Jende desegokia
Jende desegokia
2015, nobela
256 orrialde
978-84-92468-69-0
azala: Joseba Eskubi
Gaizka Zabarte
1960, Zaldibar
 
2011, nobela
 

 

Egunak edanean harrapatu gintuen

 

 

Egunak edanean harrapatu gintuen, baina ez genuen atzera egin. Julianek, etxea hurbil zuelako-edo, Askaon baikeunden, bazihoala esan zigun. Manera onez iradoki genion ez zela aukera ona. Sasoi hartan lagunen batek etxeratzeko imintzioa egiten bazuen, taldeak kontrako indarra egingo zuen, gaua lantegi sakrifikatua dela eta ezin dela norbanakoaren apetei jarraituz taldea utzi eta erretiratu gogoratuko zitzaion. Halako zerbait aurpegiratuko genion orduan ere Juliani. Manera onez. Amultsuki. Ziurrenik bazekien ez zela etxera joango, amore emango zuela. Ziurrenik ez zuen konbentzimendu handia erakutsi. San Nikolaserantz joan ginen. Elizpean, hormaren kontra oinbeltz errenkada zetzan, zakur ganorabakoren bat, botila hutsak, xiringaren bat ere izango zen, ikusi ez nuen arren edo gogoratzen ez dudan arren. Xopén zihoan aurrean eta elizarantz abiatu zen. Gu atzetik, inolako harridurarik gabe, protestarik gabe, beste taberna batera joango bagina bezala. Ate ondoan zegoen ketchup pote bat hartu zuen. Horretaz gero jabetu nintzen, hartu zuen unean ni behintzat ez bainintzen konturatu. Sartu zen Xopén elizan eta sartu ginen beste laurok bere atzean. Ni neu ate ondoan geratu nintzen, bizkarra paretan bermatuta. Lagunak inguruan, pixkatxo bat aurrerago, aurreren Xopén. Apaizak bete-betean ziharduen sermoian, horretarako propio ikasita duten intonazioz eta bolumenaz honako hau azpimarratzen eta beste hura nabarmentzen. Hasiera batean, neronek behintzat eta uste dut besteak ere antzera samar ibiliko zirela, ez nuen antzeman ahoa betetzen zion gaia zein izan zitekeen. Langabezia aipatu zuenean hasi nintzen kokatzen. Birmoldaketa, sasoi hartan hitzetik hortzera zebilen hitza, ere ebaki zuen. Langabezia hitza bigarrenez entzun genionean, Xopének ordura arte eskuan zeukan ketchup potea, intsentsuzko aire beatifikoan zehar parabola perfektua marraztuz, apaizarengana abiatu zen, halako moldez, non, zehatz-mehatz, paparrean egin zuen kontaktua jaurtigaiak. Esan gabe doa apaizak eten egin zuela sermoia. Arerioaren arean bere burua lurrera botatzen duen aurrelaria bezala, aldare ondoan erori zen. Kolpeari indarra kentzeko inolako asmorik gabe, ez zen hainbesterako. Menturaz, martiri sentitu zen apaiza une hartan. Eliztarren artean txilioren bat edo beste, eskuak burura, eskuak ahora. Oldarkorrenak altxatu egin ziren saboteatzailea atzeman nahian. Ni lehenengoa izan nintzen kalera irteten, atzean lagunak nituela, azkena Xopén, eskuak poltsikoetan, Ez duk, ba, langabeziaz eta birmoldaketaz hasi putakume hori! oihukatuz, entzun nahi zuenak, eta entzun nahi ez zuen gehiengo zabalak, entzuteko moduan. Xopének hilabeteak zeramatzan lanik gabe industri birmoldaketari esker. Kalea zapaldu orduko eliztar oldarkorrenak elizpean genituen madarikazioka.

