Bihurguneko nasa
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Apaolaza
1981, Hernani
 
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
aurkibidea
 

 

Prozesionariak

 

 

Sekula ez zen ezein greziar teoria
ordena handiagoan ibili
Eleusisko festetara joanez.

Jean-Henri Fabre

 

 

Pauso bat bestearen aurrean jartzen, horretan ari nintzen, bilerarantz; erraz ikus zitekeen begiratze hutsarekin, oinez nindoala, normal-normal. Berez, ordea, hasia nintzen buru barruan urratsak atzerantz ematen, gauerantz, oherantz. Informazio hori ez dakit begiek jasotzeko modukoa zen; beharbada bai, so-egile zoliren batek agian hauteman zezakeen nire pijama aldartea. Eta prozesionariak ikusi ditut tren geltokirako bidean. Ohi baino lehenago azaldu direla pentsatu dut, beroagatik, ziur, udaberriko kontua izaten baitira; baina, berez, ez dakit, baliteke nahiko normala izatea otsailean agertzea ere. Aurrerantz doaz, ni bezala, lurpeko ezkutaleku bila. Ez diot inoiz inori entzun prozesionaria izan nahi lukeenik. Ezta denik ere. Ezta arratoia ere. Edo usoa.

      Ez zebilen inor eta makurtu egin naiz hobeto ikusteko. Garaiz nenbilen, hitzorduetara hamar gutxitan iristeko kalkulatzen dut denbora: inprobisatzaile txarra naiz eta egokitzapen minutu batzuk behar izaten ditut egoerei neurria hartzeko. Ederrak dira, bata bestearen ipurdiari itsatsita, eztizko ileak, orban beltzak, kadentzia hori. Bidezidor bat gurutzatzen ari dira, baina zenbait ordutan kale nagusitik baino jende gehiago igarotzen da hemendik. Ilararen hasiera bidearen erdira iritsita dago; ez da ikusten, ordea, amaiera non duen. Lurrean eseri naiz, nekatzen ari nintzen makurtuta. Soineko loredunaren azpiko aldea zabal-zabalik geratu da, tximeleta baten hegala balitz bezala. Kolore arroxa, berez, mundu guztiari gustatzen zaio.

      Trena ondotik pasatu eta geltokira heldu da. Jendea hasi da iristen. Bat aurretik, beste hiru atzetik. Oin asko dira. Esofagoan gora, larritasun batek lurreranzko indarra egin dit, beldarretarantz. Ezin dut zapal ditzaten utzi. Ezin naiz gainean lau hankatan jarri. Nire mugak dauzkat. Oihuka hastea bururatu zait, “ez zapaldu prozesionariak!”. Erotuta nagoela pentsatuko dute eta, jendeak bakea nahi izaten duenez, kasu egingo lidakete, eroa eroegi bihur ez dadin. Gainera, heldu bat eta bi ume ziren atzetik zetozen hiru lagunak: kumeekin doazen gurasoei ia edozerk ematen die beldurra, zer esanik ez trenbide baten eta amildegitxo baten arteko zidorrean ero baten ondotik pasatzeak. Ez nintzen jada bilerara hamar minutu lehenago iritsiko; orduantxe abiatuta, lasterka egin gabe, bost gutxitan iritsiko nintzatekeen.

      Lehenengo norbaitari ez diot ezer esan, begiak itxi ditut pasatu denean eta, zorionez, ez ditu zapaldu. Atzetik zetozen hirurek nik esku hartu gabe ez zapaltzea asko eskatzea zen, ordea. “Kontuz umeekin! Prozesionariak daude: politak dira, baina arriskutsuak”, esan diet, xendra zedarritzen duen petrilean eserita eta irribarretsu (orduan gogoratu naiz ez ditudala hortzak garbitu, tira, goiz bat, edo bi). “Puag, ze nazka”. Hiruretako edozeinek esan zezakeen. “Politak dira”, errepikatu dut.

