Iturria
Iturria
2019, nobela
248 orrialde
978-84-17051-31-0
Azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2014, nobela
 

 

danimarkako bigarrena

Kopenhagekoa

 

Ortozik eta zikin

 

 

Katuak eta txakurrak asko ikusten ziren; dokumentu ofizialen arabera, hala ere, gehiago ziren katuak, ehuneko hamabost. Saguak ere agertu ziren, arratoiak, baina iluntzean batez ere. Ezohikoagoak ziren azeriak, autoen azpitik ibiltzen zirenak, saihetsak gurpilei itsatsita. Esaten da lekukoren batek otsoa ere ikusi zuela, baina ematen du ez dela oso sinesgarria, inoiz ez baitira kaleetatik horren hurbil egon. Basurdeak bai, ia egunero ikusten ziren, bankuren bat ere apurtu zuten, kristalak, bistan zen indarrean sartzen zirela kaleetara...

      Esaten da, hain zuzen ere, horregatik zela debekua, basurdeengatik. Esaten dute arriskutsuak zirela basurdeak, edonor hil zezaketela, edozein momentutan. Axlek, baina, ez zuen sinesten: debekua hasi eta bi-hiru astera hasi ziren basurdeak etortzen, azeriak bezala. Axlek uste zuen debekuaren ondorioa zela basurdea, ez alderantziz.

      Gauzak ahaztu egiten zituen Axlek, mundu guztiak bezala. Gertaerak nahastu egiten zitzaizkion etxetik irten gabe horrenbeste denbora egon eta gero, hainbeste egun inorekin hitz egin gabe izan eta gero, bizi gabe. Natural arrazoitzen zuen, bakarrik, etxean: debekua eta gero etorri dira basurdeak eta azeriak, aurretik ez zeuden. Bazekien hori zela errealitatea, harik eta zalantzan hasten zen arte, iluntzean batez ere, leihotik saguak ikusten zituenean, igelak petrilen gainetan. Harrezkero ez zegoen seguru, ideiak ezin zituen argi ordenatu, lar goiz esnatzen zenetan, esate baterako, eta katamixarrak ikusten zituenean hoditerian gora. Bazitekeen egia izatea, debekua basurdeengatik izatea, otsoengatik, bazitekeen bera egotea oker, Axle ingeniaria, goi funtzionarioa, burua lausotuta zeukalako, hainbeste denbora eta gero. Ezin zuen lehen bezain argi pentsatu, besterik egiten ez zuen arren; lausotu egiten zitzaizkion arrazoiketak, nahastu, lehen horren arin eta garbi egiten zituenak.

      Txoriak ere lehen baino gehiago zeudela iruditzen zitzaion Axleri, leihotik begiratuta betiere, baina ez zuen esaten jakingo noiztik aurrera ugaldu ziren. Guztiarekin ere, autoak zirinez beteta zeuden, egunean-egunean ugerrago, eta jabe batzuek —horretaz seguru zegoen Axle— leihotik ikusten zuten euren autoa, nola ugertzen ari zen, nola apurtzen zitzaizkion kristalak, eta ezin zuten ezer ere egin. Barrenak nahasten zitzaizkien, autoak apurka ari baitziren galtzen, erabili gabe, lekutik mugitu gabe. Zenbait jabe damututa egongo zen, pentsatuko zuten zergatik ez zituzten autoak urrunago utzi, etxeko leihoetatik ez ikusteko moduan behintzat, debekua hasi zenean.

      Bezperan mundu guztiak zekien debekua biharamunean hasiko zela, eta prestakuntza txiki batzuk egin zitezkeen, gehiegi ere ez. Autoa urrunago utz zitekeen esaterako, baina hobe beharrez utzi zuen jendeak etxetik gertu, leihotik ikusteko moduan. Izan ere, debekuak sekula ez ziren horren luzeak izan... Aurrekoak aste batzuetakoak izan ziren, hilabete baino apur bat luzeagoak asko jota. Jendeak ez zituen debeku guztiak gogoratzen, hainbeste izan zirelako; burua lausotzen zitzaion jendeari, batez ere telebistak emandako informazioarekin nahasten zutenean, baina uste zuten ordura arteko debekualdirik luzeena hilabete eta hamar egunekoa izan zela. Ez zeukan zerikusirik oraingoarekin, izan ere bosgarren hilerako zihoan hura Axlek lehen mirua ikusi zuenerako.