      Eguerdia zen, zentzurik zabalenean, Kattalinek San Nikolaseko pasadizoa kontatu zuenean. Larunbat eguerdia Martzanako kaian. Mahaiaren bueltan zeuden lagunetako batzuek ezagutzen zuten Kattalinen etorria. Baita gertaerekiko bere fideltasuna ere.

      — Jokabide zuzena Xopén horrena —ekin zion Aretxabaletak.

      — Desegokia, esango luke batek baino gehiagok —gehitu zuen Romanek.

      — Baina zuk zer esango zenuke? —galdetu zion Josebak, mahaikideetan gazteenak.

      — Ez dakit. Baina gauza bat esango dizut: nik ez nuke egingo.

      — Ez duzu erantzun, Roman —sartu zen tartean Odile Mores.

      — Ba, nik uste dut baietz, erantzun dudala. Ez nukeela egingo.

      — Aditu dizugu —irribarrez baina zorrotz Odile Mores—. Zer esan nahi duzu? Egingo ez zenukeen guztia desegokia dela zuretzat? Egokitzat jotzen duzun edozer egiteko prest zaudela?

      — Mahai honetan apaizari ketchup potea jaurtitzea egokia izan daiteke, nahiz eta litekeena den hori egokitzat jotzen dutenak, agian, ez dauden prest gaur arratsaldean San Nikolaseko elizan gauza bera egiteko —Roman ere zorrotz—. Eta mahai honetan desegokia, ekintza hori desegokitzat jotzea litzateke.

      — Mahai hau unibertso txiki bat da eta testuinguru honetan egokia dena desegokia izan daiteke beste batean, gizartean esaterako —hasi zen Aretxabaleta, baina ñabardura bat sartzeko berehala moztu zion Kattalinek:

      — Jendartean, Patxi, jendartean.

      — Nahi duzun moduan... —egin zuen jarraitzeko ahalegina Aretxabaletak.

      Baina oraingoan Josebak moztu zion:

      — Soziedadean.

      — Laostia! Jendartean, soziedadean, nahi duzuen moduan deitu artaldea. Esan nahi nuena, eta berriro baten batek hitza ez badit kentzen, esango dudana da giza talde bakoitzak —une hartan isilunetxo bat egin zuen Aretxabaletak, begiradaz ea norbait moztera ausartzen zen iradokiz— edo jende talde bakoitzak bere kodeak dituela, ideologikoak, etikoak... Hemen gaudenok, San Nikolasen biltzen direnak, euskal soziedadeak eta abar.

      — Barka ezazue soziologiatik aldentzeagatik —ekin zion Josebak Aretxabaletaren hitzen osteko isilunea baliatuz—. Nor da Xopén hori?

      — Nor zen, esan beharko genuke —zehaztu zuen Kattalinek—. Desegokitu xarmangarri bat. Aspaldi utzi gintuen, berak hala erabakita. Piano ikasketak hasi zituelako deitzen omen zioten Xopén.

      Topa egin zuten Xopénen alde Josebak proposatuta, nahiz eta Kattalin izan ezagutu zuen bakarra. San Nikolaseko ekintza hura, urteetan gehienez ere Kattalin eta, aldez edo moldez, parte hartu zuten lagun haien memoriaren ertzen batean gordea, larunbat hartan Martzanan berpiztu zen eta ondorioak izango zituen. Ketchup pote haren hegaldiak, (des)egokitasunaz eztabaida mamitsua ekarri zuen, horrexetan amai zitekeena, txakolin batzuk hartzen diren bitartean sortutako eztabaida batean. Baina dexente urrunago joan zen. Aretxabaletaren erruz.

      Patxi Aretxabaleta, santutxuar peto-petoa, Zabalbide edo Iturribide jaitsi behar duenean Bilbora doala esaten duten horietakoa. Gaztetan korrikalari bikaina izandakoa, hala pistan nola krosean, beti distantzia luzeetan. Atletismoa utzi zuenetik sekula arineketan egin ez duena, Poliziaren aurreko korrikaldiak salbu.

