Jenisjoplin
Jenisjoplin
2017, nobela
296 orrialde
978-84-17051-02-0
Azaleko argazkia: Lander Garro
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2020, kronika
2019, saiakera
2013, narrazioak
Jenisjoplin
2017, nobela
296 orrialde
978-84-17051-02-0
aurkibidea
 

 

—1—

 

 

Astelehen goiza zen eta Artxandara gindoazen autoz. Azken egunak zituen 2010eko udak.

         — Azkuna alkatea bezala, Bilbo gu gabe nola dagoen ikustera!

         Umorea zuen Irantzuk larritasunean ihesbidea. Autoaren atzealdean bi neskok, aurrean mutilak: Karra txofer eta alboan Luka. Lau gazte genirudien, mendi-buelta egiteko ideiarekin; Lukak prestatutako patata-tortillaren usainak areagotu egiten zuen sentipen hura.

         — Bat ezin dute atxilotu patata-tortilla tupperra orkatilen artean duela, antiestetikoa da —mendiko boten artean zeraman Irantzuk fardela.

         — Saiatu tupperwarea eta atxiloketa esaldi berean sartzen. Saiatu, saiatu! Tipularik jarri al diok?

         — Pixka bat.

         — Seguru gaituk, orduan.

         Musikaren bolumena igotzeko aprobetxatu zuen Karrak.

         — No pasarán! Los venceremos, amor, no pasarán! —Carlos Mejía Godoy kantari koruan jarraitu genion denok—: aunque no estemos juntos, te lo juro: no pasarán!

         Lukaren saioko sintonia zen, egun hartan ohi baino erresonantzia sakonagoak eragiten zizkiguna. Kantuan iritsi ginen Artxandara. Hantxe geunden Libre irratiko kideok, eguzkiak hiriari zangosagarrak berotzen zizkion bitartean. Zain egoteko modu bat da hostoaren dardara irailean.

         Hitz egin beharreko guztiak hitz eginda geneuzkan. Preso eramaten nindutenean Karrak hartuko zituen ostera nire programaren ardura eta irratiaren zuzendaritza, eta Irantzuren ordezkoa ere prest zegoen tertulia politikoa gidatzeko. Asanbladan erabaki genuen ez ezkutatzea eta kazetari-lana egiten jarraitzea.

         Lukak zortea izango zuen akaso, bazitekeen fitxatuta ez egotea. Lauzpabost hilabete zeramatzan gurekin, sarean abian jarri genuen telebistan euskal gatazkaren inguruko informazioa atzerrirako lantzen. Transatlantikoa deitzen genion hibrido poliglota lotsati bat zen. Hirian nora ez eta, etxean hartu nuen apopilo, trukean irratian kolaboratzekotan. Egongelako sofa-ohea eskaini nion, neuretzat hartua baineukan gonbidatuen gela, ama bere azken harreman hondoratutik “sasoi baterako” etxera etorri zitzaidanetik.

         Denbora oso laburrean, inori axola ez zitzaion bazterreko hedabide minoritarioa izatetik “Segiren irratia” izatera igaro ginen Espainiako egunkarietan eta, jauzi bakar batean, etarekin kolaboratzen zuen hedabidea izatera. Entzuleak eta jazarleak ugaritu zitzaizkigun. Karisma handirik gabeko zutabegile batek terrorismoaren goraipamena egiteaz akusatu gintuen. Azken asteetan zelatan geneuzkala sumatzen genuen, Irantzuk eta biok kalez jantzitako polizien jarraipenak jasan genituen. Argiak eta itzalak gauean.

         — Biharko erosi dut autobus-txartela —esan zigun Lukak.

         Madrilen lehengusu bat bisitatu eta Habanara itzultzekoa zen, zain zeuzkan ama eta neska-laguna.

         — Zakurrek dohainik eramaten ez bahaute! —izterrean txaplaka egin zion Karrak.

         Igandezaleentzako mahai batera atera genituen garagardoak eta patata-tortilla.

         Kideei begiratu nien. Irudipena, atxiloketaren hurbilak edertu egiten ote zituen, lehendik ere hala neritzen arren.

         Karra eta Irantzu ohaide izanak nituen, urte luzetan noizbehinka bata eta bolada labur baina intentsu batez bestea; eta sinetsita nengoen horrek ahaidetasun moduko bat ematen zigula. Ez nuen seme-alabarik espero larru-truk; neba-arrebak bilatzen nituen, ahalik eta gehien. Niretzat sexua bazen itun moduko bat, ohetik kanpo ere elkar zaintzen jarraitzekoa. Elkarrekin binan-binan esklusiboki partekaturiko gauetan zubiak jasotzen genituela egiten nuen, nigandik amorante bakoitzarengana eta alderantziz, guk beste inork zapaldu ezinekoak: Salbekoa, Mesedeetakoa, Erriberakoa. Zubi konplizeak. Zubi beti binakakoak. Izatez, endogamiko samarra zen gure erredakzioa.

         — Hire erruz, bistan da —baieztatu ohi zuen Karrak.

         Bera zen anaia nagusia, irratiko lehenengo liberatua, denon artean zaharrena, urtebete atzera aita egin zenetik soldatapeko lanak albora utzita zituena. Aldika baino ez zen azaltzen estudiora. Bilbora aldatu nintzenetik ezagutzen nuen.

         Luka, argazki-kamera hartuta, behatokira aldendu zen. Laster, argazki hura oroitzapen urrun bat izango zen Habanako logela sargori batean.

         Irantzu eta Karra korrika hasi ziren; autoko atea zabaldu berri zaien zakur urduriak ziruditen, norabide guztietan eta batere logikarik gabe lasterka. Zigarro bat biltzeari ekin nion haiei begira. Irantzu, Karraren sorbalden gainean zutik jarrita, haritz zahar batean gora egin nahian ikusi nuen; bi eskuekin adar bati heldu eta besoen indar hutsez igotzea lortu zuen. Karrak, haritzaren gerria besarkatu eta jauzi txiki bat egin zuen, oin-zolak enborraren alde banatara finkatuz lurretik gutxira, eta mugimendu azkar bat entseatuz, goragotik besarkatu zuen haritza, oinekin beste salto bat egin eta, zangoak igel, lurrari beste hogei bat zentimetro irabaziz.

         — Arrivederci! —oihu egin zigun adarretik Irantzuk—. Gu hemen goian geratuko gara bizitzen!

         Errealitatearen erantzuna bailitzan, brau erori zen Karra belartzara. Zapo.

         — Lasai al hago? —galdetu zidan nigana itzulita.

         — Zuek tximuok baino lasaiago —adarra jo nion.

         — Ez ditun indarrezko atxiloketak izango, Nagore.

         — Bazagok bestelakorik?

         Ez zegoen sosegurako arrazoi objektiborik batere; azken boladan atxilo eraman zituztenen ehuneko handi batek salatu zituen torturak; irratian bertan lekukotza lazgarriak jaso genituen birrin-birrin egindako gazteen ahotik. Jipoiak. Bortxaketak. Umiliazioak. Harrigarriki, ez nuen beldurrik. Seguru sentitzen nintzen kideen artean, aitari eskua emanda doan umeak bezain irrazionalki, uste nuen haiekin nengoen bitartean ezin zitzaidala ezer larririk gertatu.

         Ardo-botila zabaldu eta tortilla zatitu zuen Irantzuk.

         — Jan ezan —agindu zidan—, desagertu egingo haiz eta!

         Medikuek luzaz antzeman ezin izan zuten hestegorriko infekzio baten erruz sukarrak jota eta ia mokadurik irentsi gabe igaroa nuen hilabete eta erdi. Lehendik argalduta banengoen, gaixoaldiaren ostean ni halako bi kabitzen ziren galtzetan. Bizkortzen hasi orduko lurrindegian lanean hasteak eta Aste Nagusian txosnetan gaueko txandak bata bestearen atzetik kateatzeak ez zidaten gerri-bueltan mami askorik pilatzen lagundu, ezta sarekadaren itzalak eta filtrazioek ere, seguru asko.

         — Datozela gaur bertan —esan nuen erabat konbentzituta—. Ea tramite hau igaro eta normaltasunera itzultzen garen.

         Atxiki bat egin nion zigarroari. Isilune baten ostean, barrez hasi ziren hirurak.

         Begiratokian taldeko argazkia ateratzea proposatu zuen Lukak, tripodearekin. Airean dantzan zebiltzan hauts-pinportak argitzen zituen eguzkiak. Haurtzaroko oroitzapena zekarkidan, nola saiatzen nintzen trenbidearen ondoko kale desolatuan distira haiek harrapatzen, eta nola ihes egiten zuten nik eskua itxi orduko.

 

 

Lurrindegira iritsi nintzenean zimurren aurkakoak paketatzen aurkitu nuen ama. Kosmetikoak saltzeari ekin berri zion tabernaria zirudien. Zerbitzari-erreflexuekin mugitzen zen dendako salmahaiaren atzean: azkarregi, zakarregi, sofistikaziorik gabe. Musika ozenegi jartzen zuen. Izatez, erantzian-erantzian, konplexuz beteriko baserritar bat zegoen estetizistaz mozorroturiko tabernariaren azpian, simaur-kiratsa estaltzeko azken saiakeran, baldar.

         — Itzuli egingo ditinagu.

         Salmentak ez ziren txar-txarrak, baina ez ziguten zorrak kitatzeko adina ematen. Amaren ezkortasunari egozten nion nik bururik altxa ezina, baina ez nion ezer esaten. Ohituta nengoen soka lepoan bizitzen: patrika bete antzean eta kontu korrontea hutsik izaten duen jende-tipoa ginen, eguna aberats eta urtea pobre igarotzeko programatua, desastre samarra baina fidatzeko modukoa.

         Atseden hartzera bidali nuen. Bostetan tratamendu esfoliatzailea egitera etortzekoa zen bezero bat, eta zazpietarako denda ixteko asmoa nuen. Kalera atera aurretik piztu zuen zigarroa amak. Errieta egin nion.

         — Ospitaletik deitu dute —esan zidan, eskuarekin keari kalerantz bultza egiten zion bitartean—. Hamaiketan pasatzeko probak egitera.

         — Bihar?

         — Gaizki al datorkizu?

         Oso ondo zetorkidan, Lukari Madrilerako autobus-bidaia bezain.

         Aurpegi porotsua zuen tratamendua egitera etorri zen emakumeak. Berria zen. Bezeroa ohatilan etzanarazi eta buztin berde, aloe vera eta argan-oliozko maskara prestatu nuen. “Eguraldia?”, bidali nion Karrari mezua, emakumearen laranja-azalezko aurpegian buztina lehortzen utzita. “Itsasoa bare”, erantzun zidan.

         Hogei minuturen ostean maskara erretiratu nion, eta amak hornitzaileari itzultzeko prestatu zituen zimurren aurkako bi krema-poto saldu nizkion.

         Mezu bat iritsi zitzaidan telefono ezezagun batetik: “Txakurrak”.

         — Datorren astean beste saio bat egitea komeni zaizu —esan nion—. Gero, etxean jarraitu ahal izango duzu.

         Hitzordua apuntatu nuen agendan. Hurrengo egunetako orriak zenbat eta beteago, orduan eta gertagaitzago ziruditen atxiloketek. Eramaten baninduten, amari ondo etorriko zitzaion okupatuta egotea ni itzuli arte. Telefonoz hots egin nion, gaua beste nonbait igaro ote zezakeen galdetzeko.

         — Planak ditut —esan nion.

         Ez nuen poliziek atea eraisten bazuten ama barruan egoterik nahi.

         — Eskegi egin behar dizut, bezeroak dauzkat.

         Zazpi eta erdiak jo zuten denda ixterako. Badaezpada, kontabilitatea eguneratuta utzi nahi izan nuen. Afaritarako erosketa batzuk egin eta etxera joango nintzen.

         Azken orduko bezeroz goraino zegoen supermerkatua. Arrautzak, urdaiazpikoa, ogia, bi ardo-botila eta, prezioagatik zalantza egin ostean, Iratiko gazta hartu nituen. Kutxatik pasatzeko ilara egiten ari nintzela, dendako ate automatikoen bestaldean zelatan neuzkala iruditu zitzaidan. Bi gizon ikusi nituen niri begira. Orgatxoa utzi eta begiratua itzuli nien. “Zer?”, galdetu nien keinuz, burua eta bekainak goratuz. Erosketa ordaindu eta kalera atera nintzenerako desagertu ziren. Hasi zen, beraz, jolasa. Etxera berrehun metro eskas nituen aldapan gora, eta hiru bider utzi behar izan nuen lurrean erosketa-poltsa. Oraindik ez nengoen osasun beteko, segituan jotzen zidan flakiak. Atseden hartzeko gelditu nintzen aldi haietako batean jo nuen begiz kalearen beste aldean: metro eta laurogeita hamarreko zakurtzarra, gaztea, sekreta bat, etxepe bateko atarian. Erosketa garraiatzeko laguntza eskaini behar zidala iruditu zitzaidan. Hark nire txakalaldiari antzeman izanak barrutik irakiten jarri ninduen. Poltsa hartu, zutitu, eta haren aurrean gelditu nintzen. Mandatuen fardelak eszenari gehitzen zion domestikotasun erridikuluaren jabe, tinko begiratu nion. Ez zuen keinua zirkinik mudatu. Egonarriz eutsi nion burlaizezko behako harro hari, eta alde egin nuen.

         Hallean zutik aurkitu nuen Luka.

         — Gainean ditinagu.

         — Bazakiat.

         Sukalderaino jarraitu zidan. Ardo-botilari kortxoa atera eta bi kopatan zerbitzatu nuen. Gazta mozten laguntzeko eskatu nion, kopa hurbildu nion topa egiteko:

         — Tratu bat egingo diagu.

         — Bota.

         — Telefonoak itzaliko ditiagu eta lasai-lasai hustuko ditiagu bi ardo-botilok.

         — Bakarrarekin nahikoa izango dun, gorde ezan bestea okasio bereziren baterako.

         Tabakoa atera nuen. Neska-lagun kubatarraz galdetu nion.

         — Lilian izena din. Lili.

         — Laster izango haiz Habanan.

         — Faltan hartuko ditinat gure telesail-gauak.

         Etxean apopilo eman zituen lau hilabeteetan Mad Men, Breaking Bad eta Carnivale irentsi genituen bata bestearen atzetik. Iluntzeetan elkarrekin laketzen ginen sofan, sozialista izanagatik telesail amerikarrekiko zuen filia erraz kutsatu baitzigun amari eta bioi. Handik aurrera telenobela kubatarrarekin etsi beharko zuen.

         — Hemengo martxara ohituta, aspertu egingo haiz Kuban.

         — Ez pentsa, poliki ibiltzea gustatzen zaidan.

         Kopak bete genituen berriro.

         — Eta hi, zer moduz Igorrekin?

         Ukabilaz bularra kolpatu behar izan nuen ez aurrera ez atzera gelditu zitzaidan ogi-pusketari pasatzen laguntzeko.

         — Igorrekin?

         Donostian bizi zen kolaboratzaile bat zen, analista politikoa, itxura guztien arabera nik uste baino modu agerikoagoan erakartzen ninduena.

         — Tamalez, monogamo zurruna duk —trago egin nion ardoari—... oraingoz.

         Banekien denbora-kontua zela, baina luze iritzita nengoen. Asteak generamatzan Bilboko edo Donostiako tabernetan bilera zentzugabeak hitzartzen hurrengo kolaborazioetako gaiak eta ildo politikoa adosteko aitzakian. Bikoteduna bera zenez, lehen urratsa ematea berari zegokiola uste nuen, nahiz eta ez nengoen itxarotera ohituta. Tentsio sexuala eta tankerako gerra guztiak berehala ebatzi ezean, duintasuna galtzen nuen pixkanaka. Trebeagoa nintzen gudu-zelaian bizirauten eta suaren edozein albo-ondorio onartzen, tregoaren ziurgabetasuna kudeatzen baino. Igorrek, aldiz, estoikoki zeraman itxaronaldia.

         — Arte bat dun zain egotea —kopa altxatu zuen Lukak—, beste plazer modu bat.

         — Gerta dadila gertatu behar duena; baina gerta dadila oraintxe —esan nion, atxiloketaz edo Igorrekiko enkontruaz ari ote nintzen zalantzan utziz.

         Biek ala biek antzeko gorputzaldia sortzen zidaten. Uda hasieran Zarautzen egin genuen kolaboratzaileen bazkariaren ondoren, beste guztiak etxeratutakoan, gauez itsasoan erdi biluzik bainua hartzen amaitu nuen Igorrekin, toallarik ez eta gau epelean etzan ginen lehortzera. Ez genuen elkar ukitu eta ez genuen hitzik egin. Ezpainetan eta hatzetan eutsi genion irrikari, bi orduz egon ginen elkarri begira, zigarroak erretzen, soka hura noraino tenka zitekeen entseatzen.

         Kafea egin nuen afalostean, ardoarekin erdi mozolotuta baikeunden.

         — Dutxa hartu behar diat —esan nion Lukari.

         Ilea garbitu eta kale-jantziz atondu nintzen. Tartetxoa pasatu nuen arropa hautatzen. Gauerdia zen ordurako. Sofa-ohean etzaten ikusi nuen Luka, bakeroak eta kirol-jertsea soinean. Ez zen ohartu begira ari nintzaiola. Belaunek dar-dar egiten zioten.

         — Nahi al duk nirekin lo egin?

         Eskutik heldu eta amaren ohera eraman nuen. Oinetakoak prest utzi genituen atearen aldamenean. Ez zen eroso gertatzen kale-jantziz oheratzea, gogaikarria zen izaren marruskadura galtza bakeroen kontra, baina etzan eta tira egin genien tapakiei. Eskua eman zidan.

         — Ez da ezer gertatuko.

         Bere buruari ari zitzaion. Besarkatu egin nuen, eta bizkarra laztandu nion jertsearen gainetik. Kitzikatu egiten ninduen gizonezkoen beldurrak.

         Pixkanaka biluzi ginen, goitik behera larrubizirik amaitu genuen izarapean, atxiloketa-momenturako hautaturiko galtzak eta kamisetak, galtzerdiak eta kuleroak lurrean sakabanatuta. Ez dakit zein momentutan hartu gintuen loak, baina esnatu ginenerako egun argi zen.

         Iratzarri egin nuen.

         — Ez dituk etorri!

         Norbaiti kontu hartzeko gogoa sentitu nuen. Adarra jo ziguten. Zorutik nire arropak berreskuratu eta presaka jantzi nintzen. Atzetik etorri zitzaidan Luka.

