Odolaren usaina
Odolaren usaina
1987, ipuinak
120 orrialde
84-86766-01-X
azala: Joxean Muņoz
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Oharrak

 

 

Elur eternalen zuriaren pareko

 

«Ikasle kanibala» Parisetik Japoniara itzuli zen.— (84/V/23. Efe). «Ikasle kanibala» izenarekin ezagututako Issei Sagawa atzo ailegatu zen Tokiora, Air France-ko hegalaldi batetan Parisetik zetorrelarik. Berarekin batera erizain bat eta polizia bat zihoazen, biak frantsesak. Heldu ondoren, lekukoek diotenez zurbil eta lasai zegoen Sagawa, Japoniako hiriburuko ospitale psikiatrikorantz eraman zuten polizia patruila batek babesten zuen anbulantzia batetan. Gaztearen gurasoak ez ziren agurtzera joan. Issei Sagawa Literatura konparatuko ikasleak, 1981ean bere ikaskide bat hil zuen, Reneei Hartevelt, 25 urtetako neska holandarra. Gorputza aizto elektriko batez zatitu ondoren puskak jan egin zituen berak aitortutakoaren arabera, «aspalditik obsesionatzen zuen behar berezi bati» amore emanez. Gertaerak espektazio handia sortarazi zuen bai Frantzian nola Japonian. Berriak zeharo jota, konpainia garrantzitsu batetako zuzendari zen gaztearen aitak dimisioa aurkeztu zuen. «Ikasle kanibalaren» Japoniarako itzulera diskrezio handiaz gertatu da aireportuan 70 kazetari eta argazkilari zai zeuden arren. NHK telebista kate nazionalak ez zuen gertaeraren aipamenik egin eguerdiko boletinean eta arratsaldeko prentsak juxtu aipatu egiten zuen jazoera baina argazkirik gabe.

 

 

Bederatzigarren biktima

 

Limako zatikatzaileak zortzigarren biktima bereganatu.— (86/1/26. Efe). Limako zatikatzaileak bere zortzigarren biktima eskuratu du zeren ostiralean Surco barrutiko erreten batetan aurkitutako burua ez bait dagokio lehenago aurkitutako gorputz enbor bati, hasieran pentsatu bezala.

        Burua, duela 48 ordu hildako neska gazte bati dagokio Poliziak azaldutakoaren arabera.

        Burua aurkitu eta ia horrekin batera emakumezko baten hanka bat aurkitu izan da Limako Ventanilla hondartzan.

        Limako populazioa jazartu duten azken aurkikuntza makabro hauek baino lehen, zazpi pertsonaren heriotza leporatzen zion poliziak zatikatzaileari, horien gorpukiak Peruko hiriburuaren zona desberdinetan izan direlarik topatuak azkeneko bi asteetan.

        Marta Garcíaren heriotza ostera, iragan abenduaren 5ean bere hanka eta besoak aurkitu eta bere senarrak identifikatua, ez da zatikatzailearen lana Poliziaren ustez.

        Prentsak bestetik Londoneko «Jack destripatzailea» zoribeltzekoaren jarraitzailea den kriminal misteriotsuaren biktimatzat jotzen du Marta García, eta krimenak beraz bederatzi lirateke.

        Zatikatzailearen ustezko beste zortzi biktimetatik bat ere ezin izan da identifikatu orain arte, gorputz enborrak baizik ez dira aurkitu eta. Bitartean misterioa da nagusi, Limako bestelako kezka-iturriak, bahiketak esaterako, bigarren planora iraganarazi duen krimen mordo honen inguruan.

        Orain arte ezagutzen den gauza bakarra da zatiketak zerra batekin egin zirela eta ez dago garbi ez eta pertsona bat edo gehiago diren egileak.

        Sadismo sexuala bazterturik dagoela ematen du, auzitegiko medikuen ustez gorpukiak aurkituak izan direneko emakumezkoak ez bait zituen bortxatu, bai ostera horditu hil aurretik.

        Poliziak duen teoriari jarraiki biktimetatik lau familia berekoak lirateke: adineko emakume bat, neskatila bi eta haur bat, beren urdailetan antzerako jakiak aurkitu eta data berdintsuetan hil bait ziren.

        Guzti horren erdian prentsak era guztietako tesiak aurkezten ditu. Zatikatzeen kasua maitasun librea aldarrikatzen duten eta Justiziak ikertzen dituen sekta sasierlijiosoekin lotuz, heriotzak horietako sekta diaboliko batek burutu dituela iradoki da.

        Azaldu den beste aukera bat izan da hiltzailea buruz jotako medikua izatea, Londoneko destripatzaileaz aipatu zen bezalaxe, azken honek lanbroaren erdian iharduten zuelarik lasaitasun osoz.

        Inork ez ditu zatikatzailearen biktimen gorpukiak erreklamatu, batera desagertutakoen salaketarik ez dago.

