Poesia kaiera
Poesia kaiera
Saint-John Perse
itzulpena: Santi Leoné
2021, poesia
64 orrialde
978-84-17051-74-7
Saint-John Perse
1887-1975
 
Poesia kaiera
Saint-John Perse
itzulpena: Santi Leoné
2021, poesia
64 orrialde
978-84-17051-74-7
aurkibidea
 

 

Erbestea

 

Archibald MacLeash-i

 

I

 

    Hareetara zabalduriko ateak, erbestera zabalduriko ateak,

    Giltzak itsasargiko jendearen esku, eta astroa bizirik hilduratua atariko harriaren gurpilean:

    Ene ostalari, utzidazu zure kristalezko etxea hareetan...

    Igeltsuzko Uda gure zaurietan ari da bere lantzen puntak zorrozten,

    Toki begi-bistako eta hutsala hautatzen dut, urtaroen hezurtegia bezalakoa,

    Eta, mundu honetako hondartza guzietan, bere amiantozko geruza abandonatu du jainkoaren espirituak, kea dariola.

    Tauricako printzeak liluratzeko dira oinazturaren zirrarak.

 

 

II

 

    Inongo ur-bazterri eskainia, inongo orriren abaroan utzia kantu honen hasmenta garbia...

    Beste batzuek aldareetako adar apainduak hartzen dituzte tenpluetan:

    Nire ospea hareetan datza! Nire ospea hareetan datza! Eta ez da inolaz ere huts egitea, o, Erromes,

    Aire biluziena desiratzea, ezerezetik sorturiko poema handi bat osatzeko erbesteko hondarpeetan, ezerezez eginiko poema handi bat.

    Txistuka ezazue, o, munduko habailak, kanta ezazue, o, ur gaineko maskorrak.

    Amildegiaren gainean paratu ditut nire oinarriak, apar zipriztinen eta lanbroaren gainean. Etzanen naiz uharketan eta itsasontzi hutsetan,

    Toki goibel eta hutsal guzietan, zeinetan baitatza handitasunaren zaporea.

 

    “...Haize gutiagok egiten zuten juliotarren familiaren alde, aliantza gutiago zuten lagun apaizen kasta handiek.

    Hareak kantari nora doazen, hara abiatzen dira erbesteko Printzeak,

    Belak zabalik eta tenk non izan ziren, hara abiatzen dira ontzi-hondarrak, luthier baten ametsa baino leunago,

    Gerra ekintza handiak izan ziren tokietan dagoeneko zuri dago astoaren matelezurra,

    Eta itsasoak inguruan kaskezurren asotsa inarrosten du hondartzetan,

    Eta axolagabe zaizkiola munduko gauza guziak, horixe kontatu ziguten, arratsalde batez, munduaren mugan,

    Haizearen miliziek erbesteko hareetan...”.

 

    Aparraren jakinduria, o, espirituaren kiratsa txinpartaka ari den gatzean eta kare biziaren esnean!

    Zientzia bat izan zait emana, arimaren krudelkerietan... Haizeak bere arpilatzeen berri ematen digu, haizeak bere makurren berri ematen digu!

    Zaldunak bezala, soka ukabilean, basamortuko sarreran,

    Horrela zelatatzen dut nik inguru zabalenean zorioneko seinaleen gorakada.

    Eta goizak guretako mugitzen du bere iragarle hatza idazki sainduen artean.

    Erbestea ez da inondik ere atzokoa! Erbestea ez da inondik ere atzokoa! “O, aztarnak, o, premisak”,

    Dio Arrotzak hareetan, “munduko gauza oro zait berria...”. Eta gauza oro bezain arrotza zaio bere kantuaren sorrera.

 

 

III

 

    “...Betidanik izan zen deiadar hau, betidanik izan zen dirdai hau,

    Eta munduan gertatzen ari den armazko balentria bat nola, exodoan dabiltzan herrien zerrendatze bat nola, inperioak sortzeko altxatzen diren pretorioak nola, a!, Liburu handien sorreren kariaz ezpainen hantura nola,

    Horrela isilpeko gauza hau munduan barna, bat-batean handitzen dena horditasun sentimenduaren antzera.

