Odolaren usaina
Odolaren usaina
1987, ipuinak
120 orrialde
84-86766-01-X
azala: Joxean Muņoz
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Odolaren usaina

 

Goiko kaletik etorrita zebilkien txaranga batek jendea buila etengabean. Pieza bat bestearekin lotuz, tronpetistak apenas jarrai zezakeen bonbojolearen erritmo beldurgarria. Hango zaratak erraz disimulatzen zituen estridentzia eta desafinoak ez zitzaizkion inori ajola. Garagardoa plastiko xurizko edalontzitan, inork nondik atera ote zen ez zekien zahatoaren ahora hurbiltzen ziren muturrak; abilidade eta oreka mantentzea lortzen zutenak txorroa ahalik eta urrunenetik zuzentzeko ahaleginetan zebiltzan. Aufika eta ufika, sigi-saga, patxaren ahotsez, besoa kidearen sorbalda gainetik igaroz, barkura sekulan ez igotako gazte koadrilek marinel kantuak entonatzen zituzten, estrofak amaitzeke utziz eta pentagramaren aginduak jauzien martxara egokituz.

        Plazaren erdian sanjuan sua izandakoa hauts, errauts eta sugar besterik ez zen, haurrek ordurarte saltoka ibilitako gazte bipilei txanda hartu zieten. Gau gazteari, denbora azken zukurarte profitatzeko desio sakona irribarrean nabari zitzaion.

 

 

Gela hark leiho bakarra zuen, koadro itsu baten gisara. Kaleko faroen argi apal laranska nagiz filtratzen zen pertsianetatik kalea beha zegoen gizonaren aurpegia horizontalki marratuz. Musika baten hotsa ere iristen zen haraino. Herriko festak ziren. Hortzartetik, ahots apalez, txarangaren batek sortua izan behar zuen piezaren letra marmarkatu zuen gizonak.

        Ezagututako festa guztien oroitza irudi bakar batetan laburbiltzen zen gizonaren irudimenean. Taberna leporaino beterik oroitzen zuen, bost garagardo, txanpan kopa bi eta tonika bat eskatzearren barraraino hurbiltzeko saio izerditsuan ari zen, giza-hesi jostari eta penetragaitzak eragozten zion haraino iristeko esfortzu oro. Alboan zeukan morroietako bat itzuli egin zen, garagardo botila luzatu, lepotik heldu eta bozgoragailuetatik isurtzen zen doinuari jarraiki, beste guztiekin batera saltaka hasi ziren.

        Eskuan zeukan edalontzitik ur tragoa edan zuen. Bero egiten zuen. Koltxoi alboan zeukan zigarro paketea bilatu zuen, eta hutsik topatu. Ilunpean zegoen etxea. Pasiloan barrena abiatu zen, ezkerreko eskuaz horma segituz. Komuneko atea. Beste gelako atea. Atea bultzatu zuen. Zurrunga neke bat, giza usain sarkorrak agurtu zuen. Mugimendu azkar eta urduri bat iritsi zen bi ohetariko batetatik:

        —Zer!? —harridura eta lo etena adierazten zituen ahotsak.

        —Lasai —esan zuen gelan sartu berriak—, ba al daukak zigarrorik?

        —Bai, har ezak —bere oheraino hurbildu zenari paketea luzatu zion esnatu berriak—. Ze, ezin al duk lorik egin?

        —Ez.

        —Bestea lo al zegok?

        —Baietz uste diat. Beno, hi, gabon.

        —Bale... Aizak hi, utz egidak zigarroren bat bada ez bada ere.

        Bere gelara itzulita, ohean etzan bilutsik eta zigarroa piztu zuen, mahai gainean zegoen hautsontzia hurbildu gabe. Kanpoan festak jarraitzen zuen. Etxea isil eta bare zegoen.

 

 

Etxe arrunta, munduan dauden beste hainbat bezalakoa. Bi logela, komuna, sukaldea eta egongela, orain logela ere bilakatua. Lau gizon arrunt daude bertan. Gero bada beste bat noiz behinka etortzen dena egunkaria, tabakoa, jana eta liburu batzurekin.

