 4.
Txikia, oso txikia, Barandiaranek izekoren lagunei erakutsi zien esne-hortz hura bezain.