        Ustekabean auzokideak ikusi ez eta etxeak itxita gelditzen badira, esaterako, salaketa egiteko eskatu die Poliziak hiritarrei.

        Birritan ikusi omen dute zatikatzailea: behin akabaturiko ustezko familiako neskatilen gorpukiak zabortegi batetara botatzen zituenean, eta ostiralean emakumezko buru bat jaurtikitzen zuenean erreten batetara.

        Poliziak ostera ez du deus esaten balizko lekukoek aitortutakoaz.

        Ez dirudi, ez eta ere, zatikatzaileak telefonoz deitu duenik biktimen zatiak non uzten dituen adierazteko, hasiera batetan aditzera eman zen bezala.

 

 

Zurrumurrua oinetan

 

Zuriak, asasinatze razial batetaz errugabeturik.— (86/XII/31. AP). New York-eko epaile batek hiru gazte zuriren kontrako asasinatze akusazioa errefusatu zuen aurreko astelehenean. Aipatu gazteok 23 urtetako Michael Griffith gazte beltza hil zuten abenduaren 19-20ko gauean, pizzeria batetan honen lagun bi kolpekatu ondoren. Epaileak, nolanahi ere, kasua goi auzitegi batetara igortzea erabaki zuen epaia egiteko oinarririk dagoenentz erabaki dezan eta 25.000 mila dolerreko (hiru milioi pezeta baino gehiago) fiantza ezarri Jon Lester 17 urtetako gazte zuriari, eta 15.000 dolarretakoak Scott Kern 17 urtetako eta Jason Landrone 16 urtetako gazteei, hirurek zuten asasinatze akusazioa.

 

 

Komix

 

        Hiru arma zituen gizon batek hogei pertsona hil Kaliforniako hanburgeseria batetan.— (84/VII/20. Efe). James Oliver Huberty-k, 41 urtetakoa, Estatu Batuetan pertsona bakar batek egindako hilketarik handiena burutu zuen hogei hildako eta hiru zauritu gertatu zirelarik.

        Fusil automatiko batez, ehiza eskupeta batez eta pistola batez armaturik, «Mc Donalds» kateko hanburgeseria batetako bezero eta dendatik hurbil zegoen jendearen kontra tirokatu zuen indiskriminatuki Huberty-k.

        Auzokoek ziotenez ohizko droga kontsumatzailea zen eta «emaztea eta semealabek abandonatu zutenean erotu egin zen» James Oliver Huberty, azkenean poliziako elite tiratzaile batek akabatu zuen disparo zehatz batez.

        Iparramerikako biztanleria hunkitu duen sarraskia Kaliforniako San Diego hiriaren hegoaldean gertatu zen, San Isidro eta Mexikorako autopistatik hurbil.

        Arratsaldeko laurak inguruan (bertako ordua), Hubertyk, lanik gabe zegoen segurtasun goardia, «Mc Donalds» barrura sartu eta bertan zeudenen kontra hasi zen tiroka fusil automatikoa eta beste armak erabiliz.

        «Hilak ditut mila eta beste horrenbeste hilko ditut» zioen zoraturik lehendabiziko biktimak odoletan hanburgeseriako zorura erortzen ari zirelarik. Huberty, praka berde militarraz eta kamiseta beltzez jantzia, hamar minutuz egon zen tiroka etengabe bezeroak izuturik lokaletik edozein tokitik ateratzen saiatzen ziren bitartean.

        Bezero bi afaltzen ari ziren bitartean hil ziren, horietako bat lurrera erori zen eta bestea, bertan egondako lekukoek esan zutenez, plater gainera jauzi.

        Hanburgeseria barruko biktimen kopurua berehala igo zen hamazazpira heldu arte, horietako batzu gurasoekin batera zeuden haurrak. Batzuk ihes egitea lortu zuten kristalak apurtu ondoren leihoetatik salto eginez, beste batzuk ostera ezin izan zuten ezer egin Huberty-ren tiroetatik salbatzeko.

        Horren ondoren hiltzailea lokaletik irten eta jatetxearen inguruan zebilen beste pertsona baten bizitzari eman zion akabera.

        Bizikletaz zihoazen gaztetxo bik burutu zuten hildakoen kopurua tiro berriren ondorioz hilik gertatu zirelarik.

        Gertatutakoaren berri izandakoan poliziak bere efektiboak bidali zituen inguru hartara eta James Oliver Huberty-ri errenditzeko abisua eman zioten. Elite gorputzeko tiratzaileak aldameneko eraikinetan kokatu ziren.

        Huberty «Mc Donalds»en babestu zen eta poliziak haren emaztea bilatu zuen artekari gisa joka zezan hilketa gehiago ekiditzeko asmoz. Jatetxera bortxaz sartzeko prestaketak ere burutu ziren.

        Emaztea bere senarrarekin hizketan hasi baino lehenago mira teleskopikoko fusila zuen polizia batek aldameneko eraikintza batetik tiro egin eta momentuan hil zuen Huberty.

