Distantzia
Hamahiru kilometro ez da distantzia handia bidea autoz egiteko. Urteak zeramatzan egunero egiten. Hamahiru joanean eta beste hainbeste etorrian. Baina burua bidera beharrean barrura jarrita egiteko kilometro gehiegi dira hamahiru. Eta hogeita sei, doblea. Hamahiru kilometro pentsamendu bakarra jiraka. Pentsamendua zen: gaur esango diot, sinfalta.
Abiatu aurretik bide zuzenari irizten zion egokien. Joan eta esan. Lehen bihurgunerako jabetzen zen errazagoa izango zela jirabueltaren batekin. Eta lantoki atarian aparkatzerakoan eguneko lanak amaitu arte gaia ere bertan uzten zuen. Bueltakoan berriro hamahiru kilometro lepagainean kopilotu berberarekin: gaur-en tokian bihar izatea. Horixe aldea.
Esan beharra zeukan zoratuko ez bazen. Begiratze hutsarekin elkarren berri jakiteko adina urte zeramatzaten elkarrekin lanean. Miresten zituzten elkarren dohainak eta barkatzen ahuldadeak. Une zailetan bizkarra eskaintzen zioten elkarri eta bizkarra ematen aldi berean irtenbiderik gabeko eztabaidei. Bata bestearen pozarekin pozten eta tristura erdibanatzen ikasita zeuden. Inoiz ez zuten lana amaitutzat jotzen bienak bukatu arte. Eta hori, bat miopea eta bestea hipermetropea zenik. Bat barkabera eta bestea gupidagabea. Bat depositua erdira etorritakoan arrimatzen zen surtidorera, bestea pilotu gorria piztutakoan.
Oraintxe aste parea, kafe baterako gonbita jaso zuen mezu bidez. Hamar aldiz irakurri zuen. Ez zegoen kafetarako gonbitak sakelakoan jasotzen ohituta. Biharamunean “Biok bakarrik. Ez du inork jakin behar” irakurri zuenean konortea galtzeko zorian egon zen, baina geratzen zitzaion odol hotz apurra erabiliz galdetu zion nor zen. Telefono zenbakia ezezaguna zitzaiola. Ez zeukala fitxatuta.
Jakiteak ez zuen lasaitu. Lankidearen senarra zen.
Gizon segaila iruditu zitzaion ezagutu zuenean. Ez zen ausartu atzetik begiratzen. Bazekien atzetik ikusita aukeratu zuela lankideak, aurrekoa nolakoa batere axola gabe. Eta damutu ez. Bazekien haren edertasuna ez zela soilik begiz neurtzekoa. Jakin nahi ez zituen beste gauza asko ere bazekizkien, lankideak ezkutatu ezinezko aztoramenduz bizi zuelako oraindik ere (ezkondu eta hamar urtetara) bere zoriona. Berrogeita hamar urteko nerabea ematen zuela gogorarazten zion tarteka. Eta hark barre egiten zuen. Hil arte nerabe nahi zuela. Ez egiteko errietarik, mese.
“Ez daukat astirik. Eskerrik asko”, erantzun zion. “Ezin dut”, hotzegi, “Zertarako?”, zuzenegi, “Beste batean”, itxaropentsuegi eta halako ziento bat -egi baztertu ondoren, erantzun egokia huraxe jota: arrazoia aurrena eta kortesia segidan. Eta kito. Lankidearen bidez ezagutzen zuen senarrari ez zegokion beste erantzunik.
Biharamunean adarra jo zion lankideak begizuloengatik. Senarraren mezuarena esan-ez esan egon zen, txantxa giroan, baina irudipena izan zuen ez zekiela ezer. Jakin izan balu aipatuko zion zerbait seguru, eta argitu ere bai zertarako elkartu nahi zuen. Ez bazekien, malo. Eta mezua zehatza zen. “Ez du inork jakin behar” hark argi esan nahi zuen: ez dut nahi nire emazteak, zure lankideak jakiterik. Ez zitzaion bururatzen zertarako elkartu nahi ote zuen senarrak berarekin, eta nahiago ez pentsatu. Ez zion aukerarik eman eta harro zegoen. Topatuko zuen lankideari hitz erdi bat esateko modua. Momentuz, hobe bere horretan uztea gaizki ulertuen geziz norbait zauritzea baino.
