Aurkibidea
Nobelagile isila
Nahiz eta lehendik jakin eri handi zela, etsia emanda, doluz utzi nau Izaskun Amilibiaren heriotzaren albisteak.
Martuteneko ikastolan ikasle ginela ezagutu genuen elkar biok, umetan. Ez gara inoiz lagunarte edo kuadrilla berekoak izan, baina beti izan dugu elkarren berri. Azken urteotan, biok kanpoan bizi arren, sarri antzean egin dugu topo auzoan, Martutenen, nor bere familia bisitatzera edo Pilarretako jaietara etorritakoan. Kalean topo egin eta hizketan hasiz gero, nirekin literaturaz mintzatzen zen auzokide bakanetakoa zen; edo bakarra, zehatz esateko.
Bere nobelei buruz galdetzen nion beti, eta gustura mintzatzen zitzaidan haietaz. Azkenerako dozenatik gora izango ditu idatziak, nire kalkuluak okerrak ez badira. Bat bera ere ez argitaratua; eta bat bera ere ez, nik dakidala behintzat, bera ez den beste inork irakurria.
“Nik bazekinat nire nobelek irakurlea asperraraziko luketen osagarriz eta ezaugarriz josita daudela, eta irakurlearen interesa eta plazera pizteko behar direnez, aldiz, zeharo eskas”, esaten zidan askotan. “Nire nobelak txarrak ditun, ikaragarri txarrak”. Horregatik ez omen zuen inoiz haiek argitaratzeko ahaleginik txikiena ere egin, eta horregatik ez omen zuen nahi inork haietako bakar bat irakur zezan.
Hasierako nobelen berri eman zidanean, artean gazte ginela, ordurako poema liburu bat eta narrazio bilduma bat argitaratu izanak ematen zidan ustezko bermearen babespean, esan ohi nion nahi bazuen irakurriko nituela berak idatzitakoak, nire iritzia emateko eta, egoki irizten banion, argitaratzeko bidea egiten laguntzeko. Berak, ordea, zalantzari tarterik txikiena ere uzten ez zion ezezkoa eman zidan beti.
Nahiz eta inori ez eman irakurtzeko, nobelak idaztea beharrezkoa zitzaiola esaten zuen beti Izaskunek, ezingo lukeela aurrera egin bizitzan nobelarik idatzi gabe. Askatasun eremu hura premiazkoa zuen. “Irakurlearentzat akats, oztopo eta narda iturri liratekeen elementu, osagarri eta ezaugarriekin behar ditinat nik nire nobelak”, azaldu ohi zidan, gutxi gorabehera. “Nire nobelak behar bezain txarrak izan daitezen behar dinat, nik nahi dudan bezalakoak izango badira”. Nobelak berak nahi zuen bezalakoak izate horren bila, berak zioenez behintzat, oso langilea izan zen beti, eta “obsesioraino zorrotza” bere buruarekin.
Bizitzako une gatazkatsu, kritiko edo mingarrienei nobela batekin erantzun zien beti: aitaren heriotza lehenik, neskato gizena izateak eragindako gutxieste mingarriak gero, gaztetako desamodioak, gaztetasunaren galera... Azkenaldian, duela bospasei hilabete Martuteneko jaietan ikusi nuenean esan zidanez, minbiziari eta hil aurreko oinazeei buruzko nobela bat idazten ari zen, ezohiko ikuspegi batetik kontatua, emakume baten bularrean hazten ari den tumore oraindik ere atzeman gabearen mintzoan oinarrituta. Ez dakit amaituko zuen nobela; eta ez dakit inork badakien ere.
Inori inoiz inondik inora ere irakurtzen utzi gabe, bere ordenagailuan ez ezik pendrive batean bilduta ere gordetzen zituen bere nobela guztiak, eta pendrive hura berarentzat kutun baten antzeko zerbait zela esaten zuen. “Estutasun larrietan, eskua poltsan sartu eta pendrivea ukitzeak indarra ematen zidan; lasaitu, kontsolatu eta adoretu egiten nain”.
Nobelak ordenagailutik ezabatu eta pendrivea Donostiako Udal Liburutegian gorde zezaten agindu omen du testamentuan, eta inork ez ditzala irakurri hurrengo 48 urteetan, berak ehun urte beteko zituzkeen egunera arte.
Ezin izango ditut sekula irakurri, beraz, legea urratu gabe.