        Goizean goiz iristen da. Ateko bi sarrailak giltzez zabaltzen ditu. Isilik sukalderaino iristen da, eta mahai gainean uzten du erosketen poltsa. Batzutan egongelako atea zabalik dago. Besaulkian, egongelan bertan lo egiten duena zigarro bat erretzen ari da. Ezin jakin zenbagarrena, jeiki berri den, edo gaua ezin loak hartu igaro eta zigarroak bata bestearen atzetik errez egon den, ilunpean, noiz sugar ttipiari so eginez, noiz gauaren zaratei beha.

        —Kaixo —esan dio sartu berriak—, berririk? Besaulkian jezarrita dagoenaren begiradan galdera ironikoa izan ote den asmatu nahia somatzen da.

        —Ez.

        —Besteak lo al zeudek?

        —Uste diat ezetz... Hik ba al duk berririk?

        Iritsi denaren ahotsean ezezkoa ahoskatu beharrak sortzen dion desgustoa nabari daiteke.

        —Ez... Hor ekarri dizuet egunkaria eta libururen bat ere. Topatu dudana. Beno, lanera joan behar diat. Adio!

        —Adio...

        Eta etxea isilik geratzen da ostera une batzuz. Besaulkian dagoenak sukalderantz begiratzen du mahai gainean geratu den poltsaraino iristeko behar indarrak bilduz-edo. Gero, gela bateko atea zabaltzen da, sukalde ondoko gelako atea, norbait oinutsik doa komunera, pisa egiten du, eta pasiloan zehar egongelara iristen da. Kantzontziloak eta manka motxeko alkondara bat besterik ez daramatza soinean.

        Egunonak gurutzatzen dituzte iritsi berriak eta besaulkian datzanak.

        —Ekarri al dik egunkaria?

        —Bai, hor daukak sukaldeko mahai gainean. Sukaldeko mahai gainean zabaltzen du egunkaria eta orriak azkar igarotzen ditu zerbaiten bila. Egunkaria tolestu du ostera eta egongelatik mugitu ez denari zuzentzen zaio.

        —Berririk ez ziok, ezta? —Eta erantzuna itxaron gabe— Gosaldu al duk?

        —Ez.

        —Nahi duk kafe bat?

        Ari da dagoeneko kafetera italiarra prestatzen. Bezperako kondarrak lapiko batetara isuri ditu. Kafeterako hiru piezak metodikoki ureztatu ditu. Behekoa urez bete, erdikoa kafe xehetuz, eta erroskaz isten du kafetera surtan jarriz.

        —Orain irakurri behar al duk egunkaria?

        —Ez, har ezak.

        Marmarrean mintzo dira, ez arrisku ziur baten beldurrez, balizkoez baizik, ohituraz kasik. Mugimenduak mantsoak dira, apartamenduaren metro karratu guztiak bere osotasunean profitatu nahi izango balituzte bezala; distantziari, ez duen malgutasuna eman nahi izango baliote bezala. Gurutzamendu posible guztien diseinuak zolua guztiz beztuko luke, egunean zeharreko urratsen joan etorriaren poderioz. Espazio bat bete, hitz gutxirekin, gertaerarik gabe, zerarik nimiñoena gertaera bilakatuz. Eta pentsamenduek, ametsek, desirek beren erreinu eta basetxeak eraikitzen dituzte, hala itsasertzean nola haize epel batek ferekatuko lituzkeen muino eta tontorretan. Gorputz atalak zamatsu egiten dira, eta une berean ernetu, ikugarri, erreal, konsziente bilakatzen dira. Hazkazal baten, hatz-marken infinitoan murgiltzen da begirada —hormen kontra, betiko horma berberen kontra oztopatzeaz kamusten den begirada hori bera— espazio askeen bila.

        Sukaldean, kafea borborka ateratzen da kafetera italiarraren tututik. Boltsatik ateratako liburuak begiratzen ari zenak itzali du sua, eta katilu bi atera ditu. Egongelakoa zigarro bat erretzen ari da. Ondoko gelan, beste biek, goizeroko jinasiari ekin diote. Hogei flexio ahospez, besoak tolestuz, giharreak esnatuz. Ondoren, batak bestearen txonkatilak eusten ditu eta hankak goratzen ditu bestearen esku zabalduak ikutzen saiatuz. Txandakatuz ari dira. Orain bestea da txonkatilak eusten dizkiona, etzanik dago, aurpegia sapairantz zuzendurik, besoak buru atzean plegaturik, eta aurrera egiten du sabeleko giharreak tenkatuz, sudurraz belaunak ikutu nahian. Hamar, hogei, hogeitamar flexio erditzalean. Izerditan ari dira biak amaitzerako. Egun beroa igartzen da pertsianen bestaldean.

