Poesia kaiera
Poesia kaiera
Forugh Farrokhzad
itzulpena: Miren Agur Meabe
2020, poesia
64 orrialde
978-84-17051-42-6
Forugh Farrokhzad
1934-1967
 
 

 

Loa

 

Gaua astiro pausatu zen

kristal lanbrotuetan,

errauts sukartuak legez.

Haizeak zehatz-mehatz

miatu zituen itzalak

etxeko patioan.

Igebelarra horman zabaltzen,

kearen antzera.

Ilargite sorgindua

pinu artean mantso arrastaka

bere kriseilu motelarekin,

iluntasunaren hobian

bere arima herratuaren bila balebil bezala.

 

Ohearen magalera lerratu nintzen, 

larriminez eta isilduraz oka, esanez:

“Oi, loa! Zure hatzak, lorategi berdeetako giltzak!

Zure begiak, arrain barez beteriko urmaelak!

Zabaldu zure otzara neskato mainati honen aurrean

eta eraman ahanzturaren ninfen lurralde arrosara!”