20 euro
Eta ez dago barkatuko nauen jainkorik. Batez ere hamar urte geroago Madrilgo eguzkipean, Juan, Josetxo, Fer, Esteban... elkartu garenean, denak bizirik, eta orduan baino hobeto, inork ez dakielako Mayrekin zer gertatu zen, ez eta Luciarekin ere, ez eta... “zu ez zinen neska horiek bezalakoa”. “Zu bai”, ez dut esan. Neska horiek. Beste kontu batzuk kontatzen dizkiogu elkarri, Aingeru urdina ikusi, eta Cola Cao bat egin nuela, adibidez; eta tira, jainkorik ez baina barkatzen gaituen lagunarte bat badugula ikusten dugu, bakoitza bere etxera abiatu aurretik, nor bere buruari auskalo zer kontatzen. Ni, irakurriko duzun hau. Eta gauza gehiago. Juliana zopa egin nuela gau hartan afaltzeko. Mami. Eta ez dudala May berriro ikusi.
Tira: han nengoen jada. Eta han Madril zen. Etxetik kanpo zen. Eta etxe batean zen; baina ez nirean. Bakarrik nengoen hala ere, behingoagatik bakarrik, eta horrek aukera ematen zidan Madrilgo nire lehen gauaren irudi atsegin bat sortzeko; nire klasearen neurrira; nola zen, bai, ertain, estetikoki behintzat bai; ikusiko baninduzu, pentsatuko zenuke: ertain. Pelikula bat. Pelikula bat ikustea izango zen oroitzapen atsegin bat sortzeko nire estrategia. Eta Emil Jannings oihuka ari zitzaion ikasle bati irakasle paperean, “the! the!”-ka, telebistako pantailan, eta ni ere, hipnosi egoeran, “the, the”-ka hasteko zorian nengoen, keinua prest, egongelara ematen zuen sarrerako sarrailan giltza bat borrokan entzun nuenean. Errazagoa litzateke erabakimen askea nire klase ertaintasuna hain atez beteta ez balego.
Ezin ziren Juan eta Fer izan, nire anfitrioiak; figurante lanetan ari ziren auskalo non eta zer filmetan, eta ez ziren goizeko hirurak arte iritsiko. Giltzak biratzen amaitu zuenean silueta beltz bat agertu zen atetik, ikusten ari nintzen pelikulan irakasleak leihoa ireki, eta ikasgelan haur koro baten hotsa sartu zenean, sartu, pelikulako ikasgelara, bai eta Lavapieseko egongela hartara ere. Pelikula gelditu nuen giro mistiko hura apurtzeko, aurrean nekusan silueta hegan has zedin eragozteko bezala. Alegia, beharbada segundo batzuk pasatu ziren erreakzionatu nuenerako; gauza asko kontatu behar nizkion neure buruari lehenengo. Adibidez, itzal haren ile harrotuak ez zidan generoaren berri ematen, eta momentu hartan hori bakarrik nuen buruan. Errealismo atake betean nengoen —atetik sartu berri zen atakea, hain zuzen—, nire queerkeria guztiak baztertuta, inoiz baino binarioago, emakume baten aurrean egoteko mesedezmesedezmesedezka —ateoaren otoitza—; ekipazio kontu bat zen, hankarteko armen inguruko kezka bat, tiro egiten duten norabideari buruzkoa. “Kaixo, May naiz”. A, May, banekien nor zen May. Itzul nintekeen queertasunera, biok ginen ginena; geure buruaren kontra baino ez genuen tiro egingo (geroago ikasiko nuen ekipazioa edozein izanik ere, gure armak Despentes labanak izaten direla).