         — Kafea egingo dut?

         Ez nion erantzun, telefonora mezu mordoa sartzen ari zitzaidan.

         — Karra eraman ditek.

         Leihoa zabaldu nuen, etxepean ez zen txakurrik. Operazioa lau ordu lehenago izan zen, Luka eta biok lo geunden bitartean.

         Kaleak ohiko martxa zuen. Atso bat sartu zen pareko atarian, egunkaria eta ogi-barra besapean.

 

 

Goiz absurdo bat zen, heriotza baten edo maitemintze baten biharamunaren antzekoa. Norbera hain zirraratua eta zeru-lurrak hain arrunt, dardarari sorgor, errealitate propioarekin diskordantzia erabatekoan, itsuski talka eginez, egitate batek bestea —egunsentiak heriotza eta heriotzak egunsentia— ukatu nahi balu bezala.

         — Gertu izan ditinagu —esan zuen Lukak.

         Aske ginen eta amorruak giharrak tenkatzen zizkidan. Atxilotua izateko prestatu nintzen, indarrak neurtzeko. Alferrik xahuturiko adrenalinaren beheraldia laido bat zen. Inola ere ez zegokidan pribilegio baten jabe sentitu nintzen. Itzuli zen, ostera, ume-garaitik jarraitzen zidan inpunitatearen lasta: nire ingurukoak zigortzen zituzten bitartean, nik ahal nuen bezala kudeatu behar nuen zigorgabetasunaren pribilegioa.

         “Joango al gara arropak begiratzera?”, idatzi nion Irantzuri.

         Hamarretan elkartu ginen Zarako atean. Musu eman nion, barrura egin genuen. Alkandora loratu batzuen ondoan gelditu ginen.

         — Karra bakarrik eraman diten —airean eutsi zion pertxa bati—, atxiloketa liskarrik gabea izan dun.

         — Irratia?

         — Miatu egin diten. Hankaz gora zagon.

         Jaken sailera jo genuen.

         — Han izan haiz?

         — Auzokoekin hitz egin dinat.

         — Ordenagailuak?

         — Eraman egin ditizten.

         — Denak?

         — Baietz uste dinat.

         Oinetakoak begiratu genituen.

         — Prentsaurrekoa eman beharko dinagu —esan nion.

         — Heu arduratuko haiz testuaz?

         — Konforme.

         Hamar eta erdiak ziren.

         — Joan egin behar dinat —esan nion.

         — Nora?

         — Medikuarengana.

         Eskailera mekanikoetan gora joan zen Irantzu. Ni inoren arretarik piztu gabe igaro nintzen alarma-detektatzailearen paretik, segurtasun-agenteak ez zidan begiratu ere egin. Autobusa hartu ahal izateaz errudun sentituz igo nintzen ospitalera, Osakidetzarekin zordun, goiza nolabait betetzeko ordezko tramite bat eskaini zidalako. Ez nekien zer proba egin behar zizkidaten zehazki, ezta inporta ere, ordu batzuetan burua engainatzeko balio bazidaten. Apur bat pausatuz gero, azken gertakizunak euren kasa ordenatuko zirelakoan nengoen. Une hartan ez ninduen osasunak arduratzen, banuen lehenagoko kezkarik.

         Lukaren mezua jaso nuen: “Madrilera bidean”. Bezperan erantzi nizkion arropak soinean imajinatu nuen. Bueltan igorri nion: “Medikutara, goiz-pasa”.

         Marranta, eztul eta neke kolektibo bat zen autobusa. Izerdi usaina zerion jende-saldoari. Haiengandik aparte sentitzen nintzen, gazte, garbi, osasuntsu.

         Urrun nekusan abuztu hurbila. Hogei egun sukartsu izan ziren, egun bakar, oso luze baten gisan oroitzen nituenak. Amarekin gelditu nintzen oporrik gabekoen hirian. Hura ere makalik zegoen, eroriko baten erruz lepauztaia hautsita, elkar zaindu nahi eta ezinean genbiltzan.

         Hasierako gorputzaldi txarrak eta eztarriko minak sukar eldarniotsu bilakatuz joan zitzaizkidan egunez egun, eta biriketako oinazeaz kexuka hasi nintzenean anbulatoriora joan behar genuela erabaki zuen amak. Nik ez neukan kontra egiteko kemenik. Hark gidabaimenik ez, nik ohetik altxa ezin, anbulantzia bati deitu zion azkenean. “Nor artatu behar dugu?”, galdetu zuen erizainak, ama, esku bakarrarekin, nola hala, pijamaren gainetik kaleko arropak janzten laguntzen ari zitzaidan bitartean.

         Hiru aldiz egin genuen anbulatoriorako jira, eta, zenbait probaren ostean etxera bidali gintuzten hiru aldietan, ama hebaindua eta pasa-pasa egindako alaba, la extraña pareja. Aitak etorri behar izan zuen —berandu baina presaka— ni Gurutzetara eraman eta, hango mediku bati mehatxu eginda, aurrez txandarik hartu gabe, hark bakearen izenean, halako batean, ahoa zabalarazi eta kandidak nituela esateko. Hamabost egunean eztarritik hestegorriraino hedatu zitzaizkidan onddoak, infekzioak eragiten zidan biriketako mina zela uste nuena. Tamainako infekzioa nolatan sortu zitzaidan egiaztatzeko, proba gehiago egin nahi zizkidaten.

         Jendez betetzen ari zen autobusa.

         Atxiloketa eta Libreren behin-behineko itxiera salatzeko prentsaurrekoa prestatu behar genuen. Medikutatik irtendakoan idatziko nuen testuaren lehen zirriborroa.

         Mediku-papera sarrerako mostradorean aurkeztu, eta gaixotasun infekziosoetako unitatera bidali ninduten. Odola atera behar zidala azaldu zidan erizain batek.

         — Zorabiatu egiten zara?

         — Autoan bakarrik.

         — Zain onak dituzu. Bi ordu barru etorri behar duzu emaitzen bila.

         Ospitaletik atera eta gaixo-usainik gabeko taberna bat aurkitzen saiatu nintzen. Irlandar estiloko bat topatu nuen handik gertu. Ohituta nengoen testuak taxutzen, hitzak ia nahi gabe zetozkidan, burutik bainoago eskutik, automatikoki. Zigarro bat piztu nuen. Udako hondar-eguzkiak bizkarra berotu zidan larruzko txuparen gainetik, halako ongizate-sentsazio hedakor batek hartu ninduen, haizea alde izatearen sentipenak. Plazer une hark eragindako erruduntasuna uxatu nahian, arnasa hartu nuen sakon. Amaitu zen atxiloketaren zain egotea, akabo zen larritasun estali hura; itxura guztien arabera, Karra laster askatuko zuten: ez zuten deus ere haren kontra. Bizpahiru egun, eta kito izango zen dena. “Ari naun erreklamazio-testuarekin”, bidali nion Irantzuri.

         Kalean behera zetorren mutil batek irribarre lotsatia egin zidan; kaier batean idazten ari zen neskaren irudiak xarmatuta, antza. Erromantiko bat, pentsatu nuen, eta irria itzuli nion. Pozik nengoen. Azken batean, larrua jo osteko astearte goiz bat zen.

         Esandako ordurako hurbildu nintzen ospitalera. Ez zegoen beste inor itxarongelan. Medikua behar zuen sartzeko keinua egin zidan gizon bizardunak. Paperen artean zokomiran hasi zen, niri bizkarra emanda. Analitiken emaitzak atera zituen mahai gainera.

         — Nagore Vargas.

         — Bai.

         — Adina?

         — 28.

         Zerbaiten bila ari balitz bezala begiratu zidan.

         — Zer?

         — Positibo eman duzu.

         Zain gelditu nintzen.

         — Ez dizute ezer azaldu?

         Ez nekien zertaz ari zitzaidan.

         — gibaren proba egin dizugu.

         — Zer?

         — gibaren proba egin dizugu eta positibo eman duzu.

         — Adarra jotzen ari zara.

         — Ez dut gai hauekin txantxarik egiten.

         Modu ordenatuan oroitzen dudan azken esaldia da. Desegin beharrean alderantzizkoa gertatu zitzaidan, kontzentratu egin nintzen, nire baitako puntu zehatz batera bildu, eta adimenaren antzaldatze moduko bat jabetu zen nitaz: xehetasun guztiak arretaz erregistratzeari ekin nion. Bizarra urdintzen hasia zeukan hegaletan, barailezurraren parean, eta ile beltz eta zurien artean gorrixkak tartekatzen zitzaizkion. Sudur kakotuaren gainean urre-koloreko betaurreko txikiak zeramatzan. Orein-begiak, kaio-bekainak. Zimur oraindik diskretuak betertzetan. Kokospean, aurpegi argalarekin kontraesanean zirudien papoa. Arnasak poliki hanpatzen zion bata almidoiztatua. Hark ohartarazi zidan epaile baten aurrean ez, mediku baten aurrean nengoela. Lurrinaren usaina ezagutu nion: Bleu, Chanel.

         — Gaur egun... gauzak asko aldatu dira; ez kezkatu, ondo egongo zara.

         Kontzentrazioa galdu nuen. Medikuaren aurpegia eta usaina galdu nituen. Nire inguruko koloreek eta formek ez zuten jada errealitate bat osatzen. Hiesa entzun nuen. Izeba. Adiós lucerito mío. Horma papereztatuak, lore okreen segida, sintasola. Zopa-usaina. Amama Rosa. Umetako euria asfalto gainean lehertzen. Ibaia handi, lodi, zikin. Aldiriko trena. Aita. Ama. Angel. Margo eta lerro galduek medikuaren soslaia osatu zuten ostera.

         — Baina seropositiboa naiz ala hiesa daukat?

         — Gaixorik etorri zara.

         — Ni ondo nago.

         — Hiesa duzu. Kandida-infekzioa horrexek eragina zen.

         Horman haurrek egindako marrazkiak zeuden itsatsita.

         — Ezin liteke nik hiesa izatea!

         Pixka bat lasaitu nintzen arte itxaron zuen. Aulkian hondoratu nintzen.

         — Ez zara hilko.

         — Denok hilko gara.

         — Hiesa gaixotasun kroniko bihurtzea lortu dugu. Hori bai: gaixotasun kroniko kutsakor batek dakartzan konplikazio guztiekin. Kutsakorrak zaretela onartzea gogorra egiten zaizue.

         Poltsa jaso eta alde egiteko jaiki nintzen.

         — Aholku bat emango nizuke: eraman ezazu diskrezioz.

         Bostekoa luzatu zidan.

         — Etorri berriro bihar hamaiketan, beste proba batzuk egingo dizkizut.

 

 

Nire izeba Karmen Vargas hiesak jota hil zen 1987ko maiatzean. Hogei urte zituen. Zazpi urte lehenago, 1980ko goiz batean, Rosa Morenok, nire amamak, xiringa bat aurkitu zuen etxeko aterki-ontzian. Garbiketa egiten ari zen, guardasol koadrodunaren hagaxken artean trepeta hura ikusi zuenean. Eskuetan hartu eta begiratu egin zion, xiringa bat aterki-ontzira nola iritsi zen asmatu ezinda. Sukaldeko mahaiaren gainean utzi zuen, frutaontziaren aldamenean, nire aita, Rafa Vargas, lanetik itzuli zen arte. Semearen ahotik entzun zuen lehen aldiz hitz hura: heroina.

         Eskolako porlanezko futbol-zelaiko ate zuri-gorriaren atzean hasi zen Karmen zainak ziztatzen, jolas-ordu galdu batean, amamak oraindik trapuzko panpinak josten zizkion garaian, hamaika urterekin.

         Panpinekin jolasten zuen neskatila garrasika eta ate-danbadaka komunikatzen hasi zen. Ahotik lerdea zeriola hitz egiten zien gurasoei, amama beldur zen egunen batean hozka egingo ote zion.

         Aitita-amamek ez zuten gainera zetorkienaren susmo-zipitzik. Jonkiak zer ziren arrastorik ez zuten. Nire aitak xiringa haren funtzioa azaldu zionean “nik ekarriko diat hori bide onera”, esan zuen amamak. Baina haren ezjakintasuna gorabehera, Karmen kale-zuloren batean zegoen etzanda, sorbalda lagunen baten sorbaldaren kontra, otserri galduren batean.

         80a zen, Karmenek bazeramatzan bi urte drogari lapatuta. Nire aita izan zen aieru gaiztoak hartzen aurrena: arreba jende zaharragoarekin ikusten zuen kalean, elkarrekin zerikusi gutxi izan zezakeen jendearekin, ez bazen hurrengo txutearen kezka. Ez zien gurasoei ezer esan, ordea. Heroinak ez zuen oraindik kutsu derrotistarik; geroago lotuko zitzaion galtzaileari, bazterrekoari, heriotzari. Artean dama zuria deitzen zioten eta Lou Reeden, Janis Joplinen eta Jimmy Hendrixen ahotsa zuen, maitatzeko eta sexualki harremantzeko era berriak zekartzan, bakezaletasun-aireak, sistemaren eta burgesiaren aurkako aldarriak. Amerikako Estatu Batuetako parkeak, adats luzeak, loreak, musika; Londresko mugimendu kontrakulturala.

         Amamak sentipena izan omen zuen tarte batean Karmeni begiratzea ahaztu zitzaiola, eta erreparatu zion hurrengo aldian beste bat zela, bridatu ezineko basapiztia bat. Soa goibeldu eta ukigarria zen guztitik urrundu zitzaion.

         Lehen lapurretak etxean egin zituen: erloju bat, belarritako batzuk, pitxar bat... Ez zuten baliozko gauza handirik, soberan baino gehiago zeukaten faltan. Karmenek saldu egiten zituen heroina erosteko. Erraz engainatzen zuen ama, ez zuela berriro egingo agintzen zion, belauniko jartzen zen. Barkamena eskatzen zuen, hurrengo aldira arte. Denbora aurrera, gezurrak esateari utzi, eta aitorpen gordinetara igaro zen. Amamarentzat eraman errazagoak ziren gezurrak.

         Heroinaren mundura esnatzea jipoi galanta izan zen harentzat. Alabak esaten zion makina batek funtzionatzeko erregaia behar duen bezala behar zuela berak heroina. Ezin zela ohetik jaiki txuterik izan ezean. Xiringarekin gosaltzen, bazkaltzen, afaltzen eta oheratzen amaitu zuen.

         Zigorrak, giltzapetzeak, mehatxuak, maitasun-aitorpenak, erreguak amaitu zitzaizkionean, amama izebari zaldia erosteko dirua ematen hasi zen. Bazekien sosik ematen ez bazion etxetik kanpo hasiko zela lapurretan, Maritxuren farmazian, Joseren estankoan, eskura zuen edozein poltsatan. Poliziarekin arazoak izango zituen eta droga pasatzen ziotenek jipoitu egingo zuten garaiz ez ordaintzeagatik. Amore eman zuen, beste ezeren gainetik, ezin zuelako Karmenen mina jasan. Hutsmina, heroinak ez beste ezerk bete ezin zezakeena.

         Alferrikakoak izan ziren amamaren ahaleginak. Polizia behin baino gehiagotan etorri zen Karmenen bila hura ohean abstinentziak jota intzirika zetzala. Lapurretak leporatzen zizkioten, jabetzaren kontrako kalteak. Hamabost urte gorriko, amamak ume bat ikusten zuen oinazetan; poliziek, jonki bazter-nahasle bat. Alaba biharamunean bertan komisariara eramango ziela agintzen zien, goizeko bederatzietarako entregatuko ziela, baina, arren, ez eramateko horrela.

         Hiru hilabetean Madrilgo erreformatorio batean giltzapetu zuten Karmen, eta, adin nagusiko bilakatzean, bi aldiz sartu zuten kartzelan. Baina indarrak ahitu zitzaizkion lapurretarako ere. Ozta-ozta altxatzen zen dosiaren bila joateko. Gero eta denbora gehiago igarotzen zuen etxean, ohean, mantapean. Altzoan hartzeko erregutzen zion amari. Eta hark altzoan hartzen zuen, kantatu egiten zion, oinak laztantzen zizkion.

         — Hain zen gaztea heroinari lapatu zitzaionean, jonki zela hamar zentimetrotik gora hazi baitzen... —esaten zuen amamak.

         Amama Rosa izeba Karmeni heroina injektatzen laguntzera iritsi zen. Besoak egunero ziztatu beharraz, gero eta zailago zitzaion zainak aurkitzea; ziztatzeko erabili izan zituen gorputz atal guztiak blokeatuta zituen, pultsuak dar-dar egiten zion. Alabak azaldu zion droga nola urtu, nola xurgatu xiringan airerik sar ez zedin, nola garbitu orratza, nola sartu zainera. Erizain-arimaz artatzen zuen amamak.

         Etxean behea jo zuten. Aititak Karmen etxetik botatzeko eskatzen zion amamari, amamak alabarekin batera joango zela egiten zion mehatxu.

         Amamak pertsianak beheratu zituen, eta hiru hilabetean ez zion inori aterik ireki, ez telefonorik hartu. Infernu harekin alabak eta biek batera amaitzea zen gogoa baretzen zion pentsamendu bakarra. Azken dosia hartzetik hamabi ordu baino gehiago igarotzen baziren, izerditan eta oka hasten zen izeba, begi-niniak irisa erabat belzteraino zabaltzen zitzaizkion, hotzikara zakarrak izaten zituen, konbultsioak, kalanbreak beso-zangoetan, takikardiak. Beste denak lo zeuden bitartean, butanoa ireki zuen amamak gau batzuetan, eta ohean sartu, hotzez dardarka eta aieneka ari zen alabaren ondora. Gogor besarkatzen zuen izeba Karmen, baina amaren gorputzak ez zuen jada alaba baretzeko balio. Alabaren haragiak min egiten zion amarenari. Beranduegi zen. Karmeni gorputzak heroina eskatzen zion; ordurako ezinezkoa zen samurtasunak haur haren azala zeharkatzea. Minutu gutxi batzuk igaro orduko, damututa, ohetik jaiki, sukaldera joan, aire pozoituaren azken ahokada arnastu, butanoa eta begiak itxi, eta balkoiko atea irekitzen zuen.

