Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

3.2.
ELKARREKIN HOBETO, BETI

 

      Lehen sektoreak badu kexati fama. Nik ez dut hemen ez dagokidanik justifikatuko. Esango dudan gauza bakarra da nik azken urteetan ezagutzeko aukera izan ditudan emakumeak ez ditudala hor kokatzen, inondik inora. Sektorearen egoera nabariki zailaren kontzientzia dute, eta pozten naiz hala izateaz, bestela balitz orduan larrituko bainintzateke. Horrez gain, liburu osoan zehar ikusi da sektorearen baitan eta landatar esferetan ere malkarra dela emakumeen posizioa gizonenarekiko. Hala ere, zailtasunak zailtasun, badira sektorean lan egiteko apustua egiten duten emakumeak; eta, are gehiago, sektoreko erabakiguneetan parte hartzeko hautua egiten dutenak. Argi dago posizionamendu horrek oraindik badituela bere laztasunak. Aitortza berezia egin nahi zaie hemendik espazio horietan beraien denbora eta energia eskaini eta gorputzak jarri zituzten lehenengo emakumeei. Ezagutzen ditut erre-erreta amaitu eta inongo parte hartze eta ordezkaritzaren inguruan ezer jakin nahi ez duten emakumeak, eta horien artean badaude benetan gauzak aldatzea posible zela uste zutenak: hain mingarria suertatu zaie frustrazioa, urruntzea beste modurik ez baitute topatu beraien burua zaintzeko. Aldaketak ikusgarriak bilakatzen badira, horietako emakumeren bat berreskuratzea posiblea litzateke, akaso… Baina beste batzuk ez, halakoa da beraien erresumina. Badakigu zein izan den emaitza horiek sortu dituen agertokia, eta esperientzia eskarmentua hartzeko izan ezean alferrik gabiltza. Jendarte bezala, ezin dugu onartu emakume horiek pospoloak bailiran erretzen joatea; atzeraezinak diren galerak dakartza horrek. Oso ederra da kintsugi-a[38], baina ez da denerako aplikagarria. Badaude gauza batzuk behin apurtuta sekula ez direnak leheneratzen. Ezin dugu emakume bat gehiago galdu, ahots bat, ikuspegi bat, molde bat.

      Esnatzeko garaia iritsi zaigu. Nekazaritzak bizi aukera bat izan behar du, emakume nekazariek beraien jarduna aurrera eramateko modu berrituak topatu, bideragarritasun ekonomiko eta bitalaz gain, beraien parte hartze soziopolitikoa ere ahalbidetuko duena. Liburu hau jaio den munduko toki honetan, egunean hiru otordu egiteko aukera dugu askok; elikagaiei, paisaiei eta (bizi)moduei ez zaie bakarrik eusten. Gure kontsumo ohiturek imajinatu ezinezko eragina dute, eta, egun, kontsumoa da ekintza politikorik zuzenena. Garrantzitsua d

a hori kontuan izatea, komertzio txikietako pertsianak behean ikustean burura datozen galderak herriguneetatik estrapolatu daitezkeelako bestelako eremuetara, erraz. Beti da samurragoa mantentzea berriro sortzea baino. Nor nahi dugu zaindu?

      Argi dago prozesuak direla urte hauen ikur: ezusteak, aldaketak, hautuak. Gainerakook[39] lagunduz gero, egoera hobetu daitekeelakoan nago. Horretarako ezin da emakume nekazariengan, edota sektoreko erakundeetako erabakiguneetan jarri pisu guztia. Maila ezberdinetako erakundeak modu koordinatuan inplikatu behar dira; sektorearen eta emakumeen egoera kontuan hartuta (badago non kontsultatu, eta, noski, emakumeekiko interlokuzio jarraitua existitu beharko litzateke), ekintza plan eta programa zehatzak garatu beharko lirateke. Emakume Nekazarien Estatutuak potentzial handia du sektorean eta bertako emakumeengan eragin positiboa izateko, baina horretarako hornitu egin behar da. Estatutua da hezurdura, baina orain osatu behar da giharrez, azalez, askotariko sistemez. Bizitza eman behar zaio.

      Unatuta egonagatik, badira esperantza galdu ez duten emakume nekazariak. Suposatzen dut egoera kaskarra denboran iraunkor bilakatzen denean, batetik aklimatazio bat ematen dela, baina, bestetik, baita hoberako izan daitekeen zantzuren bat bilatzeko ahalmena ere. Hori bai, ez daude denbora galtzeko prest, hango edo hemengo dirulaguntza justifikatzeko beraien orduak salgai-hondarren prezioan oparitzeko pronto. Duintasuna dela deritzot nik, eta ondo dago. Beharrezkoa da.

      2021eko Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanaren bueltan emakume nekazariekin banaka eta taldean izandako topaketak irakaspen handia izan ziren niretzat. Bazeuden denaz kokoteraino zeudenak, baina hala ere elkarrizketatzeko aukera eman eta gero talde lan-saioetara ere animatu zirenak; bazeuden sektorera eta erabakiguneetara sartu berriak zirenak, beraien bidearen hastapenetan, begi eta belarriak zoli; bazeuden oso diskurtso politiko artikulatua zutenak, eta beraien burua hortik urrun kokatzen zutenak. Banakako topaketetan testigantza batzuek hartzen dute lekua, talde topaketetan ematen ez direnak; eta, alderantziz, talde topaketek banakako elkarrizketetan eman ezin daitezkeen txinpartak sortzeko gaitasuna daukate. Esan dezaket ikusten dudala aukera, eta badagoela itxaropena, oraino ere, emakume nekazarien parte hartze sendo bat artikulatzeko, beti ere gainerako parteek beraien ardurak betetzen badituzte.

      Emakume hauek behar-beharrezkoak dira.

      Ez ditzagun itzalean utzi.

      Edo, okerrago: ez ditzagun lurperatu.

      Mugimendua ez dadila eten.

 

 

[38] Jatorri japoniarreko teknika bat da zeramikaren hausturak konpontzeko, erretxina-berniz hautseztatuarekin edo urre, zilar edo platino hautsarekin nahastuta. Hausturak eta konponketak objektu baten historiaren parte direla planteatzen duen filosofia baten parte da, eta ezkutatu beharrean erakutsi egin behar direla horiek, integratu, objektua edertzeko, bere eraldaketa eta historia agerian utziz.

[39] Ez nabil inondik inora eragile guztien ardura berdintzen, batzuei besteei baino gehiago tokatzen zaie ezbairik gabe.