Hartutako lasaituak besarkadarako gogoa jarri bazidan ere, ez nuen egoera indibidualizatu nahi; guztiak ni eta nire anfitrioien arteko paktuaren barruan gertatu behar zuen, gauza konplika ez zedin. Ez nintzen Mayrekin haserretuko abisatu gabe bat-batean azaltzeagatik: tinbrea ere zertarako jo, ez, aizu, a tu bola. Ez zen nor nire bizitzan berarekin haserre batean korapilatzeko. Hau guztia anekdota bat da: eta iragarki baten leloa etorri zitzaidan (poptasunak gainditu egiten gaitu): Invierte en anécdotas, siempre crecen. Gertatutakoa anekdotara guztiz murriztuta uzteko asmo osoa nuen. Juani eskatuko nizkion kontuak, etxe hartan ager zitezkeen subjektuen zerrenda eman ez zidalako.
Ea, zer gehiago kontatu behar nion neure buruari. Egun hartan bertan iritsi nintzen Madrila, maleta batekin, zerekin bestela, eta indar gutxirekin. Hirira etortzea ekintza anakoretikotzat: Te queda muy grande esta ciudad, prefieres sentirte pequeña en Madrid abesten du Nosoträsh taldeak. Zentzu onari eusteko klabea agenda zen; programari jarraitzea. Programaren arabera, gaua bakarrik pasatuko nuela aprobetxatuz, oroitzapen atsegin bat sortzea zen nire eginkizuna. Zailtasunak: ozta-ozta jar nintekeen zutik egongela itxi hartan, bi patiotara beste hainbeste leiho zituena; eta telebista gainetik Sepulturaren poster batek mehatxatzen ninduen. Utzitako lekua. Pentsio batera joan izan banintz, dirua ondo baino hobeto gastatua zegokeen. Gainera, nire anfitrioiak “jar zaitez nahi duzun ohean” esan zidanez, maleta ireki ere egin gabe nuen norena zen ez nekien gela batean. Ez nuen, beraz, erretiradako eremu segururik. Erraztasunak: Aingeru urdina-ren dvd bat zegoela ikusi nuen maleta utzitako logelan —berriro gustura ikusiko nituzkeen beste pelikula batzuekin batera: Ferren gela behar zuen izan— eta kebab bero-beroa, patata frijituak eta Kas Naranja bat nituen erosita afaritarako —Madrilen hartu nuen lehen erabaki ona, eta azkena denbora batean—, eta telebista handia zen. Zinema gau atsegina izan zitekeen, baina Sepulturaren posterrak gorputz txarra jarri zidan, Juanen, alegia, nire nobio ohiaren sinadura zen, abisu bat; utzitako lekuan hasiko ginen, ez aurrerago, ez berriago; utzitako lekuan. Ez da hiri batera iristeko modu onena.
Ondo hasi zen, dena dela. Hori ere kontatu behar diot neure buruari. Afaria irentsi nuen, ohartu ez banintzen ere gose nintzelako, eta ez zaidalako gustatzen filmak ikusi bitartean jatea; sentsazioak dispertsatzen zaizkit. Pelikularen isiltasun zikinak masaje efektua zuen nigan, iluntasun hartan, non nengoen ez sentitzeraino; Emil Jannings, irakasle paperean, oihuka ari zitzaion ikasle bati, “the! the!”, telebistako pantailan, eta ni ere, hipnosi egoeran, “the, the”-ka hasteko zorian nengoen, keinua prest, egongelara ematen zuen sarrerako sarrailan giltza bat borrokan entzun nuenean. Hori esan dut lehenago ere.
“Zergatik dauzkazu giltzak zuk?” izan zen erreakzioa, azkenik. Hori berak kontatu behar baitzidan. Ez zen agur adeitsuegia izan nire partetik. Ni neu ari nintzen nire neutraltasun asmoa sabotatzen. “Josetxorenak dira”, ¿sabes?. Josetxo, Juanen lagun bat, han bizi zenik ez nekiena. Han bizi ez zelako. Fidatzekoa zela uste zutelako eman zizkioten giltzak —enpresa bat banu, giza baliabideen sailerako kontratatuko nituzke, dudarik gabe—. Mayri berdin zitzaion adeitsua izan nintzen edo ez, berdin zitzaion pentsa edo esan nezakeen edozer, oztopa ez nezan baizik ez zuen nahi, eta nik bere presentzia gustuko ez banuen, berak nirea gutxiago. Hori ez zen txarra berez, ikusle soil izaten utziko zidan beharbada; eta orain arteko guztia zen kontagarria oroitzapen berezi baten barruan. Ez zuen argirik piztu. “Ez dizut asko molestatuko”. Berak esan zuen hori, baina nik egin nuen azkenean. Ez asko molestatzea.
