Purgatorioa
Anselmo Garciak ireki zuen Purgatorioa 1960ko urtarrilaren 31n. Athleticek bat eta hiru galdu zuen Real Madrilen aurka San Mamesen. Jendea erruz bildu zen taberna inauguratu berrira Telefunken irratian partida entzuteko. Irratiak bertan segitzen du. Biharamunean Polizia joan zitzaion agindu batekin. Baina agindua erakutsi baino lehen ea zergatik jarri zion izen hori tabernari galdetu zioten. Kanposantua daukadalako aurrean, erantzun zien. Erlijioarekiko errespetu falta zela jakinarazi zion BPSko inspektoreak. Anselmo Garciak ez zuen deus erantzun. Zertarako. Azal ziezaiokeen aurrean zuen sekreta bikoteari berak ez zuela inolako asmo txarrik erlijioarekiko, areago, bera katoliko zintzoa zela. Francorekin egin zuela gerra. Azken batean, nahi zuen bakarra, zerura joan baino lehen euren bekatu arinak purgatorioan garbitu behar dituztenek taberna bat izan zezatela zerbait hartzeko. Purgatoriora, ez da komeni ahaztea, zerura joango direnak baino ez dira sartzen. Hau guztia eta gehiago esan ziezaiekeen gizon haiei, baina isiltzea hobetsi zuen. Inspektoreak erakutsitako Gobernu Zibilaren aginduak ateburuan pintura gorriz idatzitako izena ezabatzera eta beste inon ez jartzera behartzen zuen. Bi egun zituen. Astelehen goizean, taberna ireki baino lehen ezabatu zuen ateburukoa. Harrezkero jendeak beti deitu dio Purgatorioa, besteak beste Gobernu Zibilari esker, izan ere BPSren bisita laster zabaldu zen auzoan eta tabernaren izena ezagutzen ez zutenek ere, taberna existitzen zenik ez zekitenek ere, jakin zuten bazela Purgatorioa izeneko taberna bat auzoan, kanposantuaren aurrean.
Anselmo Garciak erretiroa hartu zuenetik bere semeak darama taberna. Hau ere Anselmo Garcia. Badira hamar urte aita hil zela. Galiziako jaioterrian lurperatu zuten, berak eskatu bezala. Hilarrian jartzeko epitafioa ere agindu zien emazteari eta seme bakarrari. Anselmo García, o dono do Purgatorio. Emaztea senarraren gorpuarekin joan zen Galiziara, eta bertan geratu bizitzen. Baina ez zuen senarraren agindua bete. Ni bizi naizen artean ez da halakorik jarriko aitaren hilobian, agindu zion semeari. Ama hil zenean, duela hiru urte, Anselmo Garcia semeak epitafioa jarri zuen.
Gaur egun Purgatorioa auzoko tabernarik, nola esan, kosmopolitena da, auzotik kanpoko jende batentzat erreferentea. Horretan zerikusi handia izan du Anselmok, profesionala baino gehiago artista, fintasun bera erakusten duena edariak prestatzen, musika jartzen edo dekoratzen. Han dago inauguratu zen egunean Athleticen partida eman zuen irratia. Han dago, leku printzipal batean eta antigoaleko marko batean sartuta, bere aitari gobernu zibilak emandako agindua tabernaren izena ezabatzeko. Ezkerreko aldea, mostradorea eta mahaiak daudena, hasieran bezala dago. L formako planta bat osatuz etxearen beste alderaino doan laukizuzena semeak atondua da. Hondoan, paretaren kontra piano bat dago eta bere gainean koadro bat: Les Tres Riches Heures du duc de Berry izeneko XV. mendeko liburuak dituen ilustrazioetako baten erreprodukzioa. Ez da purgatorioari erreferentzia egiten dion apaingarri bakarra. Eskubiko horman, bakoitza bere markoan txukun, purgatorioa izenburu duten hainbat film eta antzezlanen afixak.
Larunbatetan goizeko zortzietan irekitzen zen Purgatorioa, astegunetan baino ordubete beranduago. Aretxabaleta izan zen hitzordura ailegatu zen lehena. Pianoaren inguruko besaulki batean zegoen jesarrita egunkaria irakurtzen. Mahai gainean kafea eta pare bat liburu zituen. Eguerdia era malguan ulertu behar da. Aretxabaleta ordu bata jota iritsi zen Purgatoriora eta lehenengoa izan zen. Odile Mores eta Kattalin ia ordu bietan sartu ziren tabernara.