      Larunbat hartan bildu zirenen artean, antolatuena, gazte gaztetatik era askotako elkarteetan ibilia: auzokoan, gazte erakundean, bizitza efimeroa izan zuen alderdi abertzale komunista batean, irrati libreetan, infrarrealismoan lerrokatutako poesia korrontean, besteak beste.

      Orain dela urte eta erdira arte saltzaile izan zuen Aretxabaletak ofizio nagusia. Izen ugariren pean, biajante, ordezkari, komertzial, beti zerbait saldu beharrean: elektragailu txikiak, gama zuria, marroia, entziklopediak, aseguruak, botikak. Dagoeneko berari ere kosta egiten zaio produktu eta marken zerrenda gogoratzea.

      Azkeneko lana galdu zuenetik ez du besterik aurkitu. Adinak ere ez du laguntzen. Gastuak minimoetara murriztuta, langabeziaren soldata lehenengo eta oinarrizko errenta gero, bizitza ondo antolatzen dakien pertsona batek luzatu lezakeen bezala luzatuta bizi da. Izan ere, larunbat hartan etxetik auzoko ohiko tabernara bidean Kattalin eta Odile Moresekin topo egin zuelako zegoen lagun talde hartan. Odile Mores auzoko irrati librean ezagutu zuen, San Nikolaseko elizan ketchup poteak apaiza jo zuen sasoi haietan. Kattalin bistaz baino ez zuen ezagutzen, inoiz Odile Moresekin ikusi zuelako. Emakumeek egin zioten eurekin Bilbora jaisteko gonbita.

      Joseba eta Roman orduantxe ezagutu zituen. Biak ziren, bakoitza bere aldetik, Odile Moresen lagunak eta Joseba, gainera, Kattalinen ikasle ohia. Joseba paisaiaren parte da, halako moldez non zaila berarekin topo ez egitea den. Roman belaunaldikidea eta Odile Moresekin ikasitakoa, inguru haietan topatzea zail samarra azken urteetan, baina larunbat hartan, kasualitatez, han zebilena. Kasualitatez esatea, hala ere, ez da zuzena. Mesedeetako zubian egin zuten topo, emakumeak eta Aretxabaleta ezkerreko ibarrerantz zihoazela eta Roman kontrako norabidean. Dena esatera, bere ibilerak ere hala adierazten zuen ondo behatuz gero, Roman norabiderik gabe zebilen emakumeek aurkitu zutenean, ezen aurkitu Odile Moresek aurkitu zuen, begirada pausoa bezain galdua zuela zubian behera.

      — Roman! —metro batera izan zutenean.

      — O... Odile! —erantzun zuen Romanek estratosferatik jaitsi berri.

      — Zer moduz? —jarraitu zuen Odile Moresek, ordurako jabetuta galderari zintzo erantzutekotan ezin izango zuela ondo bat jaso erantzuntzat.

      — Ba, hementxe, buelta bat ematen.

