Beste jaiotza bat
Nire bizitza osoa da bertso-lerro ilun bat,
behin eta berriz esanda
betiereko loratzearen egunsentira gidatuko zaituena.
Bertso-lerro honetan hasperen egin dut zugatik, ai ene!
Bertso-lerro honen bidez zuhaitzetan, uretan, suan txertatu zaitut.
Bizitza, agian, kale luze bat da
eta bertan emakume bat egunero bere saskiarekin.
Bizitza, agian, soka bat da
gizon batek bere burua adarretik urkatzeko.
Bizitza, agian, ume da bat eskolatik bueltan.
Bizitza, agian, zigarro bat piztea da
bi besarkadaren arteko baregunean
edota, agian, oinezko baten adikune galdua
kapela kendu eta, irriņo txepela eginda, kaixo esaten duenean.
Bizitza, agian, une itxi hori da,
nire begiak zure ninietan ezerezten direna
eta nik ilargia hautematearekin lotzen dudana.
Bakardadea bezain handia den gela batean,
nire bihotza, maitasuna bezain handi, adi dago
bere zorionaren aitzakia sinpleei,
ontzian hirotuz doazen loreei,
gure lorategian landatu zenuen zuhaitzari,
leihoaren neurriko kanarioen kantei.
Hauxe da nire patua.
Hauxe da nire patua.
Nire patua da
errezelak ikusten uzten ez didan zeru puska.
Nire patua da
eskailera huts bat jaitsi
eta amaieran edozein zer ustel topatzea.
Nire patua da
paseo triste bat oroitzapenen lorategian.
Nire patua da
“zure eskuak maite ditut” esaten duen
ahots baten penan hiltzea.
Eskuak hondoratuko ditut lorategian
eta erne egingo dira, badakit, badakit
eta enarek arrautzak errungo dituzte
tintaz zikindutako atzamarron artean.
Belarritakoak jantziko ditut,
gerezi gorri biki bi,
eta dalia hostoak itsatsiko azazkaletan.
Bada kalezulo bat non aspaldi maitatu ninduten mutikoek,
zapazto, lepoluze, hankamehe haiek,
haizeak gau batean eramandako neskatila baten
irribarre xaloaz pentsatzen diharduten.
Bada kalezulo bat nire bihotzak umezaroko auzoei ostutakoa.
Gorputzaren bidaia denboraren lerroan
denboraren lerroa ernaltzen duen gorputz batekin,
ispiluan izandako jai batetik bueltan datorrelakoan
dagoen gorputz baten irudiarekin.
Horrelaxe hiltzen da bat
eta horrelaxe irauten du bestek.
Ezein arrantzalek ezin du perlarik topatu
zulora isurtzen den erreka apalean.
Nik ezagutzen dut
hada betilun txiki bat
itsasoan bizi
eta bihotza putz egiten duena
ney magiko batean, astiro,
hada betilun txiki bat
gauero musu batekin hil
eta berriz alban jaiotzen dena
beste musu batekin.