Odolaren usaina
Odolaren usaina
1987, ipuinak
120 orrialde
84-86766-01-X
azala: Joxean Muņoz
Mikel Antza
1961, Donostia
 
2015, poesia
2012, nobela
2010, nobela
1985, antzerkia
1984, ipuinak
 

 

Hamalau heriotzena

 

MARTIN ITZEBERRIKOAREN ALARGUNTSA

Ilundu zuen eta senarra kortatik itzultzerako prantatu nuen mahaia alabaren laguntzaz. Haize erauntsiak arbolak okertu eta leihoak dardarazten zituen. Ez genuen inor espero halako gau batetan, baina ohitura dugu bidaztiei aterpe ematekoa; ez da sekulan falta izan gure etxean salda beroa eta non etzana, eskertzekoa izaten bait da neguko gau luzeetan batetik bestera ibiltzen direnek ekartzen dituzten kontuak aditzea. Txanponen bat borondatean ematen badute ere ez dugu ukatzen. Jo zuen ba norbaitek atean halako batetan. Eta senarrak zabaldu zuen. Euritan blai egonagatik ere itxura sendoko gazte bat agertu zen gauerako aterbe eske. Alabak jaso zituen haren kapusai eta erropa bustiak eta behekosuaren parean sikatzen jarri. Martinen espartin zahar batzu ere utzi genizkion, eta goseak egotekotan gu puntuan afaltzen hastekotan geundela, eta mahaian bazegoela lekua eser zedin gurekin indiaba platerkada bat jatera, hala nahi bazuen, gonbidatu genuen iritsi berria. Ez zuen ezetzik esan eta Martinek mahaia bedeinkatu orduko hasi ginen afaritan. Ohi baino beranduago oheratu ginen, gazteak hizpiderako joera zuen eta. Alaba eta biok hala ere, gizonak sukaldean utzita joan ginen koartora. Ez nuen nik halakorik espero.

 

                Milla zortzireun eta ogeitabostian

                au amairugarrena Urriko illian

                Martin Itzeberriko Altzibarrenian

                atiak jo nituen ongi illunian

                baita ireki ere borondate onian.

 

 

BI GIZON OHEAN

Bapo afaldu ondoren sukaldean zeuden bi gizonak. Etxeko nagusiak botila bat ardo atera zuen mahai gainera, eta gaztea artobixarrezko zigarro bat biltzen ikusterakoan keinu batez geldiarazi zuen haren fabrika. Armairura hurbildu eta poto bat atera zuen bertatik gazteari luzatuz:

        —Esango didak gero zernolakoa den... Ameriketatik diretamente ekarria!

        —Eskerrik asko nagusi, aspaldian tabakoa erre gaberik naukazu... Estimatzen dizut benetan.

        —Tira, tira, motell... Ardo tragoska nahi al duk?

        —Zergatik ez ba?

        —Zer asmo duk?

        —Bihar goizean goiz abiatu nahi nuke, Katalunia aldera iritsi nahi dut eta.

        —Gipuzkoan bezalako girorik ez duk inon aurkituko.

        —Bai, horretan arrazoi duzu nagusi, baina pariente batzu ditut inguru haietan eta bisita egin behar diet.

        Hitzaspertua suaren antzera itzaliz zihoan, eta sugarrak besterik ez zirenean nabari oheratzea erabaki zuten bi gizonek. Ama-alaba lo sakonean zeudekeen ordurako, eta ohean sartu eta elkarri gau ona opa bezain pronto kandelargia itzali zuen Martinek.

 

                Ixtimatu ninduten konde bat bezela

                sillan exeri eta apaldu nezala

                konformatu ziraden familiyan ala

                nagusiya ta biyak etziñen giñala...

                berari sartu niyon petxutik puñala.