 

    ...Betidanik izan zen deiadar hau, betidanik izan zen handitasun hau,

    Munduan barna noraezean dabilen gauza hau, munduan barnako trantze hau, mundu honetako hondartza guzietan barna, hats bakarretik sortua, uhin bakarretik sortuz

    Etenik gabeko esaldi luze bakarra, betiko ulertezina...

 

    ...Betidanik izan zen deiadar hau, betidanik izan zen amorru hau

    Eta erresaka handi hau zoraldiaren gailurrean, beti, desiraren une gorenean, kaio bera hegaldan, kaio bera habian, hegalak inarrosiz erbesteko gelak elkartzen dituena, eta mundu honetako hondartza guzietan, hats bakarretik sortua, neurririk gabeko lantu berbera

    Hareetan nire arima numidiarraren bila dabilena...”.

 

    Ezagutzen zaitut, o, munstro! Hemen gara berriz ere parez pare. Utzi genuen lekutik hartu dugu berriz eztabaida luze hau.

    Eta zure argudioak astintzen ahal dituzu, animaliek muturra ur gainean bezala: nik ez dizut ez pausurik ez atsedenik emanen.

    Zapalduriko hondartza gehiegitan izan dira nire aztarnak ezabatuak eguna urratu baino lehen, abandonaturiko ohatze gehiegitan izan da nire arima isiltasunaren minbiziari emana.

    Zer nahi duzu orain nigandik, o jatorrizko hatsa? Ez zuk, zer espero duzu nire aho bizitik ateratzea,

    O, nire atariaren gaineko indar alderraia, o, Eskale, gure bideetan eta seme Galduaren bila zabiltzana?

    Haizeak bere zahartasunaren berri ematen digu, haizeak bere gaztetasunaren berri ematen digu. Ohora ezazu, o, Printze, zure erbestea!

    Eta bat-batean gauza oro zait indarra eta presentzia, ezerezaren gaiari kea darion artean.

 

    “Garaiago, gauero, deiadar mutu hau; garaiago, gauero, mendeen bilketa hau maskorraren azpian,

    Eta, mundu honetako hondartza guzietan, lerro janbiko zakar bat nire barrenetik elikatzekoa...

    Hainbesteko altuerak ez du zure atariko bazter malkartsua desagerraraziko, o zu, egunsentian ezpatak biltzen dituzun Hori, beren kakoetatik hartuta arranoak gobernatzen dituzun Hori, burdinazko lumen azpian neska garratzenak elikatzen dituzun Hori!

    Sortzekoa den gauza oro ikaratzen da munduko ekialdean, sortzen ari den gauza oro bozkariatzen da argiak urratzearekin batera!

    Eta hona hemen deiadar zabalagoa goratzen ari dela munduan barna, arimaren matxinada bat bezala...

    Ez zara isilduko, deiadar, hareetan gizakiarekiko fideltasun arrasto oro erantziko dudan arte. (Nork daki oraindik nire sorterriaren izena?)”.

 

 

IV

 

    Arrotza izan zen gaua, hainbeste haize basatu baitziren geletako bidegurutzean.

    Eta munduko bazterretan nor dabil alderrai, egunsentia baino lehen, niretako den oihu horrekin? Hastanduriko zein neska handi joan zen, hegal txistukariekin, beste atari batzuk bilatzera, arbuiaturiko zein neska handi,

    Orduan, erbesteko gizonendako eleak mudatzen dituzten konstelazio aldakorrak toki aratz baten bila hareetan murgiltzen diren tenorean?

    Bide-guzietan-alderraia izan zen haren gortesau izena apezen artean, Sibilen harpe berdeetan, eta gure atarian goizak jakin zuen oin biluzien aztarnak ezabatzen idazki sainduen artean...

    Zerbitzariak, zerbitzatzen zenbiltzaten, eta alferrik zuen oihal freskoak hedatzen, ausaz eror litekeen hitz aratza harrapa zezaten.

