Aurkibidea
HITZAURREA Josebe Blanco Alvarez
1.1.1. Landa-eremuko emakumeak
1.1.2. Nekazaritzaren funtzioak, labur
2.1. Emakume nekazarien parte hartzea
2.2. Titulartasuna bazkidetzako atea. Bazkidetza, ordezkaritzako giltza
2.3. Emakume Nekazarien Estatutua (ene)
Parte hartzea, adina eta generoa
Aurkibidea
HITZAURREA Josebe Blanco Alvarez
1.1.1. Landa-eremuko emakumeak
1.1.2. Nekazaritzaren funtzioak, labur
2.1. Emakume nekazarien parte hartzea
2.2. Titulartasuna bazkidetzako atea. Bazkidetza, ordezkaritzako giltza
2.3. Emakume Nekazarien Estatutua (ene)
Parte hartzea, adina eta generoa
BARRURA BEGIRA
Jakina da parte hartzean kanpo eta barne faktoreek eragiten dutela. Horregatik, Ordezkatuak eta ikusgarriak ikerlanean banaka elkarrizketatutako emakume nekazariei eskatu zitzaien, beren pertzepziotik abiatuta, partekatu zezatela orokorrean nola sumatzen zituzten sektoreko emakumeak parte hartzearekin lotura zuten gai zehatz batzuen inguruan, beraien burua ikusi eta hautemateko moduekin harremana zutenak. Jarritako termometroak tenperatura hau markatu zuen:
Emakumeen % 79k ahalduntze falta orokortua nabari du sektoreko emakumeen artean. Ahalduntzearen eraikuntzan hainbat faktorek hartzen dute parte, eta ez da unibertsala. Elkarrizketatutako emakume batek lurren jabetzarekin lotu zuen, ezagutu zuen emakume baten testigantza jasoz.
“Azpisektore honetan lursailak seme-alaba guztien artean berdin banatu izan dira, ez da maiorazkorik edo halakorik egon. Orduan, emakumeak oso ahaldunduak izan dira, lur-jabeak zirelako. Nik flipatu egin nuen beste azpisektore eta probintzia batzuetako kasuak aditzean, bizi guztia lanean igaro ondoren ez zutelako ezer beraien izenean. Nola dibortziatuko ziren horrela? Ezagutu genuen emakume bat etorri zait gogora. Bere senarrak makilaka latz zerabilen, eta ‘Nora joango naiz, inoiz kotizatu ez badut, nire ezer ez badut’ esaten zuen. Hori hemen ez da gertatu”.
Ekimen edo iniziatibei dagokienez, nahiko parekatuta dago kontua. Emakumeen erdiak uste du iniziatiba falta dela sektoreko emakumeen artean. % 43k, aldiz, uste du iniziatibadun emakumeak direla sektorekoak. Emakumeek beraien buru eta gaitasunengan duten konfiantza hizpide hartuz gero, balantzea argia da: emakumeen % 71k uste du konfiantza falta dela sektoreko emakumeen artean.
“Lan bat egiterako orduan gertatu zait gelditzea sektoreko beste emakume batekin, eta beste pertsona uzkur azaltzea, herabe. Orduan esaten duzu ‘Egingo dugu ahal dugun moduan, konponduko gara’. Hasten zara lanean eta esaten duzu ‘Baina makina bat da, egin dezake hau eta askoz gehiago. Ez dakit zergatik ez dagoen egiten askoz gehiago’. Eta hori behin eta berriro gertatzen zait landa-eremuko emakumeekin”.
Emakumeak ekimen edo arduren barne edo kanpo kokatzen diren galdetuta, emakumeen % 64k uste du, orokorrean, sektoreko emakumeek beraien burua ekimenetatik kanpo kokatzen dutela, baztertu egiten direla.
“Lan egiteko barne, ordezkatzeko kanpo”.
Parte hartzeari dagokionez, batzorde batera joaterakoan beraien jarduna 1-4 arteko zenbaki batekin puntuatzeko eskatu zitzaien emakumeei (1 = “Gutxi parte hartzen dut”, eta 4 = “Asko parte hartzen dut”). Balorazio hori beraien esperientziaren batezbestekoari dagokio, askok adierazi baitzuten bilakaera bat eman zela beraiengan eta ez zela berdina hasi berritan izan zuten jarrera edo karguaren azken fasean.
“Hasieran 1 edo 0. Gero denborak aurrera egin ahala, ni ere hobeto sentitu naiz, eta indarra hartu dut. Orduan, gero 3 bat”.
Orokorrean, joera parte-hartzailea gailentzen da elkarrizketatutako emakumeen artean. % 38k puntuazio gorena eman zion bere jardunari, 4; emakumeen erdiak pasatxo (% 52) 3 bat jarri zioten; eta % 10ek 1. Elkarrizketatutako emakume batek, 1 eta 4 arteko eskalatik kanpo kokatu zuen bere burua:
“5. Tematia naiz [barreak]”.
Topaketa kolektiboetan ere azpimarratu zen erabakiguneetako jarreraren garrantzia. Batere parte hartzen ez duten gizonak ere badirela jakitun izanik, espazio horietan emakumeek duten jarrerak berebiziko munta duela uste dute emakume askok. Jarrera aktiboa beharrezkoa dela deritzote, eta horrek eragina duela aurreiritzi eta estereotipoen apurketan.