Galtza parea zekarren eskuetan, tarta bat balira bezala, eta nire sudurretik gertu zabaldu zituen. Ez nuen ezer ikusteko astirik izan, baina berak azaldu zidan, “ikusten?”, hilekoa etorri zitzaiola sorpresaz, eta hankartea zikindu —pena ikusterik ez izatea—, eta biharamunerako motxilan zekartzanak jantzi behar izan zituela. “Tanpoiak dauzkat maletan”, esan nion, baina ez dakit entzun zidan. Kontrola nezakeen. “Non utziko dut hau?”, hurbildu zen galtzak erakutsiz; aurpegia izerditurik zuen, begiak borobil, larri, harridura zirudien, edo izua, hozkaka hastera zaramatzana. “Taberna batean, tia, hauek taberna puta batean jantzi behar izan ditut”, ezer esan gabe hartu nizkion, eta komunera abiatu, zeinaren ateak, kalekoak eta sukaldekoak bezalaxe, egongelara ematen baitzuen. Galtzak arropa zikinaren saskian sartu bitartean begiratzen nion; kamiseta izerditua bizkarrera itsasten zitzaion —gehiago makurtzen zenetan—, eta hankartean mantxa berri bat ikusi nion jaiotzen. Maletara abiatu nintzen Tampaxak komunean uzteko; horrela, beharbada, hara sartzen zen batean ikusiko zituen, eta erabiltzea bururatuko zitzaion. Ez zirudien begira nengoela ohartzen zenik —zerbait bilatzen ari zen—, nahiz burmuinaren alderen batean gogoratu behar zukeen han nengoela, oroituko zen nitaz, adibidez, norbaitek telefonoz galdetuko balio bakarrik ote zegoen etxean. “Tampaxak dauzkazu komunean”. Ni hilekoa airean eramatearen oso aldekoa naiz, benetan: azalpen higienistek oso gutxitan konbentzitzen naute. Baina ez zen hori, beldurgarria da kaletik estetikoki hain desarmaturik ibiltzea, hain jakin gabe. Irudi berberak bi norabidetan egin dezake tiro, ordea. Izan daiteke gizarte heteropatriarkalaren kontrako tiro kontziente bat; izan daiteke zure buruaren kontrako tiro inkontziente bat; izan daiteke tiro bat heteropatriarkatuari eta, bide batez, zure buruari. Mayk bere burua tirokatzen zuen gelditu gabe. Lasaiago nengoke tanpoia erabiltzeko adinako borondatea bilduko balu.
Nire etxea balitz, zabor poltsak arakatzeari uzteko eskatuko niokeen, ez zen hala ordea. Ez zen nire etxea. Berea zela iruditzen zitzaidan orduan, nabarmen, edo berak baino ez zuela zapaltzen; nirea ez zen existentzia bat, ez dakit zer zen. Poltsa gehiegi zeuden, itxita, zaborrez beterik, botatzeko, ez lirateke berriro ireki behar. “Mobida asko eduki ditut gaur, badakizu? Lasaitu egin behar dut. Pelea bat eduki dut, eta jarraitu egin naute eta, bua, tia, ez dakizu, ze gaizki, ze gaizki. Ulertzen? Lasaitu egin behar dut”. Ondo da, baina ez dira berriro irekitzen. Zertarako, ez dago bilatzeko urrezko ezer, “...zilarrezkoa, zilarrezko papera”. Utzitako lekuan hasiko ginen, ez aurrerago, ez berriago, utzitako puntuan. Zilarrezko papera.