    Atalarraren negarrarekin joan zen goiztiri negartia, joan zen eurietako hiadea hitz aratzaren bila,

    Eta oso antzinako ur-bazterretan deitu zuten nire izena... Kea zerion jainkoaren espirituari intzestuaren errautsen artean.

 

    Eta egun hartako muin horaila hareetan idortutakoan

    Jitoan zebiltzan istorioetako pasarte ederrak, helizeetako besoetan, errorez eta erraturiko premisez beteriko zeruan, bueltaka hasi ziren eskoliastaren gozamenerako.

    Eta nor zegoen, bada, han, hegan joan zena? Eta gau hartan, nork hartu zuen nire desgogara nire ezpain arrotzetan kantu horren ardura?

    O, Eskriba, zure estiletearen atzeko muturrarekin barreia ezazu, hareetako taulan, alferrikako hitzak argizarian utzitako aztarna.

    Itsas zabaleko urak, gure tauletan itsas zabaleko urak ezabatuko ditu urteko zifra ederrenak.

    Eta ordua da, o, Eskale, kobazuloetan paraturiko harrizko ispilu handien alde hertsian,

    Liturgiaburuak, feltrozko zapatak oinetan eta zeta gordinezko eskularruak eskuetan, ezaba dezan, mahukak arranditsu mugituz, gaueko seinale debekatuen loraldia.

 

    Horrela joaten da haragi oro gatzaren ziliziora, gure bijilien errautsezko fruitua, zure hareetako arrosa ñimiñoa, eta gaueko emaztea egunsentia baino lehen igorria...

    A!, gauza hutsal guziak memoriaren galbahean, a!, gauza zoro guziak erbesteko xiruletan: ur zabaletako nautilo aratza, gure ametsetako zio garbia.

    Eta gaueko poemak egunsentia baino lehen hastanduak, hegal fosila anbar horizko bezpera handien tranpan harrapatua…

    A!, erre ditzatela, a!, erre ditzatela, hareetako mugan, hondakin hauek guziak: lumak, azazkalak, ile tindatuak eta oihal lohiak;

    Eta atzo sorturiko poemak, a!, oinaztura baten sardearen azpian sorturiko poemak arrasto ezdeusa bihurtu dira, emaztekien esnean errautsa iduri...

    Eta zertan erabili ez dituzuen gauza hegaldun guziekin ofiziorik gabeko hizkuntza bat osatuz, hona hemen ezabatzekoa den poema bat egin gogo dudala oraindik.

 

 

V

 

    “...Itsasoa ikustean arropa eranzten duen hura bezala, lur aldeko lehen haize gozoa omentzeko jaiki den hura bezala (eta hara kopeta nola handitu zaion kaskoaren azpian),

    Eskuak sortu nintzenean baino hutsagoak, eta libreagoak ezpainak, belarria beste garai bateko auhena entzunarazten duten koral hauei lotua,

    Hemen nauzue nire sorterriko hegira berriz eramana... Arimarena da historia bakarra, arimarena da ongizate bakarra.

    Akenioarekin eta anofele eltxoarekin, kizkiarekin eta hareekin, kontu ahulenekin, kontu hutsalenekin, kontu sinple hori, zera hori, zer eta hemen egote hutsa eguna badoan bitartean...

    Txori ñimiñoen hezurduren gainetik badoa egun honetako haurtzaroa, irletako janzkera soinean, eta haurtzaroa baino arinago sorgintzen du haizeak kaio eta itsas enaren hezur hutsetan irlen omenez ezkata soinekoz beztituriko ura...

    O, hareak, o, erretxinak! patuaren elitro purpura arras geldirik dagoen begian! Eta bortizkeriarik gabeko hondartzan, erbestea eta haren giltza garbiak, eguna hezur berde batek zeharkatua, irletako arrain bat bezala...

    Eguerdia kantari, o, tristura!... eta miraria oihu honek iragarri du: o, miraria! eta ez da aski irri egitea malkoen azpitik...

    Baina zer da hor, o, zer da gauza orotan, bat-batean mira egiten zaiguna?...”.

 

    Badakit. Ikusi dut. Inor ez dago ados! — Eta dagoeneko eguna loditzen ari da, esnea bezala.

