Poesia kaiera
Poesia kaiera
May Ayim
itzulpena: Garazi Ugalde Pikabea
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-55-6
May Ayim
1960-1996
 
 

 

lotura urrunak

 

amaren eskuak

zuriak dira

argi daukat

ez ditut ezagutzen

ama

eskuak

 

aitaren eskuak

argi daukat

beltzak dira

doi-doi ezagutzen ditut

aita

eskuak

 

bazterrean

          erru sentipen grisen

          irudipenak

          itzalpeko musuak

          ilunpean

 

bazterrean

          oroitzapenak

          bataren aurpegia bizi bestearen kopetan

          aleman mingarria

          ezpainetan

 

bazterrean

          ahanzten dute

          bataren ezpainek bestearen aurpegia

          mingarri dira bizi

          hitz afrikarrak

 

bazterrean

          haiek desagertu

          aurretik

          alaba

          bazterrean

 

argi dauzkat

aitaren hatz ilunak

nire eskuan

argi

amaren arrasto argiak

nire larruan

itzalpeko musuak bidean

 

lotura urrunak

urruntze lotuak

kontinenteen artean

etxean bertan bidean

 

argi dauzkat

oroitzapenak liparretan

argi daukat

eskuetan ostertza

bizirik

 

1992, Sewornuri eta Hiavorri