 

 

HERIO IHESI

Gazteak higitzeke, alboan etzanik zegoenaren arnasa zaintzen zuen. Ez zuen asko iraun Martinen loak etorri gabe; tapakien azpian beroa egin zenean etxeko nagusiaren arnasaldia patxaratsua bilakatu zen. Denbora iragaiten utzi zuen gazteak begi zabalduak ilunpeko infernuan tinko. Albokoak mugimendu bat egin zuen, eta haren besoetariko bat bere gorputzera hurbiltzen nabaritu zuen. Arnas aldaketarik ez haatik. Gazteak ohetik kanpora luzatu zuen eskua zoluan utzitako aiztoaren bila, aho hotza ukitu zuten bere hatz urduriek, euslekutik fermuki oratu eta airea ebaki zuen zirkuluerdi bat burutuz indartsu hondoratu zion alboan lo seko zegoenari bularrean. Konbultsio bat egin zuen Martinen gorputzak, eta eztarrian oihu ito bat trabaturik zuela jeiki zen ohetik. Beste ohetik hots bat aditu zen. Bapatean kandela baten argiak itzal dardaratiz bete zuen gela, alabaren bisaia hasieran galdatzaile, segidan estonatu, amaieran izutua eta Katalinaren harridura mutua argituz.

        Martin gelaren erdian zutik zegoen aiztoa bularraren erdian landaturik. Alaba garraisi batetan eskilaretan behera abiatu zen, eta gazteak atzetik segi zion tximistak bezala. Behekosuaren alboan egurra txikitzeko zegoen aizkora hartu zuen, eta neskatxa kanpoko atea zabaltzekotan zegoenean, danba jo zion buruaren erdian.

 

                Oitikan saltatu zen eriyo-igesi

                nigandik alakorik etzuen merezi.

                Alabak zuenian aita ala ikusi

                apaizaren eskaka bertatik zen asi

                aizkora trixte batea niyon burua autsi.

 

                Ogeita iru urteko neskatxa gaztia...

                Etzen bada lastima ala tratatzia?

                Aizkora trixte batez muñak saltzatzia

                ez da milagro izain ni laixter galtzia

                aisa merezi nuen bertan urkatzia.

 

 

DIRURIK EZ ZELA

Zerraldo erori zen neskatxa, burua erdibituta, itxura barregarri batetan geratuz. Trumoiak hautsitako isiltasuna hedatu zen baserri ilunean. Neskak erortzen utzitako kandela hartu eta eskilaretan gora abiatu zen gaztea. Paretaren zuritasuna zeukan Katalinaren aurpegiak kandelaren argitan, negar egiteko ere indarrik gabe kixkur eginda zegoen koartoko zoko batetan. Bere senarraren gorpuak bere luzetasunean gelaren erdia betetzen zuen. Haren gainetik salto egin eta hankazabalik jarri zen gaztea emakumearen aurrean. Azken uneetako larrialdia gaizki ezkutatzen zuen ahotsez galdegin zion:

        —Non da dirua?! Atso arrania!!

        Katalinak mutu zirauen, hitz bakar bat ere ezin ahoskatuz, eta buruarekin ezetz egin zion, ezetz errepikatzen zion. Gazteak ileetatik heldu zion, beste eskuaz eztarria estutuz, eta eskakizuna berritu zion are garrazkiago. Emakumearen mututasunaren aurrean, arrastaka eraman zuen gelaren erdiraino, bere senarra zenaren gorpuaren gainera botaz. Etsipenezko keinu bat egin zuen emakumeak eta zoluko ohol bat seinalatu zion gazteari. Zaplasteko bat jo zion emakumeari eta ohola altxatuz, poltsa bat atera zuen bertatik. Trumoi hotsarekin nahasirik zakurren zaunkak aditu ziren gauean. Urduri begiratu zuen gazteak alde guztietara, eta poltsa eskutan hartuta arrapaladan jeitsi zituen eskilarak, atea ireki eta gau hotz eta euritsuan galtzeko.

 

                Ikusi zitunian senarra ta alaba,

                Katalina gaxuak, ai, ura negarra!

                Ez bazuen jarri nai bestiak bezala

                dirua non zeguan esan beriala;

                ongi banekiyela dirurik etzala.

 

 

GAUAREN ERDIAN

Ez zituen ilargiak zenbatu, ez eta ibilitako legoak ere. Gauez ibiltzera ohitu zen, baina parajeak uzten zion bakoitzean egunargitan burutzen zuen bere Kataluniarako bidea. Goseak urdaila sastatzen zionetan hurbiltzen zen baserriren batetara, eta han lortzen zuen lortu beharrekoa, bai eta pagatu behar bazuen ere. Batzutan ausart eta bestetan zuhur, atzean utzi zituen Nafarroako garidiak, eta bai eta Aragoeko lur eremuak.