        Egongelako leihotik begiratuta edifizio bat ikusten da enparantzaren beste aldean. Etxeko gizonetariko bat leiho itxira hurbildu da zirrikituetatik kanpora begiratzeko. Goizez ematen du eguzkiak aurreko etxebizitzan. Leihoetariko batetara atorluzez jantzitako neska adats luze bat agertu da, eskuak leihoko ertzean ezarriz arnasa hartu du, sakonki, bizpahiru aldiz. Gero eskuekin itzal eginez gizona dagoeneko leiho itxirantza begiratu du. Une batez, horrela, higitzeke egon ondoren, barneratu eta berriro agertzean oheko tapakiak dakartza. Leihotik kanpora astintzeari ekin dio. Lana amaitu eta berriro ere so egin du aurreko etxerantz, pertsiana itxirantza. Gizonak, badazpada ere, zigarroa amata du hautsontzian. Neskak ileak atondu ditu keinu arin batez. Kontrabentanak erditxi ditu bat batean, eta utzitako zirrikitutik beso bi agertu dira ator luze bat zintzilikatzeko. Gizonaren begirada goizaldeko haize freskoaren nahira balantzatzen den atorluzean iltzekaturik geratu da.

 

 

Bazkalondoan karta-jokoan ari dira lau gizonak mahaiaren inguruan. Mus akoltxatua, agresibitate gabeko enbidoak gurutzatzen dituzte. Keinuak. Tantu zenbatzea. Tabernetako musaldien zalapartatik urrun. Laurak arterako denbora betetzen du jokoak. Orduan, jinasia egiten aritu izan diren biak mahaitik altxa eta harrikoa egitera joan dira sukaldera. Beste biak hizketan geratu dira.

        Zurezko mahaia babesten plastikozko mantela dago. Ogi papurrez eta pospolo itzaliez egindako diseinu bat burutzen ari da bertan bi gizonetariko bat. Sukaldean, iturritik ateratzen den txorrotada xumearen azpian jartzen ditu batek plater eta edalontziak, gero besteari ematen dizkio, honek eskutrapuaz xukatu ditzan. Egongelako biak barrezka ari dira. Eskutrapua utzi eta egongelara doa beste biei isilago mintza daitezen agintzera.

        Egongelakoek plastikozko mantela jaso dute. Batak papurrak jaso eta sukaldeko zakarrontzira daramatzan bitartean, besteak mantela tolestu eta armairu batean sartzen du. Gero egongelara itzuli dira. Goizean egunkaria irakurri duenak berriro hartu du eskuetan zenbait artikulu patxara gehiagoz irakurri asmoz. Bestea besaulkian eseri da liburu bat hartuta. Segituan dago lo.

 

 

Esnatzerakoan, begiak erdi zabalduz, bestea atzeman du posizio berean mahaian eserita, libururen bat irakurtzen, edo gurutzegramaren bat betetzeko saioan. Besaulkian eserita dagoen moduan ez du mahai-gaina ikusten ahal. Hitz batzu zuzendu dizkiote elkarri, eta esnatu berria sukaldera abiatu da garagardo banaren bila. Egunkaria utzi, eta bestea leihora hurbildu da, kanpora begiratzeko. Plazaren beste aldean dagoen etxebizitza itzalean dago orain. Leiho gehienak, halere, itxirik daude. Leihoetariko batetatik ator luze bat dago zintzilik.

        —Hemen duk —esan dio besteak, sukaldetik bueltan.

        Leihokoa mahaira hurbildu da nagiki.

        —Besteak siestan al zeudek oraindik? —galdegin du.

        —Ez, esna zeudek, zeozer irakurtzen ari dituk —erantzun, eta garagardo botila bertatik edan du—, egingo al diagu musean?

        —Nahi baduk —liburua itxi, eta berak ere garagardo botila bertatik edan du.

        —Abisatu egiek horiei —esan dio besteak altzari baten gainetik karta baraja hartuz.