    Asperdurak Arsazesen erresumetan bilatzen du bere itzala; eta noraezeko tristurak munduan barna darama bere esne-belarraren gustua, eta oinordeko falta ezohikoa da hegazti harrapakarien eremuan...

    Zelata dezala jakintsuak zismen sorrera!... Zerua Sahel bat da, karabana handi batek zeharkatzen duena gatzarri bila.

    Mende batek baino gehiagok ezkutatzen du bere burua historiak porrot egiten duen tokietan.

    Eta eguzkiak bere sestertzio ederrak hareetan ari da lurperatzen, ekaitzaren epaia dakarten itzalek goiti egiten duten bitartean.

    O, ur berdearen azpiko presondegiak! Itsas azpiko belar ospetsu batek hitz egin diezagula erbesteaz... eta Poeta mindu dute

    Hosto handi karedun hauek, amildegiko ertzean, zokalo gainean: parpailak heriotzaren maskaran.

 

 

VI

 

    “Harrizko korridoreetan dabilena, gauerdian, kometa eder baten eskriturak balioesteko; bi gerraren artean, kristalezko lente handien araztasuna zaintzen duena; eguna urratu aitzin iturriak garbitzeko jaiki dena, eta epidemia handien akabera izan baita; itsas zabalean, bere alaba eta errainekin lakatzen ari dena, aski zuten-eta lurreko errautsetatik...

    Klera urdinezko zahar-egoitza handietan erokeria lausengatzen duena, eta Igandea da zekale artean, itsutasun handiaren tenorean; organo bakartietara igotzen dena, armada sartzen ari den bitartean; egun batez harrobi bateko espetxe arrotzekin amets egiten duena, eta eguerdia baino geroxeago da, alarguntza handiaren tenorean; itsasoan, irla zelai batetik heldu den betibizi horail txiki baten urrin idorrak esnatzen duena; portuetan esna egoten dena beste arraza bateko emazteki baten besoetan, eta betiber gustua da ordu txikietako besapeen lurrinean, eta gauerdia igarotakoan da, iluntasun handienaren tenorean; arnasa, lotan, itsasoaren arnasari lotua duena, eta hara non itsasaldia aldatzearekin ohatzean iraultzen den itsasontzi batek amulak aldatzen dituen bezala...

    Lurmutur garaienen aurrean baliza margotzen duena, uharrien azalera gurutze zuri batez markatzen duena; semaforoen oinarrian dauden kasamata handiak kare-esne eskas batez zuritzen dituena, eta zinerarien eta hondakinen lekua da, jakintsuaren gozamenerako; eurien urtaroan, ostatu hartzen duena pilotutzako eta kabotajeko jendearekin — tenplu hil bateko zaindariaren etxean, penintsula baten muturrean (eta harri gris-urdinezko muin baten gainean da, edo hareharri gorrizko ordoki garai batean); zikloien ibilbide hetsiak mapen gainean katigatzen duena; neguko gauetan, izarren arteko bide handiak argi agertzen zaizkiona; ametsetan ikusi dituena transhumantziaren eta noraezeko mugimenduaren beste lege batzuk; zundaren muturrarekin hondo handietako buztin gorriaren bila dabilena bera ametsaren aurpegiari forma emateko; portuetan bere burua eskaintzen duena laketontzietako itsasorratzak konpontzeko.

    Lurrean barna belardi handietara doana; bidean doalarik aholkua ematen duena arras zuhaitz zahar bat artatzeko; ekaitza atertutakoan, burdinazko dorreetara igaten dena, basoko lahar kiskalien xingola gustu iluna haizatzera; toki antzuetan lerro telegrafiko handien patuaz arduratzen dena; itsaspeko kable nagusiak nondik doazen dakiena, eta kostaldera zein puntutan ailegatzen diren; hiriaren azpian, hezurtegi eta estolden lekuan (eta lurraren azal zuritua da leku hori) seismo puruak irakurtzeko tresnak zaintzen dituena...