      Ingeles akademiaren ondotik aurreneko basurdea pasatzen ikusi zuen egunean, sukaldeko aulkia balkoiko leihatearen azpian jarri zuen Axlek, beste askotan bezala. Kontua zen Axleren etxetik eraikin komertzialak ikusten zirela batez ere, errotonda bat, aparkalekuak, espaloia, banku batzuk... Espazio publikoak guztiak. Baina hiru solairuko etxebizitza bat ere bazuen ondoan, ezkerretara... Axleren leihoetatik kantoia baino ez zuen ikusten, adreiluak. Etxebizitza horren leiho bat ikusteko, aulki batera igo behar zuen Axlek, balkoiko leihatearen azpian jarri ondoren. Hara igota, lepoa luzatuta, ozta-ozta ikus zezakeen egongela bateko zati bat. Eta horretarako jartzen zuen aulkia leihatearen ondoan, etxe hartan bizi zirenak ikusi nahi zituelako. Aspertuta zegoen basurdeak eta azeriak ikusteaz, are aspertuago txakurrekin, katuekin. Katamixarrak ere banaka agertzen ziren hasieran; azken hilabetean, ordea, egunero igotzen ziren hodietatik. Harrezkero ez zioten pozik ematen, ikusi ere ez zituen egiten. Balkoiko leihatearen azpian aulkia jartzen zuen beraz, hara igo eta, angelu jakin batetik, ondoko etxeko egongela ikusten zuen, zati bat.

      Senar-emazteak ikusten zituen batzuetan, alabetako batekin beharbada, mahaia atontzen, besaulkiren batean eserita. Semea askotan ikusten zuen, bakarrik. Axlek pentsatzen zuen telebista ikusten ariko zela, 18-20 urteko gazte batek ez diolako bestela hain geldirik eusten gorputzari eta begiradari horren denbora luzean. Hori zen Axleren arrazoiketa aulki gainean zegoen bitartean, leihoaren goiko angelutik auzokoen egongelari begira. Berrogei minutuz egoten zen maiz, bi ordu baino gehiagoz arratsalde batzuetan.

      Iluntzean ia egunero egoten zen Axle leihoetatik begira. Etxeko argi guztiak itzaltzen zituen noski, ondoko etxeko egongelakoak oherako arropatan ibiltzen zirelako normalean: aita, seme-alabak... Ama gutxiagotan, ia inoiz ez. Ordu horretan batzen zen jende gehien egongelan, eta egunean zehar baino gehiago hitz egiten zuten. Axle ezpainei begira egoten zen, ezpainen mugimenduei begira. Hitz batzuk harrapatzen zituela uste zuen, berari esango balizkiote bezala, etxekoek Axleri gauzak esateko ahalegin hori egingo balute bezala, ahalegin muskularra, ahalegin neuronala, zer eta Axleri hitz horiek helarazteko. Hori zen Axleren ilusioa sukaldeko aulki batean igota, balkoiko leihatetik begira, orduan sentitzen zen lasaien debekua hasi eta zazpigarren hilabetean.

      Azkura areagotzen zitzaionean baino ez zen aulkitik jaisten. Batez ere azkura gorputzaren atzeko aldean hasten zenean, omoplatoen artean. Inoiz, hasieran, saiatu zen aulki gainean zegoela hazka egiten, baina jausteko zorian egon zen birritan, hiru hankako aulkitik. Pentsatu zuen orduan aulkitik behera jausi eta kolpe txar bat har zezakeela erraz, buruan ere bai, kristala apurtu eta zauri gaiztoren bat egin, konortea galdu, odolustu... Inork ez zion lagunduko, ezin izango zion inork lagundu, jakin ere ez zuen inork jakingo aulkitik jausi eta kolpe txar bat hartu zuenik. Hiltzeko modu lotsagarria zela erabaki zuen...

      Hazka egiteko, beraz, aulkitik jaisten zen, azkura bizia zelako, kasu egin behar zitzaion derrigor, ez zion bakerik ematen. Konturatu zen, gainera, areagotu egiten zela azkura aulki gainean, orduan zela biziagoa, ondoko etxeko egongelara begira zegoela.

      Hasieran gorriune batzuk izan ziren, bularraldean, bizkarrean eta izterretan batez ere, ur apur batez baretzen zirenak. Kolore morea hartzen joan ziren gero, hazka sendoago egiten zuen neurrian. Bularrean hasita betiere, berehala hasi ziren hedatzen beste hainbat lekutara, beso eta eskumuturretara. Axlek ulertu zuen ez zuela gorputza behar bezala egurasten, eguzkia falta zuela, kristaletik pasatzen ziren izpiek ez zutela eragin bera azalean. Behin eta berriro esaten zion bere buruari etxetik irten gabe hainbeste hilabete eta gero espero zitekeela ondorioren bat, modu batekoa edo bestekoa, eta hori zela berari egokitu zitzaiona, azaleko gaitz hori. Gaitz erdi iruditzen zitzaion hala ere, okerragoak imajinatzen zituen beste etxe batzuetan.

