Iturria
Iturria
2019, nobela
248 orrialde
978-84-17051-31-0
Azala: Lander Garro
Unai Elorriaga
1973, Algorta
 
2014, nobela
 

 

Ez dira gureak

 

 

Mamuak gaixoberak dira, bizioak dituzte, baina inork ez die erreparatzen... Zertarako? Zer da mamu bat? Gaur? Ez erreparatu mamuei, erreparatu etxeei, etxeei eurei, horkoei, etorbide amaierakoei.

      Txakurrak dauzkate, etxe horietan esan nahi dut, baina bestelako animaliak ere erosten dituzte: iguanak, igarabak... Zaletasun hori daukate, eta dirua edozer erosteko.

      Munstro umeak ere jaiotzen zaizkie batzuetan etxe horietan, etxetik sekula irteten ez direnak, irteten uzten ez dietenak... Gela batean egoten dira, egongelan isilik, edo Suitzara bidaltzen dituzte, kliniketara.

      Ez, don Reo abadea beste aldean bizi zen, ez zen etxe horietan bizi, ez zen etxe horietakoa. Bai, bizi zela, San Martinen esaten zuen meza don Reok, harro eta oihuka.

      Eta Maguregi? Ez duzu Maguregi gogoratzen? Margarita Maguregi? Bera joaten zen etxe horietara, herri amaierakoetara, gure artekoetatik joaten zen bakarra. Margarita, jostuna, Margarita Maguregi, hori da. Gregorioren ama, hori da: Gregorio, Fernando, semeak, Begoņa eta Joseba ere bai, txikiena Joseba, lau zituen. Margarita Maguregi joaten zen, bai, etxe horietara, handienetara, euren jostuna zen: neurriak hartzen zituen, soinekoak probatu, albainduta eramaten zituen arropak, amaitu gabe, bigarren proba egiten zuen gero, askotan joaten zen... Gutako beste inor ez zen joaten.

      Alaba asko ziren etxe horietan: bost, zazpi... Hamaika seme-alaba zituzten geltoki ondoko etxean adibidez. Baina guztiak ez ziren sanoak, ume munstroak ere jaiotzen ziren etxe batzuetan, hori da Margarita Maguregik kontatzen ziguna. Emakumezkoentzako arropa egiten zien Maguregik etxe horietakoei, De Lozak gizonezkoentzat. Maguregik alaba eta amentzat, izekoentzat, amonentzat... Ordu asko egiten zituen Margarita Maguregik etxe horietan, gure arteko bakarra.

      Bi munstro batera egon ziren etxe horietako batean: izeko munstroa eta iloba. Oso antzekoak ziren biak: aurpegia, azala... Etxe berean munstro bi. Margaritak urrez jantzi behar izaten zituen izeko eta iloba munstroak batzuetan, hori eskatzen zioten, urrezko soinekoak egiteko, urrezko zapiak... Gero ospakizun bat egiten zuten etxean munstroentzat, euren urteguna ez zen arren... Urtean hiru-lau aldiz egiten zuten.

      Tronu banatan jartzen zituzten munstroak, urrez jantzita, koroarekin, etxeko animaliak inguruan. Usoak ekartzen zituzten Frantziatik, Belgikatik, hogei uso beharbada, eta izeko-iloba munstroen inguruan jartzen zituzten, gainean, eskuetan... Uso-jana ipintzen zuten soinekoen tolesturetan usoak inguruan egon zitezen. Musika ere ematen zuten, errusiarra... Saint-Honoré tartak jaten zituzten hainbat; okinen patroia da Saint-Honoré, Honoré Amiensekoa. Munstroek txaloak egiten zituzten izterren kontra, eta listua botatzen zuten paparretik behera, urrezko kolkora, usoen gainera; izekoren listua usoen lumetan barreiatzen zen, mokoetan...