 

 

1979an iritsi zen herrira nire ama, Arantzazu Alkorta. Jatorriz, Goierriko zoko galdu batekoa da, Bernarats izeneko baserrian familia pobre batera deskuiduan munduratua. Hamaika senidetan gazteena, bere amaren sabelean beranduegi sortua. Jaio zenerako, haren gurasoak zaharrak ziren. Aita ez zen ohetik altxatzen zangoek kito esan ziotenetik eta amak nahikoa bazuen baserria gobernatzen. Anai-arreba nagusiak gelditzen ziren haur txikiaren zaintzan. Lan gogorrak eginarazten zizkioten, oraindik bistan dauzka hurritz-makilaren laztanak bernetan. Menpeko eta esaneko izaten ikasi zuen, barnekorik ezer ez adierazten.

         Egunkarian herri hartako Zirimiri tabernan zerbitzaria behar zutela irakurri zuenean baserritik alde egin zuen parean tokatu zitzaion lehen autobusean, eta ez zen gehiago itzuli. Herri industrialaren herdoila, kolore grisa, koipe eta zoko-kiratsa, fabriketako zarata, sirenak, mingain erdaldunen kalaka, elkarren gainean pilaturiko etxebizitza-ilarek osaturiko paisaia itoa... arnasa berria izan ziren landa-girotik ihes egindako emakume gaztearentzat.

         Zirimiri tabernan ezagutu zuen aita. “El sindicalista” deitzen zioten. Tornularia zen bailarako tailerrik handienean, eta langile-komiteetan afiliatua zegoen. Kartsuki hitz egingo zuen greba orokorrei, itxialdiei, bilerei eta asanbladei buruz, baxoerdiak edaten eta zigarroak erretzen zituen bitartean. Ama xarmatu egingo zuen proletalgoa, langile-klasea eta gisako hitzak ahoratzen zituen mutil beltzaran txima-luze hark, menpekoaren keinu idealizazioz beratuarekin begiratuko zion pluralean eta iraultzaren doinu mailukarian hitz egiten zuenean.

         Bikote polita osatu zuten: biak garaiak eta beltzaranak, barregarriki gazteak, begi-bistako orbanik gabeak, ederrak. Ama serioa eta argala, aita irribarretsua eta axolagabea. 1980an ezkondu zirenean, ez zuten txakur txikirik patrikan, izeba Karmenek ezteietarako gordetako 50.000 pezetak ostu baitzizkien ospakizuna baino hilabete lehenago, eta aita berriki tailerretik kaleratu baitzuten protesta batzuetan nahastuta egoteagatik. Ezkontza-argazkian irribarrez ageri dira denak: aita eta ama erdian; amama Rosa eta aitita Manuel amaren ondoan; Karmen nebari besotik helduta. Sosik gabe, aitita-amamen etxera erretiratu ziren, Lasalde auzoko 21.era.

         Nire ama haurdun gelditu eta gutxira ekin zion Karmenek desintoxikazio-prozesuari. Jabetzaren aurkako delitu bategatik atxilotu zuten. Auzo herriko bitxidenda batean lapurreta egiteagatik hiru hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Dendan bertan atzeman zuen Poliziak, txupa barruan ahaztu eta bila itzuli zenean. Martutenen giltzapetu zuten. Amama bisitan joan zitzaionean bere onetik irtenda aurkitu zuen, kale-zakur bat bezain ihar, dardarti eta izu. Barruan heroina gehiago kontsumitzen zuen, txarragoa eta garestiagoa.

         — Oso nekatuta nago —esan zion.

         Norabait eraman zezala erregutu zion. Baina aitita-amamek ez zeukaten desintoxikazio-zentroa ordaintzeko dirurik, laurogei mila pezeta ziren hilean, eta lehendik ere zorretan bizi ziren. Amamaren anai-arrebek Granadan zituzten lursail idor batzuk saldu behar izan zituzten El Patriarcako tratamendua ordaindu ahal izateko.

         Valentziako Cortijo de Santa Elenara eraman zuten. Handik idatzi zizkion amamari lehen gutunak. Gorputz guztian mina zuela esaten zion, sarri egiten zuela oka.

         “86 lagun gaude. Ez dugu besterik egiten: jan eta behar egin. Goizeko seietan ateratzen gaituzte ohetik eta segituan jartzen gaituzte lanean: lurra aitzurtzen, eskorgak garraiatzen, adreiluak deskargatzen eraikitzen ari garen dutxa-gela baterako. Etxea nahiko utzia dago eta konponketa asko behar ditu. Lanik egin ezin dutenak, abstinentziak jota oso gaizki daudelako, “maratoia” egitera eramaten dituzte: harriz beteriko motxilak jantzi, eta ibilarazi egiten diete akituta lurrera erori arte. Arduradunak gure moduko pertsonak dira, jonkiak, baina jada droga utzia dutenak. Dirua gobernatzen dute, tabakoa kentzen digute, egunean bost zigarro bakarrik ematen dizkigute. Ez zait hau gustatzen”.

         Izeba Karmen Cortijo de Santa Elenan zegoela jaio nintzen ni, 1982ko martxoaren 15ean. Nitaz galde egiten zuen gutunetan. Argazkiak bidaltzeko eskatzen zion amamari. Nire pisuaz kezkatzen zen, hotzeririk harrapatu ote nuen eta apetitu onekoa nintzen jakin nahi izaten zuen, hortzik atera zitzaidan. Urte eta erdian egon zen Cortijo de Santa Elenako komunitatean eta, osasunez indartu bakarrik ez, heroina uztea ere lortu zuen.

         1984ko abuztuan itzuli zen, osatuta, itxura batean behintzat. Eder zegoen, distiratsu, polit eta irribera. Bi urte nituen nik.

         Etxera sartu eta berehala besoetan hartu ninduen. Nirekiko atxikimendu berezia izan zuen hasieratik eta, nire gurasoak tabernan lanean aritzen zirenez, Karmenek bere burua eskaini zuen ni zaintzeko. Bera arduratzen zen ni elikatzeaz, lokartzeaz eta egurasteaz. Paseatzera ateratzen ninduen. Ezagunek ongietorria emateko gelditzen zuten kalean, niri buruzko komentario atseginak egiten zizkioten. Bere antza nuela esaten zioten.

         Bizimodu arrunta egiten zuela dio amamak, lasaia, bizitzea beste helbururik gabea. Ez zuen urrutira joan nahi izaten, ez zuen ezer berezirik egin nahi izaten. Bizi baino ez. Jan, paseatu, lo egin... Pertsonekiko eta naturarekiko maitasun biziberritua zuen, batere eskakizunik eta destainarik gabea: uda udazken bihurtzen den momentuaz ohartzen saiatzea, euriari azala bustitzen uztea, beste gorputzen epela sentitzea, gurasoen urratsak hurbil aditzea, aurpegia ume baten masail bigunen kontra estutzea, arnasa hartzea... Ez zion bizitzari apartekorik eskatzen.

         Amamaren etxean betikotuta gelditu ziren garai hartan elkarrekin atera zizkiguten erretratuak. Bazen bat 1985eko elurtean auzoan eginikoa: izeba elurretan etzanda aingeruarena egiten. Uda-sasoiko argazki batean trenbidearen ondoan ageri ginen biok kamerari mingaina ateratzen, hiru bat urterekin ni eta hemeretzirekin izeba.

         Erretratu haiek egin eta ez askora pisua galtzen hasi zen. Masailak zurbildu eta mamiz hustu zitzaizkion. Begizuloak sakondu. Hurrengo neguan zangoek huts egin zioten. Halako batean gonbitoka bota zuen bazkaritako lehen mokadua... Afaritan gauza bera gertatu zitzaion.

         — Ezin dut ezer irentsi —esan zion amamari.

         Familia-medikuarengana joan ziren, eta bitamina batzuk errezetatu zizkion. Okerrera egiten zuela ikusita, Donostiako Erresidentziara bideratu zuten. Hango medikuek ez zuten zalantzarik egin diagnostikoan: hiesa.

         Hil egingo zela esan zioten, eta ez omen zuen negarrik egin. Eskualdeko hemezortzi urteko neskatila bat hiesaz hil berria zen. Herriko hiru mutil eramanak zituen zomorroak. Barkatzeko eskatu zion amamari.

         Gaixoaldian, ahal izan zuen heinean, nitaz arduratzen jarraitu zuen. Antirretrobiralen tratamenduak pasa-pasa eginda uzten zuen, hainbesteraino, hiesak edo medikazioak, lehenago zerk eramango ote zuen zalantza egin baitzuten etxean. Botikak hartu eta gero ozta-ozta izaten zen ibiltzeko gauza. Besoetan eraman behar izaten zuten komunera.

         Nire ama gaitzitu egin zen Karmenekin denbora gehiegi pasatzen nuelako. Izututa zegoen izebarenganako erakusten nuen gehiegizko atxikimenduagatik. Herrian nahasmen handia zegoen hiesaren transmisio-bideen inguruan, zurrumurru asko aditzen ziren: arriskutsua zela gaixoarekin igerileku berean bainatzea, edalontzi beretik edatea, zapatila berak janztea... Amak gogor kritikatzen zituen kaleko txutxu-mutxuak; jendeak errazegi hitz egiten zuela esaten zuen, baina ez zekien, bere alabaren kasuan, zentzuzko distantzia zein zen. Karmenek ni laztantzea, musukatzea, gela itxi hartan egunez egun aire bera arnastea... gehiegizkoa egiten zitzaion. Aitarekin behin baino gehiagotan liskartu zen horregatik. Amamarekin ere izan zuen tirabiraren bat. Amamak bazekien egoera berean zeuden beste ama batzuek prebentzio-neurri zorrotzagoak hartzen zituztela, gaixoaren mahai-tresnak eta baxera apartatzea edo haren arropak bereizita eta lixibarekin garbitzea bezalakoak; jakin bazekien ahalik eta gutxien hurbiltzen zirela haiengana, baina uko egin zion alaba izurriak jotakotzat tratatzeari.

         Aitita Manuel izeba Karmenen gelako ohe txikira aldatu zen izebak amamarekin lo egin zezan. Ama-alabek, 1987ko urtearen hasieran, lau hilabetez egin zuten elkarrekin lo ohe berean. Izebak hotz ikaragarria izaten zuen, amamak mantak eta berogailu elektrikoa jartzen zizkion arren. Amamarekin eta nirekin bakarrik egon nahi izaten zuen ia denbora guztian. Aitita etxean sentitzeak lasaitu egiten zuen, baina ez zen hari deitzera ausartzen. Manuel ere ez, alabarengana gerturatzera. Ohean berarekin sartzeko erregutzen zigun amamari eta bioi, etengabe uki genezan behar zuen. Besoekin ingura nezala eskatzen zidala gogoratzen dut.

         Azken hilabeteetan denbora asko igaro nuen izebarekin. Musika jarri eta sevillanak imitatzen nituen, barre eragiten nion. Izeba eta aitita nik adiskidetu nituela dio amamak. Arratsalde batean, aititari dei egin omen nion Karmenen ohetik. Bere abestietako bat kantatzeko eskatu nion, nik dantza egin ahal izateko. Alkondaratik tiraka sarrarazi omen nuen logelara. Sukaldetik arrastaka aulki bat ekarri eta ohearen aurrean muntatu nion oholtza flamenkoa. Aitita Manuelek, zalantza une baten ostean, txalo batzuk jo zituen, eztarria garbitu, eta kantuan hasi zen. Ordurako hondatuta zegoen Karmen. Adiós lucerito mío abestu zuen, nik etengabe bueltak ematen nituen bitartean, besoak gora jasota eta zapatekin lurrean kinki-kanka joz.

         Amamak eta izebak ez zuten inoiz heriotzaz hitz egin. Hil-hurren, Arantzazuko Ospitalean sartu zuten. Osasun-langileek festa txiki bat antolatu zioten urtebetetze-eguna ospatzeko: 1987ko maiatzaren 5a zen, hogei urte bete zituen. Opariak eta tartak eraman genizkion, irribarrea eragin genion. Ordurako, ordea, kandelak itzaltzeko kemenik ez zuen. Izutu egin nintzen. Festa hartan ikusi nuen azkenekoz izeba. Ohi baino gutxiago hurbildu omen nintzen harengana, izebak ni erakartzeko ahalegin guztiak egin bazituen ere.

         — Goazen hemendik —eskatu nion amari.

         Karmen lau egunen buruan hil zen, astelehen arratsaldez, aititari eta amamari eskutik helduta.

 

 

—Jenisjoplin, esnatu.

         Orduak neramatzan ohean, egunak akaso. Saretak igo eta leihoa zabaldu zuen aitak. Zoko usaina zegoen gelan. Kanpoan, iluna.

         — Laster argituko din. Jaiki hadi.

         — Baina... Nola etorri zara?

         — Bost orduan sartu gaitun Coruñatik Bilbora. Hiru radarrek harrapatu naiten, gutxienez.

         — Zurekin ekarri al duzu Josune?

         — Lo zagon autoan, bidaia luzeek txikituta uzten diten.

         — Zer esan diozu?

         — Zer esan behar nion? Lehenengo aldia zunan elkarrekin hotel batean mantenu osoan geundela. Afaltzeko buffet librera sartzera gindoazenean maletak hartu eta martxa egin behar izan dinagu.

         — Joder, aita.

         — Nire neska-laguna dun.

         — Ez dugu apenas harremanik. Ez daki nor naizen.

         — Egiazalea izan naun beti.

         — Sintzerizida bat.

         — Heuk nahi dunana, baina hoa dutxara.

         Diagnostikatu nindutenetik nire gorputza biluzik ikusten nuen aurreneko aldia zen. Mujer alunarada, mujer afortunada esaten zidan amamak umetan.

         Txabusinan bildurik eta burua bustita atera nintzen egongelara. Besaulkian eserita zegoen aita, Ducadosa ketan. Ilea atzerantz orrazteko keinua egin zuen eskuaz.

         — Bitxoa daukan.

         — Hori diote.

         — Beraz, oraindik bizi dun putakume hori.

         — Non dago ama?

         — Sukaldean.

         — Nola dago?

         — Pasa-pasa eginda, disgustuka akabatuko dinagu. Atzo ospitaletik bueltan dendara sartu hintzenean mundua erori zitzaionan. Dena zekinan hik esan aurretik. Lepoa jarriko niken zerbait susmatzen zuela.

         Zigarroaren kearekin irudi bat egin zuen airean, ezeren antzik ez zeukana, ez bazen absentziarena.

         — Gogoratzen izebaren komunioko argazkiaz?

         Gogoratzen nuen, amamaren etxeko hallean zegoen. “Bai ondo ematen dizula abituak!”, esaten zidaten lagunek bisitan etorrita, ondotxo zekiten arren jaunartzea egin gabea nintzela.

         — Begiratzeko modua dun.

         — Zer?

         — Kamerari begiratzeko moduak egiten zaituzte hain igualak. Irribarre erdiz lotsatia erdiz desafiatzailea, eta begirada ere erdibitua: begi batean galderak eta bestean erantzunak bazenituzte bezala. Janis Joplin eta Amy Winehouse.

         Kezko bi zirkulu egin zituen, bata bestea baino txikiagoa, hirugarren bafadarekin desitxuratu zirenak.

         — Hi ez haiz hilko. Ezin haiz hil.

         — Ez.

         — Aurrera egin din medikazioak.

         — Kaka bera izaten jarraitzen du. Nola daude antirretrobiralak hartzen dituzten zure lagunak?

         — Hartzeko aukerarik izan ez zutenak baino hobeto.

         Tinko begiratu zidan.

         — Izebaren ninia hintzen.

         — Kafea egingo dut, aita.

         Sukaldera joan eta martxan jarri nuen italianoa. Irratian baratzeko aholkuak, itzali egin nuen.

         — Badakin zer esaten zuen? “Ume honek eta nik erreka berbera daramagu barruan”.

         Sukaldeko atearen kontra jarri nuen bizkarra. Aita besaulkian etzanda zegoen, botak eta zigarroaren kea baino ez nizkion ikusten.

         — Zizarea —esan nion; hala deitzen genion amamaren etxeko leihotik ikusten zen ibai marroiari.

         — Beti gainezka egiteko zorian. Beti garbia izateko zorian. Eta beti zikin.

         — Aita...

         — Egia dun.

         — Aita.

         — Euskal lunpena gaitun.

         — Ez exajeratu.

         Pozik zegoela iruditu zitzaidan, edo minaren barruan bazegoela harengan gozamen puntu bat. Erretzeko moduan igartzen nion.

         — Batzuetan gauzek zentzua diten, eta zer nahi dun esatea: errazak eta zentzugabeak baino, hobe zailak eta zentzudunak direnean. Hi beti izan haiz koherentea.

         — Nik hiesa izatea koherentea dela esan nahi didazu?

         — Ez itzan gauzak bere onetik atera.

         — Nik? Joder, aita, konturatzen al zara zer esaten ari zaren?

         — Ez ninan halakorik espero. Ez dun halakorik merezi...

         — Orduan?

         — Konturatu behar ninan. Ez haiz berrogeita hamar kilo.

         Borborka ari zen italianoa. Ez nuen aitaren aurpegia ikusten, baina imajina nezakeen: pipatzen ari zen eskuari begira, ispilu baten aurrean bezala.

         — Hik beti borrokatu nahi izan dun honen alde. Orain heure larrutik mendeka dezaken izeba. Agian aukera bat dun hiretzat. Eta guretzat ere bai. Burgesten ari gintunan, badakin? Oporrak, hipoteka, lurrindegia... Honek geure lekura ekarriko gaitin. Lokatzetatik egingo dinagu borroka. Eta irabazi egingo dinagu.

         — Azkenean eskerrak emango dizkidazu.

         Ke-bafada bat atera zen besaulkiaren bizkar grisetik gora: balea zahar bat.

         — Krudelegia ez balitz, nitaz harro zaudela esango nuke.

         Eseri egin zen, niri lepoa emanda. Beste Ducados bat piztu zuen.

         — Zer plan daukan gaurko?

         Sukaldera sartu nintzen. Ahotsa goratuz hitz egin nion.

         — Prentsaurreko bat eman behar dut. Zer iruditzen?

         — Ezin hobeto.

         — A, eta gero Puertas doktorearen kontsultatik pasatu behar dut. Ezer garrantzitsurik ez. Tramite bat: defentsak eta birus-karga neurtuko dizkit.

         — Sarkasmoa txarra dun.

         — Eta hori zuk esaten didazu?

         Besaulkitik jaiki eta nigana etorri zen azkenean.

         — Ez didan kaferik eskaini. Usain ona zaukan.

         — Kafe bat hartu nahi al duzu?

         — Ez, eskerrik asko.

         — Azukrerik gabe orduan.

         — Banoan. Inguruan ibiliko naun. Deitu egidan ezer behar izanez gero.

         — Ados.

         — Deituko al didan?

         — Baliteke.

         — Eta zin egidan burua ondo goian ibiliko haizela.