      Ohean, besaulkian, telebista ikusten ari zenean, bakea ematen zion azkurak, sosegua hartzen zuen Axlek, eta leihatetik begira zegoenean erasaten zion bereziki. Krisialdi bi izan zituen seigarren hilabetean, ohera sartu behar izan zuen aulkitik jaitsita, uzkurtu, ileetatik tiratu, ezin zion azkurari aurre egin, baretu, sutan zuen gerrialdea, hankartea, lepoa... Zortzigarren hilabeterako, Axleren azala, ubeluneen inguruan, idortzen hasi zen, ihartzen, eta lehenengo arrakalak sortu ziren, lur zurruneko basamortuetan bezala. Horrezaz gainera, Axleri arnasestua egiten zitzaion aulkira igo eta jaisten zenean, bere hogeita hemeretzigarren urtegunaren bezperan.

 

 

Debekua kendu zutenean, bederatzigarren hilabetean, egun osoa eman zuen kalean Axleren arrebak, jende gehienak bezala. Jatetxeak beteta zeuden, mendira joan ziren batzuk, eguerdirako ez zegoen kaleetan katurik, basurderik, txakurrik... Azeri bat tripak lehertuta ikusi zuen Axleren arrebak espaloi batean; ez zirudien auto batek harrapatu zuenik. Jende asko gaixotu zen lehen egun horretan, kalte egin zien hotzak. Hurrengo egunetan apaldu egin zen kale beharrizan hori, baina jende asko ikusten zen leku guztietan. Axleren arrebak ere ordu gehienak egiten zituen kanpoan, harik eta, bosgarren egunean, bulego lanak berritu ziren arte.

      Eguneroko bizimoduan erosotu zenean, nebari, Axleri, mezuak bidaltzen hasi zen arreba, telefonoz deitzen, komunikabideen debekua ere bestea baino ordu batzuk geroago kendu baitzuten. Egun batzuk itxaroten egon zen, baina nebak erantzun gabe jarraitzen zuela ikusita, haren etxera joatea erabaki zuen. Luzaro aritu zen ate joka, eskua zabalik hasieran, ukabilaz gero, egurrezko atean, gero eta soinu nabarmenagoa eginez, Axle, Axle, izena behin eta berriro errepikatuz. Neba metodikoa zuen, iluntzeko bederatzietan afaltzen zuen egunero, etxean beti, eta bederatziak eta hogei ziren deitzeari utzi zionean. Arduratuta geratu zen arreba... Biharamunean hirutan, lautan itzuli zen nebaren etxera, oso ordu desberdinetan, baina erantzuna bera.

      Nebaren etxeko giltza bazeukan ere, erreparoa ematen zion, batez ere bakarrik sartzeak. Senarrari eskatu zion laguntzeko, eta hurrengo iluntzean sartu ziren Axleren etxera biak, bederatziak ondo jota zeudenean. Halletik sukaldera egin zuten lehenengo eta behin, han afaltzen baitzuen Axlek beti, inongo aldaketarik gabe inoiz, han behar zuen. Argia itzalita zegoen, sukaldea hutsik.

      — Axle!

      Esan zuen arrebak hirugarrenez. Ez zuen neba komeni ez zen leku batean harrapatu nahi, komunean esate baterako, edo dutxan. Logelan sartu baino lehen ere, izena errepikatu zuen senarrak, baina ilunpetan eta hutsik topatu zuten hura ere. Egongelan argi guztiak piztu zituzten, hirurak, baina aldez aurretik zekiten ez zutela inor topatuko, etxea hutsik zegoela. Axleren arreba, hala ere, besaulkietako batera hurreratu zen, harridura aurpegiz, bekainak bata bestearengandik inoizko hurbilen, eta besaulkiko besoetako batean atzamar luzea jarri zuen. Orduan ohartu zen senarra besaulkia hauts marroixka batez beteta zegoela, estalita ia, erdiko jesarlekua eta besoak batez ere.