    Inbasio baten garaian, uraren ardura duena, eta bisita egiten diena maiatz-eulien ezteiez unaturik dauden iragazteko ur-tanga handiei; matxinadatik babesten dituena, urre berdezko burdin hesien atzean, Lorategi Botanikoko negutegi handi kirasdunak; Txanpon Etxea, Neurrien Bulegoa eta Tabakoaren Monopolioa; eta Faroen Biltegia, zeinean fabulak eta linternak dautzan; setiopean bere erronda egiten duena areto handietan, non, kristalaren azpian, hauts bihurtzen diren fasmidoen eta pinpilinpauxen bildumak; eta bere lanpara darama lapis lazulizko oraska ederretara, non, hauskor, hezurrezko printzesa, urrezko iskilinbaz hartua, mendeetan beheiti heldu den bere sisalezko adatsaren azpian; Himalaiako arrosondo hibrido arraro bat armadetatik salbatzen duena; Estatuaren ekonomiak erreka jo duenean, bere denarioekin zaldi-haztegien luxu uherra entretenitzen duena, adreilu horizko haztegi zabalak hostoen azpian, ekaitz baten urrumen azpiko arrosa gorriko arrosadiak bezalakoak, ginezeo ederrak bezalakoak, printze basaz beteak, iluntasunez, intsentsuz eta arren substantziaz beteak...

    Krisi garaian, zigilupeko pakeboteen zaintza arautzen duena, iodo eta minda koloreko ugalde baten meandroan (eta, beirateen linboaren azpian, ahanzturaz estaliriko aretoetan, mendetako aloezko argi bat dago eta betiko bijilia itsasoan); munta gutiko gizonekin jendetzak abandonaturiko ontziola eta ontzitegietan ibiltzeari emana dena, hiru urteko barku handi bat uretaratu ondotik; itsasontziak aparailuz hornitzea lanbide duena; eta egun batez bere arimaren lurrina belaontzi berri baten barneko zurajean aurkitzen duena; bere gain hartzen duena ekinokzioko zaintza, kaietako harresien gainekoa, mendiko urtegi handietako orrazi soinudun eta ozeanoko esklusa handien gainekoa; bat-batean mundu honetako hats sendaezina sumatzen duena elikagai kolonialen silo eta biltegi handietako tekuan, han, non, hibernazioko ilargietan, espeziak eta ale berdeak puzten baitira kreazioa bere ohatze goibelean bezala; orografia eta klimatologia kongresu handietan azken mintzaldia irakurtzen duena, eta unea da Arboretuma eta Aquariuma bisitatzeko, eta prostituten auzoa, harribitxiak lantzen dituztenen tailerrak, eta konbultsio-egile ospetsuen plaza...

    Bankuan kontu bat irekitzen duena espirituaren ikerketetarako; bere obra berriaren plazan adore eta gogo biziz sartzen dena, eta, hiru egunetan, inork ezin dio haren isiltasunari erreparatu, amak izan ezik, inor ezin da haren gelara sartu, neskame zaharrena izan ezik; behorra iturrietaraino daramana, berak edaten ez badu ere; larruki-dendetan, argizariarena baino lurrin biziagoarekin amets egiten duena; gizonki egindako bi ekintza handiren artean, Baburrek bezala, poetaren mantua janzten duena terraza eder bat miresteko; nabe berri baten kontsakrazioan arreta beste norabait joaten zaiona, eta tinpanoan halako pegarrak daude, belarriak iduri, akustika dela eta harresituak; herentzian jaso duena, ondasun hileko lurraldean, hondarreko koartza errutokia, ehiza larri eta falkoneriaren gaineko obra ederrekin; hirian liburu handiak salerosten dabilena: almagestoak, portulanoak eta bestiarioak; fonetikaren gorabeherak axola zaizkiona, zeinuen aldaketa eta hizkuntzaren higadura handiak; semantikaren inguruko eztabaida handietan parte hartzen duena; ohiko matematikan autoritatea izan eta laket duena besta aldakorren egutegirako egunak kalkulatzea (urrezko zenbakia, indikzio erromatarra, epakta eta letra dominikalak); hizkuntzaren kargu handiei hierarkia ezartzen diena; toki goren batean, harri handiak erakusten zaizkiona, sugarraren eginahal setatsuaren bidez distirant bihurtuak...