         — Bai, noski.

         — Egidan zin, Jenisjoplin.

         — Zin egiten dizut.

 

 

Lehenengoz atera nintzen kalera diagnostikodun gorputzean, poltsikoan lehergailu bat daramana bezala. Kaleak, jendeak, egunaren argiak tindu berria zuten. Abortatu nuen goizaz oroitu nintzen: nola ibili nituen kaleak sabelean bizi-printza bat garraio, munduaren ezkutuan eta laster desegingo zela jakitun. Heriotza-printza bat nuen orain, identifikatu ezin zen gorputz atalen batean.

         Goiz izanagatik ospitalerako autobusa hartu nuen. Bezperan baino gertuago sentitu nintzen ibilgailua betetzen zuen itsustasun orokorretik. Leihoz bestaldean jende osasuntsua lanera bidean zihoan. Lukarekin hitz egiteko premia sentitu nuen.

         — Nagore!

         — Luka.

         On egiten zidan izen hura ahoskatzeak.

         — Auzitegiaren aurreko tabernan nagon abokatuaren zain.

         — Ikusi al du?

         — Oraindik ez. Baina berarekin deklaratuko duela ziurtatu zioten.

         — Gaur bertan?

         — Ezin jakin. Bitartean korridoreetan zabilen: han ebazten ditun kasuak.

         — Karraren argazkia zatorrek egunkarian.

         — Aurrean zaukanat. Hi zer moduz hago?

         — Ondo, ondo.

         Deia eten zela iruditu zitzaidan.

         — Luka?

         Bat-batean itzuli zen ahotsa.

         — Gau ederra izan zunan.

         — Nola?

         — Gau ederra izan zela.

         — Poliziakoa.

         — Samurra.

         Aldameneko eserlekuko agurea eztarria libratu ezinean zebilen. Eztula eragiten zion bere buruari behin eta berriz. Ez zidan ondo entzuten uzten.

         — Irantzuk deitu zidan: desagertuta omen habil atzotik.

         — Egongo nauk berarekin.

         Hotzeridun agureak urruntzeko keinua egin zidan eskuaz, begiak arranpalo. Doministiku zaratatsuak gorputza aurrerantz propultsatu zion.

         — Ez dinat ezer kutsatu nahi, ume! —esan zidan musuzapia ahoaren parean jarrita.

         Zutitu egin nintzen.

         — Non hago?

         — Medikutara bidean.

         — Berriz?

         Autobusa gelditu egin zen eta jaisteko aprobetxatu nuen. Ez zegoen inor geralekuan. Zinema-dekoratu bat zirudien, protagonistaren esaldiaren zain. Zigarro bat piztu eta kearekin utzi nion joaten:

         — Zomorroa zaukaat, Luka.

         Isilik gelditu zen.

         — Hiesa.

         Ez zuen ezer esan, edo autobusaren burrunbak estali zuen haren ahotsa.

         — Ez nekian ezer, zin dagiat. Proba egin beharko duk.

         Sentsazioa, norbaitek niretzat idatzitako gidoia jokatzen ari nintzela. Egia kontatzearekin aski ez, sinesgarri azaldu nahi nuen.

         Emakume bat hurbildu zitzaidan, presaka.

         — Autobusa?

         Bazihoala seinalatu nion. Markesinako aulkian eseri zen purrustaka.

         — Orain ezin diat hitz egin, Luka. Gero deituko diat.

         — Bilbora itzuliko naun.

         — Ez.

         — Benetan ari naun.

         Sinesgarri azaldu nahia, berriz:

         — Karrarekin egon behar duk hor.

         — Ba, etor hadi hi, orduan.

         — Ezin diat.

         — Zain izango naun.

         Eskegi egin zidan.

 

 

Neoizko hizkietan: Ataka. Gurasoek beren kargu zuten hirugarren taberna zen; Zazpi eta Media Lunaren atzetik. Lau urte atzera, izeba hil osteko udan, 87koan, hartu zuten herriaren bihotz ugerrean zegoen porlanezko plazatxoko ertz batean.

         Beren gisako beste bi lagun gazte, hankamehe eta ezkertiar kontratatu zituzten, eta bi pisuko taberna jarri zuten martxan egunez ere gautarra zen kalezuloan. Behe-solairuan barra nagusia, musika-kabina eta dantzarako pista; lurpean billarra, pinballa eta barra txikia. Hasieran Angelek eta aitak eramaten zuten goiko barra. Zipi eta Zape deitzen zieten. Angel aitaren lagunik onena zen, madrildarra, musikaria. Bekaitza eragiteko moduko ile horail leuna zeukan, eta mutil-onaren itxura, adiskide enfant terriblearekin kontrastean. Ordezko baxu-jotzailea zen movida-ko zenbait taldetan, bere ametsa Euskal Herriko rock talderen batekin fitxatzea zen arren.

         — Madrilekoa fatxada hutsa dun! –esaten zuen.

         Aitak managerrarena egiten zion, elkarrekin jaisten ziren Madrilera Angelek kontzertua zuen bakoitzean. Irribarrez eta begizulotsu itzultzen ziren. Ondo jota laburbiltzen zuen Angelek, Espainiako hiriburuan baitzeuzkan, kontzertuez gain, maitaleak ere. Laugarren kideak “katakonba” eramaten zuen, baina kutxako dirua speedetan xahutzeaz gain eskailerapean trafikatzen ari zela ohartu ziren bezain pronto, hura haizea hartzera bidali eta hiruren artean moldatzea erabaki zuten.

         — Maitea! —amak egin zidan diosala.

         Hertzainak-en kamiseta tarratatua zeraman soinean.

         — Bazkaldu duzu?

         — Arratsaldeko seiak dira —erantzun nion.

         — Merienda ere eman diot —esan zion amamak.

         Angelek limoizko freskagarri bat atera zidan.

         — Zer da hori? —galdetu nuen hormei begira.

         Argazki-erakusketak egiten zituzten hilero eta, ordukoan, gorputz atal biluzien instantaneoekin forratuta zegoen barraren atzeko pareta: bularrak, zakilak, bizkarrak, ahoak, zilborrak, mingainak, hatzak, izterrak, aluak eta ipurdiak. Haragia eta ileak.

         — Hire aitaren gauzak! —barre egin zuen Angelek—. Ezetz asmatu nor den nor!

         Lotsa disimulatzen ahalegindu nintzen. Baziren zazpi edo zortzi zakil diferente.

         — Zuenak dira?

         — Tabernako langile eta kolegenak. Jateko modukoak gauden, e?

         — Alproja eroa! —kargu hartu zion amamak.

         — Zer, billarrean jokatzera jaitsiko gaitun? —galdetu zidan Angelek.

         Nire billar-irakasle partikularra zen.

         Zigarro bat piztu zuen amak.

         — Eskolako lanak?

         — Gero egingo ditin! —moztu zion Angelek—. Goazen!

         Katakonbara jaitsi ginen. Kaña eta limoizko freskagarria atera genituen billarreko mahaiaren gainera. Angelek hiru bola zuloratu zituen kolpe bakarrean. Artista hutsa zen. Ni 13 zenbakidun bola marratua nondik kolpatu erabaki ezinda nenbilen.

         — Zuloan sartu nahi dunan bolaren aldamenean beste bola ikusezin bat imajinatu behar dun, justu zuloarekin lerrokatuta, eta bola zuria bola ikusezinerantz apuntatu behar dun.

         Mahaiaren bestaldera pasa, eta irudizko bola marraztu zidan hatzaz. Hara apuntatu nuen.

         — Bete-betean!

         9 zenbakidun bola horiarekin saiatzea erabaki nuen.

         — Gaztetxoentzako karaoke bat antolatu diten kultur etxean.

         Entzun nuen zerbait. Afixa batzuk itsatsi zituzten eskolako korridorean, eta irakasleak herriko euskara-elkartearen abisua eman zigun.

         — Ba! —esan nion, axolagabe—. Gauza horiek ikastolakoentzat izaten dira.

         — Ez dun parte hartu nahi?

         Mahaian trabeska utzi zuen takoa. Nik sorbaldak goratu nituen.

         — Hiru abesti zauden aukeran: Itoizen Lau teilatu, Hertzainak-en Aitormena eta Zaramaren Iñaki, ze urrun dagoen Kamerun.

         Ez nuen bakar bat ere ezagutzen.

         — Zein da onena?

         — Aitormena.

         Gorakoan, kabinara eraman ninduen zuzenean. 2.000 binilo baino gehiago zituzten, estiloka sailkatuta. Herrian musika-kabina zuen taberna bakarra zen. Euskal musika beheko apalean egoten zen, Angelek binilo bat atera zuen handik.

         — Ikasi ezan —agindu zidan—. Eta, bide batez, kontaidan zer esaten duen.

         Kaligrafiako ariketak atera nituen barraren gainera. Hizki-lotuan idazteko fitxei ekin nien. Atea ireki zen, eta kaleko argia sartu. Arratsaldea aurrera zihoan, eta ahultzen hasia izanagatik, tabernako ilunarekin kontrastea egiten zuen. Aita zen, izaren marka aurpegian. Gerritik heldu zidan taburetearen atzealdetik.

         — Zertan ari haiz?

         Eskuak altxa nituen, ebidentzia seinalatuz.

         — Apaizek, mojek eta umeek bakarrik idazten diten horrela —sumindu zen.

         Hizkiak banaka egin behar nituela azaldu zidan, letra bakoitzaren ostean arkatza paperetik altxatuta. Eskua gidatu zidan, aitaren bular beroa sentitu nuen bizkarraren kontra, “karramarroa” hizkiz hizki idazten genuen bitartean.

         — Hi ez haiz ume bat.

         Egia esan, dotore geratu zen hitza. Pertsona heldu baten karramarroa zen, zalantzarik gabe. Biharamunean errieta jasoko nuen eskolan, baina bost axola niri. Larruzko txupa janzten ikusi nuen ama.

         — Bukatu dut, maitea. Goazen etxera.

         Fitxak motxilan sartu, eta amarengana salto egin nuen taburetetik.

         — Bihar arte! —esan nion aitari.

         — Agur, guapa! —diosal egin zidan Angelek biltegitik, eta bi esku ahurrekin belarriak estali zituen, kanta entzun nezala gogorarazteko.

         Amamak eskuzapi eta mantar zikinez beteriko poltsa hartu zuen, etxean garbitzeko. Hurbiltzeko keinu egin zidan atzamarraz.

         — Zure aitarena horko itsusi hori da —esan zidan instantanea bat seinalatuz.

 

 

Ospitaleko ate automatikoaren aurrean nengoen, poltsan bezperan medikuak emandako paperaren bila. Prentsaurrekorako oharren eta lurrindegiko albaran batzuen artean aurkitu nuen. “Diagnostikoa: gib”. Udazkeneko haize-ufada batek eskuetatik erauzi zidan ia. Neure burua diagnostikoaren atzetik korrika imajinatzeak abaildu egin ninduen.

         Gizon gazte bat ikusi nuen nigana hurbiltzen. Bizkarra zuzendu eta begirada zorroztu nuen, inertziaz. Tolestu eta gorde egin nuen papera.

         — Surik?

         Neronek piztu nion ezpainetan zuen zigarroa.

         — Norbait bisitatzera?

         Segundo hori: aurrekoarekin oheratuko zinatekeela erabakitzen duzuna.

         — Bai.

         Istant hori: baietz esango lizukeela badakizuna.

         Momentu hura luzatzen ahalegindu nintzen.

         — Nola izena dun?

         — Nagore.

         Ezezagun haren ondoan zigarroa errez itxaron nuen harrera hutsik gelditu arte. Zigarroa zapaldu eta begiradaz agurtu nuen gizona. Bizkarrean itxi zitzaidan ate automatikoa: apenas zurrumurru bat. Mahaira hurbildu eta papera erakutsi nion harreragileari.

         — Erizaindegia. Beheko solairua. C blokea.

         Lepo zegoen itxarongela. Libre zegoen aulki bakarrean eseri nintzen. Nire ondoko emakume makillatuak magalean erdi zabalik zeukan poltsan txiza-tutu bat begiztatu nuen.

         — Odola ateratzeko zain?

         Bospaseik altxa genuen eskua. Paperak eskatu zizkigun auxiliarrak. Nirea apartatu egin zuen.

         — Egun on —agurtu ninduen erizainak.

         Mahaian, odola ateratzeko tutuetan “birus-karga” irakurri ahal izan nuen. Nire aurrean utzi zituen tutuak, pegatina gora begira.

         — Jaso mahuka, mesedez.

         Besoa luzatu nion. Nire aldameneko gizon lodiak ere alkandora koadrodunaren eskumuturreko botoiak askatu eta izterra halako besoa eskaini zion beste erizain bati.

         — Kolesterolaren kontrako dieta zorrotza jarraitu dut, ikusiko duzu!

         Barrez jarri zuen erizaindegia. Gizon moztakaren aurpegi gorrituari eta soin konprimituari begira geunden denok: biguna eta errugabea zen; odolkizalea bezain kaltegabea.

         Besondoak gomaz estutu zizkiguten.

         — Zain onak dituzu.

         Erizain gazte bati deitu zion.

         — Zuk aterako diozu?

         Aurrean eseri zitzaidan nire adintsuko erizaina.

         — Kontuz zeure burua ziztatu gabe! —ohartarazi zion lankide beteranoak, diagnostikoa disimulu juxtuarekin seinalatuz.

         Odolkizaleak begiratu egin zidan. Sudurrean eta masailetan kapilar hautsiak ageri zituen.

         — Ordubete barru deituko dizu medikuak.

         Ez nuen ziztada sentitu. Odolez beteriko tutuak ikusi nituen.

         Mahuka jaitsi eta alde egiteko presatu nintzen. Gizon moztakak itxi zidan bidea; aulkia arrastaka atzeratu eta, besoekin indar eginez, zarataka eta nekez zutitu zen nire aurrean. Txapela jantzi zuen.

         — Zaindu zaitez! —esan zion erizainak.

         — Aupa Athletic! —erantzun zuen gizonak, pozik.

 

 

Igogailua hartu nuen 11. solairura. Ezinegona sortu zidan ispiluan nire buruarekin topo egiteak: ezagun zahar bat, urrutitik aztertzen ninduena. Ia solairu guztietan gelditu zen igogailua; sartu-irtenean zebilen jendea. 11. pisuan ni bakarrik jaitsi nintzen.

         Jonkiz beteriko gela bat, jende eroria, ijito haurdunen bat... Marjinalitatearen lagin gutxi-asko bilbotar bat espero nuen. Korridore huts batekin egin nuen topo. Ospitaleko gainerako eremuetan ez bezala, eritasun infekziosoen unitatean itxarongela ezkutuan zegoela ohartu nintzen; aulkirik ez pasilloan. Poliki zabaldu nuen atea, nor ikusiko nuen eta nork ikus nintzakeen beldurrez. Hogeita hamarren bat urteko mutil bakarra zegoen gelaxka argitsuan eserita. Amerikana soinean, tabletarekin kontzentratuta lanean ari zen. Nire aurretik sartu zen kontsultara. Hamar bat minuturen buruan atera zen, Puertas doktorearekin batera, irribarrez. Ezagun zaharrak ziruditen.

         — Hurrengora arte. Zaindu —agurtu zuen medikuak—. Nagore —dei egin zidan, atzetik jarrai niezaion.

         Idazmahaiaren bestaldetik begira nituen Puertas doktorearen orein-begiak.

         — Zer moduz zaude?

         Burutik pasa zitzaizkidan erantzun posible guztiak baztertu nituen. Medikuaren lurrina ez zen bezperakoa. Jean Paul Gaultier. Nire klaseari ez zegozkion usainak ezagutzen nituen.

         — Emaitzak ez dira onak.

         Kanpoan euria ari zuen.

         — Atzo ia 700ean zeneuzkan cd4 linfozitoak, eta gaur ez dira 500era iristen.

         Hatza paperean mugitzen eta zenbakiak goraki esaten jarraitu zuen.

         — Immunitate-sistemari dagozkion markagailu guztiek egin dute behera.

         Begirada apartatu nuen leihoan elkar harrapatzera jolasten ziren ur-tantetatik.

         — Egun bakar batean?

         — Gertatzen da diagnostikoaren ostean.

         Zifra bat borobildu zuen boligrafoz, eta txostenari buelta eman zion niri erakusteko.

         — Birus-karga altua da. Une honetan handia da kutsatze-arriskua.

         Betaurrekoak kendu zituen.

         — Izan duzu arrisku-praktikarik?

         Eskua Lukaren kirol-jertsearen azpitik irristatu nuen unea oroitu nuen. Haren azalaren tenperatura zehatza. Neurea izan zen iniziatiba.

         — Ez dakit.

         Sabeleko mina jarri zitzaidan.

         — Garrantzitsua da.

         Infektatuta nengoen. Kutsakorra nintzen.

         — Zurbildu egin zara.

         Eskuak sabelpera eraman eta uzkurtu egin nintzen.

         — Ondo zaude?

         Oroitzapen baten ertza uxatu nuen: usain bat.

         — Zergatik dago itxarongela ezkutuan?

         Betaurrekoen gainetik begiratu zidan.

         — Zuen intimitatea babesteko.

         Zer ezkutatu bagenuela erakusten zuen arkitekturak berak.

         — Kontsulta honetara zatozten gaixoen % 90 gauza berera zatozte.

         Amerikanadun mutilarekin gogoratu nintzen.

         — Ezin dut sinetsi.

         Ez nion esan burua iragan zidan esaldi zehatza: ezin dut sinetsi sexua amaitu denik niretzat. Ziztada bat izan zen, pentsamendua eta haren erreflexu fisikoa, baginan, eta oinazea, genitaletan kontzentratua. Medikuari begiratu nion polizia bati, epaile bati, funtzionario bati bezala. Esateko gogoa: bazeneki! Esateko beharra: hain ongi pasa dut. Ulertarazi nahia: hain ongi maitatu dut. Negar egiteko baimena eman nion neure buruari.

         — Hartu behar dituzun botikei buruz hitz egin behar dugu.

         Idazmahaiko tiraderetatik liburuxka batzuk atera zituen. Argitalpen koloretsuak ziren, azalean kirolari-itxurako gazte irribarretsuak ageri zituztenak. “Jarraipen-fitxa”, irakurri nuen. “Tratamendu antirretrobiralaren kontrola”; “Sintomen kontrola”. “A farmakoa”, “B farmakoa”, “C farmakoa”, “D farmakoa”...

         — Medikazioa ahalik eta gehien atzeratu nahi nuke.