        Pasiloan abiatu da, isilik, beste biak dauden gelaraino.

        Marmarrean mintzo dira lau gizonak mahai borobilaren inguruan. Kartak banatzen dituzte, tantoak eta hamarrekoak zenbatzen dituzte, enbido eta hordago bareak jaulgitzen dira haien ahoetatik. Garagardoa edaten dute trago ttipitan, eta gela kez bete da etengabe erretzen dituzten zigarroen ondorioz.

 

 

Iluntzen duenean ez dago zeregin askorik, horregatik azken argiarekin afaltzen dute. Kafea hartuz zigarroak erretzen dituzte eta mintzatzen dira. Gai zehatzik gabe, gauza handirik esan gabe, egunkariko berrietaz. Guztiek buruan dutenaz ez dute hitz egiten.

        Gaur harrikoa egin duena, jeiki, eta gelara doa. Bertan irrati ttipi bat hartu eta bolumina ahalik eta apalen jarriz, irratia belarrira pegatuta entzuten ditu berriak, gelan jadanik nagusi den iluntasunean zigarro bat errez. Handik piska batetara bestea iristen da eta irratiko berrietaz galde egiten dio. Berak ere zigarro bat pizten du.

        Hautsontzirik ez dute gelan, beraz iritsi berria sukaldera doa hautsontzi garbi baten bila. Sukaldean beste bat dago hozkailutik garagardo bat ateratzekotan. Hautsontziaren bila etorri denari irratiak berririk eman duen galdetu dio.

        Hozkailua itxi eta garagardoa hartuta egongelara doa.

        —Emaidak tragu bat —eskatu dio besteak.

        —Hi, horrek ez al zian iluntzean bueltatu behar?

        —Bai.

        —Zer ordu duk?

        —Hamarrak inguru.

        Isildu dira biak. Batak garagardo botilatik tragua hartu du. Besteak beste zigarro bat piztu eta beste biak dauden gelarantz doa. Garagardoa edaten ari dena leihotik kalera begira geratu da.

        Ez da mugimendurik somatzen. Ez dirudi ilargirik dagoenik ortzean. Kotxe handi baten argiak agertu dira ezkerraldetik, atzetik kotxe txiki batenak. Handia, maldaren erdi aldean, eskubikaldera baztertu eta geratu egin da. Txikiak aurrera egin du. Eta ia segituan handia haren atzetik doa. Txikiak maldaren gorenera iritsi, ezkerreko bidera sartu eta buelta hartu du, berriro ere beherantza abiatuz. Handia maldaren gorenera iristerako txikiak lehen handia gelditu den parean aparkatzeari ekin dio. Handiak, txikiak egin duen itzuli bera egin eta lehen gelditu den leku berdinean, baina oraingoan beherantz begira, gelditu da. Kotxe handitik gizon bat atera da. Instant batzu berantago kotxe txikitik emakume bat. Gizonak galtzada gurutzatu du emakumeaganantza. Kotxe txikiaren alboan gurutzatu dituzte besoak, batak bestearen bizkar atzetik pasatuz; eta alboko eskaratzera daraman mailadia igo dute gisa horretan. Barre batzu entzun dira gauean.

 

 

Laurak elkartu dira egongelan. Falta dena iluntzean ez itzultzea larria izan liteke, baina ez daukate jakiteko modurik. Handik ateratzea proposatzen du batek, baina ez dago horretarako modu egokirik.

        Zigarro piloa erretzen dute gauza berari mila buelta eman eta ez dagoen irtenbide baten bila. Azkenerako oheratzea erabaki eta geletara doaz. Goizaldeko ordubiak dira. Egongelan lo egiten duena bertan geratu da. Leihotik begiratu du eta aurreko etxebizitzako leihoan ez du ator luzerik eskegita ikusi. Kalera begiratu du. Ez da festa zaratarik aditzen.

        Erropak erantzi gabe oheratu eta lo hartzen saiatu da. Orduerdiren buruan jeiki eta zigarro bat eskatzera doa pasillo ilunean barrena besteen gelara. Zarata ttipi bat entzun du sarrerako atean. Kolpe batez zabaldu da atea, ikusi ditu eta geletan dauden hiru kideei garraisi egin die:

        —...