I.
Angela Davis,
feminista eta aktibista beltza delako,
euskaltzalea da
“Simone de Beauvoir, Linda Lovelace eta Angela Davis feministak dira edo izan dira. Euskaltzaleak dira?”. Galdera zirikatzaile hori jaurti zigun Joxe Arantzabal euskalgintzako ekintzaile ezagunak 2014ko urriaren 29an, Twitter bidez. Biharamunean, soka bereko beste galdera baten bueltan mahai-inguru batean parte hartzekoak ginen Arrasaten, Ainhoa Beola politikariarekin batera. Zehazki, “Izan zaitezke feminista euskaltzale izan gabe?” zen Arrasateko Emakumeen Txokoak herriko euskalgintzako zenbait eragilerekin elkarlanean (AED, Ekin Emakumeak eta Goiena) gogoetarako proposatu ziguten itauna.
Jakina da zirtoak, abiadak eta gogoeta sakonik gabeko bulkadak ezaugarritzen dutela Twitter, eta, bereizgarri horietan bermatuta, di-dakoan erantzun genion Arantzabalen ziztadari. Gutxi-asko, honela: ez genekiela Beauvoir eta Lovelace euskaltzale ote genituen, baina ziur geundela Davis baietz, Angela Davis euskaltzalea zela. Dudarik gabe txiolandiaren arintasunak erraztu egin zigun boteprontoko erantzuna, baina baita beste kontu batek ere: Angela Davis pentsalari eta ekintzaile feminista estatubatuarra hartua genuen erreferente nagusietakoa biharamuneko mahai-ingururako proposatu ziguten gogoeta gaiari heltzeko.
Izan ere, ordurako Galiziatik iritsiak zitzaizkigun hizkuntzaren araberako menderakuntza eta sexu-genero sistemak eragindakoa elkar lotzen zituzten proposamenak. Gurean, beti pizgarri gertatzen zaigun Mari Luz Esteban antropologoari hasi gintzaizkion halakoak aditzen... Lotura hori, harreman posible hori, astindua izan zen guretzat; bide ezin iradokitzaileagoa zabaldu zigun. Batetik, gure kezka, pentsamendu, ekintza, lan, bizimodu, eta, funtsean, izatea ardazten zituzten bi arlo garrantzitsuenetakoak, ordura arte bereizita bizi genituenak, elkarren artean harremanik ez baleukate bezala, uztartu egin zizkigulako. Euskaltzaletasunaz eta feminismoaz ari gara, jakina. Sinapsia gertatu zen.
Bestetik, arduratuta genbiltzalako euskaltzaletasunaren diskurtsoaren inguruan. Arduratuta sumatzen genuelako euskararen —eta, horrenbestez, euskal hiztunon— subalternitate egoerari aurre egiteko tresna diskurtsibo berriak behar genituela. Sumatzen baikenuen esku artean genituenak zaharkituak eta kamustuak zeudela, denboraren joanak, jazotako gizarte aldaketek zein gure historia garaikide propioak pentsamenduaren baitan ertz berriak sortzeari ezarritako galgen ondorioz. Sinapsiaz batera bide bat zabaldu zitzaigun.
Bide horretan sakontzen hasteko, Angela Davisen Emakumeak, arraza eta klasea gertatu zitzaigun gidarietako bat. Hots, 70etan feminismoan nagusi zen ildo mendebaldar zuria problematizatu eta arrazaren zein klasearen aldagaiak erantsita feminismoa proposamen osoagoa eta emantzipatzaileagoa egin zuen obra; funtsean, zapalkuntza hirukoitz batetik abiatuta elkarrekin gurutzatzen, eta, gehienetan, elkar elikatzen duten menderakuntzen oihartzuna.
Badu Davisek, bere autobiografian, oso harira datorkigun pasarte esanguratsu bat gainera, zeinak —agian berak bilatu gabe baina— hizkuntza batean eta bestean jarduteak hierarkia sozialean leku batean edo bestean jartzen zaituela azaltzen duen: 16 urte zituela, bere jaioterrian, Birmingham hirian, zurientzako oinetako denda batera sartu zen bere bi ahizpa gazteagoekin. Elkarren artean frantsesez ari ziren, frantsesa eskola hizkuntza baitzuten. Dendaria, haien azal kolorea ikusi eta dendara sartzea debekatua zutela gaztigatzera zihoanean, frantsesez ari zirela ohartu zen eta atzera egin zuen eta, frantziarrak zirelakoan, atsegin handiz hartu zituen. Ordaintzeko unean, nongoak ziren galdetu zien dendariak eta Davisek argi eta garbi erantzun zion: “gu hemengoak gara”. Beltz, bazterreko, bigarren mailako biztanle izanik, frantses hizkuntzak zuri bihurtu zituen, lehen mailako biztanle, eta, ingelesak, berriz, berriro beltz. Guk geuk, hainbestetan, bizi izan dugunaren oso-oso antzeko bizipena da: gurean, zein hizkuntzak belzten digun azala eta zeinek zuritzen. Galdera egin beharrekoa da. Eta baita honako hau ere: guk geuk nor belzten eta nor zuritzen dugun geure hizkuntza hautu eta praktikekin. Galderak horiei lotuta, halere, hauexek ere ezinbesteko ditugu: noiz ohartu ginen euskaldun ginela, noiz emakume ginela, eta noiz, bi ezaugarri horiengatik, bazterreko.
Davisez gain, Maria Merce Marįal poeta kataluniarraren Dibisa poema liluragarria, bere laburrean, izan genuen beste makulua: emakume, klase apaleko eta herri menderatu bateko kide izateak aske izateko aukerak hirukoizten dizkigula oroitarazten digun aldarri ezin ederragoa.
Argi baitugu gaur eta hemen menderakuntza posizio batean jartzen gaituela emakume izateak, eta, halaber, menderakuntza posizio batean jartzen gaituela euskaldun izateak —zure buruaren hautematea, eta, ondorioz, herritar eskubideen egikaritza euskaran ardaztuta egiteko hautuak—. Hala erakutsi digute gure bizipen propioek, eta hala gure inguruko askorenek. Hala erakutsi digu, esaterako, gauez kalean ibiltze hutsagatik beldurra sentitzeak edota entzunak eta aintzat hartuak izateko gure ahotsari uko egin eta beste bat hartu beharrak. Zapalkuntzon bizipenak, gainera, uste dugu zolitu egin digula beste —eta besteen— zapalkuntzak atzemateko begia, baita geuk eragindakoak ere. Hala nahi genuke behintzat. Sinetsita baikaude gaur eta hemen mendebaldekogizonzuriheteroarrakastatsuhizkuntzahegemonikoanardaztua ez den guztia uneren batean edo bestean azpiratze egoeran dagoela botere harremanen sare korapilatsuan. Eta mendebaldekogizonzuriheteroarrakastatsuhizkuntzahegemonikoanardaztuak oso-oso gutxi dira. Sinetsita gaude, halaber, zapalkuntza horiek denek elkar elikatzen dutela. Baina, batez ere, sinetsita gaude menderatzeko prozesuan elkar elikatzen duten moduan, haietatik askatzeko bideak ere elkarren indartzaile direla. Are, emantzipazioa zapalkuntza horiek denak gainditzea dela.