Baina senarra ez zegoen bere horretan uzteko. Eguneko bi mezu jaso zituen ondorengo lauretan. Setati. Egon beharra zeukaten. Garrantzitsua zen. Nahi zuen ordutan. Tokia ere aukeran. Beragatik mugituko zen noranahi eta noiznahi. Kafe bat besterik ez. Edo afari bat nahiago? Ez kalabazarik eman, mesedez. Behar zaitut. Eta abar.
Ez zion beste mezurik erantzun. Ez arrazoi eta ez kortesia. Lankidearenganako leialtasuna arrakalarik gabea zela argi geratzea nahi zuen. Mezuak gorde egin zituen. Zer gerta ere. Zenbat eta gehiagotan irakurri, orduan eta nahastuago sentitzen zen.
Eguneroko kilometroez gain gauak ere lankideari nola esango asmatu ezinik joan zitzaizkion. Mezuak erakusteko aukera aztertu zuen. Senarra ondo ezagutzen bazuen, aterako zuen ondorio zentzuzkoren bat lankideak. Baina, eta ez bazen komeni? Mezu haiek senarrarengan zuen konfiantza sendoa pitzatzen bazuten? Ez zion bere buruari inoiz barkatuko. Hain zegoen gajoa seguru senarrak eta biek zuten hartuemanaz. Eta hain zoriontsu azaltzen zen. Onena, garrantzirik eman gabe, “A, ba al dakizu zure senarrak idatzi zidala lehengo batean?” izango zen. Aitzakia on bat asmatu eta akabo. Ze aitzakia, ordea?
Begizuloak zulo bihurtu zitzaizkionean atsedena agindu zion medikuak.
Lehen bi egunetan kezkatuta deitu zion lankideak. Ondorengoetan ez. Senarrarekin sesioan irudikatu zuen. Sakelako mezuak harrapatuko zizkion. Bi bider traizionatua sentituko zen, bizitzako bere bi zutabe nagusiengandik. Froga zezakeen berak ez ziola senarrari aukera txikirik ere eman. Baina ezin jakin senarrak zer kontatuko zion. Bazekien, gainera, bi bertsio kontrajarriren artean norena sinetsiko zuen lankideak. Ez zeukan zereginik.
Antsietate krisiak jota ingresatu zuten astebetera. Ezinbizi hartara iristeko zentzuzko arrazoirik ez zegoela sinistuta, menopausiari egotzi zizkioten medikuek sintoma guztiak.
Menopausia erietxeko gelan agertu zen arte. Besarkada estua eman zion ohera makurtuta (ez ote zekien ezer artean?). Ertzean eseri zitzaion eta maindireak txukundu (bazekien eta barkatu zion?). Aurpegia laztandu zion (hunkituta ote zegoen leialtasunagatik gaixotzera iritsi zela ulertuta?), eta irribarrez hitz egin zion.
— Oso haserre egon naiz zurekin, badakizu?
Ez da gutxiagotarako.
— Hainbeste kostatzen al zitzaizun nire gizona zoriontsu egitea?
Lasaigarri gehiegi ematen zizkioten erietxean.
— Disgustu ederra dauka gizajoak.
Sukar ametsetatik zetozkion esaldi haiek.
— Behin eskatuko zerbait-eta! Min egin zidan, egia esango dizut.
Eta nori ez? Argitu egin nahi zion ez zuela zertan minik sentitu. Ez ziola senarrari jolasa jarraitu. Ezta txantxetan ere. Adiskidetasuna garrantzitsuegia zela beretzat. Baina ezin zuen hitzik egin.
— Errua nirea da.
Zer esaten ari zen? Errudunen bat izatekotan senarra zen bakarra.
— Beti sinetsarazi izan diot gure artekoa berezia dela. Edozer egingo zenukeela nigatik, eta nik zugatik, jakina. Eta gizajoa saiatu, eta zuk kalabazak.
Haserre zegoen ez zelako senarraren nahietara makurtu?
— Ez kezkatu orain. Hitz egingo dugu osatzen zarenean. Eta nolanahi ere, urtebetetze festa zoragarri atera zen. Zure konplizitaterik gabe, baina zoragarri.
Ezin zuen galdera zentzudunik eraiki.
— Lezio bat izan da niretzat. Arrazoi du nire senarrak: horixe gara gu, lankideak. Distantzia kontua da. Ea lehenbailehen itzultzeko modua izaten duzun. Deskantsatu.
Kopetan muxu eman eta joan egin zen.