        Egunak ordu gutxi zituela, lapurtua izateko txiroegi zen bidazti bat gurutzatu zuen bidean. Diosala egin eta honela itaundu zion:

        —Zein da hurbilen dudan herria?

        —Ez zabiltza Leridatik urrun.

        Agureak, zeharkako begirada batez aztertu ondoren, zera erantsi zuen:

        —Hobe luke zu bezalako gazte batek Kataluniako lurretan ez ibiltzea.

        Gazteak barre egin eta limosna luzatu zion eskekoari. Honek ahoan zituen hortz eskasen artean sartu zuen txanpona eta kosk egin zuen, mesfidantzaz baino ohituraz.

        Leridako hiri handia alboan utzi eta hurbilen topatu zuen herrian sartu zen. Gauak inguruak besarkatu zituenean, herritik piska bat apartean zegoen baserri batetaraino zuzendu zituen urratsak. Oihartzun bat bezala errepikatu ziren gertaerak.

        Ez zioten bapatekoan zabaldu etxeko atea. Ordu berant hartan norbait ate joka aritzeaz harriturik nonbait, nordaka aritu zitzaizkion, azkenik berrogeiren bat urtetako gizon sendoa arkabuza esku batean eta kriseilua bestean atarian agertu zen arte. Hitzerdia gurutzatu aurretik sartu zion labana erraietan. Arkabuza hartu eta etxeko besteengana apuntatuz soltatu zuen kargazoia. Eta gero berriro labanaz akabatu zuen lana. Zakurrak zaunkaka ari ziren gaztea urruntzen hasi zenean. Gauak ez zuen zirkinik egin gaztea bere maindire beltzaren babesean onartzerakoan.

 

                Santo Kristo, zurekin konfesa nadiyan

                zer obra egin nuen nik Kataluniyan.

                Leridan pasa eta urbilen herriyan.

                Bost lagun bizi ziran beren familiyan

                guziyok il nituen gabaren erdiyan.

 

 

DIRUA EMAN ETA KENTZEA BIZIA

Pagadia igaro behar zuen portu gaineko bentan deskantsatu edota gaua pasa nahi zuenak. Zuhaitz enborren gristasuna han-hemenka ageri ziren arkaitzenekin nahasten zen zalantzazko arrats ordutan, basoa trabeskatzea arriskutsu bihurtzen zen; balizko bidaiariak edozelango erasoa espero zezakeen. Etxerako bueltan poltsa errealez loditurik zekarren bidaiariak batez ere. Astoa merkantziaz zamaturik zeramatelako berandututako merkatariak suertatzen ziren pagadia trabeskatzeko beharrean ilundu aurreko azken orduan. Gizon bipil eta bideetako arrisku eta deserosotasunei ohituta zeudenak. Hurrengo goizean Bentatik beherantzako bidean abiatzen zirenek zorigaiztoko baten gorpu biluzia topatzen zuten. Denboraldi batez izua eta amorrua inguruetako bidaiari eta merkatarien bihotzen jabe egiten ziren. Ahanzturak guztia ezabatu arte.

        Errepidearen erdian zaku astun bat bezala zegoen norbait etzanik. Eguzkiaren azken printzek haizeak durduriatzen zituen hostroen arteko zirrikituak profitatzen zituzten, eguratsari kutsu zalantzakorra itsatsiz. Etzanik zegoenetik hamarren bat metrotara geldiarazi zuen mandoa ordurarte bideko arriskuei adi baino bere pentsamenduetan dostatzen zihoan merkatariak. Arrantza urduria egin zuen mandoak. Hauts gainean etzaniko gorputza ez zen mugitu. Segada baten beldur alboetara begiratu zuen gizonak. Une batez basoan atzera egitea otu zitzaion, baina bide-lapurrak ingurutan bazebiltzan Bentara ailegatzeari zuzenago eritzi zion.

        Zerraldo zegoenaren parera iristerakoan itxura oneko gaztea zela ikusi ahal izan zuen. Ez zion odol trazarik asmatu jazkiak orbainduz, eta kolpe batez akabatua zatekeela deliberatu zuen. Une hartantxe kexu ahul bat jaulgi zen gaztearen ahotik eta eskua luzatu zion mandoa urrats zuhurrez gidatzen zuen gizonari. Ezustekoak eraginda jauzi ttipi bat egin zuen honek, eta mandoak jabearen izuaz kutsaturik urruntzeko saioa egin zuen. Merkatariak tinko eutsi zion bridari. Zahatoa deseskegi zuen eta gazteagana hurbildu zen.