— Denbora asko daramazu itxaroten? —galdetu zion Kattalinek.
— Duela gutxi etorri naiz. Egunkaria baino ez dut irakurri. Zer hartu nahi duzue?
— Zaude hor —agindu zion Odile Moresek makila puntarekin besaulkia seinalatuz—. Txakolin batzuk aterako ditut.
— Vermut bat niretzat, mesedez —eskatu zuen hurbildu ahala tabernan sartu berria zen Josebak eta libre zegoen besaulkia barik, sofa aukeratu zuen gazteak jesartzeko.
Emakumeek txakolin kopa bana ekarri zuten mahaira. Kattalin sofan eseri zen bere ikasle ohiaren ondoan eta Odile Moresek makila besaulkiaren atzean dagoen kristalez babestutako armairuaren kontra bermatu zuen besaulkian jesarri aurretik.
— Desegokitasunaren alde —altxatu zuen kopa Kattalinek.
— Topa dagigun eta bakean, bizi gaitezen betiko —kantatu zuen Odile Moresek, keinu bihurri bat eginez.
— Beno, denok gaude —esan zuen Josebak galdera ala baieztapena zen antzeman ezin zitekeen doinu batez.
— Denok? —erantzun zuen Aretxabaletak baieztapena zirudien galdera eginez.
— Romani itxaron beharko diogu konklabea hasteko —baieztatu zuen Odile Moresek.
— Hura gabe kosta egiten bazait guk laurok komunean izan dezakeguna aurkitzea, harekin ezinezkoa da —iragarri zuen Josebak.
— Beti dago zerbait —tonu misteriotsuan Kattalin.
Jakinminez begiratu zion Josebak. Jakinminez eta komunean izan zezaketen zera ezkutu horren bila hasi balitz bezala, halako moldez non, bere irakasle ohiari begiratzeko moduagatik, bazirudien bilaketa hori Kattalinen baitan sartuz egin nahi zuela. Segundo batzuen buruan, ezer aurkitu ez duenaren keinua eginez, eten egin zuen Kattalinen begietara zuzendutako soa. Inork ez zekien Roman etorriko zen ala ez. Ezin zen jakin, inork ez baitzuen ezagutzen horrenbesteraino. Arrazoia zeukan Josebak esan zuenean Roman gabe zaila bazen zerbait komunean aurkitzea Purgatorioan bildutakoen artean, ezinezkoa zela bera tartean sartuta.
— Badakit zer dugun komunean guk laurok eta berandu baino lehen etorriko denak.
Denak zituen begira. Adierazpen garrantzitsu bat entzuteko prest dagoen auditorioa. Harridura gailentzen zen Odile Moresen aurpegian, kontzentrazio ia solido bat Aretxabaletarenean eta Josebarenean, nola esan, eszeptizismo alai bat. Egin zuen iragarpenak, bazekiela zer duten komunean, bezainbat erakarri zuen mahaikideen arreta Roman etorriko zela ziurtzat ematea, beste guztiek kontrakoa uste zutenean.
— Ez dugula seme-alabarik.
Odile Moresek irribarrea gehitu zion harridurari, Aretxabaletak kontzentrazioa erlaxatu zuen eta adostasuna adierazi buruarekin. Gutxien Josebaren begitartea aldatu zen: areagotu egin zitzaizkion eszeptizismoa eta alaitasuna.
— Guk laurok, agian. Baina, ziur al zaude berandu baino lehen etorriko omen denak ez daukala seme-alabarik?
— Susmoa baino ez da —aitortu zuen Kattalinek.
— Gainera —gehitu nahi izan zuen gazteak— komunean duguna ez dugun zerbait izatea ez zait iruditzen arrazoitzeko modurik zuzenena. Domina olinpikorik ez edukitzea ere komunean dugun zerbait da, esate baterako.
— Ez da gauza bera —sartu zen Aretxabaleta—. Olinpiar dominak edukitzea ez da arrunta, seme-alabak edukitzea bai. Seme-alabena espeziearekin lotuta dago, espezieak bere kideei eskatzen diena da.
— Kaixo lagunok. Zer moduz?