        Poliziaren bozeramaile batek zioenez sarraskiaren egilearekin hairremanetan sartzen saiatu ziren baina ezinezkoa gertatu zen, beraz, akabatu egin zuten. «Bere heriotzak beste zenbait jenderen bizitza salbatu zuen seguruen» adierazi zuen bozeramaileak.

        Hildakoen artean lau hilabetetako neskatilatxo bat zegoen eta familia oso bat, aita, ama eta seme alabak.

        Roger Hedgecock, San Diegoko Alkateak esan zuen «honek ez du zerikusirik ez terrorismo ez eta Joku Olinplikoekin. Antza osoa du neurotiko bakarti bat izatekoa».

        James Oliver Huberty bizi zeneko apartamentu blokeko auzoko batek adierazi zuen, duela gutxi aldegina zela beste toki batetara, seme alabekin alde egin zuen emaztearekin apurtu ondoren.

        Dusty Brisenok —16 urtetakoa— esan zuen banatu ondoren Hubertyk drogak kontsumitzeari ekin ziola eta tendentzia biolentoak zituela. Demokraten bilera nazionalaren berri zuzenean ematen ari ziren iparramerikako hiru telebista kate nagusienek, programazioa eten egin zuten gertaeraren informazioa emateko.

 

 

Hamalau heriotzena

 

Egilearen oharra.— Zorrotza benetan sententzia. Zirrara ematen du pentsatze hutsak: lau laurden egin eta kentzea bihotza. Ez da hori supliziotan makalena. Lau zaldiri hanka-besoak loturik ezartzen zuten kondenatua; edota aurrez okertutako zuhaitz enborrei. Enborrak okerturik mantentzen zituzten sokak moztu, edota zaldiak zamalkarazi, eta irudika dezakegu gaizkilearen hezur eta haragiak hots lehor batez etsitzen, borreroa bere lana akabatzen.

        Frantzia partean, Erdi Aroko tormentu hori erregeziden «ohore» eta esklusiba izan zen, ez zuen edonork modu horretan justizia hartzeko parada izaten. Zaldien sinbologia, osotasuna galtzen duen gorputzarena, arima gorputzaren babesik gabe erraturik ibiltzera kondenatua izan dadin.

        Erregezidetan ospetsua izan zen François Ravaillac. Tourresen jaio zen sendi txiro baten altzoan 1578an. Henri IV.aren aurkako panfletoak eraginik nonbait, maisu eta kobentu batetan ere ibili zen Ravaillac-ek deliberatu omen zuen, erregek ezin bazuen hugonoteak katolizismora konberti zitezen lortu hiltzea merezi zuela. Eta horrela abiatu zen Parisa. Hain zen txiro, bertan errege hiltzeko erabiliko zuen labana lapurtu behar izan zuela. 1610eko maiatzaren 14ean erregeren karrozara igo eta bi labankadaz akabatu zuen. Konplizeak zituenentz jakiteko torturatu zuten, eta hamahiru egun berantago deskuartizaturik hil zuten. Garaiko grabatu batek erakusten du Ravaillac biluzik ohol batzuren gainean etzanik, bi zutoinek alborako mugimenduak eragozten dizkiotelarik. Hanka-besoetara lotutako soken buruan zaldiak. Zaldi bakoitzak gidari bat. Borreroa kondenatuaren ezker partean dago, besoak altxata, bi eskuez kolpe mortala emateko prestaturik duen aizto handi bat eusten duelarik.

        Modu horretan heriotz zigorra jaso zuen azken kondenatua Robert-François Damiens izan zen. Arrasetik hurbil dagoen Tieulloyen jaio zen 1757an, baserritar txiro batzuren seme, jesuita, jende aberats, parlamentuko kide eta dama galai baten zerbitzura egon zen urte batzuz. Louis XV.ari bere betebeharrak oroitaraztearren zauri bat egin behar ziola erabaki zuen. Bere atentatua jesuita eta jansenisten arteko gatazkaren erdian gertatu zen. Labain ttipi bat hartuta, garrantzi gabeko zauria egin zion Louis XV.ari eskumaldeko saihetsean. Harrapatu zuten, eta hasteko labaintxoa eutsi zuen eskua erre zioten, ondoren zauritara berun urtua eta olio irakina isuri zioten. Eta azkenik 1757ko martxoaren 28an eraman zuten urkamendira. Gizon sendoa izan behar zuen, lau zaldiek ezin izan bait zuten beren lana finitu; beste bi zaldiren laguntzak ere ez zuen lortu Damiensen adarrak soinetik bereiztea. Borreroak zurdak mozteko baimena eskatu zuen, baina ez zioten utzi, kondenatuak gehiago sufri zezan.