      Arrebak inork baino hobeto ezagutzen zituen Axleren obsesioak, hogeita zazpi urte egin zituzten eta etxe berean; garbia zen Axle, obsesiboki ordenatzen zuen dena. Bestela txukun zegoen etxe osoa, orbanik gabe, hautsik gabe, besaulki hura izan ezik. Zikinkeriaz eta hauts kantitateaz aparte, Axleren arreba txunditu zuen nola geratu zen hauts marroixka hartan bere hatz-marka zehatz grabatuta, azalaren ildo bakoitza bereizteko moduan.

      Hurrengo egunetan ere ordu desberdinetan sartu ziren senar-emazteak Axleren etxera. Larunbata, adibidez, egun osoa hartu zuten horretarako. Beti topatzen zuten, ordea, etxea berdin: sukaldea, ohea, besaulkiko hautsa... Eta arrebak zalantzarik gabe zekien Axle ez zela handik agertu, ez zela kapaz izango besaulkia, irakurtzeko erabiltzen zuen besaulkia, garbitu gabe uzteko. Emazteak hauts marroixka hartan utzitako hatz-marka berdin-berdin zegoela ikusi zuen senarrak berak ere. Bien artean erabaki zuten Axle astelehenerako agertzen ez bazen, zerbitzuetakoei deitu behar izango zietela. Hala egin zuten astearte goizean.

      Arratsaldean bertan joan ziren zerbitzuetakoak Axleren etxera. Bi gizonezko ziren, lasaiak, tratu egokikoak, oso zakarrak begiradetan... Maleta moduko bat zekarren batek, tresna elektroniko txiki bat besteak. Axleren logela zein zen galdetu zuten sartu ez beste, eta hara egin zuten zuzen. Axleren arreba atzetik joan zitzaien, galduta zegoen, ez zekien zer egin behar zuen, lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaion. Logelako atetik begiratu zuen zer egiten ari ziren... Ohea itxuragabe zabaldu zuten zerbitzuetakoek, desordenatu, astindu, goitik behera miatu zuten, baita koltxoi azpiko txokoak ere. Amaitu zutenean, zirkinik ere ez zuten egin ohea topatu zuten moduan uzteko.

      Logelatik irten eta banatu egin ziren: maletaduna bainugelara sartu zen, egongelara bestea. Bainugelako atean geratu zen Axleren arreba eta zerbitzuetakoa bainuontziaren ondoan makurtzen ari zela ikusi zuen, nola hurbiltzen zituen burua eta begiak hustubideraino ia, nola pasatzen zuen eskua bainuontziko azalera osotik.

      — Hemen.

      Entzun zuten egongelatik orduan. Ahotsa ez zen larria, ez zen oihua, etxean zarata apur bat egon izan balitz, ez zuketen bainugelatik adituko. Zerbitzuetakoak maleta hartu eta egongelarantz egin zuen pauso luzez. Hautseztatutako besaulkiaren ondoan zegoen bestea eta neurketa guztiak eginda zituen ordurako.

      Bien artean ireki zuten maleta, tutu moduko bat atera eta hautsa xurgatzen hasi ziren. Kontu handiz egin zuten, xehe, zirrikiturik txikiena ere ahaztu gabe. Axleren arrebak zimikoa sentitu zuen buru barruan bere hatz-marka nola desagerrarazi zuten ikusi zuenean, segundo batean.

      Lana amaitu zutenean, kutxa hermetiko txiki batean sartu zuten hautsa, ondo zigilatu eta maleta handian gorde zuten. Falta zitzaizkien geletara joan ziren zerbitzuetakoak gero, sukaldera, beste gela batera, komun txikira... Zokoak errebisatu zituzten, baina ganora handirik gabe, ez hasieran bezala. Tramitea zela iruditu zitzaion Axleren arrebari.

      Zerbitzuetakoek alde egin zutenean, hogei bat minutu gehiago egin zituen Axleren arrebak etxean, bakarrik, ilunpetan. Sukaldeko aulkietako batean eseri zen, hiru hankako batean, eta neba ekarri zuen gogora. Zortzi urteko Axle ikusi zuen eskolatik irten eta berarengana korrika zetorrela, estropezu egin eta lurrera jausten zela. Gogoratu zuen nola altxatu zen negarrez eta ahotik odoletan, nola zikindu zizkion alkandora eta gona malkoz, mukiz eta odolez, nola gonako orbanak ez ziren inoiz kendu. Oroitzapena mingarria zen Axleren arrebarentzat, eta ederra. Hamabi urteko aldea zeukaten. Axleren ohea berregin zuen eta egongelan perfumea bota. Iluntzeko zortzietan heldu zen etxera.