      Margarita Maguregik espantuz begiratzen zien munstroei, botaguraz, etxekoentzat normala bazen ere, normala zen bezala usoak Belgikatik ekartzea, Luxemburgetik.

      Estimatzen zuten Margarita Maguregi, etxe horietan esan nahi dut. Estimatzeko modukoa zen Margarita, gogoratuko duzu: txikia andrea, aurpegia ere txiki zeukan, biribila, ederra ere ez, dena txikia, belarriak ere bai. Hain emakume txikitik jaio zen Gregorio gero, Fernando ere handia da, Joseba ere bai, arraunlaria da Joseba, kontuak atera hortik. Horren andre txikitik jaio ziren guztiak. Begoņa txikerragoa da, amaren modukoa.

      Gauza da estimatu egiten zutela Margarita etxe horietan: joskile ona zen, ezkontzetarako arropak egiten zizkien, jaunartzeetarako, hilkutxarako konponketak ere bai... Izan ere, txikiagotu egiten dira hildakoak, jakek ez diete ondo ematen, estutu behar izaten dira, josturak... Margaritak egiten zuen hori ere, hustu egiten zirelako hildakoak eta txikiagotu, munstroak eta besteak.

      Margarita Maguregik beztitzen zituen etxe horietako hildakoak beraz, emakumezkoak; gizonezkoak De Lozak egiten zituen. Horregatik estimatzen zuten Margarita Maguregi etxe horietan. Ume munstroei josten ere irakasten zien, beste umeei ere bai. Ez zuten ezer ere ikasten, odola egiten zuten atzamarretan, oihalak alferrik galtzen zituzten.

      Etxe batzuek ez zeukaten munstrorik, baina familiakoen artean ezkontzen ziren, edo ezkondu gabe ere aritzen ziren, abadeak ere tartean, gotzain bat, oso zikina guztia... Mamuak beraz inori ez erakusteko modukoak...

      Paparreko bat oparitu zioten Margarita Maguregiri etxe horietako batean, orratz bat, asko estimatzen zutelako. Urrezkoa zen paparrekoa, harribitxiak zituena. Asko eskertu zien Margarita Maguregik, baina gauza da ez zutela berarentzat erosi. Aitak hirugarren alabari erosi zion, buruko ilea moltsoka galtzen ari zen alabari, Madrilen ikasten zebilenari, handik hiru urtera gibelak hil zuenari. Ez zitzaion gustatu paparrekoa alabari, nazka eman zion. “Atsoen gauzak” esan zuen, hormaren kontra bota zuen gero, edo aitaren jakaren kontra. “Zaharren paparrekoak niri ez”, “Zer naiz ni, atsoa?”, “Oparitu hau zerbitzariei, sukaldariari”... Hori guztia esan zion aitari alabak, zarataka. Margarita Maguregiri oparitu zioten.

      Zeremonia bat antolatu zuten etxekoek Margaritari paparrekoa entregatzeko. Egongeletako batean egin zuten, ez handienean, baina erabat serio. Familiako asko bildu ziren egongelara: aita eta ama zeuden, hiru zerbitzari, sukaldaria, alabarik txikienak, umeak oraindik, amaren lehengusinetako bat... Kalerako jantzita egin zuten, eta Margarita bera goitik behera lotsatuta zegoen, berrogeita hamalau urteko.

      Etxeko andreak jarri zion paparreko orratza jakan, berokian. Senarrak egin behar zuen baina beldur zen, ez ote zion behar ez den lekuren bat ukituko. Izerditan egon zen Margarita denbora osoan, behar baino bero handiagoa zen beti etxe horietan, leihoak ere itxita zeuden; zenbat eta mamu gehiago etxe batean, orduan eta leiho gutxiago... Kristalak guztiz gardenak ere ez.