    Horiek guziak erbesteko printzeak dira, eta ez dute nire kantuarekin zer eginik”.

 

    Arrotz, mundu honetako hondartza guzietan, entzulerik eta lekukorik gabe, eraman ezak Mendebaldeko belarrira memoriarik gabeko maskor bat.

    Badaezpadako apopiloa gure hirietako bazterretan, ez duzu inoiz Lloyds-eko ataria zeharkatuko, han ez baitu krediturik zure solasak eta zure urrea baliorik gabea baita...

    “Nire izena izanen dut bizitoki”, izan zen zure arrapostua portuko galdetegietan. Eta diru-trukatzailearen mahaietan, traba baizik ez duzu eginen,

    Oinazturak lurpetik ateratako burdinazko txanpon handi hauek bezala.

 

 

VII

 

    “...Oinazturaren sintaxia! o, erbesteko hizkuntza garbia! Urrun da beste ur-bazterra, non mezua argitzen baita:

    Bi emaztekiren kopetak errautsen azpian, biak erpuru berberak markatuak; bi emaztekiren hegalak pertsianen atzean, biak hats berberak suspertuak...

    Lotan zeunden gau hartan, fosforozko arbolaren azpian, o, munduaren gaineko bihotz otoizlari, o, Erbesteratuaren ama, haren aurpegia gelako ispiluetan inprimatua izan zenean?

    Eta zu, oinazturaren azpian prontoago, haren arimaren beste aldean dar-dar egiteko prontoago, haren indarraren lagun eta haren indarraren ahuldade, zu, zeinaren hatsa harenarekin betiko baitago nahasia,

    Jarriko zara oraindik abandonaturiko haren ohatzean, zure emazteki arima dardarka ari dela?

    Erbestea ez da inolaz ere atzokoa! Erbestea ez da inolaz ere atzokoa!... Gorroto ezazu, o, emazteki, Berberiako txoriaren kantua zure teilatupean...

    Ez duzu adituko ekaitz urruna gure pausoen bideak biderkatzen, zure emazteki oihuekin, gauez, asaldatu gabe zorionaren arrano anbiguoa bere habian!...”.

 

    ...Isil zaitez, ahuldade, eta zu, emaztearen gaueko lurrina, gauaren beraren esentzia bezalakoa.

    Hondartza orotan alderrai, itsaso orotan alderrai, isil zaitez, gozotasun hori, eta zu, presentzia hegalduna nire zelaren parean.

    Berriz hartuko dut nire bidea, numidiar baten gisara, itsaso besterenezineko bazterretan ibiltzeko... Berbena-belarrik ez ezpainetan, baina mingainean, oraindik, gatzaren antzera, mundu zaharreko legamia hau.

    Erbesteko gaiak dira nitratoa eta natrona. Gure pentsamenduak lasterka doaz ekintzetara hezurrezko xendetan barna. Oinazturak asmo zabalagoko ohatzea ireki dit. Ekaitza alferrik ari da absentziaren mugak higitzen.

    India atlantikoak aurkitzeko itsasoa zeharkatu zutenek, amildegitik heldu den hozkirrian ideia berriak usnatzen dituztenek, etorkizunaren ateetan adarrei haize ematen dietenek

    Badakite erbesteko hareetan txistuka ari direla oinazturaren zigorraren pean uzkurtzen diren grina handiak... O, Seme galdua, ekaineko gatz eta aparraren azpian! atxiki bizirik gure artean zure kantuaren indar ezkutua!

    Mandatariari zuzentzen zaiona bezala, haren mezua hauxe izanik: “Estali gure emaztekien aurpegia; goratu gure seme-alaben aurpegia; eta zuen atarietako harriak garbitzeko da agindua... Ahapeka esanen dizuet iturrien izena, zeinetan, bihar, gure kolera aratza murgilduko baitugu”.

 

*

 

    Eta ordua da, o, Poeta, zure izena, zure sorterria eta zure leinua adierazteko...”

 

Long Beach Island (New Jersey), 1941