      Ezin esan gogo biziz onartu zuela Odile Moresek egin zion gonbita eurekin aperitifa hartzera joateko. Bistakoa zen ez zuela gogoa bizi ezertarako. Ulertzekoa da Romanen aldartea, izan ere bezpera-bezperan emazteak utzi egin baitzuen. Hausturaren biharamuna etxean eman zuen gaizki zer egin zuen bere buruari galdezka. Larunbatean ariketa antzu berean jarraitu zuen, baina aldaketa bi gehituz: batetik, bere buruari galdetzen ziona zela zer ez zuen ondo egin, eta erantzunak arrapaladan zetozkion burmuin zigortura; eta, bestetik, kalera irtetea erabaki zuela. Pertsonaren jokabideen arrazoiak, bereziki une latzetan egiten direnak, subkontzientean eta, oro har, kontzientziaren geruza ezkutatuenetan, bilatzen dituztenek jakingo lukete esaten zergatik joan zen Roman larunbat hartan aspaldi ibili gabeko kale haietara. Utz dezagun, bada, haientzat zeregin hori. Kontua da Mesedeetako zubian ez zela ohartu espaloi berean emakume bi eta gizonezko bat hurbiltzen ari zitzaizkiola, euretako bat ikaskide ez ezik adiskide ere izan zuena gaztetan. Ez dakigu zubian abiatu berri zuten solasak hirukote hari bere egoeraren berri ematera eramango zuen Roman. Honek gonbita onartu orduko, Mesedeetako eliza ohiaren aurrean, emakumeek ezagun batekin elkartu eta tartetxo bat eman zutelako harekin hitz egiten. Joseba Martzana 16ko terrazan jesarrita aurkitu zuten, egunkaria irakurtzen-edo, eguzkitako betaurrekoak jantzita, laranja koloreko armazoidunak. Kattalinen ikasle ohia zen, adiskide izatera iritsi gabe ere, nolabaiteko harremana zeukan ikasle ohi bakarra. Odile Moresek ere ezagun zuen, behin baino gehiagotan, beti Kattalin tarteko, elkarrekin hitz batzuk trukatutakoak ziren. Horrela osatu zen mahaia larunbat eguerdi hartan.

      Lagun talde kasuala, beraz. Edonork daki, ordea, enkontru kasualak emankorrak izan daitezkeena. Xopéni buruzko argibideak eta bere aldeko topa gauzatuta, egokitasunaren inguruko kontuetara itzuli zen solasa, noizbait aldendu bazen. Esan nahi baita, San Nikolaseko gertaeretatik teoriara egin zuela salto (zer den egokia eta zer desegokia, non, noiz), berriro gertaera zehatzetara itzultzeko eta hauetatik ostera ere teoriara. Aurreko urtean txakolinak lortutako maila bikainak ere izango zuen zerikusirik solasaren harilkatzean. Dialektika hutsa.

      — Kazetari irakiar batek Bushi zapata jaurtitzea egokitzat ematen da jende askoren artean, hemen gauden guztion artean ziurrenik —ekin zion une batean Josebak—. Barcinari tartaz aurpegia gozotzea ere, tira! Askoz korapilatsuago da, ordea, apaizari ketchup potea botatzea... —betaurrekoak erantzi zituen lehenengo aldiz solaskideei banan-banan begiratzeko, norbaitek jarrai zezan proposatuz bezala. Romanek, ordurako begitarte errukarria ezabatuta, hartu zion lekukoa:

      — Gauza bat esango dizut: sozialki onartuagoak izan arren haien ekintzak, kazetari irakiarra kartzelara eraman zuten eta Barcinari tarta jaurti ziotenentzat urte batzuetarako kartzela zigorra eskatu. Nik dakidala estatuak ez zuen ezer egin San Nikolaseko apaizari ketchup potea bota zionaren aurka.

      — Gustura lintxatuko zuten eliztar haietako batzuek, baina indar harremanak ez zituzten alde —argitu nahi izan zuen Kattalinek.

      — Kontua da —Aretxabaleta ere bere ekarpena egin nahian— ekintza hura gaur performancetzat aurkeztuko litzatekeela artearen eremuan kokatu nahi izanez gero, talde batek har zezakeela bere gain eremu politikora eraman nahi izanez gero...

      — Orduan —Josebak pentsakor— ekintza politikoa eta artistikoa izan zen.

      — Motibazio politikoa zuen ekintza artistikoa —erantsi zuen Kattalinek.

      — Egokitzat jotzen bada, nola zen?... Torpe horren... —hasi zen Roman.

      — Xopén, Xopén —lagundu zion Odile Moresek.

      — Barka, bokalak gogoratzeko eta kontsonanteak nahasteko joera dut —desenkusatu zen Roman—. Xopénen ekintza egokitzat jotzen bada, beste hainbeste egin behar da Mahomaren karikaturekin? Galdetu egiten dut. Ala ondorioen araberakoa da egokitasuna? Hau ere galdetu egiten dut.

