
“Hiru hizkuntzatan mintzo naiz, bitan idazten dut, eta batean amets egiten”, idatzi zuen Kamala Dasek (Punnayurkulam, India, 1934 – Pune, India, 2009). Indiako hego-mendebaldeko Kerala estatuan jaioa, malabareraz, bengaleraz eta ingelesez egiten zuen. Lehena jaioterriko hizkuntza zuen, familiarena, oporraldietan amonaren etxean erabiltzen zuena; beste biak Kalkutari lotutako hizkuntzak dira, han igaro baitzuen haurtzaroaren parterik handiena, aitaren lana tarteko. Dasek eleberria, ipuina, autobiografia, saiakera eta poesia jorratu zituen; bada, prosazko lanak malabareraz idatzi zituen, eta poemetarako ingelesa aukeratu zuen. Dasek berak esana da poesia, eta ez prosa, zela haren bizitza, eta prosa diruagatik lantzen zuela, poesia ez bezala, poesia beretzat idazten omen baitzuen. Bitxia gertatzen da, horrenbestez, haren hizkuntza hautua, baina oso bat dator, nolanahi ere, haren nortasunarekin. Izan ere, Das jaidura ikonoklasta nabarmeneko idazle eta emakumea izan zen. Bizitza osoan nekaezin jardun zuen beragandik espero zenaren aurka. Askatze nahi hori bere poemetan eta Ente Katha (“Nire istorioa”) izeneko autobiografian islatu zuen ondoen. Dasek emakumearen askatasuna aldarrikatzeari eskaini zion bere sorkuntzaren parte handi bat —bere burua feministatzat jotzea deserosoa bazitzaion ere—, betiere bere esperientzia pertsonalaren kontakizunetik abiatuta, eta, hala, konfesionalak deitu izan diren idazleen artean kokatu dute maiz, Sylvia Plathen, Anne Sextonen eta Marguerite Durasen ondoan, besteak beste.
Ekonomikoki eta sozialki ongi kokatutako familia batean jaio zen. Ama, Balamani Amma, poeta zen, eta aita egunkari bateko zuzendaria. Dasek etxean egin zituen ikasketak, eta txikitatik agertu omen zuen literaturarako etorria. Hamabost urte zituela, gizon helduago batekin ezkonarazi zuten, zeinak, emazte gaztea literaturan aritzera animatu ei bazuen ere, gauean baino ez baitzion idazten uzten, etxekoandre, ama eta emazte betebeharrak amaitutakoan. Inposatutako ezkonbizitza hura eta handik ihesi Dasek maitaleekin izan zituen harremanak haren sormen-lanerako materia bihurtu ziren. Dasen poemetan maitasuna, sexua eta giza harremanak dira gai nagusiak, kontraesan betiereko baten gainean eraikiak. Maitasuna lotura hertsagarria da, baina baita indar askatzailea ere; gizonaren —aita, senarra, maitalea— figuraren kontra egiten du maiz, baina haren onespena bilatzen du etengabe; eta bere gorputza autoerotismorako iturburu zein besteren kapritxoentzako gudu-zelai gisa ageri zaigu.
Dasen poesia sentsoriala da; usainez, kolorez, isurkariz betea. Hizkera espontaneo eta grinatsuan mintzo zaigu, hertsitasun erritmiko eta errimazkoetatik libre, eta zangalatrauek lagundutako abiada bizkorrean. Berariaz bilatutako perfekzio eza egotzi izan diote adituek: puntuazio apetatsua, inkoherentzia sintaktikoak, jauzi tematikoak... Metaforetan ere inkongruentzia aire bat sumatzen da; distantzia kulturalak mendebaldarroi ezartzen digun arroztasunagatik, noski, baina baita irudi itxuraz bateraezinak elkartzen dituelako ere. Joxe Mari Berasategik ezin hobeto atzeman du Dasen poesiaren tonua: asmamen jostariz lexikoan eta natural joskeran.
Isabel Etxeberria Ramírez