        1789ko iraultzaz geroztik, goitik behera erortzen uzten zuen aho zorrotzezko tramankulua erabili zuten heriotzera kondenaturik zeudenen buruak enborretatik bereizteko metodo bezala. Bi ideia nagusik bultzaturik onartu zen gillotina. Batetik kondenatuak larregi sufri ez zezan metodo ona zelako, eta bestetik erregea eta populua maila berean jartzen zituelako.

        Bonaparte korsikarraren tropak Iberiako penintsulan ibili ziren artean afusilamendua erabili izan zuten beste ezer baino gehiago. Baina Cadizeko konstituziozaleek, lege eta kriminal arazoetan bezala merkatalgintzan ere berdintasuna lortu nahian lurralde osoan zeuden legeak parekatzeko kodigoa atera zuten. Horren arabera norbait atxilotu aurretik epailearen agiria behar zen; era berean atxiloturikoa hurrengo hogeitalau ordutan aurkeztu behar zen epailearen aurrean; detenituak lekuko guztien esanak eta izen-abizenak ezagutzeko eskubidea zeukan. 1811.eko apirileko dekreto baten arabera heriotzera kondenaturikoak urkatu beharrean garrotearen supliziora kondenatzen zituen. Itxura denez, gizarte maila desberdinei egokituriko garrote moetak zeuden. Garrote «arrunta», jende xehe eta krimen «arruntak» zigortzeko erabiltzen zen; garrote «vil» delakoa berriz krimen izugarrien egile zirenak punitzeko; eta azkenik garrote noblea, nobleziako jendeek egin krimenen ordaina jasotzeko.

        Frantziarrek penintsula utzi eta hurrengo hogei urteak, lehen karlistada bitartean, urte gatazkatsuak izan ziren. Dekretoak, eta aurreko guztia indargabetzen zuten kontra-dekretoak. Gartzela desberdinen funtzioa finkatzea. Interesgarria da ikustea 1812ko urriaren 9ko «Reglamento de las Audiencias y Juzgados de Primera Instancia» delakoaren arabera ordurarte Valladolideko chancilleriaren menpean zeuden «provincia vascongado»ak Iruñeko entzutegiaren menpe ezartzen direla.

        Bizkaia aldean gertatu zen «Zamakolada»ren esplikazio gisa ematen den arrazoietako bat Don Francisco Aranguren y Sobrado Bizkaiko Kontsultore perpetuoak argitara emandako arautegiak sortu deskontentua da. Sarrera-hitzean kexu agertzen zen frantziarrekiko azken gudaz geroztik probintzia lapur eta gaizkilez beterik zegoela. Bideetan, bide bazterretan, etxeak egun argiz erasotzen omen ziren, inolako beldurrik gabe, western jeneroko filmeetan bezala maiz herrietara tiroka sartu, biztanleak iraindu, ateak behera bota eta barruko guztia harrapatzen zuten. Don Franciscoren ustea zen juizioen atzerapenak bazuela eraginik, zeren «sei urte eta gehiago irauten» bait zuen itxaronaldiak; eta gainera ematen zen gaztigua ez zen behar bezain gogorra. Arautegi berriaren arabera, sententzia hogeitamar egunen buruan irakurri behar zen, berau apela ezina izanik, beraz kunpli beharrekoa. Kondena berriak honelakoak ziren: lapurreta eta lapurretaren fruituak gordetzeagatik hamar urtetako gartzelaldia Afrikan; heriotz zigorra berriz lapurreta odoltsuen egile eta lapur ospetsu zirenentzako gordea zegoen. Erregeak zazpigarren artikulua leundu zuen esanez ez zela nahikoa zigor larriena aplikatu ahal izateko aztarna hutsak oinarritzat hartzea, ez eta tormentuaren bidez lortzea beharrezko informazioa.

        Halere, bada garai haietan pertsonalki torturatzen zuen juez baten aztarnarik. Galinsoga zen juez horren izena.

        Jose Larreinaren krimenak kontatzen dituen bertsoaren arabera, badirudi lehen krimena guztiz frogatua zegoela. Bertsolariak behintzat datu ugari ematen du, eguna eta urtea ere zehazten dituelarik: 1825eko urriaren hamahiruan. Beraz, hirurte konstituzionala amaitu eta urte pare baten buruan, Fernando VII.a boterean zegoela. 1814etik 1820ra bitarteko bere aurreko botere aldian hogei heriotz kondena baino ez zirela eman adierazten du ikerketa batek. Baina 1823tik 1833a bitarteko aldian sekulako garbiketa egin omen zuen Fernando Vll.ak: 1825ean 1.828 heriotz zigor izan omen ziren. Hala ere, ez dakigu Larreinak Altzibarren egin omen zuen krimen horretatik harrapatu bitartean zenbat denbora iragan zen; ez eta harrapatu eta bizia kendu zioten arteko tartea zenbatekoa izan zen.

        Dena dela, ez dirudi XIX. mendearen lehen erdian erregeziden esklusiba zen Erdi Aroko suplizio hori jasanarazi ziotenik Jose Larreinari. Nola ulertu orduan bertso apokrifoan agertzen den «lau laurden egin eta kentzeko biyotza» hori?