        Makurtu zenean bestearen eskuan aizto baten dirdira ikusteko beta izan zuen. Atzerakako saltoak ez zion gaztearen aiztokada eragotzi ahal izan. Besoan jo zuen. Borborka hasi zitzaion odola besoko zauritik. Karraixi egin zuen atzerakako beste bi urrats emanez. Mandoaren arrantzak oihartzunez bete zuen basoa. Beste bi gizon agertu ziren bidera. Batak mandoaren kargu hartu zuen, besteak merkatariarena. Presatu zen gaztea. Aiztoa tinko eusten zuela eraso zion merkatariari, bularrean sartuz bigarren aiztokada. Besotatik heltzen zion gizonak askatu zuen. Merkatariak zaurira eraman zuen mugi zezakeen esku bakarra, aurpegian harridura adierazten zuen keinua marraztu zitzaion.

        Aurpegikera horrekin berarekin egingo zuen topo hurrengo goizean Bentatik beherantza abiatu izan zen lehenak. Heriok betirako finkatu zuen aurpegikera, eta lepoko zainak zauri izugarri batez mozturik. Mandoa basoko bazterrak arakatzen hasi zirenean topatu zuten, zama dexente arindurik.

 

                Gorputzeko ikara, animako lotsa.

                Zeren egin ditudan amalau eriyotza.

                Aditu ezkeroztik diruaren otsa

                bidean atera-ta botatzeko poltsa

                aterako niola bestela biotza.

 

                Dirua eman ta gero kentzia biziya

                ori egiten nuen gauza itsusiya.

                Jaunak bere eskutik nenguen utziya

                orain errezatzen dut al dudan guziya

                arren alkantzatzeko Beraren graziya.

 

 

GOARDIEN BURUA, JUAN MACHINVENTA

Inguruetako herrietan eskatu nituen boluntarioak, eta gizon partida inportantea osatu genuen. Beharra bazegoen pizti odolzale hori harrapatu nahi bagenuen. Eta ez zen kometidu erraza izan. Ongi ezagutzen zituen bazterrak, eta hiru egunez haren arrastorik gabe igaro genituenean eskapo egin zigula pentsatzen hasi nintzen. Partidako gizon boluntarioen amorrua nekearekin baretzen joan ordez gehiagora zihoan, eta beldur nintzen hiltzaile madarikatu hori segituan topatzen ez bagenuen ingurutako lehen ezezagunak pagatuko zituela larrutik haren kulpak halako batetan, juiziorik eta batere gabe. Horregatik hirugarren eguneko iluntzean konfidantzazko nituen gizonak bildu nituen kontsejura, haiek jarri nituen koadrila desberdinetako buru, bi koadrila bakoitzeko, kometidu zehatz batekin, hiltzailearen bizia gordetzea, ahal izanez gero.

        Koba eta haitzulo guztiak arakatu genituen. Banekien gu iristerako ez bazuen alde egin ingurutan egon behar zuela gorderik, ez bait zitekeen besterik gabe lautadara ateratzera ausartu. Eta gu nekaturik egonagatik, hark gosea zuela kontrario. Zakur amorratuaren erasoa dela beldurgarriena eta kontuz ibiltzeko agindu nien gizonei.

        Baserri bat zegoen oihanaren erdian. Bertakoek ez omen zuten azken egunetan gizon arrastorik somatu. Baina iragan gauean zakurrak zaunka aritu zirela eta goizean oilotegian oilo bat falta zela esan zidaten, azeri baten proeza behar zuela izan uste izan zutela; eta famelia gaxo hori alperrik ez izutzearren ez nien inguruan ibili zitzaien arriskuaren berri eman. Lapur baten atzetik genbiltzala adierazi nien eta mesede egingo baligute hantxe gaua pasatzen uztekoa, eskertuko geniela.