         Banekien ez zeukatela antirretrobiralen epe luzeko kalteen informazio fidagarririk. Harrituta begiratu zidan.

         — Lehenbailehen hastea gomendatzen dizut.

         — Ez dut nahi.

         — Ez zaigu komeni infekzioa zabaltzea.

         Uxatu nahi izan nuen kiratsaren gomuta.

         — Zugatik eta besteengatik egin behar duzu.

         — Goragalea daukat.

         Poltsa bat eman zidan. Gonbitoka hasi nintzenean zutitu eta paperezko zapiak ekarri zizkidan. Bera arduratu zen gonbito-poltsa desagerrarazteaz. Kontsultatik atera zen.

         Zutik itxaron nion.

         — Nora zoaz?

         — Egitekoak dauzkat, etorriko naiz beste batean.

         Eseri egin zen.

         — Harrokeriak ez dizu zipitzik lagunduko.

         — Sumisioak ere ez.

         — Oker zaude.

         — Hori nire arazoa da.

         — Argi dago: zeu zara arazotan dagoena.

         Jaka eta poltsa jaso nituen. Irtetear nengoela, medikuari begiratu nion.

         — Egin diezazuket galdera bat?

         — Horretarako nago.

         — Jakin daiteke noiz kutsatu nintzen?

         — Zure kasuan bai. Berria da.

         Ikusi egin nituen autoa, ohea, mutila. Zakil bigun hura. Usaina.

         — Nola dakizu?

         — “Positibo ahula” eman duzula esango genuke; serokonbertitzen ari zara.

         Aitortza bat bezala murmurikatu nuen.

         — Duela bi hilabete izan zen.

         — Bai, baliteke.

         — Nire errua da.

         Igogailuak harreran utzi ninduenean heriotzaren mamua nirekin zetorren, baina ospitaleko ate automatikoek bizitzara jaurti ninduten. Su eske hurbildu zitzaidan gizona aienatua zen. Ospitale-atariko zoruan, zigarrokin bustiak. Bakarrik erre nuen. Mutxikinari erortzen utzi, aterkia ireki eta oinez hasi nintzen.

 

 

Noizean behin aitak libre hartzen zituen astearte arratsaldeak. Amamarenean bazkaltzen ari nintzela deitu zidan, eguraldi ona zela-eta Mutrikuko portura joan nahi ote nuen galdezka. Postrea amaitu gabe altxa nintzen mahaitik.

         Hantxe zegoen Ford Escort beltza, sabaiko leihoa zabalik.

         — Kaixo, Jenisjoplin!

         Lasalde begi-bistatik galdu orduko, atzeko eserlekuan zutik jarri eta burua kanpora aterata egin nituen Mutrikurainoko kilometroak, ilea haizetan. Semaforoetan, atzeko leihoaren kontra belauniko jarri eta gurearen ostean gelditutako autoko txoferrari begirada agoantatzera jolastea gustatzen zitzaidan. Beti irabazten nuen.

         Forda herriaren sarrerako taberna baten aurrean gelditu eta une batez itxaroteko eskatu zidan aitak. Presa nuen itsasoan sartzeko. Kilometrotan gertu samar izanagatik, gutxitan eramaten ninduten hondartzara. Amak etxea eta itzala maite zituen, aitak nahiago izaten zuen inguruko herrietako festetara joan. Ez zuen niretzat tiropitxoiko panpinarik handiena eskuratu arteko onik izaten. Bospasei urterekin, hirietako jaietara joaten ginen, barraketara, eta aitak atrakziorik garaienetara eramaten ninduen, nagusientzako mendi errusiar, balancé, águila eta bestelakoetara. Barrakeroekin sesioan aritzen zen hain haur txikia bertara igo nahi izateagatik, baina umearen aita bera zela eta bakean uzteko erantzuten zien fermuki, eta ni seguru sentitzen nintzen aitak gerritik heltzen zidan bitartean, baita lurra gainean eta zerua azpian baldin bazeuden ere. Amak izututa itxaroten zigun behean. Hondartzan izan ginen apurretan ere, banderaren kolorea gorabehera, ur sakonetara sarrarazten ninduen aitak, beraren eskutik beti, elkarrekin egiten genuen aurrera, olatuen aurka, arnasa estutu arren, olaturen batek azpian harrapatu eta zilipurdika urertzera itzularazten gintuen arte, bainujantzia, ilea eta ahoa hondarrez beteta.

         Berehala itzuli zen aita. Oinez jaitsi ginen portura, igerileku naturalaren ertzean arropak eranzten ari ziren haurrak ikusi genituen. Korrika abiatu nintzen haien atzetik, baina txistu jo zidan.

         — Segi beste haiei!

         Igerilekua atzean utzi eta kai-muturrerantz zihoazen gazteez ari zen. Banuen haren aditzea, baina “danborrean” sekula izan gabea nintzen. Itsasbehera zen, tentuz egin nuen bidea moila ertzetik, nasa baino puskaz beherago ikusten nuen itsasora erortzeko beldurrez. Danborrera iristeko azken eskailerak igo genituen. Lurrean eseri zen aita, zigarroa ahoan hitz egin zidan:

         — Egin salto!

         Izututa begiratu nion.

         — Nagore, egin salto! —errepikatu zidan, serio.

         Arropak eranzteari ekin nion poliki. Bi pauso eman nituen moila ertzerantz eta, zorabio txiki bat hasi nintzen sentitzen behera begiratu orduko. Ikusmena lanbrotu zitzaidan: nire pareko bi kai-muturrak elkarrengana hurbiltzen ari zirela iruditu zitzaidan lehenbizi, elkarrengandik urruntzen ari zirela gero. Urrats bat egin nuen atzera. Jira egin, eta aitari ezin nuela jauzi egin esatekotan nengoenean, esku handi batek atzetik bultza egin eta neure burua erortzen sentitu nuen. Zangoak eta besoak astinduz jausi nintzen, eternalak egin zitzaizkidan nola erorketa-aldia hala urpetik ateratzeko behar izan nuen denbora. Begiak zabal-zabalik atera nintzen azalera, izuak jota, baina segundo gutxiren buruan, negar egiteko gogoa halako poz txoro moduko bat bilakatu zitzaidan, ozen hasi nintzen ur azalean algaraka, ez hondoratzeko beso-zangoei eragiten nien bitartean. Goian aitaren burua ikusi nuen niri begira. Txaloka ari zen.

         Harro egin nuen atzera danborrerako bidea; eskaileretan eta hormaren kontra eserita zeuden gazte erretzaileen miresmena usaindu nezakeela iruditu zitzaidan. Arnasestuka eta aita ikusteko irrikaz igo nituen kai-muturrerako mailak. Nire zain egongo zen goian, toalla zabalik, ni bildu-bildu egiteko prest.

         — Tira, berriro! —agindu zidan iritsi orduko.

         Bigarren aldian bultzakadarik gabe egin nuen salto. Txikiagoak iruditu zitzaizkidan moilaren altuera, erorketa-denbora eta jauziaren osteko aitaren txalo-zaparrada. Eskaileretako gazteek ez zidaten begiratu ere egiten. Han urrunean, igerileku naturalean, baloiarekin jolasean ari ziren haurrak. Etxera itzultzeko gogoa nuela esan nion aitari.

         — Jakina —erantzun zidan, bost edo sei aldiz jauzi eginarazi ondoren.

 

 

Lasalde auzoa, Zizarearen eta trenbidearen artean luzetara barreiatua, gerraostean eraiki zuten herriaren iparraldean, presaka, Espainiako hegoaldetik bailarako lantegietara zetorren behargin oldeari erantzuteko. Herritik gertu, baina, aldi berean, aparte zegoen. Trenbidea igarota, mendia ber-bertan zegoen; belar zakarreko zelaiak, katazuloak, harriak eta zuhaitzak, zein bere izenarekin: zaldikoa, sorgina, urpekontzia. Errekaren ertzeko sasietan masustak hazten ziren ikasturte hasieran, eta ahateak umatzen, ikasturte-amaieran.

         Etxebizitza balkoiduna zen aitita-amamena, bigarren solairuan kale aldera kokatua. Han bizi ziren denak ni jaio aurretik. Bizimodua ateratzeko, gurasoek Zazpi izeneko taberna hartu zuten errentan bailarako herri nagusian, amak han lan egin zuen haurdunaldi osoan. Lagun batzuen etxean bizi izan ziren zenbait hilabetez, apopilo. Garaiko taberna-zuloa zen Zazpi, lizun-kirasduna eta hogeita lau orduz gautarra, leihorik eta aireztatze-sistemarik gabea, besaulki luzeak zituena horma-kontra. Zulo hitsa behar zuen, heroinazaleen plazerezko bidaien ohiko abiapuntua eta lurreratze-pista. Ama, mastin baten babesean joaten zen lanera. Normalean, tabernako bezeroak adeitsuak izaten ziren berarekin, baina abstinentziak jotako gazteak baretzea, etengabe diru-kutxa zaintzen aritu beharra, okadak garbitzea, komunean kordea galdurikoak suspertzea... Horiek ere lanaren parte ziren. Komuneko zoruan koloka zegoen lauza bat konpontzera joandakoan ohartu zen haren azpian ezkutatzen zutela auzoko heroinazaleek partekatzen zuten xiringa bakarra. Ez zen ausartu handik erretiratzen.

         Jaio nintzenean, gurasoek Zazpi utzi eta auzoko taberna hartzea erabaki zuten. Lokalak etxebizitza txiki bat zuen hormaz horma, hara aldatu ginen. Barrioko taberna apala zen Media Luna: barra, sukaldea, pintxoak, ahozapiak eta oliba-hezurrak zoru zikin-estalian. Zalaparta, plateren hotsa eta txorrotaren marmar etena. Gizon-ahotsak, kea, telebista. Taberna etxearen luzapena zen, edo zehatzago zen alderantziz: etxea zen tabernaren luzapena. Gurasoak lanean ari ziren bitartean ni atalondoan kokaturiko moisesean edukitzen ninduten, barraren eta hallaren artean. Ez omen nuen protesta handirik egiten; tabernako burrunbak lagundu egiten zidan nonbait loak hartzen, eta siesta luzeak egiten nituen. Gurasoak txandaka aritzen ziren: aitak gauez lan egiten zuen, eta goizekoak lo-orduak zituen, amak Media Luna zabaltzen, garbitzen eta pintxoak egiten zituen bitartean. Deskuiduan negar egiten banuen, barra une batez bezeroren baten kargu utzi, eta bularra ematen zidan atalondoan bertan.

         — Historiako tabernaririk gazteena, hauxe! —adarra jotzen zioten.

         Karmenen heriotzatik hilabete eskasera, ekainaren hasieran, amamak bere jaioterrira eraman ninduen, La Esperanzara. Herritik urruntzeak eta bilobaren kargu egiteak dolua pasatzen lagunduko ziotela pentsatu zuten nire gurasoek. Orduan aprobetxatu zuten haiek Ataka hartzeko eta hirugarren taberna- eta etxe-aldaketa egiteko.

         Amamaren neba gaztearen etxean hartu genuen ostatu. Tío Paco pceko zinegotzia zen apenas ehun biztanleko udalerrian. Gaintxo batean, asfaltatu gabeko bide baten bi ertzetan hedaturiko etxebizitza koxkorren multzoa zen herria, paisaia menditsu eta lausotuan lurraren kontra zanpatua; zoruan hautsa, hormetan arrakalak eta inguruan pinudiak eta olibondoak zituena. Ekainetik irailera arte egon ginen entretenimendu handirik gabeko herrixka hartan. Amamak soineko berriak josi zizkidan, amak prestaturiko arropak beroegiak baitziren uda andaluziarrerako. Ez dakit zer egiten genuen egunean zehar. Amamaren ondoan egongo nintzen, lurrean klarionaz marrazkiak egiten edo harri-koskorrekin jolasean. Hilabete haietan ateratako argazki gehienetan ataurrean bertan ageri naiz, urez betetako konketa baten barruan sandia jaten edo petril gainean eserita, ijito-mozorroarekin. Irudi argiegiak dira, erreta daude. Lehen planorik ez, urruti samarretik ateratakoak dira, eta bakarrik ageri naiz denetan.

         Nire gurasoen bizimoduak, ostera, erritmo bizian egiten zuen aurrera. Izeba hil eta berehala, aitak lanari ekin zion deblauki. Inork arrebaz galdetzen bazion, hitzik gabeko irri batekin erantzuten zuen. Taberna erosi, etxea alokatu, eta bateko hozkailuak eta besteko logelak bete zituen.

         Irailaren erdialdean itzuli ginen amama eta biok Andaluziatik, herriko festak amaitu berritan. Aitak, Atakako ate aurrean makurtuta, beso zabalik egin zidan ongietorria, nik ez nuen amamaren eskua askatu. Bazkari-legea egin, taberna itxi eta Lasalderantz abiatu nintzen.

         — Orain ez gaitun han bizi!

         Besotan hartu eta Altzadira eraman ninduten, errekaz bestaldeko auzora.

         — Hauxe dun gure etxe berria!

         Etxe hartaz gogoratzen dudana da ezagutzen ez nuen auzo batean zegoela, ez zuela egongelarik, ez eta jangelarik ere: marmolezko barra amerikar batek mugatzen zuen sukaldea, neure kabuz igo ahal izateko altuegiak ziren hiru tabureterekin.

 

 

Hiriaren irteeran, altuera-maila diferenteko errepide-amarauna, Bilboren bihotz herdoilduak ponpaturiko txatar-odola garraio. Ezin izan nuen alboko bidaiariaren egunkariak atxiloketaren berria azalera ekarri ote zuenetz egiaztatu, kirolen sailean baitzeukan irekita. Burua kristalaren kontra bermatu eta, ordu askoan lehen aldiz, loak hartu ninduen.

         Ford Escort beltzaren atzeko eserlekuan txikia eta epela zen mundua. Luzetara etzanda nindoan, lo-suma. Pisu arin bat sentitzen nuen besagainean, eta amaren usaina asmatzen, estali berri ninduen berokian. Irrati-kasetean Billie Holidayren Strange fruit artegagarria. Euri-tantak haizetakoan. Aitaren ahotsa eta, apalago, amarena. Barreak.

         Jaka zakar antzean astintzen ari zitzaidan norbait.

         — Odoletan zaude.

         Aldameneko emakumeak musuzapi bat atera zuen berokiko patrikatik.

         — Tori.

         Lo nengoela sudurretik odoletan hasi nintzen. Nahasita, leihotik begiratu nuen. Pancorbo. Espainia. Segundo batzuk behar izan nituen azken gertakariak harilkatzeko. Agontzean bi tanta erori zitzaizkidan, lodi, paparrera. Paperezko zapiak bilatu nituen motxilan, ezkerreko eskuarekin hemorragia eteten saiatzen nintzen bitartean.

         — Zaude, utzi garbitzen.

         Zapi heze batekin jertseko orbana igurzten hasi zitzaidan andrea.

         — Lehortzen bada ezingo duzu atera.

         Izutu egin nintzen.

         — Utzi, mesedez.

         Ustekabean alboko bidaiariaren eskua nire odolez zikindu zela ohartu nintzen.

         — Garbitu hori.

         — Lasai, neska.

         Jertseari eragiteko erabili zuen zapi heze berarekin eskua arin igurtzi eta aurreko eserlekuaren bizkarreko hautsontzian sartu zuen.

         — Lekutan gelditu zen autobusetan erretzen genuen garaia!

         Paperezko zapi baten ertzarekin pilotatxo bat egin, sudurzuloan sartu eta atzerantz bota nuen burua.

         — Ez da ona odol-jarioa taponatzea.

         Lepoa eman nion. Telefonoaren dardara sentitu nuen jakaren patrikan. Irantzu.

         Autobusean hotz egiten zuen. Belaunak harrapatuta neuzkan aurreko bidaiariak eserlekua etzan zuenetik. Ezerosotasunak negargura eman zidan. Begiak itxita, gurasoen autoko atzeko eserlekura itzultzen saiatu nintzen, alferrik. Irratian Shakiraren Waka-waka ari zen. Lekutan zeuden 80ak. “Madrilera noan. Barkaidan. Kontatuko”, idatzi nuen. Itzali egin nuen telefonoa.

 

 

Madrilera iristerako iluna zen. Autobusetik jaitsi nintzenean arroztasun-sentimenduak inarrosi ninduen. Ingurura begiratu nuen. Ez nuen Luka ikusi. Agian zurikeria dotorea baino ez zen izan haren gonbidapena, konpromisozko hitz batzuk une kritiko batean. Azken finean, apenas ezagutzen genuen elkar.

         — Hire aurpegia ezaguna egiten zaidan.

         Elkarrekin azkenekoz egon gineneko arropak zeramatzan soinean. Izerditakoaren txanopean, kalpar nahasia. Ez nuen hurbiltzen sumatu.

         Nigandik urrats bat urrundu eta begiak ñarrotu zituen.

         — Elkar ezagutzen dugu?

         Bustita zeuzkan zapatilak.

         — Nagore Vargas —esan nion.

         — Luka Moretti —sonbreroa kentzeko imintzioa egin zuen—; urte askoan.

         Ez zen abizenetik zirudien bezain italiarra. Ama veneziarra zuen, baina halabeharrak Irlandako Donegal konderri isolatuan munduratu zuenetik hara-hona ibili zen, askapen borroken tripak azaleratzea ofizio zuen amaren kazetari-lanaren atzetik.

         — Kapeluak ez zaudek modan.

         — Ezta iraultzaileak ere. Bahator?

         Besoa eskaini zidan. Heldu egin nion. Metroaren ahoak irentsi gintuen.

         — Ez nian sekula pentsatuko Madrilen errefuxiatzerik.

         — Infernuaren eta Madrilen jabe izanez gero, nahiago Madril alokairuan utzi eta infernuan bizi.

         Ziztuan iritsi zen metroa. Jendeak bultza egin zigun barrura. Mugimenduak tristeziatik urruntzen ninduen, erruduntasunak izurik sakonenetik. Lurpean geunden. Bizirik. Lukari begiratu nion: gazte argal eta txiki bat, hazpegi arruntekoa. Erakargarria bainoago, abegikorra zen Transatlantikoa. Salbamendu-txalupa.

         — Noiz daukak Habanarako hegaldia?

         — Beldurra zienat abioiei.

         — Akabo duk jolasa, Luka.

         Leporaino bete zen metroa. Zutik gindoazen beste hamaika gorputzen artean zanpa-zanpa eginda. Gizaberoa. Eskutik heldu zidan.

         — Bizkor, linea aldatu behar dinagu.