Inor ez zen ohartu, hitzak entzun arte, Roman bertan zela. Denak geratu ziren isilik etorri berriari begira. Isiltasuna, Kattalinek komunean zer zuten bazekiela iragarri zienean bezalakoa. Roman zutik eta irribarretsu, praka beix batzuetan sartuta, alkandora zuria, kafe koloreko zapatak eta lepo inguruan jertse arrosa. Distiratsu zegoen, halako moldez non eserita zeudenak sorginduta ziruditen. Josebak hautsi zuen unearen xarma.
— Batzokian amaitu egin da txakolina ala?
— Ni ere asko pozten nau zu ikusteak —erantzun zion Romanek.
— Barka gizona —egin zuen atzerantz Josebak—. Ikusten zaitut hain...
— Hain desegoki, agian? Erronda bat aterako dut.
— Neuk lagunduko dizut —eskaini zuen bere burua Odile Moresek, Kattalini begiratu ostean.
Mostradorean esan zion pozten zela etorri zelako. Baita oso dotore zegoela ere. Konplimenduzko hitzak itzuli zizkion Romanek, aulkiren bat aurkitu beharko zuela pentsatzen zuen bitartean, sofa eta besaulkiak hartuta baitzeuden. Berandu heltzeak protagonismoa ematen duen bezala, aldi berean, horrelako deserosotasun txikiak ere baditu. Kopak eskuan mahairantz zihoala inguruak behatu zituen aulkiren baten bila. Baina mahaira heldutakoan, Joseba jaiki egin zen sofatik eta bere lekua eskaini zion. Romanek eskertu zion keinua, agerian zegoela ondo hezitako gaztea zela. Kattalinen ondoan eseri zen. Joseba Odile Moresen besaulkiaren beso oparoan.
— Aizu, Roman —ekin zion Kattalinek—, zu etorri aurretik guk komunean eduki genezakeenaz mintzatu gara eta...
— Zuk ba al duzu seme-alabarik? —sartu zen Joseba ustekabean.
Erantzun baino lehen denei begiratu zien banan-banan. Ezin zuen asmatu zertara zetorren galdera hura. Bistakoa zen berari buruz jardun zutela bera iritsi aurretik. Hori bilatu zuen berandu bertaratuz. Behin falta denaren gainean hitz egiten hasiz gero, eta berari buruz deus jakin gabe, normala iruditu zitzaion balizko seme-alaben inguruan hipotesiak egitea.
— Ez. Eta zuk?
— Nik ere ez.
Kattalinek, lehengo hariari helduz, kontatu zion berak aurkitu zuela zer zuten bostok komunean, horretaz ari zirela etorri zenean. Eta asmatu egin zuela Romanek seme-alabarik ez zuela iragarri zuenean.
— Beharbada horren inguruan egin beharko genuke topaketa: seme-alabarik gabeko seme-alabak —iradoki zuen Josebak.
— Ni ez naiz seme aspalditik —zehaztu nahi izan zuen Aretxabaletak, susmatuz egunean zehar nekez entzungo zuela halako inuzentekeriarik.
Zelako ergelkeria, pentsatu zuen Romanek. Odile Moresek ere antzeko zerbait pentsatu zuen, ez soilik Aretxabaletak esandakoaz, are gehiago Josebaren iradokizunaz. Kattalini liburu baten izenburua ekarri zion gogora bere ikasle ohiaren iradokizunak eta poztu egin zen agian hark ere hori izango zuelako buruan. Seme-alaben hariari tira egin izan baliote, beharbada aurki zezaketen denak batzen zituen beste zerbait, Aretxabaletak ni ez naiz seme aspalditik esaldiari eman nahi izan zion adieran aurki zezaketen. Hain zuzen ere, han ez baitzegoen ez semerik ez alabarik.