        Hurrengo goizean abiatu ziren gizonik gehienak basoan barrena. Beste batzu lautadara zeramaten bideetan utzitako zelatarien berri jasotzera bidali nituen, eta neroni bizpahiru boluntariorekin baserria gordetzen geratu nintzen. Egun lasaia izan zen, baina arratsean gizonak ez ziren eskutsik itzuli. Kobazulo baten sakonenean topatu omen zuten gizon bat zekarten haiekin. Ekarri zuten nire aurrera eta aurpegia begiratu nion. Guk genituen informazioen arabera bera izan zitekeen, gaztea, sendoa... Izena galde egin nion han zer egiten zuen esplikatzeko. Hustuta zirudien gazteak, totelka inork ulertu ez zituen hitzak esan zituen. Izena esateko agindu nion berriro, eta berak burua altxatu eta begiratu zidan, begietan dirdira beldurgarria zeukan, eta esan zidan: «Jose dut izena ta Larreina lonbria».

 

 

PIZTIAK EZ DU ATSEDEN UNERIK

Lehen urratsak aditzerakoan, sasien artean ezkutatu zen gaztea. Arnasari eutsi zion eta zuhaitzen artetik agertuko zirenen aiduru jarri zen. Aitzurraz batzu, ezpata luzeaz bestetzu, eta denen buru behar zuenak pistola zeraman eskuan. Horiek igaro eta sasiartetik atera zen ekialderantz abiatuz. Ez zituen ehun urrats isil egin, ostera zarata entzun zuenerako. Ozta-ozta lortu zuen koadrila berriaren begien bistatik ezkutatzea. Hauek fusilak zeramatzaten eskuetan. Lautadara ateraz gero ez zukeen salbabiderik, oihanean irautea zatekeen bere irtenbide bakarra, bila zebilzkionek nekatu eta alde egina zela pentsa zezaten arte.

        Gordelekua topatu eta handik ez mugitzea. Haitzuloan barrena sartu zen, eta sakonera iritsia zela zirudienean, ezkerretara zabaltzen zen sarrera batetatik desagertu zen. Koba hezea, ilunpe hertsia. Gaua iritsi arte itxaron zuen. Orduan zeru zabalera irten zen. Goseak erraiak kixkurtzen zizkion. Katu baten malgutasunaz ibili zuen baserrirainoko bidea.

        Ostera haitzulora iristerako hotz zegoen oiloa. Atarian eserita jan zuen, gau ilunean, hor eta han, bila zebilzkionen suak ikusten zituelarik. Egunargiarekin bere txokora erretiratu eta lo egiten saiatu zen. Lo etena egin zuen, aldian belarria kanpoko zaratei adi. Bapatean giza-ahotsen oihartzunak bete zuen koba barnea.

        —Hemen izanak gaituk lehen ere!

        —Ez dik axolik, maltzurra duk, guk alde egin eta itzuliko zuan agian.

        Aiztoa prestatu zuen gazteak. Kobaren sakoneneko hormaren kontra estutu zen. Zuzi baten argiak bete zuen bere gordelekua. Labana bota zuen.

        —Hemen zegok!!

        Bi sartu ziren eta makilez kolpatu zuten. Arrastaka atera eta kanpoan ukabilka eta makilka berreraso zuten. Goardia buruaren konfidantzazko bi mutilak gaztea eta koadrilako besteen artean jarri ziren. Eskuak lotu eta besotatik helduta eraman zuten urrun ez zegoen baserriraino.

 

 

KONFESA ITZAK HIRE KRIMENAK

Zelda kobazuloa bezain hezea zen. Lastairarik gabeko harrizko ohea zuen etzan zitekeen leku bakarra, argia apenas sartzen zen haraino zerua bera ikusteko ere goregi zegoen leiho ttipitik. Atea ireki eta bi goardia agertu ziren; oinetako katea askatu eta eskuak lotu ondoren eskilaretan behera bultzatu zuten gaztea. Zilipurdika iritsi zen sotoraino. Mahai baten atzean eskribaua zegoen, eta aldamenean jueza. Haraino gidatu zuten bi goardiez gain beste lau zeuden. Guztiak sendo eta makilez hornituak.

        Beldurraren dardarak belaunak urtu eta bizkarrezurra korritu zion. Lerdea aho zuloan sikatu zitzaion, urdailetan arantza baten ziztada nabarituz. Haien erdian belaunikarazi zuten, eta ordulaurdenez makilka txikitu zuten. Keinu bat egin bide zuen Juezak, bapatekoan eten bait zuten langintza sei goardiek. Eskribauak luma eskuan zuen baina ez zen deus idazten ari.