        Laugarren estrofan agertzen da lehen aldiz «urkatu» hitza, bertsolariak Larreinaren ahotan honako erreflexioa jartzen duenean: «aisa merezi nuen bertan urkatzia». Krimen horregatik soilik heriotz zigorra merezi zuela adierazteaz gain, gerora jasotako sententziaren oihartzuna ere izan daiteke. Baina aurrerago, sententziaren berri ematen duenean, estrofa amaieran zera dio: «ai! ura urkaberako aiziaren otza!» (bertso honek aditzera eman dezake postumoa dela bertsolariaren lana, urkabera eraman zuteneko datua eskeiniz; baina guztiz posible da modu berean figura literarioa izatea eta urkabera joan beharrak sortutako hotzikara adieraztea). Hiru esanahi desberdin egozten dizkio Azkuek «urkabe» hitzari: garrotea, sokatik eskegitzea eta sententzia kunplitzen deneko lekua, hau da, urkamendiaren bariantea. Baina lau laurden egitearena oraindik ere argitu gabe daukagu.

        Pistarik eman dezaketen bi kasu ditugu. Lehena Serrallonga bandolero katalandarrarena da, bere heriotzaren ondoren eta autoridadeak atzetik zituenean ere mito bihurtu zen bandolero-aristokratarena. Bere andregaiarekin ibili zen ihesean, garaiko txakurrak atzetik zituela, eta beren muturren aurrean behin eta berriz eskapo eginez, herritarren onarpen trufatsua sortuz eta autoridadeen lotsa eraginez. Azkenerako bere kideek salatu eta harrapatu egin zuten Serrallonga. Andregaiak bizia salbatzeko esperantzaz zekitzan guztiak kontatu zituen, baina autoritateek Serrallongaren ahotik jakin nahi zuten bera lagundu zutenen zerrenda. Serrallongak ez zuen hastapenean kolaboratzeko intentzio batere erakutsi, baina tormentuaren bankuaren bistan, noble, elizgizon eta jende xeheen artean, hala nola artzai zein baserritarren artean zituen laguntzaileen izenak eman omen zituen. Kondenatu zuten borreroak lepoa moz ziezaion, baina aurretik zigorraz ehun kolpe eman zioten. Odoletan zegoela bi belarriak moztu, eta orduantxe jarri zuten borreroaren aizkorapean. Ondoren, bere gorpua zatikatu egin zuten, burua lantza baten puntan guztien bistara eta eskarmenturako jarriz (Mitikileko erretoreaz oroitzen gara). Guzti hori 1634ean gertatu zen. Larreinaren garaia baino bi mende lehenago beraz. Horregatik, Serrallongarena adibide adierazgarria bada ere, egokiago litzateke denboran hurbilagoko beste kasu bat topatzea.

        Jaime Alfonso Juan, «El Barbudo» goitizenez, bandolero ospetsu eta odoltsua izan zen. Laborari soil zelarik lapur batek labanaz eraso egin eta bere burua defendatzerakoan erasotzailea hilik suertatu zela diote. Bere sendikoen kontseiluei jarraiki mendira ihes egin zuen, bertan bandolero talde batekin elkartuz. Azkar, Jaime Alfonso talde-buru bilakatu zen eta karrera distiratsua egin omen zuen bere bide-lapurren gidari gisa. Frantziarrak iristerakoan, aberriaganako amodioa pizturik Napoleonen soldaduei eraso egin zien, halako moduz, non gerra amaitzerakoan kondekoratua izan bait zen, eta berriro laborari lan lasai eta gogorrera itzuli zen.

        Ez zuen asko iraun «Bizarduna»k aurpegiko ileak hazten utzi baino lehen. Hirurte konstituzionaleko garaian, bere burua katoliko sutsu eta Fernando VII.aren defendatzaile amorratu gisa agertuz, gerra egin zien liberalei. Eta erregek boterea berreskuratu zuenean, lasai asko itzuli zen bere laborantza lanetara absolutisten ohoreak jasotzeko asmoz. Bai eta jaso ere. Baina ez zen nonbait bandolero-ohia erregezaleen aliatu presentableegia izango, zeren Murciako alkatearen deia jaso zuen hiri hartara aurkez zedin. Gartzelara sartu zuten, epaitu egin zuten, eta 1824eko apirila edo maiatzean urkatu, ondoren bere gorpua zatitu eta burua, kaiola moduko batetan sartuz, bere jaioterrira igorri zuten.

        Beraz, horrelako zerbait izan zen Jose Larreinaren patua. Urkatu egin zuten, garrote vil delakoaz edo lepotik zintzilik, eta gero gorputza lau laurden egin eta bihotza kendu zioten. Agian, kutxa batetan sartu eta Mendarora bidaltzeko.