         Jende-multzoarekin batera egin genuen kanpora. Besarkatu egin nuen.

         — Sentitzen diat, benetan.

         Lurrak dar-dar egin zigun oinpean. Eskaileretan behera gidatu ninduen. Beste bagoi batean sartu ginen, hustuxeago zihoan.

         — Gustatzen zaizkin kaneloiak?

         — Asko.

         Kalera atera ginenean aire hotzak inpresioa eragin zidan. Jendea azkarregi zihoan. Zorabiatuta sentitu nintzen.

         — Ez zakiat zertara etorri naizen.

         Lukak oinez jarraitu zuen.

         — Calle del desengaño —irakurri zuen kale hasierako seinalea—. Zorionez, aurreraxeago dun.

         Eraikin zahar bateko bigarren solairua zen. Nekez igo nituen eskailerak.

         — Gaixorik nagok, Luka —jaka askatu nuen—. Ez nian etorri behar.

         — Ba, nik baietz uste dinat.

         — Nire erruz kutsatuta egon haiteke.

         Atea ireki eta argia piztu zuen. Apartamentu txiki bat zen, soila baina txukuna.

         — Norena duk etxea?

         — Lagun batzuena, amari eta bioi uzten ziguten Madrilera gatozenetan.

         — Bakarrik al gaude?

         Logelara gidatu ninduen. Ezagutzen ez nion erabakimenez erantzi zidan jaka eta, garondoan musu eman ostean, kamiseta.

         — Lotsatia hintzela uste nian.

         — Etzan.

         Bizkarrez etzan nintzen ohean, eta orinak ukitu zizkidan hatz-mamiekin.

         — Kasiopea.

         Hatzekin ilea nahasi zidan.

         — Oso argal nagok.

         — Ederra haiz.

         Zutitu eta begira gelditu zitzaidan.

         — Hotz egiten dik.

         Maindireak igo zizkidan leporaino.

         — Egin ezan lo.

         — Ezin diat.

         — Saiatu.

         — Esnatzean beti okerrago duk.

         — Nagore, ez naun joango.

         Farolen argia sartzen zen leihotik. Euri-hotsa.

         — Ukitu nazak.

         Ohazalaren gainean etzan zen, nire aldamenean ahoz gora.

         — Ez izan ezertarako presarik.

         Izuari bakarrik aditzen nion.

         — Hau ez zunan atzo hasi, eta ez dun bihar bukatuko —esku bat pausatu zidan bizkarrean—. Egin ditzagun gauzak poliki.

         Saihetsak ferekatu zizkidan. Uzkurtu egin nintzen.

         — Kontuz.

         Izarekin estali ninduen berriro.

         — Maindirearen gainetik, mesedez.

         Ehunaren beste aldean sumatu nuen Lukaren biluztasun urduria. Maitasuna egin genuen elkarri azalik ukitu gabe.

 

 

Sukaldean zebilen Luka. Jantzi eta bertara jo nuen. Bideo-kameraren objektiboa garbitzen ari zen.

         — Hitz egin behar diagu.

         — Hemen haiz.

         Tentuz gorde zuen kamera poltsan.

         — Egunon.

         — Ez dik funtzionatuko.

         Laranja bat erdibitu zuen.

         — Fatalista jaiki haiz.

         — Ez diat bikote-harremanetan sinesten.

         — Kaferik nahi dun?

         Eseri egin nintzen.

         — Ezin duk ezer gertatuko ez balitz bezala jokatu.

         — Ados.

         — Errukiz ari haiz.

         Mahaira atera zituen zukuak.

         — Ez dun nire estiloa.

         — Lastima ez, beste zein motibo izan dezakek hik nirekin gelditzeko?

         — Itxuraz, ez zain bat bera ere okurritzen.

         Kameraren mikrofonoaren kablea bildu zuen. Kuban zinemagintza ikasi eta ikasketa-beka batekin itzuli zen Euskal Herrira, gazte mugimenduei buruzko dokumental bat egitera. Habanan muntatu behar zuen grabaturiko materiala.

         — Ez duk batere aukera praktikoa, Luka.

         Barreari ekin zion.

         — Lehen pertsonan esan behar huen: ez naun batere aukera praktikoa.

         Maitasuna ez duk gauza misteriotsu eta arrazionalki kontrolaezin bat.

         — Maitasuna esan dun?

         Lotsatu egin nintzen.

         — Neurtu eta negoziatu daitekeen zerbait duk.

         — Aja.

         — Hori hala duk.

         — Eta niri irrazionalki aritzea egozten didan, ezta?

         — Bai.

         — Pasio ulertezinek eramana...

         Leihotik begira gelditu zen une batez. Gero, biratu, eta esan zidan.

         — Tuntunagoa bahintz, lasaiago biziko hintzateke.

         — Azkarragoa bahintz, isilik hengoke —erantzun nion.

         Nire aurrean eseri zen.

         — Entzun: bizitza osoa eman dinat emakume baten atzetik. Amaren destinoetan bizi izan naun: Irlandan, Bogotan, Bartzelonan, Bilbon, Habanan. Ez dinat sekula ohe berean lo egin hiru hilabete baino luzaroago. Pausatu egin nahi dinat eta ordezko emakume bat behar dinat nire bizitzan.

         — Ordezko emakume bat.

         — Horixe bera.

         — Hori praktikoa duk, erabat.

         — Guztiz. Hi orain ez haiz urrutira joango. Etxe bat daukan Bilbon eta nik ez zaukanat alokairua ordaintzeko dirurik.

         — Oso erromantikoa.

         — Lurralde gatazkatsuetan bizi izan naun beti, territorio egokia haiz niretzat.

         Aulkia biratu eta haren bizkarraren kontra zangalatrau eseri zen.

         — Hitz egin dezagun orain hitaz.

         — Nitaz?

         — Zertara etorri haiz?

         — Ez zakiat.

         — Nahi dun nik esatea?

         Zigarro bat piztu nuen.

         — Abandonatuko ez hauen gizajo baten bila.

         — Faborez! —sumindu nintzen.

         Ogi-xerra bat tomatetan busti eta mahaira atera zidan.

         — Hori hala dun.

         — Hitaz aprobetxatu nahia egozten didak?

         — Ni hitaz adina. Maitasunari buruzko teoriak gustatzen zaizkin, ezta?

         — Asko.

         — Ba, tori bat: maitasuna inoiz ez dun zergatik; beti dun zertarako.

         Zutitu eta bideo-kameraren poltsa bizkarreratu zuen.

         — Banoan.

         — Nora?

         — Abokatuak deitu zidan: oraintxe deklaratuko din Karrak.

 

 

Zorigaitzari buruz pentsatzea eta minarekin jolastea erakargarria zitzaidan neska kozkorretan. Azazkalak iltzatzen nituen izterretan edo besaurreetan, ahalik indartsuen, neure buruari kontzienteki eragiteko kapaz nintzen minaren neurria ezagutu nahian. Gero, askatu, eta azazkalek haragian utzitako markari eta minaren baretzeari beha egoten nintzen, miretsita. Batzuetan hozka egiten nion neure buruari, besoan edo eskuaren gainaldean. Behin, eskolan, atzamar txikia txorroskiloaren zuloan sartu eta, irakaslea azalpenak ematen ari zen bitartean, hatza biratu nuen. Garrasi egin nuen, ez dakit minez ala harriduraz.

         — Zergatik egin duzu hori? —espantuka hurbildu zitzaidan irakaslea.

         Ez nuen erantzuten jakin.

         Gustatu egiten zitzaidan halako esperientziak aitarekin konpartitzea. Horrelakoak kontatzen nizkionean adi entzuten zidala iruditzen zitzaidan. Tabernako tabureteen talaiatik, gezurrezko zoriontasunari buruz gogoetatzen nuen aitarekin, haren esaldiak barrundatzen nituen bakarka, eta lagunen aurrean errepikatzen nituen harro:

         — Zorigaitza askoz interesgarriagoa izan liteke zoriontasuna baino.

         Txorroskiloarena kontatu nionean esan zidanak, ordea, nahasita utzi ninduen.

         — Badakin nik ezin dudala hire mina sentitu, ezta?

         Ilusio faltsuen aurka borrokatzen irakatsi zidan.

         — Zopa hotza badago, alferrik sinetsiko dun bero dagoela.

         Bost urte nituela kontatu zidan Olentzero eta Erregeak ez zirela existitzen, eta xeheki azaldu zidan zergatik egon behar nuen ospakizun haien kontra. Motibo ideologikoak eta praktikoak tarteko, gure etxean ez ziren Gabonak ospatzen. Urtez urte, gogor entseatu nintzen koloretako argien, gabon-kanten, oparien eta familia zoriontsuen aurkako gurutzada intimoan. Hala ere, Gabonak iristean, lotsaz, baina Olentzerori gutuna idazten nion azkenean, tentuz, aitak harrapa ez nintzan, eta gauza bakarra eskatzen nion, ez oso handia.

         Eguberri bezperan gurasoek berandu amaitzen zuten tabernako lana; zer esanik ez Urtezahar gauean, ozta-ozta libratzen baitzuten ordu-parea, afaldu, eta berriro Atakara jaisteko. Eguberri eta Urteberri egunez, berandura arte lo egin ondoren taberna garbitzera jaisten ziren.

         Abenduaren 24an taberna irekita egoten zen iluntzeko txikiteoa amaitu arte, bost edo sei zerbitzari behar izaten ziren egun hartako jende oldeari buelta emateko. Leporaino betetzen zen taberna, hainbeste ze langileei ezinezko suertatzen baitzitzaien komunera irtetea bera ere, eta sukaldean bertan egiten zuten txiza, gizonek zuzenean harraskan, eta amak palankana batean. Ni ere, presoen aldeko iluntzeko kalejirara joan ordez, Atakan gelditzen nintzen laguntzen: edalontzi hutsak barrara eramaten eta “kaskoak” egiten.

         Langile-taldearen erretratua ateratzen zuten urtero egun hartan. Zazpi-zortzi urterekin zerbeza-kaxa oinpean eta piztu gabeko zigarro bat eskuan ageri naiz gurasoekin eta haien lankideekin batera egindako argazki batean. Amak ile beltzaren atzean estalita du aurpegi erdia, serio, triste eta eder, beti bezala.

         Gaueko hamaikak aldera erretiratzen ginen tabernatik Altzadira. Angel gurekin etxeratzen zen, eta zerbezak edaten, berriketan eta zigarroak erretzen egoten zen gurasoekin sukaldean, mahai bueltan. Kanutoa bildu eta txandaka erretzen zuten. Tarteka balkoiko atea irekitzen zuten sukaldea aireztatzeko. Ni ere haiekin esertzen nintzen, eta han egoten nintzen nekeak eta ke gozo hark bentzitu eta mahaiaren kontra errenditzen nintzen arte. Aitak eramaten ninduen ohera desordutan; gorputza bigun, besoak zintzilik. Modu hartan bakarrik hartzen nuen lo lasai: nekeak eraitsita eta oharkabean, gainerakoaz aita arduratuko zen segurantzarekin.

         Handik tarte batera, loaren erdian, esku batek sorbaldatik heldu eta poliki inarrosten ninduela sentitzen nuen.

         — Olentzero etorri dun —xuxurlatzen zidan Angelek.

         Begiak irekitzen nituen orduan, eta gelaren ertz batean opari bat aurkitzen nuen. Isilka jaikitzen nintzen ohetik, kaleko arropak oraindik soinean.

         — Lasai, ni geldituko naun zelatan.

         Tentuz, papera kentzen nion opariari.

         — Asmatu al du? —galdetzen zidan.

         Neukan indar guztiarekin besarkatzen nuen nire aingeru guardakoa.

 

 

Zortzi urterekin, gogoz kontra, musika-eskolan matrikulatu ninduen aitak. Nire gelako inork ez zuen izenik eman, eta ez nuen bakarrik joan nahi. Bidean nire beldurra azaldu nion aitari, baina agiraka egin zidan kakatia izateagatik. Altzadira aldatu arren, Lasaldeko eskolan matrikulatu ninduten, Urruzunon. Auzoan ezagutzen genuen familia euskaldun bakarrarekin konpontxo egin eta eskolak euskaraz jaso ahal izan genitzan borrokatu zen aita. Neu nintzen gelako haur guztien artean gurasoetako bat behintzat euskalduna zuen bakarra, baina errezeloa nuen horrek ez ninduela lerro-lerro eseritako neska-mutil haien zepotik libratuko. Atariraino lagundu zidan aitak.

         — Tira, hoa!

         Eskailera pila bat igo behar ziren: eraikin zahar bateko azken solairuan zegoen musika-eskola. Erabat kikilduta nindoan. Bigarren solairutik hirugarrenerako tartean gorpuztu zen nire beldurra: ikastolakoek korridore bat osatzen zuten eskaileraren bi aldeetan eserita, nahitaez haien erditik igaro behar nuen ikasgelara iristeko. Poliki hasi nintzen korridorea zeharkatzen, lurrera begira. Barre txiki bat aditu nuen atzean. Pausoa azkartzen saiatu nintzen, baina Adidas galtzadun zangoak luzatzen zituzten niri pausoa oztopatzeko. Mutil bat puzker-soinuak imitatzen hasi zen. Beste batek, eskuak bozgorailu “Urruzuno, no se salva ninguno” oihukatu zuen, eta atzetik jarraitu zioten koruan: “Urruzuno, ocho petas fumo”, “Urruzuno, maquetos y morunos”, “Urruzuno, del sida me vacuno”... Hainbat errimaren artean egin nuen bidea, musikalitatearen bertuteak neure larruan sentituz.

         — Ez nagon klase borroka hau galtzeko prest, Jenisjoplin.

         Aitak urteak zeramatzan gitarra jotzen ikasi nahian. Lagunarteko otordu guztietan ateratzen zuen zorrotik, baina ez zen kanta bat osorik jotzeko kapaz, eta argi zeukan gitarrarekin zuen harreman traketsak zerikusi zuzena zuela klase diferentziarekin.

         — Inteligenteen eta intelektualen artean —esan zidan— eskailera bakarra zagon: dirua.

         Eta, jakina, gu inteligenteak ginen. Oso inteligenteak. Berdin gertatzen zitzaion poemak idazten edo erreflexio sakonak egiten hasten zenean: hasieran, isuri-isurian ateratzen zitzaizkion hitzak, baina, bat-batean, zalantza egiten zuen digresión eta regresión hitzen esanahiaren artean; edo diabetis esaten zuen diabetes esan ordez, eta goitik behera erortzen zitzaion ordura arte eraiki zuen diskurtsoa, sinesgarritasunarekin, poetikarekin eta lilurarekin batera. Haren zapatilak ez zeuden zidor haietarako prestatuak. Auzokoak engainatuko zituen intelektual-plantak egiten, baina hortik aurrera, nekez.

         Musika-eskolak eskaintzen zituen adar guztietan matrikulatu ninduen: solfeoan, gitarran, koruan... Zegokidan gela aurkitu, eta atzeko mahaietako batean eseri nintzen, leihoaren ondoan.

         Irakasleak zerrenda irakurri zuenean ozta-ozta altxa nuen begirada mahaitik, bertan nengoela adierazteko. Lekutan gelditu zitzaidan vargastarren urguilua, aitak sutsuki goratzen zuen abizen ijitoaren kasta. Guztion bina abizen irakurri izan balitu erdira jaitsiko zidakeen lotsa, baina inork ez zuen jakin Vargasen atzetik Alkorta nintzenik, ez jakingo ere, nire ahotik behintzat.

         Melodia ponposo bat jarri zuen irrati-kasetean, txaloekin erritmoa eramateko agindu zigun.

         — Zer da, Mozart ala Vivaldi? —entzun nuen neska apain bat beste bati galdezka.

         Camarón eta Manzanita bereiziko nituzkeen nik, bi nota entzun orduko. Erabateko erridikulua sentitu nuen gela hartan txaloka, markako arropaz jantziriko gainerako haurren artean. Zorionez, ez nintzen ni izan irakasleak arbelera kortxeaerdi bat marraztera aterarazi zuena, eta lasai samar igaro ahal izan nuen kontserbatorioko lehenengo eguna.

         Eskola amaitu orduko, ziztuan atera nintzen gelatik; aurreneko egun hartan behintzat, ikastolakoen zangotrabak eta purrustadak saihestea lortu nuen.

         Aita zain neukan atariko eskaileretan.

         — Zer moduz? —galdetu zidan neurriz kanpoko pozaz.

         — Ondo.

         — Esan ninan.

         — Aita, gu maketoak gara?

         Matrailezurra estutu zuen.

         — Hi horiek bezain euskalduna haiz, aditu? —esan zidan eskaileretan behera zetozenak seinalatuz.

         Ez nintzen kontra egitera ausartu, baietz egin nion buruaz, nire baitan taxuzko euskaldunak nor ziren argi neukan arren: ikastolakoak, arratsaldeetan solfeora, euskal dantzara eta ingeleseko partikularretara joaten zirenak, azoka txikiko arroparik ez zutenak, eskolarteko kiroletan makinaz inprimaturiko letra dotoredun elastiko eta galtzamotz uniformatuak zerabiltzatenak; ez guk bezala, errotuladorez apaintzen baikenituen banketxeak opari emandako klujubenileko kamisetak. Aitarentzat ez beste guztientzat, euskaldunak haiek ziren: Lasalden bizi ez zirenak, besteak.

         — Jenisjoplin, hire hurrengo urtebetetzean gitarra elektriko bat oparituko dinat, gorri distiratsua.

 

 

Badabilkit zainetan erruduntasun-sentimendu zahar bat, zigortua izateko antsia bat, borreroarekiko dialektika intimo bat. Bizitzarekin daukadan jolas bera da: zigor nazazu, diotsat, baina indarrak neurtuko ditugu. Jar ditzagun haragia, izerdia, odola jokoan. Borrokan bizirik sentitzen naiz; bakean, hilda. Horregatik bilatzen dut biolentzia; baketzetik, gelditzetik, isiltasunetik libratzen nauelako. Gorputz bat dudala eta nirea dela oroitarazten didalako.