Kattalinek hogeita bost urte zituenean gurasoak Oizko hegazkin istripuan hil zitzaizkion. Hiru gutxiago zituen bere ahizpak. Zorionez Kattalin lanean zebilen ordurako, Txurdinagako institutuan historia irakasten. Ahizpa Karmele, ez Kattalin bezain fina ikasketetan, Kimika amaitu ezinean harrapatu zuen istripuak. Unibertsitatea bertan behera utzi eta Ibizara joan zen eskumuturrekoak modu konpultsiboan egiten zituen gitarrajole batekin. Aretxabaleta ere hogeita hamar urte egin baino lehen geratu zen zurtz. Minbiziak eraman zituen biak. Seme bakarra izanik etxea jaso zuen ondorengotzan eta ez zuen ibili behar izan nola zatitu eztabaidatzen Kattalin eta bere ahizpa bezala. Hauek, azkenean, saldu egin zuten eta dirua banatu. Horrela, Karmelek, eskumuturrekogile konpultsiboaz gain, milaka ogerleko batzuk eraman zituen Ibizara. Kattalinek pisu txiki bat erosi zuen Zabalan. Alzheimerra arduratu zen Odile Moresen eta Romanen amak eramaten. Hauen senarrak, ohiturari jarraituz, lehenago joanak ziren, bata bihotzekoak jota eta bestea Mallonako eskaileretan irrist eginda. Gutxienez, Alzheimerrek harrapatu aurretik, alarguntzaz gozatzeko aukera eskaini zieten haien emazteei. Aipatutako defuntuen seme-alabak dagoeneko berrogeita hamarrak igarota dauden arren, euren gurasoak paraje hauetan ohikoa dena baino lehenago hil ziren. Josebaren kasua antzekoa da, baina baditu ñabardura berezi batzuk, alegia, aitarik ez du ezagutu, ama haurdun utzi orduko desagertu baitzen. Ez dakigu bizirik dagoen ala ez. Edonola ere, besteak bezain zurtzat jo daiteke. Amak psikiatrak agindutako pilula batzuk arbitrarioki eta masiboki nahastuta egin zuen bere buruaz beste orain dela lau urte.
Baina ez zuten seme-alaben haritik tira egin. Aretxabaletarengatik. Hau izan zen solasa hitzordua jartzera eraman zituen gaira bideratu zuena. Ez ziren, orduko hartan behintzat, seme-alabarik gabeko seme-alabak baino seme-alabarik gabeko zurtzak zirela jabetu. Han bildutako bosten gurasoak ez ziren bizitza itxaropen estatistiketara egokitu. Bazuten hori ere komunean. Aretxabaleta izan zen, bada, astebete lehenago desegokitasunaz edo horrelako zerbaiten inguruan hizpide izan zituzten jardunaldien antolaketa mahairatu zuena. Modu aski desordenatuan eta edari gehiago eskatzeko egindako etenen artean, bakoitzak, nola edo hala, bere iritzia eman zuen.
Ezinbestean, iritzia zutenak hasi ziren, Purgatoriora iritzi batekin joan zirenak. Aretxabaletarentzat gaia, zentzu zabalenean hartuta, desegokitasuna zen, sistemarentzat desegokiak ziren jarrerak eta ideiak aztertzea. Zer sistema, guk hemen osatzen duguna ere bai? Horixe galdetzekotan egon zen Roman, baina gerorako uztea erabaki zuen, hobe izango zela alproja hari entzutea. Entzutea baino gehiago, hitz egiten uztea. Aurreikus zezakeenez zer esango zuen, entzuteak ez zuen lehentasunik. Aretxabaletak, jardunaldien gaiaz aparte, dena zeukan buruan: hizlariak, leku posibleak, iraupena, agit prop pack osoa azken finean. Bazekien, ordea, ez dela batere egokia norberak dena, hasieratik amaierara, goitik behera, eginda proposatzea. Horregatik, gaiaz labur hitz egin ostean isildu egin zen. Josebak jarraitu zuen, ados zegoela gaitzat sistemarentzat desegokiak ziren jarrerak eta ideiak hartzea, nahiz eta, gehitu zuen, ziur zegoela Aretxabaletak eta berak ez zutela gauza bera ulertzen ez sistemaz ez desegokitasunaz. Bistakoa da Josebak joera argia duela Aretxabaletarekiko distantziak markatzeko, beste enbor bateko ezpala dela frogatzeko. Hizlari-entzule hierarkiatik aldendutako jardunaldiak proposatzen zituen. Baita ere, hitzaz gain, beste adierazpide batzuk erabiltzea, musika, arte plastikoak, dantza agian. Edonola ere ezin zena falta, Josebaren aburuz, ekintzaren bat zen. Jardunaldiak ekintza direla esan zuen Odile Moresek, egiten den zerbait. Hitzetatik haragoko ekintza, hitzik gabea beharbada edo hitzik gabea hobe, zehaztu zuen gazteak, edozein modutan ere, hitzari mugimendua eta talka gailentzen zaizkion ekintza. Inork ez zuen jarraitu ildo horretatik ekarpenak egiten. Roman haluzinatzen ari zen, pentsatuz Marx anaien elkarrizketa kaotikoena errazago ulertzen zuela entzundakoa baino. Baita ere, zakurflauta, itxuran bat ez etorri arren iraultzaile desfasatuarekin, ados zetorrela harekin.