        «Konfesa itzak hire krimenak!» aditu zuen gazteak. Eta keinu baten aginduari jarraikiz bezala sei goardiek etendako lanari berrekin zioten. Konortea galdu eta bere onera etortzerakoan eskribauak luma eta paper bat eskeintzen ziola ikusi zuen. Errefusatu zituen bai bata eta bai bestea, eta makilkada zaparrada erori zitzaion bizkarrera. Juezak galdera zehatzak egin zizkion. Galdera bakoitzeko makilkada jotzen zion. Gazteak baiezkoa erantzun zien guztiei. Sinatu zuen. Eta goardiek beste makilkada andana bat eman zioten ordainez.

 

                Ogeitabost urte da nere edadia

                —nagusi on batentzat ai zer mirabia!—

                Ez naiz pekatuaren mantxarik gabia

                beti okerrerako abilidadia

                penetan pasatzeko eternidadia.

 

 

JOSE DUT IZENA ETA LARREINA LONBRIA

Jose dut izena eta Larreina lonbria. Mendaron jaioa naiz orain hogeitabost urte. Etxean gosea besterik ez dugu ezagutu. Azienda eskasa eta lantzeko lur gutxi. Herria eta etxea utzi nituen hamazazpi urterekin kapitalera joateko. Ameriketara joan nahi nuen, baina pasajea pasatzeko dirua behar da eta lan gogorrak eginagatik ez nuen sekula nahikoa aurreratzen. Orain okertua nago. Hilko naute eta dudan lastima bakarra gurasoei sortutako preokupazioa. Madarikatu egiten zaituztet.

 

                Jose det izena ta Larreina lonbria

                Mendaron jayua naiz, bertako semia

                deskalabratua naiz munduan lajia

                amak egin dezala beste bat obia

                ain da izugarriya mere maldadia.

 

 

ANAIA GAZTEAREN BISITA

Espetxeko atea irekitzeko kargua zuen goardiak mespretxuz begiratu zion hogei urteko mutilari. Patio zabal batetan eduki zuten denbora luzean, eguzki galdak itzal txikienaren esperantza urtzen zuen bitartean. Mutila izkina batetan eseri zen zai. Patioaren bestaldeko atea zabaldu zenean, han agertutako goardia berriak hurbil zekion deiadar egin zion mutilari. Ate hartatik korridore luze eta ilun bat zela medio bisitak izan ohi zireneko gelara iristen zen. Hormaren kontra zegoen bankuan eseri zen mutila eskuak belauetan zeukan pardelaren gainean gurutzatuz.

        Goardia berri bat agertu zen eta pardela kendu zion eskutatik. Miaketa erraza izan zuen, ator zuri bat eta jaki batzu besterik ez bait zuen topatu. Atorra mutilari itzuli eta jakiak berarekin eraman zituen «debekaturik dago» esanez. Ia hamar minutu igaro zirenean zabaldu zen ostera atea, eta goardiarekin batera mutilak ezagutu ez zuen gazte bat sartu zen oinak arrastaka, erdi makurturik. Goardiak atea itxi eta bertan geratu zen bi anaiei begira.

        Ez zuten ia hitzik gurutzatu. Mutilak atorra besterik gordetzen ez zuen pardela luzatu zion, eta bere anaia zaharrenak gurasoen berri eskatu zion. Goardiak giltzez jo zuen burnizko atea «amaitu da denbora» garraisi eginez. Gaztea barnealdeko aterantz abiatu zen lehen bezala oinak arrastaka eta mutila burumakur kanpoaldekora.

        Gartzelako ate nagusia zabaldu zioten, eta kanpora atera zenean, igande hartako builak harritu egin zuen gaztea. Merkatu eguna zen, presondegi aurrean deiadar, irri, kexu eta algara sinfonia altxatzen zen. Baserritarrek beren merkantzia urrien propaganda egiten zuten Orienteko bitxiak eta zetak salduko balituzte bezala. Gizon bat hurbildu zitzaion atera berriari, eta bere anaiaz galde egin zion. Mutilak lastima hartu zuela ihardetsi, eta gurasoez arduratu zela gaineratu zion kale nagusian barrena abiatu eta gizona pentsakor utzi aurretik.