        Galdera asko geratzen dira erantzun gaberik. Ez dakigu Larreina bide-lapur bakartia izan zen, edota talde batekin ibili ole zen. «Nitzaz eskarmentatu balitez bestiak...» dioenean nortaz ari ote da bertsolaria? Jendeaz, ala agian berarekin aritu baina ihes egin zuten bere kideez? Auskalo. Bertsoak testamentu, konfesio eta damutze agerpen gisa idatziak daude. Baina ez dirudi Larreina bera bertsolari izan zenik. Damutze agerpenaren bidez errukia lortzearren bere senditarteko norbaitek enkargatu ote zituen? Ez dakigu... Historiaren adabakien artean bertso batzu baino ez dira geratu Jose Larreinaren testigantza gisa... Baina, nor izan zen Jose Larreina?

 

 

Odolaren usaina

 

ETA militarreko ustezko partaidea hilik Donostian poliziarekiko enfrentamentuetan eta beste hiru atxiloturik.— (82/IX/27. El País). Fernando Barrio Olano, ETA Militar erakunde terroristaren Sega komando legaleko ustezko arduraduna hilik gertatu zen atzo, goizaldeko bostak inguruan, Donostian, poliziaren tiroen ondorioz. Komando bereko beste hiru pertsona gehiago Intxaurrondoko auzo donostiarrean atxilotu zituen lehentxoago poliziak, casa Kayla izeneko pasabidean. Poliziak Browning pistola bat, ehiza eskupeta bi, mira teleskopikodun bi fusil, munizio ugaria, transmisio materialea eta zenbait txosten aurkitu ditu. Txostenetan Gipuzkoan, Bizkaian, Araban eta Logroñon burutu beharreko atentatuen berri ematen da eta eta horrez gain jeneral, ofizial eta azpiofizialen uniforme militarrak era topatu dira.

        Mando Unico para la Lucha Contraterrorista (MULC)ko agiri batetan adierazten da Fernando Barriok zenbait tiro egin zituela pistolaz polizien kontra, azken hauek dirudienez lehergailuak erabiliz, bere etxeko atea bota zutenean, Donostiako San Martin kaleko 51 atariko seigarren etxebizitza hain zuzen ere.

 

Hemeretzi tiro, horietako zazpi bihotzean, izan ziren Iñaki Ojeda preso-ohiaren heriotzaren kausa.— (84/II/17. Egin). Badirudi Poliziak hemeretzi tiroz zulatutako Iñaki Ojedaren heriotza eta Juan Manuel Piriz eta Juan Manuel González-ek izandako zauri larriak, hala nola beste zenbait pertsonen atxiloketa, horietako batzu Basurtoko Ospitale Zibilean ingresatu behar izan dituztenak, izan direla bart Barakaldoko Cruces auzoan izandako «bilaketa eta miaketa» operazio zabal batetako ondorioa.

        Rafagak, isiltasuna, rafagak. Zorigaiztoko hiru hitz hauek bil dezakete, Cruceseko hiru auzokide bat datoz horretan, atzo goizaldeko bostak pasatuxe zirenean «El Llano» auzoko Grupo Euskalduna kaleko 80, 4. ezkerreko etxebizitzan gertatutakoa.

        Zenbait denbora lehenagotik, batzuren esanetan orduak, polizia mordoa «orrazketa» lan sakonetan zebilen bilatutako pisuaren inguruko blokeetan. Poliziak bilketa horretan hiru pertsonaren argazkiak aurkezten zituen, gazteak zirela besterik gogoratzen ez dela. Gutxi gora behera 4,30 edo 4,45-ren inguruan, egunkari honek auzokoen bidez eta azkenik Txema Montero abokatuaren bidez burutu ahal izan duen gertaeren berregituraketaren arabera, Polizia Nazionaleko, GEO taldeetako eta Cuerpo Superior de Polizia-ko poliziek Euskalduna Taldeko 80 etxea, 7. blokea, kokaturik dagoeneko eraikina inguratu zuten, ate joka ibili ziren zenbait pisutan laugarrenera heldu arte, aldez aurretik bostgarrenera joanak zirelarik aldi berean eskuma eta ezkerreko etxebizitzetan deituz, bilatutako gazteak azkenik han aurkituz. 4. ezkerraren aldameneko auzokideak gogoratzen du polizia hesi baten atzetik, batzu hizketan ari zirela jotako atea irekitzera hurbildu ziren pertsona birekin, eta atean inolako kalterik ez zutela egin. Auzoko berberak dio elkar hizketa «kasu hauetan ohizkoa dena» izan zela eta berehala polizietako batek bere pasiloaren atzekaldera urruntzeko esan ziola. Handik une batzutara, goizaldeko bostak eta bost izango ziren, zaratak entzun ziren eta jarraian «rafagak, isilunea, rafagak» bost bat minututako epean. Beste auzoko batzuk adierazi zuten hau gertatzen ari zelarik «hil itzazu, hil itzazu» hitz izugarriak entzun zirela.