Madrilen pasatu nuen lehen egunaren oroitzapena ordurako ez zen berezia, ez inori kontatzeko adina “ai, ze nostalgia, ez dakizue nola hasi ziren Madrilgo nire egunak! Begira argazkiak!”. Ez nekien jaiki eta nik ere bilaketan lagundu behar ote nukeen: zergatik ez dute zaborra maizago aterako? “Ez zenuen albal papera zuk botako? Juanen logelan zegoena”, esan zidan oihu jarreraz. Errudun sentitu behar nukeen heroinaz zikindutako zilarrezko papera bota izan banu? Eta horrekin gaixo honi bizitza zaildu? “Bota egin duzu? Juanek bazuela esan zidan”. Juanek esan zion. Berme sendo-sendoa. Ez zen ironiarako unea. Altxatu egin zen niri aurrez aurre begiratzeko, eta bitartean egongelako mahaitxora kartera bat irristatzeko. Ezin nuen ziur esan nondik atera ote zuen; poltsikotik, lurretik agian... “Pelikularekin jarraituko dut, ados?” baino ez zitzaidan atera. Larritasunez bete zuen espazioa, oihu egin beharrik gabe; zilarrezko paperak atxikirik zuen denbora, ez bakarrik bere denbora, baita nirea ere, behar zuena lortu arte edozer gerta baitzitekeen. Pelikulan haur koroak jarraitu zuen; oxala han ere pulamentuzko leihoren bat balego, munduaren zerbait sar zedin, ateak isiltzeko.
Hizketan hasi zen, eta dena zen zaila, dimentsioz kanpokoa; protokoloek ez zidaten funtzionatuko. Kafetegi batean egon nahi nuen, uno diez, gracias, enigmarik gabe, kortesiak norantz jo argi erakusten digun eremu batean, non zerbitzariaren istorioak ez nauen zapaltzen, non presentziek arnasa hartzen uzten duten, klase ertain inozo hori. “Tipo batzuek jarraitu naute etxeraino, tia, pelea bat eduki dut”, “Bale. Jarraika zenituenekin?”, bart gaueko partidua komentatzen ari bagina bezala, “etxean jokatzen ari ziren?”. “Ez, bakean uzten ez nauen tipa beltz batekin, ghettoan izan da”, “Ya”, isildadilaisildadila, “Super nerbiosa nago, ezin naiz lasaitu”, “Ya”, “Etxeraino etorri zaizkit atzetik”, “Ze etxetaraino?”, “Honetara, tia”, “Ya”. Zaborra miatzeari utzi gabe hitz egiten dit. Ghetto. Ez dakit zergatik esaten zioten horrela, aspaldi ez dut hitza entzun; etxe okupatuak ziren, zeinetan droga salerosi eta kontsumitzen baitzen. Eta ordaindu, droga ordaindu ere egiten zen, bakoitzak ahal zuen bezala, bakoitzaren armak Despentes labanak ziren edo ez. Orain Lavapiesetik paseatzen dudanetan etxe hutsak bilatzen ditut, nonbait egon behar dute oraindik...; ez dira partekatzeko oroitzapenak, ez nire ingurunean.
Antzezten dudan klase honetako sekzio intelektualizatuaren gustuko pentsamendu bat izan nuen. Espontaneoki. Ezberdintasunak ezberdintasun, Mrozeken ipuin batean sentitu nintzen, europar bat esnatu eta gelan krokodilo bat aurkitzen duen horretan. Bai, bai, pertsona bat krokodilo batekin konparatu nuen literal jartzen bagara, baina eman tarte pixka bat; hotza da hala ere, bai. “Mrozeken ipuin bat gogorarazi zidan”. Baina halaxe begiratzen nion, zangoak plegatuta sofan jarrita nengoela, Marlene Dietrich soineko barregarriz kabaret batetik kantari ari zitzaigula, eta haren zuritasuna ia argi bakar. “Nondik atera zara”. “Zer?”. Ezin izan zion erantzunari itxaron okada bati eutsi behar izan ziolako. Baina aurkitu zuen zilarrezko papera. Zimurtua, apurtua; baina balioko zion. Eta libratu zen denbora.