         Jende gehiena egoera biolentoak saihesten ahalegintzen da, indarkeria itsusia iruditzen zaionez. Kosta zait horrekin ohartzea. Niri alderantziz gertatzen zait: erakarri egiten nau. Interpelatua sentitzen naiz, neure izenez deitzen dit. Askotan, neuk sortu izan dut enfrentamendua: irakasleekin, tabernako bezeroekin, Poliziarekin, medikuekin, eta neure buruarekin. Autoritateari erronka jotzea neure-neurea dut. Manifestazioetara bidean, zain egoten naiz kontrola non topatuko, autotik noiz jaitsaraziko. Baina ez naute inoiz gelditzen. Beldurrik ez diedala erakutsi nahi nieke ikusezintzat naukatenei. Nire atxiloketa-unearekin fantasian aritu izan naiz, trantze hori desiratzeraino: atea botatzen irudikatu ditut, eta ni egongelan zutik. Zain. Nire gorputza polizia baten parean, epaile baten aurrean, begietara begira haien galderei erantzuten, banan-banan.

         Biolentzia niretzat ez da zerbait arrotza eta arbuiagarria, komunikatzeko modu bat gehiago da. Hor dagoen zerbait: gugan, gurekin. Ez zait mespretxuraino nazkagarria iruditzen. Ulertu egiten dudala esango nuke. Okerragoa deritzet gutxiespenari, erdeinuari, arbuio isilari.

         “Zeuk ikusi”, erantzuten zidan aitak umetan, edozertarako baimena eskatuz gero. Obeditzen ez banion, isiltasuna jasotzen nuen ordainetan. Auzoko lagunak zigortu egiten zituzten gaiztakerian harrapatuz gero. Telebistarik gabe. Afaldu gabe. Oparirik gabe. Ni, ez. Izan nuen garai bat aitari ni zigortzeko eskatzen hasi nintzena; egindako okerrak hari aitortzen eta, halakorik ezean, zigorra merezi ahal izateko gaizki eginak puzten eta, are, asmatzen. Baina aitak hitz beste egiten zuen, axolagabe, eta neure gain uzten zuen kulparen zama osoa. Ama, mutu. Erruduntasunaren lasta. Zigorrik ez, barkamenik ez. Horregatik hasi nintzen, egun batetik bestera, neure burua zigortzen: zerbait oker egin nuela uste banuen, logelan giltzapetzen nintzen, eta lagunek kalerako deituz gero, ezin nuela erantzuten nien, zigortuta nengoela. Hala irauten nuen, asperraren asperrez, zigorra amaitu zela erabakitzen nuen arte. Ez zigorrik, ez baimenik, ez debekurik. “Zeuk ikusi”.

         Aurrez aurreko biolentzia ez da beti makurrena. Ez ote da ankerragoa urrutiko bortxa? Soraio begiratzen diogu biolentziarik bihozgabeenari, eserita eta bolumen baxuan. Inor ez da esplotazio ekonomikoaz mintzo indarkeria insurgentearen aurkako adinako higuinez eta konbentzimenduz. Pobrea ez da biktima. Behartsuak ezin du inor salatu pobre izate hutsagatik. Inork ez du adiskidetzerik proposatuko aberastuen eta apalduen artean. Terrorismoa errotik eragotzi behar den lasta den bitartean, bulego aseptikoetan idazten dira zapalkuntza ekonomikoa desenkusatzen duten txostenak. Aurrez aurreko biolentzia ez da dioten bezain gaiztoa. Enfrentamenduan bestearekiko kontaktua dago beti; bestearen begietan bazaude, bazara. Eta ni bizi-bizirik sentitzen naiz egoera biolentoetan, gorputzen talkan, garrasietan, minaren eta justiziaren erdian. Jakin nahi nuke lau txapelokerrek gauez autotik atera eta bultzaka mendira eramango banindute, ausardiari eutsiko niokeen edo galtzetan kaka egingo nukeen; zer usain leukakeen lokatzak, zakurren hatsak. Desafiorako bulkada erraietatik datorkit, sexua datorkidan toki beretik. Erronka jo pikoloei; larrua, neure buruari. Eutsiko diozu?

         Eta zorte handia izan dudala uste dut. Beti atera naiz onik ataka gaiztoetatik. Askotan egon naiz arriskuan, itzuri egin diet kristal hautsiei, ukabilkadei, pilotakadei, pistolei, labanei, borrei, bortxatzaileei. Etxe-atariraino jarraitu didate gizonek, eta ez naiz korrika hasi; haien pausoak aditzean gelditu egin naiz, bira egin dut, aurpegia eman, bebarruko atea haien muturretan itxi. Eta joan egin dira. Arriskuari dei egin diot, seguruago sentitzen nintzelako hark ni ezustean harrapatuta baino. Immunitate-sentsazio sendoa izan dut urteetan. Bizitzak, etorri, eta esan didan arte: oker zeunden, Nagore, ez zara immunea.

 

 

Somosierra. Beroak eta hotzak arrakalaturiko errepidea. Bazterretan, arte batzuk eta zuhamuxka barreiatuak: txilarra, erromeroa, elordi lakarrak.

         — Nagore.

         Leihatilatik eta pentsamenduetatik apartatu nuen burua.

         Karraren begiak atzerako ispiluan.

         — Isilik hoa.

         Ez ziren bi ordu Auzitegi Nazionaleko atetik irteten ikusi genuela. Kalea zapaldu orduko lepora jauzi egin zion Irantzuk, arnasa hartzeko ere betarik eman gabe. Ikara eragin zidan Karraren erreakzioak. Sotila izan zen, doi-doi keinu baten hasiera: laguna gainera etorri zitzaionean besoekin bere burua babesteko imintzioa egin zuela iruditu zitzaidan. Kolpez geldituriko urratsa eta besoen goranzko bulkada ia antzemanezina, segituan kontrolatu zuena. Urrunetik bilatu nuen lagunaren begirada. Irribarre barea egin zidan, eta baiezko keinua buruaz. Interpretatzen asmatu ez nuen xehetasun bat: faltan zituen Martens botetako lokarriak. Luka bideo-kameraren atzetik ari zen momentua erregistratzen.

         Guztiok besarkatutakoan ingurura begira gelditu zen.

         — Etxean dauzkak zain.

         — Ez dira etorri?

         — Liherrek barizela harrapatu dik eta sukar altuarekin igaro ditik azken bi gauak. Larritu egiten zian umeari hain bidaia luzea eginarazteak, badakik autoan nola jartzen den...

         — Nahikoa egin din.

         — Bazkaltzeko eramango haugula zin egin zioagu.

         Sabela ferekatu zuen.

         — Kafetxo bat nahi duk? Jaten eman diate?

         Auzitegiaren aurreko Riofrío taberna seinalatu nion.

         — Eztaaa...! Goazen hemendik derrepentean! —esan zigun.

         Besotik heldu zion Irantzuk.

         — Autoa arrankatuta utzi diat.

         — Nahi duzuenean —gehitu zuen Lukak.

         Begira gelditu gintzaizkion denok.

         — Hi ez al hindoan Habanara?

         — Ni?

         Bideo-kamera biltzen amaitu zuen. Karrak Irantzuri eta bioi heldu zigun lepotik.

         — Zer moduz bidaia?

         Irantzuren zehar-begiratuari eutsi behar izan nion.

         — Bakar-bakarrik etorri nauk.

         Kontu eske ari zitzaidan. Buruari eragin zion Karrak, nahasita.

         — Kapituluren bat galdu dudala uste dut.

         — Baita nik ere —Irantzuk.

         Lukari begiratu nion. Keinu egin zidan. Motxila eta kameraren poltsa sorbaldatik zintzilikatu zituen.

         — Irantzu, hire Corsak ahalko al du laurokin?

         Berriz errepidean. Cerezo de Abajo. Aldealcorvo. Cantalejo. Kazetariak bidean: Irantzu txofer, Karra kopilotu eta, atzean, Luka eta biok.

         — Zer moduz tratatu haute? —Lukak ilea laztandu zion atzeko eserlekutik.

         — Ezin nauk kexatu.

         — Gogorra izan da? —Irantzuk autoaren abiadura moteldu zuen.

         — Ez dun oporretara joatea bezala, baina tira.

         — Asko mareatu haute?

         — Ez zitunan isiltzen.

         Karra, leihatilatik begira, mutu gelditu zen une batez.

         — Gezurra gezurraren atzetik, seguru.

         — Hori dun okerrena: kontrakoa aginduta ere, gezurren artean egiak apartatzen saiatzen dun burua.

         Ordulariari begiratu zion.

         — Jarri ezan irratia.

         — Radio Maria bakarrik hartzen dik.

         Barre egin zuen Karrak.

         — Aparta ezan egia bat hor!

         Pardilla. Fuentenebro. Euri-tantak.

         — Lasai egon haiz?

         Telefonoez galde egin zigun erpurua belarrian eta hatz txikia ahoan jarrita. Lasai hitz egin zezakeela adierazi genion.

         — Epailearen aurretik pasatu arte ez nekinan ni bakarrik eraman nindutenik. Alboko kalabozoan Nagoreren ahotsa aditu uste izan ninan.

         Begirada altxa nuen.

         — Abokatuak ezeztatu didan arte erabat sinetsita nengonan.

         Lukak izterra laztandu zidan. Erabat nire baitaratuta nindoala ohartu zen. Eskua eman nion.

         — Eta hori? —jiratu zen Karra brastakoan.

         — Zer? —Irantzuk.

         Eskua askatu nion, izututa.

         — Ostia puta. Barruan eduki nauten bitartean larrutan aritu zarete!

         Irantzuk atzera begiratu zuen. Eskuinera okertu zitzaion autoa.

         — Begira ezan aurrera!

         — Eta ni hirekin kezkatuta! —kargu hartu zidan Karrak.

         Irantzuri hitz egin zion.

         — Hik bahekien?

         — Zertaz ari zarete? —haserretu zen Irantzu.

         — Atzean bi traidore zeramatzanagu, bero-bero eginda.

         Bi orduan lehenengoz ireki nuen ahoa.

         — Ez da uste duzuena.

         Bolantea askatu eta eskuak gora jaso zituen Irantzuk.

         — Honek hankartea zupatzeko utzi nindunan kolgatuta?

         — Irantzu, egon hadi isilik —sumindu zen Luka.

         — Gelditu hor.

         Nire aginduari obeditu eta bide ertzeko restopean gelditu zuen Irantzuk autoa. Euria ari zuen. Zigarro bat piztu nuen leihatila ireki gabe.

         — Badakit ez dela nitaz hitz egiteko momentu egokia. Kalabozotik atera berria haiz, baina gauzak okertu egin zaizkidak.

         Serio begiratu zidan Irantzuk.

         — Atxiloketaren egunean analisi ustez arrunt batzuk egitera joan nintzen ospitalera.

         — Zer daukan?

         — Hiesa diagnostikatu didate.

         Lagunen aurpegiak ikusi nituen desitxuratzen.

         — Lukari kontatu nionean Madrilera gonbidatu ninduen eta bi aldiz pentsatu gabe autobusa hartu nuen. Barkatu, Irantzu, ez nindunan prentsaurrekoa emateko gauza.

         Isilik gelditu ziren hirurak.

         Kamioi batek bozina jo zigun, bidea ixten ari gintzaizkion.

         — Beraz, egia zunan... —Karrak buruari eragiten zion.

         — Zer?

         — Txakurrek esan zidatenan.

         Tinko begiratzen zidan Karrak.

         — Nola?

         — Bazekitenan. Zomorroa heukala esaka aritu zitunan. Ez nienan sinetsi...

         — Baina... ezin daitekek...

         Irrealitate-sentsazioak inarrosi ninduen. Lukari begiratu nion, izututa.

         — Nola kontatu hion Lukari? —galdetu zidan Karrak.

         — Joder —esan zuen Lukak.

         Ni erabat galduta nengoen.

         — Telefonoa, Nagore. Zulatuta daukan.

         Autotik atera nintzen. Arnasa behar nuen.

         — Nagore!

         Oinez aldendu nintzen. Laster itzuli nintzen, blai eginda.

         — Zer esan ziaten zehazki?

         — Ez zakinat...

         — Esadak egia, Karra.

         — Ba, atxiloketaren egunean etxera bidean ikusi hindutela eta erabat zargalduta hengoela...

         Erosketa garraio nindoala atari hartan ikusi nuen zakurtzarrarekin oroitu nintzen.

         — Lasaiena zirudienak atera zinan kontua: la pobre parecía un esqueleto...

         — Zer gehiago.

         — Claro, con la enfermedad de las putas y los yonquis..., edo horrelako zerbait bota zinan beste batek.

         — Kabroi zikinak —Luka sutan zegoen.

         — Eta zer gehiago?

         — Besterik ez.

         — Esadak egia.

         — Pozoia besterik ez dun.

         — Entzun egin nahi diat.

         — Ya tiene lo que se merece la muy zorra.

         Laster hilko nintzela esango zitean.

         Isilik gelditu zen.

         — Primeran. Ba, orain badakizue denok: medikuek, Poliziak, zuek. Nothing to declare. Goazen etxera.

         Isilik egin genituen hurrengo kilometroak. Quintanilla de la Mata. Villafruela. Eta aurrerago Burgos, Atapuerca. Armiñon parean Euskadi Irratia sintonizatu zuen Irantzuk. Ordu bateko albistegian jakin genuen, Karra askatu bazuten ere, Libre prebentiboki ixteko agindua eman zuela Pablo Ruz epaileak.

 

 

Zerua behe-behean zegoen. 1994ko iraileko egun lainotsu eta heze bat zen. Hamabi urte nituen.

         — Joango gara buelta bat ematera? —galdetu zidan aitak telefonoz.

         Zumaiara eraman ninduen. Marea biziak barraren ertzeraino arrastatzen zuen itsasoa.

         — Sartuko al gara?

         Nik ez nuen bustitzeko gogorik.

         — Udako azken bainua! —esan zidan animatuta.

         Aitarentzat sakratuak ziren “azken” guztiak: azken zigarroa, azken abestia, azken aukera. Zapatilak askatzeari ekin zion.

         — Goazen!

         Ez genuen bainujantzirik. Toalla zahar bat aurkitu genuen maletategian. Aitak larrugorritan zeharkatu zuen hondartza hutsa, eta azpiko arropak soinean jarraitu nion nik. Uretan sartzerako, izterrak eta gerria kolpatu zizkiguten olatuek, apartsu; itsas tirainak arrastan eramaten zigun oin azpiko harea, zorua erauziz, eta hankazpiak zuloan hondoraraziz. Ibaiak ekarritako mukur bat begiztatu genuen hogei bat metrora.

         — Ezetz haraino!

         Urpean sartu nuen burua, eta olatu bat pasatu nuen azpitik. Beste bat. Igeri egin nuen aurrera, lehertu gabe zetozen olatuekin gora, eta zuri eta braustaka zetozenekin behera murgil eginez. Mukurrari heldu nion. Eskuarekin jaso eta aitari erakustera nindoan, ezustean harrapatu ninduen olatutzar batek atzetik jo eta enborrak buruan kolpatu ninduenean. Burua urpetik ateratzen saiatu nintzen, baina aire-ahokada bat lortzerako estali ninduen hurrengo bagak. Urpean geldirik irautea erabaki nuen, olatuen barealdiari itxarotea, itsasoaren aurka borrokatu beharrean. Azaleratu nintzenean, itsasertzetik lehen baino metro batzuk urrunago nengoela ohartu nintzen. Tirainak itsas zabalerantz ninderaman. Aitari deitu nion. Egonarria galduta, lehorrerantz hasi nintzen igerian, besakada indartsuak saiatuz. Beste olatu batek irentsi ninduen. Zuria. Arnastea lortu nuen. Hondarra. Aitaren burua han urrunean. Zuria, beltza eta, gero, gorria. Zeru zati bat, grisa. Urrunera, hondora arrastatua nintzelako sentipena... Eta, bat-batean, errendizioa. Isiltasuna. Besoak eta burua uraren mende. Izatearen kulunka barea. Itsasoaren musika neure erraietan. Sehaska. Logura.

         Aitaren besoetan esnatu nintzen, toalla zaharrean bilduta.

         — Nora hindoan, Jenisjoplin?

         Dardarka nengoen. Besoetan hartu eta autora eraman ninduen, sofatik ohera bezala. Manta batekin tapatu ninduen eta berogailuari eragin zion. Burrunba abegitsua. Halako barne-poz batek hartu ninduen, hain zen gozoa epeltasun hura, eta lasaigarria, aitaren eskua buruan.

         Jantzi egin zen.

         — Nagore... —esan zidan.

         Irribarrez begiratu nion. Kokotsetik heldu zidan leun.

         — Amak eta biok banatzea erabaki dinagu.

         Isilik gelditu nintzen aitari begira. Itsasoak oihartzun egiten zidan oraindik belarrietan. Txistu moduko bat aditzen hasi nintzen.

         — Beste edozein hauturen antzeko erabakia dun...

         Geldialditxo bat egin zuen.

         — Hik solfeoa uztea erabaki dunan moduan, guk gure artekoa uztea erabaki dinagu.

         Kaioen karraka baino ez zen aditzen. Beste auto batek aparkatu zuen gurearen aldamenean, mutiko batzuen zalaparta. Berogailuaren burrunban jarri nuen arreta. Barruko arropa bustiekin manta laukidun batean bilduta egotearen absurdoa. Elbarritasun-sentipen astuna. Malko traidore batek ihes egin zidan, epel eta lodi, masailean behera.

         — Agian hasiko naiz berriz gitarra jotzen.

         Ile bustia apartatu zidan aurpegitik.

         — Printzipioz, Madrilera joango naun. Gero, ikusiko dinat.

         Gorputza sentitu nuen zurruntzen. Itsasoa izozten den geografia hori. Lehen euri-tanta haizetakoan. Mutu, buruan azken hilabeteak errepasatzen saiatu nintzen. Ez nuen gurasoen arteko musurik edo besarkadarik oroitzen, ezta errietarik ere.

         Itsasbehera zen Itzurungo hondartzan. Tirainak ura indarrez zeraman kanporantz, itsas zabalera. Autoaren motorrak martxan jarraitzen zuen, eta geldirik eta ilun zegoen han, urertzean, enborra, neureganatu uste izan nuena.

 

 

Gurasoak banandu zirenean etxez aldatu ginen, laugarren aldiz. Aspaldiko auzokide batzuek alokairuan jarri zuten eurena; prezio onean utzi zioten amari, eta Lasaldera itzuli ginen. Angelek lagundu zigun mudantzarekin. Ni pozik nengoen Altzaditik gure barriora itzultzeaz.

         Lasaldeko bizileku berria etxabe bat zen, atetik bezala sartu eta irten nintekeen logelako leihotik. Aldamenean Maritere Kortaberria izeneko emakume zarpail bat bizi zen. Auzoan erotzat zuten, beti txabusina soinean ibiltzen zelako eta dozenaka katurekin bizi zelako eta, batez ere, bere perikitoarekin, Pakitorekin, hitz egiten zuelako.