        Honela zioen poliziaren oharrak: «Gaur goizeko bostetan, Cruces-Baracaldo auzoan, Llano kalea 80-4. ezkerra, Nagusigo honetako eta GEO-ko partaideak miaketa bat egitera zihoaztela, etxebizitzaren barrenetik tirokatuak izan dira, erasoari erantzunik hau izan da ondorioa. Hilik gertatu zen: Ignacio Ojeda Martin, «Iñaki» ezizenekoa, Portugaleten (Bizkaia) jaioa, 63-5-4ean, Ignacio eta María Asunción-en semea, ezkongabea, ikaslea, Portugaleteko Gregorio Urquiano kaleko 24-ean dagoen gurasoen etxebizitzatik alde egina».

 

        ETA (M)ko ustezko bi partaide hilik eta Jesús María Zabarte atxiloturik atzo Hernanin.— (84/VI/16 . Egin). Agustín Arregi Perurena hernaniarra eta Juan Luis Lekuona Elorriaga, busturiarra, ETA militarreko ustezko partaideak hilik gertatu ziren atzo goizaldean Hernanin burutako ekintza polizial batetan, bertan Jesús Mari Zabarte Arregi ere atxilotua izan zen hala nola egintza poliziala burutu zeneko etxebizitzaren jabeak diren Miner senaremazteak.

        Ekintza horretan Antonio Aguayo Jiménez goardia zibila ere zauriturik gertatu zen lau bala zulorekin.

        Zailtasun handiak daude gertaerak nola izan ziren jakiteko, gertatutakoaren ikuspegi global bat eman dezaketen lekuko gutxi dagoelako, hiru ordutan zehar luzatu bait zen.

        Elias Miner, etxebizitzaren jabe diren senaremazteen hiru semeetako bat, operazio polizialaren lehendabiziko momentuak bizitu zituen barrutik eta honela kontatu zizkigun oraindik pasatakoaren urduritasuna nabaritzen zitzaiola.

        «Sartu eta zera esan digute: denok gora. Haiek gela batetan zeuden eta gu beste batetan. Hiru anaia geunden. Goizaldeko 4,15 izango ziren. Atea bota digute eta tiroka hasi dira, denok eskuak gora eta horrela. Hasieran gu han gelditu gara baina gero irtenarazi gaituzte eta auzoko batzuekin joan gara.

        —Zenbat jende zegoen etxe barruan, zuetaz aparte?

        —Atzo gauean bat zegoen eta gero sartu dira.... ez dakit, ez dakit inor sartu ote den.

        —Noiz hasi dira disparoak?

        —Sartu diren momentutik. Haiek zeudeneko gelan baten bat zegoela ikusi dute eta tiroka hasi dira. Gu ikaratu egin gara eta horrela esan digute, «hara, irten kanpora, eta zurekin daudenak ere». «Pistola batekin ere mehatxu egin digute» gehitu du Eliasek. Gero alde egin dugu eta besterik ez. Orain neu etorri naiz.

        Poliziaren oharra: «Frantziatik Gipuzkoako probintziara duela gutxi etorritako ETA militar erakunde terroristako komando liberatu bat aurkitu eta atxilotzeko Estatuko Segurtasun Gorputzek Gipuzkoako probintzian aurrera daramatzaten aktuazioen barruan, Goardia Zibileko indarrek, gaur goizaldeko ordu biak inguruan, aipatu komandoaren azpiegitura izateko susmagarria zen etxebizitza baten miaketari ekin diote. Goardia Zibileko indarrak tiroz hartu dituzte etxebizitzaren barrenetik, Antonio Aguayo Jiménez goardia zibila hiru balaz zauritua izan delarik. Donostiako ospitale batetara eraman eta une honetan medikuen eskutan dago, egoera larrian. Eraikina inguraturik komandoa zegoen etxebizitzaren solairuko auzokideak ebakuatu dira eta sartu direneko lehen gelan Jesús María Zabarte ETA militarreko partaide liberatua atxilotu dute, komandoko arduraduna. ETAko beste partaide biek, beste gela batetan babesturik, entregatzeko eskariei erantzun gisa tiroka segitu dute, Jesus María Zabarte komandoko arduradunak ere entregatzeko esan dielarik».

        Zabarteren aitorpenaren arabera, etxebizitzan Goardia Zibila zegoela konturatu zenean, etxeko zuloan izkutatu zen eta bertatik entzun zituen jipoitzen edo torturatzen ari ziren baten garraisiak, honek azkenean zuloa bazegoela aitortu zuen. Zabarte aurkitu eta atxilotu ondoren ikusi zuen UAR-etako partaide batek granada bati segurua kentzen ziola, aldameneko gelan zeuden bere lagun biei botatzeko asmo argiarekin. Une horretan komandoko ustezko arduradunak bere lagun biekin hitz egingo zuela esan zuen baina, adierazi zuen, utzi ez ziotenez ez ziola inoiz errenditzeko esan.