 

 

Debekua amaitzeko hogeita hamazortzi egun falta zirenean, azkura jasanezin bihurtu zitzaion Axleri. Azaleko arrakalak gero eta nabarmenagoak ziren, sakonak, eta ia gorputz osora hedatuta zeuden. Azal-ezkatak jausten zitzaizkion batzuetan, baina arnasestua iruditzen zitzaion okerrena. Ohea egiteko eta garbiketarako lehen baino askozaz denbora gehiago behar zuen, hirukoitza beharbada. Atseden txikiak hartu behar zituen, bost minutukoak, zazpikoak, baina egunero egiten zituen.

      Ohartu zen Axle halako batean, azkura bezala, arnasestua aulkian igota areagotzen zitzaiola, auzoen egongelari begira zegoela, ozta eusten ziola itolarriari. Aulkira igotzeko sufritzen zuen lehenik eta behin; zorutik banatuta egotea kalteko zuela arrazoitzen zuen gero, ezin baitzituen taupadak onera ekarri aulki gainean zegoen denbora osoan. Eztabaidan ikusten zituen orain askotan egongelakoak, eta larria handitzen zion horrek. Arreba gogoratu zuen orduan Axlek, harekin zituen eztabaidak, oso gutxi egia esateko.

      Debekua amaitzeko hogeita bi egun falta zirenean, besaulkian ematen zuen Axlek denbora gehiena, liburu batekin, hirurekin. Inoiz ez zuen libururik besaulki ondoan uzten, beti itzultzen zituen apaletara, horraino heltzen zen bere ordenaren obsesioa. Otordu eta komunerako altxatzen zen besaulkitik, antzeko orduetan egunero. Ohera berandu joaten zen, batzuetan eserita egiten zuen lo. Sukaldea txukun uzteko berrogeita hamar bat minutu behar zituen hasieran, ordu eta erdi baino gehiago gero. Komunean eserita geratzen zen lo zenbaitetan. Ahalik eta gutxien zikintzen ahalegintzen zen, garbitu behar ez izateko.

      Debekua amaitzeko zortzi egun falta zirenerako ulertu zuen ezin zituela arropak jasan, oihalak urratu egiten ziola azala, ukitu minimoak minduta uzten zizkiola junturak. Kostata itxi zituen errezelak eta pertsianak, biluzik ibili behar zuen. Ohartu zen etengabe bereizten zitzaizkiola azal-partikulak gorputzetik, besaulkia zikintzen ari zela. Eskuila batez garbitzen zuen, harik eta indarrak erabat ahitu zitzaizkion arte, mugitzeko arazoak izaten hasi zen arte, debekua amaitzeko lau egun falta zirenean.

      Arreba ekarri zuen gogora orduan, nola ikusi zuen behin negarrez, nola hurbildu zen Axle laguntzera, laguntza behar zuen galdetzera, nola jo zion arrebak aurpegiko bat, nola besarkatu zuen gero, nola bultzatu zuen handik gutxira berarengandik apartatzeko, nola ez zuen Axle umeak ezer ulertu. Oroitzapen mingarria iruditzen zitzaion, eta ederra. Arrebaren gona ere gogoratzen zuen, orban marroixka bat zuena. Axleren odola zela esaten zuen arrebak; Axlek ez zuen gogoratzen. Arrebak ez zuen gona bota. Familiak ez zuen ezer botatzeko ohiturarik, Axle goi-mailako funtzionario egin zen arte, arreba ingeniarien bulegoan hasi arte.

      Gurasoak gogoratu zituen Axlek orduan, debekua kentzeko bi egun falta zirenean. Gorputz osoa minduta zeukan, mugitu ere ezin zen egin. Gaixorik gogoratu zituen gurasoak, izerditan ama, kirats haiek... Aita gogoratu zuen zehatzago: nola jariatzen zuen ahotik listu gorri-horixka hura, berari begira. Ordurako, ordea, Axlek ez zekien benetako oroitzapenak ziren ala ez, izan ere gamelu bat ikusi zuen aitaren ohe ondoan hil-hurren zen bitartean, kasino bateko erruleta bat ere bai eta dantzari batzuk, zikin eta ortozik... Hori guztia aitaren ohe inguruan...

      Apur bat geroago, bere burua gogoratu zuen Axlek, aspaldi, dortoka batez erditu zenean... Gogoratu zuen nola eman zion oskolak mina sabelean, baina batez ere azalean, nola dortokaren burua agure batena zen jaio orduko, edo basurde batena.