Sukaldearen beste aldean dagoen logelan itxi zen. Ez zen denbora batez aterako. Zakar poltsak itxi nituen, eta sukaldean sartu. Nik ere ohera joan behar nukeen. Baina rew. Ea dosiak pelikula amaitu arte irauten dion. Eta ni ez naizen ezertaz ohartzen. Ordu eta erdira itzuli zen. Oheratu gabe nengoen artean, pelikula pantailan, nahiz ez nuen behar besteko arretaz jarraitzen. Pelikula nire arretaren oso periferian zegoen, egia esan. Mayk gelan pasatutako tartea Juani deitzeko profitatu nuen, nire haserreak interlokuzioa izan zezan. Nire haserreak itxaron beharko zuen baina, nena (nena ni nintzen, eta mami ere bai, bakoitzari zer egin nion, larrua jo edo bazkaria prestatu), gauza urgenteagoak baitzeuden egiteko: Mayk mahai gainean utzitako kartera deskribatu, “Josetxorena”; barruan zer zuen begiratu, ezer ez. “Joder, txartelak ere saldu ditu orduan”. Bihar, bihar beharko zuen, biharamunak eman beharko zidan gogoratzeko zerbait; ez zegoen nire klase ertaineko duintasuna salbatuko zuenik narrazio honetan. Ezin izan nuen nire haserre duina ahoskatu, dena nire gainetik pasatzen zen.
Gainera, ez nuke erantzuten jakingo denek buruan izango luketen galdera; “zergatik ez zenuen ospa egin? Ez zenuen hostal bat ordaintzeko adina diru?”. Hortxe zegoen atea. Nire aurrean. Ez ikusiarena egin nuen, May egongelan ez balego bezala jarraitu; ez zirudien sosegatuago zetorrenik, niri eta pantailari begiratzen zigun hizketan nola hasi erabakitzeko. “Izugarri gustatzen zaizkit pelikula honetako elkarrizketak”, berak. Ez genuen zinemari buruzko elkarrizketa bat izango. “Juanekin hitz egin dut”, nik. Eta porro bat egiten hasi nintzen, keinuek pausalekua izan zezaten, erretzeko baino gehiago.
Hogei euro behar omen zituen. Gaua pentsio batean pasatu izan banu baino merkeago oraindik, dirutan. Oroitzapen gabe gelditu nintzen beraz. Hori ere esaten nion neure buruari; nire errelatoan gau hura ezaba nezakeen oraindik, hurrengo egunean oroitzapen indartsuago bat lortzen banuen. “Itzuliko dizkizut, errekadu bat egin behar dut. Ez duzu preserbatibo bat soberan izango? Akaso beharko dut, eta orain bat lortzeko...”; bai, ordu horietan, ordu biak, gauza gutxi eros daitezke. Tampaxik ez. Eta preserbatibo bat soberan? Preserbatiboak zain izaten dira, ez soberan. Horrelako txantxaren bat egin nion, neure buruari berari baino gehiago, guraso kuadrilla batean banengo bezala; zutik jarraitzen zuen; pelikula amaitzen ari zen. “Ez duzu esan etxeraino jarraitu dizutela?”. Preserbatiboa hartu eta ireki du kaleko atea, “Agian, gaurkoz, hemen geratu behar zenuke, atera gabe”, “Ez, ez, gauza bat egitera joan behar dut, ulertzen? Lasai, ikusiko duzu nola segituan itzuliko naizen”. Eta niri zer itzultzen ez bazen; ez nuen enteratzeko asmorik portalean jipoitzen bazuten ere —hori idatzi egin dut?—. “Juanek berehala iritsiko dela esan dit, bidean dela, Ferrekin”. Hobe ez balitz inor itzuliko. “Kontatu dizu zerbait Josetxori buruz?”. Zu ez sartu, pentsatu dut, ez sartu. “Ez”. “Joan beharra daukat”. Neure buruaz kezkatu behar dut, nik bakarrik egiten dut hori, beste inork ez, ezin dut gehiegi partekatu neure burua, bakardadeari egiten zaion ordainetako bat da. “Eta txanponen bat soberan... baduzu? Ez daukat tabakorik eta...”.