 

Lucía Urigoitia Goardia Zibilaren tiroz hilik Trintxerpen.— (87/VII/24. Egin). Lucía Urigoitia Ajuria, Bizkaiko Otxandioko 28 urtetako neska gaztea hilik gertatu zen atzo Goardia Zibilaren tiroz, ostegun gauean eta atzo goizean Gipuzkoan buruturiko ekintza polizial batetan.

        Gobernu Zibilak emandako bertsioaren arabera, poliziaren ekintza hauek hamarrak aldera hasi ziren, Trintxerpen jarritako kontrol batetan Bilboko matrikuladun «Renault-12» batetan zihoazen Ignacio Erro Zazu eta Estanislao Etxaburu lokalizatu eta atxilotu zituztenean.

        Geroago Rentería kaleko pisu batetan izan zen ekintza poliziala eta bertan Lucía Urgoitia hilik gertatu eta Alicia Pereira eta Manuel Muiños atxilotu zituzten.

        Aipatu jazoerak gertatzen ari ziren bitartean irratizale batek Goardia Zibilak erabili ohi duen frekuentzian entzun ahal izan zuen haietako bat eraikinaren inguruetan zeuden goardiekin hitz egiten zuela eta honelako esaldiekin animatzen zituela «ea denak hiltzen dituzuen eta gero mozkorra hartuko dugu».

        Kontroletan katxeoak eta geldiketak etengabeak ziren eta Udaltzaingoari eta laguntza medikoaren beharrerako hurbildua zen anbulantzia bati ere ez zieten pasatzen utzi. Bertan egondako lekukoek eta DYAko partaideek esan zutenez goardia zibilek ez zieten gertaeren tokira hurbiltzen utzi, inolako anbulantziarik ez zela behar esanez «zauriturik ez dago eta».

        Gobernu Zibilak emandako gertakizunen bertsioan ostera, «atea zabaltzeko agindua behin baino gehiagotan eman ondoren, bertan zeuden goardiak tiroz hartu zituztela barrukoek» adierazten da. «Unitatearen buruan zen goardiak balen kontrako txalekoan hartu zuen tiroa eta Lucía Urgoitia Ajuria aurrekoaren atzetik zegoen numeroaren tiroen ondorioz hil zen».

 

        Hildako etakideak, garondoan «bete betean» emandako tiro bat hartu zuen.— (87/VII/25. El País). Lucía Urigoitia Ajuriak, ustezko ETA Militarreko partaidea, joan den ostegunean eta polizi operazio zabal baten barruan Pasaia San Pedron hil zena, garondoan tiro bat hartu zuen, «bete bertan» egina, egunkari honek kontsultaturiko iturri fidagarriek adierazi zutenez. Ustezko etakideari egindako autopsiak frogatzen du zentimetro gutxitara tiro mortal bat jaso zuela. Balak egindako zuloan erretako ertzak daude, bete betean egindako zulo baten ezaugarria, eta gaztearen ilearen aztarnak.

        Ikerketa judizialaren beste iturri batzuk onartu egin dituzte tazitoki datu hauek eta kasuaren dilijentziak burutzen dituen Donostiako epaileak ez ditu ezeztatu.

 

        Lucía Urigoitiari distantzia laburretik emandako tiroa konfirmaturik.— (87/VII/30. Egin). Lepoaren alboatzekaldetik sartu zen proiektila «nahitanahiez mortala» zela adierazten du autopsiak. Lucía Urigoitiari egindako autopsiak adierazten du bi tirok egindako lau zulo dagoela —horietako bat «distantzia laburretik» egin zen— azken hau «nahitaez mortal»tzat jotzen delarik auzitegiko medikuek egindako txostenaren arabera. Txostenak dioenez lehendabiziko proiektila, «distantzia luzetik» egina, alboetako ertzaren azpitik sartu zen eta eskumako hipokondrioaren altueran, kanpoatzekaldeko aldean, irten. Azalpen mediko-forenseek diotenez tiro honen aurrikuspena «oso larria» da, heriotza ere ekar dezakeelarik baina «ez bapatean». Bigarren proiektila, lepoko eskumako alboatzekaldetik sartu eta ezkerreko tenporaletik irten zena, «distantzia laburretik» bota zen eta horren aurrikuspena «nahitaez mortala» da. Informazioarekin batera gehitzen den zirriborroan ikus daiteke «lepoaren alboatzekalde» hori eta kokotea oso gertu daudela. Azpimarkatzekoa da komunikabide gehienek forenseen txosteneko zehaztasun semantikoaren aurrean adierazitako lasaitasuna, «ber-bertatik» eta «bete betean» testuak baztertuz eta tiroa «distantzia laburretik» emanda bezala definituz. Hala ere txostenak berak azaltzen du distantzia labur hori, ez dela, kasurik hoberenetan ere 60 edo 70 zentimetrotakoa baino handiagoa izaten.