Mahai bueltan zeuden gehienek nahi zuten baino polemika gutxiagorekin adostu zituzten topaketaren formatuari zegozkion hainbat kontu. Izenak aipatzen hasi ziren arte, gonbidatu zitezkeen pertsonen izenak. Ez ziren bakar batean ere ados jarri. Eta hori Romanek isilik segitzen zuela. Ezagunak, erdi-ezagunak edo ezezagunak izan, proposatzen zuenak baino ezagutzen ez zuena, batek ere ez zuen kontsentsurik lortu. Argudio ideologikoak, logistikoak, estetikoak, era guztietakoak arrazoitzen zituen ezetz borobila ematen zuenak. Romanek, jakina, beste bi gizonezkoek aipatutako guztiak errefusatzen zituen. Ezagutzen zituenak, ezagutzen zituelako. Gainontzekoak, postulatzaileen defentsan aditutakoarengatik. Bere baitan errefusatzen zituen, izan ere, momentuz, isilik jarraitzen zuen. Irribarre gama zabal batez adierazten zuen bere iritzia ikusi nahi zuenarentzat. Postulatzaileak Aretxabaleta, Kattalin eta Joseba izan ziren. Gaztea izan zen lehena. Aurretik, hizlariez gain, arte plastikoak, musika eta agian dantza ere iradoki zituenez eta pentsaturik mahaikide zituenak ez zirela gauza izango musikari desegokiren bat ekartzeko, Gonbitoa hardcore taldea proposatu zuenean denak jarri zitzaizkion kontra. Eskura zituen arma guztiekin egin zuen borroka Josebak, aurrean jarri zizkioten argudioak banan-banan eraitsiz, bere ustez. Hala ere bazekien, denak aurka izanda ez zuela merezi besteen akidura osoa lortu arte tematzea norberarena aurrera ateratzeko. Arrazoia izan arren, errepikatzen zion bere buruari, arrazoia izan arren. Odile Moresek eraiki zion eztabaida duintasunez uzteko zubia. Denak isildu ziren proposamen bi zituela iragarri zienean. Entzuleen arreta erabat bereganatuta zeukala, hasieratik zeukana, bermatzeko segundo luze batzuk eman zizkion isiltasun gozagarri hari.
— Ez dut izenik ekarriko. Ez, behintzat, hizlari edo artisten izenik. Lekua artistak bezain garrantzitsua da, hauek baino pisu handiagoa izan lezake edozein ekintzari tonua ematerakoan. Nik Muelle 4 proposatzen dut, bigarren solairua zehazki.
Irribarrez begiratu zien lagunei. Izenari erreparatuta leku hori ez dela ohiko kultur-etxe bat inferi daiteke. Horraino iristen zen Roman, lehenengoz entzun baitzuen izen hori. Aretxabaletak bazekien non zegoen, baina ez zen sekula sartu, ezta kaian bertan duen terrazan jesarri. Joseba bai, noiz edo noiz egona zen Muelle 4n, baina ez bigaren solairuan. Emakumeek baino ez zuten ezagutzen, beraz, bigarren solairua. Inor ez zenez proposamenaren kontra jarri hasiera-hasieratik, adostasunera heltzeko bidea ez zen nekosoa izan. Aski izan zuen Odile Moresek solairuaren hiru sofa antigoaleko, mostradore txikia, bi ispilu handi ajatuak, marmol borobildun burdinazko mahaiak, gutxi, eta itsasadarrera zuen bista paregabea deskribatzea gehienen adostasuna eta Romanek eta Aretxabaletak une hartan osatu zuten gutxiengoaren isiltasuna lortzeko. Bigarren proposamena ere onartu zioten, kostata, orduan ere bi lagunek osatutako gutxiengoaren isiltasunarekin, Josebarena eta Romanena. Hantxe bertan, Purgatorioan, elkarte bat osatzea, desegokiak, desegokituak, horrelako zerbait. Aretxabaleta ados. Kattalin, eszeptiko.