      Josebak berriro jantzi zituen laranja koloreko betaurrekoak. Odile Moresek zigarreta bat ahokoan sartzeari ekin zion. Kattalin beste txakolin bana eskatzera sartu zen tabernara, Roman atzean zuela lagunduko dizut esanez, errukarri aurpegia aspaldiko kontua bailitzan eta bere atzean Odile Moresen irribarre enigmatikoa zuela. Mostradorean daude Kattalin eta Roman tabernariak, bere mugitzeko erak iradokitzen duenarengatik esperientzia urrikoa, txakolina nola zerbitzatzen duen begira. Romanek emakumearen belarritakoetan jarri du arreta, liliak dirudite, more ahula, erdian harritxo zuria. Romanek ez du sekula arreta handirik jarri belarritakoetan, esate baterako ez zion inoiz belarritakorik oparitu emazteari. Behin edo behin atera zaio zein belarritako politak dituzun, baina sentitu gabe, alegia, belarritakoen edertasuna sentitu baino haiek zeramatzan emakumearekiko zerbait lortu nahian, dena delakoa zerbait hori. Belarritako haiek sortutako zirrarak zerbait esatera bultzatzen du, ez zein belarritako politak dituzun, gehiago kostatzen zaion zerbait baizik, hain zara eder moduko zer edo zer, errazagoa litzatekeen oso eder zaude gaur beharbada, edo zer egiten duzu hain ondo egoteko? Baina mutu dago eta txakolin kopak prest daude mahaira eramateko. Roman saiatu da hiru hartzen, beste biak Kattalini utzita, baina maniobra baldar batzuek argi utzi dute haren eskuetan nekez iritsiko direla mahaira. Utzidazu niri adierazten zuen keinu batez Kattalinek hartu ditu hiru kopak eta mahaira itzuli dira. Josebak ziharduen berbetan, berriro betaurrekoak jantzita.

      — Denok jokatzen dugula desegokiro batzuetan eta egoki besteetan.

      — Non eta noiz eta nola. Horrek egingo ditu pertsona batzuk desegokitu —erantsi zuen Odile Moresek.

      — Izan badira beti eta edonon egoki jokatzen dutenak —Aretxabaletak.

      — Horiekin kontuz —lakoniko Josebak.

      — Badira, baita ere, beti eta edonon desegokituen moduan jokatzen dutenak.

      — Bai, Odile, jakina —tonu didaktikoan Aretxabaletak—. Horientzat psikiatria eta justizia.

      Romanek irribarrez entzuten zuen, etorkorretik hurbilago zegoen irribarrea, baina harrokeriaranzko bidea har zezakeen une batetik bestera. Ez zeukan zerikusirik Mesedeetako zubian Odile Moresek, Kattalinek eta Aretxabaletak norabiderik gabe aurkitu zuten gizonarekin. Jendearekin egoteak mesede egin bide zion, solasak berak ere bai ziurrenik, batez ere, Xopénen ekintzatik abiatuta eta kazetari irakiarrak Bushi zapata bota zionekotik igarota, nola isilarazi zituen denak Mahomaren karikaturena mahairatu zuenean. Nola likidatu zuen ezkertiar prebisible haien jarioa. Garaipen horrek eta Kattalinen belarritakoek erabat zokoratu zuten azken bi egunetan bere burmuina erabat hartzen zuen kontua, emazteak utzi izana eta horrek eragin zion autoerruki jarduna.

      Kattalinen atzean txakolinen bila tabernara sartu zenerako ia baztertuta zeukan emazteak egin ziona, batik bat solaskideen argudio tentelei gailendu zitzaienetik. Hala ere, aitortu behar da Kattalinekin mostradorean egoteak eman ziola akabera emaztearengandik jasotako ofentsak eragiten zion burmuinaren karraskatzeari.