      Nora ote doaz? Beldar gidariak baino ez daki. Jakingo al du hortxe, beherago, belargune bat dagoela, txikia, baina nahikoa, lurpera daitezen? Hormatxoraino joango da, igo, jaitsi, trenbidea gurutzatu eta beste aldeko belarguneraino eramango ditu? Fabre delako batek beldar gidaria azkenekoaren ipurdiari begira jarri omen zuen, zirkuluan; eta erdi-erdian, janaria. Ez zioten birak emateari utzi; goseak hil zituen. Kontuz ibili behar da abangoardiekin.

      Zenbat denbora beharko dute bidea igarotzeko? Ez naiz kalkulatzeko gai. Igande eguerdia da, zortea izan dute. Jaieguna izanik, ez da eskolara bidean haur eta guraso saldorik pasatuko, batzuk karrotxo eta guzti. Den-denek zapalduko lituzkete. Zidor estua da, jendearen borondateak baino ezingo lituzke salbatu. Nazkak eragindako borondateak, izatekotan; inori ez baitio kezkarik sortzen prozesionarien bizitzak. Arratoienak eta usoenak bezalaxe. Inork ez ditu miresten. Zer izan nahi zenuke? Naizena. Ez. Liderraren erabakia, bidea igande eguerdian igarotzea, beraz, kasualitatez izan da egokia; beldarrek ez dute gure mikromigrazioen egutegiaren berri.

      Hemen gelditzea erabaki dut (hartan ari nintzen erabaki aurretik ere), beldarrak bidearen beste aldera iritsi arte. Bileran erraz konponduko ziren ni gabe. Mundu guztia konpontzen da ni gabe. Agian, hilko banintz, desberdina litzateke, orduan batzuek bueltak emango lizkiokete absentziari, baina hil gabe falta banaiz, konpontzen dira. Ondo. Hobeto ni baldin banago baino. Hori pentsatu dut. Telefonoa joka ari zait, dardara egiten dit poltsikoan. Madrilgo rastroan erositako soineko loredunaren poltsikoan. Corte Sofia. Bilerako gai-zerrenda nik daramat, hori izango da.

      Nolabait bideratu behar nituzkeela pentsatu dut. Oin bat jarri dut ilararen aurrean, eta bestea hartu behar ez luketen norabidean. Ez da gorputz jarrera erosoa, ezta ikusteko ere. Baina gidariak oztopoaren gainetik pasatzea erabaki zezakeen. Ilara osoa bidezidorraren barruan da jada, ez da luze-luzea ere. Kaxa batean sar nitzakeen denak eta leku egokian utzi gero. Etxera joan behar nuke horretarako eta zaintzarik gabe utziko nituzke. Baina Fabreri esker dakit zazpi egun iraungo luketela prozesionariek biraka, gida azken beldarraren ipurdiari begira jarriko banu eta leku seguru batean utziko banitu. Tentazioa handia da, atseden hartzeko beharra sentitu dut (oraindik ezer gutxi eginda ere, itxuraz). Telefonoa berriro. Ondo lo eginda nago. Etxean norbait dago gainera, ezingo nuke atsedenik hartu. Prozesionariek iritsi behar luketen lekuaren pare-parean zuhaixka batzuk daude, beti ematen didate gainean etzateko gogoa.

      Telefonoa behar dut prozesionariei argazki bat ateratzeko, ez dut ikusi nahi, ordea, hoska nor ari zaidan, kontua pertsonal bilaka ez dadin. Eguzkiak eta soinekoaren leuntasunak laztantzen naute. Ez dago mugitzeko arrazoirik. Bost euroan erosi nuen: arropa pila batean zegoen oihuka, besoko bolantetxo eta guzti, “etxean erabiltzeko”, baina ez. “Jantzi, izan nahi zenukeena izateko”, diote, ba nik soineko hau izan nahi dut. Gida zalantzati dago nire zapatilaren aurrean. Isildu da telefonoa eta hartu egin dut: bi dei, biak bilerako beste hainbeste pertsonarenak. Inoiz deitu ez didan batena eta beti erantzun izan diodan beste batena. Oinak mugitu gabe makurtu naiz apur bat, erortzeko zorian. Egin eta ezabatu egin dut argazkia. Beldar ilara bat baino ez zen ikusten, ez distirarik, ez emekirik, ez argirik, ezta kolorerik ere. sms bat iritsi zait telefonora. Dardara luzeagoa egiten du deika ari direnean baino. Whatsappa banu askoz mezu gehiago bidaliko zizkidaketen. Beherantz bultzatu dut gida, oinaz, ea kasu egiten zidan: konforma zaitez lur zati horrekin, ezin naiz arduratu trenbidea onik igaro dezazuen, ez daukat denborarik. Kontsultatu atzetik datozenekin, ea zenbatek hil nahi duen trenbidea gurutzatzen.

