Ospa
Ospa
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-92468-99-7
Azaleko argazkia: Lander Garro
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2006, narrazioak
2000, nobela
1996, nobela
1994, ipuinak
 

 

Oinarrizko arau bat

 

 

Markos Ostolaza Urola Kostako Hitza egunkarirako elkarrizketatu nuenean, ez nion Andremaixetako txupinazoari buruzko istorioari aparteko garrantzirik eman. Uste dut argitaratu nuen testuan ez nuela aipatu ere egin. Urteek aurrera egin ahala, ordea, oroimeneko txoko batean ondo gordeta neukala jabetu nintzen, tarteka-marteka gogora etortzen baitzitzaidan, ezin jakin zergatik, behiala ikusitako filmetako eszena bakan batzuk etortzen diren moduan.

      Ez dut inoiz grabatutako elkarrizketak gordetzeko ohiturarik izan, baina Ostolazari egin niona gordea daukat oraindik, kasualitate baten ondorioz. Oraindik orain jabetu naiz horretaz, etxez aldatzea egokitu zaidanean. Horri esker, hitzez hitz transkriba dezaket orain Ostolazak egin zidan kontaketa. Honela du hasiera:

      “Zoriontsua behar nuen une hartan: herriko jaiak hasi berri, oporretan, lagun giroan... Horrez gain, eguerdiko ekintza ezin hobeto atera zela ospatzen ari ginen: alkatearen muturren aurrean zabaldua genuen, orduantxe puntuan, udal agintariek gaztetxearen aurka ezarritako politika errepresiboa salatzen zuen pankarta, hark udaletxeko balkoitik festen hasierako txupinazoa bota baino segundo batzuk lehenago.

      ”Niri, ordea, lagunarte alai hartatik ihes eginarazi zidan barruko minak. Lagunei ezer esan gabe, bizikleta hartu eta herriaren kanpoaldera jo nuen, errekazulo ospel bateko bakardade ezkuturaino. Film bateko protagonista ematen nuela pentsatu nuen, baina ideiak ez ninduen beste batzuetan bezala kontsolatu”.

 

 

Ostolazaren Oinarrizko arau bat film estreinatu berria ikusi duzuen irakurleok ez duzue esan beharrik zein eszena dakarren gogora Markos Ostolazaren 1989ko oroitzapen horrek, filmaren hasieran protagonistak, Oskar Leizaolak, oso antzeko moduan egiten baitu ihes lagunartetik.

      Hitzez nekez azal dezakedan zirrara eragin zidan niri pantailan irudi haiek ikusteak. Ostolazaren filma ikustera joan nintzenean ez nuen inondik ere espero urteetan lagundu nauen aspaldiko txupinazoko istorioarekin topo egingo nuenik, Oinarrizko arau bat ez baita gaztetxeen mugimenduari buruzko filma, borroka armatuari burukoa baizik. Ez dago filmean borroka armatuaren gaitzespen orokor, erabateko edo baldintza gabekorik, haren kalteen zein mugen inguruko gogoeta zalantzaz eta galderaz betea baizik; terrorismora lerratzearen arriskuez zehatzago esateko, hala etikari nola ondorio humanoei erreparatuta.

      Baina filmak planteatzen dituen arazoak antzeko gisan zeuden planteatuta dagoeneko, trinko konprimituta, Ostolazak aspaldi kontatu zidan istorioan:

      “Azken urteetako borroka kutuna genuen jaien hasierako txupinazoaren orduan udaletxeko balkoiaren aurrean presoen aldeko pankarta ikusaraztearena. Urtetik urtera estrategia aldatzen genuen, udal agintariak ezustean harrapatzeko. Urte hartako gure jukutria zen pankarta udaletxearen alde bietako eraikinak lotuko zituen pita-hari mehe batetik zintzilik jartzea. Baina pankarta eguerdiko txupinazoa baino segundo gutxi batzuk lehenago jarri behar zen, udaltzainek kentzeko astirik izan ez zezaten, eta horretarako ezinbestekoa zen bi eraikinetako batean gutariko batzuk egotea, une egokian pita-haritik tiraka pankarta plazaren erdialdera eramateko.