      Hirutan ahalegindu zen andrea orratza Margaritaren paparrean sartzen, baina traba egiten zion zerbaitek, orratzak ez zuen aurrera egiten. Izerditan zituen eskuak, dardarka ere bai, dardara txikia. Hirugarrenean irten zen orratza oihaletik. Andreak irribarre egin zuen, Margaritak ere bai, malko bat, gizonak kea bota zuen ahotik... Inoizko goizen heldu zen Margarita Maguregi etxera egun hartan.

      Etxeko sukaldera heldu orduko kendu zuen Margaritak alkandora garbitzeko. Lau odol marra zituen bularretik behera: bi paralelo, hiruki forman beste biak. Gonako goiko partean lau odol puntu, eta barruko arropa ere odolez markatuta zegoen. Bularreko zauria hainbat astez izan zuen... Orbana hil arte eduki zuen; alabak ikusi zion hileta-elizkizunerako beztitu zuenean, ez zion bestela inori erakusten. Ahuspez jarritako V baten forma zeukan zauriak... Paparrekoa Gregorio semeak saldu nahi izan zuen, baina amak ez zion utzi; esaten zuen Margarita Maguregik berak ez zuela mundura munstrorik ekarri.

 

 

Gregoriok, Margarita Maguregiren seme nagusiak, pipa erretzen zuen ama hil eta berrogei urte geroago ere, frontoian aritzen zen oraindik eta diru asko eginda zeukan: enpresa propioa zuen, 123 langile, hiru seme, Ginean negozio batzuk. Gregoriok, ordea, ez zuen asko usteko bere bigarren semea berak baino diru gehiago egiteko kapaz izango zenik gero. Semeak hogei aldiz gehiago irabazi zuen handik urte batzuetara, kalkulatuta zeukaten aita-semeek, ia kontrolatu ezin ziren kopuruak. Informatikan aritu zen Gregorioren semea, mundu berrian, Estatu Batuetan. Lotsatzeko moduko dirutza irabazten zuen eguneko.

      Ezkondu aurretik egin zuen hori guztia Gregorioren bigarren semeak... Baina ideia bat ondo sartuta zeukan buruan: bertara ezkondu nahi zuen, herrira; ez zuen Estatu Batuetara ezkondu nahi, ez Zurichera, ez Londresera... Hori egiten zen bere munduan, atzerrira ezkontzen zen jendea, kanpoan zeuzkaten etxeak... Gregorioren semeak argi zeukan: herrira nahi zuen, horretan jarri zuen burua.

      Hamazazpi etxe ikusi zituzten herrian, handiak denak, herrigunetik behar baino urrunago beharbada. Herrian ez zegoen etxe handirik, ez Gregorioren semeak pentsatu bezalakorik behintzat. Gregorioren bigarren semeak kontrolatu ezin zuen etxe bat erosi nahi zuen, zenbat gela zituen ere ez zuen jakin nahi, zenbat sukalde, zenbat bainugela...

      Gregorioren bigarren semea txikia zen, Margarita Maguregiren modukoa, igartzen zitzaion haren biloba zela, baina gutxi ezagutu zuen amona, lau urtez, lau eta erdiz. Ez zekien non egin zuen lan adibidez... Aitak azaldu zion, Gregoriok, halako bazkari batean: “Bihar ikusiko duzuen etxe horretan (...)”, “Hor egin zuen ordu asko amak (...)”, “Paparrekoa ere oparitu zioten, urrezkoa (...)”, “Saldu nahi izan nuen nik, ez zidan utzi (...)”. Horrela jakin zuen paparrekoarena, etxearena, amonarena... Margarita Maguregiren orbana irudikatu zuten aita-semeek, V bat ahuspez.

      Biharamunean ikusi zuen Gregorioren semeak etxea: lorategiak, arbolak, bidexkak... Etxe barrua ere serioa zen: hiru egongela —beste bi ere ba omen zituen—, gelak —zazpi ikusi zituzten, hogeita bi guztira—, bi sukalde, balkoiak, barruko eskailerak, kanpokoak... Altzariak eramaten ari ziren, baina ez zituzten guztiak eramango, ezin zituzten edonon sartu... Etxea hustea ez zen horren erraza.