 

 

Ostegunean esan zion emazteak beraien artekoa amaituta zegoela, ez zuela inondik ere aurrera egiterik eta bazihoala. Gau osoa eman omen zuen, begiak bildu gabe, nola azaldu pentsatzen. Roman bizarra egiten ari zela hasi zitzaion hitz egiten atzetik.

      — Roman gauza bat esan behar dizut.

      — Zer dugu, ba?

      Romanek bizarra egiten jarraitu zuen. Ez zuen burua ere jiratu. Ispiluan emaztea bilatzen saiatu zen. Ez zuen antzeman ezer berezirik hitz haiei Edurnek eman zien doinuan.

      — Gau osoan ez dut begirik bildu.

      Hau entzundakoan buelta eman zuen, hitzengatik doinuarengatik baino gehiago, ez baitu inoiz musikarako belarri onik izan.

      — Esan behar dizudana nola azaldu pentsatzen egon naizelako ez dut begirik bildu.

      Orduan hasi zen Roman emazteak zerabilen doinuari erreparatzen, haren aurpegierak ere lagunduko zion bota behar ziona zerbait larria zela antzematen.

      — Gure artekoa amaituta dago, Roman. Ez dago aurrera egiterik. Gaur bertan joango naiz etxetik eta etorriko naiz datorren astean nire gauzen bila.

      Isiltasuna. Luzea. Edurnek, kontuan izanda gau osoa eman zuela begirik bildu gabe nola esan pentsatzen, izango zuen zerbait gehitzeko, baina isiltasuna hobetsi zuen, ziurrenik pentsatzen igarotako gau hartan hori ere erabaki zuelako, alegia, lehenengo hitz haien ostean senarraren erreakzioaren zain geratzea. Romanek neke fisiko ikaragarria sentitu zuen, gau osoa lanean eman izan balu bezala. Bitxia da nola pasa daitekeen gorputza, segundo batzuen buruan, fresko eta sasoiko egotetik birrinduta egotera.

      — Amaituta? Nola amaituta? —galdetu zuen halako batean ahotsa korapiloz betetako hari mehea bailitzan.

      — Inanizioz. Inanizioz amaituta. Hilabeteak daramatzat, urteak agian, aldez edo moldez esaten, Ramon. Ohikerian bizi gara. Nik ezin dut gehiago.

      Hori bai, hori gogoratu zuen. Edurnek sarritan zerabilen ohikeria hitza, ondoriotzat batzuetan, kausatzat besteetan. Orduan konturatu zen emazteak esan eta berak aintzakotzat hartu ez edo, hartzekotan, berehala ahazten zituen arrangurak. Konstatazioak izan zitezkeen: aspertu egiten naiz, aspertuta bizi naiz, bizitza aspergarria daramat. Transzendentalago jarriz gero, huts bat dut barnean, hutsala da nire bizitza. Lehen pertsona singularra erabili ohi zuelako edo, Romanek berak horretan zerikusirik ez balu bezala jokatzen zuen. Lasai zen gehien erabiltzen zuen hitza. Esan gabe doa, horixe zela Edurne gehien amorratzen zuena. Batzuetan saiatzen zen ikusarazten bere bizitzak, emaztearenak alegia, gutxi zuela hutsaletik: profesionalki arrakastatsua, kontsultoria bateko bazkide eta buruetako bat zen, bere lagunak zituen, hilean behin afaltzeko biltzen zen emakume kuadrilla. Horietako bat adiskide mina gainera. Mundu guztiak ez du adiskide minik, erantzun ohi zion, berak kasu. Harrigarria bada ere, Edurneri bizitza ez zuela hutsala frogatzeko halako zerrenda errezitatu ostean, ez zen jabetzen bikotea bera ez zuela osagai ez hutsalen zerrendan sartzen. Desioak, ez benetako guztiak noski eta ez oso modu zehatzean adierazia, izan zitezkeen Edurnek aipatzen zizkionak: arrunkeriatik aldendu nahi dut, galdutako bizipoza itzuliko didan zerbait aurkitu nahi dut. Horrelakoetan ere, emaztearen amorraziorako, lasai zen esaten zion lehena. Gero nonbaiterako proposamena egingo zion: antzerkira joatea, Parisera hurrengo zubian eta gisa horretakoak. Sexu jarduna bakantzen joan zen eta, bakantzen ez ezik, ariketa bera zeharo sinplifikatua zuten, hamsterren arteko estalketaren antza hartzeraino iritsia baitzen azken urteetan. Oraindik, noizean behin, Roman ausartzen zen galdetzen nola?, behin estalketa bukatuta. Ondo erantzungo zion Edurnek aldarte gaiztoarekin ez bazegoen eta Romanek, doinuaz jabetzeko bere ez gaitasuna tarteko, ez zuen deszifratuko erantzunaren benetako esanahia. Tira ere izan zitekeen erantzuna edo, zuzen-zuzenean, egin ezazu lo. Bi kasu hauetan bere buruaz arduratuko zen Roman, emaztea, eta orokorrean emakumea, asebetetzeko gauza ez zela pentsatzeak barrenak karraskatuko zizkion. Edonola ere, hausnarketa ez zen bikotearen etorkizunaz kezkatzera iritsiko. Besteak beste, emazteak agindu bezala, loak hartuko zuelako.