      ”Bi eraikin haietako bat kultur etxearena zen. Neuri bururatu zitzaidan, ekintzaren prestaketarako bilera batean, kultur etxeko giltzak lortzeko modua. Erraza neukan. Gaztetxeko zine-klub taldeko kidea nintzenez, seguru nengoen edozein aitzakiarekin giltzak eskatuz gero Joxe Manuelek, udaleko kultur teknikariak, arazorik gabe utziko zizkidala. Horixe egin nuen txupinazoaren bezperan; kultur etxean 16 milimetroko film batzuk ikusi behar nituela esan nion Joxe Manueli, bobinak ordena egokian zeudela egiaztatzeko, eta arazorik gabe utzi zizkidan giltzak”.

 

 

Nabarmena da, zalantza guztietatik kanpokoa, gaztetxeko kideen ekintza horren eta Ostolazaren filmean ETAko kideek egiten duten atentatuaren arteko paralelismoa. Baina bereziki harrigarria da nola errepikatzen den bietan gai nagusia: konfiantzazko lagun baten erabilera, hari gezurra esanez helburua lortu ahal izateko. Hona hemen Ostolazaren oroitzapena:

      “Kontu ideologiko eta politikoetatik harago, harreman pertsonal ona nuen nik Joxe Manuelekin, atsegin eta eskuzabal jokatu baitzuen beti nirekin, baina zilegitzat jo nuen hark nigan zeukan konfiantza hura engainatzeko erabiltzea; zilegitzat ez ezik baita beharrezkotzat ere. Gaztetxearen alde eta gaztetxearen bitartez gizarte hobe eta justuago baten alde egiten ari ginen borroka kontu personal xixtrin haien gainetik zegoela erabaki nuen. Gainera, nik ez nuen, berez, Joxe Manuel engainatu behar, udaleko kultur teknikaria baizik, udal agintarien ordezkari bat, gaztetxearen eta gure asmo autogestionarioen etsai zuzen bat.

      ”Sakonean, neure buruari halakorik ez onartu arren, adiskidetasun kontuen kalkuluak ere baziren tartean, jakina: ez zen galera handia Joxe Manuelekin nuen adiskidetasuna urratzea, ordainean gertuko adiskideen estimazioan irabazi behar nuena aintzat hartuz gero. Negozioa biribila zen, politikoki bezala afektiboki”.

 

 

Ekintzaren ondoren ikuspegia aldatu egiten da, ordea, bien kasuetan, hala Markos Ostolaza gaztearenean nola filmeko protagonistarenean. Argi ageri da hori Ostolazak eman zidan azalpenean; azalpen horretan, gainera, “oinarrizko arau bat” aipatu zidan, 23 urte geroago egin behar zuen filmaren izenburua aurretik iragarriko balu bezala:

      “Kultur etxera igo —bigarren solairuan zegoen, udaletxeko balkoiaren altura bertsuan—, pankarta bezperan ezarritako pita-hariari lotu eta txupinazorako segundo bakar batzuk falta zirenean plazaren erdira bideratu genuen, udaletxeko balkoiaren aurrera. Udal agintariek eta udaltzainek ezin izan zuten eragotzi plazan bildutako herritarren aurrean alkatea ezkutatzen zuen pankarta handi hura agertzea. Dena pentsatua genuen bezala gertatu zen, primeran.

      ”Joxe Manuel berehala igo zen kultur etxera, ziztu bizian, suminaren indarrak bultzatua. Gaztetxeko lauzpabost lagun geunden han, baina niri zuzendu zidan begirasun amorratua. Zerbait esan zidan, ez daukat gogoan zer, baina aurretik nire izena esanda, han beste inor ez balego bezala. Izan ditut poliziak atzetik jarraika, baina haiek ez didate inoiz unean uneko izutik haragoko kezkarik eragin. Joxe Manuelen begietako su hura, aitzitik, ez dut inoiz ahaztuko. Une hartan ulertu nuen ideologia, estrategia eta praktika iraultzaile guztietatik haragoko oinarrizko arau bat hautsi nuela, eta masailak gorritu ez zizkidan lotsa mingarri bat sentitu nuen nire erraiak birrintzen”.

 

 

Joxe Manuelen sumina gorabehera, txupinazoko istorioaren ondorioak ez ziren larriak izan; Joxe Manuelek ez zuen lanpostua galdu, eta horixe zen azken batean gerta zitekeen okerrik handiena. Oskar Leizaolak, ordea, filmean, erailketa baterako darabil adiskide batengandik engainuaren bidez jasotako informazioa. Markos Ostolazaren gaztetako istorioa Oskar Leizaolaren dramaren miniatura txiki bat baino ez da; eta Oskar Leizaolaren dramarena ez ezik definitzen eta mugatzen zaila zaidan zerbait zabalagoarena ere bai, nire ustez.