Lur gainean, itzal azpian
Lur gainean, itzal azpian
2022, saiakera
120 orrialde
978-84-17051-98-3
editorea: Jule Goikoetxea
Leire Milikua Larramendi
1985, Abadiņo
 
 

 

Sarrera

 

      2020ko urte arraro hartan, opa nuen baina espero ez nuen berri bat jaso nuen: Emakundek, Emakumeen Euskal Erakundeak, emakumeen eta gizonen berdintasunari buruzko ikerlanak egiteko 3. motako beka esleitu zion emakume nekazariek sektoreko erabakiguneetan zuten partaidetza aztertzeko aurkeztu nuen proposamenari. Beka mota horren helburua da erabaki soziopolitikoak hartzeko eremuetan emakumeek duten sarbidea, parte hartzea eta eragina aztertzea, eta ekimenak eta estrategiak bilatzea emakumeen ahalduntze politikoa, ekonomikoa nahiz soziala eta lidergoa mesedetzeko eta sistema patriarkala aldatzen edo gainditzen laguntzeko.

      Bi izan ziren ikerketa proposamen hori aurkezteko arrazoiak: batetik, emakume nekazariekiko aditasun eta adeitasun falta, horien ikusezintasuna, jakinik balio eta balore[1] handiko kolektiboa dela; bestetik, 2015etik existitzen da lege bat eaeko emakume nekazariek sektoreko erabaki organoetan duten partaidetzan eragin zuzena duena, beraien presentzia dirulaguntza publikoen eskuratzearekin lotu duena. Dokumentazio eta bibliografia espezifikoan sakondu, eskala eta eragin-eremu ezberdinetako agenteekin hartu-emanak izan eta, batez ere eta bereziki, emakume nekazariekin gaia partekatu eta hausnartzeko aukera ezin hobea izan zen, beraien begirada eta ahotsak jaso eta aurkeztekoa. Master ederra, erronkaz eta aurkikuntzaz betea. Handik sortu zen Ordezkatuak eta ikusgarriak. Nekazal emakumeen parte hartze eta ordezkaritza sektoreko erabakiguneetan izeneko dokumentua.

      Ikerlan berria izan arren, aurreko urteetako esperientzia guztiek izan zuten hura elikatu eta aberasteko parada: 2014tik aurrerako formakuntza arautua eta ez-arautua, elikadura-sistemei eta elikagaiak ekoizteko lurrei lotuta profesionalki gauzatutako parte hartze prozesuak, eta 2017tik berariaz landa-eremuko emakumeekin eta emakume nekazariekin egindako diagnostiko, proiektu, topaketa, auzolan eta bestelako esperientziak, bai lan arloan zein arlo pertsonalean.

      Liburu honen hasierako planteamendua izan zen 2021ean zehar garatutako lan mardula aletu, sintetizatu, eta formatu arinagoan aurkeztea; hala ere, gertatuko zela nekien hori gertatu da: ikerlan hura abiapuntu gisa hartuta galdera berriak sortu dira, datu berriak jaso, lanketaren norabidea bihurritu eta, senideak izan arren, ezberdina da kumea. Lan haren eta beste hainbaten erreferentziak topatuko dituzue dokumentuan, hariren batek kili-kili eginez gero nondik jo jakiteko.

      Helburua bat da: landa-eremua, nekazaritza-sektorea eta bertako emakumeak irakurleari gerturatzea kokatzen direneko egiturazko markoak agerian jarriz, datuak jakitera emanez, beraien hitzak jasoz. Balio dezala gure begirada argitzeko, zabaltzeko, eraldatzeko; eta liburuek duten gaitasun garraiatzailearen bitartez, kontatutakoak mintzagai bihurtzeko. Ireki ditzagun leihoak, aspaldi lozorroan daudenak esnatu eta mugimendua sortzeko sasoia iritsi da eta.

      On degizuela irakurketak, eta eralda zaitzatela.

 

 

[1]  Zentzu guztietan.