      Bi idazkari eraman zituen Gregorioren semeak etxea ikustera. Andregaiarekin hitz egiten zuten batez ere, espazioez, diruaz, arrakalez... Konponketak behar zituen bigarren sukaldeak, baina berdin zien, erabakita zegoen: etxea nahi zuten, konbentzituta zeuden, etxe munstroa erosiko zuten.

      Amona imajinatu zuen orduan haren laugarren bilobak, paparretik odoletan, odola izerdiarekin nahastuta, V formako orbana, ahuspez... Ez zuten etxea ikusten jarraitu nahi izan, hirugarren pisuko gelak, ganbarak, bainugela guztiak... Bat ikusita guztiak ikusita; erabakita zeukaten. Idazkari bati esan zioten, besteari gero, telefono-deiak egin zituzten.

      Paperak uste baino luzeago joan ziren, ordea, etxe handia zelako. Zirrikitu asko zituen, paperetan ere zirrikituak zeuden; jabe asko zeuzkan etxeak, familia adar diferenteak. Ezkondu ere egin ziren etxeko paperak egin bitartean, Gregorioren bigarren semea eta andregaia... Europan ibili ziren eta itzuli zirenerako amaitu gabe zeuden paperak oraindik.

      Bost hilabete eta erdi egin zituzten erositako etxera sartzen utzi zieten arte, paperak amaitu zituzten arte. Urriaren 27an aldatu ziren azkenean Margarita Maguregiri V formako zauria egin zioten etxera.

      Etxea apurka errebisatzen hasi ziren: haizeak ukitzen ez zuen balkoi bat, gosaltzeko erabiltzen zutena; harlauza laranjetako bainugela bat, harrezkero gehiago erabili ez zutena... Etxe barruko ortu bat ere topatu zuten, sukaldeetako baten ondoan... Programatutako lanparak zituen inguruan, programatutako ureztatze-sistema; azak ematen zituen, perrexila, tomatea, etxe barruan hori guztia, leku hezea, epela.

      Etxea apurka ikusi behar zuten, egunak behar izan zituzten txoko guztiak deskubritzeko. Gustura egiten zuten, baina Gregorioren bigarren semeak batez ere; asmatu nahi zuen zein zen amonari paparrekoa jarri zioten lekua... Iruditzen zitzaion gela horretan sartu orduko igarriko ziola.

      Hirugarren egunean sartu ziren ezagutzen ez zuten logeletako batera. Gela zabala zen, oso zabala, etxeko egongela batzuk baino zabalagoa; sabai altuak zituen, baina leiho gutxi. Atetik oso urrun zeuden oheak, ohe bi, atetik hamabost pausora ere bai. Ilunak ziren oheak, marroikarak, leihotik ere urrun. Iruditu zitzaion emazteari zerbait zeukatela oheek gainean, urrunetik ondo ikusten ez zena.

      Hurbiltzen hasi ziren oheetara beraz. Ez zegoen altzari gehiegi logelan, gehienak eraman zituzten: aulki bat ohe baten ondoan, alfonbra... Oheetatik hiru pausora heldu zirenean, jauzi txiki bat egin zuen emazteak ezkerretara, senarraren jertseari heldu zion, azazkalak apur bat sartu zizkion lunbarretan.

      Gorpu bi zeuden oheen gainean, luzea bat, laburragoa bestea. Emakumezkoak ziren biak, lasai itxuraz. Batek barre modukoa zeukan aurpegian. Eskuak posizio berean zituzten biek, azala galduta masailetan, siku, garbi.

      — Hildako hauek ez dira gureak.

      Esan zuen Margarita Maguregiren laugarren bilobak, Gregorio Barturenen bigarren semeak.