 

                Lenguan izan zait anaya gazea

                lastima egiten zuen nere ikastia.

                —Ai zer nola ote diran aita-ama tristiak!

                Nitzaz eskarmentatu balitez bestiak...

                Ni ere izutzen nau biziya kentziak.

 

 

BERTSOLARI BAT DABIL KALETAN KANTARI

Jose Larreinaren zelda berriak kale aldera zeukan leihoa. Plaza aldera, zehazkiago. Anaiaren bisita ondorengo igandean Josek, etzanda zegoela, bertsolari baten kantua aditu zuen. Ez zitzaizkion hitzak iristen, merkatuko zarataren gainetik doinuaren gora beherak bere belarrietaraino ailegatzen baziren ere. Amaitu zuen bertsolariak bere kantua eta handik bosten bat minututara berriro ekin zion. Hurbilago oraingoan. Josek hitz batzu deszifratu ahal izan zituen. Zelda berriko leihoa beheraxeago zegoen, esfortzu bat eginik presoak, leihoko burnietara oratuz, gartzelako hormaren gainetik plazako parte bat ikus zezakeen.

        Bertsolariak hirugarrenez kantuari ekin zionean Josek lepoa luzatu zuen ahalik eta espazio zabalena ikustearren. Bata bestearen atzetik bertsoak mailukadak bailiren erortzen zitzaizkion. Presondegiko kanpo-horma ondoan ari behar zuen kantuan. Bertso paperak saltzen zituen bertsolariak, historia guztiko kriminal odoltsuenaren balentriak kantatzen zituztenak, eta jendearen eskarmenturako idatziak izan zirenak.

        Amorrua. Jose Larreina ero baten moduan hasi zen garraisia, bertsolaria madarikatu eta irainduz. Bere garraisiak agian enparantzaraino iritsi ziren, kantua eten eta isilune zamatsua egin bait zen bertan. Zeldako ateko zerrailan ari ziren jadanik goardiak; horietako hiru makilez horniturik sartu ziren. Joseren hanketatik tira egin eta lurrera bota zuten, lurrean makilkadez josi eta odoletan utziz.

        Berriro zeldako atea itxi zenean, presoa lurrean zetzan, bertsolariak laugarren aldiz ekin zion bertso papera saltzeko propagandari, eta harlosen kontra masaila estutuz arrabiaz negar egin zuen Jose Larreinak.

 

 

LAU LAURDEN EGIN ETA KENTZEA BIHOTZA

Goizaldeko lehen orduan zabaldu ziren presondegiko ateak. Goardien artean, eskuak atzekaldean loturik, kateak oinetan, eta anaiak eramandako ator jadanik higatua soinean, Jose Larreina plazaren erdian eraikitako urkaberantza zeramaten. Aurpegi zurbil, dardarizo batek astindu zuen burutik oinetaraino kondenatua. Jendetzaren artetik sortzen ziren irain eta garraisiak entzungo ez balitu bezala zihoan. Ttu egin zion norbaitek.

        Zurezko eskilarak igotzerakoan hankak ez ziren gorputzaren zama eusteko gai izan, eta goardiek besoetatik eutsirik eraman zuten aulkiaren albora. Borreroak eser arazi zuen eta zerbait esan zion. Apaizak kontsolamenduzko hitzak marmarkatu zizkion, eta gurutzearen zeinua egin zuen Larreinaren begi lausotuen aurrean.

        Larruzko korreak estutu zion zintzurra, eta borreroak torlojuari bira ematerako konorte gabe zegoen Larreina. Aizkora zorrotz batez zatikatu zuten haren gorpua, eta bihotza atera ondoren kutxa batetan sartu zuten Mendarora igortzeko.

        Jendetza barreiatu zenean, arotzak urkabea desegiten hasi ziren eta haize bolada hotz baten xistu lugubreak trabeskatu zuen plaza.

 

                Jainkoaren aurrerako nik daukadan lotsa,

                zeren egin ditudan ainbat eriyotza

                azkeneko sententziya izain da zorrotza

                lau laurden egin eta kentzeko biyotza

                ai! ura urkaberako aiziaren otza!