         — Nola arraio lortu duzu perikitoak hitz egitea? —galdetu nion.

         — Garrantzitsuena da kaiolan ispilu bat jartzea. Perikitoek ez dute hitz egiten konpainia dutela sentitu ezean. Eta gero, ordu asko. Konfiantza egin behar da txoriarekin, aizu. Goizean goiz entrenatzea da onena, kaiola estalgabetu berritan. Hitzak errepikatu behar zaizkie, errepikatu, errepikatu, errepikatu. “P”, “t”, “k” eta “d” soinuak dira onenak. Pakito, pakito, pakito. Eta, ttak, apio pixka bat.

         “Pakito, Pakito!”, jarraitu zuen perikitoak txilioka.

         Horrekin zailagoa da.

         Neska mardul bat igaro zitzaigun aldamenetik, ni baino urte batzuk zaharragoa, eta Maritereren etxean sartu zen. Bertan inor ez balego bezala zeharkatu zuen bebarrua. Bizilagunak berak kontatu zidan alabak eskizofrenia zuela. Seme bat ere ba omen zuen, baina kartzelan.

         — Bortxaketa batzuengatik —esan zuen, keinua apenas mudatu gabe.

         Ez zuen ez alabaren ez semearen izenik aipatu. Argazki bat seinalatu zidan etxeko hallean: 30 urte inguruko morroi argal bat.

         Arratsalde dezente eman nituen Maritereren etxean, katuak zaintzen eta Pakitori hitz berriak erakusten: Konpota! Konpota! Konpota! Halako batean, Korta askatu zutela zabaldu zen auzoan. Bortxatzailea suelto zebilela eta, neskei bakarrik ez ibiltzeko eta mendi aldera ez joateko ohartarazi ziguten gurasoek eta irakasleek. Patioan neskak izutzen dibertitzen ziren mutilak: “violador!” oihukatzen zuten, eta neskak motxilak, panpinak, harriak, txotxak edo dena delakoak utzita, herio batean hasten ziren korrika, txantxaz jabetu eta, purrustada batzuen ostean, berriro jolasari ekiten zioten arte.

         Ez nuen mugimendurik sumatu auzoan, txutxu-mutxuak baino ez zirela esaten nien lagunei, jaramonik ez egiteko berriketa haiei. Kieto gelditzen nintzela ikusita, kontraerasora igaro ziren mutilak.

         — Begira nola loditu zaizkion titiak —aditu nion Mikel izeneko auzoko mutil bati esaten.

         Gu neurtzen hasi zirenean hasi ginen geu ere geure burua neurtzen. Hilabete gutxian nabarmenki hazi zitzaizkidan titiak, ez kiloak irabazi nituelako bakarrik. Bularretako bat hartu nion amari barruko arropen tiraderatik, eta txikiegi neukala egiaztatu nuen. Mutilen txantxak eta erronkak areagotu egin ziren, baita geure buruarekiko erdeinua ere. Azal gogorreko liburu bat hartzeko, bularraren parean zabaltzeko eta ixten saiatzeko eskatzen ziguten. Titiak elkarren kontra zanpatzen zitzaizkien haragi pixka bat zutenei, eta burla egiten zieten. Beste batzuei erabat ixten zitzaien liburua, eta horregatik ere barre egiten zieten. Ikastolakoek “surfeko taulak” deitzen zieten titibako neskei. Lasalden txapakumearekin konparatzen zituzten. Neska bakoitzaren titiak mendiekin alderatuz rankingak egiten zituzten arbelean klarionaz. Handienak Everest ziren; txikienak, Xoxote. Animaliekin, mendiekin, objektuekin, janariekin, materialekin... konparatzen gintuzten.

         Eskolatik irten eta etxerantz nindoan arratsalde batean Mikelek, atzetik etorri, bularretatik heldu eta gora eta behera astindu zizkidan. Jiratu eta sekulako belarrondokoa eman nion bueltan, baina Mikelek barre-zantzoka jarraitu zuen mutilez osaturiko zirkulu baten erdian. Gaztetxo-kuadrillaren ondoan zutik zegoen maisua ere barreari ezin eutsita zegoela ohartu nintzen. Amorrua sentitu nuen zangoetatik gora hedatzen, irakasle hari ukabilkada bat emateko bulkada, baina paralizatuta gelditu nintzen. Etxean, elastikoa erantzi eta logelako ispiluaren aurrean jarri nintzen zutik: non arraiotik atera ziren bularrok? Ez zitzaizkidan nireak iruditzen. Ez nituen ezagutzen, ez nekien deus haiei buruz, min egiten zidaten, mugitu egiten zitzaizkidan. Begiratu, neurtu eta konparatu egiten zizkidaten. Bi haragi-puska haien erruz nonbaitetik betiko egotzi nindutela sentitu nuen, baina ez nekien esaten zehazki nondik.

         Maritererekin egoten jarraitu nuen, hark bake-bakean uzten ninduen behintzat. Mandatuak egiten nizkion, kontserba-latak gehienbat, eta potoak apalik garaienetan kokatzen laguntzen nion, ordurako bera baino puskaz altuagoa bainintzen.

         Eskolan birziklatutako materialekin musika-tresna bat egiteko agindu ziguten, eta arratsalde batean ikaskide batekin trenbideaz bestaldeko zabortegira abiatu nintzen, material bila. Trenbidea zeharkatu eta hartxintxarrezko kaminotik gora gindoazela, Korta ikusi nuen. Ez nuen zalantzarik izan. Aldapan behera zetorren pauso baldarrez.

         — Bera da —esan nuen.

         Korrika hasteko imintzioa nabaritu nion lagunari, baina gogor heldu nion besotik, eta aurrera tira egin. Oinez jarraitu genuen, poliki baina etenik gabe. Gizonaren aldamenetik igaro ginen, metro-erdi eskasera, kontrako norabidean ikusi genuen urruntzen. Zabortegira iritsi ginenean, gelakideak eskua askatu eta bultzakada gogor bat eman zidan, haserre.

         — Eroa!

         Handik egun batzuetara, gauez, amarekin telebista ikusten nengoela, zarata lehor bat aditu genuen. Atezuan jarri ginen besaulkian, eta leihora hurbildu ginenean, sugarrak ikusi genituen Maritereren etxean. Bebarrura atera ginen korrika. Han zegoen bizilaguna, betiko txabusina soinean eta ilea sutan, garrasika. Amak toalla bat bota zion buru gainera, kea eta ustel-usaina zabaldu ziren atalondo estuan. Semeak, harri batekin etxeko kristala hautsi, eta logelara koktel molotov bat jaurti zion. Katu guztiak desagertu ziren, Pakito ere bai.

         — Kaiola ireki diot, erreta edo itota hilko zen bestela —esan zigun Mariterek.

         Maritereren alabak etxe barruan jarraitzen zuela ohartu ginen orduan; ohe ertzean eserita, hormari begira, geldi. Hiruron artean indarrez atera behar izan genuen, ez baitzuen ohetik mugitzeko intentziorik.

         Ertzainei deitu zien nire amak, baina ez zituzten bost minutu ere egin Maritererekin. Auzokideek gurean lo egin zuten gau hartan. Handik egun batzuetara, katuak etxera bueltatu ziren. Pakito ez.

 

 

Bilbora iritsi ginenean etxeraino lagundu genion Karrari. Pikorta gorriz beteriko umea negarrez ari zen amaren besoetan. Bazkaltzen gelditzeko gonbita egin zigun Karraren neska-lagunak, baina familiaren intimitatea errespetatu nahi izan genuen.

Telefonoan goizeko notiziaren irudiak erakutsi zizkigun: Libre irratiko atea prezintatuta.

         — Korreoa ere blokeatu ziguten —jakinarazi zidan Irantzuk.

         — Berriz hasi beharko duzue.

         Atxuritik barrena, Arriaga antzokiaren bizkarralde borobildua ikusi nuen haizetakotik. Semaforo gorriaren aurrean gelditutakoan besoak buruaren gainetik jaso eta gerria atzera luzatu zuen Irantzuk. Lepoari eragin zion bi aldeetara. Nekatuta behar zuen Madrilerako joan-etorriaren ostean. Orain lanik gabe zegoen. Berriz curriculumak bidali beharko zituen, kolaborazioak egiten hasi, lau sosen truke kazetaritzaren gelaurrea igaro: enkarguzko erreportajetxoren bat Argian, lorezaintzari buruzko gehigarri bat Berrian... Ongi idazten zuen, zehatz eta trinko, baina ez zuen zorte handirik izan. Berria egunkarian telebista- eta agenda-sailetan aritu zen karrerako azken urtean, eta ezin izan zuen talentu-erakustaldirik egin.

         Areatzan urriko liburu-azokarako etxolak muntatzen ari ziren. Udaletxe aurreko biribilgunera iritsi ginenean, ibaiertzean paseatzeko gogoa sentitu nuen.

         — Gelditu momentu batean —eskatu nion Irantzuri.

         Taxi-geltokira baztertu zuen autoa.

         — Emango dugu osteratxo bat?

         Biei galdetu nien, egiaz Irantzurekin bakarka egotea desio nuen arren. Ez genuen tarte bat hartu zurrunbiloa hasi zenetik. Zortez, intuizio zorrotza zuen Lukak.

         — Zoazte biok, nik aparkatuko dinat autoa toki onean —esan zion Irantzuri.

         Laino ilunen artetik eguzki-izpiek distira keinukariak sortzen zituzten Ibaizabaleko uretan. Lukak, galtzadara irten eta gidariaren lekua hartu zuen. Irantzu eta biok espaloira baztertu ginen.

         — Etxean itxarongo dinat —esan zidan.

         Gustatu zitzaidan esaldiaren oihartzuna.

         — Esan amari ondo nagoela.

         Oinez hasi ginen ibaian behera, Zubizurirantz.

         — Zer egingo dun orain? —galdetu zidan.

         — Irratia berriro martxan jarri beharko dinagu.

         Lurrera begiratu zuen.

         — Nik ez dinat indarrik. Nekatu naun prekarietatearen xarmaz. Hi ez?

         Ez nuen sekula pentsatu prekarietatea hautu pertsonala izan zitekeenik.

         — Ez zakinat.

         Ataka saldu berri genuen lurrindegia erosteko eta zorretan nengoen bankuarekin eta aitarekin; Somerako herrikoan txanda batzuk egiten hastekoa nintzen sos batzuk ateratzeko; agian, Lukak lanen bat topatuko zuen eta etxeko alokairuarekin lagunduko zidan. Pixka bat antolatutakoan irratia berriro martxan jartzeko moduan izango nintzen. Lasaigarria zitzaidan “gauzetan” pentsatzea. Nigan pentsatzea baino askoz errazagoa zen.

         — Honekin zerbait egitea baloratzen ari naun.

         — Diagnostikoarekin?

         Baiezkoa egin nion.

         — Hitzaldiak?

         — Hitzaldiak, ikerketa-lanen bat, dokumentalen bat... Ez nagon seguru.

         — Bazagon zer kontatua.

         — Agian hor bazaukanat bide bat.

         Aitak ere adierazi zidan izeba mendekatzearen ideia.

         — Kontuz ibili —ohartarazi zidan Irantzuk.

         — Zer ba?

         — Heure burua salbatu beharrean mundua salbatzeko joera daukan.

         — Badakin?, hau guztia aspalditik ezagutzen dinat —esan nion Alde Zaharra eta ibaiertza seinalatuz.

         Gelditzeko keinua egin zuen, baina tira egin nion aurrera. Errazagoa zen ibilian hitz egitea.

         — Umetan amamarekin etortzen nindunan Bilbora. Amama Rosak Hiesaren Aurkako Batzordean parte hartzen zinan.

         Buelta eman eta Areatzara luzatu nuen hatz erakuslea.

         — ehgamen egoitzan egiten zitiztenan bilerak, Alde Zaharrean. Amama astero etortzen zunan eta nik noizbehinka laguntzen nionan, udan batez ere, Lasalde hutsik geratzen zenean. Trenez etortzen gintunan Atxurira, eta zubipeetako jonkiekin hitz egiten zinan amamak.

         — Hire aurrean?

         — Bai.

         Oinez jarraitu nuen.

         — Bidaia osoan amama irakurtzen etortzen zunan. Nik lo hartzen ninan trenaren kulunkarekin, eta haren gona beltzezko magalera etzanda egiten ninan bidaia. Heroinazaleei xiringak eta kondoiak banatzen zizkienan, ogitartekoren bat ere bai batzuetan, eta eskutik helduta eramaten nindinan ehgamen egoitzara. Orri batzuk eta margoak ematen zizkidatenan bilerak iraun bitartean entretenitzeko eta, asanbladaren ostean, txokolatea eta txurroak jatera gonbidatzen ninditenan —biratu egin nintzen, berriro— hango kafetegi hartan.

         Amama Rosaren magalaren usainarekin oroitu nintzen.

         — Gurutzetako ospitalean protesta bat egin geninan 88an.

         — Hik...

         — Sei urte.

         Eskua zabaldu nuen ahurra zerurantz.

         — Euria?

         Irantzuk aterki tolesgarri bat atera zuen motxilatik, eta haren besoaren kontra estutu nuen gorputza.

         — 1988an elkarretaratzeak antolatu zitiztenan Gurutzetako ospitalearen aurrean, bertako haurtzaindegiak haur bati sarrera debekatu ziolako gibaren eramailea izan zitekeelakoan. Kasuak errebote-efektua izan zinan, liskarrak sortu zitunan Durangoko, Basauriko eta Markinako beste ikastetxe batzuetan. Amama erabat suminduta zegonan. Gurasoek mehatxuka deitzen zitenan zuzendaritza-bulegoetara, kutsaturiko haurrak kanporatu ezean euren seme-alabak ikastetxetik atera egingo zituztela mehatxu eginez.

         — Ni ez nindunan ezertaz jabetu.

         — Horixe dun normalena.

         — Hi horrekin hazi hintzen.

         — Larunbatetan amamarekin gazteei kondoiak banatzera ateratzen nindunan kalera.

         — Gogorra izango zunan.

         — Ondo pasatzen ninan.

         — Eskerrak hire amama hila den.

         — Bizi balitz ez niokenan nire buruari barkatuko.

         — Bi aldiz infernu bera...

         — Egunero gogoratzen naun harekin.

         Aterkipean zigarro bat biltzeari ekin nion.

         — Nahi dun bat?

         Ezezkoa egin zidan.

         — Ez liken sinetsiko.

         — Aditu egin zezakenat esaten: hija, con todos los condones que yo te he dado.

         Kezko hasperen bat utzi nuen airean.

         — Izan, ez sinestekoa dun. Hiesa... orain, 2010ean.

         — Iraganeko kontua zirudin.

         — Bai.

         — Nik beti izan dinat beranduegi jaio izanaren sentipena.

         — Beranduegi? Zertarako, ordea?

         — Arima otxenteroa zaukanat.

         — Hori egia dun.

         — Hik ere hala uste dun?

         — Ni ez naun batere sineskerien zalea, baina, joder, destinoaren jukutria zirudin.

         Oinez jarraitu genuen euripean.

         — Argiak publikatu zuen Esther Ferrerren elkarrizketarekin bueltaka ari naun egunotan. Hementxe izan zitekenan —esan nion zubia seinalatuz.

         Irantzuk ez zuen gogoan.

         — Garai batean, Ferrer Parisen Pont Neuf inguruan bizi zenean, gau batean etxetik irten eta euripean ibili zela kontatzen din. Negua omen zunan, eta ez zebilenan inor kalean. Zubira iristean, oina zubian jarri behar zuen istant berean, pareko espaloian gizon bat ikusi zinan oinez abiatzen, kontrako norabidean. Eta pentsatu zinan: “gurutzatu egingo gara”. Berak ahalegin guztiak egin zitinan zubiaren erdian gurutza zitezen: pausoa gizonarenari egokitu, erritmo zehatza kalkulatu...

         — Eta?

         — Zubiaren erdi-erdian gurutzatu zitunan. Gizona, jakina, ez zunan ezertaz ohartu.

         Zubizuriri begira gelditu zen Irantzu.

         — Oraintxe gurutzatu garela iruditzen zaidan.

         — Nortzuk?

         — Izeba eta biok.

         Zubiaren eskaileretara iristen ari ginen. Poliki igo genituen.

         — Irantzu, eta ni izan banaiz haren enkontrura atera dena?

         — Ez hadi kausalista jarri.

         — Zer dela-eta ari da gertatzen hau guztia? Esanahiren bat izan behar din.

         — Nagore, ez dun sekula heure burua babestu, autosufiziente hutsa izan haiz beti. Agian iritsi zain hire ahultasuna onartzeko ordua.

         — Beraz, hire ustez, bizitzaren lezio bat dun.

         — Zenbat aldiz jarri dun heure burua arriskuan?

         Salbeko zubia geneukan aurrez aurre. Gehiago pisatzen zidaten nik arriskuan jarritakoek, neuk hartutako arriskuek baino.

         — Edozertarako prest omen hengoen, baita torturei eusteko ere... Ba al dakin zenbat lerdokeria esan dunan?

         Zubizuriren beirazko zorua labainkor zegoen.

         — Bizitzaren aldeko atxikimendu faltatik zatorren sarri ausardia.

         — Heuk nahi dunana.

         Oinez hasi zen, ni atzean eta aterkirik gabe utzita.

         — Gauzak ez ditun batere sinpleak —erantzun nion.

         — Ez zakinat. Lagundu egin nahi dinat, baina ez dun erraza.

         Biratu eta ibaiaren beste ertzerantz jo zuen bizi-bizi. Amorratu egiten zuen nire harrokeriak. Euripean, zubiaren amaieran beherantz makurtzen zen kurban irristatzen ikusi nuen, eta ondoren lurrera ziplo erortzen. Korrika hurbildu eta altxatzen lagundu nion. Aterki tolesgarriaren hagatxoak erabat desitxuratuta gelditu ziren.

         — Tuntuna! —haserretu egin zen bere buruarekin.

         — Zubia azkarregi zeharkatu nahi izan dun —zirikatu nuen.

         — Joan hadi popatik hartzera.

         Ozen hasi eta apal-apal, ia ahapeka amaitu zuen esaldia. Irainaren erreferentzia sexualak deseroso sentiaraziko ninduela pentsatuko zuen. Besoarekin lepoa inguratu eta musu eman nion.

         — Honetatik ere aterako dinagu zer edo zer —esan nion.

         Guardasol hautsia zaborrontzi batean utzi eta, euripean, ibaiaren kontrako ertzetik desegin genuen ibilitako bidea.