Cola Cao bat prestatu nuen oheratu aurretik neure burua zaintzen nuela eman zezan. Oroitzapena labur nezakeen, mugatu; Aingeru urdina ikusi nuen, eta Cola Cao bat hartu. Ez dakit nori esateko asmoa nuen.
Biharamunean zail zitzaidan esnatu ninduten kolpeak nondik zetozen bereiztea; ez zen norabide kontu bat, ez nengoen ziur ametsa bera izan ote zen iratzarri ninduena, edo kolpeak errealitatean gertatzen ari ote ziren. Bai, han zen, Juanen logelan. Ohean eseri eta ikusi nuen Fer lurrean, koltxoi batean, nik hartu berri nuen jarrera berean, biok gelako ateari begira, errealitatea handik bakarrik sartu ahal balitz bezala; eta ez berak, ez nik ez genuen hala gertatzerik nahi. Horrek elkartu gintuen Fer eta biok, nahi ez genuen horretan bat egiteak.
Ateak. Josetxo agertu zen, atea jo ondoren, erantzunik jaso gabe, kezka begiz. “Mami, tia, entzuten?”. “Ez dakit zer den, oraintxe hasi naiz sumatzen, lo nengoen”. Mami. Hemen izan bainaiz lehenago ere, baina ez Madrilen bizitzeko asmoarekin, itzulera datarekin baizik, eta itzultzeko non batekin; batez ere horrekin, itzultzeko etxe batekin, hain safarilari onak egiten gaituen turista-bizitza horietakoa neramanean. Etortzen nintzen, prestatzen nizkien otorduak, “mami, mahaia nik jarriko dut, zenbatentzat?”, drogatzen nintzen, etxea garbitu, eta señora y patrocinadora (L Kan-en kantuan bezala), ongile, itzultzen nintzen nirera. Nire zerara.
“Nolatan lapurtu zizun Mayk kartera?”. Barre egin zuen, gelara zerk ekarri zuen ahaztu balu bezala. “Bakarrik geunden hemen eta, badakizu... Badakizu?”, ahotsa jaitsi zuen barrez, “larrua jo ez zion bakarra nintzen, eta han geunden, badakizu?, eta...”, geldi-geldirik geratu zen itzali balute bezala, maiz egiten zuen, porroen eraginez edo. Itzuli zen gurera, eta amaitu zuen, “baina gero kobratu egin zidan; desesperatua dago, la hija de puta”. Hil egingo nuke. “Baina Juan pasatzen ari da”. “Zu zara etxe honetan larrua jo ez diodan mutil bakarra”, esan nion. “Baina zu ez zara May bezalakoa”; ez, ni ez nago, oraindik, estetikoki hain desarmatua. Oraindik safari itxura dut, bisitan nago bizitza horretan.
Atera nintzen egongelara. Entzun nuen pixka batez. Putasemea. Ni hemen nagoelako egiten ari da egiten ari dena. Gelara iritsiko naiz, eta kanpoko behatzaile batentzat izugarria litzatekeen eszena aurkituko dut: Juanek bere buruaren kontrola galdu balu bezala izango da, eta Juan fisikoki gauza handia da kontrolik gabe segurua izateko. Entzun nuen, iritsi aurretik, gelako atearen kristala nola hautsi zen. Bravo, Juan, kristal hautsi batzuek asko anbientatzen dute, nopuedomásnopuedomás, vetejodervetejoder, joder, joder, joder-ari indarra ematen diote. Baina ez nion sinesten. Antzerki berean ari zen aurreko aldi batean, beste hiri batean askorekin partekatzen genuen pisuan, inguruan zuen guztia apurtzen ari zela, bere logelaraino joan zen telebistaren bila, egongelara itzuli eta niri oinetan apurtzeko. Ez zuen han bertan zegoena jaurti, berea ez zelako, eta ordain zezan eskatuko ziotelako gero. Hori ez da kontrola galtzea, hori ingurukoen milikeriarekin jolastea da. Eta nirea handia da. Zen. Eta berak bazekien: hiru urtez bizi izan zen milikeria horren kontura. Tira, ba orduko hartan osatu zuen konposizioa ez zegoen batere gaizki azkenean; muga guztiak pasatzeko zorian egon zen.
