Poesia kaiera
Poesia kaiera
Mario Benedetti
itzulpena: Inma Errea Cleix
2023, poesia
64 orrialde
978-84-19570-04-8
Mario Benedetti
1920-2009
 
1987, antzerkia
 
Hitzaurrea

 

      Inguruabarrek poetaren obra baldintzatzen dute beti. Baina badira idazle batzuk zeinengan, dela bizitzea egokitu zaien testuingurua bereziki makurra delako, dela enpatiarako jaidura eutsiezina dutelako, auzi politikoak pisu nabarmena duen. Mario Benedettiren poesian eta literatura osoan, inguruan duen errealitatea irakurtzeko eta injustizia salatzeko tema etengabea da. Benedettik (Paso de los Toros, 1920 - Montevideo, 2009) aberriari begiratzen dio bere poemetan. Begiratzen dio barrutik eta kanpotik, eta bere biografiako momentuaren arabera nabartzen da emaitza: Bordaberryren diktadura aldia baino lehen turista ezaxola gisa egindako bidaien ondoriozko so xeratsua, lehenik (Nozioa aberriaz); “hurbiletik urrunera” eta “elkartasunetik elkartasunera” egindako erbestealdiko (1973-1985) nostalgia, aurrerago (Beste nozio bat aberriaz); eta deserbesteratze garaiko —Benedettirena berarena da terminoa— kontranostalgia eta itzuleran topatutako Uruguai ezezagunak sorrarazten dion harridura, ondoren.

      “Mario beti dago munduaren alde”, esan zuen Carlos Maggik. Baina munduaren alde kokatze horretan, begirada kritikoa eta autokritikoa darabil poetak, inoiz ez bere buruarekiko ez hurkoarekiko konplazentziak hartua. Injustizia sozialen kontrako bere aldarrietan, orain kanpora orain barrura beha jartzen da, norberaren tolesak eta inkoherentziak arakatuz, ironia maiz baliabide eraginkor duela (“hura zortea gutxi batzuk baino ez ginen nor / laburpena ginen zerizana zukua”).

      Benedettiren poesia zu, zuek eta gu pertsonez betea dago. Poetak irakurlea parean du idazten duenean, eta harekiko elkarrizketan eraikitzen ditu askotan poemak, batzuetan narratarioarentzako iruzkinak txertatuz (“ez dakit inoiz gertatu zaizuen / baina...”), askotan gu orohartzaile batean bilduz irakurlea (“oraindik zor digute mende bat-edo / bete loezin eta garrote”). Irakurlearekiko hurbiltasun horri joskera argiak ere laguntzen dio. Benedettik bertso-lerro laburrez eta egitura paraleloen gainean eraikitzen du maiz bere poesia, lagunarteko edo norberaren buruarekiko solasaldien oihartzuna dakarren erritmoan. Puntuaziorik eta letra larririk ia ez erabiltzeak areagotu egiten du efektua. Metaforen hautaketa zainduak, hala ere, xinplekeriatik urruntzen du emaitza. Benedettik, izan ere, irisgarritasunaren eta sakontasunaren, hunkiduraren eta neurritasunaren arteko orekari eusten dio gutxik bezala. Bere beste gai nagusiaz ari denean ere, maitasun poemetan, alegia, zintzoa eta xaloa da begirada; ez, haatik, kurtsia. Eta ziurrenik horregatik, Benedetti beti munduaren alde egon zen bezalaxe, gu irakurleok ere Benedettiren alde gaude belaunaldiz belaunaldi.

      Benedetti idazle oparoa izan zen. Poesiaz gain —eta 30 poema liburutik gora idatzi zituen— nobela, ipuina, antzerkia, saiakera eta kazetaritza ere landu zituen. Euskaraz askotariko generoetan ezagutu ahal izan dugu orain arte, Iñaki Alberdi, Gerardo Markuleta, Xabier Boveda, Aiora Jaka eta Iban Lakaren itzulpenei esker.  Kaier honetan Inma Errea Cleixen ahots jakintsuaren bitartez kantatzen digu, doinu natural eta itxuraz erraz baina sakon gogoetatutakoan, eta emaitzak ederki biltzen ditu jatorrizkoaren dohainak.

Isabel Etxeberria Ramírez