      Gizon bat pauso arinean zetorren aldapan gora. Oinak bata bestearen ondoan jartzeko aprobetxatu dut ezusteak eragindako jauzia. Dantzan ari nintzela pentsatuko zuen. Beldar ilara seinalatu dut, ezer esan gabe, gizonari begira. Irribarre egin du eta salto, sokasaltoan ari balitz bezala, atzera salto berriro, aurrera salto, eskuak poltsikoan sartu eta txistuka urrundu da geltoki aldera. New Yorken esnatu balitz bezala. Musikal batean. Zoriontsu bat. Gaur zoriontsu bat ikusi dut. Geltokian zain daudenei abisatzeko gogoa izan dut, “ei! Zo-ri-on-tsu bat!”. Hitza esan behar ez izateko keinuren bat adostu behar genuke.

      Gidak beheranzko bideari ekin dionez, hala egin dut nik ere, belarditxoaren pareko zuhaixkei begiratze aldera. Fer ere deika ari zitzaidan. Bilerako batek Ferren telefonoa dauka. Ez du zentzu handirik hala ere hari deika hasteak, zertarako? Gai-zerrenda ez da hain luzea ere. Proba egin dut eta nahikoa leku dago bi zuhaixkaren artean sartzeko, geldi egoteko prest egonez gero. Banago. Enbortxoetako batean jarri dut bizkarra, horretarako adarrak beherantz zapalduta, zangoak plegatuta. Beste sms bat. Nahikoa adar eta nahikoa hosto daude normalago jantzita lihoakeen norbait estaltzeko, baina ez dakit nire soinekoaren txikle arroxa tapagarria den. Fer lasterka pasatu da erdi etzanda nagoen zuhaixkaren ondotik, ez ditu prozesionariak zapaldu. Eskerrak ez duen txakurra hartu. Bueltan ere etorriko da. Agian joan naiteke etxera korrika, ohean sartu, begiak itxi, Fer itzultzen denerako lokartu. Eroso nengoen, baina... Haize goxoa dabil...

      Hotzak esnatu nau. Mugitzen hasi naiz baina mina sentitu dut; geroagorako utzi dut, mugitzearena, mantso egiteko. Denboratxo bat behar izan dut ohartzeko trenbide ertzeko hormatxoan eserita hiru pertsona ari direla hizketan. Prozesionarien ilara belarretara iritsita dago, baina bost gutxienez zapalduta daude bidezidorraren erdian. Hilda. Hiru solaskideen oinei begiratu diet, arrasto bila. Ferrenak ezagutu ditut. Bera da, bai. Eta duela ordu batzuk nirekin bildu behar zutenetako bi. Belaunak besarkatu ditut, oso mantso, soinurik ez egiteko, kamera oso geldoan, bizkarra luzatzeko. Ez didate begiratzen. Zertaz ari ote dira? Ni hemen egotea; ez dago hiru horiek hor egoteko beste arrazoirik. Ikusi naute, beraz. Ikusi ote dituzte prozesionariak? Serio ari dira, baina batzuetan algararen bat egiten dute, hileten ondoren egiten den eran. Beraiek edo nik, norbaitek eman behar du pausoa. Ni ez naiz izango, nahiago dut (izoztu) lehenengo etxera joan. Eta beraiek ni baino lehen aspertuko dira, ziur. Esan nahi nieke lasaitzeko, orain prest nengokeela bilerara joateko, gai-zerrendarekin, ez dagoela interpretatzeko ezer, dena esajerazio bat litzatekeela.

      Zapaldu dituzten bostak izan ezik, belarretaratu dira prozesionaria guztiak. Baliteke, dena dela, tximeleta bakar bat ere ez irtetea. Trenbidearen alde hau zozoz beteta dago.