Irudia: neska bat kulero hutsean ohearen ertzean kiribilduta, inguruan maindirea mantxa gorriz zikinduta eta kristalez beteta. Pelikula bat. Ohetik kanpo eskua odola zeriola txima luzedun 1,84ko mutila, norbait txunditu nahian oihuka, ez May, ordurako benetan izutua zirudiena, ezpada ni, konbentzitzen zailagoa urtetako esperientziaren ondoren. Nik, eta zuk, badakigu odola nondik zetorren, ez zen dramatikoa, ez zuen zerikusirik Juani eskutik zerionarekin: ohean utzitako arrastoak gaua mugitua izan zela esaten zigun, postura eta noranzko ugarikoa.
Antzezpena: Lárgatezorraalaputacallearrastradaputaladrona. Joder, putaladrona? Serio? Moralismo amnesiadun moduko bat zen, zenbait orduz atzeratu daitekeena zorroztasun kalbinistaz lehertzen den arte. Mayren ahotsa hari bat zen. Noteacordabasdeesocuandomefollabas. Eta lortu egin zuen azkenean nire estoizismo indiea histeria txonira pasatzea. Eta ondo hasi banintzen ere, “Juan, utzi antzerki puta hau, zuk konpondu beharko duzu egoera”, ezin izan nion nire folklorikari armairuan eutsi. Neure burua bere gainera jaurti nuen pisu guztiz, indar guztiz bultzaka, quéascomedas-ka; ez da bideo batean Whatsappeko talde batera bidaltzeko moduko ezer. Josetxo aho zabalik zegoen kartera hutsa eskutan, bere stand by horietako batean sartuta. Fer ere azaldu zen, ni baino indar gutxiagorekin, baina hura erabiltzeko ardura maskulinoz, alaputacalle: zer gehiago nahi zuen Juanek, zeinaren belarrietan alaputacalle-ren itzulpena baitzen zoazgukkonpondukoduguhauguztia. Eta isiltasuna. Eta Josetxo. “Joder, tia, txartelak eta guzti. Itzulizkidazu giltzak behintzat”. “Merezi al dut hau, e?”. Mayk niri. Beste hogei euro eman nizkion, nire galtza parea, Tampax kaxa eta eskakizun bat; “ez inoiz itzuli hona, hemen joditu baino ez zaituzte egingo”. Coelhok ez luke erosiko. “Ez okerren”. Lasaitu ninduen Mayk. Touchée.
Konponduta. Tinbre hotsa entzun genuen arte; kalekoa. Ferrek erantzun zuen, zerraldo bat ikusi duenaren aurpegiz niri begira. Sorbaldak jaso ditut; zer? Interfonoa estali du. Mayren gurasoak. Erretiratu bikote bat. Kanarietakoak. Bi alabak eta semea bisitatzera etorri direla. Negarrez ari dira. Ea lagunduko diegun May aurkitzen, egunak omen dira ikusten ez dutela. Laster etxera itzuli beharko dutela. Eraman egin nahi dute. Berriro.
Eta ez dago barkatuko nauen jainkorik. Batez ere hamar urte geroago Madrilgo eguzkipean, Juan, Josetxo, Fer, Esteban... elkartu garenean, denak bizirik, eta orduan baino hobeto, inork ez dakielako Mayrekin zer gertatu zen, ez eta Luciarekin ere, ez eta... “zu ez zinen neska horiek bezalakoa”. “Zu bai”, ez dut esan. Neska horiek. Beste kontu batzuk kontatzen dizkiogu elkarri, Aingeru urdina ikusi, eta Cola Cao bat egin nuela, adibidez; eta tira, jainkorik ez baina barkatzen gaituen lagunarte bat badugula ikusten dugu, bakoitza bere etxera abiatu aurretik, nor bere buruari auskalo zer kontatzen. Ni, irakurri duzun hori. Eta gauza gehiago. Juliana zopa egin nuela gau hartan afaltzeko. Mami. Eta ez dudala May berriro ikusi.