      Saiatu zen Roman apurtutakoa berregiten, berari zegozkion aldaketak egingo zituela agintzeraino. Ez zuen, ordea, denbora luzerik behar izan Edurneren erabakia irmoa zela konturatzeko. Behingoagatik argi eta garbi ulertu zion.

      — Baina, nora joango zara?

      — Mirenekin noa.

      Edurneren lagun mina zen. Eta horrela amaitu zen banaketa egiaztatu zuen elkarrizketa. Roman ez zen ohartu ere egin Mirenekin joan eta Mirenenera joan ez direla, halabeharrez, gauza bera.

 

 

Desegokiaren eta desegokituen inguruko solasak, gertaera zehatzak eta adibideak alboratu gabe, esparru teorikoan jarraitu zuen. Desegokitasuna jarduera sozial gisa edo ekintza politikoan, probokazioa, aurrerakoia, atzerakoia, esnobismoa, punka, queerra, konbentzioak, psikiatria, estatua. Iluntzen ari zuen. Ez dakit zenbatgarren txakolina.

      — Eztabaida interesgarria. Beste batean jarraitu beharko genuke.

      Hitz horiekin eman nahi izan zion bukaera Odile Moresek eztabaidari. Edo eztabaidaren lehenbiziko atalari, irekita utzi baitzuen bigarren baterako aukera.

      — Nik beste formatu bat emango nioke —Aretxabaleta ere proposatzaile.

      — Formatu? —Josebak doinu zirikatzailez.

      — Bai. For-ma-tu —egin zuen aurrera Aretxabaletak bere antolatzaile senari jarraituz eta Josebari haserre antzean begiratuz—. Antolatu genezake nolabaiteko mahai-inguru, jardunaldi edo antzeko zerbait desegokitasunaren inguruan. Hemen eman duena ikusita, eremu zabalago batean emankorra eta kitzikagarria gerta daitekeela uste dut.

      — Kongresu bat agian? —Roman ere adarjotzaile.

      Aretxabaletak begiradaz birrindu zuen.

      Hasierako jarrerak eszeptiko eta sarkastikoak izanagatik ere, hori izan zen DESegokitu jardunaldien erditzea. Kattalin izan zen lehena Aretxabaletaren ideia babesten. Larunbat hartan lehena eta bakarra, agerian bederen. Hurrengo urratsa ere berak eman zuen.

      — Begira, nahi duenak horrelako topaketa edo...

      — Kontzilio? —moztu zion baldar Josebak

      — ...kontzilio edo konklabe bat antolatu, datorren larunbat eguerdian Purgatorio tabernan.

      Aretxabaletak Romani begiratzen zion irribarre desegokiz.